203. zk., 2021eko urriaren 11, astelehena
- Bestelako formatuak:
- PDF (532 KB - 24 orri.)
- EPUB (473 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
HEZKUNTZA SAILA
5181
AGINDUA, 2021eko irailaren 28koa, Hezkuntzako sailburuarena, zeinaren bidez iragartzen baitira heziketa-zikloak eskaintzen dituzten itunpeko ikastetxe pribatuetan atzerriko hizkuntza indartzeko programentzako 2021-2022 ikasturteko dirulaguntzak.
Hezkuntza Saila ekimen multzo bat bultzatzen ari da derrigorrezko hezkuntzan eta derrigorrezkoaren ondoko hezkuntzan, Euskal Autonomia Erkidegoko ikasleek atzerriko hizkuntzetan duten konpetentzia hobetu dezaten.
Lanbide Heziketari dagokionez, Hezkuntza Sailak Europako programa hauek finantzatzen parte hartzen du: Erasmus +, lanbide-heziketako praktikak egiteko; programa horien bidez, ikasleei aukera ematen zaie praktiken bidezko prestakuntza jasotzeko Europar Batasuneko herrialdeetan. Horretaz gainera, heziketa-moduluak atzerriko hizkuntzetan egitea ere eskaintzen du.
Bestalde, Lanbide Heziketako V. Euskal Planak eleaniztasunaren alde egiten du nabarmen, Lanbide Heziketaren Euskal Sistema nazioartekotzeko estrategiari jarraituz. Estrategia hori lehendik ere garatzen ari zen, eta indartu egin da V. Planarekin. Eleaniztasuna jorratzen da, orobat, Euskal Autonomia Erkidegoko Lanbide Heziketari buruzko ekainaren 28ko 4/2018 Legearen 28. artikuluan.
Hizkuntzak giltzarri dira ikasleen enplegagarritasuna eta mugigarritasuna hobetzeko, enpresek merkatu globalizatuetan jardutea eskatzen dutenez gero.
Azkenik, Europako Batzordeak azpimarratu du garrantzizkoa dela hizkuntzak ikastea eta herritar guztien hizkuntza-konpetentziak hobetzen laguntzen duten sistemak indartu beharra, eta, bereziki, prestakuntzan diharduten ikasleen kasuan, betiere helburu hartuta Europar dimentsioa, enplegagarritasuna eta mugigarritasuna indartzea.
Hori guztia kontuan hartuta, honako hau
EBAZTEN DUT:
I. KAPITULUA: OINARRI OROKORRAK
1. artikulua.– Xedea.
Agindu honen bidez, 2021-2022 ikasturterako dirulaguntzen deialdia egiten zaie heziketa-zikloak ematen dituzten itunpeko ikastetxe pribatuei, atzerriko hizkuntzak indartzeko programaren barruan.
2. artikulua.– Aurrekontu-zuzkidura eta dirulaguntzaren zenbatekoa.
1.– 100.000 euro baliatuko dira agindu hau garatzeko.
2.– Dirulaguntzaren zenbatekoa, gehienez, 50 eurokoa izango da baimendutako talde presentzial bakoitzean emandako ordu bakoitzeko. Talde ez presentzialetan (online) zenbatekoa ordu nahiz ikasleko 4 eurokoa izango da. Eta modalitate mistoko taldeetan zenbatekoa 5 eurokoa izango da ordu nahiz ikasleko.
Deialdiaren xedeetarako, talde baimendua izango da agindu honetan ezarri diren dirulaguntzak jasotzeko baldintzak edo betekizunak betetzen dituena.
3. artikulua.– Entitate onuradunak.
1.– Agindu honetan araututako dirulaguntzen onuradun izan ahalko dira lanbide-heziketako heziketa-zikloak eskaintzeko baimen ofiziala duten EAEko itunpeko ikastetxe pribatu guztiak. Laguntza hauen onuradun izateko, ikastetxe eskatzaileak indarreko arauak bete beharko ditu: Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legea (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onetsitako testu bategina), Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikulua eta Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren erregelamendua onesten duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretua.
2.– Ikastetxe onuradunek egunean egon beharko dute zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekin dituztenak betetzeari dagokionez, eta dirulaguntzak itzultzeko ordainketa-betebeharrei dagokienez.
Hori horrela, 887/2006 Errege Dekretuaren 22.4 artikuluan ezarritakoaren arabera, dirulaguntzaren eskaera aurkeztearekin batera, erakunde eskatzaileak baimena emango dio dirulaguntza emango duen organoari zuzenean egiazta dezan Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 18. eta 19. artikuluetan azaldutako eskakizunak betetzen dituela. Nolanahi ere, erakunde eskatzaileak espresuki ukatu dezake baimen hori, eta, hala eginez gero, ziurtagiriak aurkeztu beharko ditu uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitako eran.
Edozein ordainketa egin baino lehen, egiaztatuko da ikastetxe onuradunek egunean dituztela zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzari nahiz dirulaguntzak itzultzeko prozedurei loturikoak.
Era berean, deialdi honetan parte hartzen dutenek baimena ematen diote Teknologiaren eta Ikaskuntza Aurreratuen Zuzendaritzari beste erakunde publiko batzuetan egiazta ditzan aurkeztutako agiriak.
3.– Erakunde onuradunei dirulaguntza horiek emateko –eta, bidezko denean, ordaintzeko– ezinbestekoa izango da amaiera ematea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak, haren erakunde autonomoek eta zuzenbide pribatuko erakunde publikoek emanda dituzten izaera bereko laguntzen edo dirulaguntzen arloan hasi eta oraindik izapidetzen ari diren itzulketa- edo zehapen-prozedura guztiei.
4.– Ezingo dira deialdira aurkeztu laguntza edo dirulaguntza publikoak eskuratzeko aukera galtzearekin zigortuta daudenak, edo horretarako ezgaitzen dituen lege-debekuren bat dutenak, ez eta sexu-bazterkeriagatik zigortuta daudenak ere, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunari buruzko otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetako seigarrena betez.
4. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen gastuak eta jarduerak.
1.– Ikastetxeko lanbide-heziketako heziketa-zikloetako ikasleei atzerriko hizkuntzako ikastaroak ematea izango da dirulaguntza jasoko duen jarduera. Jarduera hori irakastorduez kanpo gauzatuko da, gutxienez 60 ordu eta gehienez 100 ordu iraungo duen irakaskuntza sinkronoaren bidez (parte-hartzaileak aldi berean aritzen dira ikaste-prozesuan), eta presentziala, ez presentziala (online) edota mistoa (gutxienez orduen % 20 modalitate presentzialean) izan daiteke. Ikastaroa modu presentzial, ez presentzial (online) edo mistoan eskain daiteke eta astean gutxienez 2 ordukoa eta gehienez 8koa izango da, 2021-2022 ikasturtean.
2.– Ikastetxeko berezko irakasleek edo % 100era arte azpikontratatutakoek eman ditzakete klaseak. Irakasleek Hizkuntzen Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren B2 mailaren baliokidea den hizkuntza-gaitasunaren agiria izan beharko dute gutxienez. Ikastetxeetako zuzendaritzaren ardura izango da baldintza hori bermatzea.
3.– Ikastaroetan, hizkuntza praktikoa landuko da, alde batetik, lanbide-heziketako tituludunen lan-egoeren eguneroko erabilerekin lotuta, eta, bestetik, taldeko ikasleek ikasten dituzten lanbide-arloetako erabilera teknikoekin lotuta. Bereziki ahozko trebetasunen komunikazio-konpetentzia landuko da, elkarrizketa-praktika eta bakarkako eta taldeko ahozko azalpenak sustatuz eta multimedia-baliabideen erabilera eguneroko lanean txertatuz. Horiek guztiak modalitate presentzialean edo telematikoan egin ahal izango dira, ikastetxearen aukeran.
4.– Ikastaroen gastuek bakarrik jaso dezakete laguntza, eta nominen edo fakturen bidez justifikatu beharko dira. Multimedia-materialak ere diruz lagunduko dira, hala nola erabilera-lizentziak eta softwareak, bai irakaskuntza modalitate telematiko sinkronoan irakastekoak, bai aldiberekotasun-baldintza bete gabe ikastekoak, hau da, ikasleek bakarka ikasteko multimedia-programen lizentziak edo baliabide informatikoak.
Azpikontratazioa gauzatzeko, Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren 29. artikuluan eta Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren Erregelamenduaren 68. artikuluan xedatua bete beharko da. Kontratistak erakunde onuradunaren mende soilik geratuko dira, eta hark hartuko du bere gain diruz lagundutako jarduera gauzatzearen erantzukizun osoa Administrazioaren aurrean. Idatziz egingo da erakunde onuradunaren eta kontratisten arteko kontratua. Kontratistak, betiere, antzeko arloetan egiaztatutako prestakuntza-esperientzia izan beharko du.
5.– Ikastetxearen berezko irakasleen kasuan, hezkuntza-itunetatik eratorritako ordainketa eskuordetuak ez du estaliko atzerriko hizkuntza indartzeko programa emango duten irakasleen soldata-kostua.
6.– Formakuntza-saioetara bertaratutako pertsonen asistentzia kontrola honela egingo da:
a) Ordu sinkrono presentzialak: sinadura-kontrol orrien bidez (III. eranskina).
b) Ordu sinkrono ez-presentzialak (online): hiru froga mota hauek guztiak jasoko dira:
1. Prestakuntza-saio bakoitzari dagokion pantaila-irudi bat, partehartzaileak bertaratu direla adierazten duena.
2. Formakuntza ematen duenaren adierazpena (IV. eranskina). Bertan saio ez presentzialen (online) planifikazioa agertuko da, eta formakuntza-saio bakoitzean partehartzaile bakoitzaren bertaratzea adieraziko da (bai ala ez).
3. Erabilitako plataformak hala sortuko balitu, Pertsonak, datak eta konexio-denborak identifikatzen dituen plataformaren konexio-erregistroa.
5. artikulua.– Programan parte hartu dezaketen ikasleak.
Edozein lanbide-heziketa ziklotako itunpeko ikastetxe pribatuetako ikasleek parte har dezakete atzerriko hizkuntza indartzeko programan.
6. artikulua.– Ikasleen izen-ematea, hautaketa eta bertaratzea.
1.– Matrikula boluntario eta doakoa eskainiko da atzerriko hizkuntzako ikastaroetan, eta nahitaezkoa izango da gutxieneko bertaratzea betetzea (orduen % 80), modalitate bakoitzean.
2.– Ikastetxe batek jaso dituen eskaerak eskaini ditzakeen plazak baino gehiago badira, hautaketa-metodo bat ezarriko da, berdintasun-, lehia- eta objektibotasun-printzipioetan oinarrituta. Eskabide-orrian agertuko da hautaketa egiteko modua.
7. artikulua.– Taldeak eratzea.
1.– Modalitate presentzialean, hizkuntza bakoitzean talde bat eratzeko, gutxienez 8 ikasle beharko dira, eta gehienez 20. Modalitate ez presentzialean (online), ez da ikasle kopuru minimo nahiz maximorik egongo.
2.– Hizkuntza bakoitzean taldeak eratuko dira Hizkuntzen Europako Erreferentzia Esparru Bateratuan ezarritako mailak kontuan hartuta: A2, B1.1, B1.2 eta B2. Ikastetxe batek maila batean interesa duten 20 ikasle baino gehiago balitu, maila horretako bi talde egin ahal izango ditu.
8. artikulua.– Hizkuntza-ikastaroen ebaluazioa.
Ikasturte-hasieran, ikasleei proba bat egingo zaie, matrikulatu diren mailaren arabera. Klaseak amaitzean, beste azterketa final bat egin beharko zaie.
Era berean, Teknologiaren eta Ikaskuntza Aurreratuen Zuzendaritzak luzatutako asetasun-inkesta bat egin beharko dute.
9. artikulua.– Beste dirulaguntza edo laguntza batzuekiko bateragarritasuna.
Agindu honetan araututako dirulaguntzak bateraezinak dira xede bera duten erakunde publikoen edo pribatuen dirulaguntzekin.
10.– artikulua.– Datu pertsonalen babesa.
Datu pertsonalak tratatu eta «Dirulaguntzak entitate laguntzaileei eta lanbide heziketako ikastetxeei» izeneko tratamenduari dagokion jardueran sartuko dira.
Arduraduna: Teknologiaren eta Ikaskuntza Aurreratuen Zuzendaritza, Hezkuntza Saila.
Xedea: dirulaguntzak tramitatzea eskatzaile edota interesatuen datuak jasoz. Entitate laguntzaileei dirulaguntzak.
Legitimazioa:
a) Tratamendua beharrezkoa da, interes publikoaren aldeko eginkizunen bat betetzeko edo tratamenduaren arduradunari emandako botere publikoak betetzeko jardunean.
b) 38/2003 Legea, azaroaren 17koa, dirulaguntzei buruzko Orokorra.
c) 1/1997 Legegintza dekretua, azaroaren 11koa, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duena.
Hartzaileak:
a) Autonomia Erkidegoko beste organo batzuk.
b) Ekonomia eta Ogasun Saila.
Eskubideak: eskubidea duzu datuak irispidean izateko, datuak zuzentzeko eta ezerezteko, bai eta informazio gehigarrian adierazitako beste eskubide batzuk ere.
Informazio gehigarria: datuen babesari buruzko informazio gehigarri eta zehatza kontsulta dezakezu gure webgunean.
Araudia:
1.– Datuak Babesteko Araudi Orokorra.
2.– 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa.
II. KAPITULUA
ESKAERAK ETA EMATEKO PROZEDURA
11. artikulua.– Eskabideak aurkeztea.
1.– Eskaerak aurkezteko 15 egunekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
2.– Ikastetxeko legezko ordezkariari dagokio eskaera egitea, Teknologiaren eta Ikaskuntza Aurreratuen zuzendariari zuzenduta.
3.– Eskabideak eta haiei gehitutako dokumentazioa euskaraz edo gaztelaniaz aurkeztu ahal izango dira, ikastetxeak aukeratutakoaren arabera. Era berean, eskaera egin duen ikastetxeak aukeratutako hizkuntza erabiliko da prozeduran, hala ezarrita baitago azaroaren 24ko 10/1982 Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan (10/1982 Legea, Euskararen erabilera normalizatzeko Oinarrizko Legea).
12. artikulua.– Aurkeztu beharreko dokumentazioa.
1.– Erakunde eskatzaileek behar bezala beteta aurkeztuko dituzte eskaera-inprimakia (I. eranskina) eta formakuntza-jardueren fitxa (II. eranskina), proposatzen duten talde bakoitzeko.
13. artikulua.– Eskabideetako akatsak zuzentzea.
Dirulaguntzak lortzeko eskabideak oso-osorik betetzen ez badira, edo eskabidearekin batera aurreko artikuluan zehaztutako dokumentazioa aurkezten ez bada, eskatzaileari eskatuko zaio hamar eguneko epean akatsa zuzentzeko, edo nahitaezko agiriak aurkezteko, eta, gainera, esango zaio aurrekoa egin ezean, eskabideari uko egiten diola ulertuko dela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 21. artikuluaren araberako ebazpena eman ondoren.
14. artikulua.– Aurkezpen eta izapidetze elektronikoa.
1.– Erakunde interesdunek baliabide elektronikoak erabiliko dituzte, eskaerak, kontsultak eta prozedura honetako izapide guztiak egiteko.
Eskabidea izapidetzeko zehaztasunak eta ereduak Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan daude erabilgarri. euskera https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/0097510)
2.– Administrazio Elektronikoari buruzko otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuak eta PLATEA Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren E-Administrazioko Plataforma Teknologikoa onartzen duen Informatika eta Telekomunikazioetako zuzendariaren 2006ko otsailaren 9ko Ebazpenak arautzen dute izapidetze elektronikoa.
3.– Ikastetxe interesdunek baliabide elektronikoak erabiliz egingo dituzte eskaerak, kontsultak eta izapide guztiak, http://www.euskadi.eus/nirekudeaketak helbidea erabiliz.
4.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan onartuta dauden identifikazio eta sinadura elektronikorako bitartekoak helbide elektroniko honetan daude eskuragarri: https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak
5.– Izapidetze elektronikoa ordezkari baten bidez ere egin ahal izango da, eta, horretarako, ordezkariak inskribatuta egon beharko du Eusko Jaurlaritzako ordezkarien erregistroan, helbide honen bidez: https://www.euskadi.eus/ordezkariak
6.– Hirugarrenen alta bide elektronikoz izapidetu ahal izango da (hala egin beharko dute izapidetze elektronikoa erabiltzera behartuta daudenek), egoitza elektronikoan horretarako eskuragarri dagoen zerbitzuaren bidez, erdarazko eta euskarazko helbide honetan: https://www.euskadi.eus/hirugarrenak
15. artikulua.– Dirulaguntzak kudeatzen dituen organoa.
Hezkuntza Saileko Teknologiaren eta Ikaskuntza Aurreratuen zuzendaria izango da agindu honetan araututako dirulaguntzen organo kudeatzailea.
16. artikulua.– Laguntzak emateko prozedurak.
1.– Eman beharreko guztizko zenbatekoak agindu honen 2.1 artikuluan aurreikusitako aurrekontu-zuzkidura gainditzen badu, honela jokatuko da:
a) Ikastetxe eskatzaile bakoitzari talde batentzako laguntza emango zaio. Ikastetxeak talde bat baino gehiagorako eskaera egin badu, guztira ordu-kopuru txikieneko iraupena duena aukeratuko da.
b) Hala ere, deialdiko aurrekontu-zuzkidura gainditzen bada, talde bati dagokiona emango da ikastetxe bakoitzeko, 60 ordu gutxienez guztientzat.
c) Aurrekontuaren zenbatekoak ikastetxe eskatzaile bakoitzeko 60 orduko talde bat betetzeko nahikoa ez bada oraindik, irakastordu bakoitzeko prezioa murriztuko da, deialdiaren zuzkidurara egokitu arte.
d) Aurreko a) letran aurreikusitakoaren arabera ikastetxe eskatzaile bakoitzari talde batena eman ondoren talde gehiago finantzatu ahal badira, eskolak ematea aurreikusi duten ikasleen guztizko kopuruaren arabera ordenatuko dira ikastetxeak, handienetik txikienera, eta beste talde batena esleituko zaie ikastetxeei, ikastetxe bakoitzeko bigarren taldea agortu arte.
e) Aurreko atala (d) aplikatu ondoren aurrekontua geratzen bada erabilgarri, atal honetan aurreikusitakoaren arabera jokatuko da, zuzkidura agortu arte.
17. artikulua.– Prozedura ebaztea.
1.– Aurkeztutako eskabideak prozedura bakar batean bideratuko dira, eta prozedura hori ebaztea Teknologiaren eta Ikaskuntza Aurreratuen zuzendariari dagokio.
2.– Ebazpen hori Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren iragarki-taulan argitaratuko da, eta argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu jakinarazpen-ondorioak. Ebazpenean zehaztuko dira emandako dirulaguntzen zerrenda (zenbat eman den zehatuta), eman ez direnena (arrazoiak zehaztuta), eta prozeduratik kanpo geratu direnena (arrazoiak zehaztuta).
3.– Hori hala izanik ere, organo kudeatzaileak beste aukera bat ere badu: interesdunei jakinarazpen-abisuak bidaltzea, eskabideetan jarri zituzten telefono mugikorretara eta helbide elektronikoetara SMSak edo mezu elektronikoak bidaliz. Abisu horiek ez dute izango, inolaz ere, egindako jakinarazpenaren balioa.
4.– Ebazteko eta ebatzitakoa ikastetxe interesdun guztiei jakinarazteko gehieneko epea 6 hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita. Adierazitako epea igarota, aipatutako jakinarazpena egin ez bada, interesdunek eskaera ezetsitzat jo ahal izango dute, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25.1.a artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako.
5.– Prozeduraren ebazpenak ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, beraren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Lanbide Heziketako sailburuordeari, hilabeteko epean, jakinarazpena egin eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluei jarraikiz.
6.– Ebazpenak bide elektronikoz jakinarazteko, «Nire karpeta» baliatuko da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta
III. KAPITULUA: ORDAINKETA, ONURADUNEN BETEBEHARRAK ETA JARRAIPENA
18. Artikulua.– Dirulaguntza ordaintzea.
Dirulaguntza bi zatitan ordainduko da: lehena, emandako laguntza osoaren % 80, laguntza onartu ondoren ordainduko da, 19.1 artikuluan xedatutakoaren arabera. Dirulaguntzaren zenbatekoaren gainerako % 20a hizkuntza-ikastaroak amaitu eta ikastetxeko zuzendaritzak behar bezala egin direla egiaztatu ondoren ordainduko da, justifikazioa 20. artikuluan zehazten diren epean eta baldintzetan aurkezten bada.
19. artikulua.– Ikastetxe onuradunen betebeharrak.
Agindu honetan araututako dirulaguntzen onuradun diren ikastetxeek honako betebehar hauek dituzte:
1.– Emandako dirulaguntza onartzea. Alde horretatik, erakunde onuradunek, esleitzeko erabakia jakinarazi eta hurrengo hamabost egun naturaleko epean berariaz eta idatziz dirulaguntzari uko egiten ez badiote, onartutzat joko da.
2.– 2021-2022 ikasturterako Ikastetxeko Urteko Planean sartzea diruz lagundutako heziketa-jarduerak.
3.– Agindu honen 3., 4., 5., 6., 7., 8., 9. eta 10. artikuluetan xedatzen diren betekizunak betetzen direla ikuskatzea.
4.– Emandako dirulaguntza justifikatzea 20. artikuluan jasotakoaren arabera.
5.– Gastuen egiaztagiri jatorrizkoak nahiz 4.6 artikuluan zehaztutako dokumentuak gutxienez 5 urtez gordetzea, egiaztapen- eta kontrol-funtzioak esleituta dituzten entitateek beren funtzioak bete ahal izan ditzaten.
6.– Dirulaguntza zertarako eman den, horretarako erabiltzea.
7.– Ikastaroetako saio bakoitza amaitzean, asistentzia metatuko balantze partziala egin beharko da erabaki zuzenak hartu ahal izateko, deialdiaren 22. artikuluak, subentzioaren baldintzen aldaketari buruzkoak, xedatzen duenaren arabera.
8.– Ikastaro osoa egitea dirulaguntzaren zenbatekoa zehazteko kontuan hartu den talde bakoitzeko irakastorduen kopuruarekin eta banaketarekin.
9.– Ikasleen bertaratzea kontrolatzea 4.6 artikuluan zehaztutako dokumentuen bidez. Ikasleak eskolara joan direla egiaztatuko dute orri horiek, eta ikastetxean gordeko dira, egiaztapenik egin behar bada.
10.– Ikasle bat eskolen % 20ra edo gehiagora joan ez bada justifikaziorik gabe, ikastetxeko zuzendariak Eusko Jaurlaritza jakinaren gainean jarriko du, tutoreak hala proposatuta, helbide honen bidez: http://www.euskadi.eus/nirekarpeta
11.– Dirulaguntzaren zenbatekoa aldatzea eskatzea 22. artikuluan zehazten diren kasuetan.
12.– Dirulaguntza itzultzea 23. artikuluan zehazten diren kasuetan.
13.– Azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 50.2 artikuluko gainerako betebehar guztiak betetzea; zehazki, Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari ematea haiek eskatzen duten edozein informazio, dirulaguntzen xedea fiskalizatu ahal izan dezaten.
14.– Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. artikuluan ezarritako gainerako betebeharrak betetzea, barnean dela agindu honen xede diren programen finantzaketaren izaera publikoari dagokion publikotasuna ematea. Horrenbestez, ikastetxe onuradunak ikasleei eta familiei jakinaraziko die programa diruz laguntzen duela Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailak.
15.– Teknologia eta Ikaskuntza Aurreratuen Zuzendaritzari subentzioaren kontzesioan kontuan izandako edozein baldintzaren aldaketa komunikatzeko konpromisoa hartzea.
20. artikulua.– Dirulaguntza justifikatzea.
1.– Ikastetxe onuradunek honako dokumentu hauek aurkeztu beharko dituzte, 2022ko ekainaren 30a baino lehen, http://www.euskadi.eus/nirekarpeta helbidearen bidez, DLOren 30. artikuluari jarraituz:
a) Asistentziaren eta ikasleen emaitzen laburpen-fitxa (V. eranskina). Azterketa bat egingo da ikastaroa hastean, eta beste bat ikastaroa amaitzean.
b) Memoria ekonomikoa, 6. eranskineko inprimakiaren araberakoa.
c) Ikastaroak eman dituzten pertsonen nominen kopiak bai eta eskatutako eta dirulaguntza-deialdi honen ebazpenaren bidez baimendutako gastuen fakturen kopiak ere. Teknologiaren eta Ikaskuntza Aurreratuen Zuzendaritzak «laginketa-teknikak» erabiliko ditu dirulaguntzaren aplikazio egokiaren ebidentzia nahikoa emango duten egiaztagiriak konprobatzeko. Horretarako, onuradunari eska diezaioke aurkeztu ez dituen egiaztagirien jatorrizkoak aurkezteko.
d) Modalitate telematikoarekin nahiz multimedia lizentziekin zerikusia duen gasturik balego, gastua justifikatzen duten fakturen kopiak (emandako taldeko kostuaren % 20ra arte).
2.– Artikulu honen aurreko apartatuan adierazitako justifikazio-aldia baino lehen ordaindu diren nominak edo fakturak bakarrik onartuko dira egindako gastu gisa.
3.– Eskabidearen osteko izapideak, justifikazioak barnean direla, bide elektronikoz egingo dira, «Nire karpeta» atalaren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoaren helbide honetan: https//www.euskadi.eus/nirekarpeta
21. artikulua.– Jarraipena.
1.– Teknologiaren eta Ikaskuntza Aurreratuen Zuzendaritzak jarraipena egingo die diruz lagundutako heziketa-jarduerei, Hezkuntzako Ikuskaritzaren bidez, haiek egiten direla bermatzeko.
2.– Baldin eta, ikasturtean zehar, gorabeheraren bat gertatzen bada diruz lagundutako prestakuntza-jardueren garapenean, dagokion Ikuskaritzako Lurralde Burutzak, komeni bada, egoki irizten dion txostena bidaliko dio Teknologiaren eta Ikaskuntza Aurreratuen Zuzendaritzari, agindu hau betearazteko neurriak har ditzan.
22. artikulua.– Dirulaguntzaren baldintzak aldatzea.
1.– Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 19.4 artikuluarekin eta 887/2006 Errege Dekretuak onartu Erregelamenduaren 64. artikuluarekin bat etorriz, emandako dirulaguntzaren zenbatekoa aldatuko da, baldin eta aldi berean beste ekarpen batzuk jaso badira, kasu hauetan:
a) Modalitate presentzialerako:
Orduen % 80ko gutxieneko bertaratzea gainditu duten ikasleen kopurua talde bakoitzeko 6 ikasle baino gutxiagokoa eta 3 ikasle baino gehiagokoa bada, dirulaguntzaren zenbatekoa hainbanatuko da, bertaratze-ehunekoa aplikatuz.
Saio bakoitza amaitzean, bertaratzearen balantze partziala egin beharko da. Ikastaroaren ordu-kopuru osoaren % 80ko gutxieneko bertaratzea gainditu ahal izango duten ikasleen kopurua 3 edo gutxiago bada saioetako batean, ikastetxeko zuzendariak gainerako orduak emateari uzteko aginduko du berehala, eta horren berri eman beharko dio Teknologiaren eta Ikaskuntza Aurreratuen Zuzendaritzari, https://www.euskadi.eus/nirekarpeta webgunearen bidez. Kasu horretan, gehienez, ordura arte emandako orduak ordainduko dira.
Modalitate ez presentzialerako (online) edota mistorako:
Ikasleren batek ezin izango badu % 80ko asistentzia minimoa bete, ikastetxeko zuzendariak Teknologiaren eta Ikaskuntza Aurreratuen Zuzendaritzari komunikatu beharko dio https://www.euskadi.eus/micarpeta -ren bidez. Kasu horietan bakarrik emango da ikasle horietarako memento horretara arte emandako orduen kostua.
b) Irakastorduak ez badira 19.8 artikuluan ezarritakoak adina, dirulaguntzaren zenbatekoa gutxitu egingo da eman diren irakastorduen arabera, betiere 4.1 artikuluan ezarritako gutxieneko irakastorduak eman badira, hau da, talde bakoitzeko ezarritako irakaskuntza sinkronoko gutxieneko 60 orduak.
2.– Horretarako, Teknologiaren eta Ikaskuntza Aurreratuen zuzendariak aldaketa-ebazpena emango du, non emandako zenbatekoak gutxituko baitira, eta erakunde onuradunak sobera jasotakoak itzuli beharko baititu, betiere emandako gutxieneko 60 orduen muga errespetatuz.
Horretarako, ikastetxeak kontrola egin beharko du 4.6 artikuluan zehaztutako dokumentuen bidez. Ikasleak eskolara joan direla egiaztatuko dute orri horiek, eta ikastetxean gordeko dira, egiaztapenik egin behar bada. Ikasle bat eskolen % 20ra edo gehiagora joan ez bada justifikaziorik gabe, ikastetxeko zuzendariak Eusko Jaurlaritza jakinaren gainean jarriko du, tutoreak hala proposatuta, http://www.euskadi.eus/nirekarpeta helbidearen bidez.
23 artikulua.– Ez-betetzeak eta itzulketa-prozedura.
1.– Dirulaguntza jasotzeko eskubidea galdutzat emango da eta, hala egokituz gero, jasotako zenbatekoa gehi dagokion interesa Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli beharko zaio hauetako bat gertatuz gero:
a) Jardueran ez badira betetzen eskola joatearen edo emandako irakastorduen gutxieneko ehunekoak, eman den dirulaguntzaren zenbatekoa aldatu ahalko da, 22. artikuluaren arabera. Horretarako, onuradunari entzunaldia eskaini ondoren, diruz lagundutako jarduketa bete gabetzat hartuko da, eta emandako dirulaguntza egokituko, aipatutako puntuan ezarritakoari jarraituz.
b) Agindu honetan eta berau garatzen duten ebazpenetan xedatutako edozein betebehar edo baldintza betetzen ez bada.
c) Ez bada betetzen Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontuen konturako dirulaguntzen onuradunen betebeharren bat. Betebehar horiek jasota daude, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 50.2 artikuluan.
d) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan jasotako itzulketa-kausaren bat gertatzen denean.
e) Aldi berean erakunde publiko edo pribatuen beste dirulaguntzaren bat jaso bada.
2.– Jasotako zenbatekoak itzultzeko eta berandutze-interesa eskatzeko, honako xedapen hauei jarraituko zaie: Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen 53. artikuluari (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartutako testu bategina) eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuko II. tituluari (698/1991 Dekretua, EAEko Aurrekontu Orokorren pentzutan ematen diren dirulaguntzen bermeen eta horiek itzultzearen erregimen orokorra arautzen duena).
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA
Deialdi hau administrazio publikoen dirulaguntzak arautzen dituzten printzipioei jarraikiz ebatziko da –publikotasunaren, lehiaren eta objektibotasunaren printzipioak–, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginean ezarritako baldintzetan, zeina azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartu baitzuen, eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuan zehaztutako oinarrizko araudiaren arabera, eta laguntzei eta dirulaguntzei aplikatu beharreko gainerako xedapenekin bat etorriz; horrez gain, erabilgarri dauden baliabide ekonomikoak aplikatuko dira, agindu honetan ezarritako irizpideen arabera.
Halaber, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legea aplikatuko dira.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA
Agindu honen aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Hezkuntzako sailburuari, hilabeteko epean, edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio EAEko Justizia Auzitegi Nagusiari, bi hilabeteko epean. Bi epeok agindu hau EHAAn argitaratu eta hurrengo egunean hasiko dira.
AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA
Agindu honek EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteiz, 2021eko irailaren 28a.
Hezkuntzako sailburua,
JOKIN BILDARRATZ SORRON.