Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

203. zk., 2021eko urriaren 11, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

GOBERNANTZA PUBLIKO ETA AUTOGOBERNU SAILA
HEZKUNTZA SAILA
KULTURA ETA HIZKUNTZA POLITIKA SAILA
5178

218/2021 DEKRETUA, urriaren 5ekoa, Badihardugu: Deba Ibarreko Euskera Alkartia onura publikokoa dela aitortzeko dena.

Euskadiko Elkarteei buruzko ekainaren 22ko 7/2007 Legearen 42. artikuluak dioenez, Euskal Autonomia Erkidegoko Elkarteen Erregistro Orokorrean inskribatuta dauden elkarteak onura publikokotzat aitortu ahal izango dira, baldin eta elkarteok, beren jardueren bitartez, interes orokorra edo guztien ongia lortzen laguntzen badute, eta, horretarako, eskuzabaltasun-, altruismo-, elkartasun- eta aniztasun-balioak nabarmen gauzatzen badituzte.

Horren babesean, Badihardugu: Deba Ibarreko Euskera Alkartia entitateak aitorpen hori eskatu du, uste baitu gure herri-hizkeren eta euskararen alde egiten dituen jarduerek onura publikoko erakunde gisa aitortzea merezi dutela.

Badihardugu: Deba Ibarreko Euskera Alkartia entitatea AS/G/09072/2001 zenbakiarekin dago inskribatuta Euskal Autonomia Erkidegoko Elkarteen Erregistro Orokorrean, hori egitea agindu baitzen Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailaren Azterlanen eta Araubide Juridikoaren Zuzendaritzak 2001eko martxoaren 9an eman zuen Ebazpenaren bidez.

Eratu zen egunetik, Badihardugu: Deba Ibarreko Euskera Alkartia entitateak bere helburuak betetzeko behar diren jarduera guztiak egiten ditu: Deba Ibarretik hasi, eta Euskal Herri osoko euskaltzaleak batuko dituen gunea osatzea da, indarrak batuz eta denon artean gure herri-hizkerei bultzadatxo bat emateko, bide batez euskara bera sendotuz. Jarduera horiek guztiak interes orokorrekotzat jotzen ditu gizarteak.

Ekainaren 22ko 7/2007 Legearen 45.2 artikuluak xedatutakoarekin bat eginez, onura publikoa Gobernu Kontseiluak emandako dekretu bidez aitortuko da, gaiaren arabera egoki diren sailek proposamena egin ostean. Agindu hori betez, dagokion espedientea izapidetu da, eta sailek eta erakundeek egindako txostenak erantsi zaizkio espedienteari.

Hori dela bide, Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuak, Hezkuntzako sailburuak eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak proposatuta, interesa duten entitateek eta erakundeek egindako txostenak aztertu dira eta, Gobernu Kontseiluak 2021eko urriaren 5eko bileran eztabaidatu eta onartu ondoren, honako hau

XEDATZEN DUT:

Artikulu bakarra.– Badihardugu: Deba Ibarreko Euskera Alkartia onura publikokoa dela aitortzea, bere jardueraren bidez interes orokorraren alde egiten duela uste baita. Euskal Autonomia Erkidegoko Elkarteen Erregistro Orokorrean dago elkarte hori inskribatuta, AS/G/09072/2001 zenbakiarekin.

Horrekin batera, aitorpen honi dagozkion eskubideak aitortzen zaizkio, hain zuzen ere, Euskadiko Elkarteei buruzko ekainaren 22ko 7/2007 Legearen 43. artikuluan xedatutakoak.

Vitoria-Gasteizen, 2021eko urriaren 5ean.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.

Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburua,

OLATZ GARAMENDI LANDA.

Hezkuntzako sailburua,

JOKIN BILDARRATZ SORRON.

Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua,

BINGEN ZUPIRIA GOROSTIDI.


Azterketa dokumentala