201. zk., 2021eko urriaren 7a, osteguna
- Bestelako formatuak:
- PDF (214 KB - 1 orri.)
- EPUB (219 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
SEGURTASUN SAILA
5128
AGINDUA, 2021eko urriaren 6koa, Jaurlaritzako lehenengo lehendakariorde eta Segurtasuneko sailburuarena, Larrialdiei Aurregiteko Bidea-Labi Euskadiko Babes Zibileko Plana formalki desaktibatzea xedatzen duena. Plan hori 2020ko abuztuaren 14an aktibatu zen, COVID-19a hedatzearen ondorioz sortutako osasun-larrialdiari aurre egiteko.
Osasuneko sailburuak egun horretan bertan egindako errekerimenduari jarraituz, Segurtasuneko sailburuak 2020ko abuztuaren 14an erabaki zuen Larrialdiei Aurregiteko Bidea-Labi Euskadiko Babes Zibileko Plana formalki aktibatzea, COVID-19a hedatzearen ondorioz sortutako osasun-larrialdiari aurre egiteko.
Hurrengo egunean, Lehendakariak abuztuaren 15eko 17/2020 Dekretua eman zuen, zeinaren bidez Lehendakariak plan hori zuzentzeko eskumenak bereganatzen baititu.
Harrezkero, pandemiari aurre egiteko helburuarekin, Lehendakariak dekretu ugari eman ditu, erregulazioak ezartzeko eta osasun publikoko neurriak hartzeko. Denbora horretan, Legebiltzarrak ekainaren 24ko 2/2021 Legea ere onartu du, COVID-19aren pandemia kudeatzeko neurriei buruzkoa.
Bestalde, Lehendakariari Labi plana zuzendu eta koordinatzeko eginkizunetan aholkuak eta laguntza emateko sortutako aholku-batzordeak 24 lan-saio egin ditu. Azkenekoan, urriaren 5ekoan, jakinarazi zuen erabaki zuela pandemiaren ondoriozko osasun-larrialdiko egoera amaitutzat ematea, eta abuztuaren 15eko 17/2020 Dekretuaren bidez ezarritako Labi zuzentzeko eta koordinatzeko eskumenen bereganatzea ondoriorik gabe uztea.
Hori guztia betetzeko, urriaren 6ko 39/2021 Dekretua eman du; horren bidez, EAEn COVID-19 pandemiaren ondoriozko osasun-larrialdiko egoera amaitutzat ematen da, eta normaltasun berri batean sartzeko neurriak zehazten dira.
Osasun-larrialdiko egoera amaitu ondoren, egokia da, halaber, Larrialdiei Aurregiteko Bidea-Labi Euskadiko Babes Zibileko Plana desaktibatzea.
Horrenbestez, apirilaren 27ko 1/2017 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako eta indarrean dagoen Euskal Autonomia Erkidegoko Larrialdiak Kudeatzeko Legearen 11.h) artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz, honako hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Larrialdiei Aurregiteko Bidea-Labi Euskadiko Babes Zibileko Plana desaktibatzea, zeina 2020ko abuztuaren 14an aktibatu baitzen, COVID-19a hedatzearen ondoriozko osasun-larrialdiari aurre egiteko.
Bigarrena.– Agindu honek argitaratzen den egunetik aurrera izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteiz, 2021eko urriaren 6a.
Jaurlaritzako lehenengo lehendakariorde eta Segurtasuneko sailburua,
JOSU IÑAKI ERKOREKA GERVASIO.