197. zk., 2021eko urriaren 1a, ostirala
- Bestelako formatuak:
- PDF (273 KB - 2 orri.)
- EPUB (218 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
HEZKUNTZA SAILA
5027
AGINDUA, 2021eko irailaren 17koa, Hezkuntzako sailburuarena, zeinaren bidez ezartzen baita Euskal Autonomia Erkidegoaren eremuan unibertsitate-titulu ofizialen akreditazioa berritzeko deialdiaren epea.
Unibertsitateen abenduaren 21eko 6/2001 Lege Organikoaren 35.2 artikuluan adierazten denez –apirilaren 12ko 4/2007 Lege Organikoaren bidez aldatua–, unibertsitateek autonomia-erkidegoen baimena eta Unibertsitate Kontseiluaren egiaztapena eskuratu beharko dituzte, ziurtatzeko ikasketa-plana bat datorrela Gobernuak ikasketa ofizialak emateko ezarrita dituen jarraibide eta baldintzekin.
Unibertsitateko titulu ofizialen egiaztapen-, akreditazio-, jarraipen- eta berritze-prozedurak xedapen hauetan daude araututa: batetik, Unibertsitateko Ikasketa Ofizialak Arautzen dituen urriaren 29ko 1393/2007 Errege Dekretuan eta haren geroko aldaketetan, eta, bestetik, Doktorego Ikasketa Ofizialak Arautzen dituen urtarrilaren 28ko 99/2011 Errege Dekretuan eta haren geroko aldaketetan.
Tituluak Unibertsitate, Zentro eta Tituluen Erregistroan (RUCT) inskribatzeak, urriaren 29ko 1393/2007 Errege Dekretuaren 26. artikuluan jasotakoaren arabera, egiaztatutako tituluaren hasierako izaera izango du.
1393/2007 Errege Dekretuaren 24. artikuluan, tituluak berritzeko epeak zehazten dira, eta ezartzen da ezen epea zenbatzen hasiko dela gradu-, master- eta doktorego-tituluaren hasierako egiaztapenaren egunetik aurrera, edo azken akreditazioaren egunetik aurrera.
Errege-dekretu horren 27.bis artikuluan, titulu ofizialen akreditazioa berritzeko prozedura orokorra arautzen da. artikulu horren arabera, unibertsitate-titulu ofizialen akreditazioa berritzeko, Unibertsitate Kontseiluak ebazpena eman behar du, autonomia-erkidegoek lege bidez ezartzen duten ebaluazio-organoaren aldeko txostena jaso ondoren. Gainera, ezartzen du unibertsitateek eskaera aurkeztu behar dutela, autonomia-erkidego bakoitzak bere eskumen-eremurako ezarrita dituen prozeduraren eta epeen arabera.
Horregatik guztiagatik, eta gradu, master eta doktoregoko tituluak lortzeko unibertsitate-ikasketa ofizialak ezarri eta ezabatzeari buruzko abenduaren 19ko 274/2017 Dekretuaren 17.1 artikuluan emandako eskumenaren arabera, honako hau
XEDATZEN DUT:
Lehenengoa.– 2021eko deialdiaren epea ezartzea, Euskal Autonomia Erkidegoaren eskumen-eremuko unibertsitateek titulu ofizialen akreditazioa berritzea eska diezaioten Hezkuntza Sailari. Epea hilabetekoa izango da, honako hau EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
Bigarrena.– Gradu, master eta doktoregoko unibertsitate-tituluen akreditazioa berritzeko prozedura eta epeak ezartzen dituen abenduaren 19ko 274/2017 Dekretuaren 17. artikuluan araututako prozedurari jarraituko zaio.
Hirugarrena.– Prozedura hori ofiziala izango da, eta araudian aurreikusitako ondorioak izango ditu, hau da, akreditazio-ebazpena aldekoa bada, titulazioa ofizialki akreditatua geldituko da. Aitzitik, prozedura amaituta, ebazpena aurkakoa bada, ikasketa-plana iraungitzat joko da, eta ikasketa horietan diharduten ikasleen eskubide akademikoak bermatzeko neurri egokiak hartuko dira.
Laugarrena.– Ebaluazio-prozesua egiteko, Unibasq-Euskal Unibertsitate Sistemaren Kalitate Agentziaren «Euskal Unibertsitate Sistemako Gradu eta Masterreko Tituluen Egiaztapena Berritzeko Protokoloa» eta «Euskal Unibertsitate Sistemako Doktorego Tituluen Egiaztapena Berritzeko Protokoloa»-ei jarraituko zaie.
Bosgarrena.– Titulazio bakoitzari dagokion eskabidea Hezkuntza Sailaren Unibertsitate Politika eta Koordinazioko Zuzendaritzara bidali beharko da. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta bere erakunde autonomoen erregistroen sorrera, antolaketa eta funtzionamenduari buruzko apirilaren 29ko 72/2008 Dekretuan zehazturiko edozein erregistrotan aurkeztu ahal izango dira, baita Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16. artikuluan aipatzen diren bulegoetan ere.
Seigarrena.– Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.
Vitoria-Gasteiz, 2021eko irailaren 17a.
Hezkuntzako sailburua,
JOKIN BILDARRATZ SORRON.