Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

197. zk., 2021eko urriaren 1a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
5024

EBAZPENA, 2021eko abuztuaren 4koa, Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariarena, zeinaren bitartez Sondikako (Bizkaia) udal-mugarteko Ola-Sondika trenbide-saihesbidearen informazio-azterlanerako ingurumen-inpaktuaren adierazpena egiten baita.

AURREKARIAK

Maiatzaren 20an, Eusko Jaurlaritzako Garraio Azpiegituren Zuzendaritzak jendaurreko informazioaren izapidea egin zuen, Ola-Sondika trenbide-saihesbidearen informazio-azterlanari eta haren ingurumen-inpaktuaren azterketari zegokienez, Ingurumen Ebaluazioari buruzko Legearen abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 36. artikuluan xedatutakoarekin bat eginez, interesdunek egokitzat jotzen zituzten alegazioak aurkez zitzaten. Izapide horri buruzko iragarkia 2020ko ekainaren 1eko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkariaren 105. zenbakian argitaratu zen.

Jendaurreko informazioaren izapidea amaitu ondoren, Garraio Azpiegituren Zuzendaritzak zenbait alegazio jaso zituztela jakinarazi zuen; horien emaitza espedientean jasota dago.

Era berean, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 37. artikuluan xedatutakoa aplikatzeko, Garraio Azpiegituren Zuzendaritzak eraginpeko administrazio publikoei eta interesdunei kontsulta-izapidea egin zien. Emaitza espedientean jasota dago.

2021eko ekainaren 18an, Eusko Jaurlaritzako Garraio Azpiegituren Zuzendaritzak eskabidea egin zion Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzari, Ola-Sondika trenbide-saihesbidearen informazio-azterlanari buruzko ingurumen-inpaktuaren adierazpena egin zezan, Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorrarekin eta Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearekin bat etorriz.

Eskabidearekin batera, honako dokumentazio hau aurkeztu zuen:

– Ola-Sondikaren (Txorierriko linea) informazio-azterlana, 2019ko abendukoa. Dokumentu horrek ingurumen-inpaktuaren azterketa jasotzen du 12. eranskinean.

– Jendaurrean erakutsi ondoren, jasotako emaitzei buruzko dokumentuak.

– Eragindako administrazio publikoei eta pertsona interesdunei egindako kontsulta-izapidearen emaitzei buruzko dokumentuak.

Halaber, aipatutako proiektuari dagokionez, EIAD-012 espedientearen barruan, 2016ko irailaren 22ko Ebazpena eman zuen Ingurumen Administrazioaren zuzendariak, zeinaren bidez, Sondikako udalerrian (Bizkaia), Eusko Jaurlaritzako Garraio Azpiegituren Zuzendaritzak sustaturik, aireporturako lurpeko sarreraren irtenbidearen (Ola-Sondika tartea) proiektuari buruzko informazio-azterlanaren irismen-dokumentua egiten baita.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Ingurumen Ebaluazioari buruzko Legearen (abenduaren 9ko 21/2013 Legea) 1. artikuluan ezarritakoaren arabera, haren helburua da ingurumenean ondorio esanguratsuak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautu behar duten oinarriak ezartzea; horrela, ingurumenaren babes-maila handia bermatuko da, garapen jasangarria sustatzeko helburuarekin.

Era berean, Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 42. artikuluaren arabera, ingurumen-inpaktuaren ebaluazioek era egokian bermatuko dute, besteak beste, plangintza-prozesuaren lehen faseetan egingo dela ingurumenaren gaineko eraginen analisia, betiere, aukerarik egokienak hautatzeko asmoz, eta aintzat hartuta hor gauzatuko diren jardueren metatze- eta sinergia-ondorioak.

Otsailaren 27ko 3/1998 Legearen 41. artikuluan xedatutakoari jarraikiz, Euskal Autonomia Erkidegoaren esparruan gauzatu nahi diren planek eta proiektuek (publiko zein pribatu izan) ezinbestekoa izango dute ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa, baldin eta lege horren I. eranskinean jasota badaude. Ola-Sondika trenbide-saihesbidearen proiektua arau horren I.B) eranskinaren 1.2 epigrafean dago sartuta.

Bestalde, aipatu beharra dago baliokidetzat har daitezkeela otsailaren 27ko 3/1998 Legeak arautzen duen ingurumen-inpaktuaren banakako ebaluazio-prozedura eta Ingurumen-ebaluazioari buruzko Legearen (abenduaren 9ko 21/2013 Legea) 33. artikuluan eta hurrengoetan jasota dagoen ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa egiteko prozedura arrunta.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 35. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoa aplikatzeko, Eusko Jaurlaritzako Garraio Azpiegituren Zuzendaritzak, organo substantiboa den aldetik, proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio-prozedura arrunta egiteko beharrezkoa dena xedatu du. Horretarako, ingurumen-inpaktuaren azterketa gehitu du espedientean eta kontsulta publikoak egin ditu; gainera, eraginpeko administrazio publikoek zein pertsona interesdunek prozeduran parte hartu dute.

Proiektuaren ingurumen-ebaluazioaren espedienteko dokumentazio teknikoa eta txostenak aztertuta, eta ikusirik ingurumen-inpaktuaren azterketa zuzena dela eta indarreko araudian ezarritako alderdien araberakoa dela, irismen-dokumentuan jasotako baldintzak barne, Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak ingurumen-inpaktuaren adierazpen hau eman du; bertan, proiektuaren proposamenean ingurumen-arloko alderdiak sartzearen alde egin da, eta proiektua aplikatzearen ondorio adierazgarrien aipamena jaso da, baita sartu beharreko azken oharrak ere, soilik ingurumen arlokoak. Zuzendaritza hori eskumeneko organoa da Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren arabera, baita Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen otsailaren 23ko 68/2021 Dekretuaren arabera ere.

Horrenbestez, zenbait xedapen aztertuta –Euskal Herriko ingurugiroa babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorra; Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legea; Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen otsailaren 23ko 68/2021 Dekretua; Administrazio publikoen administrazio-prozedura erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea eta aplikatzekoak diren gainerako arauak–, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Sondikako udal-mugarteko Ola-Sondika trenbide-saihesbidearen proiektuaren ingurumen-inpaktuaren aldeko adierazpena egitea, zeina proiektuaren aldekoa baita. Proiektua Eusko Jaurlaritzako Garraio Azpiegituren Zuzendaritzak sustatu du.

Proiektuaren xedea da zehaztea zer obra egin behar diren Artxandako tunel berriaren irteeraren eta Sondikako lurpeko geltoki berriaren artean trenbide bikoitzeko saihesbide berri bat egiteko, Sondikako Ola auzoan aire zabaleko geltoki bat proiektatuta. Proiektuak irtenbidea ematen dio, orobat, Lutxana-Erandioko ETSren kotxetegietara sartzeko adarrarekin eta Lezamara doan linearekiko loturari.

Gaur egun, aztertutako eremutik hurbil dagoen trenbidea Bilbo-Lezama lineak eta Lutxana-Sondika adarrak osatzen dute, eta bertan dago Sondikako geltokia. Berreteagako trenbide-triangeluan bat egiten dute bi tarteek. Olaren eta Sondikako geltokiaren arteko trenbide bikoitzeko saihesbideari esker, gaur egun sortzen den zaku-hondoa desagertuko da; izan ere, Lezama eta Bilbo lotzen dituzten trenek, orain, noranzkoa alderantzikatuta egin behar dute atzera Sondikako geltokitik Berreteagako trenbide-triangeluraino. Eragozpen hori are larriagoa da, gainera, tarte horretan trenbide bakarra dagoelako.

Saihesbidearen ardatz nagusia, trenbide bikoitzarekin, Artxandako tunela eraikitzeko proiektuaren azken tartean hasten da, eta 5 metroko garaierako betelana egitea aurreikusten da hor. Gune horren ondotik, Ola izeneko aire zabaleko geltokia dago, eta, horren ondoren, trenbideak Asua ibaia zeharkatzen du 230 metroko luzerako zubibide baten bidez. Zubibidea amaituta, Arestiko meatze erako tunela proiektatu da. Tunel horrek lotura egiten du tunel faltsuko tarte batekin Sondikako lurpeko geltokiraino, eta horixe da, hain zuzen, ardatz nagusiaren amaiera. Enbor nagusiaren luzera 1.890 metrokoa da; horietatik 1.455 m lurpean daude (742 m meatze erako tunelean, eta gainerakoa, tunel faltsuan edo cut and cover erako tunelean).

Lutxanarako adar berria (kotxetegi-adarra ere deitua) Sondikako geltokitik abiatzen da eta Lutxanarako egungo bidearekin lotzen du. Adar horrek 754 metroko luzera du. Proiektuak aurreikusten duen beste adarra Lezamarako oraingo bidearekiko lotura da (Lezama adarra); 545 metroko luzera du guztira, eta Mitxeneko meatze erako tunela hartzen du barnean (70 metroko luzera du). Bi adar horiek Sondikako geltokitik abiatzen dira eta lurpetik joango dira zati batean; hala, lurrazalera aterako dira oraingo trenbide-trazatuarekiko loturetan.

Aurreikusitako trazatuak 3.189 metroko luzera du, eta horietatik 2.020 m (% 63) lurpetik doaz.

Trenbidearen plataformaren zimendua plakaren gainekoa izango da ibilbidearen zatirik handienean. Informazio-azterlanak barne hartzen duen eremua, tuneleko irteeran, Lezama adarra eta kotxetegi-adarra lotzeko tarteetan balasto gaineko trenbidea egongo da.

Lur-soberakina 250.000 m3 ingurukoa da. Ingurumen-inpaktuaren azterketak soberakinak biltzeko 4 aukera planteatzen ditu, baina eraikuntza-proiektuak zehaztuko du zer biltegi den egokiena, datu zehatzagoak izango baititu lurren azken balantzeari eta hondeaketatik eratorritako materiala obran bertan aprobetxatzeko aukerari dagokienez. Soberakinen biltegi berririk ez irekitzea izango da irizpidea, eta material horiek dagoeneko operatiboak diren biltegi-eremuetara eramatea erraztea; horrez gain, soberakin horiek Bilboko portura betelanetarako material gisa eramatea teknikaren, ekonomiaren eta ingurumenaren ikuspegitik bideragarria den aztertuko da.

Instalazio osagarrien lau eremu proposatu dira:

– ZI-1. Etorkizuneko Ola geltokiaren ondoan dago, eta Asua ibaiaren ibaiertzari kalterik egitea saihestuko da, batez ere obrako makinen sarbideei dagokienez. Azalera 3.730 m2-koa da.

– ZI-2. Ugalde bidearen ondoan dago. Azalera 2.157 m2-koa da.

– ZI-3. Trazaduraren eskuinaldean dago, Sondikarako noranzkoan, tunel faltsua hasten den zatian, Urikarreta bidetik gertu, eta 2.900 m2-ko azalera hartzen du.

– ZI-4. Etorkizuneko Sangroniz poligonoaren ipar-ekialdean dago. Bertan, Sondikarako bideak eta Lutxanarako adarrak bat egiten dute, eta 4.700 m2-ko azalera hartzen du.

Trazadura tunel faltsu baten bidez igarotzen da Sangroniz errekaren azpitik. Ibilgu txiki hori bideratuta egongo litzateke SAPUI-1 plan partzialaren aurreikuspenen arabera, eta eragina aldi baterako baino ez da izango, hortaz, obrek irauten duten bitartean; izan ere, SAPUI-1 plan partzialaren arabera erreka bideratzeko aurreikusitako kaxa zurkaiztu beharko litzateke, edo bideratzeko kaxa hori egin, oraindik egin ez balitz.

Informazio-azterlanak baztertu egin du lehergailuak erabiltzea tunelak zulatzeko, eta bitarteko mekanikoak erabiliko dituzte horien ordez. Hala ere, adierazten du eraikitzeko proiektuan aztertuko dutela ea meatze erako tunela egiteko lehergailuak erabiltzea komeni den.

Hauek dira proiektuko beste ekintza batzuk:

– 4+790 KPan tuneletik irteteko ebakuazio-irteera bat eta aireztapen-putzu bat proiektatu dira, bateragarria Sondikako Udalak emandako SAPUI-I planean aurreikusitako plangintzarekin.

– Sondikako aireportuko terminal zaharrera sartzeko bidea desbideratzea. Aireportura sartzeko adarraren saihesbidea diseinatuko orduan, kontuan hartu da guztiz bateragarria izan dadin, hala oinplanoan nola altxaeran, BI-737 errepidetik SAPUI-1 poligonora sartzeko bide berriaren eraikuntzarekin.

– Arestiko tunelaren hegoaldeko ahora iristeko bidea; beharrezkoa da Arestiko tunelaren hegoaldeko sarrerara iristeko eta Asuako zubibidearen 2. estribua eraikitzeko. Bide hori behin betikoa izango da, Arestiko tunelaren hegoaldeko ahotik irteteko ebakuazio-bide gisa erabiliko baita.

– Ola geltokira iristeko bidea.

– SAPUI-1 poligonorako sarbide berria, BI-737 errepidetik.

– Obrek kaltetutako zerbitzuak berriz ezartzea.

Eraikuntza-proiektuan gaur egungo trenbide-elementuak desegitea jasoko da, erabilerarik gabe geldituko baitira saihesbidea gauzatu ondoren.

Obrak bi fasetan egingo dira, eta 61 hilabeteko iraupena izango dute, honela banatuta:

– 1. fasea: Olako trazadura-saihesbidea eta Sondikako lurpeko geltoki berria. 40 hilabete.

– 2. fasea: Lezamarako adarra, Sondikako lurpeko geltokitik. 21 hilabete.

Bigarrena.– Proiektua gauzatzeko baldintzak finkatzea. Baldintzak lotesleak dira, Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 47.2 artikuluan ezarritakoaren arabera. Hona hemen baldintzok:

A) Proiektuaren ingurumen-inpaktua ebaluatzeko, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzan aurkeztutako dokumentazioaren arabera gauzatuko da proiektua, eta, nolanahi ere, ebazpen honetan zehaztutakoaren arabera.

Proiektu honen ingurumen-inpaktuaren ebaluazioari buruzko prozedurak, proiektuaren sustatzaileak aurkeztutako dokumentazio teknikoaz gain, kontuan izan du espedientean ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa egiteko prozeduraren aldietan erantsitako txostenen edukia.

B) Proiektua aldatzen edo zabaltzen bada, Ingurumen Ebaluazioari buruzko Legearen (abenduaren 9ko 21/2013 Legea) 7. artikuluan xedatutakoa aplikatuko da.

Proiektuan egingo diren aldaketa puntualak arrazoitu egin beharko dira ingurumenaren ikuspegitik, aurreko paragrafoan adierazitako garrantzirik ez badute ere. Babes- eta zuzenketa-neurrietan, ingurumena zaintzeko programan, aurrekontuan eta baldintzen agirian egiten diren aldaketak proiektuan jaso beharko dira.

C) Ingurumen-ebaluazioko prozeduraren alderdi garrantzitsuak.

Proiektuak zuzenean eragindako eremua ez da Natura 2000 sareko naturagune babestu bat, ezta inbentarioan sartutako bestelako gune babestu edo natura intereseko bat ere.

Ingurunearen baldintzatzaile nagusiak hauek dira:

– Olaren eta Berezaren arteko tartean harizti eta baso mistoko gune bat dago, bai eta haltzadi bat ere, Asua ibaiaren ibilguaren ondoan. Haltzadia Batasunaren lehentasunezko intereseko habitata da (91E0* kodea).

– Trenbide-korridorearen bandaren barruan Batasunaren intereseko beste habitat hauek daude: 6210 Brachypodium pinnatum espeziea duten larre mesofiloak, eta 6510 altitude baxuko sega-belardi pobreak.

– Trazadurak zubibide baten bidez zeharkatzen duen Asua ibaiaren tarteari Bizkaiko Foru Aldundiaren abenduaren 9ko 186/2008 Foru Dekretuak eragiten dio, zeinaren bidez Bizkaiko Lurralde Historikoan Arrain hiruarantzaren, Gasterosteus aculeatus Linnæus, 1758, Kudeaketa Plana onesten den, espezie kaltebera delako eta bere babesak berariazko neurriak eskatzen dituelako.

– Trazadura, Asua ibaiaren parean, nekazaritza eta abeltzaintzako eta trantsizioko landa-paisaiako kategorietako balio estrategiko handiko lursailetatik igarotzen da.

– Asua ibaia, proiektuaren eraginpeko eremuan, uholde-arrisku handiko eremu bat da (ES017 BIZ-IBA-05 UAHE).

– Proiektuaren eragin-eremuan Orchis papilionacea espeziea dagoela adierazi dute. EAEn lehen aldiz duela gutxi ikusitako espezie bat da; zehazki, Sondikako errepideko ezponda batean aurkitu zuten loratutako ale bat.

– Kultura-ondareari dagokionez, saihesbidetik hurbilen dauden elementuak honako hauek dira: Ugalde baserria, udal-mailan zaintzeko proposatutako ondasun-higiezina, eta Beraza dorretxea, Balizko Arkeologia Gunea (Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordearen 1997ko ekainaren 5eko Ebazpenaren bidez adierazia). Saihesbidea egiteak ez die zuzenean eragingo elementu horiei.

– Trazadurak ez die zuzenean eragiten lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak dituzten edo izan dituzten lurzoruen inbentarioan sartutako lurzatiei; halere, inbentario horretan jasotako 4 lurzati daude trazaduratik gertu, guztiak erabilera industrialekoak (48904-0038, 0048, 00103 eta 00120 kodeak).

Obra-fasean, inpaktu nagusiak lur-mugimenduekin lotuta daude, horien ondorioz landaredia moztuko baita eta obratik kanpoko eremuak erabiliko baitira hondeaketa-soberakinak pilatzeko. Beste inpaktu batzuk sortuko dira egoera naturalean dauden eremuak obraren eremu osagarriak ezartzeko erabiltzearen ondorioz.

Eragindako landaredia Batasunaren intereseko habitatei dagokie, honako hauei zehazki: 6210 eta 6510 (larreak) eta 91E0 (haltzadiak). Habitat horiek eragina izango dute trazadura aire zabaletik doan tarteetan, instalazio osagarrien eremuetan eta tunel faltsuan eraikitako tarteetan. Guztira, hektarea bat belardik eta 0,04 ha haltzadik jasango dute eragina. Landaredi horren zati bat lehenera daiteke, trazadura tunel faltsuan doan eremuetan eta aldi baterako okupatuko diren beste eremu batzuetan, instalazio osagarrien eremuetan adibidez.

Proiektuak Asua ibaiaren gaineko zubibide bat egitea jasotzen du arrain hiruarantzaren (Gasterosteus aculeatus) Kudeaketa Planaren eremuaren barruan dagoen ibilguaren zati batean; espezie kaltebera eta babestu beharrekoa da, eta, horregatik, zubibidea egiten den bitartean, babes-neurriak hartu beharko dira sedimentuak arrastatzearen ondorioz uren kalitateari kalterik ez egiteko.

Paisaiaren gaineko eragina nahiko handia izango da obra-fasean; ustiapen-fasean, berriz, proiektuaren hasierako zatira mugatuko da, bertan Ola geltokia eta Asua ibaiaren gaineko zubibidea egitea aurreikusten baita.

Tunelak zulatzeak baliteke uren kalitateari eragitea, orokorrean, ura behar izaten baita zulatzeko. Horrek ur-emari uherra sortzen du, material xeheez beteta, eta, urak arazteko gailuak ezarriz kontrolerako prebentzio-neurriak hartu ezean, gerta liteke uren kalitatea nabarmen aldatzea. Halaber, zubibide-pilareak zimendatzeko obrak egiten diren bitartean, solido esekiak dituzten urak sortuko dira, eta horiek tratatu egin behar dira ibilgura isurketarik ez egiteko.

Eraikuntza-fasean, soinu-mailak handituko dira makinen mugimendu eta funtzionamenduaren ondorioz, bai eta lur-mugimenduen ondorioz ere.

Zaratari dagokionez, eta azpiegituraren funtzionamendu-fasean, egindako inpaktu akustikoaren azterketak ondorioztatzen du bidetik hurbilen dauden hartzaileek ez dituztela gaindituko araudian oraingo erabilera eta egoerarako ezarritako kalitate-helburuak.

Aztertutako dokumentazioaren arabera, ez da aurreikusten proiektua gauzatuko den ingurunearen faktoreetan eraginik egotea proiektuak istripu larriak edo hondamendiak izateko arriskuaren ondorioz, era horretako arriskuak saihestuko baitira aplikatu beharreko araudia betetzeko kontuan hartu diren arintze-neurrien bitartez.

Hala proiektuak nola ingurumen-inpaktuaren azterketak prebentzio- eta zuzenketa-neurri ugari biltzen dituzte, eta horietako asko obra-jardunbide egokitzat jotzen dira; besteak beste, honako hauek nabarmendu behar dira:

– Eremu sentikorrenak seinaleztatzea (Batasunaren intereseko habitatak), eta obra-eremua ahalik eta gehien murriztea.

– Eraikuntza-proiektua idazteko fasean, Asua ibaiaren gaineko zubibidearen egitura zehatz-mehatz zehazten denean, betiere teknikoki bideragarria bada, ibilgutik ahalik eta urrunen jarriko dira haren pilareak, Haltzadi eta lizardien Batasunaren lehentasunezko intereseko habitatari (BLH) ez eragiteko. Nolanahi ere, zubibidearen obrek eragindako eremua ibaiertzeko espezieak erabiliz lehengoratuko da.

– Obren mugakide diren zuhaitzen enborrak oholez babestea, lurrak mugitzeko lanen edo makinen joan-etorrien ondorioz ezusteko kalterik izan ez dezaten.

– Eraikuntza-proiektua idazteko fasean, azterketa sakon bat eta landako prospekzio botaniko bat egingo dira, Orchis papilionacea espezieko alerik dagoen baieztatzeko edo baztertzeko, eta, hala badagokio, informazio-azterlanean proposatutako irtenbidearen oinplanoko eta altxaerako trazadura egokituko da, espeziearen gaineko inpakturik egon ez dadin.

– Espezie inbaditzaileen kontrola.

– Landare-lurra kentzea eta pilatzea.

– Inpaktuaren azterketak lehengoratzeko proiektu bat hartzen du barnean.

– Instalazio osagarrien eremua iragazgaiztea eta instalazio osagarrietatik datozen urak tratatzea, urak bildu eta dekantazio-putzuetara bideratzen duen sistema perimetral bat ezarriz.

– Tuneletatik datozen urak dekantazio-putzuen bidez tratatzea, solido esekien edukia murrizteko. Putzu horiek Arestiko tunelaren irteera bakoitzean kokatuko dira. Putzu horien neurri zehatzak eraikuntza-proiektuan jasoko dira.

– Zubibide-pilareetarako hondeatze-lanetako urak tratatzea. Eragiketa honetan sortutako urak, aurreko kasuan bezala, dekantazio-putzuetara bideratuko dira. Eraikuntza-proiektuak zehaztuko ditu putzu horien neurriak eta kokalekuak. Printzipioz, ibaiaren bi ertzetan jarriko dira, eta, gutxienez, ibilgutik hurbilen dauden pilareetan.

– Sedimentuetarako hesiak jartzea (lasto-balez, iragazte-xaflez edo lur-zakuez eginak).

– Obrak hasi baino lehen, proiektuak eragindako eremuko arrain hiruarantzaren populazioa neurtuko da, lanen aurreko egoera zein den zehazteko. Iraunkortasuna eta Ingurune Naturala Zaintzeko Sailaren Natura Ondarearen Zerbitzuari egindako baimen-eskaerari erantsiko zaio azterlan hori, Bizkaiko Lurralde Historikoko arrain hiruarantza Kudeatzeko Planaren 6. artikulua betez.

– Saihestuko da zubibidearen obrarik, edo ibilguari eragiten dionik gutxienez, ez da egingo apirilaren 1etik abuztuaren 31ra bitartean, arrain hiruarantza ugaltzeko aldi kritikoa baita Bizkaiko Foru Aldundiaren abenduaren 9ko 186/2008 Foru Dekretuaren arabera.

– Obrako ibilgailuen errodatze-sistemak garbitzea. Obrako ibilgailuen errodatze-sistema garbitzeko guneak bide-sarera ateratzeko lekuetan egongo dira, eta honako elementu hauek izango dituzte:

– Obrako ibilgailuak mahuken bidez garbitzeko eremu iragazgaitza: ibilgailuen errodatze-sistemari atxikitako elementu lodiak presiozko uraren bidez kenduko dituzte han.

– Ibilgailuak igarotzeko tanga iragazgaitza, ur garbiarekin, eta harea eta koipea kentzeko sistema barne duena, hala badagokio, Obraren Zuzendaritzak xedatutakoari jarraikiz.

– Drainatzea dekantazio-putzuetara bideratzea, harea eta koipea kentzeko sistemarekin, garbitzeko prozesuetan berriz erabili ahal izateko.

– Eraikuntza-proiektua idazteko fasean, trazaduraren soluzioa xehetasunez zehaztu ondoren, zaraten eta bibrazioen azterketa xehatua egingo da, informazio-azterlanaren fasean lortutako emaitzak berresteko edo, hala badagokio, behar diren zuzenketa-neurriak zehazteko.

– Lurrak mugitzeko fasean arkeologo batek obren jarraipena eta kontrol arkeologikoa egitea. Obran bertan egongo da hori obrek iraun bitartean. Balizko arkeologia-guneen eta ondare arkitektonikoko ondasun higiezinen inguruan, kontrol arkeologiko zehatza eta iraunkorra egingo da, haien gaineko ondare-inpakturik eragozteko.

D) Babes- eta zuzenketa-neurriak.

Babes- eta zuzenketa-neurriak indarreko araudiaren arabera gauzatuko dira, hurrengo apartatuetan adierazitakoa kontuan hartuta, eta, aurrekoen aurkakoa ez den orotan, sustatzaileak organo eskudunaren bidez Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzan aurkeztutako dokumentazioan aurreikusitakoaren arabera.

Bestalde, neurri horiek eta kontrolerako langile kopurua nahikoak izango dira ingurumen-inpaktuaren azterketan finkatutako kalitate-helburuak eta ingurumen-inpaktuaren adierazpen honek finkatzen dituenak bermatzeko.

Neurri hauek guztiak obra kontratatzeko baldintza-agirietan sartu beharko dira, eta baldintza horiek betetzen direla bermatuko duen aurrekontua ere izan beharko dute. Era berean, obrako jardunbide onak aplikatuko dira.

Ondorengo apartatu hauetan adierazten diren neurriak gehitu beharko dira.

D.1.– Natura-ondarea babesteko neurriak.

D.1.1.– Obrak, bai eta lurzorua okupatzea dakarten lan osagarriak ere, proiektuaren lursailaren barruan egin beharko dira. Ahalik eta gehien murriztuko da obrako makinak eta ibilgailuak aipatutako mugetatik kanpo ibiltzea.

D.1.2.– Ingurumenari ahalik eta gutxien eragiteko irizpidea izango da kontuan kontratistaren instalazio-eremuak proiektatzeko, eta halaber aintzat hartuko dira obrako materialak eta landare-lurrak behin-behinean biltegiratzeko eremua eta obran sortutako tipologia desberdineko hondakinak kudeatzeko eremua. Eremu horiek inolaz ere ezin dira egon intereseko landaretza duten espazioetan (haltzadi kantauriarra eta bestelako baso-masa autoktonoak), ez uholde-arriskuguneetan.

Ustekabeko eraginik gertatzen bada adierazi den eremutik kanpo, zuzentzeko eta lehengoratzeko neurri egokiak aplikatuko dira, ebazpen honen D.10 apartatuan ezarritako ingurumen-aholkularitzak txostena egin ondoren.

D.1.3.– Landaredia naturala ebakitzea saihestuko da, zuzeneko okupaziorik aurreikusten ez duten eremuetan. Horretarako, lanak hasi baino lehen, proiektuaren eremuan dauden zuhaitz eta zuhaitz-unada autoktonoak zehatz mugatuko eta zedarrituko dira. Egoera onean dauden espezie interesgarrien aleak dituzten lekuetan, eta batez ere haltzadiak (Batasunaren intereseko habitatak), hariztiak eta baso mistoak daudenetan kontu handiz ibili beharko da, ale interesgarrienei ez eragiteko.

D.1.4.– Era berean, aire zabaleko trenbide-saihesbidearen hasierako tartean zein Asua ibaiaren gaineko zubibidean kontu handiz jardun beharko da ahalik eta txikiena izan dadin ibaiertzetako landaredien eta, oro har, ibaien ekosistema osoaren gaineko denbora- eta espazio-eragina.

Babestu beharreko eremu horiek berariaz zehaztu beharko ditu ebazpen honen D.10 apartatuan adierazitako ingurumen-aholkularitzak. Mugen eta balizen ezaugarri eta kokapen zehatzak ebazpen honen D.11 apartatuko lan-programan jasoko dira.

D.1.5.– Proiektuaren eraginpeko eremuan arrain hiruarantza kudeatzeko plana aplikatu behar da, betiere Bizkaiko Foru Aldundiaren 186/2008 Foru Dekretuarekin bat etorriz (186/2008 Foru Dekretua, abenduaren 9koa, Bizkaiko Lurralde Historikoan arrain hiruarantzaren, Gasterosteus aculeatus Linnaeus, 1758, Kudeaketa Plana onesten duena, espezie kaltebera delako eta bere babesak berariazko neurriak eskatzen dituelako).

Arrain hiruarantzaren banakoei eragin diezaiekeen edozein ekintza egin aurretik, lege eta dekretu hauetan ezarritakoa hartuko da kontuan: Natura-ondare eta biodibertsitateari buruzko abenduaren 13ko 42/2007 Legea; Euskal Autonomia Erkidegoko natura kontserbatzeko Legearen testu bategina onartzen duen apirilaren 15eko 1/2014 Legegintzako Dekretua; Basoko eta Itsasoko Fauna eta Flora Espezie Mehatxatuen Euskadiko Katalogoa arautzeko uztailaren 9ko 167/1996 Dekretua. Hala badagokio, hartuko da kontuan, baita ere, foru-organo eskudunak ezarritako arrain hiruarantza kudeatzeko planaren ardura duen administrazioa den aldetik.

D.1.6.– Obrak hasi aurretik, proiektuaren eremuan identifikatutako espezie inbaditzaileak desagerrarazteko kanpaina bat egingo da (hala nola Cortaderia selloana, Buddleja davidii edo beste batzuk).

D.2.– Jabari publiko hidraulikoa eta uren kalitatea babesteko neurriak.

Aplikatu behar diren prozeduren barnean uren arloko organo eskudunak ezar ditzakeen baldintzak betetzeaz gain, honako babes- eta zuzenketa-neurri hauek ere hartu beharko dira:

D.2.1.– Kantauri Ekialdeko Demarkazio Hidrografikoaren Plan Hidrologikoaren araudian eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ibaiertzak eta Errekaertzak Antolatzeko Lurraldearen Arloko Planeko E.2 apartatuko uholdeen babesari buruzko berariazko araudian xedatutakoarekin bat etorri beharko du proiektuak.

Oro har, lehentasunezko fluxu-gunea libre utzi beharko da, eta bermatuko da azpiegiturak ez duela uholde-arriskua areagotuko, ezta ingurunean lehendik dagoen arriskua ere, eta, gainera, bateragarria izan beharko da indarrean dagoen Uholde Arriskua Kudeatzeko Planean ezarritako zehaztapenekin.

Zubibide-pilareak jabari publiko hidraulikoaren zortasun-eremutik kanpo jarri beharko dira, eta zortasun-eremu horretako lur naturalaren gainean ez da esku-hartzerik egingo, ezta betelan, lur-berdinketa edo lur-mugimendurik ere.

D.2.2.– Jabari publiko hidraulikoari edo harekin lotura duten babes-eremuei (zortasun- eta zaintza-eremuak) eragiten dieten jarduketek arroko erakundearen aldez aurreko baimena beharko dute. Lanen ezaugarriak eta eraginak bereziki aztertuko ditu erakunde horrek eta, hala badagokio, dagozkion aginduak emango ditu.

D.2.3.– Eraikuntza-proiektuaren barruan azterketa hidrogeologiko xehatu bat jaso beharko da. Azterketa horren bidez azpiegitura berria egin eta ustiatzean izan daitezkeen eraginak zehaztuko dira, eta horren barruan sartuko da maila piezometrikoen zein kendu eta ponpatutako emarien jarraipena egiteko sistemak definitzea, bai eta, dauden emakiden gaineko eraginei dagokienez, sortutako inpaktuak lehengoratzea ere.

D.2.4.– Eraikuntza-fasean, ahalik eta material xehe gutxien botako da drainatze-sarera. Horretarako, urak bideratzeko gailuak eta sedimentuak atxikitzeko sistemak proiektatu eta gauzatuko dira lehenengo fasean, eta horietan bilduko dira obren ondorioz kutsatutako urak. Gailu horien neurria zehazteko kalkulu hidraulikoak egingo dira, solidoei ongi eusten dietela bermatzeko, eta, botatzen badira, gune jakin batean botatzen direla bermatzeko, betiere uraren parametro fisiko-kimikoak indarrean dagoen araudiaren araberakoak direla ziurtatuz. Ebazpen honen D.11 apartatuan aipatzen den lan-programan jasoko dira sistema horien ezaugarriak, kokalekua eta neurri zehatzak.

D.2.5.– Obrako makinentzako eta horien mantentze-lanetarako utziko den azalera isolatu egingo da drainatze naturaleko saretik. Zolata iragazgaitza eta isuriak biltzeko sistema bat izango ditu, olioen eta erregaien ezusteko isurketen ondorioz lurzorua eta urak kutsa ez daitezen; hidrokarburoen bereizgailua/iragazkia duen dekantazio-putzu batera bideratuko dira azken horiek. Horretarako ezarritako gunetik kanpo ez da baimenduko erregaia kargatu eta deskargatzea, olioa aldatzea eta tailerreko jarduerak egitea.

D.2.6.– Lanak egiteko eremuetan, hidrokarburoak xurgatzeko material espezifikoa izango da, berehala erabili ahal izateko, ustekabeko isuririk edo ihesik badago: biribilkiak, material pikortatua, etab.

D.2.7.– Eraikuntza-proiektuak ingurumen-inpaktuaren azterketan jasotako instalazio osagarrien gunea kokatzeko proposamena berrikusiko du, eta ZP-1 deiturikoa kenduko du, Asua ibaiaren ibilgutik gertu dagoelako, edo, hala badagokio, haren hedadura birdefinituko da, eta Asua ibaiaren ingurunean joan-etorriak, lur-mugimenduak eta obrei lotutako gainerako jarduketak saihestuko dira, ingurune sentikorra baita. Nolanahi ere, instalazio osagarrien eremuak uholde-arriskuguneetatik kanpo kokatu beharko dira.

D.2.8.– Ingurumen-inpaktuaren azterketan aurreikusitakoaren arabera, dekantazio-putzuak jarriko dira aurreikusitako tunelak egiteko hondeatze-lanetako efluenteak tratatzeko. Putzu horietan jasoko da zulatzerakoan ateratzen den ura, inora isuri aurretik.

Eraikuntza-proiektuak sistema hori tunelak zulatzetik datozen urak tratatzeko egokia dela justifikatuko du, beste arazketa-neurri batzuk aztertuta, eta azkenean hartzen den sistema egokia dela justifikatuko du, beharrezkoak diren kalkulu hidraulikoak eginez, solidoen atxikipen onena bermatzeko, eta, nolanahi ere, isurketa lokalizatua eta uraren parametro fisiko-kimikoei dagokienez indarrean dagoen araudiaren araberakoa dela bermatzeko.

Era berean, zubibide-pilareak zimendatzeko lanetan sortzen diren urak tratatzeko sistema bat aurreikusi eta justifikatu beharko da.

Sistema horien ezaugarriak, kokaleku zehatza eta neurriak adierazi beharko dira ebazpen honen D.11 apartatuan aipatutako lan-programetan.

D.2.9.– Aurreko epigrafeetan aurreikusi diren urak tratatzeko sistemak aldian-aldian garbitu beharko dira, jarduteko gaitasun nahikoa izan dezaten une oro, eta horrela tratamendu-sistemaren etekinik onena bermatzeko.

Dekantatzen diren sedimentuak aldian-aldian jasoko dira, eta, haiek kudeatzeko, ebazpen honen D.6 apartatuan aplikatuko da.

Obrak amaitzean, tunela zulatzearen ondoriozko efluenteak arazteko gailuen funtzionamenduari buruzko informazio zehatza bidali beharko dio proiektuaren sustatzaileak Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzari, obra horietan ateratako ur-bolumenaren kalkulua jasoko du hor (obraren fase bakoitzari dagokionez), bai eta lurpeko uretan sor litekeen eraginari eta drainatzen-efektua minimizatzeko hartutako zuzenketa-neurriei buruzko txosten bat ere. Informazio hori Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzara bidali beharko da, obrak amaitu eta gehienez ere 2 hilabeteko epean.

D.2.10.– Ibilguen ertzetan ez da lurrik edo urak kutsatu ahal dituen bestelako materialik pilatuko, ez eta ur-laminatik gertu egoteagatik urak kutsatzeko arriskua dakarten beste eremu batzuetan ere. Eremu horietan, ur-laminatik 30 metro atzerago egingo dira lanak, gutxienez, eta urak bideratzeko gailuak eta jalkinak atxikitzeko sistemak jarriko dira, aurreko apartatuan adierazitakoari jarraikiz.

D.2.11.– Ebazpen honen E.1.3 puntuan zehaztutako zaintza-programaren bidez egiaztatzen bada azaleko uretan solido eseki gehiago daudela, Obraren Zuzendaritzak kalte horiek neutralizatzeko beharrezko diren elementu gehigarriak ezarriko ditu, ebazpen honen D.10 apartatuan adierazitako ingurumen aholkularitzak txostena egin ondoren, eta hala badagokio, kaltetutako baliabideak lehengoratzeko behar diren neurriak hartuko ditu.

D.2.12.– Hormigoizko upelen garbiketa horretarako egokitutako eremuetan egingo da. Ezin izango da hormigoi-esnea inola ere ibilgura isuri. Hormigoiaren hondakinak ebazpen honen D.6 apartatuan ezartzen diren baldintzen arabera kudeatu beharko dira.

D.2.13.– Lanen eta jardute-garaian sortzen diren efluenteak isurtzeko, isuriak lehenik, organo eskudunak isurketarako emandako baimenean ezarritako baldintzak bete beharko ditu.

D.3.– Lurzoruaren kalitatea aurreikusitako erabilerekin bateragarria dela bermatzeko neurriak.

Lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak izan dituzten leku gehiago aurkitzen badira obrak gauzatzean, edo lurzorua kutsatzen duten substantziak daudela pentsatzeko arrazoi sendoak baldin badaude, Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legean ezarritakoa bete beharko da.

D.4.– Atmosfera kutsatzea prebenitzeko neurriak.

D.4.1.– Obrek dirauten artean, zorrotz kontrolatuko dira ibilgailuak igaro ondoko garbiketa-lanak, bai obrek eragina duten ingurunean, bai obrak egiteko eremuetara sartzeko lekuetan. Sistema bat eduki beharko da aldi baterako hutsik dauden pistak eta inguruak ureztatzeko.

Obra-guneko irteeran, ibilgailuak garbitzeko gailuak jarriko dituzte, solidoak biltzeko sistema bati konektatuta, aurkeztutako dokumentazioan adierazi bezala. Gailuok egoera onean mantenduko dira obren faseak dirauen artean.

Ebazpen honen D.11 apartatuan zehaztutako dokumentazioan adierazi beharko dira aipatutako elementuen ezaugarriak, kokapen zehatza eta neurriak.

D.4.2.– Hezetasun-baldintza egokietan garraiatuko da hondeaketa-materiala, hain zuzen, zama estaltzeko gailuak dituzten ibilgailuetan, lohirik eta zatikirik ez barreiatzeko.

D.5.– Zarata eta bibrazioen eraginak gutxitzeko neurriak.

D.5.1.– Lanek irauten duten bitartean, ingurumen-inpaktuaren azterketan aurreikusitako obraren babes-neurri guztiak aplikatu beharko dira, eta, bereziki, aurkeztutako ingurumen-inpaktuaren azterlanari 12.5 eranskin gisa gehitutako azterlan akustikoan proposatutakoak.

D.5.2.– Espedienteari erantsitako dokumentazioan agertzen den bezala, eraikuntza-proiektuak inpaktu akustikoaren azterketa xehatua jasoko du; azterketa horretan makinen soinu-mailak modelizatuko dira, eraikinetarako distantziaren arabera, eta kalitate akustikoaren helburuak gainditzen dituzten eraikinetarako beharrezkoak diren zuzenketa-neurriak proposatuko dira (adibidez, itxitura akustiko fonoxurgatzaile mugikorrak, ingurumen-inpaktuaren azterketan adierazten den bezala). Sondikako udalerriari eman beharko diote horren berri.

D.5.3.– Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonifikatze akustikoari, kalitate-helburuei eta isuri akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen soinu-isuriei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, eta hala badagokie, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten soinu-isuriak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan eta arau osagarrietan ezarritakora.

D.5.4.– Lanek iraun bitartean, jardunbide egokiak aplikatu beharko dira sorburuan zaratak murrizteko, bereziki hondeatze-lanetan, baita erabilitako makineriaren mantentze-lanetan, zaraten eta bibrazioen murrizketan, eta obretan erabilitako ekipamenduen zaraten kontrolean ere.

D.5.5.– Bestalde, proiektua garatzerakoan, eraginpeko eremuan obrek sorrarazitako zaratarengatik ez dira gaindituko kalitate akustikoaren helburuak, Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuan ezarrita daudenak, hori guztia dekretu horren 35.bis artikuluan aurreikusitakoari kalterik eragin gabe.

D.5.6.– Leherketak eginez gero, UNE 22-381-93 arauaren arabera egin beharko dira; hortaz, proiektuaren eremuko eraikin eta instalazioetan eragindako bibrazioek ezingo dituzte arau horretan ezarritako mugak gainditu.

D.5.7.– Trenbide-azpiegiturek nahiz funtzionamendu-fasean aurreikusita dauden kanpora irteteko ekipamenduek (aireztatze-zuloak, geltokietarako sarbideak eta abar) beharrezko neurriak hartu beharko dituzte, dagozkien eremu akustikoen kanpoko eta barneko ingurumenera ez igortzeko zaratarik, aipatutako urriaren 16ko 213/2012 Errege Dekretuaren 51. artikuluan xedatutako mugak gainditzen dituenik (dekretu horren II. eranskineko 2. zatian ezarritako prozeduraren arabera ebaluatuko dira maila horiek).

D.5.8.– Lehenago ezarritakoa zortasun akustiko eremuetatik kanpo aplikatuko da.

D.5.9.– Nolanahi ere, Ingurumena Zaintzeko Programaren emaitzak ikusita, aurreikusitako mugak gainditzen direla egiaztatuz gero, neurri egokiak hartuko dira kutsadura akustikoa prebenitzeko, teknika erabilgarri onenak aplikatuz, hau da, baldintza tekniko eta ekonomiko bideragarrietan gutxien kutsatzen duten teknologiak, proiektuaren berezko ezaugarriak kontuan hartuta.

D.5.10.– Urriaren 16ko 213/2012 Dekretuko 29.4 artikuluaren arabera, eraikuntza-proiektuak mugatuta izan beharko du zortasun akustikoaren eremua, aipatu arauaren 28. artikuluan ezarritakoari jarraituz.

D.5.11.– Gaueko lanak egin behar badira, eraikuntza-proiektua onartu aurretik, eraikuntza-fasean gaueko lanak egiteko protokolo zehatza izan beharko du proiektuak. Protokolo horrek, gaueko lanak ohiz kanpokoak direla ahaztu gabe, bidearen ondoko eraikinetan gaueko atsedena bermatzea ahalbidetuko du.

Protokoloak proiektuaren obra-planari erantsita egon beharko du, eta jarduketa bakoitzaren beharraren justifikazioa jasoko du, lanen tipologia, lotutako zarata-maila eta aurreikusitako iraupena zehaztuta.

D.6.– Hondakinak kudeatzeko neurriak.

D.6.1.– Hondakin eta lurzoru kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legeak araututako moduan eta aplikatzekoak diren berariazko araudiek agindutako moduan kudeatuko dira obretan sortutako hondakinak, hondeaketakoak, ebakiak, bilgarriak, eta errefuseko nahiz garbiketa kanpainetako materialak.

Hondakinak kudeatzeko hierarkia-printzipioei jarraituz, hondakinen sorreran prebentzioa sustatu behar da, edo, hala badagokio, uztailaren 28ko 22/2011 Legearen 8. artikuluan ezarritako lehentasun-hurrenkerari jarraituz kudeatu behar dira, hau da: prebenitzea, berrerabiltzeko prestatzea, birziklatzea eta balorizatzeko beste modu batzuk, balorizazio energetikoa barne.

Hondakinak kasu honetan baino ezingo dira deuseztatu: horiek balorizatzea teknikoki, ekonomikoki eta ingurumenaren ikuspegitik bideraezina dela behar bezala frogatzen bada.

Berariaz debekatuta dago sortzen diren tipologia ezberdineko hondakinak elkarrekin edo beste hondakin nahiz efluente batzuekin nahastea; hondakinak jatorritik bertatik bereiziko dira, eta horiek bildu eta biltegiratzeko bide egokiak jarriko dira, nahasketak ekiditeko.

D.6.2.– Eraikitze- eta eraispen-hondakinak Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzeko den otsailaren 1eko 105/2008 Errege Dekretuan eta Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzeko den ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuan aurreikusitakoa betez kudeatuko dira.

Aipatutako 112/2012 Dekretuaren 4. artikuluaren arabera, proiektuaren sustatzaileak gehitu beharko dio eraikitze-proiektuari hondakinen eta eraikitze- eta eraispen-materialen kudeaketa-azterlan bat; eta I. eranskinean ezarritako gutxieneko edukia izan beharko du.

Halaber, otsailaren 1eko 105/2008 Errege Dekretuan aurreikusitako eskakizunak betetzeaz gain, plan bat prestatuko du kontratistak, obrako eraikuntza- eta eraispen-lanetan sortzen diren hondakinekiko eta materialekiko betebeharrak nola beteko dituen azaltzeko. Ebazpen honen D.11 puntuan aipatzen den lan-programan txertatuko da plan hori.

D.6.3.– Zabortegira bidali beharreko hondakinak kudeatuko dira, baita ere, Hondakinak zabortegietan utziz ezabatzea arautzen duen uztailaren 7ko 646/2020 Errege Dekretuan eta Hondakinak zabortegietan utziz ezabatzea eta betegarriak egikaritzea arautzen duen otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuan xedatutakoaren arabera.

D.6.4.– Jarduerako soberakinak betelanak egiteko erabiltzen badira, aipatutako otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuan ezarritako baldintzak bete beharko dira.

Betelanak jalkitzeko, kutsatzaile-edukia A ebaluazioko balio adierazleetan (EBA-A) ezarritako baloreen azpitik duten materialak bakarrik baimenduko dira. Lurzorua ez kutsatzeko eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen III. eranskinean daude jasota adierazle horiek.

D.6.5.– Ingurumen-inpaktuaren azterketak hondeaketa-soberakinak biltzeko lau eremu aztertzen ditu, behin betiko irtenbidea zein izango den zehaztu gabe, eta adierazten du eraikuntza-proiektua idazteko fasean zehaztuko dela eremu horietako zein izango den egokiena, hondeatutako materiala obran bertan aprobetxatzeko aukera eta lurren azken balantzea zehaztu ondoren. Nolanahi ere, soberakinen biltegi berririk ez irekitzea izango da irizpidea, eta material horiek dagoeneko operatiboak diren eremuetara eraman daitezen erraztea; horrez gain, aztertuko da ea bideragarria den –teknikaren, ekonomiaren eta ingurumenaren ikuspegitik– soberakin horiek Bilboko portura, betelanetarako material gisa, eramatea.

Bizkaiko Foru Aldundiko Ingurumenaren Kalitatearen Zerbitzuak egindako txostenaren arabera, DP-2 soberakin-biltegia (Artxandako tunelaren eraikuntzatik eratorritako obra-soberakinak gordetzeko erabilitakoa eta gaur egun landareztatuta dagoena) bideraezina da ingurumenaren ikuspegitik. Izan ere, Bilbo Metropolitarreko LPParen Babes Bereziko kategorian sartutako eta Sondikako HAPOk bere gain hartutako lurzoru babestuei eragiten zaie, eta bideraezina da horregatik hondeaketa-soberakinak biltzeko erabiltzea.

Edozein inguruabar dela medio, sortutako lurren soberakin guztiak edo haien zati bat ezin badira hartu inguruko obretan eta hondeaketa-soberakinen biltegiak egin behar izanez gero, betelana egiteko proiektu bat idatziko da, eta haren edukia otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuan ezarritakoari egokitu beharko zaio. Horretaz gain, proiektuan honako hauek jasoko dira: kontuan hartutako kokalekuetako bakoitzak ingurumenean duen eraginaren analisia, hautatutako irtenbidearen justifikazioa, aurreikusitako lehengoratze- eta kontrol-neurriak, eta dagokien aurrekontu xehatua.

Nolanahi ere, lurren azken balantzeak eta proiektuan azkenean erabiliko diren mailegu- eta zabortegi-guneak zehatzago definituko dira eraikuntza-proiektua garatzen den bitartean, eta, hala badagokio, organo eskudunaren administrazio-baimena beharko dute; proiektuaren fase horretan zehaztuko da haien ingurumen-bideragarritasuna, hortaz.

Edonola ere, proiektuaren sustatzaileak, obrak amaitutakoan, lur-mugimenduen balantze zehatza eta hondeaketa-soberakinak (materialen ezaugarrien arabera) proiektuaren esparrutik kanpo kudeatzeko arrazoiak igorri beharko dizkio Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzari. Balantzeak esplizituki bereizi beharko du proiektuarekin zuzenean lotuta ez dauden jardueretan era guztietako eraikuntza-erabileretara bideratutako materialen kopuru osoa. Balantze hori gehienez 2 hilabeteko epean bidali beharko dute, obrak amaitzen direnetik zenbatzen hasita.

D.6.6.– Kanpotik datozen hondeatutako material naturalak erabili ahal izateko, hondeatutako material naturalak betelanetan eta jatorrizko obretatik kanpoko beste obra batzuetan erabiltzeko balorizazio-arau orokorrei buruzko urriaren 10eko APM/1007/2017 Aginduan adierazten dena aplikatuko da.

D.6.7.– Amiantoa duen hondakinik edo elementurik aurkitzen bada, otsailaren 1eko 108/1991 Errege Dekretuak, amiantoak ingurumenean sortzen duen kutsadura prebenitu eta gutxitzekoak, ezarritakoa bete beharko da, baita martxoaren 31ko 396/2006 Errege Dekretua ere, amiantoaren eraginpean egoteko arriskua duten lanei aplikatu behar zaizkien segurtasun eta osasuneko gutxieneko xedapenak ezartzen dituena.

D.6.8.– Hondakin arriskutsuak biltzeko sistemak bereiziak izango dira, duten tipologia dela-eta, isuriren bat gertatuz gero, nahasi, arriskutsuago bihurtu edo kudeaketa zaildu dezaketen kasuetan. Halaber, Hondakin toxiko eta arriskutsuei buruzko maiatzaren 14ko 20/1986 Legea betearazteko Erregelamendua onartzen duen uztailaren 20ko 833/1988 Errege Dekretuaren 13. artikuluan ezarritako segurtasun-arauak bete beharko dituzte, eta itxita egon beharko dute kudeatzaileari eman arte, isurita edo lurrunduta gal ez daitezen.

Aipatutako ontziak edo bilgarriak argi nahiz irakurtzeko eta ezin ezabatuzko moduan etiketatu beharko dira, bai eta indarreko araudiaren arabera ere.

D.6.9.– Sortutako olio erabilia Industrian erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuan ebatzitakoari jarraituz kudeatu beharko da. Olio erabiliak, kudeatzaile baimendu bati eman arte, estalpean utziko dira behar bezala etiketatutako depositu estankoetan; zola iragazgaitz baten gainean egon beharko dute, kubo txikietan edo ihesei eta isuriei eusteko sistemen barruan.

D.6.10.– Araudi hau errazago betetzeko, lanetan sortutako hondakinak kudeatzeko sistemak edukiko dira. Lan horien arduradunek kudeatuko dituzte sistemok, eta haien ardura izango da, halaber, beharginek hondakinak behar bezala erabiltzea. Bereziki, erregai eta produktuak biltegiratzearen, makinen mantentze-lanak egitearen edo hondakinak erretzearen ondorioz ez dira inolaz ere efluente kontrolatu gabeak sortuko.

Aurrekoaren haritik, eremu jakin bat egokituko da hondakin arriskutsuak aldi baterako pilatzeko; besteak beste, olio-potoak, iragazkiak, olioak, pinturak eta abar. Gainera, hondakin geldoak biltzeko edukiontzi espezifikoak jarriko dira, hondakin arriskutsuen guneetatik bereizita.

D.6.11.– Obretan sortutako hondakinen ingurumen-jarraipenari buruzko txosten bat egin beharko da, eta indarreko legedian jasotako identifikazio-dokumentuak eta tratamendu-kontratuak txosten horretan sartu beharko dira.

D.7.– Kultura-ondarea babesteko neurriak.

D.7.1.– Hondeaketa-lanek irauten duten bitartean, jarraipen eta kontrol arkeologikoa egingo da, espedienteari erantsitako dokumentazioaren edukiaren arabera.

D.7.2.– Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legean ezarritako gainerako betebeharrak gorabehera, jarduketak egiterakoan aztarna arkeologikoren bat egon daitekeela pentsarazten duen zerbait aurkitzen bada, berehala jakinaraziko zaio Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Zuzendaritza Nagusiari, eta hark erabakiko du zer neurri hartu.

D.8.– Paisaia lehengoratzeko zuzenketa-neurriak.

Proiektuaren ingurumen-inpaktua ebaluatzeko aurkeztutako dokumentazioan jasotako proposamenari jarraikiz egingo dira lehengoratze-lanak. Gainera, babesteko eta zuzentzeko beste neurri hauek hartuko dira:

D.8.1.– Landareztatzeak, bertako espezieak sartuta, landaretza-masa trinkoak eta jarraituak ezartzeko aukera eman behar du; habitat naturalak sortu behar dira, eta, ahal dela, horiek inguruan dagoen landaredi naturalarekin lotu.

D.8.2.– Lurrak mugitzean, landare-lurra modu desberdinduan kendu, pilatu eta zabalduko da, ondoren, eragindako espazioen lehengoratze- eta landareztatze-lanak errazteko.

D.8.3.– Obrak eragindako eremu guztietan egingo dira obraren paisaia-integraziorako lanak, baita kontratistaren instalazio-eremuetan, obrako bide osagarrietan, zerbitzuak berrezartzeak eragindako eremuetan edo bestelako eremuetan ere, baldin eta, ingurumen-inpaktuaren azterketan agertu ez arren, haren ondorioz kaltetu badira. Ingurumena lehengoratu behar denean, lurraren berroneratze geomorfologikoa eta edafikoa sartuko dira egin beharreko lanen artean, bai eta landare-estalkia izan dezaketen gune guztien landareztatze-lanak ere.

Arestiko meatze erako tunelerako sarrera prestatzeko, gunitatze eta buloiketa bidezko euste-sistema bat beharko da. Landareztatzeko proiektuak tuneleko ahoen tratamendua jaso beharko du, haren integrazio bisuala errazteko.

Trenbide-saihesbidea martxan jarri ondoren gehiago erabiliko ez diren egungo bide-zatiak ere lehengoratuko dira.

D.8.4.– Proiektuaren eremuan egin beharreko paisaia integratzeko eta landatzeko lanetan, zuhaixka- eta zuhaitz-espezie autoktonoak erabili beharko dira, haltzadi kantauriar, harizti azidofilo eta harizti-baso misto atlantikoko segiziokoak; edozein kasutan, espezie aloktonoak saihestuko dira, bereziki portaera inbaditzailea izan dezaketenak.

D.8.5.– Fallopia japonica, Buddleja davidii, Cortaderia selloana edo beste landare inbaditzaile batzuk ez zabaltzeko ekintzak gauzatuko dira. Kontrol-neurriak hartuko dira lurrak mugitu diren eta landaretzarik gabe gelditutako eremuetan landare-espezie inbaditzaileak sar ez daitezen. Horrez gain, kontrolatu egingo da landare-estalkia lehengoratzeko lanetan erabilitako lurren jatorria, espezie inbaditzaileak izan litzakeen lurrik ez erabiltzeko.

Gainera, landare-lurrak hilabetez baino gehiagoz pilatuko badira obran, erein edo plastikozko geruza batekin estali egingo dira, urak lurrik ez eramateko, lurraren ezaugarriak ez kaltetzeko eta, ahal den heinean, espezie inbaditzaileak sartzea eragozteko.

D.8.6.– Berme-aldian, mantentze-lanak egingo dira: lurra aitzurtu, ongarritu, ureztatu eta hutsarteak bete.

D.8.7.– Jarduketa horiek landareztatze-proiektu batean islatuko dira, eta proiektu hori eraikuntza-proiektuan sartuko da. Obra kontratatzeko baldintzen agiriak eta aurrekontuek landareztatzeko proiektuan aurreikusitako baldintza teknikoak eta aurrekontu-partidak jaso beharko dituzte, proposatutako jarduerak behar bezala betetzen direla bermatzeko.

D.9.– Garbiketa eta obra bukatzea.

Obrak bukatu ondoren, garbiketa-kanpaina zorrotz bat egingo da, eta proiektuak erasandako eremua obrako hondakinik batere gabe utzi beharko da. Hondakinak lan-eremutik aterako dira, eta, haiek kudeatzeko, ebazpen honen D.6 apartatuan xedatzen dena aplikatuko da.

D.10.– Ingurumen-aholkularitza.

Obra amaitu arte eta horren berme-aldian zehar, Obra Zuzendaritzak ingurumenaren, eta oro har, babes- eta zuzenketa-neurrien inguruan kualifikatutako aholkularitza izan beharko du. Obraren Zuzendaritzak ebazpenik eman behar badu baldintza-agiriak horrelako gaien inguruan esleitzen dizkion eskumenak erabiliz, aholkulariek txosten bat egingo dute aurrez.

D.11.– Lan-programaren diseinua.

Obrak hasi aurretik, kontratistak proposamen zehatzak egingo ditu ondoko gaiei buruz, behintzat.

Proposamen horiek lanak egiteko programari erantsiko zaizkie, eta obra-zuzendariak berariaz onartuko ditu –aurrez, txosten bat egingo du aurreko apartatuan aipatutako ingurumen-aholkularitzak–. Dokumentu hauek bilduko ditu aipatu programak:

– Kontratistaren instalazioen eremuen kokalekuari eta ezaugarriei buruzko xehetasunak, eta hor jasota egongo dira hondeaketa-lurrak behin-behinean biltzeko eremua, sarbide-bideak, makineria-parkeak, instalazioak eta materialak, ibilgailuak garbitzeko eremuak eta beste edozein azpiegitura, D.1.2 apartatuan aurreikusitakoari jarraikiz.

– Xehetasun-kartografia bidez, zehatz-mehatz zehaztuko dira lanak gauzatzeko nahitaez bota behar ez diren zuhaitz autoktonoak eta zuhaitz-unadak, D.1.3 apartatuan aurreikusitakoari jarraikiz.

– Obren ondorioz kutsatutako urak biltzeko eta tratatzeko gailuen xehetasuna (bai tunelak zulatzetik datozen urak tratatzeko direnak, bai zubibide-piloteak egiteko direnak). Horien kokapen zehatza, neurriak eta tratamendu-ahalmena, D.2.4 eta D.2.8. apartatuetan aurreikusitakoaren arabera.

– Obretako eraikuntza- eta eraispen-lanetan sor daitezkeen hondakinak nola kudeatuko diren islatzen duen plana, honako hauen arabera: Eraikuntza- eta eraispen-lanen hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzeko otsailaren 1eko 105/2008 Errege Dekretuaren 5.1 artikuluan xedatutakoa, eta Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzeko ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuaren 7. artikuluan xedatutakoa.

E) Ingurumena zaintzeko programa.

Ingurumena zaintzeko programa egiterakoan, sustatzaileak proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazioan aurkeztutako dokumentazioan aurreikusitakoa bete beharko da, eta ondoren zehaztuko diren beste kontrol hauek ere erantsi beharko zaizkio.

Programa hori obra kontratatzeko baldintza-agirietan sartuta egon behar da, eta bete ahal izatea bermatuko duen aurrekontuaz hornituko da.

E.1.– Lanak burutzen ari diren bitarteko kontrolak.

E.1.1.– Gorabeheren erregistroa.

Obrak egin ahala sortutako gorabeheren erregistroa egin beharko da, bai eta babes- eta zuzenketa-neurriak zenbateraino bete diren jasotzeko erregistroa ere. Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzaren eskura egongo da erregistroa, hark ikuskatzeko, eta, nolanahi ere, lanak amaitutakoan, hari bidaltzeko. Proiektua gauzatzean aldaketarik egin bada, aldaketa horiek xehetasunez adierazi beharko dira. Ingurumenean duten eraginaren ikuspegitik justifikatu behar dira aipatutako aldaketak.

E.1.2.– Obraren okupazio-mugen kontrola.

Egiaztatu egingo da lanen eremua proiektuko aurreikuspenekin bat datorrela; obrek ez dute hartuko aurrez ikusitako azalera baino eremu handiagoa.

E.1.3.– Uren kalitatearen kontrola.

Oro har, ingurumen urtarrera isurketak egin ditzakeen obra-lekurik izanez gero, ebazpen honen D.11 apartatuan aurreikusitako ingurumen-aholkularitzak egiaztapena egingo du, astean behin, urak isuri aurretik urak bideratu, drainatu eta eusteko gailuak ongi dabiltzala ziurtatze aldera. Hauxe ere aztertuko du: ibaira material xeheak isuri ote diren, euri-aldietan batez ere.

Sistema horien funtzionamendua eraginkorra ez dela ikusten bada, beharrezkoak diren neurriak hartuko dira, kaltea sortzen duten zuloetan lanak aldi baterako gelditzea barne, material esekiz betetako urak lur gaineko ur-ibilguetara irits ez daitezen.

Arazketa-sistemaren irteeran, organo eskudunaren isurketa-baimenean ezarritakoaren arabera kontrolatuko da isuria.

Isuri baino lehen aztertuko dira dekantazio-gailuetatik eratorritako hondakin-urak, bai eta gurpilak garbitzeko sistemetatik eratorritakoak ere. Hamabostean behin aztertuko dira honako parametro hauek gutxienez: eroankortasuna, pH-a, solido esekiak, olioak, koipeak eta hidrokarburoak.

E.1.4.– Zarata eta bibrazioak kontrolatzea.

Obrek irauten duten bitartean, eraikin sentikorrenei transmititutako zarata eta bibrazioak kontrolatuko dira. Zer emaitzak lortzen diren, babes- eta zuzenketa-neurri gehigarririk hartu behar den ebaluatuko da, baita trenbidearen funtzionamendu-fasean zarata eta bibrazioen gaineko kontrolik ezarri behar den ere.

Sustatzaileak neurketa-proposamen zehatz bat egin beharko du, honako hauek jasoko dituena: arriskurik handien duten eraikinak (hurbiltasuna, erabilera, lurrazalaren propagazio ezaugarriak, eraikinen egoera edo babes mota, etab.), neurketa-metodoak, kontrolen maiztasuna eta erreferentziako atalase-balioak. Zarata eta bibrazioak kontrolatzeko proposamen hori ebazpen honen E.3 apartatuan aipatutako Ingurumena Zaintzeko Programaren agiri bateginean jaso beharko da.

Hondeaketa-lanetan leherkariak erabiltzen badira, eta UNE 22-381-93 arauak hala exijitzen duenean, bibrazioak eta aireko uhinak neurtuko dituzte leherketen inguruko etxebizitza, jarduera eta azpiegituretan.

E.2.– Kontrolak funtzionamendu-fasean.

E.2.1.– Zarataren kontrola.

Proiektua amaitzen denetik aurrera zarata neurtuko dute linearen inguruko gune sentikorretan, gutxienez urtean bitan lehenengo bi urteetan. Ebazpen honetan adierazitako helburuak gainditzen diren zehazteko egingo dira neurketa horiek.

Aurreikusitako mugak gainditzen direla egiaztatuz gero, igorpenak, hedapenak eta immisioak zuzentzeko sistema egokiak ezarri beharko dira, inpaktu horiek murrizte aldera, betiere.

Sustatzaileak kontrol-puntuak eta laginketa-metodoak zehaztu beharko ditu ingurumena zaintzeko programaren agiri bateginean, ebazpen honen E.3 apartatuan arabera.

E.3.– Ingurumena Zaintzeko Programaren agiri bategina.

Ingurumena zaintzeko programaren agiri bategina egin beharko du sustatzaileak, eta bertan jasoko ditu ingurumen-inpaktuaren azterketan proposatutako betebeharrak eta ebazpen honetan jasotakoak, hala obra-faseari nola funtzionamendu-faseari dagokionez.

Programan kontrolatuko diren parametroak eta parametro bakoitzerako erreferentziako balioak zehaztuko dira, bai eta beste hauek ere: laginketarako eta analisirako metodologia; kontrol-puntu guztiak non dauden kokatuta xehetasunezko kartografian; kontrol horien maiztasuna; eta guztia gauzatzeko aurrekontuaren gaineko xehetasunak.

E.4.– Ingurumena zaintzeko programaren emaitzak bidaltzea.

Ingurumena zaintzeko programaren barruko txostenen eta analisien emaitzak behar bezala erregistratu beharko dira, eta Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzari organo substantiboaren bidez bidaliko zaizkio. Obrak bukatuta eta leheneratze-lanen bermealdia amaituta egingo da bidalketa hori, zehazki, leheneratzea egin eta bi urtera. Ingurumena Zaintzeko Programaren emaitzekin batera, ingurumen-gaietan aditua den erakunde batek egindako txostena ere bidali behar da. Txosten horretan emaitzen analisia jasoko da, epe horretan izandako gertakari nagusiak bereziki aipatuta, haien kausa eta konponbideak eta, halaber, laginak nola hartu diren zehaztuko da, aldez aurretik egin ez bada. Proiektuaren sustatzaileak datuak euskarri egokian bilduko ditu bi urtez gutxienez, eta datu horiek administrazio publikoen ikuskaritza-zerbitzuen eskura jarriko dira; hori guztia, hala ere, ez da eragozpen izango kasu bakoitzean aplikagarri den araudia betetzeko.

F) Baldin eta araudi berria indarrean jartzeak edo barneratzen diren sistemen egitura eta funtzionamenduari buruzko ezagutza berri esanguratsuetara egokitu beharrak hala eginarazten badigute, babes- eta zuzenketa-neurriak eta ingurumena zaintzeko programa aldarazi ahal izango dira, bai neurtu behar diren parametroen kasuan, bai eta neurketaren aldizkakotasuna eta aipatutako parametroek hartu behar duten tarteari dagozkion mugen kasuan ere. Ingurumen-organoak, era berean, aldatu egin ditzake babes- eta zuzenketa-neurriak eta ingurumena zaintzeko programa, jardueraren sustatzaileak hala eskatuta, edo ofizioz. Hori guztia, ingurumena zaintzeko programan lortutako emaitzetan oinarrituta, edo ingurumen-inpaktuak saihesteko ezarri diren babes-, zuzenketa- eta konpentsazio-neurriak nahikoak ez direla egiaztatzen bada.

G) Ebazpen honen aurreko apartatuetan ezarritakoa alde batera utzi gabe, jarraian aipatzen diren agiriak helarazi beharko zaizkio ingurumen-organo honi, espedientean sar ditzan. Dokumentazio hori Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzara bidali beharko du organo substantiboak.

– Eraikuntza-proiektua onartu aurretik, tunelak hondeatzetik eta zubibide-pilareak zimendatzetik datozen urak arazteko sistemen ezaugarriak, ebazpen honen D.2 apartatuan aurreikusitakoarekin bat etorriz.

– Eraikuntza-proiektua onartu aurretik, ebazpen honen D.8 apartatuan aurreikusten den landareztatze-proiektua.

– Obrak amaitu eta bi hileko epea igaro baino lehen, hondeaketa-soberakinen eta hondakinen ingurumen-jarraipenari dagozkion txostenak, ebazpen honen D.6 apartatuan adierazitakoaren arabera.

– Obrak amaitu eta bi hileko epea igaro baino lehen, obrak garatu bitartean sortutako gorabeheren erregistroa, babes- eta zuzenketa-neurriak noraino bete diren jasoko duena, ebazpen honen E.1 apartatuan aurreikusitakoaren arabera.

– Obrak amaitu eta bi hileko epea igaro baino lehen, tunela hondeatzetik datozen efluenteak tratatzeko dekantazio-putzuen funtzionamenduari buruzko txostena, lurpeko uren gaineko eraginak eta ebazpen honen D.2 apartatuan aurreikusitako drainatze-efektua minimizatzeko hartutako zuzenketa-neurriak.

– Obrak amaitu eta bi hileko epea igaro baino lehen, hondakinen ingurumen-jarraipenari buruzko txostena, ebazpen honen D.6 apartatuan adierazitakoa.

– Urtero, obrak hasten direnetik, ebazpen honen E apartatuan aurreikusitako ingurumena zaintzeko programari buruzko agiria.

Hirugarrena.– Lau urteko epea jartzen da proiektua egikaritzen hasteko; ingurumen-inpaktuaren adierazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen denetik hasiko da kontatzen epea. Hori igaro, eta artean ez bada hasi proiektua egikaritzen, ingurumen-inpaktuaren adierazpen honi amaitu egingo zaio iraunaldia, eta utzi egingo dio dagozkion ondorioak sortzeari. Kasu horretan, sustatzaileak berriro hasi beharko du proiektuaren ingurumen-inpaktua ebaluatzeko izapidea, aipatutako epea luzatzea adosten ez bada behintzat. Hori guztia bat dator otsailaren 27ko 3/1998 Legearen 47.8 artikuluan eta abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 43. artikuluan ezarritakoarekin.

Laugarrena.– Aurreko apartatuan xedatutakoaren ondorioetarako, proiektuaren sustatzaileak aldez aurretik jakinarazi beharko dio ingurumen-organoari noiz hasiko den proiektua gauzatzen.

Bosgarrena.– Ingurumen-inpaktuaren adierazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea.

Vitoria-Gasteiz, 2021eko abuztuaren 4a.

Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendaria,

JAVIER AGIRRE ORCAJO.


Azterketa dokumentala