197. zk., 2021eko urriaren 1a, ostirala
- Bestelako formatuak:
- PDF (352 KB - 13 orri.)
- EPUB (369 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
GOBERNANTZA PUBLIKO ETA AUTOGOBERNU SAILA
5021
AGINDUA, 2021eko irailaren 21ekoa, Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuarena, zeinaren bidez onartzen baita adimen artifiziala sustatu eta garatzeko sarien lehenengo deialdia (2021. urtea).
Gaur egun, adimen artifiziala balio bereziko mekanismo modura posizionatzen ari da, tresnak eman, eta erabakiak hartzen laguntzeko. Adimen artifiziala aplikatzeko, ezagutza- eta teknologia-oinarri bat eduki behar da.
Azken urte hauetan, osagai tekniko asko liberatu dira, aukera ematen dutenak adimen artifiziala muga ez dadin soilik software-enpresa handien munduko jardueretara. Horretarako, bada teknologiarik, eta Administrazioak ekosistemak ditu, teknologiatik onura atera dezaketenak.
Ikerketa-zentroak eta unibertsitateak, berriz, aspalditik ari dira lanean ikuspegi berritzaile horien alde. Hala ere, gure merkatuak apustu egin behar du bere buruari ezagutzak eta bitartekoak jartzeko, aurrerapausoak egin ahal izateko egin beharreko bide horretan; hau da, ekosistema publikoari adimena emateko. Bidaia hori hazia izan daiteke, etorkizunean industrialde bat ezarri, eta ekonomia berri bat sortzeko, Parisen edo Berlinen gertatu den bezala.
Deialdi honek ideia-lehiaketa bat sortu nahi du, adimen artifiziala erabili eta aplikatzeko. Ideiak proposatu beharko dira Administrazioko ekosistemetan erabiltzeko, eta sari-ildo bat egongo da hala ideiak diseinatzeko fasean nola ideiok exekutatzeko fasean.
Deialdiaren bidez, lortu nahi da, batetik, sariak lagun dezala eskerrona ematen kogenerazio-proiektu sortzailearen balio publikoari eta ideien sustatzaileei eta, bestetik, proiektuan garatzen diren jardunbide onak transferi daitezen balio publiko partekatua sortzeko. Halaber, antolakunde publikoak eraldatu nahi dira, adimen artifiziala eransteko eta hobetu daitezen administrazioek ematen dituzten zerbitzuak.
Deialdi hau Gobernantza Publiko eta Autogobernu Saileko 2021. urteko dirulaguntzen plan estrategikoan sartzen da. Plan hori, berriz, Gobernantza Publiko eta Autogobernu sailburuak onartu zuen, martxoaren 9ko Aginduaren bidez.
Horiek horrela, eta oinarritzat hartuta Gobernantza Publiko eta Autogobernu Saileko egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 8/2021 Dekretuaren 3. artikuluak emandako eskumenak, eta bat etorriz hala Euskadiko Ogasun Orokorra Antolatzeko Printzipioei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan xedatutakoarekin nola Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean xedatutakoarekin eta Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kontura ematen diren dirulaguntza eta laguntzei aplikatzeko gainerako xedapenetan xedatutakoarekin, honako hau
EBAZTEN DUT:
Artikulu bakarra.– Adimen artifiziala sustatu eta garatzeko sarien lehenengo deialdia onartzea (2021. urtea), agindu honen eranskinean onartzen eta arautzen diren oinarri arautzaileen arabera.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA
Sariak xedapen hauen menpe daude: Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legea, EAEko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutakoa) VI. titulua eta VII. tituluaren III. kapitulua, eta Dirulaguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorrean eta 887/2006 Errege Dekretuan (aurreko lege orokorraren araudia onartzeko den horretan) jasotako oinarrizko araudia.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA
Agindu honen aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa jar dakioke Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuari, hilabeteko epean; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar daiteke, zuzenean, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusian, bi hilabeteko epean, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA
Agindu honek ondorioak izango ditu, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu, eta hurrengo egunetik aurrera.
Vitoria-Gasteiz, 2021eko irailaren 21a.
Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburua,
OLATZ GARAMENDI LANDA.
I. eranskina
Adimen artifiziala sustatu eta garatzeko sariak arautzeko oinarriak
Lehenengoa.– Deialdiaren xedea.
Deialdi honen xedea da: sariak ematea adimen artifizialeko proiektu-proposamenak sustatu eta garatzeko, gero administrazio publikoetan aplikatzeko. Sariok emateko araubidea norgehiagokakoa izango da.
Bigarrena.– Baliabide ekonomikoak.
Lehenengo oinarriaren xedearen helbururako, 180.000 euro zuzenduko dira, honela banatuta hurrengo urte hauetan:
– 2021eko ekitaldia: 90.000 euro.
– 2022ko ekitaldia: 90.000 euro.
Hirugarrena.– Sariak.
Bi fasetan emango dira sariak:
Lehenengo fasean, ebaluazio-organoak, balorazio-irizpideak kontuan hartu, eta baloratuko ditu lehiaketara aurkeztutako proiektu guztiak. Proiektu guztietatik, sei hautatuko ditu, hain zuzen ere baloraziorik onena lortzen dituzten seiak, eta 15.000 euroko sari bana emango die.
Bigarren fasean, soilik hartuko dira kontuan sei proiektu horiek; hau da, lehenengo fasean baloraziorik onena lortu duten seiak. Proiektu horietatik, ebaluazio-organoak hiru proiektu hautatuko ditu, balorazio-irizpideak kontuan hartuz. Ebaluazio-organoak hautatutako hiru proiektu horiei, berriz, 30.000 euroko sari bana emango zaie.
Era berean, saridunei diplomak emango zaizkie.
Sarien berri zabaltzeko, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak konpromisoa hartzen du proiektuok bere administrazioan ezartzeko, baldin eta interesgarritzat jotzen badu hori egitea.
Laugarrena.– Bateraezintasunak.
Agindu honetan aurreikusten den saririk jasoz gero, ezingo da beste dirulaguntzarik edo laguntzarik jaso beste administrazio edo erakunde publiko batzuetatik.
Bosgarrena.– Eskatzaileak.
1.– Onuradun izan ahalko dira pertsona juridikoak, egoitza fiskala Euskal Autonomia Erkidegoan dutenak eta jarduera nagusia ere bertan garatzen dutenak. Jarduera nagusiak ustiapen elektronikoa izan beharko du, hirugarrenen kontura egina, baina ez teknologia industriala ikertzen dihardutenena.
2.– Deialdi honetan, ezingo dute parte hartu, ez administrazio publikoek, ez haien sektore publikoko entitateek.
3.– Eskabidea, bestalde, dagokion pertsona juridikoaren ordezkariak sinatu beharko du.
Seigarrena.– Eskabideak aurkeztea.
1.– Pertsona juridikoko, eskabide bakarra onartuko da. Eskaerak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu, eta hurrengo egunetik hasita.
2.– Bitarteko elektronikoz aurkeztu beharko dira agindu honetan azaltzen diren eskabide, errekerimendu, jakinarazpen eta gainerako kudeaketa guztiak.
3.– Eskabidea eskuratu eta betetzeko, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikora jo beharko da.
Egoitza elektroniko horretan, eskuragarri egongo dira argibide guztiak, adierazten dutenak nola egin izapide guztiak bide elektronikotik; era berean, eskuragarri egongo dira eskabideak, erantzukizunpeko adierazpenak eta gainerako eredu guztiak.
4.– Betetzen den eskabideak, gainera, erakunde eskatzaileak onartzen duen sinadura izan beharko du, eta oinarri hauek aipatzen duten euskarri-dokumentazioa ere bai.
5.– Eskatzaileak faltsutzen badu eskabidean eskatzen den daturen bat, indarrean den zehapen-araubidea aplikatuko zaio, hala administratiboa nola penala.
Zazpigarrena.– Betekizunak eta betebeharrak.
1.– Ideiak aurkezten dituen pertsona fisikoak honako betekizun hauek bete beharko ditu, bai eskabideak aurkezten dituen egunean bertan, bai sariak emateko izapideak egiteko behar den denbora guztian:
a) Ez izatea zigor- edo administrazio-zehapenik, dirulaguntza edo laguntza publikoak eskuratzeko aukera galarazten dionik, eta ez izatea legezko debekurik horretarako ezgaitzen duenik.
b) Ez izatea zigor- edo administrazio-zehapenik sexuagatiko diskriminazioaren ondorioz; beti ere, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetako seigarrenaren arabera.
c) Egunean izatea zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak.
d) Ez egotea Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 13. artikuluko 2. eta 3. apartatuetan adierazitako egoeretako batean. Hori, berriz, erantzukizunpeko adierazpen bidez zehaztuko da.
2.– a) eta b) letretako eskakizunak betetzen direla egiaztatzeko, pertsona juridiko eskatzaileak erantzukizunpeko adierazpen bat bete beharko du. Adierazpen hori betetzeko, sari hauen deialdian parte hartzeko sortu den inprimakia erabili beharko du, Eusko Jaurlaritzako egoitza elektronikotik eskuratuta.
3.– Eskatzaileak esanbidez kontrakorik adierazi ezean, sariak kudeatzen dituen organoak ofizioz egiaztatuko du ea betetzen den c) letrako eskakizuna; hala behar izanez gero, elkarreragingarritasun-zerbitzua erabiliko du horretarako.
4.– Saridunek, berriz, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. artikulua bete beharko dute.
Zortzigarrena.– Proiektuak.
1.– Interesdunek eskabidea osorik bete beharko dute. Horrez gain, ondorengo dokumentazioa ere erantsi beharko dute, gero ebaluazio-organoak ebalua dezan.
2.– Lehenengo saria emateko, honako hau erantsi beharko da:
– Memoria bat, honako hauek jasoko dituena:
• Proiektuaren deskribapen orokorra.
• Proiektuaren deskribapen teknikoa, alderdi hauek barnean dituela:
– Euskal Autonomia Erkidegoko zer sail hartuko den edo diren kontuan proiektua gauzatzeko.
– Zer datu behar den proiektuaren oinarrian dagoen ideia lantzeko.
– Identifikatuko da zer datu-mota eta teknologia aplikatuko diren.
– Erabakiko da zer neurri hartuko den eredutzat itzulera kuantitatiboa eta kualitatiboa justifikatzeko.
– Identifikatuko da zer jarduera eta zedarri dauden sari hau emateko prozedurako fase bietan.
• Antolaketa-plana: ekintza-plan bat aurkeztu behar da, hautagai den konpainiak eskatu ahal edo behar duena, ideia exekutatzeko helburuarekin eraldatzeko.
• Nola banandu ordu guztiak, ideia gauzatzeko bete behar dituenak.
• Nortzuek parte hartuko duten proiektuan.
• Bideragarritasun-analisia:
– Kontuan hartu beharko da zer bideragarritasun duen datuak, ideiaren originaltasun modura, eta zer aukera dagoen ideia exekutatzeko.
– Justifikatu beharko da zergatik behar den laguntza.
• Inpaktu soziala eta ekonomikoa. Analisi bat egin, eta deskribatu eta zenbatuko da zer inpaktu sozio-ekonomiko lortu nahi den proiektua garatuta.
3.– Bigarren saria jaso ahal izateko, dokumentazio hau aurkeztu beharko da:
– Lehenengo saria emateko aurkezten den memorian azaltzen diren alderdi guzti-guztiak garatu beharko dira, eta zehatz-mehatz adierazi memorian jasotako alderdi guztiak.
4.– Nolanahi ere, eskabidea ulertu, ebaluatu eta izapidetzeko informazio gehiago behar izanez gero, eskatzaileari eskatu ahal izango zaio aurkez dezala beharrezkotzat jotzen den dokumentazio eta/edo informazio osagarri guztia.
Bederatzigarrena.– Aurkeztutako eskabideak zuzentzea.
Hautematen bada aurkeztutako eskabideak daturen bat falta duela edo aurreko artikuluan zerrendatutako dokumenturen bat falta duela, erakunde eskatzaileari eskatuko zaio 10 eguneko epean zuzen dezala akatsa edo aurkez ditzala nahitaezko dokumentu guztiak. Halaber, ohartaraziko zaio ezen, hori egin ezean, ulertuko dela atzera egin duela bere eskaeran, eta dagokion ebazpena emango dela horri buruz; beti ere, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean xedatutakoari jarraikiz.
Hamargarrena.– Sariak eskatu eta emateko prozedura:
1.– Prozedura osoan zehar, pertsona juridikoek bitarteko elektronikoz komunikatu beharko dira deialdiaren organo kudeatzailearekin, Administrazioaren Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14. artikuluaren arabera.
2.– Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologien Zuzendaritza da deialdi honetako organo kudeatzailea.
3.– Euskadi.eus helbidean egongo da eskuragarri pertsona juridikoek bete behar duten eskabide-inprimakia.
4.– Eskabidea, bestalde, dagokion pertsona juridikoaren ordezkariak sinatu beharko du.
5.– Eskatzaileek aukeratu ahal izango dute zer hizkuntzatan aurkeztu eskabidea eta dokumentazioa, euskaraz edo gaztelaniaz. Era berean, eskatzaileak zer hizkuntza hautatzen duen, hizkuntza hori erabiliko da prozeduran zehar, Euskararen Erabilera Normalizatzeari buruzko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan ezarritakoaren arabera.
6.– Eskabidea aurkezteak esan nahi du esanbidez eta formalki onartzen direla oinarri hauetan azaltzen diren betekizun eta betebehar guztiak.
7.– Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu, eta hurrengo egunetik hasita. Eskabidea epez kanpo aurkeztuz gero, deialditik kanpo geratuko da.
8.– Eskabidea aurkeztu ostean, Eusko Jaurlaritzako egoitza elektronikoko «Nire Kudeaketak» atalaren bidez egingo dira izapide guztiak.
9.– Ebaluazio-organoak aztertuko du zer proiektu-proposamen aurkezten diren. Ebaluazio-irizpideak aplikatu ostean, puntuazio bana emango die aurkeztutako proiektu-proposamen guztiei. Baloraziorik onena lortzen duten sei proiektuak hautagai izango dira 15.000 euroko sari bana lortzeko.
10.– Ebaluazio-organoak sariak emateko proposamena aurkeztuko dio Administrazioko eta Baliabide Orokorretako sailburuari, eta hark ebatziko du sari-banaketa.
11.– Behin erabakita nor diren baloraziorik onena duten sei hautagaiak, ebazpenaren berri emango zaie, eta 3 hilabeteko epea emango zaie gara ditzaten hasieran aurkeztutako proiektuak.
12.– Hiru hilabete horiek igaro eta gero, berriro bilduko da ebaluazio-organoa, eta, ebaluazio-irizpideak aplikatuta, hautatuko du zein diren, sei hautagaietatik, baloraziorik onena lortzen duten hirurak.
13.– Administrazioko eta Baliabide Orokorretako sailburuordeari bidaliko zaio sari-proposamena, eta hark ebatziko du.
14.– Bigarren fasean, 30.000 euroko sari bana emango zaie baloraziorik onena lortzen duten hiru proiektu horiei.
15.– Pertsona juridikorik aurkeztu ezean, sariak hutsik geratuko dira.
16.– Lehenengo saria emateko sei hautagai ez badaude, saria soilik emango zaie baloraziorik onena dutenei; hau da, puntuaziorik handiena lortzen dutenei.
17.– Bigarren saria hutsik geratuko da, baldin eta, sari hori emateko orduan, proiektu batek ere ez badu lortzen gehieneko puntuazioa. Gehieneko puntuazio hori soilik lortzen badute batek edo bik, saria haiei emango zaie, eta ez beste inori.
18.– Deialdia huts deklaratzen duen ebazpena, bestalde, Administrazioko eta Baliabide Orokorretako sailburuordeak emango du, eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da. Interesdunei, berriz, egoitza elektronikoaren bidez jakinaraziko zaie.
19.– Gobernantza Publiko eta Autogobernu Saileko Administrazioko eta Baliabide Orokorretako sailburuordeak sariak emateko edo deialdia hutsik uzteko ematen duen ebazpenaren aurka, gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izango zaio sail horretako sailburuari, hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
Hamaikagarrena.– Ebaluazio-organoa.
1.– Ebaluazio-organoak analisatu, ebaluatu eta baloratuko ditu aurkeztutako eskabideak, horretarako sortu baita; era berean, sariak emateko proposamenak egin, eta Administrazioko eta Baliabide Orokorretako sailburuordeari aurkeztuko dizkio.
2.– Ebaluazio-batzordeko buru Gobernantza Publiko eta Autogobernu Saileko Informazioaren eta Komunikazioen Teknologien zuzendari Xabier Patxi Arrieta Goiri jauna izango da. Kideak, berriz, izango dira: Oscar Guadilla Jiménez jauna (Eusko Jaurlaritzaren Informatika Elkartea-Sociedad Sociedad Informática del Gobierno Vasco, SAko langilea) eta Arantza de la Quintana Ibáñez andrea (Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologien Zuzendaritzako aholkulari juridikoa), zeina idazkari-lanetan arituko baita.
3.– Eusko Jaurlaritzaren Informatika Elkarteko- EJIE SA - teknikari kualifikatuek lan materialak egingo dituzte, aurkeztutako eskabideak aztertu eta analisatzeko, eta ordezkaritza izango dute ebaluazio-organoan.
4.– Ebaluazio-organoa eratuko da, kide guztiak bertan direla, saioak egiteko, eztabaidatzeko eta akordioak hartzeko. Ebaluazio-organoaren funtzionamenduari dagokionez, oinarri honetan aurreikusten ez den guztirako, osagarri modura aplikatuko da Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen atariko tituluko II. kapituluaren 3. sekzioa.
Hamabigarrena.– Entitate laguntzailea.
1.– Agindu honetan jasotako erregulazioari jarraikiz ematen diren sarien ondorioetarako, ITELAZPI SA izango da entitate laguntzailea, honako hauetan ezartzen diren baldintzetan: 698/1991 Dekretua, abenduaren 17koa, Euskal Autonomia Elkartearen Aurrekontu Orokorren kargutan ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen duena eta horien kudeaketan parte hartzen duten Erakunde Laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezartzen dituena; 1/1997 Legegintza Dekretua, azaroaren 11koa, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duena; Dirulaguntzei buruzko abenduaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 15. eta 46. artikuluetako betebeharrak eta lankidetzan jardun beharra betez; eta artikulu honetan eta kasuan kasuko lankidetza-hitzarmenean jasotzen diren zehaztapenei jarraikiz.
2.– Entitate laguntzailea izaki, Itelazpi SAk honako funtzio hauek beteko ditu:
a) Aztertuko du zer dokumentazio daukaten aurkeztutako eskabideek.
b) Ebaluazio-organoari lagunduko dio eskabideak ebaluatzen.
c) Ikuskapenak egingo ditu proiektuak gauzatzen direla egiaztatzeko.
d) Txostenak egingo ditu eskatzen diren aldaketen nondik norakoei buruz.
e) Proiektua betetzearekin lotutako gertakariak direla-eta, hala badagokio, proposatuko du has dadila ez-betetzeagatiko espedientea.
3.– Agindu honetan arautzen diren dirulaguntzak kudeatzen laguntzeko entitateak ezinbestean bete behar ditu bere betebehar eta erantzukizun guztiak, hain zuzen ere Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean eta hura garatzeko arauetan ezartzen zaizkionak.
Hamahirugarrena.– Ebaluazio-irizpideak.
1.– Agindu honetako hamabigarren oinarrian aurreikusitako ebaluazio-organoak ebaluatuko ditu aurkeztutako proiektu guztiak, eta, gehienez ere, 100 puntu emango dizkie ematekoak diren sari guztiei.
2.– Proiektuak baloratu eta ebaluatzeko, kontuan izango dira irizpide hauek:
1) 15.000 euroko lehenengo saria emateko:
– Saria lortzeko, beharrezkoa izango da aurkeztutako ideia 6 finalisten artean geratzea. Hautatua izateko eta fase honetara igarotzeko, honako alderdi hauek baloratuko dira:
• Egin beharreko jardueren erabilera edo deskribapena dagoenean: erabaki beharko da zer sail den edo diren hautagaiak, kontuan hartzeko hala zer inpaktu izango duen proposatzen den ideiak nola zer datu behar diren ideia gauzatzeko. Puntuazioa: 0 puntutik eta 10 puntura.
• Bideragarritasuna: kontuan izango da ea daturik dagoen, ea ideia originala den eta ea aukerarik dagoen ideia exekutatzeko.
Puntuazioa: 0 puntutik 20 puntura.
• Teknologia: kontuan izango da ea identifikatu den zer datu-mota eta teknologia aplikatuko den. Lehentasunezko helburua izango da testuak, irudia edo multimedia erabiltzea.
Are gehiago, aukerarik badago datu tabulatuak (datu-baseak) erabiltzeko proposatzeko, datuok ez dira markatuko lehentasunezko modura; izan ere, ez da lortu nahi machine learning erabiltzea, adimen artifiziala baino. Eman beharreko puntuazioa, berriz, 0tik 10era bitartekoa izango da.
• Itzulera: neurri-ereduaren zirriborroa egingo da, itzulera kuantitatiboa eta kualitatiboa justifikatzen duena. Puntuazioa: 0 puntutik 20 puntura.
• Lan-plana: jarduerak eta zedarriak identifikatuko dira. Lehenengo saria lortzeko, espero da emaitza memoria bat izatea, emaitza partzial eta guzti (prototipatua). Puntuazioa: 0 puntutik eta 10 puntura.
• Antolaketa-plana: ekintza-plan bat aurkeztuko da, hautagaiak eskatu ahal edo behar duena, bere burua eraldatu, eta ideia gauzatzeko. Puntuazioa: 0 puntutik 10 puntura.
• Balio ekonomikoa: banandu beharko da, batetik, zenbat ordu behar diren ideia osorik gauzatzeko, eta, bestetik, zer gastu eta inbertsio egin behar diren ideia exekutatzeko. Puntuazioa: 0 puntutik 20 puntura.
Proiektuek, gehienez ere, 100 puntu lortu ahal izango dituzte. Baina, gutxienez ere, 50 puntu lortu beharko dituzte.
2) Bigarren saria emateko, irizpide hauek erabiliko dira:
– Nola garatzen den ideia: aurkeztutako memoriak analisatuko dira, kontuan hartuz nola betetzen den hasieran aurkeztutako ideia gero aurkezten den lanean, eta baloratuko da nola exekutatzen diren honako hauek: bideragarritasuna, teknologia, lan-plana, antolaketa-plana eta eredu ekonomikoa. Puntuazioa: 0 puntutik 50 puntura.
– Esplorazio-emaitzak eta prototipoak: aurre-emaitzak edo prototipoak aurkeztuko dira, haien balio publikoa ezagutu ahal izateko. Puntuazioa, berriz, 0 puntutik 50 puntu artekoa izango da.
Proiektuek, gehienez ere, 100 puntu lortu ahal izango dituzte. Baina, gutxienez ere, 50 puntu lortu beharko dituzte.
Lehenengo saria lortzen duten ideiek datu-jokoak izango dituzte.
Hamalaugarrena.– Saria onartzea edo sariari uko egitea.
1.– Sarirako izendatzen diren pertsonek 3 egun balioduneko epea izango dute, sariaren ebazpena jakinarazten denetik aurrera izan ere, esanbidez adierazteko ea uko egin nahi dioten sariari. Baten batek uko eginez gero, saria emango zaio hurrengo baloraziorik onena lortu duen proiektua aurkeztu duen pertsonari. Uko egiteko, bestalde, idazki bat aurkeztu beharko da.
2.– Saria onartzen dela ulertuko da, baldin eta ez bazaio uko egiten aurreko paragrafoan adierazitako moduan.
3.– Administrazioko eta Baliabide Orokorretako sailburuordeak ebazpena emango du deklaratzeko uko egin zaiola sariari, eta sari hori emango zaiola hurrengo proiekturik onena aurkeztu duen pertsona juridikoari. Ebazpena argitara emango da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, eta Eusko Jaurlaritzako egoitza elektronikoaren bidez jakinaraziko da.
4.– Saritutako pertsonetatik inork ere ez badu onartzen saria, Gobernantza Publiko eta Autogobernu Saileko Administrazioko eta Baliabide Orokorretako sailburuordeak ebazpena emango du adierazteko deialdia hutsik gelditu dela. Ebazpen hori Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, eta pertsona guztiei jakinaraziko zaie egoitza elektronikoaren bidez.
Hamabosgarrena.– Sariak banatzea.
COVID-19ren ondorioz sortu den krisi sanitarioa dela eta, ez da ekitaldirik egingo diplomak entregatzeko. Hala ere, proiektuetan baloraziorik onena izan eta saria lortu duten pertsona juridikoek diploma bana jasoko dute, egoera horren berri emango duena.
Hamaseigarrena.– Datuak babesteari buruzko oinarrizko informazioa.
Datuak babesteari buruzko araudiarekin bat etorriz, deialdi honetan parte hartzeko ematen diren datu pertsonalak «Sariak» izeneko tratamendu-jardueran sartuko dira, baina soil-soilik deialdia ebazteko. Tratamendu horren arduraduna Gobernantza Publiko eta Autogobernu Saileko Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologien Zuzendaritza da. Legezko betebeharrik izan ezean, datuok ez zaizkie emango hirugarrenei.