192. zk., 2021eko irailaren 24a, ostirala
- Bestelako formatuak:
- PDF (262 KB - 2 orri.)
- EPUB (222 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
LURRALDE PLANGINTZA, ETXEBIZITZA ETA GARRAIO SAILA
4907
212/2021 DEKRETUA, irailaren 21ekoa, zeinaren bidez urgentziako deklaratzen baita Gipuzkoako Foru Aldundiak nahitaez desjabetzeko, honako eskubide eta ondasun hauek okupatzea: Gaintzan, GI-3371 errepideko 0,900 eta 3,500 KPen artean dauden lau errepide zati ezegonkor egonkortzeko proiektua (1-ME-21/2020) burutzeko beharrezko ondasunak eta eskubideak.
Gipuzkoako Foru Aldundiak, «GI-3371 errepideko 0,900 eta 3,500 KPen artean dauden lau errepide zati ezegonkor egonkortzeko proiektua (1-ME-21/2020)» delakoaren espedientea formalki onartu eta gero, proiektua gauzatzeko lur guztiak erabiltzeko beharra adierazi zuen.
Bide Azpiegituretako Departamentuko diputatuak 2020ko urriaren 30ean emandako Foru Aginduaren bidez, honako hau ebatzi zen: nahitaezko desjabetze-espedientea hastea eta ondasunen eta eskubideen zerrenda jendaurrean jartzea, hilabeteko epean, prentsan eta 2020ko azaroaren 17ko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean (220. zk.). Geroago, 2021eko otsailaren 16an egindako bilkuran, Gipuzkoako Foru Aldundiak erabak zuen Eusko Jaurlaritzari eskatzea proiektuak ukitzen dituen eskubideak eta ondasunak okupatzea urgentziako deklaratzeko, Nahitaezko Desjabetzearen Legearen 52. artikuluan ezarritakoa betetzeko.
Urgentziaz okupatu beharreko ondasunak eta eskubideak zehaztuta eta banakatuta agertzen dira espedientean jasotako zerrendan, identifikazioak egiteko datu askirekin agertu ere. Zerrenda hori jendaurrean jarri zen egoki zenean, eta ez zen alegaziorik aurkeztu, administrazio-espedientean adierazten denez.
Zerbitzu teknikoek ikusi dutenez, ez dago espedientea izapidetzeko inolako hirigintza-oztoporik.
Ondasun eta eskubide horiek okupatzea luzaezintzat jotzen da, honako arrazoi hauengatik:
GI-3371 «Zaldibia-Gaintza» errepidean lau zati ezegonkor daude, eta horiek zirkulazio-baldintzei eragiten dieten deformazioak sortzen dituzte.
Errepide zati horietako hiruk plataformaren haustura arina dutenez, sendotutako zoru egitura egingo da, ezer gehiago okupatu beharrik gabe. Aldiz, beste errepide zatian (2,985- 3,020 KPen artekoa) lerradura bat izan da eta, ondorioz, eusteko harri-lubeta bidezko soluzioa proiektatu da; horrek errepide alboko lurzati bat okupatuko du.
Zati horretan, ezegonkortasunak errepidearen plataforma osoari eragiten dio. Horren eraginez desplazamendu handi bat sortu da (35,00 m-ko luzeran), bai oinplanoan, bai altxaeran, erabiltzaileentzat arriskutsua dena. Egoera hori gero eta larriagoa da, azken hilabeteetan izandako euriteen ondorioz.
Beraz, errepidea egoera ezegonkorrean dago lau eremutan. Gainera, mugimenduak areagotzen ari dira zati ezegonkor horietan eta plataforma kolapsatzeko arriskua dago, eta ondorioz trafikoa eten egingo litzateke. Premiazkoa da, beraz, zati horien egonkortze-lanei ekitea.
Proiektuak jasotzen dituen lanak gauzatuta, errepidearen oinarri diren betegarrien egonkortasuna lehengoratzea lortuko da, bai eta bidearen segurtasuna berreskuratzea ere.
Euskal Autonomia Erkidegoko Lurralde Antolamenduari buruzko maiatzaren 31ko 4/1990 Legearen 26.1.f artikuluan xedatzen denez, Eusko Jaurlaritzari dagokio nahitaez desjabetu beharreko ondasunak eta eskubideak urgentziaz okupatu behar direla deklaratzea, nahitaezko desjabetzeak honako hauek hartzen dituenean: burutze-unitate osoak, lurraldearen hirigintza-antolaketari dagozkion sistema orokorrak edo antolaketa horren elementuren bat eta hiri-lurzoruan egin beharreko banakako jarduketak. Goian aipatutako lege horrek 26.2 artikuluan ezarritakoaren arabera, lurralde-antolamenduaren eskumenak dituen sailburuari dagokio horretarako proposamena aurkeztea Jaurlaritzaren Kontseiluari.
Hori dela eta, Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburuak proposaturik, Gobernu Kontseiluak, 2021eko irailaren 21eko bilkuran gaia aztertu ondoren, honako hau
XEDATZEN DUT:
Artikulu bakarra.– Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 52. artikuluan eta Euskal Herriko Lurralde Antolakuntzari buruzko Legearen 26. artikuluan xedatutakoari jarraituz, nahitaez desjabetzeko, «GI-3371 errepideko 0,900 eta 3,500 KPen artean dauden lau errepide zati ezegonkor egonkortzeko proiektua (1-ME-21/2020)» burutzeko beharrezkoak diren ondasunak eta eskubideak Gipuzkoako Foru Aldundiak urgentziaz okupatu beharrekoak direla deklaratzea. Berariaz abiarazitako espedientean jasotako zerrendan daude zehaztuta eta banakatuta ondasun eta eskubide horiek.
AZKEN XEDAPENA
Dekretu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, aurretiaz berraztertze-errekurtsoa jar dakioke Gobernu Kontseiluari, hilabeteko epean, edo, bestela, zuzenean, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean. Epeok, dekretu hau argitaratu eta hurrengo egunean hasiko dira.
Vitoria-Gasteizen, 2021eko irailaren 21ean.
Lehendakaria,
IÑIGO URKULLU RENTERIA.
Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburua,
IGNACIO MARÍA ARRIOLA LÓPEZ.