191. zk., 2021eko irailaren 23a, osteguna
- Bestelako formatuak:
- PDF (247 KB - 2 orri.)
- EPUB (219 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
IRAGARKIAK
Beste iragarki ofizial batzuk
EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
4887
IRAGARKIA, Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariarena; horren bidez, jendaurrean azaldu dira Valogreene Paper BC SL enpresak aurkeztutako proiektu teknikoa eta ingurumenaren gaineko eraginaren azterlana, Bergaran arriskutsuak ez diren hondakinak kudeatzeko jardueraren ingurumen-baimen integratua eskatzeko.
Abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak (Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legearen testu bategina onartzen duenak) ezartzen duenez, bere 1. eranskinean jasotako jardueraren bat garatzen duten instalazioak eraiki, muntatu, ustiatu, lekualdatu edo nabarmen aldatzeko lanetan ingurumen-baimen integratua beharko da.
Honako hau da ingurumen-baimen integratuaren helburua: atmosferaren, uraren eta lurzoruaren kutsadura saihesteko, edo, hori ezin denean, kutsadura murrizteko eta kontrolatzeko baldintzak ezartzea, kutsaduraren prebentzio eta kontroleko sistema integratuen bidez, ingurumenaren babes altua lortzeko, oro har.
Aipatu abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak 16. artikuluan xedatzen duenez, eskabidearekin batera aurkeztu behar den dokumentazioa osorik dagoenean, informazioa jendaurrean jarri beharko da. Horretarako epea ezin izango da 30 egun baino baxuagoa izan.
Abenduaren 9ko 21/2013 Legeak (ingurumen-ebaluazioari buruzkoak) 7. artikuluan ezarritakoari jarraikiz, haren I. eranskineko obrak, instalazioak nahiz bestelako jarduerak egiteko proiektu publiko eta pribatuetan, ingurumenaren eraginari buruzko ohiko ebaluazioa egin beharko da, lege horretan bertan aurreikusitako eran.
Ingurumen-eragina ebaluatzeko prozedura arruntaren barruan, organo egokiak egindako ingurumenaren gaineko eraginaren azterlana eta proiektua jendaurrean jarri behar dira, gutxienez hogeita hamar egun balioduneko epean, «Estatuko Aldizkari Ofizialean» edo dagokion aldizkari ofizialean eta bere egoitza elektronikoan iragarkia argitaratu ostean.
Bestalde, abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren arabera, autonomia-erkidegoek beharrezkoak diren bitartekoak jarriko dituzte ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazioaren jarduerak sar daitezen ingurumen-baimen integratua emateko prozeduran, baldin eta halakorik eskatu badaiteke eta horretarako eskumena autonomia-erkidegoarena bada.
Arriskutsuak ez diren hondakinak kudeatzeko jardueraren kasuan, ingurumen-baimen integratua lortu eta ohiko ingurumen-eragina aitortzeko, ingurumenaren gaineko eraginaren azterlana eta proiektu teknikoa jendaurrean jartzeko aldi bakar bat ezarriko da, bientzat berdina.
Hori dela eta, IPPC AAI00425_SOL_2021_002 espedientea jendaurrean jarriko da, hogeita hamar egun balioduneko epean, iragarki hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, egokitzat jotzen diren alegazioak eta iruzkinak aurkezte aldera.
Jendaurrean azalduko den espediente hau interesdunen esku egongo da, Eusko Jaurlaritzako egoitza elektrikoaren iragarkien taula elektronikoan (https://www.euskadi.eus/iragarki-taula-elektronikoa/).
Vitoria-Gasteiz, 2021eko irailaren 7a.
Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendaria,
JAVIER AGIRRE ORCAJO.