191. zk., 2021eko irailaren 23a, osteguna
- Bestelako formatuak:
- PDF (404 KB - 14 orri.)
- EPUB (328 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
HEZKUNTZA SAILA
4872
AGINDUA, 2021eko irailaren 8koa, Hezkuntzako sailburuarena, gailu digitalak eskuratzeko dirulaguntzetarako deialdia egiten duena (2020-2021 ikasturtea). Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxeetan Lehen Hezkuntza, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza eta Batxilergoa egiten ari diren ikasleek erabili ahal izango dituzte gailu horiek (L4. Ikasmaterialak eta Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologiak).
Autonomia Estatutuak –abenduaren 18ko 3/1979 Lege Organikoaren bidez onartuak– 16. artikuluan ezartzen duenez, «Konstituzioaren lehen xedapen gehigarrian xedatutakoa betetze aldera, Euskal Herriko Autonomia Erkidegoaren eskumenekoa da irakaskuntza bere luze-zabalean, maila eta gradu guztietan, molde eta espezialitate orotan, Konstituzioaren 27. artikuluaren eta bera gara dezaten lege organikoei kalterik egin gabe, Konstituzioaren 149.1.30 artikuluak Estatuari aitortzen dizkion ahalmenei kalterik egin gabe eta hori betearazteko eta bermatzeko beharrezko den goi-ikuskaritzari kalterik egin gabe».
Halaber, herritar guztiek dute hezkuntzarako eskubidea eta irakaskuntzako askatasuna, eta botere publikoen zeregina da dauden mugak edo desorekak berdintzera bideratutako neurriak hartzea, hezkuntzara berdintasun egoeran iritsi ahal izateko.
Hezkuntza Saila berriztatze-prozesuak bultzatzen ari da unibertsitatez kanpoko ikastetxeetan, deialdi espezifikoen bidez eta zuzenean aldaketak sartzeko jarduerak, proiektuak eta esperientziak proposatuz, irakaskuntza- edo antolakuntza-praktikak hobetuko dituztenak eta, horrenbestez, hezkuntza-sistemaren kalitatea hobetzeko aukera emango dutenak.
Gizartean izandako aldaketa eta aurrerapenek eta gizartearen eskura jarri diren baliabide digitalek ekarri dute hezkuntzaren alorrean ere sartzea gizarteak berak ohiko jarduera guztietan erabiltzen dituen bitarteko berriak. Zenbait programaren bidez sartu dira pixkanaka IKTak gure ikastetxeetan, eta, une honetan, sare eta gailu digitalak erabiltzeak eragin beharko lukeen aldaketa pedagogikoa zein metodologikoa sustatzea da xedea. Baliabide teknologikoen erabilerak ikasketa-erritmo desberdinetara egokitzen laguntzen du, berdinen arteko ikasketa bultzatzen, ikasten ikasteko gaitasuna indartzen eta gelaren espazio fisiko eta denborazkoa zabaltzen ikasketarako ingurune birtual eta nonahikora. Horrez gain, hezkuntza-plataforma digitalen bidez, ikasgela kanpoaldera zabaltzen da, eta ikasleek eta haien familiek edozein unetan izan ditzakete baliabide gehiago, eduki analogikoen mende soilik zertan egon gabe. Horri guztiari bide emateko, beharrezkoa da irakasteko eta ikasteko prozesuan baliabide digitalen (baliabide metodologikoak eta tresnak) erabilera eta ezaguera pixkanaka hartzen joatea.
Gaitasun digitala garatzeko beharra argi eta garbi agerian geratu da COVID 19 delakoak eragindako osasun-krisiarekin; izan ere, eragin handia izan zuen ikastetxeek aurreko ikasturteetan aurreikusitako proiektuak eta programak betetzean. Beraz, 2021-2022 ikasturteko plangintzak kontuan hartu behar du gaitasun digitala are gehiago garatu behar dela eta programatutako jarduerak irakaskuntza ez-presentzialera egokitu behar direla, beharrezkoa izanez gero.
Horregatik, hainbat deialdi egin dira, ikastetxe publikoei eta itunduei zuzenduta, baliabide digitalen bidezko ikaskuntza-irakaskuntza berritze-proiektuan parte har dezaten, hau da, «sare_hezkuntza gelan» proiektuan; Sare_Hezkuntza izeneko ikastetxe-sare bat sortzea da helburua, eta haren garapenak beste ikastetxe batzuei joera bat markatu eta hobetzeko bideak erakutsiko dizkie.
Deialdi horietan ezarritakoaren arabera, hautatutako ikastetxeetako ikasleek gailu digitalak erosteko laguntzak jaso ahalko dituzte baldin eta beka baten onuradun izan badira unibertsitateaz kanpoko mailetako ikasleak eskolatzeko beka eta ikasketa-laguntzen ebatzitako azken deialdian, eskola-materialaren osagaian.
Bestalde, aipatu behar da gailu digitalak erostea Hezkuntza Sailaren Dirulaguntzen Plan Estrategikoa 2021 delakoan jasotako dirulaguntza lerroetako bat dela.
Kontuan harturik zer dioten: Hezkuntza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen otsailaren 23ko 71/2021 Dekretuak; Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartu zuen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren VI. tituluak –Euskal Autonomia Erkidegoko Herri Administrazioaren eremuko dirulaguntzak erregulatzeari buruzkoa–; Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrak, eta oro har aplikatzekoak diren gainerako xedapenek, honako hau
EBAZTEN DUT:
1. artikulua.– Xedea.
Deialdia egiten dut gailu digitalak eskuratzeko dirulaguntzetarako (2021-2022ko ikasturtea), Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxeetan Lehen Hezkuntza, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza eta Batxilergoa egiten ari diren ikasleek erabil ditzaten.
2. artikulua.– Kreditu erabilgarria.
Helburu horretarako, 2.000.000,00 euro bideratuko dira, Euskal Autonomia Erkidegoaren 2021eko Aurrekontu Orokorretan horretarako finkatutako aurrekontu-partidaren kontura.
3. artikulua.– Betekizun orokorrak.
1.– Deialdi honetaz balia daitezke Lehen Hezkuntzako, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako eta Batxilergoko 2021-2022ko ikasturteko ikasleak, Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxe publikoetakoak zein itunduetakoak, baldin eta betekizun hauek betetzen badituzte:
a) Matrikulatuta dagoen ikastetxea «sare_hezkuntza gelan» izeneko sarean egotea 2014-2015eko ikasturtetik aurrera.
b) Ikasle onuradunak unibertsitateaz kanpoko mailetako ikasleak eskolatzeko beketarako edo ikasketa-laguntzetarako Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren deialdiko beka bat jaso izana 2020-2021 ikasturtean, eskola-materialaren osagaian, lehen hezkuntza eta derrigorrezko bigarren hezkuntza mailetarako, edo oinarrizko bekaren osagaian edo eskatzailearen errentari lotutako zenbateko finkoko osagaian, batxilergo mailarako.
Unibertsitateaz kanpoko mailetako ikasleak eskolatzeko ikasketa-laguntza eskatu bada eta laguntza hori ukatu egin bada, deialdi honen xede den laguntza eskatu eta kautelaz onartu ahal izango da, baldin eta eskaerarekin batera egiaztatzen bada ukatze haren aurkako gorako errekurtsoa aurkeztu dela epe barruan. Kasu horietan, laguntza emateko edo ukatzeko, errekurtso hori ebatzi beharko da.
c) Aurreko deialdietan dirulaguntza hau bera jaso ez izana. Aurreko deialdi horiek Hezkuntzako sailburuaren honako agindu hauen bidez arautu ziren: 2015eko irailaren 30eko Agindua, 2016ko irailaren 26ko Agindua, 2017ko irailaren 28ko Agindua, 2018ko uztailaren 18ko Agindua, 2019ko irailaren 10eko Agindua eta 2020ko irailaren 29ko Agindua.
d) Berdinak izatea laguntza-eskabideko gailu digitala eta ikastetxeak eskatzailearen talde osorako aukeratutakoa, eta gailu digitala 2020ko azaroaren 16tik aurrera erosi izana, eta agindu honen behin betiko ebazpena jakinarazten den egunetik hilabeteko epera arte.
2.– Ikaslea 2020-2021 ikasturtea hasi eta gero sartu bada ikastetxean eta horren ondorioz ikasturte horretan ezin izan badu bekarik eskatu unibertsitateaz kanpoko ikasleak eskolatzeko ikasketa-beka eta -laguntzetarako deialdian, parte hartu ahal izango du hurrengo ikasturtean (2022-2023) gailu digitalak eskuratzeko dirulaguntzen deialdian, betiere betekizun hau betetzen badu: bekaduna izatea unibertsitateaz kanpoko mailetako ikasleak eskolatzeko ikasketa-beka eta -laguntzetarako deialdian 2021-2022 ikasturtean, ‘eskola-materialaren osagaian‘ (‘oinarrizko bekaren osagaian‘betxilergo-mailan. Kasu horietan, gailua erosi izana egiaztatu ahal izango du ikastetxean sartu den datatik aurrera.
3.– Eskabidea aurkezten duena (6. artikuluan jasoa) honako egoera hauetakoren batean badago, ikaslea ezin izango da dirulaguntzaren onuradun izan:
– Laguntza edo dirulaguntza publikoak lortzeko aukera galtzea dakarren epai irmo batez kondenatua izan bada, delitu hauetakoren bat egiteagatik: prebarikazioa, funtzionario-eroskeria, ondasun publikoak bidegabe erabiltzea, eragimen-trafikoa, iruzurrak eta legearen aurkako ordainarazpenak edo hirigintza-delituak.
– Konkurtso boluntarioa deklaratzeko eskaera egin izana, edozein prozeduratan kaudimengabe deklaratua izatea, konkurtsoan deklaratuta egotea, esku-hartze judizialaren menpe egotea edo Konkurtsoei buruzko uztailaren 9ko 22/2003 Legearen arabera desgaituta egotea, konkurtsoa kalifikatzeko epaian finkatutako desgaitze-aldia oraindik amaitu gabe egonik.
– Bide eman du administrazioarekin egindako kontraturen bat irmoki suntsiaraz dadin, kausaren batean errudun deklaratuta egotearren.
– Honako kasu hauetakoren batean egotea: martxoaren 30eko 3/2015 Legea, Estatuko Administrazio Orokorreko goi-kargudunen jarduna arautzen duena; abenduaren 26ko 53/1984 Legea, administrazio publikoen zerbitzura dauden langileen bateraezintasunena; edo Hauteskunde Erregimen Orokorraren ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoan araututako hautapenezko karguak badira.
– Bete gabe izatea indarrean dauden xedapenek zergen edo gizarte-segurantzaren arloan ezartzen dituzten betebeharrak.
– Erregelamenduz zerga-paradisu gisa kalifikatutako herrialde edo lurralde batean izatea zerga-egoitza.
– Ez izatea egunean dirulaguntzak itzultzeagatiko betebeharren ordainketa.
– Dirulaguntza edo laguntza publikoak eskuratzeko aukera ukatzen dion zigor administratibo edo penalen bat izatea, edo dirulaguntzak jasotzeko legezko debekuren bat izatea, bereziki sexu-bereizkeriaren ondoriozkoak badira, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetako seigarrenari jarraikiz.
4.– Erakunde laguntzaile gisa itundutako ikastetxeek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:
a) Gizarte Segurantzan inskribatuta egotea eta, hala dagokionean, formalki eratuta eta dagokion erregistro publikoan inskribatuta egotea.
b) Zergen eta Gizarte Segurantzaren arloko betebeharrak egunean izatea.
4. artikulua.– Gailu digitalen ezaugarriak.
Gailu digitalak deialdi honetako laguntzaz erosi ahal izateko, II. eranskineko ezaugarri teknikoak edo hortik gorakoak bete beharko ditu gailuak, 3. artikuluaren lehenengo apartatuko d) letran ezarritakoaz gain.
5. artikulua.– Laguntzen zenbatekoa.
Eskatzaile bakoitzarentzako laguntza berrehun (200) euro izango da gehienez, eta muga izango da gailu bakoitzaren fakturaren bidez justifikatutako diru-kopurua.
Irizpide horiek aplikatu ondoren eman beharreko laguntzetan ateratzen den guztizko kopurua 2. artikuluan adierazitako aurrekontu-kreditua baino handiagoa bada, onuradun bakoitzari kalkulatu zaizkion zenbatekoak proportzioan murriztuko dira, laguntzen guztizkoa aipatutako mugara egokitu arte.
6. artikulua.– Eskabideak aurkeztea.
1.– Adin nagusiko ikasleak edo adingabe emantzipatuak egingo du eskaera; adingabe emantzipatu gabeen kasuan, berriz, aitak, amak edo legezko ordezkariak.
2.– Bide elektronikoz egingo da eskaera, https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1026807 web-orriaren bidez, eta bi aukera hauetako bat baliatuz:
a) Ziurtagiri digitalaren bidez sartuta (NAN, Izenpe txartela...) edo itsasontzien jokoa erabilita (B@kq).
Ziurtagiri digitala erabiltzeak berekin dakar eskabidea bide telematikoz aurkeztea. Elektronikoki izenpetu beharko da eskabidea. Orduantxe geratuko da hura erregistratuta. Ez da beharrezkoa aplikazio informatikoak sortutako inprimakia ikasketa-zentroan aurkeztea.
Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan identifikazio eta sinadura elektronikorako onartzen diren bitartekoak eskuragarri daude helbide honetan: https://www.euskadi.eus.ziurtagiri-elektronikoak
b) Sisteman erregistratuta, helbide elektroniko baten bidez eta honako bide hauetako bati jarraituta:
– HNA (Hezkuntza Nortasun Agiria), jaiotegunarekin batera.
– Nortasun Agiri Nazionala (NAN), haren iraungitze-data zehaztuta. Eskatzailea atzerritarra baldin bada, atzerritarren identifikazio-zenbakia (AIZ) eta jaioteguna adierazi beharko ditu, eta, hala badagokio, atzerritarren identifikazio-txartelaren zenbakia (AIT). Kasu batean eta bestean, eskatzailearen nortasuna egiaztatu egingo da, datuak egiaztatzeko zerbitzuaren bitartez. Zerbitzu hori Administrazio Elektronikoari buruzko 21/2012 Dekretuaren bigarren xedapen gehigarrian jasota dago.
Sisteman helbide elektroniko baten bidez erregistratuta aurkezten bada eskabidea, nahitaezkoa izango da betetako eskaera-formularioa inprimatzea, izenpetzea eta dagokion ikastetxean aurkeztea, 7. artikuluan zehazten den epean.
3.– Eskatzaileak, ez baldin badauka eskabide telematikoa egiteko bitartekorik, matrikulatuta dagoen ikastetxera joanda egin ahal izango du.
4.– Eskabide-eredua deialdi honen I. eranskinean dago.
Formularioan, «telefono mugikorra» eta «helbide elektronikoa» atalak bete behar ditu eskatzaileak. Bete ostean, ulertzen da eskatzaileak baimena ematen diola Hezkuntza Sailari agindu honetako 10.7 artikuluan aurreikusitako ohar osagarriak helarazteko.
5.– Eskabidea aurkezten duen pertsonak –6. artikuluan dago adierazita– eskabidean jasotako erantzukizunpeko adierazpenaren bidez egiaztatuko du betebehar hauek betetzen dituela:
a) Ikasle onuradunak unibertsitateaz kanpoko mailetako ikasleak eskolatzeko beketarako edo ikasketa-laguntzetarako Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren deialdiko beka bat jaso izana 2020-2021 ikasturtean, eskola-materialaren osagaian, lehen hezkuntza eta derrigorrezko bigarren hezkuntza mailetarako, edo oinarrizko bekaren osagaian edo eskatzailearen errentari lotutako zenbateko finkoko osagaian, batxilergo mailarako, edo beka edo laguntza hori ukatzearen aurkako gora jotzeko errekurtsoa epearen barruan aurkeztu izana.
b) Ikasleak aurreko deialdietan (2015-2016, 2016-2017, 2017-2018, 2018-2019, 2019-2020 eta 2020-2021 ikasturteak) dirulaguntza hau bera jaso ez izana.
c) Laguntza edo dirulaguntza publikoak lortzeko aukera galtzea dakarren epai irmo batez kondenatuta ez egotea, delitu hauetakoren bat egiteagatik: prebarikazioa, funtzionario-eroskeria, ondasun publikoak bidegabe erabiltzea, eragimen-trafikoa, iruzurrak eta legearen aurkako ordainarazpenak edo hirigintza-delituak.
d) Borondatezko konkurtsoaren deklarazioa eskatu ez izana, ezein prozeduratan kaudimengabetzat jo ez izana, konkurtsoan deklaratuta ez egotea, esku-hartze judizialaren pean ez egotea edo desgaituta ez egotea, Konkurtsoari buruzko uztailaren 9ko 22/2003 Legearen arabera, konkurtsoaren kalifikazio-epaian ezarritako desgaitze-aldia amaituta egon gabe.
e) Kausaren batean erruduntzat jotzeagatik, Administrazioarekin egindako ezein kontraturen suntsiarazpen irmoa emanda ez egotea.
f) Ez egotea honako kasu hauetakoren batean: martxoaren 30eko 3/2015 Legea, Estatuko Administrazio Orokorreko goi-kargudunen jarduna arautzen duena; abenduaren 26ko 53/1984 Legea, administrazio publikoen zerbitzura dauden langileen bateraezintasunena; edo ez izatea Hauteskunde Erregimen Orokorraren ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoan araututako hautapenezko karguak.
g) Beteta izatea indarrean dauden xedapenek zergen edo gizarte-segurantzaren arloan ezartzen dituzten betebeharrak.
h) Erregelamenduz zerga-paradisu gisa kalifikatutako herrialde edo lurralde batean ez izatea zerga-egoitza.
i) Dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak ordainduta izatea.
j) Dirulaguntza edo laguntza publikoak eskuratzeko aukera ukatzen dion zigor administratibo edo penalik ez izatea, edo dirulaguntzak jasotzeko legezko debekurik ez izatea, bereziki sexu-bereizkeriaren ondorioz, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetako seigarrenari jarraikiz.
k) Adieraztea eskabideko eta harekin batera doan dokumentazioko datuak egiazkoak direla, eta betetzen direla laguntza horiek jasotzeko indarrean dagoen araudian ezarritako baldintzak.
7. artikulua.– Eskabideak aurkezteko epea.
Hilabeteko epea egongo da eskabideak aurkezteko, agindu hau EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.
8. artikulua.– Eskabidea aurkeztearekin lotutako ondorioak.
1.– Ikasleak eskabide-eredua sinatuta aurkezteak edo, hura adingabe emantzipatu gabea izanez gero, haren ordez eskatzailearen legezko ordezkariak sinatzeak esan nahi du sinadura horrekin hau adierazten dutela:
a) Laguntzaren deialdiaren oinarriak onartzen dituztela.
b) Eskabidean jarritako datu guztiak egiazkoak direla.
c) Eskabidea aurkezteak baimena ematen diola Hezkuntza Sailari eskatzailearen nortasuna egiaztatzeko, NAN, AIZ edo AIT agirien bidez.
d) Jakitun daudela ezen, aitortutako datuak zuzenak ez badira, beka edo laguntza ukatu edo errebokatuko zaiela.
e) Beste edozein administrazio edo erakunde publiko edo pribatutatik beste beka edo laguntzarik eskuratuz gero, horren berri eman beharko diola Hezkuntza Sailari.
f) Laguntza jaso eta baliatu ahal izateko ezarritako baldintzak eta betekizunak betetzen dituztela egiaztatuko dutela, eta adierazten dutela ez daudela dirulaguntzen onuradun izateko gaitasunik gabe uzten dituen inolako lege-auzitan sartuta.
g) Onartzen dutela beka emateko baldintzak betetzen dituztela egiaztatzeko egin beharreko jarduketak egitea.
2.– Dirulaguntzaren eskabidea aurkeztean, eskatzaileak baimena ematen dio laguntza ematen duen organoari zuzenean egiaztatzeko zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen dituela laguntzak eskatzen dituen eskatzaileak; izan ere, organo kudeatzaileak automatikoki eta behar beste aldiz egiaztatuko du hori, eta ez du eskatzaileen baimenik beharko horretarako, hala xedatuta baitago dirulaguntzen erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 22. artikuluan, eta Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretua aplikatuz. Egiaztapenari uko eginez gero, prozeduran eskatutako dokumentu guztiak aurkeztu beharko ditu.
Halaber, dirulaguntza ematen duen organoak egiaztatuko du ea ikaslea ikasketa-beka eta -laguntzen onuradun izan den eskola-materialaren osagaian, lehen hezkuntza eta derrigorrezko bigarren hezkuntza mailetarako, edo oinarrizko bekaren osagaian edo eskatzailearen errentari lotutako zenbateko finkoko osagaian, batxilergo mailarako, eta ea dirulaguntza horren onuradun izan den aurreko deialdietan.
9. artikulua.– Organo kudeatzailea.
Ikaskuntzaren eta Hezkuntza Berrikuntzaren Zuzendaritzak kudeatuko ditu agindu honetan aurreikusitako dirulaguntzak.
10. artikulua.– Dirulaguntzak emateko prozedura.
1.– Deialdiko dirulaguntzak eskuratu ahal izateko, eskabidea epe barruan eta behar bezala aurkeztuta, 3. eta 4. artikuluetako eskakizun subjektiboak eta objektiboak betetzen dituztela egiaztatu beharko dute ikasleek, agindu honetan xedatutakoaren arabera. Eskabide bakoitzari dagokion dirulaguntzaren zenbatekoa zehazteko, kalkulua honela egingo da: 5. artikuluak ahalbideratzen duen dirulaguntzaren zenbatekorik handiena esleituko da, eta, deialdiko zuzkidura ekonomikoa nahikoa bada horrela kalkulatutako banakako kopuru guztiak ordaintzeko, horrela kalkulatutako zenbatekoei dagozkien dirulaguntzak zehaztuko dira. Horrela gertatu ezean, 5. artikuluan xedatutakoaren arabera murriztuko dira zenbateko horiek.
2.– Eskabideak egiaztatu ostean, emandako dirulaguntzei buruzko behin-behineko ebazpena emango du Ikaskuntzaren eta Hezkuntza Berrikuntzaren Zuzendaritzak; bertan, ikasleen identifikazio-datuak eta emandako zenbatekoak adieraziko ditu. Horretaz gain, ukatutako dirulaguntzen zerrenda ere sartuko du, ukatzeko arrazoia adierazita. Ebazpena jakinarazteko, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoaren iragarki-taula elektronikoan argitaratuko da, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/iragarki-taula-elektronikoa. Eskatzaileek hamar egun natural izango dituzte, jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera, egokitzat jotzen dituzten erreklamazioak aurkezteko.
3.– Behin betiko ebazpenak behin-behineko ebazpenaren datu berberak izango ditu, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoaren iragarki-taula elektronikoan argitaratuko da, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/iragarki-taula-elektronikoa
4.– Ebazpen horren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Hezkuntzako sailburuordeari, hilabeteko epean, jakinarazpena egin eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita.
5.– Horrez gain, informazio soil gisa, ebazpena Hezkuntza Sailaren web-orrian ere argitaratuko da: https://www.euskadi.eus/hezkuntza
6.– Behin betiko ebazpena sei hilabeteko epean argitaratuko da, deialdia argitaratzen denetik aurrera. Epe hori bukatu eta ebazpen espresurik eman eta jakinarazten ez bada, interesdunek ezetsitzat jo beharko dituzte eskabideak, hala ezarrita baitago Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25. artikuluan.
7.– Aurreko puntuan esandakoa alde batera utzi gabe, organo kudeatzaileak interesdunei jakinarazpen-abisuak bidali ahal izango dizkie, SMSak edo mezu elektronikoak igorriz eskabideetan jarri zituzten telefono mugikorretara eta helbide elektronikoetara. Abisu horiek ez dute inolaz ere jakinarazpen-baliorik izango.
11. artikulua.– Onuradunen betebeharrak.
Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. artikuluko betebeharrak bete behar dituzte agindu honetako dirulaguntzen onuradunek:
a) Helburua betetzea, proiektua gauzatzea, jarduera egitea edo dirulaguntzak emateko oinarri den portaera hartzea.
b) Dirulaguntza ematen duen organoaren edo, hala badagokio, erakunde laguntzailearen aurrean justifikatzea betekizunak eta baldintzak betetzen direla, bai eta jarduera egin dela eta dirulaguntza emateko edo baliatzeko helburua bete dela ere.
c) Dirulaguntza ematen duen organoak edo erakunde laguntzaileak egin beharreko egiaztapen-jarduketei men egitea, bai eta kontrol-organo eskudunek (nazionalak zein Europar Batasunekoak) egin ditzaketen finantza-egiaztapen eta -kontroleko beste edozein jarduketari ere, aurreko jarduketetan eskatzen zaion informazio guztia emanez.
d) Dirulaguntza ematen duen organoari edo erakunde laguntzaileari jakinaraztea diruz lagundutako jarduerak finantzatzeko beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide batzuk lortu direla.
Jakinarazpen hori jakin bezain laster egin beharko da, eta, nolanahi ere, jasotako funtsei emandako erabilera justifikatu aurretik
e) Instrukzio-organoak ofizioz egiaztatzearen aurka egonez gero, dirulaguntza emateko ebazpen-proposamena eman aurretik egiaztatu beharko da egunean daudela zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, erregelamendu bidez zehazten den moduan.
12. artikulua.– Laguntzak ordaintzea.
1.– Ebazpena ikastetxeari jakinarazi eta hilabeteko epean, ikastetxeak honako hiru puntu hauek ziurtatuko ditu horretarako gaitutako aplikazioaren atalean: eskuratutako gailu digitala bat datorren ikastetxeak eskatzailearen talde osorako aukeratutakoarekin; fakturaren zenbatekoa; eta fakturaren data 3. artikuluaren 1. apartatuaren d) letran jasotako denbora-tartean dagoen.
2.– Emandako laguntzen ordainketa aldi batean egingo da, deialdiari ebazpena eman ondoren eta gailuak erosi direla egiaztatu ostean. Ikasle onuradunek ikasketak egiten dituzten ikastetxeetara bidaliko da diru-zenbateko osoa. Apirilaren 1a baino lehen, ikastetxeak Ikaskuntzaren eta Hezkuntza Berrikuntzaren Zuzendaritzaren aurrean justifikatu beharko du laguntza horiek familiei ordaindu zaizkiela, eta horrela ziurtatu beharko du horretarako gaitutako aplikazioaren atalean.
3.– Ikastetxeak konpromisoa hartzen du sei urtez gordetzeko eta kontserbatzeko ikasle eskatzaileek aurkeztu dituzten fakturak. Ikaskuntzaren eta Hezkuntza Berrikuntzaren Zuzendaritzak laginketa-tekniken bidez eskatu ahal izango dio ikastetxeari beharrezko ikusten duen dokumentazioa.
4.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak edo haren erakunde autonomoek ezaugarri bereko beste laguntza edo dirulaguntza batzuk eman izana dela-eta horiek itzultzeko edo zigortzeko prozesuren bat oraindik ere izapidetzen ari bada, prozesu hori amaitu egin beharko da onuradunei dirulaguntzak edo laguntzak eman eta ordaindu ahal izateko.
13. artikulua.– Ez-betetzearen araubidea.
1.– Dirulaguntzen onuradunek Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontuen kargurako laguntza publikoak erabiltzeagatik ezartzen den zehapen-araubideari heldu beharko diote, eta, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan ezarritakoa aplikatuz, ondorengo kasu hauetan itzuli egin beharko dute eman eta jasotako zenbatekoa, osorik edo partez, baita aplika daitezkeen legezko interesak ere (berandutze-interesa barnean dela):
– Eskatzen diren baldintzak faltsutuz edo laguntza lortzea eragotziko zuketen baldintzak ezkutatuz lortu badute dirulaguntza.
– Dirulaguntza emateko oinarrizkoak diren xedea, jarduera edo proiektua betetzen ez bada (osorik edo zati batean) edo portaera ez bada eskatzen den bezalakoa.
– Finantza-kontrola eta -egiaztapena egiteko jarduerei aurka eginez gero, eragozpenak edo aitzakiak jarri, edo uko eginez gero.
– Dirulaguntza ez erabiltzea hura eskatu eta eman zenean adierazita zegoen xede espezifikorako.
– Dirulaguntza eragin zuen jarduera burutzen ez bada.
– Dirulaguntza zertarako eman zen, helburu zehatz horrexetarako erabili dela justifikatzen ez bada.
– Oro har, ez betetzea azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuko VI. tituluan ezarritako obligazioak, agindu honetan ezarritakoak edo dirulaguntza emateko ebazpenean ezarritakoak.
2.– Dirua itzultzeko, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan horretarako ezarritako prozedura beteko da. Dekretu horren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kontura ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen da eta horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezartzen dira. Nolanahi ere, hori ez da eragozpena izango bideratu beharreko beste ekintza guztiak bideratzeko. Aipatutako diru-kopuruak diru-sarrera publikotzat hartuko dira lege-ondorio guztietarako.
14. artikulua.– Dirulaguntzen bateragarritasuna.
Agindu honen babesean emandako dirulaguntzak bateragarriak izango dira eskatzaileak helburu bererako lortzen duen beste edozeinekin, administrazio publikoek edo erakunde publiko zein pribatuek emanda ere, baldin eta laguntza metatu guztien zenbatekoak gainditzen ez badu laguntza jasoko duen gailu digitalaren kostua. Gaindituz gero, gaindikina bateraezina dela deklaratuko da, eta neurri berean txikiagotuko da agindu honen bidez emandako laguntzaren zenbatekoa.
15. artikulua.– Dirulaguntzaren baldintzak aldatzea.
Dirulaguntza emateko kontuan hartu diren baldintzetako bat aldatzen bada, eta dirulaguntzaren helburua betetzat jotzen bada eta 3. artikuluko betebeharrak konplitzen badira, dirulaguntza eman duen ebazpena ere aldatu ahal izango da. Horretarako, Ikaskuntzaren eta Hezkuntza Berrikuntzaren Zuzendaritzak likidazio-ebazpen bat emango du, eta, han, emandako dirulaguntzen zenbatekoak berregokituko dira.
16. artikulua.– Datuen babesari buruzko informazio oinarrizkoa.
Datu pertsonalak tratu eta «Ikaskuntza eta Hezkuntza berriztatzeko dirulaguntzak» izeneko tratamenduari dagokion jardueran sartuko dira.
Arduraduna: Ikaskuntzaren eta Hezkuntza Berrikuntzaren Zuzendaritza, Hezkuntza Saila.
Xedea: Ikaskuntzaren eta Hezkuntzaren Berriztatzea finantzatzea eta laguntzea.
Legitimazioa:
– Tratamendua beharrezkoa da, interes publikoaren aldeko eginkizunen bat betetzeko edo tratamenduaren arduradunari emandako botere publikoak betetzeko jardunean.
– Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra.
– Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretua.
Hartzaileak:
– Ekonomia eta Ogasun Saila.
– Ikastetxeak – Ikastetxe publikoak eta itunpeko ikastetxeak.
Eskubideak: eskubidea duzu datuak irispidean izateko, datuak zuzentzeko eta ezerezteko, bai eta informazio gehigarrian adierazitako beste eskubide batzuk ere.
Informazio gehigarria: datuen babesari buruzko informazio gehigarri eta zehatza kontsulta dezakezu gure webgunean:
https://www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/050400-capa2-eu.shtml
Araudia:
Datuak Babesteko Araudi Orokorra (https://eur-lex.europa.eu/legal-content/ES/TXT/HTML/?uri=CELEX:32016R0679&from=ES).
Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoa, (https://www.boe.es/buscar/doc.php?id=BOE-A-2018-16673).
Era berean, deialdi honetan parte hartzen duten lagunek baimena ematen diote Ikaskuntzaren eta Hezkuntza Berrikuntzaren Zuzendaritzari beste erakunde publiko batzuetan egiazta dezan aurkeztutako dokumentuak egiazkoak direla.
17. artikulua.– Ikuskatzea.
Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailak datuak benetakoak direla egiaztatzeko egintzak abiarazteko eta abiaraztea eskatzeko ahala izango du, bai eta agindu honetan araututakoa betearazteko ere.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA
Agindu honetan araututa ez dagoen guztian, ordezko izaerarekin, honako xedapen hauetan ezarritakoa aplikatuko da: Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea; Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legea; azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legea; Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra; eta Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorra garatzeko erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretua.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA
Baimena ematen zaio Ikaskuntzaren eta Hezkuntza Berrikuntzaren Zuzendaritzari agindu hau betearazteko behar diren jarraibideak eman ditzan.
AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA
Agindu honen aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke Hezkuntzako sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusian, bi hileko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera.
AZKEN XEDAPENETAKO LAUGARRENA
Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteiz, 2021eko irailaren 8a.
Hezkuntzako sailburua,
JOKIN BILDARRATZ SORRON.