Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

191. zk., 2021eko irailaren 23a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
4871

EBAZPENA, 2021eko irailaren 3koa, Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariarena, Ingurumen Administrazioaren zuzendariaren ebazpena aldatzen duena, zeinaren bidez formulatzen baita Murugaingo (Aretxabaleta) telekomunikazio-zentroa ordezkatzeko proiektuaren ingurumen-inpaktuari buruzko txostena, Itelazpi, Eusko Jaurlaritzaren telekomunikazioen sozietate publikoak sustatuta.

AURREKARIAK

2021eko urtarrilaren 12an, Aretxabaletako Udalak Murugaingo telekomunikazio-zentroa ordezkatzeko proiektuari buruzko eskabide bat aurkeztu zuen Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzan, ingurumen-inpaktuari buruzko txostena lortzeko, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 45. artikuluan eta hurrengoetan araututako ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren prozeduraren barnean.

21/2013 Legearen 46. artikulua aplikatuta, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak kontsulta-izapidea egin zien eraginpeko administrazio publikoei eta interesdunei; jasotako erantzunen emaitzak espedientean bildu dira. Era berean, organo substantiboari jakinarazi zion hasiera eman zitzaiola izapideari.

Halaber, espedientean jasotako dokumentuak eskuragarri egon ziren Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren webgunean, interesdun orok ingurumenaren arloan egokitzat jotzen zituen oharrak egin ahal izateko.

2021eko martxoaren 1eko Ebazpenaren bidez (Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria, 63. zk., 2021eko martxoaren 29koa), Murugaingo (Aretxabaleta) telekomunikazio-zentroa ordezkatzeko proiektuaren ingurumen-inpaktuaren txostena egin zen.

Ebazpen hori emateko ebaluatutako ingurumen-dokumentuan honako hau jasotzen zen:

– Proiektuaren xedea da egun Murugainen dagoen komunikazio-zentroko 34 metroko dorrea kendu eta 41 metroko dorrea jartzea. Aldaketa honen arrazoia da egungo dorrea gainkargatuta dagoela antenen pilaketagatik; beraz, egonkortasun-arazo handiak ditu haize gogorra dabilenean eta ez dauka ahalmenik antena berrien instalazioa jasateko. Hortaz, ordeztea aurreikusi da, hedapen-zerbitzuak hobetzeko. Dorre berria egungo dorrea dagoen lekutik 10 metrora jarriko da.

– Murugaingo telekomunikazio-zentroaren egungo esparruak 318 m2-ko azalera du guztira, eta, antenaz gain, komunikazio-ekipamenduak eta multzo elektrogenoa barne hartzen dituzten eraikinak ere baditu. Zentroaren azalerak 106 m2 gehiago izango ditu.

– Jarduketa hauek egingo dira:

– Sarbidea sendotzea, dorrea ordezteko behar diren makinak igaro daitezen; izan ere, sarbideko azken 2,6 kilometroetako harrizko zorua oso irregularra da.

– Dorre berria kokatuko den lursaila egokitzea, zimenduak hondeatzea (3,5 x 3,5 x 3 m), ainguraketak jartzea eta zolata hormigoiztatzea.

– Egitura muntatzea.

– Perimetroan hesia jartzea, jarduketa-eremuaren perimetroan landare-lurra jartzea eta zuhaixkak landatzea.

– Egungo dorreko ekipamenduak eta antenak dorre berrira eramatea eta egungo dorrea eraistea.

– Obrak egiteko epea hilabetekoa da.

2021eko martxoaren 5ean argitaratu zen Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian otsailaren 23ko 68/2021 Dekretua, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena. Horrela, Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzaren eskumenak Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak hartzen ditu bere gain.

Aretxabaletako Udalak, 2021eko uztailaren 16an, idatzi bat bidali zion Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzari, eta, bertan, lehen aipatutako ebazpenaren xede den ingurumen-dokumentazioan akats bat zegoela adierazi zuen: proiektu teknikoak jasotzen duenez, instalatu beharreko dorrearen altuera 51 metrokoa izango da, eta ez 41 metrokoa. Ingurumen-dokumentuaren gehigarri bat erantsi da, dorrearen altuera 51 metrokoa dela jasotzen duena eta izan ditzakeen inpaktuak aztertzen dituena, eta ondorio hauek atera dira:

«Altuera-aldaketa horrek ez du eraginik ingurunearen ingurumen-ezaugarrietan; izan ere, ez da aurreikusten 51 metroko dorre berriaren kokapena aldatuko denik, eta aztertutako eraginak 41 metroko dorrerako aztertu ziren berberak dira.

Era berean, Ingurumena Zaintzeko Plana eta prebentzio-, zuzenketa- eta konpentsazio-neurriak berrikusten dira, eta azterketa horretatik ondorioztatzen da oraindik ere egokiak direla adierazitako altuera-aldaketarako.»

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 1. artikuluan ezarritakoaren arabera, lege horren helburua da ingurumenean ondorio esanguratsuak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautuko duten oinarriak ezartzea; horrela, ingurumenaren babes-maila handia bermatuko baita, garapen jasangarria sustatzeko helburuarekin.

Proiektuak ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren prozedura bete behar du, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 7.2.c) artikuluan jasota dagoelako. Esku artean dugun proiektua, Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren IB eranskinean jasota dagoen baimendutako proiektu baten aldaketa da. Horrenbestez, ingurumen-ebaluazioen arloan indarrean den legeria aplikatuz, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatua aplikatu behar zaio proiektu horri. Bertan zehaztuko da proiektuak ingurumenaren gaineko ondorio esanguratsuak dituen ala ez eta, beraz, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta aplikatu behar zaion ala ez.

Aztertu da Aretxabaletako Udalak proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazioaren espedienteari dagokionez aurkeztu dituen dokumentazio teknikoa eta txostenak, eta kontuan hartuta proiektuaren ingurumen-dokumentua zuzena dela eta indarreko araudian ezarritako alderdiekin bat datorrela, ingurumen-inpaktuaren txostena aldatu egiten du Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak (organo eskuduna Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen otsailaren 23ko 68/2021 Dekretuaren arabera) egindako txostena. Aldatu egiten da 2021eko martxoaren 1ean egindako ingurumen-txostena, baina oraingo dorrea ordezkatu behar duen dorrearen altuerari dagokionez bakarrik.

Hauek guztiak aztertu dira: 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 68/2021 Dekretua, otsailaren 23koa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organiko eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; eta 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoko Araubide Juridikoarena; eta aplikatzekoak diren gainerako arauak. Horrenbestez, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Aldatzea Murugaingo telekomunikazio-zentroa ordezkatzeko proiektuaren ingurumen-inpaktuari buruzko txostena, Itelazpi Eusko Jaurlaritzako Telekomunikazioen Sozietate Publikoak sustatua, 2021eko martxoaren 1eko ebazpenaren bidez emana eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkariaren 63. zenbakian, 2021eko martxoaren 29an, argitaratua. Horrenbestez, a) letran, hau dioen lekuan:

«A) Proiektuaren xedea da egun Murugainen dagoen telekomunikazio-zentroko 34 metroko dorrea kendu eta 41 metroko dorrea jartzea.»

Baina hau esan behar du:

«A) Proiektuaren xedea da egun Murugainen dagoen telekomunikazio-zentroko 34 metroko dorrea kendu eta 41 metroko dorrea jartzea.»

Bigarrena.– Ebazpen honen edukia Aretxabaletako Udalari jakinaraztea.

Hirugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agintzea.

Laugarrena.– Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 47.4 artikuluak ezarritakoaren arabera, aipatutako proiektua baimentzen ez bada Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta lau urteko gehieneko epean, ingurumen-inpaktuaren txosten honek indarraldia galduko du, eta berezko dituen efektuak sortzeari utziko dio. Halako kasuetan, sustatzaileak berriro hasi beharko du proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren prozedura.

Vitoria-Gasteiz, 2021eko irailaren 3a.

Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendaria,

JAVIER AGIRRE ORCAJO.


Azterketa dokumentala