Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

191. zk., 2021eko irailaren 23a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
4867

EBAZPENA, 2021eko abuztuaren 4koa, Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariarena, Juan Ramón Anasagasti SL enpresak Bermeoko udal-mugarteko Burgoabasoko hondakin geldoen zabortegia handitzeko sustatutako proiektuaren ingurumen-inpaktuaren adierazpena formulatzen duena.

AURREKARIAK

Ingurumeneko sailburuordearen 1997ko urriaren 14ko ebazpen baten bidez egin zen eraginkor Ingurumeneko sailburuordearen 1996ko urriaren 9ko ebazpen baten bidez Bizkaiko Bermeo udalerriko Burgoa mendiko ipar-mendebaleko hegalean eraikuntzako hondakin geldoen zabortegi bat egiteko emandako baimena.

Ingurumen Administrazioaren zuzendariaren 2014ko maiatzaren 20ko ebazpen baten bidez, Juan Ramón Anasagasti SL enpresak hondakin ez arriskutsuak kudeatzeko baimena lortu zuen; balorizatzerik ez den hondakinen frakzioa, hondakin geldoak hartzeko baimena duen Burgoabaso zabortegira eramaten da.

Burgoabasoko hondakin geldoen zabortegia handitzeko Juan Ramón Anasagasti SL enpresak sustatutako proiektua baimentzeko prozedura abiatuta, Hondakin eta lurzoru kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legearen, Hondakinak hondakindegietan biltegiratuta ezabatzea arautzen duen uztailaren 7ko 646/2020 Errege Dekretuaren eta Hondakinak hondakindegietan biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea arautzen duen otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuaren baitan, eta Euskal Herriko ingurugiroa babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorra eta Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legea ere aplikagarriak izanik, besteak beste, jarraian zerrendatzen diren izapideak formalizatu dira:

2021eko urtarrilaren 13an, orduko Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak, Bermeoko (Bizkaia) Burgoabasoko hondakin geldoen zabortegia handitzeko egitasmoaren proiektu teknikoaren eta ingurumen-inpaktuaren azterketaren jendaurreko informazioaren izapidea egin zuen, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 36. artikuluan xedatutakoarekin bat interesdunek egokitzat jotzen zituzten bezainbeste alegazio aurkez zitzaten. Izapide horri buruzko iragarkia 2021eko urtarrilaren 26ko Bizkaiko Aldizkari Ofizialean argitaratu zen (16. zk.). Behin jendaurreko informazioaren izapidea amaituta, alegazio bat jaso da, espedientean jasota dagoen emaitzarekin.

Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 37. artikulua aplikatuz, Eusko Jaurlaritzako orduko Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak, jendaurreko informazioaren izapidea egiten zen aldi berean, eraginpeko administrazio publikoei eta pertsona interesdunekin kontsultak ere hasi zituen, espedientean jasota dagoen emaitzarekin.

Halaber, espedientean jasotako dokumentuak eskuragarri egon ziren Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren webgunean, interesdun orok ingurumenaren arloan egokitzat jotzen zituen oharrak egin ahal izateko.

Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 38. artikuluan xedatuta dagoena aplikatuz, 2021eko maiatzaren 17an, Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak sustatzaileari jendaurreko informazioaren izapidearen emaitza igorri zion, eta eragindako administrazioei eta interesdunei kontsulta egin zien.

2021eko maiatzaren 18an, sustatzaileak, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 38. artikuluan xedatutakoari erantzunez, hasiera batean aurkeztutako proiektua eta ingurumen-inpaktuaren azterketa aldatu beharrik ez zegoela jakinarazi zuen.

Jasotako txostenak aztertuta, egiaztatu da ingurumen-organoak behar beste judizio-elementu dituela ingurumen-inpaktuaren txostena egiteko, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 47. artikuluari jarraikiz.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 1. artikuluan ezarritakoaren arabera, haren helburua da ingurumenean ondorio esanguratsuak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautu behar duten oinarriak ezartzea; horrela, ingurumenaren babes-maila handia bermatuko da, garapen jasangarria sustatzeko helburuarekin.

Halaber, Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 42. artikuluaren arabera, ingurumen-inpaktuaren ebaluazioek, aukera egokienak hautatze aldera, besteak beste bermatu behar dute ingurumenaren gaineko eraginaren ondorioen azterketa plangintzaren hasierako faseetan sartzea, betiere, kontuan izanik aurrera eraman beharreko jardueren ondoriozko eragin metatzaileak eta sinergikoak.

Otsailaren 27ko 3/1998 Legearen 41. artikuluan xedatutakoari jarraikiz, Euskal Autonomia Erkidegoaren esparruan gauzatu nahi diren planek eta proiektuek (publiko zein pribatu izan) ezinbestekoa izango dute ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa, baldin eta lege horren I. eranskinean jasota badaude. Juan Ramón Anasagasti SL enpresak sustatutako Bermeoko udal-mugarteko Burgoabasoko hondakin geldoen zabortegia handitzeko proiektua, aipatu arauaren I.B) Eranskinaren 4.2 epigrafean sartuta dago.

Bestalde, aipatu beharra dago baliokidetzat har daitezkeela otsailaren 27ko 3/1998 Legeak arautzen duen ingurumen-inpaktuaren banakako ebaluazio-prozedura eta Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 33. artikuluan eta hurrengoetan jasota dagoen ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa egiteko prozedura arrunta.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 35. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoa aplikatuz, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak, organo substantiboa den aldetik, proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio-prozedura arrunta egiteko beharrezkoa dena xedatu du. Horretarako, ingurumen-inpaktuaren azterketa gehitu du espedientean eta kontsulta publikoak egin ditu; gainera, eraginpeko administrazio publikoek zein pertsona interesdunek prozeduran parte hartu dute.

Proiektuaren ingurumen-ebaluazioaren espedienteko dokumentazio teknikoa eta txostenak aztertuta, eta ikusirik ingurumen-inpaktuaren azterketa zuzena dela eta indarreko araudian ezarritako alderdien araberakoa dela, irismen-dokumentuan jasotako baldintzak barne, Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak ingurumen-inpaktuaren adierazpen hau eman du; bertan, proiektuaren proposamenean ingurumen-arloko alderdiak sartzearen alde egin da, eta proiektua aplikatzearen ondorio adierazgarrien aipamena jaso da, baita sartu beharreko azken oharrak ere, soilik ingurumen arlokoak. Zuzendaritza hori eskumeneko organoa da Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren arabera, baita Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen otsailaren 23ko 68/2021 Dekretuaren arabera ere.

Hauek guztiak aztertu dira: Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorra; Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legea; Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen otsailaren 23ko 68/2021 Dekretua; Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea; Sektore Publikoko Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legea, eta aplikatzekoak diren gainerako arauak. Horrenbestez, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Juan Ramón Anasagasti SL enpresak Bermeoko udal-mugarteko Burgoabasoko hondakin geldoen zabortegia handitzeko sustatutako proiektuaren aldeko ingurumen-inpaktuaren adierazpena formulatzea.

Burgoabasoko hondakin geldoen zabortegia Bermeoko udal-mugarteko Burgoa mendiko ipar-mendebaleko hegalean dago. Egungo zabortegia 1997an baimendu zen. Hondakin ez-arriskutsuen kudeatzailea izateaz gain, sustatzaileak eraikuntzako eta eraispeneko hondakinak balorizatzeko baimena ere badu, 2014an jasotakoa.

Zabortegia handitzean bertara eramango diren hondakinak, balorizatu ezin diren hurrengo hondakinen frakzioak dira:

– 17 01 01. Hormigoia.

– 17 01 02. Adreiluak.

– 17 01 03. Teilak eta material zeramikoak.

– 17 01 07. 17 01 06 kodean zehaztutakoen ezberdinak diren hormigoiz, adreiluz, teilaz eta zeramika-materialez egindako nahasteak.

– 17 02 01. Egurra.

– 17 04 05. Burdina eta altzairua.

– 17 05 04. 17 05 03 kodean zehaztutakoen ezberdinak diren lur eta harriak.

– 17 06 04. 17 06 01 eta 17 06 03 kodeetan zehaztutakoen ezberdinak diren isolamendu-materialak.

– 17 09 04. Eraikuntzako eta eraispeneko hondakin nahasteak.

– 20 01 01. Papera eta kartoia.

– 20 03 07. Tamaina handiko hondakinak.

Baimendutako zabortegia 310eko kotan hasten da, eta pixkanaka-pixkanaka gora egiten joaten da 5 metroko altuera eta 32 graduko malda duten ezpondekin, 375etako kotara heldu arte; bertan, azken berma batek 385eko kotan amaitzen den azken ezpondari ematen dio bide. Zabortegia bere edukiera agortzetik gertu da, eta, ondorioz, alboko lursailetan zabortegia handitzeko egitasmoa dago.

Handitzea 385eko kotan hasiko litzateke, eta 10 metroko altura eta 3H:2V malda duen ezponda batekin 395eko kotara helduko litzateke; bertan, 5 metroko zabalerako berma bat sortuko litzateke, eta 4 metroko altuera izango lukeen ezponda berri bat (399ko kotara arte), zabalera aldakorreko plataforma batekin. Hegoaldeko lubeta 3H:2V malda batekin jaitsiko litzateke, hegalarekin bat egin arte, inguruotan dagoen Enagas enpresaren ur hodiari eragin gabe.

Handitzeak ez du inolako eraginik egungo betetze-zonan, bertako ertzetik eta areka perimetraletik gutxienez 2 metroko distantzia uzten baita; hori horrela, zabortegiaren handitzea lursail natural batean hasiko litzateke, aldez aurretik betetako eremuak oinarri gisa erabili gabe.

Zabortegiaren handitzearen azalera 10.290 m2-koa litzateke, eta, edukiera, 49.060 m3-koa. Handitzearen bizitza baliagarria 10 urte ingurukoa izango litzatekeela zenbatesten da.

Handitzeak okupatuko lukeen azalera era nabarmenean murriztu da egitasmoaren hasierako dokumentuarekin alderatuta, hau da, ingurumen-inpaktuaren azterketaren irismen-dokumentua egiteko erabilitakoa. Zehazki, hasiera batean 46.000 m2-ko azalera bati eragingo liokeen eta 225.000 m3-ko edukiera izango lukeen handitzea proposatzen zen.

Asmoa zabortegia behetik gora geruzaz geruza handitzen joatea da, behar bezalako trinkotzea lortzeko, materialak pala kargatzaile edo/eta bultzatzaile batekin zabalduz eta nibelatuz. Geruzak trinkotzeko, aurrera egiten den heinean, arrabola hainbat aldiz pasatu beharko da, horizontalean zein bertikalean.

Azalerak behar bezala geratzen joaten diren heinean, 70 zentimetroko lodiera duen beheko geruza buztintsu batekin estaliko dira; jarraian, 30 zentimetroko lodiera duen landare-lurreko beste geruza bat zabalduko da gainean. Ondoren, azalerotan landareak ereingo dira.

Proiektuan ekintza hauek daude jasota:

Belar-sastrakak garbitu, kendu eta landare-lurra pilatzea. Behin lursaileko belar-sastrakak garbituta, landare-geruza kenduko da (20 zentimetro inguru), eta pilatu egingo da zabortegiko azaleraren azken lehengoratze prozesuan erabiltzeko.

Sarbidea ematen duen pista handitzea. 385eko kotatik aurrera (handitzearen hasierako plataforma), pista zati berri bat egitea aurreikusten da sarbidea izateko, 399ko kotara arte, 190 metroko luzerarekin eta gutxienez 6 metroko zabalerarekin.

Lurrak hondeatzea hasierako plataforma osatu arte. Zabortegiaren handitzea substratu harritsu batean egingo da, eta, beraz, aurretik lurra kenduko da harkaitz onera iritsi arte. Azken ezponda bat eraikiko da, honako maldak izango dituena: 2H:1V lurzoruetan eta 1H:1V harkaitzean. 385eko kotan lortutako azken azalera 5.545 m2-koa izango da. Hondeatutako materialak bereizita lekualdatuko dira: lurzoru buztintsu-hareatsuak aldameneko gune batera eramango dira bete-lanak egiteko, eta, hareharriko blokeak, berriz, ezponden indargarri gisa, areken enkatxo gisa edo kanpoko erabileretan birziklatzeko erabiliko dira.

Azaleraren inpermeabilizazioa. Hondeatutako plataformaren azalera buztin geruza batekin berdinduko da, 20 zentimetroko lodiera izango duena, eta, jarraian, geruzaren gainean dentsitate handiko polietilenoko geomintz bat eta polipropilenoko geotestil bat jarriko dira, eta azken horren gainean 40 zentimetroko lodiera izango duen birziklatutako agregatuen drainatze-geruza bat. Iparraldeko ertzean, geomintza txertatuta geratuko da buruan metro bateko altuera, 3H:2V ezpondak eta 1,8 metroko zabalera izango duen material trinkotuen dike batean. Hondeaketaren ondorioz sortuko den hegoaldeko ezpondaren gainean, geotestila eta polietilenoko geomintza jarriko da.

Drainatze- eta lixibiatu-sarea egitea. Handitze eremuaren buruan areka bat egingo da, isurketak jaso eta material isurketa eremutik desbideratu ditzan, aldamenetik. Eremuaren buruan egindako areka triangeluarra izango da eta buztin trinkotuarekin eta hareharriko harlauzen enkatxo batekin gauzatuko da, betiere, hormigoiarekin bilduta filtrazioak saihesteko. Dagoeneko amaitutako zabortegiko eremuetan sortzen diren jariatze-urak, bermetako areka triangeluar batzuetara bideratzen dira, kanpoko bidera zuzenduta daudenak.

Isurketa masako lixibiatuak erdiko drainatze-sistema baten bidez jasotzen dira, zabortegiko bertako birziklatutako agregatuekin egindako drainatze-zanga batean txertatutako drainatze-hoditeria batek osatutakoa.

Lixibiatuen tratamendua. Lixibiatuen drainatze-sarea dekantazio-putzuarekin konektatutako kutxatila batean amaitzen da. Lixibiatuen kutxatilak ur laginak hartzeko aukera ematen du, analizatu eta lixibiatuaren kontrol bolumetrikoa egiteko.

Jarraian, lixibiatuak beste dekantazio-putzu batera eramaten dira, 375eko kotan kokatutakoa, egungo zabortegiaren azaleraren gainean. Putzuak 3,5 metroko zabalera eta 8 metroko luzera du, hormigoi armatukoa da eta kontrol-kutxatila batean amaitzen da, isurketa beheranzko kanalera egin aurretik kokatutakoa; kanala egungo pistako arekarekin lotuta dago, BI-3101 errepideko drainatze-sisteman amaitzen dena.

Instalazioak. Egungo zabortegiak kontrolerako etxola, baskula, gurpilen garbitegia, kontrolerako eremua, hondakinak bereizteko zona eta balorizatu beharreko hondakinak biltegiratzen diren edukiontzien zona du. Sarrerako eremuan zein aldameneko lursailean itxitura du; perimetroaren gainontzeko lekuak ez dira ibilgailu astunen joan-etorrirako irisgarriak, lursailaren beraren tipografia dela eta. Zerbitzu osagarri gisa korronte elektrikoaren sorgailu propioa eta dekantazio-putzuko ura bideak ureztatzeko erabiltzen duen dekantazio-uharka daude. Gaur egungo instalazioen multzoa ez da aldatuko zabortegia handitzearekin batera.

Gaur egun zabortegiak 10 kamio jasotzen ditu eguneko batez beste. Handitzeak ez du eragingo instalazioak jasotzen dituen kamioien kopurua areagotzea.

Bigarrena.– Baldintza hauek jartzea proiektua gauzatzeko (lotesleak dira, Euskal Herriko ingurugiroa babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 47.2 artikuluan xedatzen duenaren arabera):

A) Proiektua Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzan ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa egiteko aurkeztutako dokumentazioaren arabera gauzatuko da, eta, nolanahi ere, ebazpen honetan zehaztutakoaren arabera.

Proiektu honen ingurumen-inpaktuaren ebaluazioari buruzko prozedurak, proiektuaren sustatzaileak aurkeztutako dokumentazio teknikoaz gain, kontuan izan du espedientean ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa egiteko prozeduraren aldietan erantsitako txostenen edukia.

B) Proiektua aldatzen edo zabaltzen bada, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 7. artikuluan jasotako aldaketa-araubidea aplikatuko da.

Proiektuan egingo diren aldaketa puntualak arrazoitu egin beharko dira ingurumenaren ikuspegitik, baita aurreko paragrafoan adierazitako garrantzirik ez badute ere. Babes- eta zuzenketa-neurrietan, ingurumena zaintzeko programan, aurrekontuan eta baldintzen agirian jasoko dira proiektuari egiten zaizkion aldaketak.

C) Ingurumen-ebaluazioko prozeduraren alderdi garrantzitsuak.

Zabortegia handitzeko erabiliko diren lursailak babes bereziko lurzoru gisa jasota daude Gernika-Markinako Eremu Funtzionalaren Lurralde Plan Partzialean, «Landaretza autoktonoko eremuak eta lehentasunezko Batasunaren intereseko habitatak» kategorian. Kategorizazio horren iturria eremua 4030 «Txilardi lehor europarrak» habitat bezala kartografiatzen duen GeoEuskadiren lana da.

Ingurumen-inpaktuaren azterketak txilardi horien flora-konposizioa, egoera eta kontserbazio gradua aztertzen duen eranskin bat ere badu (I. eranskina: «Txilardi lehor europarren kontserbazio graduaren ebaluazioa Burgoabasoko eraikuntzako hondakin geldoen zabortegia handitzeko eremuan»). Eranskin horrek zehazten duenez, aztertutako eremuan zenbait txilardi espezie tipiko badaude ere, errealitatean gehien agertzen diren espezieak otea eta iratzea dira, zabortegia handitzeko erabiliko litzatekeen azaleraren % 70 baino gehiago hartzen baitute. Hori dela eta, azterketak ondorioztatzen duenez, zabortegia handitzeko zonaldeko landaredia ezin da Batasunaren intereseko 4030 «Txilardi lehor europarrak» habitat bezala sailkatu, eta, beraz, aipatutako Lurralde Plan Partzialak jasotako babes bereziko eremutik kanpo geratuko litzateke. Espedientean Eusko Jaurlaritzako Natura Ondare eta Klima Aldaketa Zuzendaritzaren txosten bat ere jasotzen da, proiektuak eragindako azalera egitasmoaren hasierako dokumentuan zehaztutakoarekin alderatuta era nabarmenean murriztu dela eta horrek ingurune naturalaren gaineko balizko afekzioak minimizatzen dituela dioena, baita ingurumen-inpaktuaren azterketan aurreikusitako neurriak hartuta natura ondarearen gaineko afekzioak onargarriak direla ere.

Aztertutako eremuan ez da azaleko ur-ibilgurik, eta ez dago froga edo ziurtasunik hornikuntzarako erabiltzen den ur-hartzerik dagoenik ere inguruetan. Zabortegitik 200 metro ekialdera ura biltegiratzeko putzu bat dago, Repsolen instalazioan erabiltzeko ponpatzen dena eta EAEko hezeguneen inbentarioko III taldean sartuta dagoena (EB5 Bermeoko Gas Instalazioko Urmaela). Eremua akuiferoen kalteberetasun ertaineko leku batean dago.

Kokalekutik gertu babestutako edo natura intereseko hainbat gune daude:

– Naturagune babestuak: Urdaibaiko Biosfera Erreserba, Gaztelugatxeko Biotopo Babestua, Urdaibaiko itsasadarreko Babes Bereziko Eremua, Urdaibaiko ibai-sareko Kontserbazio Bereziko Eremua eta Gaztelugatxeko Kontserbazio Bereziko Eremua.

– Interes geologikoko lekuak: Matxitxakoko flysch beltza (IGL 22), Gaztelugatxe (IGL 88) eta Matxitxakoko irristatzeak (IGL 105)

– Lurralde Antolamenduaren Gidalerroetako (LAG) interes naturalistikoko guneak: Gaztelugatxe-Matxitxako.

– Kudeaketa-plana duten hegaztien habiagintzako areak: ekaitz-txori europarra eta ubarroi mottoduna.

Espazio horiek guztiak, Repsolen ur-putzua bezala, zabortegiaren kokalekutik gertu daude, baina bakar batek ere ez du bat egiten proposatutako handitzearen mugekin, eta, beraz, ez da espero egitasmoak aipatu espazioetan eragin esanguratsurik izango duenik.

Isurketa-ontzia prestatzeko fasean sortuko diren eragin nagusiak lur mugimenduekin lotutakoak izango dira, landaredia kentzea eta zaratak sortzea ekarriko baitu. Esplotazio fasean eragin nagusiak lixibiatuen sorkuntza eta zaratak sortzea izango da. Beste eragin batzuk paisaia-inpaktuarekin lotutakoak izango dira.

Egitasmoaren arriskuekiko kalteberetasuanri dagokionez, zabortegiaren handitzea ez dago uholde-arriskugune batean, eta sute arriskua edo arrisku sismikoa ere ez da garrantzitsua. Zabortegitik gertuko eremuan ere ez da substantzia arriskutsurik erabiltzen duen enpresarik, ezta merkantzia arriskutsuekiko esposizioari dagokionez arrisku esanguratsurik ekar lezakeen salgaiak garraiatzeko biderik ere. Egitasmoaren ezaugarriak kontuan izanik, arrisku faktore nabarmenena arazo geoteknikoekin lotutakoa da (isurketen ezegonkortasuna). Arazo horiek alde batera uzteko, proiektuak zabortegiaren handitzearen egonkortasuna justifikatzen duen apartatu bat du.

D) Babes- eta zuzenketa-neurriak.

Babes- eta zuzenketa-neurriak indarrean dagoen araudiaren arabera gauzatuko dira, hurrengo apartatuetan adierazitakoa kontuan hartuta, eta, aurrekoaren aurkakoa ez den orotan, sustatzaileak Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzan aurkeztutako dokumentazioan aurreikusitakoa kontuan hartuta.

Era berean, hondakinen zabortegia handitzeko dagokion baimenak ezartzen dituen baldintzak ere aplikagarriak izango dira. Baimen hori honako hauetan oinarrituta emango da:22/2011 Legea, uztailaren 28koa, Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzkoa; 646/2020 Errege Dekretua, uztailaren 7koa, Hondakinak zabortegietan utziz ezabatzeko jarduera arautzen duena; eta 49/2009 Dekretua, otsailaren 24koa, Hondakinak hondakindegietan biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea arautzen duena.

Bestalde, neurri horiek eta kontrolerako langile kopurua nahikoak izango dira ingurumen-inpaktuaren azterketan finkatutako kalitate-helburuak eta ingurumen-inpaktuaren adierazpenean finkatuko direnak bermatzeko.

Neurri horiek guztiak obra kontratatzeko baldintza-agirietan sartu beharko dira, eta baldintza horiek betetzen direla bermatuko duen aurrekontua ere izan beharko dute. Era berean, jardunbide egokiak ezarriko dira obretan.

Honako atal hauetan adierazten diren neurriak gehitu beharko dira.

D.1.– Obra-faseko baldintza orokorrak.

a) Obrak eta lurzoruaren okupazioa ekartzen duten operazio osagarriak proiektuaren mugen barruan garatuko dira. Ahalik eta gehien murriztuko da obrako makinak eta ibilgailuak aipatutako mugetatik kanpo zirkulatzea.

b) Landaredi autoktonoa kentzea saihestuko da zuzeneko okupazioa aurreikusten ez den eremuetan. Horretarako, behar bezala mugatu eta balizatu beharko dira mantendu eta gorde beharreko landaredia eremuak.

c) Obrarako sarbideak, makina-parkea, obrako materialak aldi baterako biltegiratzeko gunea, hondeaketa-lurren eta hondakinen aldi baterako metaketak ingurumenean ahalik eta eragin txikiena izateko moduan proiektatuko dira.

D.2.– Hondakin onargarriak zabortegiaren handitzean.

a) Zabortegian soilik onartuko dira eraikuntzako eta eraispeneko hondakinen balorizazio jardueratik eratorritako hondakin geldo ez balorizagarrien frakzioak, Ingurumen Administrazioaren zuzendariaren 2014ko maiatzaren 20ko ebazpen batez bidez baimendu bezala. Hauek dira:

– 17 01 01. Hormigoia.

– 17 01 02. Adreiluak.

– 17 01 03. Teilak eta material zeramikoak.

– 17 01 07. 17 01 06 kodean zehaztutakoen ezberdinak diren hormigoiz, adreiluz, teilaz eta zeramika-materialez egindako nahasteak.

– 17 02 01. Egurra.

– 17 04 05. Burdina eta altzairua.

– 17 05 04. 17 05 03 kodean zehaztutakoen ezberdinak diren lur eta harriak.

– 17 06 04. 17 06 01 eta 17 06 03 kodeetan zehaztutakoen ezberdinak diren isolamendu-materialak.

– 17 09 04. Eraikuntzako eta eraispeneko hondakin nahasteak.

– 20 01 01. Papera eta kartoia.

– 20 03 07. Tamaina handiko hondakinak.

b) Hondakinak deuseztatu daitezen zabortegian utzi ahal izango dira, baldin eta aurretiazko tratamendua jaso badute edo horiek balorizatzea teknika, ekonomia edo ingurumenaren aldetik bideragarria ez dela behar bezala justifikatzen bada. Ondorioz, zabortegira iristen diren hondakin balorizagarriak bereizi eta dagokien banakako edukiontzietan gorde behar dira, balorizatzaile baimendu batera eraman arte helburu horrekin.

D.3.– Natura-ondarea babestera bideratutako neurriak.

a) Lurraldearen iragazkortasun edo konektibitate ekologikoari eusteko, perimetroko itxiturak behar izatekotan, gune libre bat mantendu beharko da azpialdean, lurzoruaren sestratik 15-20 bat zentimetro bitarteko altuerakoa, eta betelanaren amaierako fasean kendu egingo dira.

b) Ahalik eta tamaina txikiko ornodun gutxien hil daitezen instalazioko drainatze-elementuetan itota edota atera ezinik, elementuok diseinatzeko orduan arreta jarriko da animaliak atera ezinik geldi ez daitezen. Egoki ikusten den kasuetan, aipatutako drainatze-elementuetan harrapatuta geratzen diren animaliak irten ahal izateko ihes-elementuak aurreikusiko dira (arrapala txikiak, ihes-zuloak, eta abar).

c) Proposatutako drainatze perimetralaren ohiko mantentze-lanak egingo dira, ornodun txikiak igaro ahal izatea ziurtatzeko.

D.4.– Lurzorua eta urak babesteko neurriak.

a) Obra-fasean, ahalik eta material xehe gutxien isuriko da drainatze-sarera. Horretarako, lehen fase batean, zabortegiaren handitze eremuko buruan aurreikusitako urak biltzeko areka perimetrala egingo da.

b) Obratako makinak gordetzeko azalera eta horren mantentze-lanak egiteko tokia drainatze-sare naturaletik bereiziko dira. Zola iragazgaitza eta efluenteak biltzeko sistema izango ditu, olioek eta erregaiek lurzorua eta ura kutsa ez dezaten. Erregaien zamalanak, olio-aldaketak eta lantegiko ohiko jarduerak ezin izango dira horretarako adierazitako guneetatik kanpo egin.

c) Produktu eta hondakin arriskutsuen biltegia zein makinak biltegiratzeko, konpontzeko, zaintzeko eta haietan olio-aldaketak egiteko eremua, baita erregaia hornitzeko gunea ere, toki iragazgaiztu estankoetan egon beharko dira, izan litezkeen isurietatik babestuta; eta indarrean dagoen araudiaren araberako edukiera nahikoa eta baldintza egokiak edukiko dituzte. Berariaz debekatuta egongo da mantentze-lanak eginkizun horietarako ez den beste kokapen batean egitea.

d) Instalazioan hidrokarburoak xurgatzeko material espezifikoa izango da (biribilkiak, gai pikortsuak, eta abar), ustekabeko jario edo ihesetan berehala erabili ahal izateko.

e) Ekainaren 25eko 4/2015 Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko Legea garatzen duen abenduaren 26ko 209/2019 Dekretuaren arabera, uztailaren 28ko 22/2011 Hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzko Legearen (I eta II eranskinak) eta bere garapen arauen aplikazio-esparruan sartutako hondakinen balorizazio eta deuseztatze operazioak, lurzorua kutsatzeko ahalmena duten jarduerak dira, eta, horrenbestez, lurzorua babesteko legerian ezarritakoa bete behar dute.

D.5.– Atmosfera kutsatzea prebenitzeko neurriak.

a) Bai obrak egiten diren artean bai zabortegia esplotatzen den bitartean, bideen eta zabortegiaren handitze eremuaren inguruaren garbiketa lanen kontrola oso zorrotza izango da. Sistema bat eduki beharko da aldi baterako hutsik dauden pistak eta lurrazalak ureztatzeko.

b) Materialak hezetasun-baldintza egokienetan garraiatuko dira, zama estaltzeko gailuak dituzten ibilgailuetan, partikulak barreiatu ez daitezen.

c) Sarrerako bidean, ibilgailuen eta obrako makinen abiadura mugatuko da.

d) Materialaren zamalanak ahalik eta hauts gutxien sortzeko moduan egingo dira.

e) Zabortegiaren irteeran, ibilgailuak garbitzeko gailuak izango dira, aurkeztutako dokumentuetan zehaztu bezala. Gailuok egoera onean mantenduko dira zabortegiaren bizitza baliagarriak dirauen artean.

D.6.– Zarataren eta bibrazioen ondorioak gutxitzeko neurriak.

a) Jarduerak iraun bitartean, jardunbide egokiak aplikatu beharko dira sorburuan zaratak murrizteko, baita erabilitako makineriaren mantentze-lanetan, eta zaraten eta bibrazioen murrizketan.

b) Jardueran erabiltzen diren makinen eta ekipamenduen soinu-emisioek aplika dakiekeen araudia bete beharko dute eta, batez ere, aire zabalean erabiltzen diren makina jakin batzuek ingurunean sortzen dituzten soinu-emisioak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretua. Hala, makineria behar bezala mantendu beharko da, fabrikatzailearen jarraibideak kontuan hartuz, makineriak baldintza onenetan funtzionatzen duela bermatzeko, bai ekoizpeneko baldintzei bai ingurumenekoei dagokienez.

c) Bestalde, proiektua garatzerakoan, eraginpeko eremuan obrek sorrarazitako zaratarengatik ez dira gaindituko kalitate akustikoaren helburuak, Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuan ezarrita daudenak, hori guztia dekretu horretako 35 bis artikuluan aurreikusitakoari kalterik eragin gabe.

D.7.– Hondakinak kudeatzeko neurriak.

a) Obra-fasean zein zabortegiaren ustiaketan eta itxieran sortutako hondakinak kudeatzeko, Hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legean eta aplikatu beharreko arau espezifikoetan xedatutakoa beteko da.

b) Sortutako hondakin guztiak, haien balorizazioa teknikoki eta ekonomikoki bideragarria bada, behar bezala baimendutako hondakinen balorizatzaile batengana eraman beharko dira. Hondakinak deuseztatu ahal izango dira, baldin eta aldez aurretik justifikatzen bada ezen haiek ezin direla balorizatu alde teknikotik, ekonomikotik edo ingurumenaren aldetik.

c) Berariaz debekatuta dago sortzen diren tipologia desberdinetako hondakinak elkarrekin edo beste hondakin edota efluente batzuekin nahastea. Hondakinak jatorritik bertatik bereiziko dira, eta horiek biltzeko eta biltegiratzeko baliabide egokiak jarriko dira, aipatutako nahasketa horiek ekiditeko.

d) Industrian Erabilitako Olioaren Kudeaketa Arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuari jarraituz kudeatu beharko dira sortutako olio erabiliak. Erabilitako olioak aldi baterako biltegiratzea, hau da, baimendutako kudeatzaileak biltzen dituen arte, ontzi edo segurtasun-sistema batean gordetako deposituetan egingo da, horrela, biltegi nagusiak haustura edo galeraren bat izanez gero, olioa sakabanatzea saihesteko.

e) Hondakinen kudeaketari buruzko araudia betetzeko xedez, lan desberdinetan sortutako hondakinak kudeatzeko sistemak izan beharko dira. Lan horien arduradunek kudeatuko dituzte sistemok, eta haien ardura izango da langileek hondakinak behar bezala erabiltzea. Bereziki, erregaiak eta produktuak biltegiratzearen, makinen mantentze-lanak egitearen edo hondakinak erretzearen ondorioz ez dira inolaz ere efluente kontrolatu gabeak sortuko.

Aurrekoarekin bat, hondakin arriskutsuak behin-behinean biltegiratzeko instalazio estaliak izango dituen eremu zehatz bat egokituko da. Edukiontzi horiek itxita egongo dira kudeatzaileari entregatu arte, isurtze edo lurruntze bidez edukirik ez galtzeko.

f) Beharrezko neurriak hartuko dira instalazioan jasotako plastikoak haizeak eraman eta sakabanatu ez ditzan. Horretarako, plastikoak garraiatzeko edukiontziak olana batekin edo antzeko beste estalkiren batekin estalita egongo dira. Horrez gain, instalazioan jasotako plastikoak ahalik eta azkarren bereiziko dira, sakabanatu ez daitezen beharrezko neurriak hartuz. Aldian-aldian zabortegiaren lurzatian sakabanatuta dauden plastikozko materialak garbitu eta biltzeko kanpainak egingo dira.

D.8.– Paisaia-integraziora bideratutako neurriak.

a) Lur-mugimenduek iraun bitartean, landare-lurra kendu, metatu eta bereizita zabalduko da, ukitutako eremuen lehengoratzea eta landareztatzea errazte aldera.

b) Zabortegia handitzeko proiektuak eragindako azalerak lehengoratzeko lanak, oro har, proiektuaren sustatzaileak bidalitako dokumentazioan proposatutakoa betez egingo dira. Eremua berriz landareztatzeko lanen helburua txilardiak berreskuratzea izango da; hori dela eta, sustatzaileak proposatutako zurezko landareen hazien nahastean, Ulex spp. haziak txilardietan berezkoak diren beste espezie batzuen haziengatik ordezkatuko dira.

c) Kontrol-neurri zorrotzak hartuko dira kanpoko landare-espezie inbaditzaileak (Cortaderia selloana, Buddleja davidii eta beste) detektatu eta gurean sartu eta hedatu ez daitezen. Jarduteko eremuan espezie horiek badaude, desagerrarazteko ahaleginak egingo dira. Bereziki kontrolatuko da landare-estalkia leheneratzeko lurren jatorria, eta ez da erabiliko aipatu diren espezieek kutsatu ahal izan duten lurrik. Era berean, ahal den guztietan, espezie inbaditzaile horiek errotik kenduko dira jarduera-gunetik.

d) Eragindako eremu guztiak, zabortegia ezarri den lursailean eta bere instalazio osagarri eta sarbideetan kokatutakoak, nola zerbitzu-sareen eta lixibiatuen hustuketa gauzatzeko beharrezkoak direnak berrituko dira; baita aurkeztutako berritze-planean agertzen ez diren, baina plana bukatu ondoren eragindakoak ere.

e) Ereiteen eta sailen mantentze lanak egingo dira, besteak beste, urratzeak, ongarritzeak, ureztatzeak eta hutsarteak betetzeko lanak.

D.9.– Jarduera etetea, zigilatzearen gauzapena eta itxiera osteko aldia.

a) Behin instalazioaren bizitza baliagarria amaituta, oro har kutsadura sor dezaketen elementu guztiak desmuntatu eta erretiratu beharko dira, eta dagokion kudeatzaile baimenduari emango zaizkio, kasuan kasuko tratamendu egokia egin dezan, indarrean dagoen legediaren arabera.

b) Jarduera bertan behera utzi ondoren, titularrak ebaluatuko du lurzorua nola dagoen eta instalazioak erabilitako, ekoitzitako edo zabaldutako substantzia arriskutsu esanguratsuek lurpeko uretan zer-nolako kutsadura eragin duten, eta, halaber, organo honi emango dio ebaluazio horren emaitzen berri. Ebaluazioak erakusten badu instalazioak lurzoruaren edo lurpeko uren kutsadura nabarmena eragin duela, betiere lurzoruaren kalitatea adierazteko izapidean lurzoruaren kalitatea ikertzeko idatzi diren txostenetan ezarritako egoerarekin alderatuta, titularrak neurri egokiak hartuko ditu kutsadura horri aurre egiteko eta instalazioa lehengo egoerara ekartzeko, Ingurumen Erantzukizunari buruzko urriaren 23ko 26/2007 Legearen II. eranskineko arauei jarraikiz.

E) Ingurumena zaintzeko programa.

Ingurumena zaintzeko programa indarrean dagoen araudiaren arabera gauzatuko da, hurrengo ataletan adierazitakoa kontuan hartuta, eta, aurrekoaren aurkakoa ez den orotan, sustatzaileak Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzan aurkeztutako dokumentazioan aurreikusitakoa kontuan hartuta.

Era berean, hondakinen zabortegia handitzeko dagokion baimenak ezartzen dituen baldintzak ere aplikagarriak izango dira. Baimen hori honako hauetan oinarrituta emango da:22/2011 Legea, uztailaren 28koa, Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzkoa; 646/2020 Errege Dekretua, uztailaren 7koa, Hondakinak zabortegietan utziz ezabatzeko jarduera arautzen duena; eta 49/2009 Dekretua, otsailaren 24koa, Hondakinak hondakindegietan biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea arautzen duena.

Programa honek obra kontratatzeko baldintzen agirian sartuta geratu behar du, eta bete ahal izatea bermatzeko beharrezko aurrekontua izango du.

E.1.– Gorabeheren erregistroa.

Isuri-ontzia egokitzeko obrak egin ahala sortutako gorabeheren erregistroa egin beharko da, bai eta babes- eta zuzenketa-neurriak zenbateraino bete diren jasotzeko erregistroa ere. Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzaren eskura egongo da erregistroa, hark ikuskatzeko, eta, nolanahi ere, lanak amaitutakoan, hari bidaltzeko. Proiektua gauzatzean aldaketarik egin bada, aldaketa horiek xehetasunez adierazi beharko dira. Ingurumenean duten eraginaren ikuspegitik justifikatu behar dira aipatutako aldaketak.

E.2.– Lehengoratzearen arrakasta kontrolatzea.

Obra amaitu ondorengo bi urteetan, proiektuak eragindako guneak lehengoratzeko prozesuaren arrakastaren jarraipena egingo da aldian-aldian.

E.3.– Ingurumena zaintzeko programaren dokumentu bateratua.

Sustatzaileak ingurumena zaintzeko programaren dokumentu bateratua egin beharko du, organo substantibora bidaliko dena eta ingurumen-inpaktuaren azterketan proposatutako betebeharrak, honako Ebazpen honetan ezarritakoak eta hondakinen zabortegia handitzeko baimenean ezarritakoak jasoko dituena. Baimen hori honako hauetan oinarrituta emango da: 22/2011 Legea, uztailaren 28koa, Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzkoa; 646/2020 Errege Dekretua, uztailaren 7koa, Hondakinak zabortegietan utziz ezabatzeko jarduera arautzen duena; eta 49/2009 Dekretua, otsailaren 24koa, Hondakinak hondakindegietan biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea arautzen duena.

Kontrolatuko diren parametroak eta parametro bakoitzerako erreferentziako balioak zehaztuko dira programa horretan, bai eta beste hauek ere: laginketarako eta analisirako metodologia; kontrol-puntuak non dauden kokatuta xehetasunezko kartografian; kontrol horien maiztasuna, eta guztia gauzatzeko aurrekontu xehatua.

E.4.– Ingurumena zaintzeko programaren emaitzak bidaltzea.

Ingurumena zaintzeko programa osatzen duten analisi eta txostenen emaitzak behar bezala erregistratuko dira, eta organo substantibora bidaliko dira.

Ingurumena zaintzeko programaren emaitzekin batera, ingurumen-gaietan espezializatutako erakunde batek egindako txostena ere aurkeztu behar da. Txosten horretan emaitzen analisia jasoko da, epe horretan izandako gertakari nagusiak bereziki aipatuta, haien kausa eta konponbideak eta, halaber, laginak nola hartu diren zehaztuko da, aldez aurretik egin ez bada. Proiektuaren sustatzaileak datuak euskarri egokian bilduko ditu bi urtez gutxienez, eta datu horiek administrazio publikoen ikuskaritza-zerbitzuen eskura jarriko dira; hori guztia, hala ere, ez da eragozpen izango kasu bakoitzean aplikagarri den araudia betetzeko.

F) Baldin eta araudi berria indarrean jartzeak edo barneratzen diren sistemen egitura eta funtzionamenduari buruzko ezagutza berri esanguratsuetara egokitu beharrak hala eginarazten badigute, babes- eta zuzenketa-neurriak eta ingurumen-zaintzako programa aldarazi ahal izango dira, bai neurtu behar diren parametroen kasuan, bai eta neurketaren aldizkakotasuna eta aipatutako parametroek hartu behar duten tarteari dagozkion mugen kasuan ere. Ingurumen-organoak, era berean, aldatu egin ditzake babes- eta zuzenketa-neurriak eta ingurumena zaintzeko programa, jardueraren sustatzaileak hala eskatuta, edo ofizioz. Hori guztia, ingurumena zaintzeko programan lortutako emaitzetan oinarrituta, edo ingurumen-inpaktuak saihesteko ezarri diren babes-, zuzenketa- eta konpentsazio-neurriak nahikoak ez direla egiaztatzen bada.

Hirugarrena.– Lau urteko epea jartzen da proiektua gauzatzen hasteko, eta epe hori ingurumen-inpaktuaren adierazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen denetik hasiko da. Epe hori igaro eta artean ez bada hasi proiektua gauzatzen, ingurumen-inpaktuaren adierazpen honi amaitu egingo zaio iraunaldia, eta utzi egingo dio dagozkion ondorioak sortzeari. Kasu horretan, sustatzaileak berriro hasi beharko du proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazioaren izapidea, non eta ez den erabakitzen ingurumen-inpaktuaren adierazpenaren indarraldia luzatzea. Hori guztia, otsailaren 27ko 3/1998 Legearen 47.8 artikuluan eta abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 43. artikuluan ezarritakoarekin bat.

Laugarrena.– Aurreko apartatuan xedatutakoaren ondorioetarako, proiektuaren sustatzaileak aldez aurretik jakinarazi beharko dio ingurumen-organoari noiz hasiko den proiektua gauzatzen.

Bosgarrena.– Ingurumen-inpaktuari buruzko adierazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea.

Vitoria-Gasteiz, 2021eko abuztuaren 4a.

Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendaria,

JAVIER AGIRRE ORCAJO.


Azterketa dokumentala