191. zk., 2021eko irailaren 23a, osteguna
- Bestelako formatuak:
- PDF (307 KB - 10 orri.)
- EPUB (234 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
4866
EBAZPENA, 2021eko abuztuaren 4koa, Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariarena, zeinaren bidez formulatzen baita Errenteria/Lezoko «Altzate» 16. eremuaren Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren aldaketa puntual partzialari buruzko ingurumen-adierazpen estrategikoa.
AURREKARIAK
«16.– Altzate» eremuko Hiri Antolamenduko Plan Berezia, Errenteriako Udalak 2007ko uztailean eta Lezoko Udalak 2007ko azaroan behin betiko onetsi zuten.
2019ko otsailaren 20an, Errenteriako Udalak eskabide bat aurkeztu zuen ohiko ingurumen-ebaluazio estrategikoaren prozedurari hasiera emateko, honako plan honi dagokionez: «Altzate» (Errenteria/Lezo) Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren Aldaketa Puntual Partziala (aurrerantzean, HAPBaren aldaketa). 2019ko ekainaren 12ko ebazpenaren bidez, orduko Ingurumen Administrazioko Zuzendaritzak HAPBaren aldaketaren ingurumen-azterketa estrategikoaren irismen-dokumentua egin zuen, urriaren 16ko 211/2012 Dekretuaren 10. artikuluan (dekretu horrek planen eta programen ingurumen-ebaluazio estrategikorako prozedura arautzen du) eta Ingurumen Ebaluazioari buruzko Legean (abenduaren 9ko 21/2013 Legea) ezarritakoaren arabera.
Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 21. artikuluan eta Planen eta programen ingurumen-ebaluazio estrategikoa egiteko prozedura arautzen duen urriaren 16ko 211/2012 Dekretuaren 12. artikuluan ezarritakoari jarraikiz, Errenteriako Udalak Planaren jendaurreko informazioaren izapidea bete zuen, plana bera eta haren ingurumen-azterketa estrategikoa 45 egunez jendaurrean jarrita (2020ko azaroaren 26ko Gipuzkoako Aldizkari Ofiziala, 227. zk.), haren eraginpean zeudenek egoki ikusten zituzten alegazioak egin zitzaten, beren interesen defentsan.
Era berean, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 22. artikuluan ezarritakoa aplikatuz, Errenteriako Udalak kontsulta egin zien eraginpeko administrazio publikoei eta interesdunei, zeinak aurretik ere kontsultatuak izan baitziren arauaren 19. artikuluan ezarritakoaren arabera, eta 45 eguneko epea eman zien egoki iritzitako txostenak eta alegazioak aurkez zitzaten. Horien ondorioak espedientean daude jasota.
2021eko uztailaren 20an, Errenteriako Udalak Planaren ingurumen-adierazpen estrategikoaren eskabidea osatu zuen, Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko Lege Orokorrean (otsailaren 27ko 3/1998 Legea) eta abenduaren 9ko 21/2013 Legean ezarritakoari jarraikiz. Eskabidearekin batera honako hauek aurkeztu zituzten: Plana behin-behinean onartzeko dokumentua, haren ingurumen-azterketa estrategikoa eta jendaurreko informazioaren izapidea eta eraginpeko administrazio publikoei eta interesdunei entzunaldia egiteko izapidea azaltzeko zenbait dokumentu.
Errenteriako Udalak jakinarazi du sei alegazio jaso dituztela, jendaurrean jartzeko izapidearen ondorioz, bai eta zenbait txosten ere, eraginpeko administrazio publikoei eta interesdunei entzuteko izapideari erantzunez, administrazio-espedientean jasotako emaitzarekin eta edukiarekin. Kontsulten integrazioa eta Planaren behin betiko proposamena idaztean kontuan nola hartu dituzten azaldu du, halaber.
ZUZENBIDEKO OINARRIAK
Ingurumen Ebaluazioari buruzko Legearen (abenduaren 9ko 21/2013 Legea) 1. artikuluan xedatutakoaren arabera, lege horren helburua da ingurumen-efektu nabarmenak izan ditzaketen planen ingurumen-ebaluazioa arautu behar duten oinarriak ezartzea, eta ingurumenaren babes-maila handia bermatzea, garapen jasangarri bat sustatzeko.
Era berean, Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 42. artikuluaren arabera, ingurumen-inpaktuaren ebaluazioek era egokian bermatuko dute, besteak beste, plangintza-prozesuaren lehen faseetan egingo dela ingurumenaren gaineko eraginen analisia, betiere, aukerarik egokienak hautatzeko asmoz, eta aintzat hartuta hor gauzatuko diren jardueren metatze- eta sinergia-ondorioak.
Abenduaren 9ko 21/2013 Legean ezarritakoa aplikatuz, administrazio publiko batek onartutako planetan beharrezkoa izango da ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egitea, baldin eta lege-mailako xedapen batek ebaluazioa egin eta onartzea eskatzen badu, horrek ingurumenean izan ditzakeen ondorio esanguratsuengatik.
Halaber, otsailaren 27ko 3/1998 Legearen 46.1 artikuluan ezarritakoari jarraituz, ingurumen-inpaktuaren gaineko ebaluazio bateratua egin behar da, hau da, ingurumen-ebaluazio estrategiko bat, aipatutako legearen I. eranskineko A) apartatuan jasotako planak diren kasuan, baldin eta plan horien artean badaude ingurumenean ondorio adierazgarriak eragin ditzaketen planak.
Halaber, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 17. artikuluan eta hurrengoetan eta Planen eta programen ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazio estrategikoa egiteko prozedura arautzeko urriaren 16ko 211/2012 Dekretuaren 8. artikuluan eta hurrengoetan adierazitakoaren arabera, bai Errenteriako Udalak, bai Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak beharrezkoa den guztia xedatu dute Planaren ingurumen-ebaluazio estrategikoaren prozedura aurrera eramateko ingurumen-azterketa estrategiko baten bidez, zeinaren irismena aurrez ezarri baita kontsulta publikoen eta eraginpeko administrazio publikoen eta herritar interesdunen parte-hartze prozeduraren bitartez.
Altzate 16. eremuaren Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren ingurumen-ebaluazio estrategikoaren espedienteko dokumentazio teknikoa eta txostenak aztertu ondoren, eta kontuan hartuta ingurumen-azterketa estrategikoa egokia dela, indarrean dagoen araudiari egokitzen zaiola eta irismeneko dokumentuan jasotako baldintzak betetzen dituela, ingurumen-adierazpen estrategiko hau eman du Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak, organo eskuduna baita Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren eta otsailaren 23ko 68/2021 Dekretuaren arabera, zeinaren bidez ezartzen baita Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organiko eta funtzionala. Esandako adierazpen horretan, ingurumenaren arloko alderdiak Planaren proposamenean txertatzearen aldeko balorazioa egiten da, eta Plan horrek ingurumenean eragingo dituen inpaktu esanguratsuen aipamena ere jasotzen da, azkenean onartuko den Planean sartu beharreko azken zehaztapenak barnean direla, ingurumen-ondorioetarako bakarrik.
Xedapen hauek hartu dira kontuan: otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorra, Euskal Herriko Ingurugiroa Babestekoa; abenduaren 9ko 21/2013 Legea, Ingurumen Ebaluazioari buruzkoa; urriaren 16ko 211/2012 Dekretua, Planen eta programen ingurumen-ebaluazio estrategikoaren prozedura arautzen duena; otsailaren 23ko 68/2021 Dekretua, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organiko eta funtzionala ezartzen duena; urriaren 1eko 39/2015 Legea, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; eta urriaren 1eko 40/2015 Legea, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzkoa eta aplikatzekoa den gainerako araudia. Horiek horrela, honako hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Altzate 16. eremuaren Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren aldaketa puntualari buruzko ingurumen-adierazpen estrategikoa egitea, jarraian zehazten den moduan:
A) Altzateko Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren (aurrerantzean, HAPB) Aldaketa Puntual Partzialaren xede den «Altzate» hirigintza-eremua bi azpieremuk osatzen dute, Errenteria eta Lezoko udalerrien artean. Compañía Logística de Hidrocarburos izenekoaren lehengo lurrek osatzen dute, funtsean, eremu nagusia; bertan zeuden CAMPSAren deposituak. Honako muga hauek ditu: hegoalde eta mendebaldean, Oiartzun itsasadarra, Pasaiako badiako bokalean; iparraldean, trenbideak, eta ekialdean, Jaizkibel etorbidea. Bigarren azpieremua, lehenengoaren ekialdean, Panier Fleuri izenekoa, aparkaleku publiko gisa erabiltzen den zuhaizti txiki bat da, Errenteriako Zamalbide kalearen hasieran, itsasadarreko pasabidearen ondoan.
Eremuak, guztira, 54.447 m2-ko azalera du, eta honako hauek hartzen ditu barnean: Altzate 16. eta Panier Fleuri 18/01 EU eremuak, Errenterian; eta Altzate 30. HAE, Lezon. Eremu osoak hiri-lurzoruko sailkapena du.
HAPBaren aldaketaren helburu nagusia hiri-antolamendu berri bat ezartzea da, denborak aurrera egin ahala sortutako egoera eta behar berrietara egokitua, eta antolamendu xehatuaren zenbait alderdi zuzentzea. Zehazki, Altzate azpieremuaren hirigintza-antolamenduaren alderdi jakin batzuei eragiten die, hala nola antolamenduaren beraren doikuntzari, Errenteriako udal-mugartean lurzati tertziario / hotel-lurzati bat sartzeari edo Altzaterekiko bide-loturaren irtenbide berriari. Eta, horrez gain, Larrañaga 27. HAE baztertzen du, Lezoko 2011ko HAPOan berariaz hala zehaztuta.
Halaber, HAPBaren aldaketak ez ditu aldatzen Panier Fleuri azpieremuaren egungo zehaztapenak, eta 2007ko HAPBan ezarritako zonakatze xehatuaren araubidea finkatu da.
Honako hauek dira HAPBaren aldaketaren helburu zehatzak:
– Eraikin-blokeen antolaketa aldatzea, herritarrek, itsasadarraren ezkerreko ertzetik, eraikinen ikuspegi iragazkorra izan dezaten laguntzeko. Horretarako, eraikigarritasunaren zati bat barnealderantz mugituko da, eta horri esker, luzera txikiagokoak izango dira eraikinak itsasadarraren aurrealdean.
Horrela, itsasadarraren aurrean aurreikusitako eraikinak lautik zazpira igaroko dira, baina eraikinen luzera gutxitu egingo da, 280 metrotik 140 metrora. Hori guztia lortzeko, arestian aurreratu bezala, eraikigarritasuna atzerago eramango da eremuaren barnealdean, itsasadarraren bigarren lerro modura, eta handitu egingo da eraikinen profila (hiru solairu oro har).
– Gehieneko etxebizitza kopurua egokitzea; hori horrela, 2007ko HAPBan aurreikusitako oraingo 262 eraikinak, bizitegi-tipologia ezberdinen etorkizuneko premien arabera betiere, 278 etxebizitza izango dira. Nolanahi ere, kopuru orientagarria da, eta gutxiago edo gehiago izango dira unean uneko beharren arabera.
– Errenteriako hotelera bideratutako erabilera tertziarioko lurzatia berreskuratzea. Erabilera horretara bideratuko da itsasadarraren bigarren lerroko zazpigarren eraikina, bokaletik hurbilen dagoena. Hala, 2007ko HAPBko bizitegi-eraikigarritasunaren zati bat (2.000 m2s inguru) Errenteriako erabilera tertziarioko eraikin batera (hotela) bideratuko da.
– Erabilera eta gozamen publikorako zuzkidura-multzoa tokiz aldatzea; hala, erdigunean kokatuko da, itsasadarreko lehen lerroan. Erdisotoko eta beheko solairuko eraikin bat izango du, 1.400 m2s-ko eraikigarritasunarekin.
– Sestra gainean aurreikusitako hirigintza-eraikigarritasuna murriztea. Zehazki, 2.900 m2s gutxiago izango dira, teilatupeko solairurik ez dagoelako, eraikuntza-tipologia berriak ez baititu onartzen; hau da, gaur egungo 32.775 m2s horietatik 29.875 m2s izatera igaroko da.
Beraz, HAPBaren aldaketak 11 eraikin ordenatzen ditu guztira; horietatik, bederatzik bizitegi-erabilera dute, batek hotel-erabilera du, eta beste batek zuzkidura-erabilera.
Honako proposamen hauen bidez komunikazio-sarearen zenbait alderdi zuzentzea proposatzen du, halaber:
– Tokiko bideak gutxitzea, bizitegi-erabilerako eraikuntzen ingurunean; hala, bide horiek behar diren eta 2006ko LHLk eskatutako aparkalekuetara, bai eta Errenteriako Udalak eskatutako zuzkidura batera ere, sartzeko baino ez dira erabiliko.
– Ingurune gertuenetik Altzaterako bide-irisgarritasun hobea lortzea, Lezon; indarrean dagoen antolamendukoaren antzekoa, baina hobeto neurtuta aurreikusitako trafikoaren arabera.
Altzateko irisgarritasuna konpontzea, itsasadarraren ezkerraldetik, Errenteriako Iztieta 15. eremuarekin lotzen duen ibilgailu eta oinezkoentzako zubi berri bat eraikiz.
Aldi berean, espazio libreak eta oinezkoentzako ibilbideak hobetzea proposatzen du:
– Parke berde handi bat sortzea (ibai-pasealekua izenekoa), 420 metroko luzerakoa eta 20 eta 40 metro arteko zabalerakoa, itsasadarraren eskuinaldean. Ibai-pasealeku horretan bidegorria egongo da, bai eta oinezkoentzako bidea ere.
– Oinezkoentzako pasealekuak sustatzea, itsas-adarraren ertzean ez ezik, baita egoitza-erakinen artean ere, eta Errenteriaren eta Lezoren arteko zeharkako komunikazioa bultzatzea.
– Itsasadarraren eskuinaldeko ertzeko oinezkoen pasealekua Altzaterekin integratzea, eta haren barnealdearen eta ertzeko pasealekuaren beraren arteko lotura handiagoa lortzea.
– Hondartza berde bat sortzea, horretarako dagoen harri-lubeta desmuntatuko da eta ezponda ireki bat sortuko, ibaira hurbildu eta ibai-jarduerak egin ahal izateko.
– Itsasadarraren eskuineko ertzean harmailak eta landaredia tartekatuta jartzea, herritarren eta itsasadarraren arteko interakzioa sustatzeko, eta horrekin batera, hormigoizko lubeta naturalizatzea eta ingurumenaren aldetik leheneratzea.
Eremuan jarduteko 4 aukera aztertu dira guztira.
– 0 aukera edo esku-hartzerik ez egitea: indarrean dagoen Plan Berezia ez aldatzea eta ez garatzea, hau da, lursailak hirigintza-garapenetik eta hiri-hazkundetik kanpo uztea. Egoera horretan, lursailak abandonatuta eta hiri-bilbetik nahiz landa-ingurunetik deskonektatuta geratuko lirateke, itsasadarraren zati antropizatu batek, hiriguneek eta azpiegiturek inguraturik; hala, ingurumen-balio aipagarririk gabeko eremu interstizial bat sortuko litzateke, eta ez litzateke egongo horiek modu natural batez leheneratzeko ia aukerarik (lurzorua ere galdu da), ezta bestelako erabilerarik emateko ere.
– A aukera: indarrean dagoen HAPBa garatzea. Hirigintza aldetik, eremua hiri-bilbean integratuko litzateke, egungo ibaiertzeko pasealekua zabalduko litzateke, Altzate eremua Iztieta eta Ondartxo auzoekin lotuko litzateke, Jaizkibel hiribideraino bide berri batekin jarraituko lukeen zubi berri bat eginez, eta horri esker, eremu berrirako sarbide eta irteera zuzenak egongo lirateke hiriarteko korridore horretatik, eta lotura zuzena, orobat, auzo berriaren eta Errenteriako erdigunearen artean, zubi horren bidez. Hala ere, HAPB hori onartu zenetik (2007) igarotako denbora igarota, arau- eta hirigintza-aldaketak izan direla hartu behar da kontuan, eta, ondorioz, edukia zaharkituta geratu dela.
– B aukera: Aurreko aukeran oinarrituta, Errenteriako Udalak antolamendu alternatibo bat garatu zuen, eta, bertan, bizitegi-eraikigarritasuna eta etxebizitza kopurua handitzeko aukera planteatu zen. Horretarako, 10 altuerako lau bizitegi-bloke proposatu ziren, orrazi modura jarriak; beheko solairuan zokaloa izango dute, merkataritza-erabilera hartzeko, eta lerrokadura jarraitua sortuko da iparraldeko fatxadan. Itsasadarraren paraleloan, ibai-pasealekuari eutsi zaio, eta ipar-mendebaldeko muturrean zazpi solairuko bloke bat egongo da, hotel-erabilerarako, eta bere aparkaleku independentea izango du. Kontrako izkinan erremate modura bereiziko da zokaloa, beheko solairuaren gaineko lau solairurekin.
– C aukera: Aurreko proposamena aldatu da, hirigintzako eta sektoreko kontsiderazio berriak biltzeko, eta, era berean, Altzate osorik garatzeko balio izateko. Horrela, itsasadarretik zeharkako iragazkortasuna bermatzen du, eta ILJBaren eraginpeko eremuan arkitektura-pantailak eratzea saihesten da; oinezkoentzako eta txirrindularientzako ibilbideen sare handiagoa du, eta bestelako ezaugarri batzuk ere baditu, lehen adierazitakoak, eta horregatik aukeratu du Errenteriako Udalak.
Adierazi bezala, HAPBaren aldaketaren xede den eremuak 54.447 m2-ko azalera du, eta bi azpieremuk osatzen dute: Altzate erdiko azpieremua, non, beste batzuen artean, CLHren instalazio zaharrak dauden, eta Panier Fleuri azpieremuak. Aldaketaren xede den azalera osoa Errenteria (% 80) eta Lezo (% 20) udalerrien artean dago, eta Oiartzun ibaiak mugatzen du hegoaldean.
Ingurumen-ezaugarriei dagokienez, hiri-eremu degradatu bat da, industria-erabilera zuen lehen, eta ordutik datozen eraikin batzuk geratzen dira bertan gaur egun; ingurumenaren aldetik ez dago natura-balio bikainak direla-eta nabarmendu beharreko eremurik, ez eta kultura-balioengatik ere, eta ingurumen-arrisku batzuk antzeman daitezke bertan. Hala bada:
– Altzateko azpieremu nagusia bat dator irailaren 30eko 165/2008 Dekretuan –Lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak izan dituzten edo dituzten lurzoruen inbentarioari buruzkoan–, industriako 20067-00157 kodeaz, jasota dagoen kokapen batekin, erregaien depositua eta biltegiratzea egon baitzen han.
– Panier Fleuri azpieremua Oiartzungo itsasadarraren eskuinaldean dago, eta 500 urteko errepikatze-denborako uholde-arriskuaren eraginpean dago. Altzate azpieremuak ez du uholde-arriskurik, halere, eta bertan gauzatuko da hirigintza-garapen ia osoa. Nolanahi ere, egoera hidraulikoa kontuan hartu beharko da. Ibaiertza leheneratzeko eta Altzaten «hondartza berde» bat sortzeko jarduketen ondorioz balitekeelako egungo ibaiertzaren topografia eta konfigurazioa aldatzea.
– Altzate azpieremuaren zati bat itsaso eta lehorraren arteko jabari publikoaren babes-zortasunaren (ILJB) gainean dago; hala ere, proiektatutako eraikin guztiak babes-zortasunetik kanpo daude, eta espazio libreek hartzen dute.
– Eremu horretan, zarata-iturri nagusiak ADIFeko trenbidea eta GI-636 errepidearen hasiera dira, zeina aurrera baitoa GI-20 errepidearekin bat egin arte, eta Errenteria eta Irun lotzen ditu.
Eremuaren kokapena eta garapenaren neurriak kontuan hartuta, HAPBaren aldaketaren inpaktu nagusiak hura garatzeko jarduketak gauzatzeko fasearekin lotuta egongo dira, hala nola: lur-mugimenduak, Oiartzungo itsasadarraren gaineko zubiaren eraikuntza, urbanizazio-lanak eta eraikinen eraikuntza, eta lan horien ondorioz honako afekzio hauek egongo dira, besteak beste: baliabideen kontsumoa; lurren eta indusketa-soberakinen kudeaketaren ondoriozko afekzioak eta eraikuntzako eta eraispeneko hondakinak sortzearen ondoriozkoak; hautsa eta bestelako kutsatzaileak atmosferara igorriz kalitate atmosferikoa gutxitzea; zarata egitea, eta mugitutako partikulen eta ezusteko isurketen ondorioz lurrazaleko uren eta lurren kalitatea gutxitzea.
Ustiapen-fasean, berriz, eraginak bizitegi-garapen berriaren paisaia-inpaktuarekin lotuta egongo dira, bai eta baliabide- eta energia-kontsumoa handitzeak eta eremuko mugikortasuna handitzeak eragindako afekzioekin lotuta ere.
Eremuko baliabide hidrologikoei eta Oiartzun itsasadarraren eskuineko ertza hobetzeko jarduketen ondoriozko uholde-arriskuei dagokienez, Uraren Euskal Agentziak egindako txostenaren arabera ez dago eremua garatzeko eragozpenik, sustatzaileak aurkeztutako azterketa hidraulikoa kontuan hartuta (Altzateko eremuan, proposatutako antolamendua aintzat hartuta, 500 urteko errepikatze-denborako uraldirako uholde-arriskurik ez dagoela adierazten du azterketa horrek), betiere haren txostenean eta Añarbeko Urak sozietatearen txostenean ezarritako baldintzak betetzen badira.
Eremuaren egoera akustikoari dagokionez, ingurumen-azterketa estrategikoan jasotako azterlan akustikoaren ondorioen arabera, eremuaren zatirik handienean ez dira betetzen hirigintza-garapen berriari ezarri beharreko kalitate akustikoaren helburuak, ez gaur egun, ezta etorkizunean ere –20 urteren buruan–, kanpoko eta fatxadako zaratari dagokionez. Gainera, eremua antolatzeko aukerak aztertuta, ez da aurkitu egoera akustiko hori hobetuko duenik. Hala, eremua babes akustiko bereziko eremu izendatzea proposatzen da, eta etorkizuneko zonako planera gehitzeko neurriak proposatu dira:
– Pantaila akustikoa GI-636 errepidean (398 metro luze, 4 metro garai eta 0,5eko a-ko xurgapen-koefizientea).
– Trenbideko itxitura-horma, ipar-ekialdeko mugan, etenik gabe.
– Zirkulazio-abiadura 30 km/h-ra mugatzea aurreikusitako eremuan egin beharreko bideetan.
– Fatxadetan barne-isolamendua jartzea.
Nolanahi ere, ingurumen-inpaktuak baloratzeko, erreferentziatzat hartu beharko da indarrean dagoen antolamenduan aurreikusitako egoera; 2007ko HAPBan, alegia. Hori horrela, HAPBaren aldaketan proposatutako jarduketek ez dituzte eraginak areagotzen HAPBan eremu horretarako aurreikusitakoaren aldean. Hala, HAPBaren aldaketak ez du handituko urak kutsatzeko arriskua, ezta uholde-arriskua ere, eta a priori ez du egoera akustikoan izango duen eragina aldatuko HAPBarekin alderatuta. Horrez gain, indarrean dagoen plangintzaren aldean, HAPBaren aldaketak eremuaren paisaia hobetzen laguntzen duela uste dugu; izan ere, itsasadarrari protagonismo handiagoa ematen dio, gune libre handiak uzten ditu ibaiertzean eta eraikinak itsasadarretik aldentzen ditu.
B) Ingurumen-adierazpen estrategiko hau bat dator ingurumen-azterketa estrategikoaren ondorio nagusiekin, eta, bere ustez, behar adina justifikatu da Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzaren 2019ko ekainaren 12ko Ebazpenean aurkeztutako ingurumen-irizpideak txertatu izana. Ebazpen horren bidez formulatu zen «Altzate» (Errenteria/Lezo) Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren Aldaketa Puntual Partzialaren ingurumen-azterketa estrategikoaren irismen-dokumentua.
Aipatutako ingurumen-organo horrek emandako irismen-dokumentuan eskatutako sakonera, xehetasun-maila eta espezifikazio gradua bermatuz egin da Planaren ingurumen-azterketa estrategikoa. Ingurumen-izapidean adierazitako alderdi guztiak bete direla irizten da; planifikazio-prozesuan ingurumenean eragin daitezkeen ondorioak kontuan hartu direla bermatzeko behar bezain zorrotz bete direla, hain zuzen.
C) Plana izapidetzean, ez da gehitu ingurumen-azterketa estrategikoa zabaltzea eskatzen duen jarduketa berririk, eta ez da atzeman birdefinitu edo kendu behar den Planaren jarduketarik.
D) Indarrean dagoen araudiaren arabera hartuko dira neurri babesleak, zuzentzaileak, konpentsatzaileak eta jarraipenekoak, baita hurrengo apartatu hauetan xedatutakoaren arabera eta, aurrekoa galarazten ez dutenetan, ingurumen-azterketa estrategikoan aurreikusitakoaren arabera ere.
Oro har, ingurumen-balioen babesa lehenetsiko duten neurriak aplikatu beharko dira, hau da, Planetik eratorritako jarduketak gauzatzean proposamen zehatzak aztertu beharko dira, eta ingurumen-balioak mantentzen direla bermatzeko neurriak jorratu beharko dira. Zehazki, plana garatzeko proiektuak idazten direnean, kontuan hartuko dira honako alderdi hauek:
D.1.– Lurzoruaren kalitatea aurreikusitako erabilerekin bateragarria dela bermatzeko neurriak.
HAPBaren aldaketaren eremua bat dator lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak izan dituzten edo dituzten lurzoruen inbentarioan jasotako industriako lurzati batekin (kodea: 20067-00157). Hori dela eta, sustatzaileak kontsulta egin behar dio autonomia-erkidegoko ingurumen-organoari, ebazpen arrazoituaren bidez irizpena eman dezan dagoen adierazpenaren baliozkotasunari buruz, eta, hala badagokio, baliozkotasun horri eusteko baldintzak ezar ditzan, Lurzorua Kutsatzea Saihestu eta Kutsatutakoa Garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 25.3 artikuluan ezartzen den bezala.
D.2.– Kultura-ondareari dagozkion neurriak.
6/2019 Legeak, maiatzaren 9koak, Euskal Kultura Ondareari buruzkoak, ezarritako gainerako xedapenekin bat etorriz, obretan aztarna arkeologikoren bat egon daitekeela pentsarazten duen zerbait aurkitzen bada, berehala jakinaraziko zaio Gipuzkoako Foru Aldundiko Kulturako Zuzendaritzari; gero, beharrezkoa izanez gero, hark erabakiko du zer neurri ezarri.
D.3.– Zaraten eraginak gutxitzera bideratutako neurriak.
Lanek iraun bitartean, jardunbide egokiak aplikatu beharko dira sorburuan zaratak murrizteko, bereziki indusketa-, eraispen-, zamalan- eta garraio-lanetan, baita erabilitako makineriaren mantentze-lanetan, zaraten eta bibrazioen murrizketan, eta erabilitako ekipamenduen zaraten kontrolean ere.
Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustiko, kalitate-helburu eta emisio akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen emisio akustikoei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, egokitu beharko dira, hala badagokie, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten emisio akustikoak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan (apirilaren 28ko 524/2006 Dekretuak aldatu du) eta arau osagarrietan ezarritakora.
Beste alde batetik, Plana garatzetik eratortzen diren proiektuen ondoriozko obrek sortutako soinu-mailak, obra horien eragin-eremuan, ezingo ditu gainditu Euskal Autonomia Erkidegoko kutsadura akustikoari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuan ezarrita dauden kalitate akustikoaren helburuak.
Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen duenari jarraikiz, ezin izango dira gauzatu garapen berriak kanpoko ingurunean kalitate akustikoaren helburuak betetzen ez badira, hargatik eragotzi gabe dekretu horren 43. eta 45. artikuluetan xedatutakoa.
D.4.– Lurraldeko ekologia leheneratzeko neurriak.
Nolanahi ere, ingurumena eta paisaia leheneratzeko lanak egingo dira, hirigintza-garapena gauzatzearen eraginpean dauden gune guztietan, aurreikusiz landareztatze-lanetan batez ere espezie autoktonoak erabiliko direla, eta beren-beregi saihestuko dela prozesu inbaditzaileak sor ditzaketen kanpoko espezieak erabiltzea.
Planaren esparruko espazio berdeak diseinatzeko, Lorategi eta berdegune jasangarriak diseinatzeko eskuliburua hartuko da kontuan, Udalsarea 21en lan-koadernoa, 20. zenbakia b, 2017ko apirilekoa (http://www.udalsarea21.net/Publicaciones/Ficha.aspx?IdMenu=892e375d-03bd-44a5-a281-f37a7cbf95dc&Cod=ec1f62b8-a941-4c9a-9280-e4202e656a69&Idioma=eu-ES).
Neurriak hartuko dira ahalmen inbaditzaileko espezie aloktonoen zabalkundea saihesteko (Buddleja davidii, Fallopia japonica, Robinia pseudoacacia, Cortaderia selloana, etab.). Ildo horretan, kontrol-neurriak hartuko dira landare-espezie inbaditzailerik sar ez dadin iraulitako eta landarerik gabe utzitako lursailen bidez (prestatutako gainazaletan segituan landatzea eta ereitea, landare-lurren pilaketen babesa eta abar). Gainera, landare-lurrak modu berezituan kudeatzea proposatuko da, baldin eta lur horiek aipatutako espezieak barreia ditzaketen propaguluak badituzte.
D.5.– Eraikingintza eta eraikuntza jasangarriaren aldeko neurriak.
Eraikingintza eta eraikuntza jasangarriagoetarako beharrezko ezaugarriei dagokienez, Etxebizitzen eraikuntza iraunkorrerako gidan (https://www.ihobe.eus/argitalpenak) jasotako neurriak eta ingurumen-jardunbide egokiak erabiliko dira eraikinen energia-aurrezpena eta -efizientzia bultzatzeko eta energia berriztagarriak sustatzeko. Neurri horiek, gutxienez, honako alderdi hauetan eragin beharko dute:
– Materialak. Lehengai berriztaezinen kontsumoa murriztea.
– Energia. Iturri berriztaezinen bidez sortutako energiaren kontsumoa eta/edo ekoizpena murriztea.
– Edateko ura. Edateko uraren kontsumoa gutxitzea.
– Ur grisak. Ur gris gutxiago sortzea.
– Atmosfera. Gas-, hauts-, bero- eta argi-emisioak murriztea.
– Barne-kalitatea. Barruko airearen kalitatea, erosotasuna eta osasuna hobetzea.
D.6.– Neurri orokorrak, balio naturalak babesteko aurreikusitako garapena gauzatzen den bitartean.
Oro har, ingurumen-balioen babesa lehenetsiko duten neurriak aplikatu beharko dira, hau da, aurreikusitako garapenetarako ingurumen-balioak mantentzen direla bermatzeko neurriak hartu beharko dira. Bereziki:
– Obrako langileek erabili behar duten jardunbide egokien gidaliburuak gai hauekin zerikusia duten alderdiak bilduko ditu, gutxienez: obraren okupazio-mugak kontrolatzea, kontuan hartuz natura-ondareko elementuak daudela (horietan, babes-perimetroa ezarriko da), lanaldiak, makineria, aldi baterako desbideratzeak, ibilguetara isurketarik ez egitea, ahalik eta hauts eta soinu gutxien sortzea, herritarren lasaitasunean eragin negatiboa izan dezaketen jardunak minimizatzea, hondakinak kudeatzea eta abar.
Halaber, egunez lan egingo da, eta kamioiek obran sartu eta irteteko erabiltzen dituzten bideak garbi mantendu beharko dira; horretarako, presioko ura edo erraztatzeko makina mekanikoak erabiliko dira.
– Hondakinak sortzea eta kudeatzea: obretan eta garbiketa-kanpainan sortutako hondakinak kudeatzeko, hondakin eta lurzoru kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legean eta arau espezifikoetan xedatutakoa beteko da.
Eraikuntza- eta eraispen-hondakinak Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen kudeaketa arautzen duen ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira.
Amiantoa duen hondakinik edo elementurik aurkitzen bada, otsailaren 1eko 108/1991 Errege Dekretuak ezarritakoa bete beharko da (errege-dekretu hori amiantoak ingurumenean sortzen duen kutsadura prebenitzeko eta murrizteko da), baita martxoaren 31ko 396/2006 Errege Dekretuak ezarritakoa ere (amiantoaren eraginpean egoteko arriskua duten lanei aplikatu behar zaizkien segurtasuneko eta osasuneko gutxieneko xedapenak ezartzen dituena).
Hondakin arriskutsuentzako ontzietarako, uztailaren 20ko 833/1988 Errege Dekretuaren 13. artikuluan ezarritako arauak bete beharko dituzte (hondakin toxiko eta arriskutsuei buruzko maiatzaren 14ko 20/1986 Oinarrizko Legea betearazteko oinarrizko araudia onartzen du dekretu horrek); itxita egongo dira baimendutako kudeatzaileak jaso arte, isuri edo lurrundu ez daitezen.
Industrian Erabilitako Olioaren Kudeaketa Arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuari jarraituz kudeatu beharko dira sortutako olio erabiliak.
Obretan hondeaketa-soberakinak sortzen badira, baimendutako soberakin-biltegira eramango dira, eta indarrean dagoen legediaren arabera kudeatuko dira.
– Lurzoruak eta lurpeko urak babestea: obra-fasean beharrezkoak diren prebentzio-neurriak eta neurri zuzentzaileak ezarriko dira, arreta handiz, ezusteko isurketen kaltea saihesteko, bereziki makineriaren mantentze-lanak egiten diren bitartean: Obrako makinen parke gisa erabiltzen den lurrazala eta horren mantentze-eremua drainatze naturaleko saretik isolatuko dira. Zola iragazgaitza eta efluenteak biltzeko sistema bat izango ditu, olioek eta erregaiek lurzorua eta ura ez kutsatzeko. Erregaien zamalanak, olio-aldaketak eta lantegiko jarduerak ezin izango dira horretarako adierazitako eremuetatik kanpo egin.
E) Ingurumen Jarraipeneko Plana.
Azterketak ikuskatze-programa egoki bat deskribatzen du, Planaren aplikazio egokia bermatzeko eta, hala badagokio, aurreikusitakoak ez diren beste ingurumen-efektu batzuk antzemateko. Hainbat kontrol proposatu dira, aurretiko edo lanen aurreko faserako zein plana garatzeko obrak gauzatzeko faserako; kontrol horietan zenbait jarduketa egingo dira, honako hauek aintzat hartuta: kontrolatuko den eremuko alderdiak, jarraipenaren adierazle diren parametroak, helburuak, maiztasuna, erreferentziako muga-balioak edo atalaseak eta kontrol-metodologia.
F) Planetik eratorritako proiektuen ingurumen-ebaluaziorako gidalerro orokorrak.
Planetik eratorritako proiektuen ingurumen-ebaluazioan kontuan izan beharko dira lurraldearen baldintzatzaileak, baita Ingurumen Administrazioko zuzendariaren 2019ko ekainaren 12ko Ebazpenean adierazitako ingurumen-irizpideak ere. Ebazpen horren bidez, «Altzate» (Errenteria/Lezo) Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren Aldaketa Puntual Partzialaren ingurumen-azterketa estrategikoaren irismen-dokumentua formulatzen da.
Besteak beste, honako hauek nabarmendu behar dira: kutsatuta egon daitezkeen lurzoruak eta dauden eraikinak eraitsita sortutako materialak egoki kudeatzea; eremuko zein garapen berrietako kalitate akustikoa zaintzea; ingurumen-baliabideak modu jasangarrian erabiltzea, eta lurraldean egindako esku-hartzeak paisaian egoki integratzea, kalteak saihestea lehenetsiz konpentsazioaren gainetik.
Bigarrena.– Bi urteko gehieneko epea ezartzea, «Altzate» (Errenteria/Lezo) Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren Aldaketa Puntual Partziala onartzeko, ingurumen-adierazpen estrategiko hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen denetik aurrera. Epe hori igarotakoan, plana ez bada onartu, ingurumen-adierazpen estrategiko honen indarraldia amaituko da, eta hortik aurrera ez du ondorerik izango. Kasu horretan, sustatzaileak berriro hasi beharko du Planaren ingurumen-ebaluazio estrategikoaren izapidea, non eta ez den ingurumen-adierazpen estrategikoaren epea luzatzea adosten. Hori guztiori, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 27. artikuluarekin bat etorriz.
Hirugarrena.– Ebazpen honen edukia Errenteriako Udalari jakinaraztea.
Laugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea.
Vitoria-Gasteiz, 2021eko abuztuaren 4a.
Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendaria,
JAVIER AGIRRE ORCAJO.