189. zk., 2021eko irailaren 21a, asteartea
- Bestelako formatuak:
- PDF (687 KB - 32 orri.)
- EPUB (527 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
HEZKUNTZA SAILA
4826
AGINDUA, 2021eko irailaren 7koa, Hezkuntzako sailburuarena, zeinaren bidez dirulaguntza-deialdia egiten baita euskal unibertsitate-sistemako ikerketa-taldeen jarduerak 2022-2025 aldian bultzatzeko.
Deialdi hau bat dator Euskal Autonomia Erkidegoan Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren arloan indarrean dauden arauekin, eta kalitatezko ikerketa sustatzea du helburu; izan ere, jarduera horiek nazioartean egiten dira, emaitzak argitaratzen dira inpaktu zientifiko eta teknologiko handiko foroetan, eta, bestalde, lagungarri dira Euskadiko eta Europako gizarteek XXI. mendean dituzten arazo sozial, ekonomiko, zientifiko eta teknologikoak konpontzeko. Horrela, talde horiek euskal ikerkuntzak Europako Ikerketa Eremuan dituen erronkei aurre egiteko behar besteko tamaina eta masa kritikoa lortuko dute, arlo desberdinetako adituen arteko batasuna sustatuz, aditu horiek prestakuntza handia baitute, eta ikerketa-proiektuetan, ezagutza-transferentzian eta graduondoko prestakuntza-programetan buru-belarri baitihardute.
Programa honen bidez, euskal unibertsitate-sistemako ikerketa-taldeei lagundu nahi zaie. Horretarako, finantzaketa osagarria eskaintzea aurreikusten da, beste deialdietako finantzaketaz gainera, baita Euskal Autonomia Erkidegoko ikerketa-taldeak aintzatestea ere. 2007an hasitako jarduera-ildoarekin jarraitzen du; unibertsitateko ikerketa-taldeak sendotzera eta, laburbilduz, Europako Ikerketa Esparruan guztiz integratzea lortzea ahalbidetuko diguten ezagutzaren sorrera, garapen teknologikoa, berrikuntza eta ikerketa-emaitzen transferentzia sendotzera zuzenduta dago, baita talde horien ikerketako prestakuntza-gaitasuna sustatzera ere. Halaber, agindu honetan kontuan hartu dira Espezializazio Adimenduneko RIS3 Estrategian jasotako jarraibideak, gure herriko sektore publikoaren eta sektore pribatuaren lankidetza sustatzeko, nazioarteko sare eta partzuergoetan integratzeko, atzerriko ikertzaileak erakartzeko eta ezagutza gizarteari transferitu eta ezagutarazteko jarduerak gauzatzeko. Orobat, kontuan hartu dira Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako Euskadi 2030 Planean diseinatutako estrategiak, Europa mailan –Europa 2030 Estrategia– zehaztutako helburuekin bat etortzea bilatzen dutenak, ekonomia lehiakor eta dinamikoak garatzeko, ezagutzan oinarrituta, alegia, modu jasangarrian hazteko gai diren eta enplegua ikuspegi kuantitatibo zein kualitatibotik hobetzeko gai diren ekonomiak.
Deialdi honek 4 urterako finantzazioa emango die ikerketa-taldeei, 2022tik 2025erako aldian, zehazki. Gainera, lehen aldiz hartu ahal izango dute parte euskal unibertsitate-sistema osoko ikerketa-talde guztiek. Izan ere, helburua da egun dauden ikerketa-taldeentzako deialdiak bateratzea, euskal unibertsitate-sistemako talde guztiek finantzaketa egonkorra eta homogeneoa eskuratu dezaten.
Administrazio publikoen dirulaguntzak emateko jarduera arautzen duten printzipioen arabera ebatziko da deialdi hau, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan ezarritako eran, eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean eta Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuan ezarritako oinarrizko araudiarekin eta laguntzei eta dirulaguntzei aplikatzekoak zaizkien gainerako xedapenekin bat.
Beraz, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Nagusien kargutan egitekoa den gastu-espedientearen aurreratutako tramitazioa arautzen duen Ogasun eta Herri Administrazioko sailburuaren 2007ko apirilaren 26ko Aginduarekin bat etorriz,
eta adierazitako horregatik guztiagatik, honako hau xedatzen dut:
1. artikulua.– Xedea eta helburua.
1.– Agindu honen xedea da ikerketa-proiektuak egiten dituzten euskal unibertsitate-sistemako ikerketa-taldeen jarduerak bultzatzeko dirulaguntzen oinarriak ezartzea eta deialdia egitea, baldin eta ikerketa-programak Arte eta Giza Zientzietan, Zientzia Esperimentaletan, Osasun Zientzietan, Gizarte eta Lege Zientzietan, Ingeniaritzan eta Arkitekturan egiten badituzte.
Hori guztia, ikerketa ahalbidetu eta bultzatzen eta sustatzen duen oinarrizko finantzaketa bermatze aldera, eta egoitza Euskal Autonomia Erkidegoan duten unibertsitateetako sail eta unibertsitate-institutuetako taldeek egindako ikerketaren kalitate zientifikoa, inpaktu soziala eta nazioarteko oihartzuna areagotze aldera.
2.– Ebaluazio positiboa gainditu ondoren, ikerketa-taldeak Eusko Jaurlaritzaren aintzatespena lortu edo mantendu ahal izango du. Aintzatespen hori mantendu egingo da, hori aldatzen duen berariazko xedapena badago izan ezik, harik eta 5. artikuluan adierazten diren laguntza egikaritzeko epeak amaitzen direnera arte.
3.– Dirulaguntzak aurrekontuen eskuragarritasunaren arabera emango dira, eta lau urterako izango dira (2022-2025), 5. artikuluan xedatuta dagoen bezala.
2. artikulua.– Diru-baliabideak.
Deialdi honetako dirulaguntzen programaren guztizko zenbatekoa, 2022. urteko aurrekontu-ekitaldia eta 2023, 2024, 2025 eta 2026rako konpromiso-kredituak kontuan hartuta, 42.000.000 euro da, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan horretarako ezarritako aurrekontu-partidaren kontura.
Aurrekontu hori 1.1 artikuluan jasotako arloen artean banatuko da, modu honetan:
(Ikus .PDF)
3. artikulua.– Erakunde onuradunak.
1.– Laguntza hauen onuradun izango dira egoitza Euskal Autonomia Erkidegoan duten unibertsitateak, betiere horietara atxikita baldin badaude ikerketa-taldeetako ikertzaile nagusiak.
2.– Ezin izango dituzte deialdi honetako dirulaguntzak eskuratu Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13.2 artikuluan xedatutako egoeraren batean dauden unibertsitateak. Besteak beste, honako egoera hauetakoren batean daudenak:
– Bete gabe izatea zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzari lotutakoak.
– Ordaindu gabe izatea dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak.
– Dirulaguntza edo laguntza publikoak eskuratzea galarazten duen zigor penal edo administratiboren bat izatea edo horretarako desgaitzen duen legezko debeku baten pean egotea.
Betekizun horiek dirulaguntza-eskaera aurkeztu eta ematen den dirulaguntza likidatu arte bete behar dira.
Administrazioak ofizioz egiaztatuko du unibertsitateak egunean daudela zerga-betebeharretan eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharretan. Dena dela, eskatzailea egiaztatze horren aurka agertu ahal izango da, horretarako arrazoiak emanez. Hala eginez gero, beharrezkoak diren egiaztagiri eguneratuak aurkeztu beharko ditu eskaerarekin batera.
Gainerako betekizunak eskaeraren formulario elektronikoan jasotako erantzukizunpeko adierazpenaren bidez egiaztatuko dira (III. eranskina).
4. artikulua.– Ikerketa-taldeak.
Ikerketa-taldearen osaerak eta egiturak bermatu egin beharko dute posible izango dela taldea mantentzea eta taldeak dirulaguntzaren xede den aldian eta epe ertainean dituen bikaintasun zientifikoko helburuak betetzea. Laguntza horiek jaso ahal izateko, erakunde eskatzaileetako ikerketa-taldeek eta horietako kideek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:
1.– Taldeek honako kide hauek izango dituzte:
a) Doktoreak:
1) Euskal Autonomia Erkidegoan egoitza duten unibertsitateei kontratu bidez atxikitako irakasle eta langileak.
2) Zientziarako Euskal Fundazioaren/Ikerbasqueren bitartez kontratatutako ikertzaileak (Research Professor, Research Associate edo Research Fellow), destinoa Euskal Autonomia Erkidegoan egoitza duten unibertsitateetako batean dutenean.
3) UPV/EHU – CSIC unitate misto bateko ikertzaileak, BERC kategoriako ziurtapena dutenak eta erakunde horiek kontratatu dituztenak.
b) Ez-doktoreak:
1) Euskal Autonomia Erkidegoan egoitza duten unibertsitateei kontratu bidez atxikitako irakasle eta ikertzaileak.
2) Prestakuntzan dauden ikertzaileak, Euskal Autonomia Erkidegoan egoitza duten unibertsitateei kontratu bidez atxikitakoak.
Ikerketa-taldeko kide ez-iraunkorrek gutxienez laguntza egikaritzeko aldiaren erdia iraungo duen kontratu bat izan behar dute indarrean.
2.– Ikertzaile nagusia.
a) artikulu honetako 1.a atalean aipatutako doktoreen kolektiboko kide batek izan behar du ikerketa-taldeko ikertzaile nagusia, eta kontratu iraunkorra eta lanaldi osoa edo parekatua izan behar du.
b) Ikerketa-taldeak ikertzaile nagusi bakarra izango du, behean adierazitako kasuetan izan ezik. Ikertzaile nagusi kideak (INk) taldearen lidergoan duen parte-hartze aktiboa baloratuko da. Kasu hauetan justifikatu beharko da ikertzaile nagusi kide hori taldean sartu izana:
1) 1.a.3 puntuan aipatutako ikertzaile nagusiak ez badu kontratu-loturarik unibertsitate eskatzailearekin, kontratu-lotura baduen eta 2.a atalean jasotako baldintzak betetzen dituen INk bat sartu beharko da.
2) Ikertzaile nagusia irakasle atxiki edo (aurretik irakasle atxikia izanda) aldi baterako irakasle lan-kontratuduna kategorian lanaldi osoan edo parekatuan dagoen doktore bat bada eta eskaerak aurkezteko epea amaitu aurretik unibertsitateko irakasle titularren edo irakasle agregatuen irakaskuntza-kidegoetan aritzeko ziurtapena eskuratu badu, nahitaez sartu beharko da taldean 2.a ataleko betekizunak betetzen dituen INk bat.
3) Ikerketa-taldeak iraun egingo duela eta belaunaldi-aldaketa egongo dela bermatzeko, ikerketa-taldeek aukera izango dute 2.a ataleko betekizun guztiak betetzen dituen INk bat izateko, 2022-2027 aldian INka erretiratu egingo dela aurreikusten bada eta betiere 1962 baino lehenago jaiotakoa bada.
4) Ikerketa-taldeak iraun egingo duela eta belaunaldi-aldaketa egongo dela bermatzeko, nahitaezkoa izango da 2.a ataleko betekizunak betetzen dituen INk bat egotea 1956 baino lehen jaiotako IN bat buru duten taldeetan.
5) Halaber, INk bat izateko aukera izango dute Eusko Jaurlaritzak ikerketa-taldeei emandako dirulaguntzen 2016-2021 eta 2019-2021 aldietarako deialdietan ziurtapena eskuratu zuten bi talderen fusiotik sortutako talde eskatzaileek. Kasu horretan, ikertzaile nagusi bana egongo da jatorrizko ikerketa-talde bakoitzeko.
Atal honetan adierazitako egoeretan egon gabe ere INk-ren figura duten eskaerak zuzendu egin ahal izango dira; horretarako, nahikoa izango da INk hori kentzea.
3.– Ikerketa-taldeko kide gehienek lan-ibilbide bateratua egiaztatu beharko dute, 2016. urtetik eskaera egin den egunera arte, eta ikerketa-ildoen kohesioa eta bateratasuna erakutsi beharko dituzte, dela elkarrekin egindako argitalpen zientifikoen bidez, dela elkarrekin egindako proiektuen bidez, dela teknologia eta ezagutza gizartera zabaltzeko egindako jardueren bidez.
Halaber, taldeak % 10eko baterako argitalpen kopuru minimo bat egiaztatu beharko du, eta halakotzat hartuko dira, gutxienez, taldeko bi kidek parte hartu duten argitalpen zientifikoak, artikuluak, liburuak edo liburu-kapituluak. Liburuetan kideetako bat editore gisa ageri bada eta beste kide batek kapitulu batean parte hartzen badu, baterako argitalpentzat hartuko dira.
4.– Taldeetan, gutxienez, doktoreak diren 6 kide egongo dira.
5.– Taldeak ekoizpen minimo hau izan behar du:
a) 2 argitalpen zientifiko doktore bakoitzeko, 2016. urtetik laguntza-eskaera egiten den egunera arte.
Baterako argitalpenak behin baino ez dira zenbatuko. Horretarako, argitalpen zientifikotzat joko dira liburuak, liburu-kapituluak, review-ak, ebaluazioa egiten zaien argitalpen elektronikoak eta zientzia-aldizkarietako artikuluak.
Matematikaren, Fisikaren, Kimikaren, Biologiaren, Zientzia Biomedikoen, Zientzia Naturalen eta Ingeniaritza eta Arkitekturaren arloetan, ekoizpen minimo hori ziurtatzeko, Journal Citation Reports (JCR) Science Edition argitalpenean dagokion kategoria zientifikoko zerrendan jasotako aldizkarietan argitaratutako artikuluak bakarrik hartuko dira kontuan.
Gizarte eta Lege Zientzien eta Arte eta Gizarte Zientzien arloetan, ekoizpen minimoa artikulu, liburu eta liburu-kapituluen bidez ziurtatu ahalko da. Artikulu bidezko ziurtapena Web of Science (Arts and Humanities Citation Index, Social Science Citation Index, Science Citation Index, Journal Citation Reports eta Emerging Sources Citation Index) edo Scimago Journal Rank guneetan jasotako aldizkarietan argitaratutakoekin edo FECYT kalitate-zigilua aldizkarietan argitaratutakoekin egingo da soilik. Liburu edo liburu-kapitulu bidezko ziurtapena izen handiko editorialetan argitaratutakoekin egingo da (hauek izango dira erreferentziak: Scholarly Publishers Indicators in Humanities and Social Sciences SPI– eta edizio akademikoaren kalitate-zigilua –CEA-APQ–). Liburuek eta liburu-kapituluek Scholarly Publishers Indicators-etan jasotako izen handiko editorialetan, Estatuan edo nazioartean, argitaratuta egon behar dute. Halaber, ISBN kodea izan behar dute.
b) 2016. urtearen eta dirulaguntzaren eskaera-dataren artean jada amaitutako eta defendatutako doktorego-tesien kopuru bat, taldearen tamainaren arabera, doktoreak diren kideen kopuru gisa neurtuta, honako arau hau aplikatuz zehazten dena:
(Ikus .PDF)
Salbuespen gisa, 2021eko abenduaren 31n 41 urte baino gutxiagoko ikertzaile nagusia duten taldeen kasuan, eskatutako tesietako bat defendatu gabeko doktorego-tesi bat izan ahalko da, tesi-proiektua 2016. urtea baino geroago inskribatuta badago.
c) Ikerketa-proiektu lehiakor bat aktibo izatea 2019-2021 aldian. Proiektu horrek autonomia-erkidegoko, Estatuko edo nazioarteko deialdi publiko lehiakorretan lortutakoa izan beharko du; zehazki, ikerketa ebaluatzeko kanpoko agentzia ofizial eta independente batek ebaluatzen dituen deialdietako Europar Batasuneko, nazioarteko beste organismo edo erakunde batzuetako, Estatuko Planetako edo autonomia-erkidegoetako programetan. Ildo horretan, ez dira aintzat hartuko unibertsitate- edo probintzia-esparruko deialdiak, irismen mugatua baitute, ezta, besteak beste, prestakuntza- edo hezkuntza-programei, hezkuntza-berrikuntzako programei eta antzekoei, mugikortasun-proiektuei eta kongresu zientifikoak antolatzeko helburua duten proiektuei lotutako deialdiak ere. Lehia-deialdia da laguntzak edo dirulaguntzak emateko, aurkeztutako eskaera guztiak alderatzen dituen prozedura, eskaerak hurrenkera jakin batean jartzeko, aldez aurretik oinarri arautzaileetan eta deialdian balorazioa egiteko ezarritako irizpideei jarraikiz. Horrela, irizpide horien arabera balorazio handiena lortu duten eskaerei bakarrik emango zaie laguntza, deialdian eskuragarri dagoen kredituaren barruan ezarritako mugarekin.
6.– Gutxieneko ekoizpena ziurtatzea. Honela ziurtatuko dira gutxieneko ekoizpenaren betekizunak:
a) Argitalpenak. Eskatzaileek, beren ekoizpen zientifikoa ikerketa-taldeak aplikazioan txertatzen dutenean, adierazi behar dute zer ekarpen hartu behar diren kontuan argitalpenen atalean eskatzen diren gutxieneko betekizunak ziurtatzeko. Artikulu zientifikoak ziurtatzeko, aplikaziora artikuluaren lehen eta azken orria jasotzen dituen dokumentu bat igo behar du; lehen orrian ez bada aldizkariaren zenbaki edo liburukiari buruzko informaziorik agertzen, aurkibidea edo hori azaltzen duten beste orri batzuk gehituko dira. Liburu eta liburu-kapituluen kasuan, azala eta izenburua, egileak (edo editoreak), liburuaren kredituak (editoriala, ISBN eta abar), aurkibidea eta argitalpen-urtea agertzen dituen dokumentua. Liburu-kapituluen kasuan, honako hau ere erantsi behar da: kapituluaren lehen eta azken orria, eta eskatzailearen ekarpena agertzen duen kapitulu-aurkibidea.
Aplikazioak adierazitako argitalpenen zerrenda bat sortuko du (pdf), gutxieneko ekoizpenaren betekizuna ziurtatzeko. Dokumentu hori inprimatu egin behar da eta, ikertzaile nagusiak sinatu ostean, aplikaziora igo behar da.
b) Doktorego-tesiak. Tesiak ziurtatzeko unibertsitate eskatzaileek emandako dokumentua erabiliko da. Honako hauek agertu behar dute, gutxienez: izenburua, egilea, unibertsitatea, saila, data, tesiaren zuzendaritza eta kalifikazioa, nazioarteko aipamena duen tesia al den adieraziz. Dokumentua ikerketa-taldeak aplikaziora igo behar da.
c) Ikerketa-proiektuak: Unibertsitate eskatzailearen kudeaketa-unitateak emandako dokumentuaren bidez ziurtatuko dira. Honako hauek agertu behar dute, gutxienez: proiektuaren izenburua, ikertzaile nagusia, emandako dirulaguntza, erakunde finantzatzailea, erreferentzia eta indarraldia. Dokumentua ikerketa-taldeak aplikaziora igo behar da.
7.– Taldeak kanpo laguntzaileak izan ahalko ditu, betiere, ikerketa-taldeak proposatutako helburuekin koherenteak diren baterako ibilbideak egiaztatzen badituzte. Kanpo laguntzaileak irakasle bisitariak edota eskaera egin duen erakundeaz bestelako ikertzaileak izan daitezke. Laguntzaile horiek ez dira taldekidetzat hartuko eta horien ekoizpen zientifikoa ez da zenbatuko aurreko 4. atalean aipatutako ekoizpen-mailan, ezta agindu honen 12. artikuluan xedatzen den taldearen merezimenduen ebaluazioan ere. Kanpo laguntzaileek ikerketa-taldeari egiten dioten ekarpena ikerketa-taldearen egituran eta lan-planean justifikatu beharko da.
8.– Administrazio-laguntzarako langileak eta ikertzaile ez diren ikerketa-laguntzarako teknikariak ez dira taldekide moduan zenbatuko.
9.– Ikertzaile bakoitzak deialdi honetako eskaera batean baino ezingo du parte hartu.
10.– Eskaera egiten duen taldeko kideak hainbat unibertsitatetakoak izan daitezke, baina taldea, administrazio-ondorioetarako, ikertzaile nagusia atxikita dagoen unibertsitateari lotuta egongo da.
11.– Hautaketa-prozesutik kanpo geldituko dira deialdi honetan jasotako baldintzak betetzen ez dituzten edo betetzen dituztela garaiz eta dagokion moduan frogatzen ez duten ikerketa-taldeak.
12.– Ikerketa-taldera kide nahiz kanpo laguntzaile gisa sartzeko, atal honetan adierazitako betekizunak bete beharko dira, eta, horrez gain, kide hori taldera sartzea justifikatu beharko da, 18.3 artikuluan adierazitako moduan.
5. artikulua.– Dirulaguntza egikaritzeko aldia.
Egikaritzeko aldia lau urtekoa izango da. 2022ko urtarrilaren 1ean hasi eta 2025eko abenduaren 31n amaituko da.
6. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen gastuak.
1.– Diruz lagundu daitezkeen gastutzat hartuko dira, agindu honetan aurreikusitako ondorioetarako, diruz lagundutako jardueraren izaerari inongo zalantzarik gabe erantzuten dioten kontzeptuak, baldin eta oinarri arautzaile hauetan zehaztutako epean egiten badira.
Diruz lagundutako gastuen eskuratze-kostuak ez du, inolaz ere, merkatuko balioa gaindituko.
2.– Laguntza hauei dagokienez, egindako gastutzat hartuko da 19.1 artikuluan zehazten den egiaztatzeko aldia amaitu baino lehen ordaindu dena.
3.– Honako hauek dira diruz lagundu daitezkeen gastuak:
a) Ikertzaileen kontratazioa, alegia, doktore-titulua duten ikertzaileak edo prestakuntzan dauden ikertzaileak. Ikerketan laguntzeko langileen kontratazioa ere jasotzen da, eta horiek goi-mailako titulazioa, lanbide-heziketa edo beste titulazioren bat izan dezakete. Ez dira diruz lagundu daitezkeen gastuak izango ikerketan laguntzeko langileen kontratazio-gastuak, baldin eta administrazio-lanak egingo badituzte.
b) Ekipamendu txikia erostea, zientifikoa nahiz bibliografikoa. Ekipamendu horren unitate bakoitzak 20.000 eurotik behera balio behar du, BEZik gabe. Laguntza honen kargura erositako material inbentariagarriak erakunde onuradunaren Inbentario Nagusian agertu behar du, bi urtez, gutxienez, erosketa-datatik aurrera, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 31.4 artikuluarekin bat. Informatika- eta bulego-ekipamendua erosteko ez da dirulaguntzarik emango.
c) Jardueren programa egikaritzeko egin beharreko bestelako gastu batzuk. Atal honek barne hartzen ditu material suntsikorra, ikerketa-taldea nazioartekotzeko sustapen-jarduerak, prestakuntzako eta ikerketa ezagutarazteko jarduerak, espedizioak edo landa-lanak, azpikontratazioak, ikerketa-zerbitzu orokorrak eta taldearen ikerketa-helburuekin zerikusia duen beste edozein gastu, baldin eta lan-planean sartu badira.
Organo kudeatzaileak ezetsi egingo ditu diruz lagundu ezin diren gastu guztiak.
4.– Ezin izango dira diruz lagundu kontratuz erakunde onuradunekoak diren langile finkoen ordainsariak.
5.– Artikulu honetan diruz lagun daitezkeen gastuei buruz arautu ez denerako, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 31. artikuluan adierazitakoa beteko da.
7. artikulua.– Eskaerak eta dokumentazioa formalizatzea.
1.– Ikerketa-talde bakoitzak telematikoki bete beharko du eskaeraren formularioa, http://www.ikerketa-taldeak.net aplikazioa erabiliz. Horretarako, ikertzaile nagusiak alta eman beharko du erabiltzaile gisa, eta aplikazio horretan zehaztutako jarraibideen arabera jardun beharko du.
Eskaera izapidetzeko jarraibideak eskuragarri dituen administrazio-prozeduraren informazio-fitxa, eskaeraren formulariora sartzeko erabiltzen dena eta erantzukizunpeko adierazpenak eta ereduak dituena, helbide honetan eskura daiteke: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/0174403
Eskaeraren osteko izapideak, zuzenketak eta justifikazioak barnean direla, bide elektronikoz egingo dira, «Nire karpeta» atalaren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoaren helbide honetan: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta
Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan onartuta dauden identifikazio eta sinadura elektronikorako bitartekoak helbide elektroniko honetan daude eskuragarri: https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak Halaber, eskaera ordezkari baten bitartez izapidetu ahal izango da elektronikoki. Horretarako, ordezkaria Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren Ahalordeen Erregistro Elektronikoan inskribatu beharko da, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/ordezkariak.
2.– Eskaeraren datuak (I. eranskinaren arabera). Euskal Unibertsitate Sistemaren Kalitate Agentziak (Unibasq) egin behar duen ebaluazioaren oinarria dira atal honetan deskribatutako datuak. Taldekide guztien ekarpen zientifiko nagusiak jasoko dira. Ikerketa Zuzendaritzak edozein taldekideri eskatu ahal izango dio dokumentazio gehigarria aurkez dezala. Honako hauek dira datuak:
2.1.– Taldearen datuak: ikerketa-arloa, ERC panelaren identifikazio-kodea (https://erc.europa.eu/sites/default/files/document/file/ERC_Panel_structure_2021_2022.pdf), ikerketa-ildoak, gako-hitzak, gaia, RIS3 lehentasunak, helburu sozioekonomikoak. Taldearen egitura eta lidergoa, diziplinartekotasuna, operatibitatea, iraunkortasuna eta talde barruko belaunaldi-aldaketa. Taldearen lehiakortasun- eta nazioartekotze-potentziala.
Ikerketa Zuzendaritzak eskumena izango du ikerketa-taldeak aukeratutako ikerketa-arloa aldatzeko, betiere hori egiteko gomendatu badu Euskal Unibertsitate Sistemaren Kalitate Agentziak (Unibasq) eskaeran adierazitako gaia eta ikerketa-ildoak aztertu eta gero.
2.2.– Ikertzaile nagusiaren eta taldeko gainerako kideen datuak. Ikertzaile nagusi kide (INk) bat izateko beharraren justifikazioa, hala badagokio. Identifikazioa, prestakuntza akademikoa, egoera profesionala eta ibilbidea.
2.3.– Taldearen meritu zientifikoak, 2016. urtearen eta dirulaguntzaren eskaera-dataren artean. Honako hauek hartzen ditu barne:
a) Ekoizpen zientifikoa: artikuluak, liburuak, kapituluak eta taldearen bestelako ekoizpenak.
Biltzarren kasuan, ekarpen garrantzitsuenak hautatuko dira, hala nola hitzaldi plenarioak, ahozko komunikazioak; horrela, honako hau izango da talde bakoitzerako aplikazioan txertatu beharreko gehieneko ekarpen kopurua:
(Ikus .PDF)
b) Prestakuntza-gaitasuna. Honako azpiatal hauek hartzen dira barne:
– Taldekideek zuzendutako tesi defendatuak eta tesi inskribatuak.
– Ikerketa-langileak laneratzea, aintzat hartzen den epean indarrean zeuden kontratuen bidez, prestakuntzan edo hobekuntzan.
– Taldekideek parte hartzen duten master ofizialetako, doktoregoko edo bestelako graduondoko programak.
c) Lehia-deialdietan ikerketa-proiektuen eta ezagutza transferitzeko bestelako jardueren bidez eskuratutako finantzaketa-iturriak.
d) Patenteak eta erabilgarritasun-ereduak.
e) Taldearen bestelako ekarpen eta jarduera zientifikoak.
2.4.– Jardueren programa, helburuak, lan-plana, laguntza egikaritzeko gehieneko epea (2022-2025) nahitaez hartu behar duena, horren kronograma eta mugarri nagusiak. Taldearen helburuak, ekoizpen zientifikoari, prestakuntzari eta transferentziari dagokionez, orobat finantzaketa-iturriei dagokienez; horiek 2022-2025 laurtekoan lortu beharreko adierazleen bidez kuantifikatu behar dira. Halaber, 2022-2025 laurtekorako aurreikusitako gizarterako hedapen eta dibulgazio zientifikoko jarduerak jaso behar dira.
2.5.– 2022-2025 aldirako eskatutako aurrekontua. Diruz lagundu daitezkeen eta 6. artikuluan jasotzen diren kontzeptu bakoitzean eskatzen diren kantitateak adierazi behar dira. Gainera, kantitate horiek justifikatu egin behar dira, jomuga zehatzaren deskribapen xehakatuaren bidez, eta 6. artikuluan deskribatzen diren eta diruz lagundu daitezkeen kontzeptuetara doitu behar dira.
3.– Ikertzaile nagusiaren curriculuma. Taldeko ikertzaile nagusiaren curriculuma aurkeztu beharko da unibertsitate- edo ikerketa-gaietan eskumenak dituen edozein administrazioren formatu normalizatuan. Dokumentazio hori pdf formatuan aurkeztu behar da http://www.ikerketa-taldeak.net aplikazioan. Eskaeran INk bat badago, haren curriculuma ere aurkeztu beharko da, deialdi honetarako formatu normalizatuan. CVa deialdian emandako txantiloian aurkezten ez dituzten eskaerak zuzendu egin beharko dira.
4.– 4.4 artikuluan aipatzen diren ekoizpen minimoko baldintzak betetzen direla ziurtatzen duen dokumentazioa. Dokumentazio hori pdf formatuan aurkeztu behar da http://www.ikerketa-taldeak.net aplikazioan
5.– Dirulaguntzak jasotzeko eskaera aurkezteak berekin ekarriko du erakunde eskatzaileak baimena ematea organo kudeatzaileari zuzenean egiazta dezan hark zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituela. Dena dela, eskatzailea egiaztatze horren aurka agertu ahal izango da, horretarako arrazoiak emanez. Hala eginez gero, beharrezkoak diren egiaztagiri eguneratuak aurkeztu beharko ditu eskaerarekin batera.
8. artikulua.– Eskaerak aurkezteko epea.
Eskaerak aurkezteko epea hilabete izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
9. artikulua.– Organo kudeatzailea.
Ikerketa Zuzendaritzari dagokio deialdia izapidetzea; horren barruan eskaerak jasotzea, era guztietako kontsultak eta jakinarazpena sartzen dira.
10. artikulua.– Eskaeretako akatsak zuzentzea.
1.– Dirulaguntza jasotzeko eskaera guztiz betetzen ez bada edo arauzko agiriak aurkezten ez badira, 10 eguneko epean hutsak bete ditzala edo arauzko agiriak aurkez ditzala eskatuko dio Ikerketa Zuzendaritzak unibertsitate eskatzailearen legezko ordezkariari; orobat ohartaraziko dio, hala egin ezean, bere eskaeran atzera egin duela ulertuko dela, hala xedatuta baitago Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68. artikuluan.
2.– Ebazpenaren berri banan-banan emango zaie onuradunei.
11. artikulua.– Hautapen-prozesuko onarpen-prozedura.
1.– Eskaerak zuzentzeko epea igaro eta eskaerok ebatzi ostean, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordeak hautapen-prozesuan onartutako eta baztertutako taldeei buruzko behin-behineko ebazpena emango du.
2.– Ebazpenaren berri banan-banan emango zaie onuradunei.
3.– Behin jakinarazitakoan, behin-behineko ebazpenaren aurkako alegazioak aurkeztu ahalko dira, 10 eguneko epean, jakinarazpena jaso eta hurrengo egunetik aurrera.
4.– Alegazioetarako epea igaro eta horiek aztertu ostean, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordeak hautaketa-prozesuan onartutako eta baztertutako taldeen inguruko behin betiko ebazpena emango du.
5.– Ebazpen horren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote interesdunek Hezkuntzako sailburuari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera. Kautelaz, aipatutako ebazpenaren aurka errekurtsoa aurkezten duten taldeak agindu honen 12. artikuluan adierazitakoaren arabera ebaluatuko dira. Ebaluazioa ez da baliozkoa izango, aipatutako errekurtsoa bertan behera uzten bada.
12. artikulua.– Ebaluazioa.
1.– Ebaluazioak I+G+b lanak, taldearen produktibitatea eta 2016. urtetik eskaera-egunera bitartean egindako jarduerak aztertuko ditu, baita hurrengo lau urteko (2022-2025) helburuen berritasuna eta jardueren bikaintasuna eta bideragarritasuna ere.
Ebaluazioan, bereziki hartuko da kontuan, irizpide guztietan, ikerketa-lanen nazioartekotze-maila. Hala, atal bakoitzeko merituak lehenetsi egingo dira tokiko, eskualdeko, Estatuko eta nazioarteko dimentsioarekiko; taldearen tamaina eta kide kopuruarekiko; eta taldearen kohesio-mailarekiko, azken hori taldekideek ziurtatzen diren ekarpen zientifiko eta ikerketa-jardueretan duten partaidetza-intentsitate erlatibo gisa neurtuta.
Ebaluazio-irizpideak aplikatzerakoan, kontuan hartuko dira zientzia-eremu bakoitzaren berezitasunak.
2.– Euskadiko espezializazio adimenduneko RIS3 lehentasunekiko lerrokadura-mailaren kasuan izan ezik, eskaerak Euskal Unibertsitate Sistemaren Kalitate Agentziak (Unibasq) ebaluatuko ditu. Horrek binaka ebaluatuko ditu eskaerak, agindu honen 12.3 artikuluan ezarritako irizpideekin bat, eta banakako txosten zientifiko-teknikoa emango du. Ebaluazio hori Leiden Manifestuan (The Leiden Manifesto for research metrics, Nature 2015) ezarritako printzipioen arabera egingo da.
Artikulu honetako 3.3.c) atala, RIS3 lehentasunei buruzkoa, hautaketa-batzordeak puntuatuko du. Gainera, horretarako, txostena eskatu ahalko die gai horretan ebaluazio-esperientzia eta ospe handia duten pertsonei.
3.– Zehazki, honako irizpide-bloke hauek balioztatuko dira:
3.1.– Oinarrizko irizpideen blokea.
3.1.1.– Ekoizpen zientifikoaren bikaintasun-maila eta ekoizpena baloratuko da, taldearen tamainarekiko eta lortutako baliabideekiko. Batez ere, aldizkari zientifiko indexatuetako artikulu, liburu eta liburu-kapitulu gisa egindako argitalpenak hartuko dira kontuan. Gainera, modu osagarrian baloratuko dira berrikuspenak, ebaluaziodun argitalpen elektronikoak edota arlo zientifiko bakoitzean esanguratsuak diren bestelako adierazleak.
Ekarpenak ezagutzetan egiazki aurrera egitea ahalbidetu badute eta zientzia-komunitatean inpaktu esanguratsua izan badute baloratu ahal izango dira soilik. Ez dira baloratuko soilik deskribapenezkoak diren lanak edota aurretiazko lanen errepikapenak, ezagutza finkatzen ekarpen nabarmena egiten duten kasuetan salbu.
Argitalpenak baloratzeko zientzia-erlo bakoitzerako dauden zientzia-zerrendak eta -ranking-ak eta zitazio-adierazleak kontuan izanik baloratuko dira, nahiz eta ebaluazioan kontuan hartuko diren arlo bakoitzaren berezitasunak. Lanen eta egileen kopurua arlo bakoitzeko berezitasunen arabera baloratuko da; hortaz, argitalpenetan egile kopuru handia izateak argitalpen horiei murrizketa-faktore bat aplikatzea eragin dezake.
Ekarpen guztiak ebaluazioaren mendeko urteetan argitaratutakoak izan behar dute, alegia, 2016. urtetik eskaera-egunera bitartekoak. Ez dira kontuan hartuko argitalpen onartuak edo edizio-prozesuan daudenak eta, ondorioz, urte horietan argitaratu ez direnak. Edizio digital eta inprimatuko argitalpen batekin lotutako «DOI» (Digital Object Identifier) identifikatzaile bat egoteak ez du esan nahi artikulua jadanik argitaratu denik bigarren formatu horretan. Beraz, ondorio horietarako, soilik liburuki inprimatuan agertzen diren datak hartuko dira baliozkotzat eta behin betikotzat, horietan bertsio batetik bestera aldea egon daiteke eta.
Artikuluen balorazioa egitean, erabilitako hedabidea kontuan hartuko da eta kalitate-adierazgarritzat onartuko da itzal handiko aldizkarietan argitaratzea. Aldizkariak nazioarteko datu-baseetan jasota egotea kalitatezko erreferentziatzat hartuko da, zehazki, deialdi honetan parte hartzeko ziurtatu beharreko ekoizpen minimoari buruzko 4.4 artikuluan deskribatu diren datu-baseetan indexatuta agertzea.
Halaber, Estatuko eta nazioarteko beste aldizkari batzuk ere kontuan hartu ahalko dira. Horiek, datu-base desberdinetan ager daitezke eta kalitate-adierazgarri izan daitezke, kontuan hartuta argitalpen bat katalogo edo datu-base batean indexatuta egote hutsa, mailakatze-indizerik gabe, ez dela berez kalitate-adierazgarria.
Ondorio horietarako, aldizkari indexatutzat hartuko dira kalitate-indize erlatiboak dituztenak. Kalitate Indize Erlatiboak (ICR) parametro ezagun baten bidez antolatutako edo lehenetsitako aldizkarien mailak edo zerrendak dira. Antolatzeko era horri esker, haien kokapen erlatiboa zehaztu daiteke, espezializazio-arlo berean aztertutako gainerako aldizkariekiko. Parametrorik ohikoena inpaktu-indizea da, argitaratutako artikulu-kopurua eta jasotako aipamenak bateratzen dituena.
Liburuen eta liburu-kapituluen ebaluazioan, kontuan hartuko dira editorialaren ospea (SPI eta CEA-APQ zigiluak hartuko dira erreferentetzat), editoreak, jatorrizko lanak onartzeko hautaketa-prozesua egotea, lana argitaratzen duen bilduma, jasotako aipamenak (Web of Science/Scopus), aldizkari zientifiko espezializatuetan jasotako erreseina eta kritikak, eta beste hizkuntza batzuetarako itzulpenak.
Oro har, ez dira kontuan hartuko biltzarretako hitzaldi eta komunikazioei dagozkien argitalpenak, JCR Science Edition-en jasotako aldizkarietakoekin konparatu daitekeen ezagutarazteko bideak direnean izan ezik, adibidez, Computing Research and Education (CORE), SCIE (Espainiako Sozietate Zientifiko Informatikoa) edo antzeko erakundeetako posizio esanguratsuen zerrendak.
Taldea A kategorian sailkatzeko, 13. artikuluan adierazitakoaz gain, aintzat hartuko da, batez ere, argitalpen zientifikoetan buru izatea eta argitalpenaren inpaktuan zeresan esanguratsua eduki izana.
Izaera orokorrarekin, honako hauek ez dira ebaluatu beharreko ekarpentzat joko:
– Irakaskuntza-material izaera duten testuliburu edo eskuliburuak, programak, apunteak edo kasu praktikoak.
– Jorratzen den gaiarekiko, ekarpen original kontrastagarririk eskaintzen ez dutelako, ikerketa-liburutzat hartu ezin diren izaera profesionaleko liburuak.
– Dibulgazio-liburu eta -artikuluak, orobat informazio orokorreko aldizkarietako artikuluak eta iritzi-artikuluak.
– Testu-edizioak edo itzulpenak, garrantzi berezikotzat jotzen diren kasuetan salbu, orobat ikerketa pertsonalaren emaitza diren eta dagokion arloan ekarpen nabarmena egiten duten aurretiazko azterketak edo oharrak jasotzen dituzten kasuetan salbu.
– Bilduma-berrikuspen hutsak, ekarpen originalik egiten ez dutenean, nahiz eta aldizkari indexatuetan argitaratuta egon.
– Legegintza-bilduma hutsak, nahiz eta bat datozen, osagarriak diren edo indargabetuta dauden xedapenei buruzko oharrak jaso.
– Ikerketaren kudeaketa, inolaz ere ez dena nahastu behar ikerketarekin berarekin.
– Ikerketa-proiektuetatik edo I+G+b kontratuetatik eratorritako txosten edo irizpenak, barne izaerarekin ematen direnak, ez badaude kalitate egiaztatutako hedabideetan argitaratuta.
– Batzorde edo normalizazio-erakundeei egindako ekarpenak.
– Entziklopediak (sarrerak edo edizioa).
– Erreseinak eta aipamenak.
– Ohar editorialak, itzulpen, aurkezpen edo hitzaurre hutsak, ez direnean lan baten azterketa kritikoa; orobat, garrantzi argirik ez duten edota ikerketa pertsonalaren ondoriozko aurretiazko azterketarik eta oharrik jasotzen ez duten testu klasikoen edizioak, ez dutenean gai horretara ekarpen nabarmenik egiten.
– Azterketa historiko edo artistikoak barne hartzen ez dituzten katalogazioak.
– Transkripzioak, baldin eta ez badute dokumentuaren epai kritikorik edo analisi historikorik.
– Hitzaurreak, katalogoetako fitxak eta ohiko sarrerak, ez badira lan luzearen aurkezpen hutsa baino gehiago eta ez badute, berez, inolako interes kritikorik.
– Omenaldi-liburukiak, ez badiete aldizkari zientifikoetarako eta adierazitako liburu eta liburu-kapituluetarako eskatzen diren kalitate-irizpideak betetzen.
– Editoreari gutunak, oharrak edo beste artikulu batzuen eztabaidak.
– Ez dira argitalpenen atalean jasoko taldekideen tesiak.
– Lanaren beraren itzulpenak, beste hizkuntza batzuetara.
3.1.2.– Ikerketa-taldeak ikertzaileak prestatzeko duen gaitasuna. Honako alderdi hauek ebaluatuko dira:
a) Ebaluatutako aldian zuzendutako eta, batez ere, defendatutako, doktorego-tesiak, horien nazioarteko izaera eta kalifikazioa. Ez dira kontuan hartuko taldearen espezialitate-arloarekin bat ez datozen gaia duten doktorego-tesiak.
b) Taldera atxikitako doktorego aurreko eta doktorego osteko kontratuen kopurua eta iraupena (doktorego-tesia egiten egoteagatik edota taldeko proiektuekin finantzatuta egoteagatik).
c) Taldeko ikertzaileek zuzendutako master ofizialak eta graduondoko programak edota taldearen ikerketa-ildoetan sustatutako eta horiei loturiko doktorego-programak. Batez ere, master ofizialetako eta doktorego-programetako parte-hartzea eta lidergo-lanak hartuko dira aintzat.
Taldea A kategorian sailkatzeko, 13. artikuluan adierazitakoaz gain, aintzat hartuko da, batez ere, talentua bikaintasun zientifikorako deialdien bidez (Ikerbasque edo antzekoak) erakarri izana.
Hori guztia 2016. urtetik laguntza eskatzen den egunera arte.
3.2.– Finantzaketari eta jakintza-transferentziari buruzko irizpideen blokea. Bloke honetan, honako alderdi hauek baloratuko dira:
a) Finantzaketa lortzea eta lortutako zenbatekoa, ikerketa-proiektuetarako lehia-deialdien bidez; horretan, batez ere, erakunde finantzatzailearen jarduera-esparrua –nazioartekoa, Estatukoa edo eskualde mailakoa–, proiektuen lidergoa eta taldekideek horietan duten partaidetza hartuko da kontuan.
b) Taldearen ikerketaren emaitzak, merkatura transferitutako aktibo zientifiko-teknologikoekin (know-how), patente-eskaerekin eta erabilgarritasun-ereduekin neurtuta, orobat ikerketen emaitzekin zerikusia duten enpresen sorrera. Irizpide honen barruan sartzen dira patenteen ustiaketa-maila eta transferitutako aktibo zientifiko-teknologikoak (know-how), lizentzia-kontratu bidez egiaztatuta. Ustiaketan egon gabe emandako patenteei dagokienez, kontzesioa aurretiazko azterketarekin egin bada baloratuko dira soilik (B2 motakoak, 2020. urteaz aurretikoetarako). Kontuan hartuko da patentearen babes-hedapena (Estatukoa, Europakoa, nazioartekoa) eta balorazio hobea jasoko dute babes handiagoa duten kasuek.
Halako jarduerak ohikoak ez diren esparruetan, halakorik ez egoteak ez du kalifikazio negatiborik eragingo.
c) Herri-administrazioekin edo enpresekin, ikerketarako edo jakintza-transferentziarako, kontratu edo hitzarmen bidez gauzatutako jakintza transferitzeko ekintzak, betiere unibertsitateetako, institutuetako, ikerketa-zentroetako eta ikerketa kudeatzeko bestelako bulegoen edo kidekoen bitartez bideraturik badaude. Puntu honetan ez dira zenbatuko txostenak, aholkuak, arkitektura edo ingeniaritzako oinarrizko proiektuak eta abar, dagokion eremuko jakintzaren hobekuntza esanguratsurik ekartzen ez badute. Ekintza horien kopurua eta zenbateko ekonomikoa baloratuko da, orobat horien irismena erkidego mailakoa, Estatukoa edo nazioartekoa den. Berariaz adierazi beharko da aldi horretako ikerketaren emaitzek zein inpaktu sozial, ekonomiko eta teknologiko izango duten.
d) Ezagutza gizartera zabaltzeko eta dibulgazio zientifikoa egiteko jarduerak. Zientzia-komunitatearekin zein orokorrean jendearekin komunikatzeko eta dibulgazio zientifikoa egiteko egin diren jarduera guztiak adierazi behar dira, baita horretarako hartutako neurriak ere.
Taldea A kategorian sailkatzeko, 13. artikuluan adierazitakoaz gain, aintzat hartuko da, batez ere, taldeak nazioarteko proiektu lehiakorretan parte hartu izana, estatuko lehia-deialdietako proiektuetan lidergoa hartu izana eta ikerketaren emaitzak gizartera zabaldu izana.
Hori guztia 2016. urtetik laguntza eskatzen den egunera arte.
3.3.– Helburuei eta lan-planari buruzko irizpideen blokea.
Bloke honetan, honako alderdi hauek baloratuko dira:
a) Taldearen lau urtera begirako helburuak: helburu horien definizioa, kalitate zientifikoa, originaltasuna, berritasun- eta arrisku-maila eta jakintza zientifiko-teknologikoan aurrera egiteko egiten duten ekarpena baloratuko dira, baita lan-planarekiko koherentzia ere.
Argitalpen, tesi zein funts- eta langile-erakarpenerako 2022-2025 laurtekorako helburuen kuantifikazio numerikoa baloratzeko, horien izaera errealista eta aurreko aldian taldeak lortutako helburuekiko koherentzia hartuko dira kontuan.
b) Lan-plana: lan-planaren definizioa eta logika. Kronograma, arduradunak eta jomugak. Mugarri nagusiak. Laguntza kudeatzeko planak ezusteko emaitzen eta aurreikusi gabeko beste egoera batzuen aurrean dituen alternatiben proposamena.
c) Lortu nahi diren emaitzen garrantzi eta inpaktu sozial, ekonomiko eta teknologikoa. Emaitzak epe labur eta ertainean transferitzeko aukera, ikasteko eta berritzeko gaitasunaren gaineko inpaktua eta ekonomiaren, gizartearen eta ingurumenaren garapenerako duten garrantzia.
d) Taldeak garatzen dituen ikerketa-ildoak Euskadiko espezializazio adimenduneko (RIS3) lehentasunetara egokituta egotea.
e) Emaitzen dibulgazio zientifikoa, horiek jendearentzako eskuragarri eginez, taldearen ikerketa-jardueraren komunikazio-, difusio- edo didaktika-programa edo ekintzen bitartez.
f) Eskatutako aurrekontua: jarritako helburuekiko egokitasuna, haren errealismoa eta gastuaren eraginkortasun-irizpideak.
Hori guztia 2022tik 2025era bitartean.
3.4.– Irizpide osagarrien blokea.
Honako hauek baloratuko dira:
a) Taldearen osaera; INaren eta, hala badagokio, INk-ren lidergoa; egitura; diziplinartekotasuna eta taldearen osaeraren koherentzia jarritako helburuekiko, eta emakumeen lidergoa eta ikerketa-taldearen barruko genero-oreka.
Talde bakoitzaren genero-oreka baloratzeko, honako arau hau erabiliko da: puntu bana emango zaizkie sexu bakoitzeko kideen % 40 edo gehiago ziurtatzen duten taldeei; 0,5 puntu emango zaie sexuetako bateko kideak % 30 edo gehiago eta % 40 baino gutxiago direnean; eta ez da puntuaziorik lortuko atal honetan sexuetako batek % 30etik behera hartzen duenean. Halaber, puntu bat emango da INa emakumea bada, eta, bestela, 0,5 puntu INk-a emakumea bada.
b) Taldearen iraunkortasuna eta INaren erreleboa. Ikerketa-taldearen iraunkortasuna, hau da, laguntza egikaritzeko aldian eta epe ertainera lanean jarraitzeko gaitasuna, nola bermatuko den adierazi beharko da. 4.2 artikuluan adierazitakoari jarraikiz, INk bat eskatu eta justifikatzen bada, zehaztu egin beharko da, batetik, nola egingo den taldeko INaren erreleboa, eta, bestetik, aldaketa horrek nola eragingo dion ikerketa-taldearen iraunkortasunari.
c) Taldearen lehiakortasun-potentziala eta nazioartekotze-maila, eskualdeaz gaindiko esparruan koordinatutako ikerketa- eta ekintza-sareetan dituzten lankidetza- eta partaidetza-jardueren bidez neurtuta.
4.– Puntuazioak.
4.1.– Jarraian, irizpide horiei dagozkien puntuazioak zehazten dira:
(Ikus .PDF)
5.– Ebaluazio-prozesuak hala eskatzen badu, eskatu ahal izango da Autonomia Erkidegoko hizkuntza ofizial bien arteko itzulpena, eta ikerketa-proiektua itzultzaile espezializatuek egin beharko dute.
Salbuespenezko kasuetan, ingelesez idatzitako proposamenak onartuko dira.
13. artikulua.– Ebazpen-proposamena.
1.– Ebaluazioaren emaitzak hautaketa-batzordeari helaraziko zaizkio. Batzorde horrek kide hauek izango ditu: Ikerketako zuzendari Amaia Esquisabel Alegría, batzordeburu ere izango dena; Unibertsitate Politika eta Koordinazioko zuzendari Miren Artaraz eta Ikerketa Zuzendaritzako teknikari bat, Maialen Agirre Pinedo, idazkari-lanak egingo dituena.
2.– Hautaketa-batzordeak berrikusiko du deialdiko oinarriak behar bezala aplikatzen direla, baliabideak esleituko ditu eta ebazpen-proposamena emango du; horretan, A motako edo B motakotzat ziurtatzen diren taldeak zehaztuko dira, baita horietako bakoitzari dagokion dirulaguntza ere, eta, hala dagokionean, eskaera ezetsi zaien taldeak eta uko egiteko arrazoia.
3.– Hautaketa-batzordeak taldeak garatzen dituen ikerketa-ildoak Euskadiko espezializazio adimenduneko (RIS3) lehentasunekin bat datozela ebaluatuko du. Puntuazioa ikerketa-ildo horien eta RIS3 lehentasunen arteko gainjartze-mailaren arabera emango da, honako arau hau aplikatuta:
(Ikus .PDF)
4.– Ezin izango dira aukeratu eta, hortaz, ez dute talde-ziurtapenik jasoko, deialdi honetan guztira 50 puntutik beherako puntuazioa jasotzen duten taldeen eskaerak, edota oinarrizko irizpideen atalean puntuazio posible maximoaren % 60 edo gutxiago jasotzen duten taldeen eskaerak.
5.– A motako talde-kategorian sartuko dira 75 puntu edo gehiago lortu dituzten ikerketa-taldeak. B motako talde-kategorian sartuko dira 50 puntu edo gehiago eta 75 puntu baino gutxiago lortu dituzten ikerketa-taldeak. Taldea A kategorian sartzeko, aintzat hartuko da, batez ere eta 12.3 artikuluan ezarritakoari jarraikiz, taldeak nazioarteko proiektu lehiakorretan parte hartu izana, estatuko lehia-deialdietako proiektuetan lidergoa hartu izana eta argitalpen zientifikoetan buru izateaz gain, argitalpenaren inpaktuan zeresan esanguratsua eduki izana, baita emaitzak gizartera zabaldu izana eta talentua bikaintasun zientifikorako deialdien bidez (Ikerbasque edo antzekoak) erakarri izana ere.
6.– A eta B kategoriako talde gisa aitortutako ikerketa-taldeek lau urteko aldi baterako lortu ahalko dute dirulaguntza.
7.– Talde bakoitzari emango zaion kantitatea lortzeko, honako modulu hauek aplikatuko dira:
a) Langile ikertzaileak kontratatzeko gastuei aurre egiteko zuzkidurak. Aldi osorako zenbatekoa, puntuazioaren eta taldearen tamainaren arabera (doktore kopurua).
(Ikus .PDF)
Ekipamendu zientifiko edo bibliografiko txikia erosteko zuzkidurak. Aldi osorako zenbatekoa, puntuazioaren eta taldearen tamainaren arabera (doktore kopurua).
Ingeniaritza eta Arkitektura, Zientzia Esperimental eta Osasun Zientzien arloetarako:
(Ikus .PDF)
Ekonomia eta Enpresa Zientzien, Gizarte eta Lege Zientzien eta Arte eta Giza Zientzien arloetarako:
(Ikus .PDF)
Bestelako gastu arrunt batzuetarako zuzkidurak. Zenbatekoa, doktore eta urteko
(Ikus .PDF)
8.– Emango den kantitateak ezin izango du ikerketa-taldeak eskatutako aurrekontua baino handiagoa izan. Laguntzak ezin izango du gainditu taldeak 2016. eta 2021. urteen bitartean jasotako kanpo finantzaketaren % 30, eta kanpo finantzaketatzat joko dira dirulaguntzen lerro honez bestelako iturrietako diru-sarrerak.
9.– Talde bakoitzari dagokion dirulaguntza lehiaketa-prozeduraz zehaztuko da. Xede horretarako, 2. artikuluan jasotzen diren eremu bakoitzean, eskaera hautagarrien hurrenkera ezarriko da; hala, balorazio onena jaso dutenei egingo zaie esleipena, harik eta agindu honen 2. artikuluan ezarritako aurrekontuaren kreditua agortu arte, ezarritako arlo bakoitzerako.
10.– Aurreko puntuetan ezarritakoari jarraikiz kantitate horiek esleitu eta gero, aurrekontua sobera badago arloren batean, hurrenkera bat egingo da dirulaguntzarik jaso ez duten eskaerekin. Balorazio onena jaso dutenei emango zaie sobera dagoen kantitatea, harik eta arlo bakoitzeko aurrekontu-kreditua agortu arte.
11.– Aurreko puntuetan ezarritakoari jarraikiz kantitate horiek esleitu eta gero, aurrekontua sobera badago arloren batean, 90 eta 100 puntu bitarteko puntuazioa jaso duten A taldeei % 5 areagotu dakieke, gehienez ere, esleitutako kantitatea. Horretarako, balorazio onena jaso dutenei emango zaie sobera dagoen kantitatea, harik eta arlo bakoitzeko aurrekontu-kreditua agortu arte. Sobera dauden baliabide ekonomikoen banaketa 2. artikuluan xedatuta dagoen arlokako banaketa proportzionalaren arabera egingo da, aurrekontu-kreditua agortu arte.
12.– Puntuazio-berdinketak ebazteko, 12.4 atalean adierazitako irizpide-bloke bakoitzean lortutako puntuazio altuena hartuko da kontuan, honako ordena honetan: a), b), c) eta d). Berdinketak iraunez gero, eskaerak betetzeko aplikazioak ematen duen ausazko zenbakia erabiliko da ebazteko, goranzko ordenan. Zenbaki hori aplikazio telematikoan sortzen den eskaera-orrian agertuko da.
14. artikulua.– Bateragarritasuna.
1.– Agindu honen babesean ematen diren laguntzak bateragarriak dira ikertze berbera finantzatzea xede duen beste edozeinekin, egoitza Euskal Autonomia Erkidegoan duten unibertsitateek ikerketa-taldeei ematen dizkieten dirulaguntza orokorrekin izan ezik.
2.– Jaso beharreko laguntzaren kopuruak ezin izango du gainditu dirulaguntza jaso dezaketen kontzeptuek, banaka hartuta, sortutako gastuaren guztizkoa. Hezkuntza Sailak emandako dirulaguntzak kopuru hori gainditzen badu, gastu hori ez gainditzeko behar den kopurua murriztuko da.
15. artikulua.– Ebazpena.
1.– Hautaketa-batzordeak proposatuta, dirulaguntzak Unibertsitate eta Ikerketa Sailburuordearen ebazpen bidez esleituko dira. Horrek esleipen-ebazpena eman behar du deialdia egituratzen duten bost lerroetarako, sei hilabeteko epean, agindua argitaratzen den unetik aurrera. Ezarritako epe horretan, berariazko ebazpenik ematen eta jakinarazten ez bada, interesdunek ulertu ahal izango dute beren eskaerak ezetsiak izan direla.
2.– Ebazpen horiek, erakunde onuradunei atxikitako talde bakoitzari dagokionez, honako hauek jasoko dituzte:
a) Talde eskatzailearen identifikazioa.
b) Ebaluazioaren emaitza: A motako edo B motako taldetzat onartzea, edo, hala badagokio, eskaera ezestea eta horretarako arrazoia.
c) Emandako guztizko kopurua eta kontzeptu eta urtekako xehetasuna.
d) Kalitate-adierazleak eta emaitzen ebaluazioa.
3.– Ebazpenaren berri banan-banan emango zaie erakunde onuradunei.
4.– Ebazpen horien aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote interesdunek Hezkuntzako sailburuari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera.
5.– Jende guztiak jakin dezan, laguntzei buruz ebazten dena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, 2021. urtean.
16. artikulua.– Kalitate-adierazleak eta emaitzen ebaluazioa.
Hautaketa-batzordeak kalitate-adierazleak eta emaitzen ebaluazioa ezarriko ditu, laguntza egikaritzeko dagozkion epeetan. Honako hauen adierazleak zehaztuko dira: ekoizpen zientifikoa, prestakuntza-gaitasuna, erakarmen pertsonala eta funtsak inguratzea.
Hori zenbakiz zehazteko, taldeak berak hurrengo lau urteetarako diseinatutako jarduera-planean jasotako adierazleak, aurreko urteetan erakutsitako potentziala eta deialdi honen ebazpenean jasotako finantzaketa erabiliko ditu batzordeak. Hala dagokionean, batzordeak txostenak eskatu ahalko dizkie talde bakoitzaren espezializazio-arloan entzute handia eta ebaluazioak egiten esperientzia dituzten ikertzaileei.
Laguntza onartzeko dokumentuan –17.1 artikuluan aipatutakoa– jasoko dira aipatu adierazleak, eta jarraipenari eta kontrolari dagokienez 19. artikuluan ezarritako txosten teknikoak ebaluatzeko erabiliko dira.
17. artikulua.– Laguntza onartzea.
1.– Laguntzaren onarpena formalizatzeko, eredu formalizatu bat erabiliko da, ziurtatutako ikerketa-talde bakoitzerako honako hauek jasoko dituena:
– Talde eskatzailearen identifikazioa.
– Taldekideak.
– Ebaluazioaren emaitza: A motako edo B motako talde aitorpena.
– Esleitutako guztizko kopurua, eta kontzeptu eta urteka zehaztuta.
– Kalitate-adierazleak eta emaitzen ebaluazioa.
2.– Talde bakoitzaren onarpen-inprimakia ikertzaile nagusiak eta erakunde onuraduneko Ikerketako errektoreordeak edo horren baliokideak izenpetuta aurkeztu beharko da, eta Ikerketa Zuzendaritzara bidaliko da, hilabeteko epean, deialdiaren ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera. Ikerketa-taldeek ez badute onarpen-agiria epe horretan aurkezten, laguntzari uko egiten diotela ulertuko da.
3.– Laguntza onartzeko epean zehar uko egiterik gertatzen bada, askatutako kantitateak puntuazio handiena jaso duen eskaerari esleituko zaizkio, finantzaketarik jaso ez dutenen artean, 13. artikuluan jasota dagoen moduan.
4.– Onarpen-agiriak ofizio bati erantsita bidaliko dira eta taldeen zerrenda, zenbakia ipinita, eta taldearen ikertzaile nagusiaren izena jaso beharko ditu. Ofizio hori erakunde onuradunaren legezko ordezkariak izenpetuta eta data jarrita aurkeztu beharko da. Hori aurkezteko 7. artikuluko 5. atalean adierazitakoari jarraituko zaio.
18. artikulua.– Erakunde onuradunen eta horiei atxikitako ikerketa-taldeen betebeharrak.
Agindu honetan araututako dirulaguntzen erakunde onuradunek Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50.2 artikuluan ezarritako betebeharrak bete beharko dituzte, bai eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. artikuluan adierazitakoak ere, eta zehazki baldintza hauek:
1.– Dirulaguntza, hain zuzen ere, laguntzaren xederako erabili beharko dute.
2.– Deialdi honi esker sortzen diren argitalpen eta bestelako emaitzetan, ikerketa-taldeak Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren laguntza jaso duela aipatu beharko da, haren erreferentzia adierazita.
3.– Ikerketa Zuzendaritzari baimena eskatu beharko zaio, aurreikusitako jarduera-planaren betearazpenean eragina izango duen edozein aldaketa egiteko.
Ikerketa-taldearen osaeran edo taldearen jarduera-planaren edozein ataletan aldaketarik egin nahi izanez gero, ikertzaile nagusiak baimena eskatu beharko dio Ikerketa Zuzendaritzari. Eskaera hori sinatu eta Ikerketa Zuzendaritzari bidali behar dio erakunde onuradunen Ikerketako Errektoreordeak. Egindako eta baimendutako aldaketek errespetatu egin behar dituzte Euskal Unibertsitate Sistemako Kalitate Agentziak (Unibasq) eta hautaketa-batzordeak dagokion puntuazio-kalkulua egiteko erabili dituzten elementuak. Ikerketa Zuzendaritzak zehaztuko du baimendutako aldaketek eragindako dirulaguntzak aldarazten edo indargabetzen al dituzten, aurretik dagokion espedientea egin ostean.
Ikerketa-taldeetan kide berriak sartzeko eskaerekin batera, hautagaiaren curriculuma eta kontratuaren kopia aurkeztu behar dira. Halaber, eskaeran bertan zehaztu beharko da zein ekarpen egingo dion pertsona hori taldean sartzeak ikerketa-taldearen lan-planari eta beren ikerketa-ildoei. Gainera, ikertzaile doktoreak eta kanpo laguntzaileak sartuko badira, azaldu egin beharko da non egiten duten bat sartuko den pertsonaren ikerketa-ildo eta ibilbideak eta ikerketa-taldearen ikerketa-ildoek.
Hasierako jarduera-planean aurreikusita ez zeuden gastu-eskaerak behar bezala justifikatuta egon behar dira, eta dagokion aurrekontuarekin aurkeztu. Partida-aldaketak unean uneko urtean bakarrik eskatu daitezke, betiere xede-partida handitzeko eta jatorri-partida txikitzeko arrazoiak azalduta.
Organo kudeatzaileak ezetsi egingo ditu diruz lagundu ez daitezkeen gastu guztiak.
4.– Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak, beren eginkizunetan dihardutela, eskatzen dieten informazioa, deialdi honen kontura eskuratutako dirulaguntzen gainekoa, eman beharko diete.
19. artikulua.– Jarraipena eta kontrola.
1.– Jarraipen ekonomikoko txostenak.
– Erakunde onuradunak urtero aurkeztuko ditu laguntzaren egikaritzearen jarraipen ekonomikoko txostenak. Laugarren urteari dagokion txosten ekonomikoak 2022-2025 aldi osoa hartuko du.
– Txostenean, erakunde onuradunaren kontabilitate-zerbitzuko kudeaketa edo burutzaren ziurtapena jaso behar da, ikerketa-talde bakoitzak esleitutako dirulaguntzarekin egikaritutako gastuarekin, kontzeptuka (langileak kontratatzea, bestelako gastu arruntak, gai inbentariagarriak), eta dagozkien zenbatekoak adierazita. Gainera, fitxategi bat erantsiko da euskarri informatikoan, dirulaguntzari egotzitako eta II. eranskinean adierazitako kodeen arabera kontabilizatuko diren gastuei buruzko informazio hau jasoko duena:
– Taldearen identifikazioa.
– Gastua. Kontabilitate-sailkapena.
– Faktura: erreferentzia.
– Faktura: deskribapena.
– Faktura: hirugarrena (IFK/NANa).
– Faktura: hirugarrena (Izena/Sozietatearen izena).
– Faktura: Zenbatekoa, guztira.
– Faktura: zerga-oinarria.
– Faktura: BEZa.
– Dirulaguntzari egotzitako zenbatekoa
– Txosten horiek Ikerketa Zuzendaritzari bidali behar zaizkio. Bidalketa ofizioan egingo da eta horretan datak eta unibertsitate onuradunaren legezko ordezkariaren sinadurak agertu behar dute, 7. artikuluko 5. atalean deskribatzen den moduan. Urteko txostenak aurkezteko epemuga hurrengo urteko martxoaren 31 izango da.
– Jatorrizko fakturak erakunde onuradunean artxibatu behar dira lehenago esan den justifikazio-epearen amaieratik bost urtez, gutxienez, eta eskura egongo dira Ikerketa Zuzendaritzak, Eusko Jaurlaritzako Ekonomia Kontroleko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak egiten duten edozein egiaztapenerako.
2.– Ekoizpen zientifikoaren jarraipen-txostena.
– Hurrengo urteko lehen hiruhilekoa amaitu aurretik, erakunde onuradunek talde bakoitzaren ekoizpen zientifikoari dagozkion urteko datuak eguneratu beharko dituzte, http://www.ikerketa-taldeak.net aplikazioan.
– Aplikazioak laurteko horretarako txosten tekniko bat sortuko du. Txostena ikertzaile nagusiak sinatu behar du eta Ikerketa Zuzendaritzari bidali behar zaio 2026ko martxoaren 31 baino lehen. Bidalketa ofizioan egingo da eta horretan datak eta unibertsitate onuradunaren legezko ordezkariaren sinadurak agertu behar dute, 7. artikuluko 5. atalean deskribatzen den moduan.
– Laurteko txosten teknikotik abiatuta, egiaztatuko da taldeek beren gain hartutako konpromisoak betetzen direla, ekoizpen zientifikoari, prestakuntza-gaitasunari, langile ikertzaileak laneratzeari eta funtsak biltzeari dagokionez. Egiaztapen horretan, ikusten bada konpromisoak ez direla bete, xedapen honetako 21. artikuluaren arabera jokatuko da.
20. artikulua.– Dirulaguntza ordaintzea.
1.– Agindu honetako 17.1 artikuluan zehaztutako onarpen-prozedura betetakoan, laguntzak ordainduko dira, honela:
– Lehen urteko ordainketa, libramendu bitan egingo da: lehena, aurrerapen gisa, urte horretarako emandako zenbatekoaren % 50ekoa. Bigarrena, gainerako % 50ekoa, hurrengo urtean, behin 19. artikuluko 1. eta 2. paragrafoetan zehaztutako txosten ekonomikoak eta zientifikoak aurkeztu izana egiaztatuta.
– Bigarren urteko ordainketa, libramendu bitan egingo da: lehena, aurrerapen gisa, urte horretarako emandako zenbatekoaren % 50ekoa. Bigarrena, gainerako % 50ekoa, hurrengo urtean, behin 19. artikuluko 1. eta 2. paragrafoetan zehaztutako txosten ekonomikoak eta zientifikoak aurkeztu izana egiaztatuta. Bigarren libramendua osorik ordainduko da, betiere, erakunde onuradunak 2022. eta 2023. urteetarako guztira emandako zenbatekoaren % 70 egikaritu dela egiaztatu eta gero. Ez bada hala, justifikatutako zenbatekoaren ordainketa egingo da; ondoren, esleitutako kantitatea aldatuko da eta dagozkion kantitate aurreratuak itzuliko dira.
– Hirugarren urtean ere berdin jardungo da; lehen libramendu bat egingo da aurrerapen gisa, urte horretarako emandako zenbatekoaren % 50ekoa. Bigarrena, gainerako % 50ekoa, hurrengo urtean, behin 19. artikuluko 1. eta 2. paragrafoetan zehaztutako txosten ekonomikoak eta zientifikoak aurkeztu izana egiaztatuta. Bigarren libramendua osorik ordaintzeko, beharrezkoa izango da lehen bi urteetarako esleitutako laguntzaren % 80 egikarituta izatea, gutxienez. Ez bada hala, justifikatutako zenbatekoaren ordainketa egingo da; ondoren, esleitutako kantitatea aldatuko da eta dagozkion kantitate aurreratuak itzuliko dira.
– Laugarren urtean lehen libramendu bat egingo da aurrerapen gisa, urte horretarako emandako zenbatekoaren % 50ekoa. Bigarrena, aldiz, hurrengo urtean, behin 19. artikuluko 1. eta 2. paragrafoetan zehaztutako txosten ekonomikoak eta zientifikoak aurkeztu izana egiaztatuta. 2022-2025 laurtekoko likidazioaren arabera doituko da.
2.– Dirulaguntzaren zenbatekoa abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan ezarritako berme-erregimenaren arabera bermatuko da; dekretu horren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoaren aurrekontu orokorren kargura emango diren dirulaguntzen berme eta itzulketei buruzko erregimen orokorra arautzen da, eta dirulaguntzen kudeaketan parte hartuko duten erakunde laguntzaileek bete beharreko baldintzak aipatzen dira, baita horien erregimena eta obligazioak ere.
3.– Administrazioak dirulaguntzak ordaindu ahal izateko, Eusko Jaurlaritzaren dagokion datu-basean egon behar du erakunde onuradunak. Alta emateko edo hirugarren interesdunaren datuak aldatzeko, hirugarrenen erregistro elektronikora jo behar da bide elektronikoa erabiliz; bide hori Eusko Jaurlaritzaren Ogasun eta Ekonomia Sailak ematen du, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/hirugarrenak
21. artikulua.– Ez-betetzeak eta itzulketa.
1.– Ondoren zehazten diren kasuetan, erakunde onuradunek ezingo dute laguntzaren edo dirulaguntzaren ordainketa eskatu, eta aurretik zerbait ordaindu bazaie, bidezkoa izango da, batetik, jasotako zenbatekoak itzularaztea, eta, bestetik, laguntza edo dirulaguntza ordaindu zenetik aurrera sortuko ziren legezko interesak eskatzea, honako kasu hauetan:
a) Eskatzen diren baldintzak faltsutuz edo laguntza lortzea eragotziko zuketen baldintzak ezkutatuz lortu badute dirulaguntza.
b) Dirulaguntzaren esleipenaren oinarrian dagoen jarduera ez bada bete, artikulu honetako bigarren atalean deskribatzen den moduan.
c) Justifikazio-betebeharra ez bada bete edo ez bada behar bezala justifikatu, agindu honetako 19. artikuluan ezarri bezala.
2.– Laguntza egikaritzeko epearen amaieran, 19.2 artikuluan adierazten diren ekoizpen zientifikoko txostenetatik abiatuta, laguntzaren kalitate-adierazleen eta jarraipenaren guztizko betetze-koefiziente bat lortuko da.
Koefiziente hori adierazle-bloke bakoitzerako kalkulatuko da lehendabizi, honela:
– Betetze-tasa. Taldeak bloke bakoitzean ezarritako helburuaren betetze-maila neurtzen du. Ziurtatutako eta konprometitutako adierazlearen arteko kozientea da; ziurtatutako adierazlea taldeak, hain zuzen ere, egikaritu duenari dagokio eta konprometitutako adierazlea, berriz, taldeak egikaritzeko konpromisoa hartu zuenari.
– Betetze-koefizientea: (Betetze-tasa * Adierazleari loturiko pisua).
Adierazle-bloke bakoitzaren pisu haztatuak honako hauek dira:
(Ikus .PDF)
Guztizko betetze-koefizientea bloke bakoitzerako lortutako koefizienteen batura izango da.
Argitalpen zientifikoen blokean, taldekideei dagokien unibertsitatea behar bezala aipatzen duen ekoizpena bakarrik hartuko da baliozkotzat.
Guztizko betetze-koefizientea ez denean 50 puntuetara heltzen, joko da ebazpenean adostutako baldintzak ez direla bete. Behin taldeei egoera hori jakinarazi ostean, erakunde onuradunek hilabeteko epea izango dute beharrezkotzat jotzen dituzten alegazioak egiteko. Horretarako, txosten bat aurkeztu behar dute, emaitza horiek zer baldintzatan lortu diren adieraziz eta, hala dagokionean, ziurtatutako ekoizpen zientifikoaren kalitate-adierazgarriak nabarmenduz, zenbakizko emaitza negatiboa orekatzeko, hala nola: argitalpenen inpaktua, argitalpen mota bakoitzerako eta espezialitate-arlo bakoitzerako erabiltzen diren ranking-en arabera neurtuta; defendatutako tesien kalifikazioa, nazioarteko izaera eta taldearen ikerketa-ildoekiko duten moldatze-maila; laneratutako ikertzaileen prestakuntza- eta hobekuntza-kontratuen kalitatea eta iraupena; eta taldekideek esleitutako proiektuetan agertutako lidergoa eta horien nazioarteko, Estatuko edo erkidego-mailako izaera.
Agindu honen 2. artikuluan adierazten direnen artean, taldeari dagokion arloko aditu-batzorde batek ebaluatuko ditu 19.2 artikuluan adierazten diren txosten teknikoak eta alegazioak.
Batzorde horien osaera EHAAn argitaratuko da ebaluazioa egingo den eguna baino lehen. Ez-betetzea berretsiz gero, dirulaguntza jasotzeko eskubidea galdu dela xedatuko da, eta jada ordaindutako kantitateak itzuli egin beharko dira.
3.– Halaber, aplikatzekoak izango dira Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen 53. artikuluan (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartutako testu bategina, 1998ko urtarrilaren 19ko EHAA) eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan ezarritakoa.
4.– Dirulaguntza emateko kontuan izandako edozein baldintza aldatzen bada, eta, edozein kasutan, beste administrazio batzuen edo erakunde publiko edo pribatuen dirulaguntzak eskuratu baldin badira lehia bidez, edo, bestela, helburu bera aurrera eramateko bestelako diru-sarrera edo baliabideak lortu badira, laguntza ematea ekarri duen erabakia aldatu ahal izango da, betiere dirulaguntzaren arauak onuradun izateko ezartzen dituen gutxieneko baldintzak bete egiten baldin badira.
5.– Abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuaren bigarren tituluan ezarritakoarekin bat etorriz, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordeak ebazpen bidez jakinaraziko du laguntza jasotzeko eskubidea galdu dela eta, hala behar denean, zenbatekoak eta legezko interesak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusira itzuli behar direla (698/1991 Dekretua, Dirulaguntzak itzultzeko prozedura orokorra arautu zuena; 1992ko otsailaren 7ko EHAA). Dena den, hori egin baino lehen, prozedurari dagozkion izapideak egin behar dira, eta behar izanez gero, beste ekintza batzuk ere gauzatuko dira.
22. artikulua.– Datuak babestea.
Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorrari (https://eur-lex.europa.eu/legal-content/ES/TXT/ HTML/?uri=CELEX:32016R0679&from=ES) eta Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Legeari (https://www.boe.es/buscar/doc.php?id=BOE-A-2018-16673 jarraikiz, deialdi hau izapidetzeko bildutako datu pertsonalak «Ikerketa» izeneko fitxategi batean sartuko dira. Fitxategi horren helburua dirulaguntza-deialdi hau kudeatzea da. Hezkuntza Sailaren Ikerketa Zuzendaritza da fitxategi horren organo arduraduna. Parte-hartzaileek eskubidea dute informazio gehigarri eta xehakatuan jasota dauden datuak atzitzeko, zuzentzeko eta ezerezteko. Informazio hori webgune honetan dago eskuragarri: https://www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/es/)
XEDAPEN GEHIGARRIA
Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura egiten diren gastu-espedienteen aurretiko izapidetzea araupetzen duen Ekonomia eta Ogasun Sailaren 2007ko apirilaren 26ko Aginduaren 5.3 artikuluaren ondorioetarako, agindu honetako dirulaguntzei buruzko ebazpena emateko garaian, kreditu egokiak eta nahikoak egon behar dira Euskal Autonomia Erkidegoaren 2022. urteko aurrekontu orokorretan.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA
Ikerketako zuzendariari ahalmena eman zaio agindu hau garatu eta egikaritzeko beharrezkoak diren xedapenak eman ditzan.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA
Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beraren aurka, berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke Hezkuntzako sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, bi hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA
Agindu honek EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteiz, 2021eko irailaren 7a.
Hezkuntzako sailburua,
JOKIN BILDARRATZ SORRON.