Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

189. zk., 2021eko irailaren 21a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
4823

EBAZPENA, 2021eko abuztuaren 13koa, Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariarena, zeinaren bidez formulatzen baita Zarauzko (Gipuzkoa) 10-2-OR Salberdin eremuaren (Hegoaldeko Separata) urbanizazio-proiektuaren gaineko ingurumen-inpaktuaren txostena.

AURREKARIAK

2017ko azaroaren 17an, EIAD-018 espedientearen barruan, orduko Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioko Zuzendaritzak ebazpen bat eman zuen, zeinaren bidez zehaztu baitzen Zarauzko (Gipuzkoa) 10-2-OR Salberdin eremuaren urbanizazio-proiektuaren gaineko ingurumen-inpaktuaren azterketaren irismena.

2021eko apirilaren 14an, Zarauzko Udalak jendaurrean jarri zituen Zarauzko 10-2-OR Salberdin eremuaren (Hegoaldeko Separata) urbanizazio-proiektua eta dagokion ingurumen-inpaktuaren azterketa, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 36. artikuluan adierazitakoaren arabera, interesdunek egokitzat jotzen zituzten alegazioak aurkez zitzaten. Izapide horri buruzko iragarkia 2021eko apirilaren 23ko Gipuzkoako Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu zen (74. zk.).

Jendaurreko informazioaren izapidea burututa, Zarauzko Udalak egiaztatu zuen ez zela alegaziorik jaso.

Jendaurreko informazioaren izapidearen aldi berean, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 37. artikuluan xedatutakoa aplikatzeko, Zarauzko Udalak kontsulta-izapidea egin zien eraginpeko administrazio publikoei eta interesdunei. Emaitza espedientean jasota dago. Horri dagokionez, sustatzaileak adierazi du ingurumen-inpaktuaren azterketan kontuan hartu direla eraginpeko administrazio publikoen erantzun-txostenak.

2021eko ekainaren 22an, Zarauzko Udalak Zarauzko 10-2-OR Salberdin eremuaren (Hegoaldeko Separata) urbanizazio-proiektuari buruzko (UE 10-2 Salberdin Itun Batzarrak sustatzen du) ingurumen-inpaktuaren adierazpena emateko eskabidea osatu zuen Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzan, Euskal Autonomia Erkidegoko ingurumena babesten duen otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorrean eta Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legean xedatutakoari jarraikiz.

Eskabidearekin batera, honako dokumentu hauek aurkeztu zituen:

– Zarauzko 10-2-OR-Salberdin eremuaren (Hegoaldeko Separata) urbanizazio-proiektua, 2021eko urtarrilekoa.

– Zarauzko 10-2-OR-Salberdin eremuaren (Hegoaldeko Separata) urbanizazio-proiektuaren ingurumen-inpaktuaren azterketa, 2021eko martxokoa.

– Jendaurreko informazioaren izapidearen emaitzei buruzko dokumentuak.

– Eragindako administrazio publikoei eta interesdunei egindako kontsulta-izapidearen emaitzei buruzko dokumentuak.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 1. artikuluan ezarritakoaren arabera, haren helburua da ingurumenean ondorio esanguratsuak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautu behar duten oinarriak ezartzea; horrela, ingurumenaren babes-maila handia bermatuko da, garapen jasangarria sustatzeko helburuarekin.

Era berean, Ingurugiroa babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 42. artikuluarekin bat etorriz, ingurumen-inpaktuaren ebaluazioek era egokian bermatuko dute, beste helburu batzuen artean, plangintza-prozesuaren lehen faseetan sartzea, eta, aukerarik egokienak hautatzeari dagokionez, ingurumenean dauzkan ondorioen analisia egitea jarduerek eragindako metaketa- eta sinergia-ondorioak aintzat hartuta.

Otsailaren 27ko 3/1998 Legearen 41. artikuluan xedatutakoari jarraikiz, Euskal Autonomia Erkidegoaren esparruan gauzatu nahi diren planek eta proiektuek (publiko zein pribatu izan) ezinbestekoa izango dute ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa, baldin eta lege horren I. eranskinean jasota badaude. Zarauzko 10-2-OR-Salberdin eremuaren (Hegoaldeko Separata) urbanizazio-proiektua arau horren I.B) eranskinaren 21. epigrafean dago sartuta.

Bestalde, aipatu beharra dago baliokidetzat har daitezkeela otsailaren 27ko 3/1998 Legeak arautzen duen ingurumen-inpaktuaren banakako ebaluazio-prozedura eta Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 33. artikuluan eta hurrengoetan jasota dagoen ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa egiteko prozedura arrunta.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 35. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoa aplikatzeko, Zarauzko Udalak, organo substantibo gisa, proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio-prozedura arrunta egiteko beharrezkoa dena xedatu du. Horretarako, ingurumen-inpaktuaren azterketa bat gehitu du espedientean, kontsulta publikoak egin ditu eta eragindako administrazio publikoek eta interesdunek prozeduran parte hartu dute.

Proiektuaren ingurumen-ebaluazioaren espedienteko dokumentazio teknikoa eta txostenak aztertuta, eta ikusirik ingurumen-inpaktuaren azterketa zuzena dela eta indarreko araudian ezarritako alderdien araberakoa dela, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzak ingurumen-inpaktuaren adierazpen hau eman du; bertan, proiektuaren proposamenean ingurumen-arloko alderdiak sartzearen alde egin da, eta proiektua aplikatzearen ondorio adierazgarrien aipamena jaso da, eta baita sartu beharreko azken oharrak ere (soilik ingurumenaren arlokoak). Zuzendaritza hori eskumeneko organoa da Euskal Autonomia Erkidegoko ingurumena babesten duen otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren arabera, eta baita Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen otsailaren 23ko 68/2021 Dekretuaren arabera ere.

Hauek guztiak aztertu dira: Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorra; Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legea; Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen otsailaren 23ko 68/2021 Dekretua; Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea; Sektore Publikoko Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legea, eta aplikatzekoak diren gainerako arauak. Horrenbestez, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Zarauzko 10-2-OR-Salberdin eremuaren (Hegoaldeko Separata) urbanizazio-proiektuari dagokion ingurumen-inpaktuaren azterketa hau egitea, aldeko izaera duena.

Salberdin eremuko jarduketa urbanistikoaren helburua da garai batean erabilera mistoa, industriala eta hirugarren sektorekoa zuen eta andeatuta dagoen eremu bat berreskuratzea bizitegi-eremu urbanoa izan dadin, etxebizitza libre eta kolektiboko bloke, barnealdeko plaza, espazio libre eta oinezkoentzakoekin; Salberdin eremuko azalera 76.978 m2 ingurukoa da.

10-2 OR Salberdin eremuko Hegoaldeko Separataren (garai bateko 1. eta 2. faseak) urbanizazio-proiektuak (aurrerantzean, proiektua) 31.667,14 m2-ko azalera hartzen du; horietatik 27.226,08 m2 10-2-OR Salberdin eremuari dagozkio, eta gainerako 4.441,06 m2-ak urbanizazioak eragiten dien kanpoko lurzatiak (A, B, C, D eta F). Zarauzko hirigunearekin bat eginda dago erabat esparrua.

Hegoaldeko Separataren mugetan, ekialdean, Bizkaia kalearen eta Araba kalearen arteko lursailak, non ia eremu osoan eraikin industrialak dauden, eta Zelai Ondo kaleko bizitegi multzoa daude, eta, mendebaldean, Aitza kalea.

Laburbilduz, 10-2 OR eremuko Hegoaldeko Separataren urbanizazio-proiektuan ingurumenean inpaktua izan dezaketen jarduketa hauek biltzen ditu:

a) Sastraka kentzea (landaredia erruderal-nitrofiloa).

b) Instalazio industrialak eta bestelako eraikinak eraistea.

c) Lur-mugimenduak, hondea-lanak, aldi baterako pilaketak eta betelanak. Lanek eragingo dituzten lur-mugimenduak, batez ere, hauek izango dira: eremu horretan dauden lur potentzialki kutsatuak saneatzeko eta zelaigunerako kota lortzeko beharrezkoak diren hondeaketa-lanak eta urbanizazio berriaren kota eta bideak proiektuaren zehaztapenetara egokitzeko betelanak. Eremuaren morfologia aldatu egingo da urbanizazio-kotaren arrasa metro bat goratzeko, 6,10 m-tan gera dadin, esparruaren uholde-arriskua gutxitzeko. Kudeatu beharreko lur-bolumenak ondorengo hauek dira:

– Urbanizazio-lanetarako kalkulatutako hondeaketa-lurrak 2.992 m3 izango dira, lursailak garbitzetik eta aire zabaleko hondeaketatik sortuak. Oro har, hondeaketa-sakonera 0,4 m-koa izango da, gutxi gorabehera, bideen eta espaloien eremuan.

– Urbanizazioko betelaneko lur-bolumen zenbatetsia: guztizko bolumena 8.228 m3 da; horietatik 1.496 m3 obrako hondeaketen zati batean sortutako material hautatutik sortuak, eta 6.732 m3 harrobitik, bide eta espaloien betelanetarako erabiliko direnak.

d) Bide-trazadura berria eraikitzea: eremua urbanizatzean, proposatutako bide mota eta gelen zoruak berdindu eta zolatuko dira:

– Proposatutako antolamendua bi ardatz perpendikularren inguruan eratzen da: iparraldetik hegoaldera, Aitza kalea Lapurdi kalearekin elkartzeraino luzatzen da, eta ekialdetik mendebaldera, Bizkaia kaleari balioa ematen zaio, bere garrantzia handituz eta trazatua sinplifikatuz.

Proiektatutako bide guztiak bi noranzkokoak dira, gutxienez 7 m-ko zabalerakoak.

– Urbanizazioko bide nagusia Bizkaia kalea da; biribilgune bat egingo da Bizkaia kaleak Urdaneta kalearekin bat egiten duen gunean eta egokitu egingo da Bizkaia kaleak Zelai Ondo kalearekin bat egiten duen tokian dagoen biribilgunea; halaber, beste biribilgune bat egingo da Bizkaia kalearen trazatuaren erdialdean, Bizkaia kaleko eremua Geltoki Inguru Aldearekin eta Aitza kalearekin lotzeko.

– Araba eta Aitza kaleetako biribilguneak eta Zelai Ondo eta Justo kaleetakoak zenbait gabezia dituzte; beraz, egokitu egingo dira. Gaur egun dauden biribilguneak egokitzeko eta proiektatutako urbanizazioarekin lotzeko lanak urbanizazioak eragina izango duen kanpoaldeko lurzoru publikoaren mugaren barruko eremuari dagozkio.

– Bide-sareko lur gaineko aparkalekuak bide-sekzioetan integratutako zerrendetan antolatu dira; guztira, 263 aparkaleku.

– Bidegorri bat proposatzen da, gaur egun lotu gabe dauden zenbait tarte lotzeko: bi noranzkoko bizikleta-karrilak, non karril bakoitzak gutxienez 1,25 m-ko zabalera izango duen.

e) Hiri-altzariak eta seinaleak antolatzea, eta proiektatutako berdeguneetarako lorategi-lanak.

f) Lur kutsatua erretiratzea eta lurpeko banaketa-pantailak ezartzea.

g) Bizitegietako garajeetara iristeko arrapalak egitea eta etxebizitzak eraikitzea.

h) Fabrika-obrak egitea: aurreikusita dago hormigoi armatuko zenbait horma mota egitea urbanizazioko desnibelak lotzeko eta lurzatia ixteko.

i) Azpiegitura-sarea eraikitzea euri-urak biltzeko, saneamendurako, ur-, gas-, elektrizitate-, telekomunikazio-, argiteria publikoko eta ureztapen-sistemako hornidura eta banaketarako.

Obra egiteko epea 12 hilabetekoa izango dela aurreikusten da.

Bigarrena.– Baldintza hauek jartzea proiektua gauzatzeko (lotesleak dira, Euskal Autonomia Erkidegoko ingurumena babesten duen otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 47.2 artikuluan xedatzen duenaren arabera):

A) Proiektuaren ingurumen-inpaktua ebaluatzeko, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzan aurkeztutako dokumentazioaren arabera gauzatuko da proiektua, eta, nolanahi ere, ebazpen honetan zehaztutakoaren arabera.

Proiektu honen ingurumen-inpaktuaren ebaluazioari buruzko prozedurak, proiektuaren sustatzaileak aurkeztutako dokumentazio teknikoaz gain, kontuan izan du espedientean ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa egiteko prozeduraren aldietan erantsitako txostenen edukia eta proiektuaren ingurumen-inpaktuaren azterketaren edukia zehazteko ebazpena.

B) Proiektua aldatzen edo zabaltzen bada, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 7. artikuluan jasotako aldaketa-araubidea aplikatuko da.

Proiektuan egingo diren aldaketa puntualak arrazoitu egin beharko dira ingurumenaren ikuspegitik, aurreko lerrokadan adierazitako garrantzirik ez badute ere. Babes- eta zuzenketa-neurrietan, ingurumena zaintzeko programan, aurrekontuan eta baldintzen agirian jasoko dira proiektuari egiten zaizkion aldaketak.

C) Ingurumen-ebaluazioko prozeduraren alderdi garrantzitsuak.

10-2 OR Salberdin eremuaren (Hegoaldeko Separata; lehengo 2. eta 3. faseak) urbanizazio-proiektua Zarauzko herri-egituraren barnean dago, Iparraldeko eremuko multzoa (Iparraldeko Separata; lehengo 1. eta 4. faseak, Gráficas Otzarreta izan ezik) eta Gráficas Otzarreta Separata bezala; hiru eremuak bata bestearen ondoan daude.

Hauek dira eremuaren ezaugarri nagusiak:

– Proiektua presio antropogeniko handia izan duen hiri-eremu batean egingo da, non hiru kokagunetako eraikin eta lurzatiak dauden. Lurzati horiek irailaren 30eko 165/2008 Dekretuan sartuak daude (lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak izan dituzten edo dituzten lurzoruen inbentarioari buruzkoa), kode hauekin: 20079-00074 (Messil SA), 20079-00038 (Textil Guipuzcoana) eta 20079-00001 (Azkue). Halaber, proiektuaren eremuaren barnean, Plásticos Pardo SA enpresak lurpeko biltegi bat dauka. Hori, nahiz eta inbentarioan sartuta ez egon, lurra kutsa dezakeen instalaziotzat jotzen da.

– Urbanizazio-proiektuaren ingurumen-inpaktuaren adierazpena tramitatzearekin batera, zenbait jarduketa ari dira egiten inbentariatutako lurzati horien eta lurpeko biltegiaren gainean, 4/2015 Legeak, ekainaren 25ekoak, Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzekoak, arautzen duen Lurzoruaren Kalitatearen Deklarazioaren prozeduraren barruan.

– Proiektuaren xede den eremua Zarauzko akuifero kuaternarioaren gainean dago, interes hidrogeologikoko gunea. «Zarauzko 10-2 OR Salberdin eremuko 1. eta 4. sektoreetako lurpeko uren kalitatearen gaineko eraginaren azterketa hidrogeologikoa (2018)» azterlanaren arabera, Hegoaldeko Separatako akuiferoak funtzionamendu konfinatua du, eta maila potentziometrikoa gainazal topografikotik 2 metrora baino gutxiagora dago. Horrenbestez, akuiferoak kutsatzeko arriskua oso txikia da.

Dena dela, Salberdin eremuko Iparraldeko mugan, lurpeko uretan konposatu organokloratuen kutsadura hauteman zen Zarauzko akuifero detritiko kuaternarioan, baina kutsadura horrek ez dio eragiten proiektu honen xede den eremuari.

– Igerain errekastoa lur azpitik doa mendebaldetik ekialdera Hegoaldeko Separatako iparraldeko mugan, eta jarduketa-eremua alderik alde gurutzatzen du (UE 10-2 Salberdingo kanpoaldeko eremuak, «B eta F» izendatuak). Errekastoaren bidea oso aldatuta dago; zati batzuk lur azpitik doaz eta beste batzuk lur gainetik, hormigoizko pareten bidez kanalizatuta. Tarte horretan ur gutxi du errekak, eta Santa Barbara mendian zehar egindako tunel baten desbideratze-obraren bidez erregulatuta dago emaria; tunelak, errekastoaren uraren zati bat bildu, eta zuzenean itsasora desbideratzen du. Erreka hori Iñurritza errekaren adarra da; erreka izen bereko estuariotik kilometro bat beherago itsasoratzen da, eta Biotopo Babestua eta Natura 2000 Sareko Kontserbazio Bereziko Eremua da.

– Eremuan ez dago Batasunaren intereseko habitatik. Inguruko berezko landaredia zenbait landare erruderal dira, espazio interstizialak kolonizatzen dutenak eta interes botanikorik gabeak, lurraren zatirik handiena guztiz zolatuta edo eraikita dagoelako.

– Uholde-arriskuari dagokionez, 100 eta 500 urte arteko errepikatze-denboran du uholdeak jasateko arriskua. 10-2 Salberdin eremurako egindako azterketa hidraulikoari jarraikiz, egungo arrasa baino 1 m goragotik urbanizatuko da, 6,07 kotan, 500 urteko errepikatze-denborako uholdeari dagokiona baino gorago.

– Egoera akustikoari dagokionez, emisio-foku nagusiak Bizkaia, Araba eta Urdaneta kaleetako trafikoa da, eta ETSko trenbidea (eremuaren iparraldean). 213/2012 Dekretuak, urriaren 16koa, Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzkoa, 45. artikuluan xedatzen duenari men eginez, Zarauzko Udalak 2018ko azaroaren 14an onetsitako BABE-Babes Akustiko Bereziko Eremuen izendapena du (GAO, 225. zenbakia, 2018ko azaroaren 22) 10-2-OR Salberdin hirigintza-eremuak. Dagokion Eremuko Plana du BABE horrek, aipatu Dekretuaren 47. artikuluak dioenaren arabera.

– Proiektuaren eremuan ez dago natura-, geologia- edo paisaia-interesa duen elementurik, ez eta babes-araubide bereziren baten peko gunerik edo espezierik ere. Kultura-ondareko elementu babesturik ere ez da detektatu. Dena dela, kontuan hartu beharrekoak dira eremutik gertu Zarauzko hiriguneko eremu urbanizatuetan sedimentu nahiko sakonetan lehenago aurkitutako aztarna arkeologikoak.

Testuinguru horretan, ingurumen-inpakturik handienak, batez ere, eremua urbanizatzeko lanetan izango dira, lurrak mugitzearen eta eraikinak eta beste elementu batzuk eraistearen ondorioz. Hori dela eta, honako hauek gertatuko dira: emisio atmosferikoak (partikulak, zarata); hondakinak sortzea; lurra kutsa dezaketen jarduerak dituzten edo izan dituzten lurretan esku-hartzearen ondorioz kutsadura transferitzeko arriskua; ondorioren bat lur gaineko zein lur azpiko uretan, obran sortutako efluenteen edota makinariaren mantentze-lanetako nahi gabeko isurketen ondorioz, eta eragozpenak herritarrei. Fase horretan aurreikusita dago lur potentzialki kutsatuak tratatzea.

Funtzionamendu fasean, inpakturik handiena bizitegien eraikuntzan izaten den baliabideen kontsumoagatik izaten da. Halaber, proiektu berriko egoera akustikoa, a priori, aurkakoa da; izan ere, proiektatutako eraikinetako fatxada batzuetan gainditu egiten baitira indarrean dagoen legediaren arabera bizitegi berriek izan beharreko kalitate akustikoaren mugak. 10-2-OR Salberdin hirigintza-eremua Babes Akustiko Bereziko Eremu (BABE) izendatuta dago, eta dagokion Eremuko Plana du, non inpaktua minimizatzeko neurriak jasotzen diren (tartean, zirkulazioa banatzea eta ibilgailu motordunak gutxitzea).

D) Babes- eta zuzenketa-neurriak.

Babes- eta zuzenketa-neurriak indarreko araudiaren arabera gauzatuko dira, hurrengo apartatuetan adierazitakoa kontuan hartuta eta aurrekoaren aurkakoa ez den orotan, sustatzaileak organo eskudunaren bidez Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzan aurkeztutako dokumentazioan aurreikusitakoaren arabera, eta hori guztia alde batera utzi gabe aplikatzekoak diren prozeduretan, zehazki, Lurzoruaren Kalitatearen Adierazpeneko ebazpenetan zehaztuta dagoena.

Bestalde, neurri horiek eta kontrolerako langile kopurua nahikoak izango dira ingurumen-inpaktuaren azterketan finkatutako kalitate-helburuak eta ingurumen-inpaktuaren adierazpen honek finkatzen dituenak bermatzeko.

Neurri horiek guztiak obra kontratatzeko baldintza-agirietan sartu beharko dira, eta baldintza horiek betetzen direla bermatuko duen aurrekontua ere izan beharko dute. Horretaz gain, obretako jardunbide egokiak ere aplikatuko dira.

Ildo horretan, apartatu hauetan adierazten diren neurriak gehitu beharko dira.

D.1.– Natura-ondarea babesteko neurriak.

D.1.1.– Obrak eta lurzorua okupatzea dakarten lan osagarriak proiektuaren mugen barruan gauzatuko dira. Ahalik eta gehien murriztuko da obrako makinak eta ibilgailuak aipatutako mugetatik kanpo zirkulatzea.

D.1.2.– Azkenean bertan kontserbatzea erabaki den zuhaitz aleren bat baldin balego, behar bezala babestuko dira zuhaitz horiek, obrek iraun artean haien sustrai-sistemek kolperik eta kalterik jasan ez dezaten. Jarduera horiek berariaz zehaztu beharko ditu ebazpen honetako D.11 puntuan ezarritako ingurumen-aholkularitzak.

D.1.3.– Adierazi den eremutik kanpo ustekabeko kalterik egingo balitz, neurri zuzentzaileak eta guneak oneratzeko neurri egokiak ezarriko dira; aldez aurretik, ebazpen honen D.11 puntuan adierazten den txostena egingo du ingurumen-aholkularitzak.

D.1.4.– Kontratistaren instalazio-eremuak (makineria, obrako etxolak, obrako materialak aldi baterako biltegiratzeko eremua, mailegu-eremuak eta obran sortutako hondakin tipologiak kudeatzeko eremuak barne) ingurumenari ahalik eta gutxien eragiteko irizpideetan oinarrituta proiektatuko dira. Eremu horiek Igerain errekastotik ahalik eta urrutien egon beharko dute.

D.1.5.– Cortaderia selloana, Fallopia japonica edo beste landare inbaditzaileak ez zabaltzeko ekintzak egingo dira. Alde horretatik, bereziki kontrolatu beharko da landare-estalkia lehengoratzeko zereginetan erabiliko diren lurren jatorria, eta, ahal dela, ez da erabiliko aipatutako espezie horiekin kutsatuta egon daitekeen lurrik.

D.1.6.– Obra faseak iraun bitartean, Iñurritzako estuarioko ekosisteman gerta daitezkeen kalteak saihesteko edo ahal den guztia murrizteko beharrezkoak diren neurriak hartuko dira. Txosten honetan ezarritako prebentzio-neurri guztiak hartuko dira, obrak egiten diren bitartean lurzorutik eta lurpeko uretatik estuariora kutsadurarik ez transmititzeko.

D.2.– Ura eta lurzorua babesteko neurriak.

Aplikagarriak diren prozeduren esparruan uren arloko organo eskudunak jarriko dituen baldintzez gain, honako babes- eta zuzenketa-neurri hauek ere hartu beharko dira:

D.2.1.– Obrako makineria-parkerako eta makineriaren mantentze-lanetarako utziko den gainazala isolatu egingo da drainatze naturaleko saretik. Zola iragazgaitza eta efluenteak biltzeko sistema bat izango ditu, olio eta erregaiek lurzorua eta ura ez kutsatzeko. Erregaien zamalanak, olio-aldaketak eta tailerreko jarduerak ezin izango dira horretarako adierazitako eremuetatik kanpo egin.

Ebazpen honen D.12 apartatuan aipatzen den dokumentazioan jasoko dira elementu horien ezaugarriak, kokalekua eta neurri zehatzak.

Lanak egiteko eremuetan, hidrokarburoak xurgatzeko material espezifikoa izango da, berehala erabili ahal izateko, ustekabeko isuririk edo ihesik badago: biribilkiak, material pikortatua, etab.

D.2.2.– Erabat debekatuta dago makinei olioa aldatzea, horretarako berariaz jarritako guneetan ez bada. Lanak egiten ari diren inguruan ez balego azpiegitura egokirik zeregin horietarako, berariazko esparru bat egokitu beharko da. Esparru hori mugatuta egongo da, eta zorua iragazgaiztu egin beharko da; era berean, efluenteak jasotzeko sistema bat eduki beharko du, lurzorua eta urak ez kutsatzeko.

D.2.3.– Obra-fasean, ahalik eta material xehe gutxien isuriko da drainatze-sarera. Horretarako, urak bideratzeko gailuak eta sedimentuak atzitzeko sistemak proiektatu eta gauzatuko dira, eta horietan bilduko dira obren ondorioz kutsatutako urak.

Gailu horien neurria zehazteko kalkulu hidraulikoak egingo dira, solidoei ongi eusten dietela bermatzeko, eta, botatzen badira, gune jakin batean botatzen direla bermatzeko, betiere uraren parametro fisiko-kimikoak indarrean dagoen araudiaren araberakoak direla ziurtatuta.

Sistema horien ezaugarriak, kokaleku zehatza eta neurriak Ebazpen honetako D.12 apartatuan aipatzen den lan-programan jasoko dira, eta berau aldatu egingo da obrak aurrera egin ahala aipatu gailu horien kokapenaren aldaketak programatzen direnean.

Hormigoi-upelak berariaz egokitutako eremuetan garbituko dira. Hormigoi-esnea ezingo da inola ere isuri ibilgura. Hormigoi-hondakinak kudeatzeko, ebazpen honen D.6. apartatuan ezartzen diren baldintzak beteko dira.

D.2.4.– Dekantazio-putzuen mantentze-lanak eta aldizkako garbiketa egin beharko da; metatutako lohiak aldizka hustuko dira, tratamendu-sistemaren funtzionamenduaren errendimendu optimoa bermatzeko.

D.2.5.– Ez da lur-mugimendurik, hondeaketarik edo zulaketarik egingo lurpeko urak kutsatuta daudela aurkitu den guneetan, deskontaminazio-lanak burutu eta obren jarduketen ondorioz lurpeko uretara kutsadura-transferentziarik ez dela gertatuko bermatzen den arte.

D.3.– Lurzoruaren kalitatea aurreikusitako erabilerekin bateragarria dela bermatzeko neurriak.

D.3.1.– Lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak izan dituzten edo dituzten lurzoruen inbentarioari buruzko irailaren 30eko 165/2008 Dekretuan jasotako hiru lekutan egingo da proiektua. Halaber, proiektuaren eremuaren barnean, Plásticos Pardo SA enpresak lurpeko biltegi bat dauka, zeina lurra kutsa dezakeen instalaziotzat jotzen den.

Horren harira, Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeari buruzko ekainaren 25eko 4/2015 Legeak 23. artikuluan xedatzen duena betez, arau horretan adierazitako egoeraren bat gertatzen bada, ingurumen-organoak ebazpen bidez lurzoruaren kalitatea adierazi beharko du, aipatutako ekainaren 25eko 4/2015 Legeak araututako prozedurari jarraikiz.

Lurzorua kutsa dezaketen jarduera edo instalazio bat izan zuten eta gaur egun aktibitaterik gabe dauden lurrak mugitzeko jarduketak aurreko artikuluan adierazitakoan barne daude, eta, horrenbestez, lurzoruaren kalitateari buruzko adierazpenaren mendean geratzen dira. Era berean, EAEko ingurumen-organoak aurrez onartu beharko du hondeaketa selektiborako plan bat lurzoruaren kalitateari buruzko adierazpenaren prozeduraren esparruan, aipatutako ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 23. artikuluan jasotakoa betez.

Ildo horretan, sustatzaileak emandako informazioaren arabera, lurzorua kutsa dezaketen jarduera edo instalazio bat duten edo izan duten lurzoruen inbentarioan izendatuta dauden proiektuaren esparruko lurzoru guztiak zehazki ikertu dira, dagokien lurzoruaren kalitateari buruzko adierazpena eskuratzeko, eta izapidetzearen une desberdinetan daude.

Aurrekoarekin lotuta, urbanizazio-obrak, eta haien artean hondeaketak, hondeaketa selektiboen plangintzari men eginez eta lurzoruaren kalitateari buruzko prozedura horretan ezarritako baldintzetan egingo dira, aipatutako lurzorua aurreikusitako erabilerekin bateragarria dela bermatzeko. Halaber, lurzoruaren kalitateari buruzko Ebazpen horretan ezartzen diren erabilera-mugak beteko dira. Kasu honetan, ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 31.2 artikulua aplikatuko da, eta, beraz, lur-mugimenduak egitea ahalbidetzen duten funtsezko lizentziak edo baimenak eman aurretik eman beharko da adierazpena.

Sobera geratutako lurzoruaren kalitatea eremu horietarako aurreikusitako erabilerekin bateragarria dela bermatu beharko da une oro.

D.3.2.– Hala ere, obrek dirauten bitartean lurra kutsatzen duten jarduerak edo instalazioak izan dituen beste lekurik aurkitzen bada, edo lurzorua kutsatzen duten gaien zantzu argirik bada, kasu horietarako ekainaren 25eko 4/2015 Legean ezarritakoa beteko da.

D.4.– Kutsadura atmosferikoa eragozteko eta airera ahalik eta hauts gutxien botatzeko neurriak.

D.4.1.– Lanek irauten duten bitartean, ibilgailuak igaro osteko garbiketa-lanak zorrotz kontrolatuko dira, bai jarduketen eraginpean hartutako ingurunean, bai obretara sartzeko guneetan. Sistema bat eduki beharko da aldi baterako hutsik dauden pistak eta lurrazalak ureztatzeko.

D.4.2.– Obrak egiteko eremuen irteeran, ibilgailuak garbitzeko gailuak izango dira, solidoak atxikitzeko sistema bati konektatuta, aurkeztutako dokumentuen arabera. Gailuok egoera onean mantenduko dira obra-faseak dirauen artean.

Ebazpen honen D.12 puntuan zehaztutako dokumentazioan adieraziko dira aipatutako elementuen ezaugarriak, kokaleku zehatza eta neurriak.

D.4.3.– Hezetasun-baldintza egokietan garraiatuko da hondeaketa-materiala, hain zuzen, zama estaltzeko gailuak dituzten ibilgailuetan, lohi eta partikularik ez barreiatzeko.

D.4.4.– Materialak eta ekarkinak aldi baterako metatzeko guneak bizitoki diren eraikinetatik urruti kokatuko dira.

D.5.– Zarataren eta bibrazioen ondorioak gutxitzeko neurriak.

D.5.1.– Obra-faseak dirauen artean, ingurumen-inpaktuaren azterketan zehaztutako neurri babesleak ezarri beharko dira, honako gai hauei dagokienez: obretako makinen mantentze-lan orokorrei, zarata eta bibrazioak jatorrian murrizteari, zarata egiten den ordu kopurua murrizteari, obretan erabilitako tresnek egiten duten zarata kontrolatzeari, etab.

D.5.2.– Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustiko, kalitate-helburu eta emisio akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen zarata-emisiei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, eta hala badagokie, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten soinu-emisioak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan eta arau osagarrietan ezarritakora.

D.5.3.– Bestalde, proiektua gauzatzean, obrek eragindako eremuan ez dira gaindituko kalitate akustikorako ezarritako mugak, Euskal Autonomia Erkidegoko kutsadura akustikoari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuan ezarrita, eta hori guztia dekretu horretako 35 bis artikuluan aurreikusitakoari kalterik eragin gabe: 6 hilabete baino gehiagoko iraupena izango dutela aurreikusten den lanetan, eragin akustikoari buruzko ikerketa bat egin beharko da, egoki diren neurri zuzentzaileak zehazteko.

D.6.– Hondakinak kudeatzeko neurriak.

D.6.1.– Hondakin eta lurzoru kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legeak araututako moduan eta aplikatzekoak diren berariazko araudiek agindutako moduan kudeatuko dira obretan sortutako hondakinak, hondeaketakoak, ebakiak, bilgarriak eta errefuseko eta garbiketa-kanpainetako materialak.

Hondakinak kudeatzeko hierarkia-printzipioei jarraituz, hondakinen sorreran prebentzioa sustatu behar da, edo, hala badagokio, uztailaren 28ko 22/2011 Legearen 8. artikuluan ezarritako lehentasun-hurrenkerari jarraituz kudeatu behar dira; hau da: prebenitzea, berrerabiltzeko prestatzea, birziklatzea eta balorizatzeko beste modu batzuk, balorizazio energetikoa barne. Hondakinak kasu honetan baino ezingo dira deuseztatu: horiek balorizatzea teknikoki, ekonomikoki eta ingurumenaren ikuspegitik bideraezina dela behar bezala frogatzen bada.

Berariaz debekatuta dago sortzen diren tipologia ezberdineko hondakinak elkarrekin edo beste hondakin nahiz efluente batzuekin nahastea; hondakinak jatorritik bertatik bereiziko dira, eta horiek bildu eta biltegiratzeko bide egokiak jarriko dira, nahasketak ekiditeko.

D.6.2.– Eraikitze- eta eraispen-jardueren ondorioz sortutako hondakinak Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzeko den otsailaren 1eko 105/2008 Errege Dekretuan eta Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzeko den ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuan aurreikusitakoa betez kudeatuko dira.

Aipatutako 112/2012 Dekretuaren 4. artikuluaren arabera, proiektuaren sustatzaileak gehitu beharko dio eraikitze-proiektuari hondakinen eta eraikitze- eta eraispen-materialen kudeaketa-azterlan bat; eta I. eranskinean ezarritako gutxieneko edukia izan beharko du.

Halaber, otsailaren 1eko 105/2008 Errege Dekretuan aurreikusitako eskakizunak betetzeaz gain, plan bat prestatuko du kontratistak, obrako eraikuntza- eta eraispen-lanetan sortzen diren hondakinekiko eta materialekiko betebeharrak nola beteko dituen azaltzeko. Ebazpen honen D.12 puntuan aipatzen den lan-programan txertatuko da plan hori.

D.6.3.– Baimendutako zabortegira bidali beharreko hondakinak kudeatzeko orduan, Hondakinak zabortegietan utziz ezabatzea arautzen duen uztailaren 7ko 646/2020 Errege Dekretuan eta Hondakinak zabortegietan utziz ezabatzea eta betegarriak egikaritzea arautzen duen otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuan xedatutakoaren arabera jokatuko da.

Jarduerako soberakinak betelanak egiteko erabiltzen badira, aipatutako otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuan ezarritako baldintzak bete beharko dira.

Betelanak jalkitzeko, kutsatzaile-edukia A ebaluazioko balio adierazleetan (EBA-A) ezarritako baloreen azpitik duten materialak bakarrik baimenduko dira. Lurzorua ez kutsatzeko eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen III. eranskinean daude jasota adierazle horiek.

D.6.4.– Obren hondeaketetako soberakinei dagokienez (kutsatu gabeko lurzoruak eta obretan hondeatutako material naturalak), betelanetara edo jatorri-obretatik kanpoko beste obra batzuetara zuzentzen badira, Hondeatutako material naturalak betelanetan eta jatorri-obretatik kanpoko beste obra batzuetan erabiltzeko balorizazio-arau orokorrei buruzko urriaren 10eko APM/1007/2017 Agindua aplikatuko da, Hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legearen 28. artikuluan jasotako aurreikuspenak aplikatuz.

Obrak amaitzean, proiektuaren sustatzaileak lurren mugimenduen balantze zehatza eta indusketa-soberakinen jarraipena igorri beharko dizkio Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzari, bai eta honako hau zehaztu ere: atera ziren lekuetan ez beste leku edo obra batzuetan eraikuntzara bideratutako materialen kopuruak eta ezaugarriak.

D.6.5.– Hondakin arriskutsuak biltzeko sistemak bereiziak izango dira, baldin eta, duten tipologia dela-eta, isurketaren bat gertatuz gero, nahasi, arriskutsuago bihurtu edo kudeaketa zaildu badezakete. Halaber, uztailaren 20ko 833/1988 Errege Dekretuaren (Hondakin toxiko eta arriskutsuei buruzko maiatzaren 14ko 20/1986 Legea betearazteko Erregelamendua onartzen duena) 13. artikuluan ezarritako segurtasun-arauak bete beharko dituzte, eta itxita egon beharko dute kudeatzaileari eman arte, isurita edo lurrunduta gal ez daitezen.

Aipatutako ontziak edo bilgarriak argi eta modu irakurgarri eta ezabaezinean etiketatu beharko dira, bai eta indarreko araudiari jarraikiz ere.

D.6.6.– Sortutako olio erabilia Industrian Erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuan ebatzitakoari jarraituz kudeatu beharko da. Olio erabiliak, baimendutako kudeatzaile bati eman arte, estalpean utziko dira, behar bezala etiketatutako depositu estankoetan; zola iragazgaitz baten gainean egon beharko dute, kubo txikietan edo ihesei eta isuriei eusteko sistemen barruan.

D.6.7.– Araudi hau errazago betetzeko, eraginpeko lan guztietan sortutako hondakinak kudeatzeko sistemak eduki beharko dira. Lan horien arduradunek kudeatuko dituzte sistemok, eta haien ardura izango da langileek hondakinak behar bezala erabiltzea. Bereziki, erregai eta produktuak biltegiratzearen, makinen mantentze-lanak egitearen eta hondakinak erretzearen ondorioz ez dira inola ere efluente kontrolatu gabeak sortuko.

Aurrekoaren haritik, eremu jakin bat egokituko da aldi batean hondakin arriskutsuak pilatzeko; hala nola olio-potoak, iragazkiak, olioak eta pinturak. Gainera, hondakin geldoak biltzeko berariazko edukiontziak jarriko dira, hondakin arriskutsuen guneetatik bereizita.

D.6.8.– Obretan sortutako hondakinen ingurumen-jarraipenari buruzko txosten bat egin beharko da, eta indarreko legedian jasotako identifikazio-dokumentuak eta tratamendu-kontratuak txosten horretan sartu beharko dira.

D.7.– Kultura-ondarea babesteko neurriak.

Urbanizazio-proiektu hau egikaritzeko egin behar izaten den edozein jarduketa gauzatzeko orduan, aintzat hartu beharko dira Eusko Jaurlaritzako Kultura Ondarearen Zuzendaritzak egindako txostenak jasotzen dituzten irizpideak; bertan aipatzen da Zarauzko hirigune urbanizatuko beste zonalde batzuetan sakonera handi samarreko sedimentu-testuinguruetan aurkitu ohi izan direla aurri arkeologikoak, espezializaziorik gabeko langileek nekez identifikatu ditzaketenak. Hala, bada, honako prebentzio-neurri hauek erantsiko dira ondare arkeologikoa babeste aldera:

D.7.1.– Eraginpean dauden lursailen tasun arkeologikoaren mapa osatzeko, arkeologoek eta paleogeografiako espezialistek aztertuko dute sedimentuaren konposizioa, zundaketa mekanikoen bitartez lekuko jarraitua ateraz edo eraikuntza-proiektuen testuinguruan egiten diren bestelako zundaketak aprobetxatuz.

D.7.2.– Lekukoetan kausituko balira hondakin biogenikoak (landare- edo fauna-makrohondakinak), edo jatorri antropikoko artefaktu litikoak edo beste izaera batekoak, zundaketa arkeologikoak egingo dira Gipuzkoako Foru Aldundiaren arauzko baimenarekin.

D.7.3.– Zundaketa horietan hondakin arkeologikoak edota paleontologikoak agertuko balira, Gipuzkoako Foru Aldundiari jakinaraziko zaio, organo horrek erabaki dezan zer jarduketa egin behar diren kasu horietan, 6/2019 Legeak, maiatzaren 9koak, Euskal Kultura Ondarearenak, eta 341/1999 Dekretuak, urriaren 5ekoak, Euskal Autonomia Erkidegoko esparruan aurkitutako interes arkeologikoa edo paleontologikoa duten ondasunak garraiatu, entregatu eta gordailuan uzteko baldintzei buruzkoak, diotenari men eginez.

D.8.– Obrak integratzeko eta lehengoratzeko neurriak.

D.8.1.– Obrak eragindako eremu guztietan egingo dira obraren paisaia-integraziorako lanak, baita kontratistaren instalazio-eremuetan edo bestelako eremuetan ere proiektuaren ondorioz kaltetuta geratu badira. Ingurumen-leheneratzean sartuko dira lurraren berroneratze geomorfologikoa eta edafikoa, bai eta lorategi-elementuen birjarpena ere.

D.8.2.– Lurrak mugitzerakoan, landare-lurra kenduko da, eta bereizita pilatuko da, obrek eragindako guneak lehengoratzeko eta landareztatzeko lanak erraztearren.

D.8.3.– Proiektuaren eremuan paisaia integratzeko eta landaketak egiteko lanetan, harizti azidofiloaren, harizti misto atlantikoaren (Quercus robur) eta haltzadi kantauriarraren familiako zuhaixka- eta zuhaitz-espezie autoktonoak erabili beharko dira, eta, nolanahi ere, espezie aloktonoak saihestuko dira, bereziki, portaera inbaditzailea izan dezaketenak.

Landareztatzeei esker, habitat naturalizatuak sortuko dira eta, zuhaitz eta zuhaixka autoktonoen multzo eta eraketa linealak ezartzeko saiakera egingo da.

D.8.4.– Fallopia japonica, Buddleja davidii, Cortaderia selloana edo beste landare inbaditzaile batzuk ez zabaltzeko ekintzak gauzatuko dira. Ildo horretan, kasu horretan bereziki kontrolatuko da landare-estalkia lehengoratzeko lurren jatorria, eta, ahal dela, ez da erabiliko horrelako espezieek kutsatu ahal izan duten lurrik. Gainera, landare-lurrak hilabetez baino gehiagoz pilatuko badira obran, hidroerein edo plastikozko geruza batekin estali egingo dira, urak lurrik ez eramateko, lurraren ezaugarriak ez kaltetzeko eta, ahal den heinean, espezie inbaditzaileak sartzea eragozteko.

D.8.5.– Bermealdian, mantentze-lanak egingo dira: lurra urratu, ongarritu, ureztatu eta hutsarteak bete.

D.9.– Uholde-arriskuari dagozkion neurriak.

Gaur egun, proiektuari dagokion eremua 100 eta 500 urte arteko errepikatze-denborako uraldietarako uholde-arriskua duen eremuan dago. 10-2 Salberdin eremurako egindako azterketa hidraulikoari jarraikiz, egungo arrasa baino 1 m goragotik urbanizatuko da, 6,07 kotan, 500 urteko errepikatze-denborako uholdeari dagokiona baino gorago.

Organo eskudunak prozedura aplikagarrien esparruan ezarritako baldintzak alde batera utzi gabe, proiektuak bat etorri beharko du Kantauri Ekialdeko Demarkazio Hidrografikoaren Plan Hidrologikoaren araudian eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ibaiak eta Errekak Antolatzeko Lurralde Plan Sektorialeko E.2 apartatuko uholdeen aurkako babesari buruzko araudi espezifikoan ezarritakoarekin.

Obrak egin bitartean, ez da pilatuko uraldietan urak eraman dezakeen materialik edo hondakinik.

D.10.– Obra bukatzea eta garbitzea.

Obrak bukatu ondoren, garbiketa-kanpaina zorrotz bat egingo da, eta proiektuak erasandako eremua obrako hondakinik batere gabe utzi beharko da. Hondakinak lan-eremutik aterako dira, eta, haiek kudeatzeko, ebazpen honetako D.6 puntuan xedatzen dena aplikatuko da.

D.11.– Ingurumen-aholkularitza.

Obra amaitu arte eta horren berme-aldian zehar, Obra Zuzendaritzak ingurumenaren eta, oro har, babes- eta zuzenketa-neurrien inguruan kualifikatutako aholkularitza izan beharko du. Obraren Zuzendaritzak ebazpenik eman behar badu baldintza-agiriak horrelako gaien inguruan esleitzen dizkion eskumenak erabiliz, aholkulariek txosten bat egingo dute aurrez. Ingurumen-aholkularitzak, gainera, jardunbide egokien kontrola egingo du obrek irauten bitartean; besteak beste, proiektuko ekintzen eragina egiaztatuko du, bereziki honako hauei dagokienez: lurren mugimenduak, hautsa eta zarata, makinen zarata eta hondakinen kudeaketa.

D.12.– Lan-programaren diseinua.

Obrak hasi aurretik, kontratistak proposamen zehatzak egin beharko ditu, jarraian datozen azpiapartatuetan azaltzen diren gaiei buruz. Lanak egiteko programari erantsiko zaizkio proposamen horiek, eta Obren Zuzendariak berariaz onartu beharko ditu; aurrez, txosten bat egin beharko du aurreko apartatuan aipatutako ingurumen-aholkularitzak. Dokumentu hauek bilduko ditu aipatutako programak:

– Makineria-parkearen eta obrako materialen eta lurren eta hondakinen aldi baterako biltegiratzerako eremuen kokapenari eta ezaugarriei buruzko xehetasunak, obra egikaritzeko fase desberdinetarako.

– Urak bideratzeko eta sedimentuei eusteko aurreikusitako sare eta sistemen kokapenari, ezaugarriei eta neurriei buruzko xehetasunak.

– Kamioien gurpilak garbitzeko gailuen kokapena eta ezaugarriak.

– Obretako eraikuntza- eta eraispen-lanetan sor daitezkeen hondakinak nola kudeatuko diren islatzen duen plana, honako hauen arabera: Eraikuntza- eta eraispen-lanen hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzeko otsailaren 1eko 105/2008 Errege Dekretuaren 5.1 artikuluan xedatutakoa, eta Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzeko ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuaren 7. artikuluan xedatutakoa.

E) Ingurumena zaintzeko programa.

Proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazioan, sustatzaileak aurkeztutako dokumentazioan aurreikusten denaren arabera egingo da ingurumena zaintzeko programa, eta ondoren zehaztuko diren beste kontrol hauek ere erantsi behar zaizkio.

Programa hori obra kontratatzeko baldintza-agirietan sartuta egon behar da, eta bete ahal izatea bermatuko duen aurrekontuaz hornituko da.

E.1.– Gorabeheren erregistroa.

Obrak egin ahala sortutako gorabeheren erregistroa egin beharko da, bai eta neurri babesle eta zuzentzaileak zenbateraino bete diren jasotzeko erregistroa ere. Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzaren eskura egongo da erregistroa, hark ikuskatzeko, eta, nolanahi ere, lanak amaitutakoan, hari bidaltzeko. Proiektua gauzatzean aldaketarik egin bada, aldaketa horiek xehetasunez adierazi beharko dira. Ingurumenean duten eraginaren ikuspegitik justifikatu behar dira aipatutako aldaketak.

E.2.– Obraren okupazio-mugen kontrola.

Egiaztatu egingo da lanen eremua proiektuko aurreikuspenekin bat datorrela; obrek ez dute hartuko aurrez ikusitako azalera baino eremu handiagoa.

E.3.– Uren kalitatearen kontrola.

Oro har, ur-ingurunera isurketak egin ditzakeen obra-lekurik izanez gero, D.11 apartatuan aurreikusitako ingurumen-aholkularitzak egiaztatu egingo du urak isuri aurretik urak bideratzeko, drainatzeko eta atxikitzeko gailuak ondo funtzionatzen dutela. Horrez gain, ibaira material xeheak isuri diren aztertuko du, euri-aldietan batez ere.

Sistema horien funtzionamendua eraginkorra ez dela ikusten bada, beharrezkoak diren neurriak hartuko dira, kaltea sortzen duten zuloetan lanak aldi baterako gelditzea barne, material esekiz betetako urak lur gaineko ur-ibilguetara irits ez daitezen.

Arazketa-sistemaren irteeran, organo eskudunaren isurketa-baimenean ezarritakoaren arabera kontrolatuko da isuria.

E.4.– Lehengoratzearen arrakasta kontrolatzea.

Bermealdian, aldizkako jarraipena egingo zaio proiektuak eragindako gainazalen lehengoratzeak izan duen arrakasta-mailari.

E.5.– Ingurumena zaintzeko programaren dokumentu bateratua.

Ingurumena zaintzeko programaren dokumentu bateratua egin beharko du sustatzaileak, eta han bilduko dira ingurumen-inpaktuaren azterlanean proposatutako betebeharrak eta ebazpen honetan jasotakoak.

Kontrolatuko diren parametroak eta parametro bakoitzerako erreferentziako balioak zehaztuko dira programa horretan, bai eta beste hauek ere: laginketarako eta analisirako metodologia; kontrol-puntuak non dauden kokatuta xehetasunezko kartografian; kontrol horien maiztasuna, eta guztia gauzatzeko aurrekontuaren xehetasunak.

E.6.– Ingurumena zaintzeko programaren emaitzak bidaltzea.

Ingurumena zaintzeko programaren barruko txostenen eta analisien emaitzak behar bezala erregistratu beharko dira, eta Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzari organo substantiboaren bidez bidaliko zaizkio. Obrak bukatu eta lehengoratze-lanen bermealdia amaitutakoan bidaliko da txosten hori.

Ingurumena Zaintzeko Programaren emaitzekin batera, ingurumen-gaietan espezializatutako erakunde batek egindako txostena ere aurkeztu behar da. Txosten horretan emaitzen analisia jasoko da, epe horretan izandako gertakari nagusiak bereziki aipatuta, haien kausa eta konponbideak eta, halaber, laginak nola hartu diren zehaztuko da, aldez aurretik egin ez bada.

Proiektuaren sustatzaileak datuak euskarri egokian bilduko ditu bi urtez gutxienez, eta datu horiek administrazio publikoen ikuskaritza-zerbitzuen eskura jarriko dira; hori guztia, hala ere, ez da eragozpen izango kasu bakoitzean aplikagarri den araudia betetzeko.

F) Baldin eta araudi berria indarrean jartzeak edo barneratzen diren sistemen egitura eta funtzionamenduari buruzko ezagutza berri esanguratsuetara egokitu beharrak hala eginarazten badigute, babes- eta zuzenketa-neurriak eta ingurumen-zaintzako programa aldarazi ahal izango dira, bai neurtu behar diren parametroen kasuan, bai eta neurketaren aldizkakotasuna eta aipatutako parametroek hartu behar duten tarteari dagozkion mugen kasuan ere. Ingurumen-organoak, era berean, aldatu egin ditzake babes- eta zuzenketa-neurriak eta ingurumena zaintzeko programa, jardueraren sustatzaileak hala eskatuta, edo ofizioz. Hori guztia, ingurumena zaintzeko programan lortutako emaitzetan oinarrituta, edo ingurumen-inpaktuak saihesteko ezarri diren babes-, zuzenketa- eta konpentsazio-neurriak nahikoak ez direla egiaztatzen bada.

G) Ebazpen honen aurreko apartatuetan ezarritakoa alde batera utzi gabe, jarraian aipatzen diren agiriak helarazi beharko zaizkio ingurumen-organo honi, espedientean sar ditzan. Dokumentazio hori Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzara bidali beharko du organo substantiboak:

G.1.– Obrak amaitu eta bi hilabeteko epea igaro baino lehen, hondeaketa-soberakinen eta hondakinen ingurumen-jarraipenari dagozkion txostenak, ebazpen honetako D.6 apartatuan aurreikusitakoaren arabera.

G.2.– Obrak amaitu eta bi hileko epea igaro baino lehen, obrak gauzatu bitartean sortutako gorabeheren erregistroa, babes- eta zuzenketa-neurriak noraino bete diren jasoko duena, ebazpen honen E.1 apartatuan aurreikusitakoaren arabera.

Hirugarrena.– Lau urteko epea jartzen da proiektua gauzatzen hasteko, eta epe hori ingurumen-inpaktuaren adierazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen denetik hasiko da. Epe hori igaro eta artean ez bada hasi proiektua gauzatzen, ingurumen-inpaktuaren adierazpen honi amaitu egingo zaio iraunaldia, eta utzi egingo dio dagozkion ondorioak sortzeari. Kasu horretan, sustatzaileak berriro hasi beharko du proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa, aipatutako epea luzatzea adosten ez bada behintzat. Hori guztia, otsailaren 27ko 3/1998 Legearen 47.8 artikuluan eta abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 43. artikuluan ezarritakoarekin bat.

Laugarrena.– Aurreko zenbakian xedatutakoaren ondorioetarako, proiektuaren sustatzaileak aldez aurretik jakinarazi beharko dio ingurumen-organoari, organo substantiboaren bitartez, zer egunetan hasiko den proiektua gauzatzen.

Bosgarrena.– Ebazpen honen edukiaren berri ematea Zarauzko Udalari.

Seigarrena.– Ingurumen-inpaktuaren adierazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea.

Vitoria-Gasteiz, 2021eko abuztuaren 13a.

Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendaria,

JAVIER AGIRRE ORCAJO.


Azterketa dokumentala