186. zk., 2021eko irailaren 17a, ostirala
- Bestelako formatuak:
- PDF (280 KB - 5 orri.)
- EPUB (225 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
4783
EBAZPENA, 2021eko uztailaren 22koa, Ingurumen Jasangarritasuneko sailburuordearena, Sondikako (Bizkaia) Gorondabane HLHIn pista estalia eraikitzeko hiri-antolamenduko plan bereziaren ingurumen-txosten estrategikoa formulatzen duena.
AURREKARIAK
2021eko maiatzaren 13an, Sondikako Udalak hiri-antolamenduko plan bereziaren ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuari ekiteko eskabidea egin zuen, Sondikako (Bizkaia) Gorondabane HLHIn pista estalia eraikitzeko lanekin loturik. Eskabidearekin batera, zenbait dokumentu aurkeztu zituen, hala nola planaren zirriborroa eta ingurumen-dokumentu estrategikoa, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 29. artikuluan eskatutako edukia zutela. Gainera, ingurumen-dokumentu estrategikoak aipatzen ditu dokumentu hori landu duten pertsonak, sinatuta dago eta amaiera-data dauka.
Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikulua aplikatuz, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak kontsulta-izapidea abiarazi zuen 2021eko ekainaren 11n, ukituriko administrazio publikoekin eta interesdunekin, eta espedientean daude jasota landutako edukia eta izaniko emaitzak. Era berean, Sondikako Udalari jakinarazi zitzaion hasita zegoela izapidea.
Halaber, espedientean jasotako dokumentuak eskuragarri egon ziren Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren webgunean, interesdun orok ingurumenaren arloan egokitzat jotzen zituen oharrak egin ahal izateko.
Jasotako txostenak aztertu ondotik, egiaztatu da ingurumen-organoak baduela ingurumen-txosten estrategikoa egiteko behar beste judizio-elementu, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikuluari jarraikiz.
ZUZENBIDEKO OINARRIAK
Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 1. artikuluan ezarritakoaren arabera, ingurumenean ondorio esanguratsuak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautuko duten oinarriak ezartzea da helburua; era horretan, ingurumenaren babes-maila handia bermatuko da, garapen jasangarria sustatzeko.
Era berean, Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 42. artikuluaren arabera, ingurumen-inpaktuaren ebaluazioek era egokian bermatuko dute, besteak beste, plangintza-prozesuaren lehen faseetan egingo dela ingurumenaren gaineko eraginen analisia, betiere aukerarik egokienak hautatzeko asmoz eta aintzat hartuta hor gauzatuko diren jardueren metatze- eta sinergia-ondorioak.
Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 6.2 artikuluan aurreikusten da zein diren ingurumen-organoak egindako ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua behar duten plan eta programak, auzi hauek zehazteko: planak edo programak ez duela eragin nabarmenik ingurumenean, ingurumen-txosten estrategikoan ezarritakoaren arabera, edo plan edo programen gaineko ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin beharra, haiek ingurumenerako eragin nabarmenak ekar litzaketelako. Kasu horien artean dago Sondikako (Bizkaia) Gorondabane HLHIn pista estalia eraikitzeko hiri-antolamenduko plan berezia.
Planaren ingurumen-ebaluazioaren espedienteko dokumentazio teknikoa eta txostenak aztertu ostean, eta kontuan hartuta ingurumen-dokumentu estrategikoa zuzena dela eta betetzen dituela indarreko araudian ezarritako alderdiak, ingurumen-txosten estrategiko hau ematen du Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak (huraxe baita organo eskuduna, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saileko egitura organiko eta funtzionala ezartzen duen otsailaren 23ko 68/2021 Dekretuaren arabera). Txosten horretan, planak ingurumenean ondorio esanguratsuak izan ditzakeen edo ez aztertzen da, eta, ondorioz, ohiko ingurumen-ebaluazio estrategikoaren prozedura bete behar duen ala ez, edota, bestela, zer baldintza ezarri behar diren plana garatzeko, eta ingurumena behar bezala babesteko.
Kontuan harturik honako xedapen hauek: 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 68/2021 Dekretua, otsailaren 23koa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organiko eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena, eta aplikatzekoa den gainerako araudia. Horrenbestez, honako hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Sondikako (Bizkaia) Gorondabane HLHIn pista estalia eraikitzeko hiri-antolamenduko plan bereziaren ingurumen-txosten estrategikoa formulatzea, jarraian zehazten den moduan:
A) Planaren deskribapena: helburuak eta jarduketak. Eremuaren deskribapena.
Plan bereziak aldatu egiten du sistema orokorraren hirigintza-antolamendua, eta areagotu egiten du SG.EL-1 eremuari esleitutako eraikigarritasuna, Sondikako Gorondagane HLHIn jada eginiko kirol-pistaren gainean proiektatutako estalkia egikaritu ahal izateko.
Plan bereziaren jarduera-eremua Sondikako (Bizkaia) Gorondagane HLHIaren ondoko lursailetan kokatzen da, ikastetxeari dagokion multzoaren barruan. Zehazki, 1. industrialdeko 161. eta 162. lurzatietan kokatu nahi da estalkia. Arau subsidiarioetan eremu horretarako jasotzen den eraikigarritasuna 316,2 m2c-koa da, eta garatu nahi den eraikuntza, berriz, 1.280 m2c-tik gorakoa. Proposatzen da eraikigarritasun fisikoaren koefizientea 0,05 m2t/m2s arte handitzea, eta lurzatien eraikigarritasun fisikoa 1.581 m2t izatea gehienez ere. Ez da aurreikusten sestra azpiko eraikigarritasunik, eta ez da aldatzen lurzatien kalifikazioa. Beheko solairurako sestra gaineko profil bat baimentzen da, eta eraikuntzaren altuera 9 m-ra mugatzen da; ez du inola ere gaindituko 35,00 metroko sestra, instalazio osagarrietako elementuetan izan ezik –hala nola tximistorratzak, antenak, eguzki-plakak edo antzekoak–. Fatxaden konposizioa librea izango da, irekiak zein erdi irekiak.
Eremua Sondika udalerriaren erdialdean dago, herrigunearen ondoan, eta Bilboko aireportuaren hegoaldean. SG.EL-1 NU gisa sailkatutako lursailak 31.620 m2-ko hedadura dute eta Gorondagane HLHI irakaskuntza-ekipamenduaren alde banatara zabaltzen dira.
Aztergai dugun lursaila erabat zolatuta eta kirol-pistek harturik dago. Hori horrela, inguruan zuhaitz- eta zuhaixka-ale batzuk baino ez dauzka, baita belarrez osaturiko landaredi bat ere inguruan. Eremu horretako faunari dagokionez, hirietako eta hiri-periferietako espezie tipikoak dira.
Eremua Ibaizabalgo Unitate Hidrologikoan sartzen da, zehazki Asua ibaiaren isurialdeko arroan, zeina eremutik 300 m hegoalderantz igarotzen baita. Ez da identifikatzen ur-ibilgu iraunkorrik eremuan, ez eta ingurune hurbilenean ere.
Nekazaritza eta Basozaintzako Lurralde Plan Sektorialaren arabera, lurzatiaren zati bat «Nekazaritza eta abeltzaintza: trantsizioko landa-eremua» kategorian sartzen da. Hala ere, aipatu bezala, lurzatia artifizializatuta dago 2014an kirol-pista ezarri zenetik.
Ez da detektatzen naturagune babesturik, espezie mehatxaturik edo hezegunerik, ez lursailean bertan, ez inguruan. Halaber, ez da identifikatzen interes geologikoko tokirik, ezta Eremu Babestuen Erregistroan edo Korridore Ekologikoen Sarean sartutako espaziorik ere. Azterketaren eremuan, ez da identifikatzen kultura-ondarearen elementu katalogaturik.
Eremua Sondikako ikusmen-arroan sarturik dago, eta «oso ohikotzat» eta pasaia-kalitate «oso txikokotzat» jotzen da. Inguruneko paisaiak hirietako eta hiri-periferietako paisaiaren berezko ezaugarriak ditu. Kokalekuari dagokionez, iparraldean, Sondika udalerriko hiri-lurrak ditu, eta hegoaldean, berriz, belardi-eremu handiak dituzten landa-lurrak.
Ez da identifikatzen arrisku natural garrantzitsurik; izan ere, eremu horretatik ez da igarotzen ur-ibilgu bakar bat ere, eta ez dago uholde-arriskua duten eremuen eraginpean. Eskuragarri dagoen kartografiaren arabera, hari dagozkion lurzatiak ez daude jasota lurzorua kutsa dezaketen jarduerak dituzten edo izan dituzten lekuen inbentarioan. Bestalde, eremuak ez du ageri akuiferoen kutsadurarekiko urrakortasun nabarmenik. Befesa Zinc Óxido SAU enpresatik 600 metrora dago lurzatia (Sangroniz industrialdean, Seveso enpresa gisa sailkatuta).
Eremuaren inguruko zarata-foku nabarmenenak errepideak (BI-737 eta N-637), Bilboko aireportua eta Euskotreneko trenbideak dira. Eskuragarri dauden Zarata Mapen arabera, aipatutako garraio-azpiegituren eraginpeko eremutik kanpo geratzen da lurzatia, eta ez da aurreikusten horietatik eratorritako inpaktu akustikorik. Ingurumen Dokumentu Estrategikoak adierazten duenez, proiektatutako estalki berriak eta haren itxiturek ondorio positiboak izango dituzte aldameneko etxebizitzen eta irakaskuntza-instalazioen maila akustikoetan, eta murriztu egingo dute kirol-pistaren erabilerak sortutako zarata.
Ondorioz, planak proposatutako garapenaren inpakturik esanguratsuenak, printzipioz behintzat, estalki berria eraikitzeko obren fasearekin lotutakoak izango dira. Fase horretan, hondakinak eta endredoak izango dituzte herritarrek, isurketa atmosferiko eta akustikoen ondorioz, besteak beste.
Ustiapen-fasean, irizten zaio guztiz positiboak izango direla estalkia egiteak ekarriko dituen inpaktuak; izan ere, lagungarria izango da kirol-pista eta haren erabiltzaileak baldintza klimatologiko txarretatik babesteko.
B) Planaren ezaugarriak aztertu ondotik, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31. artikuluarekin bat, kontuan hartuta egindako kontsulten emaitza, eta V. eranskinean ezarritako irizpideei jarraikiz, xedatzen da planak ez duela eragin esanguratsurik ingurumenean, ingurumen-txosten estrategikoan ezarritakoaren arabera.
C) Nolanahi ere, indarrean dagoen araudiaren arabera ezarriko dira neurri babesle eta zuzentzaileak, ebazpen honetan zehaztutakoaren arabera eta, aurrekoaren aurka ez doan guztian, ingurumen-dokumentu estrategikoan eta eremua antolatzen duten planetan jasotakoaren arabera.
Bestalde, eraikuntza-proiektuak egikaritzeko prozesuan aplikatuko diren neurriak loturik egongo dira obretako jardunbide egokien eskuliburuarekin, lurren eta soberakinen kudeaketarekin, hondakinen sorkuntza eta kudeaketarekin, induskatutako lurzoruen kontrolarekin eta urak, airearen kalitatea eta kalitate akustikoa babestearekin. Besteak beste, planetik eratorritako proiektuetako obrak gauzatzeko neurri babesle eta zuzentzaile hauek bete beharko dira:
– Obrako langileek erabiltzeko jardunbide egokien eskuliburua. Gutxienez, alderdi hauekin zerikusia duten alderdiak bilduko ditu: lanaldiak, makineria, aldi baterako desbideratzeak, isurketak saihestea, ahalik eta hauts eta soinu gutxien sortzea, herritarren lasaitasunean eragin negatiboa izan dezaketen jardunak minimizatzea, hondakinak kudeatzea, etab.
– Hondakinak sortzea eta kudeatzea: obretan eta garbiketa-kanpainan sortutako hondakinak kudeatzeko, Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legean eta arau espezifikoetan xedatutakoa beteko da.
Eraikuntza- eta eraispen-hondakinak Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen kudeaketa arautzen duen ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira.
Hondakin arriskutsuak dituzten ontziek 833/1988 Errege Dekretuaren 13. artikuluan ezarritako segurtasun-arauak beteko dituzte (833/1988 Errege Dekretua, uztailaren 20koa, Hondakin Toxikoei buruzko maiatzaren 14ko 20/1986 Oinarrizko Legea betearazteko Erregelamendua onartzen duena).
Olio erabiliak, berriz, industrian erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuan eta EAEn erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen irailaren 29ko 259/1998 Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira.
– Airearen kalitatearen eta kalitate akustikoaren babesa: Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustikoari, kalitate-helburuei eta soinu-emisioei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen emisio akustikoei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, hala badagokie, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten soinu-emisioak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan (apirilaren 28ko 524/2006 Errege Dekretuak aldatua) eta arau osagarrietan ezarritakora.
Halaber, eguneko lan-ordutegian jardungo da eta garbi mantendu beharko dira kamioiek obran sartu eta irteteko erabiltzen dituzten bideak; horretarako, presioko ura edo kaleak erraztatzeko makina mekanikoak erabiliko dira.
Bigarrena.– Zehaztea, bildutako zehaztapenei jarraikiz eta ebazpen honetan ezarritako baldintzak betez, ez dela aurreikusten Sondikako (Bizkaia) Gorondabane HLHIn pista estalia eraikitzeko hiri-antolamenduko plan bereziak ondorio kaltegarri nabarmenik eragingo duenik ingurumenean, eta, beraz, ez dela beharrezkoa ohiko ingurumen-ebaluazio estrategikoa egitea.
Hirugarrena.– Ebazpen honen edukia Sondikako Udalari jakinaraztea.
Laugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea.
Bosgarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agindua ematea. Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31.4 artikuluak ezarritakoaren arabera, ingurumen-ebaluazio estrategiko horrek indarraldia galduko du eta dagozkion efektuak sortzeari utziko dio, nola eta ez den onartzen Sondikako (Bizkaia) Gorondabane HLHIn kirol-pista estalia eraikitzeko hiri-antolamenduko plan berezia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta lau urteko gehieneko epean. Kasu horretan, berriro hasi beharko da planaren ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura.
Vitoria-Gasteiz, 2021eko uztailaren 22a.
(Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzaren titularra ordezteko, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen otsailaren 23ko 68/2021 Dekretuaren lehenengo xedapen gehigarriaren d) letran ezarritako araubidea aplikatuz.)
Ingurumen Jasangarritasuneko sailburuordea,
AMAIA BARREDO MARTÍN.