Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

184. zk., 2021eko irailaren 15a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HEZKUNTZA SAILA
4739

AGINDUA, 2021eko irailaren 7koa, Hezkuntzako sailburuarena, zeinaren bidez egiten baita enpresa-egonaldietarako beken deialdia, 2021-2022 ikasturtean, irailetik martxora bitartean, lantokiko prestakuntzako modulua egiten duten lanbide-heziketako ikasleentzat.

Datozen urteetan, aldaketa handiak, oso sakonak eta oso azkarrak biziko ditugu. Aldaketa horiek aukera handiak irekiko dituzte, eta hain garrantzitsuak izango dira ezen eragina izango baitute gure bizimoduan, bai bizitza pertsonalean, bai profesionalean. Enpresa-kudeaketako eredu-aldaketek, aldaketa demografikoek, globalizazioa bezalako faktoreek eta gizarteak bizi duen aurrekaririk gabeko osasun-egoera globalak eragin zuzena izango dute hezkuntza- eta lanbide-sisteman, eta inpaktu nabarmena izango du horrek prestakuntzan eta enpleguan, zeina zehatz-mehatz ebaluatu behar baita. Horrek guztiorrek behartzen du egin beharreko eraldaketak egitera sortzen diren erronka berriei aurre egiteko prest egon dadin lanbide-heziketa eta, zehazki, lantokietako prestakuntza.

Ildo horretan, lanbide-heziketak aurrehartze-jarrera izan behar du, aitzineratuz eta beste gisa batean lan egiteko premia erantsian zentratuz bere indarrak, beste helburu eta xede batzuekin, beste antolaketa batekin, etorkizunaren ikuspegi moderno batekin eta egiteko modu ezberdina bilatzeko premiarekin, pertsonen eta erakundeen arteko, baina, batez ere, LHko zentroen eta enpresen arteko lankidetza eta kooperazioa oinarri duen modu bat, lanbide-heziketa lan-merkatuaren berregituraketara egokitzeko gisan, etengabeko eta beharrezko elkarrekintza sortuz.

Eusko Jaurlaritzaren jarduera-esparru estrategikoaren arabera, lanbide-heziketa zutabe bat da, hazkunde iraunkorrarekiko eta giza garapenarekiko konpromisoan kokatzen diren pertsonen aldeko konpromisoan kokatzen den zutabea, hain zuzen. Lanbide-heziketak hezkuntzaren ingurune naturala du abiapuntu, baina inpaktu handia du euskal ekonomiaren beste arlo batzuetan ere, eragina baitu bai langileen enplegagarritasunean bai enpresen lehiakortasunean.

Belaunaldi berriek konpetentzia, jarrera eta esperientzia espektro zabala eskuratu beharko dute bai prestakuntza-zentroan bai lantokian, eta gizarte-erronkaren bidez estimulatuko da konpetentzia horien garapena, pentsamendu kritikoa eta eraikitzailea sustatuta. Enpresako praktika funtsezko faktorea da barneratze horretarako, eta, testuinguru horretan, lantokiko prestakuntzaren modulua da lanbide-konpetentziak eta giza konpetentzia batu, garatu eta baliozkotzen dituen gune bat. Horretarako, lanpostu berrietara arrakastaz heltzeko, etengabe egokitzen aritzea ahalbidetzen duten gaitasunak izan beharko dituzte pertsonek. Egokitzeko, autokudeatzeko eta denbora laburrean ezagutza berriak etengabe eskuratzeko gaitasunak direla eta, funtsezko eta ezinbesteko faktorea da enpresako egonaldia.

Euskal Autonomia Erkidegoko Lanbide Heziketari buruzko ekainaren 28ko 4/2018 Legearen helburua da Euskal Autonomia Erkidegoko lanbide-heziketako politikak garatzeko esparrua arautzea, garrantzi berezia baitute sistema ekonomikoan, EAEk helburu duen eredu ekonomiko berrian egoera egoki batean jartzeko gai izan dadin; horretarako, sustatu beharreko ekonomiak hazkunde adimendun, iraunkor eta integratzaile bat behar du oinarri, eta, era berean, gizarte-kohesio handiagoa ahalbidetuko duen kalitateko enplegu egonkor bat sortu behar da.

Enpresaren eta ikastetxeetako prestakuntzaren artean azken urteotan garatu diren txandakatze-esperientzien balorazio positiboa dela eta, ekainaren 28ko 4/2018 Legetik ideia hau sortu da, besteak beste: gure produkzio-sistemarekiko loturak sustatzen jarraitzea eta, horretarako, enpresa-sarearen eta lanbide-heziketako zentroen arteko lankidetza indartzea, balioa elkarrekin sortzeko xedez.

Kualifikazioei eta Lanbide Heziketari buruzko ekainaren 19ko 5/2002 Lege Organikoaren 6. artikuluan dago ezarrita zein diren enpresen, gizarte-eragileen eta beste erakunde batzuen arteko lankidetza-ildoak, eta adierazita dago prestakuntza lagungarri izango dela ikasleek enpresetan praktika profesionalak egin ditzaten.

Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren 42.2 artikuluak heziketa-ziklo guztietarako nahitaez ezartzen du lantokietako prestakuntza praktikoaren fase bat, eta Hezkuntza Sistemako Lanbide Heziketaren antolamendu orokorra ezartzen duen 32/2008 Dekretua aldatzen duten uztailaren 29ko 1147/2011 Errege Dekretuak eta otsailaren 2ko 14/2016 Dekretuak lantokiko prestakuntzaren modulua jaso eta garatzen dute. Modulu hori titulu bakoitzerako zehazten da titulua sortzeko errege-dekretuan eta modulu bakoitzari esleitutako FCTS kreditu-kopurua eta iraupen-orduak finkatzen dituen curriculuma ezartzen duen dekretuan.

Halaber, urriaren 24ko 1493/2011 Errege Dekretuan arautzen da prestakuntza-programetan parte hartzen duten pertsonak Gizarte Segurantzako Erregimen Orokorrean sartzeko baldintzak zein diren, Gizarte Segurantzaren sistema eguneratzeari, egokitzeari eta modernizatzeari buruzko abuztuaren 1eko 27/2011 Legearen hirugarren xedapen gehigarrian aurreikusitakoa garatzeko, bai eta azaroaren 31ko 1543/2011 Errege Dekretuan xedatutakoaren babesean lanekoak ez diren praktikak egiten dituzten pertsonak sartzeko baldintzak ere.

Horregatik guztiagatik, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrarekin, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuarekin, eta bat etorriz Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren VI. tituluko III. kapituluan jasotako dirulaguntzei buruzko indarreko legeekin, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Deialdiaren xedea.

1.– Agindu honen xedea da enpresa-egonaldietarako beken deialdia egitea, 2021-2022 ikasturtean, irailetik martxora bitartean, lantokiko prestakuntzako modulua egiten duten eta 2022ko martxoan ebaluatuko diren lanbide-heziketako ikasleentzat.

2.– Diruz lagunduko den enpresa-egonaldiak hilabetetik hiru hilera bitartean iraungo du, eta lantokiko prestakuntzako modulua egin ondoren gauzatuko da.

3.– Egonaldi hori egiteko, enpresak eta ikastetxeak izenpetutako lankidetza-hitzarmenean ezarritako baldintzak bete beharko dira; hitzarmen horren eredua agindu honen II. eranskinean dago.

2. artikulua.– Beka-kopurua eta zenbatekoak.

1.– 493 beka emango dira, eta onuradun bakoitzak gehienez 1.800 euro garbi jasoko ditu (600 euro hilean).

2.– Beka bakoitzak 1493/2011 Errege Dekretuan ezarritako kotizazio-araubidea bete beharko du (1493/2011 Errege Dekretua, urriaren 24koa, prestakuntza-programetan parte hartzen duten pertsonak Gizarte Segurantzako Erregimen Orokorrean sartzeko baldintzak eta betebeharrak arautzen dituena), Gizarte Segurantzako sistema eguneratzeari, egokitzeari eta modernizatzeari buruzko abuztuaren 1eko 27/2011 Legearen hirugarren xedapen gehigarrian aurreikusitakoa garatzeko. Beraz, 228 eurokoa izango da beka-onuradun bakoitzeko kostua.

3. artikulua.– Aurrekontu-zuzkidura.

1.– Deialdi honetara, bederatziehun eta laurogeita hemeretzi mila zortziehun eta lau (999.804) euroko kredituaren gehieneko zenbateko osoa bideratzen da.

2.– Beka guztiak (493) Lanbide Heziketako prestakuntza-mailaren arabera banatuko dira, honako proportzio honetan oinarrituta:

– Beka guztien % 20, hau da, 99 beka, Oinarrizko Lanbide Heziketako ikasleentzat.

– Beka guztien % 50, hau da, 246 beka, erdi-mailako heziketa-zikloetako ikasleentzat.

– Beka guztien % 30, hau da, 148 beka, goi-mailako heziketa-zikloetako ikasleentzat.

3.– LHko prestakuntza maila bakoitzean eskaintzen diren plaza guztien % 5 gordeko da eskaeraren egunean % 33ko edo hortik gorako desgaitasuna duten pertsonentzat. Hurbileneko zenbaki osora biribilduko da, eta 25 plaza gordeko dira guztira.

4.– Prestakuntza-maila bati edo gehiagori esleitutako beken kopurua ez bada betetzen, beken gerakina proportzionalki banatuko da, aurreko paragrafoan adierazitako ehunekoei jarraikiz.

4. artikulua.– Eskakizunak.

1.– 2021-2022 ikasturtean bigarren mailan matrikulatuta egotea eta lantokiko prestakuntzako modulua irailetik abendura bitartean egin behar izatea.

2.– Enpresa interesatua egotea egonaldia bertan egiteaz. Enpresaren interes hori II. eranskineko lankidetza-hitzarmena sinatuta gauzatuko da.

3.– 2021eko abenduaren 31n 30 urte baino gehiago ez izatea, salbu eskaeraren egunean % 33ko edo hortik gorako desgaitasuna duten pertsonen kasuan, kasu horretan ez baita adin-mugarik izango.

4.– Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50.5 eta 6. artikuluak eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13.7 artikulua aplikatzeko, eskabidearekin batera erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztu behar da, honako betebehar hauek egiaztatzeko:

a) Eskatzaileak ez duela dirulaguntzak edo laguntza publikoak jasotzeko zigor- eta administrazio-arloko debekurik, ez eta laguntzak jasotzeko legezko debekurik ere, espresuki barne hartuta sexu-bereizkeriaren ondoriozkoak, bat etorriz Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetako seigarrenean xedatutakoarekin.

b) Egiazkoak direla eskabideko eta harekin batera aurkeztutako dokumentuetako datuak, eta betetzen direla laguntza horiek jasotzeko indarreko araudian ezarritako baldintzak.

c) Ez dagoela Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluko 2. eta 3. apartatuetan zehaztutako egoeretako batean.

d) Adieraztea helburu bererako beste dirulaguntzarik, laguntzarik edo bestelako baliabiderik eskatu duen beste Administrazio edo erakunde publiko zein pribaturen batean, eta, hala badagokio, ea jaso dituen.

e) Enpresekin izenpetutako hitzarmenak Plangintza eta Antolaketa Zuzendaritzaren eskura jarri dira programak onartzeko erabilitako aplikazio elektronikoan.

5. artikulua.– Eskabideak.

1.– Izapidetzeko jarraibideak, erantzukizunpeko adierazpenak eta ereduak eskuragarri daude beken informazio-fitxan, eta fitxa hori erabili behar da eskabide-formulariora sartzeko. Fitxa https://www.euskadi.eus/servicios/1058704 helbidean eskura daiteke, modu hauetakoren batean:

Online, Hezkuntza Sailak horretarako gaitutako aplikazio informatikoaren bidez, kasuan kasuko dokumentuak erantsita. Online aurkezteko, ziurtagiri digitalaren identifikazioarekin atzitu, hemen: https://www.hezkuntza.net/y44BecPolCieWar/y44MantenimientosJSP/y44LoginF.do?idioma=eu

Aurrez aurre. Eskabidea betetzeko, helbide elektronikoarekin identifikatuko da (posta elektronikoa eta pasahitza), esteka honetan:

https://www.hezkuntza.net/y44BecPolCieWar/y44MantenimientosJSP/y44LoginF.do?idioma=eu

Eskabidea bete eta gero, inprimatu, sinatu eta toki hauetako batean entregatuko da:

– 2020-2021 ikasturtean matrikulatuta dagoen ikastetxean, edo

– Zuzenean zerbitzuan, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aurreikusitako moduetako batean, manu horretan ezarritako baldintzen arabera eta zein ikastetxetarako den adierazita. Dokumentazioa postetxean aurkeztea aukeratuz gero, gutun-azal irekian aurkeztuko da, postetxeko langileek, ziurtatu baino lehen, data eta zigilua jar diezaioten eskabide-orriari. Hala egin ezean, ikastetxean sartzen den egunean aurkeztutakotzat joko da. Eskabideak Zuzenean zerbitzuan aurkezteko, aurretiazko hitzordua hartu beharko da nahitaez https://www.euskadi.eus/cita-previa-zuzenean, edo zure aurretiko hitzordua eskatzeko edo baliogabetzeko telefono esklusiboaren bidez 945 01 90 00.

2.– Adingabeen kasuan, amak, aitak edo legezko tutoreak sinatu beharko du eskabidea.

3.– Eskabide hori aurkeztean, berez onartzen dira deialdi honen oinarriak.

4.– Eskabideari dokumentu hauek erantsi behar zaizkio:

– Ikasleek: «Hirugarrenen alta», esteka honetan eskuragai: https://www.euskadi.eus/altaterceros. Onuraduna adin nagusikoa bada, berak bete beharko du dokumentu hori, eta bera izango da banku-kontuaren titularra. Aldiz, bekaren onuraduna adingabea bada, hirugarrenaren alta amak, aitak edo legezko tutoreak egingo dute, eta horiek izango dira banku-kontuaren titularrak.

– Ikastetxeek: enpresarekin sinatutako lankidetza-hitzarmena (deialdi honen II. eranskina).

– Desgaitasunagatiko erreserbaren kasuan: dagokion lurralde historikoko foru-aldundiko gizarte zerbitzuetako departamentuak edo administrazio publiko eskudunaren organo baliokideak emandako ziurtagiria, % 33ko desgaitasuna edo handiagoa duen pertsonaren minusbaliotasunaren legezko aitorpena jasotzen duena.

5.– Erantzukizunpeko adierazpena sinatu behar da, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50.6 artikulua eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13.7 artikulua aplikatzeko. Erantzukizunpeko adierazpenaren bidez, betebehar hauek egiaztatzen dira:

1) Eskatzaileak ez duela dirulaguntzak edo laguntza publikoak jasotzeko zigor- eta administrazio-arloko debekurik, ez eta laguntzak jasotzeko legezko debekurik ere, espresuki barnean hartuta sexu-bereizkeriaren ondoriozkoak, bat etorriz Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetako seigarrenean xedatutakoarekin.

2) Egiazkoak direla eskabideko eta harekin batera aurkeztutako dokumentuetako datuak, eta betetzen direla laguntza horiek jasotzeko indarrean dagoen araudian ezarritako baldintzak.

3) Ez egotea Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluko 2. eta 3. apartatuetan zehaztutako egoeretako batean.

4) Adieraztea helburu bererako beste dirulaguntzarik, laguntzarik edo bestelako baliabiderik eskatu duen beste Administrazio edo erakunde publiko zein pribaturen batean, eta, hala badagokio, ea jaso dituen.

6.– Inskribatzeko unean egiaztatuko da interesdunak baliozko erabiltzailea eta pasahitza badituela Ikasgunean, beharrezkoa izango baita eskabidearen jarraipena egiteko. Hala ez bada, hemen erregistratu beharko da: https://ikasgunea.euskadi.eus/eu/inicio

6. artikulua.– Eskabideak aurkezteko eta akatsak zuzentzeko epea.

1.– Hilabetekoa izango da eskabideak aurkezteko epea, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera.

2.– Ikasgunean argitaratuko da eskabide akastuna edo osatu gabea duten eskatzaileen zerrenda. Zerrenda horiek argitaratzeaz batera hasiko da eskabideetan atzemandako akatsak zuzentzeko hamar egun balioduneko epea, eta ohartaraziko da ezen, hala egin ezean, eskabidean atzera egin dutela ulertuko dela, urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68.1 artikuluaren arabera ebazpena eman ondoren.

7. artikulua.– Bekak emateko prozedura eta bekak baloratzeko eta esleitzeko irizpideak.

1.– Deialdiaren xede diren bekak emateko, norgehiagoka-prozedura erabiliko da, hau da, aurkeztutako eskabideak konparatuko dira, eta hurrenkera bat ezarriko da beken artean, artikulu honen 2. apartatuan ezarritako balorazio-irizpideen arabera.

2.– Honako hauek izango dira balorazio-irizpideak:

a) Lanbide Heziketako zikloko lehen ikasturteko batezbesteko nota, honako balorazio honekin:

– (= 9) eta (= 10): 2,75 puntu.

– (= 7) eta (< 9): 2,15 puntu.

– (= 6) eta (< 7): 1,10 puntu.

– (= 5) eta (< 6): 0,5 puntu.

– (< 5): 0 puntu.

b) Ikasleak 2021eko abenduaren 31n duen adina, honako puntuazio honekin:

– > 25: 1,85 puntu.

– 21-25: 1,15 puntu.

– 18-20: 0,5 puntu.

3.– Eskabideen arteko berdinketa izanez gero, aplikazio informatikoak egindako ausazko prozedura bat erabiliko da. Eskabidea grabatzeko unean, aplikazio informatikoak eskabide bakoitzari zenbaki oso bat esleituko dio, 1 eta 9999999999 bitartekoa, eta zenbaki hori erabiliko da berdinketak desegiteko. Zenbaki txikienari emango zaio lehentasuna.

4.– Aurreko irizpideak aplikatuta baloraziorik handiena lortu dutenen artean egingo da esleipena, agindu honen 3. artikuluan ezarritako kreditu erabilgarria agortu arte.

5.– Eskakizunak betetzen dituzten gainerako beka-eskatzaileak onuradun ez badira erabilgarri dagoen kreditua agortu delako, erreserba-zerrenda batean sartuko dira, eta, hasiera batean beka esleitu zaien pertsonen artean bajarik badago, zerrenda hori erabiliko da. Zerrenda hori puntuazio handienetik txikienera ordenatuko da.

8. artikulua.– Deialdia kudeatzea.

1.– Hezkuntza Saileko Lanbide Heziketako Sailburuordetzaren Plangintza eta Antolaketa Zuzendaritzak kudeatuko du deialdi hau.

2.– Xede horretarako sortutako ebaluazio-batzorde batek baloratuko ditu dirulaguntza-eskabideak, eta honako hauek osatuko dute batzorde hori:

– Plangintza eta Antolaketa Zuzendaritzako bi teknikari; horietako bat batzordeburua edo presidentea izango da, eta bestea idazkaria.

Batzordeburua: M.ª Eugenia Santos Urdiain, Lanbide Heziketako Zerbitzuaren arduraduna.

Idazkaria: Tamara Navarro Tobalina, Lanbide Heziketako Zerbitzuko teknikaria.

– Hezkuntzako lurralde-ordezkaritza bakoitzeko teknikari bat.

Araba: Mikel Imaz Gorrotxategi.

Bizkaia: Luisana Guinea de la Cruz.

Gipuzkoa: M.ª Teresa Lizartza.

3.– Aurkeztutako eskabideak baloratu ondoren, bekak emateko ebazpena proposatuko dio balorazio-batzordeak Plangintza eta Antolaketa Zuzendaritzari, bai eta erreserben zerrenda ere. Zerrenda horretan, bekarik lortzen ez duten pertsonak sartuko dira, puntuazio handienetik txikienera ordenatuta. Ebazpen horren aurka alegazioak aurkeztu ahal izango dira 10 eguneko epean, eta Batzordeak baloratuko ditu, Plangintza eta Antolaketako zuzendariari deialdiaren behin betiko ebazpena proposatu aurretik.

9. artikulua.– Prozeduraren behin betiko ebazpena.

1.– Plangintza eta Antolaketako zuzendariak ebatziko du deialdia, ebaluazio-batzordearen proposamen arrazoitua jaso ostean.

2.– Esleipen-ebazpena Ikasgunean argitaratuko da, eta jakinarazpen gisa balioko du. Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian ere argitaratuko da denek jakin dezaten.

3.– Halaber, erreserba-zerrenda Ikasgunean argitaratuko da. Bekaren esleipenduna enpresan sartzen ez bada erabiliko da erreserba-zerrenda, eta bertako lehen pertsonari emango zaio beka.

4.– Beka hauek ebazteko gehieneko epea hiru hilekoa izango da eskabideak aurkezteko epea amaitu eta biharamunetik aurrera. Epe hori igaro eta ebazpen espresurik argitaratu ez bada, eskabideak ezetsitzat jo ahal izango dira.

5.– Prozeduraren ebazpenak ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, haren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkez dakioke Lanbide Heziketako sailburuordeari, hilabeteko epean, ebazpena Ikasgunean argitaratu eta biharamunetik aurrera.

10. artikulua.– Gizarte Segurantzako Erregimen Orokorra.

1.– Eusko Jaurlaritzak Gizarte Segurantzako Erregimen Orokorrean alta emango die beka hauen onuradunei, Prestakuntza-programetan parte hartzen duten pertsonak Gizarte Segurantzako Erregimen Orokorrean sartzeko baldintzak arautzen dituen urriaren 24ko 1493/2011 Errege Dekretuaren arabera.

2.– Plangintza eta Antolaketa Zuzendaritzak kudeatuko ditu beka hauen onuradun diren ikasleen altak eta bajak.

3.– Aldi baterako ezintasunen bat (ABE) edo lan-istripuren (LI) gertatzen denean, ikastetxeek berehala jakinarazi beharko diote Plangintza eta Antolaketa Zuzendaritzari.

11. artikulua.– Enpresan sartzea eta bekak ordaintzea.

1.– Behar diren laguntzak zuzenean ordainduko zaizkio onuradunari, banku-transferentzia baten bidez, bi ordainketa-agindutan.

2.– Lantokiko prestakuntza amaitu ondoren, eta ikasleak enpresan benetan hasi direla egiaztatu ondoren, beka osoaren % 80 ordainduko da (1.440 euro).

3.– Gainerako % 20a (360 euro), enpresak eta praktiketako tutoreak sinatutako balorazio- eta asistentzia-txostenaren ondoren ordainduko da (deialdi honen III. eranskina).

4.– Bekaren onuraduna ez bada enpresan sartzen, erreserba-zerrendako lehen pertsonari esleituko zaio beka, zerrendan ezarritako hurrenkeraren arabera.

5.– Balorazio- eta asistentzia-txostenak egin ostean, egiaztatuta geratzen bada enpresako benetako egonaldia hiru hilekoa baino laburragoa izan dela, bekaren zenbatekoa birkalkulatuko da denbora horrekiko proportzioan, eta bion arteko aldea itzuliko da. Egonaldia hilabetetik beherakoa izan bada, ordaindutako zenbateko osoa itzuli beharko da.

12. artikulua.– Ebazpena aldatzea.

Dirulaguntza emateko kontuan hartutako baldintzak aldatzen badira, edota beste edozein administraziotatik edo erakunde publiko zein pribatutatik dirulaguntza gehiago lortzen bada, edota bestelako diru-sarrerak badaude helburu bera lortzeko, dirulaguntza emateko ebazpena aldatu ahal izango da, betiere dirulaguntzaren araudian onuradun izateko ezarritako gutxieneko baldintzak betetzen badira. Inguruabar hori dirulaguntzen arau erregulatzaileetan jaso beharko da.

13. artikulua.– Ez-betetzea eta itzulketa-prozedura.

1.– Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan aurreikusitako kasuren bat gertatuz gero, jasotako dirulaguntzak ezeztatu egingo dira, eta itzuli egin beharko dira, bai eta dirulaguntza ordaindu zenetik itzulketa bidezkoa dela erabaki arteko berandutze-interesak ere. Horretarako, Hezkuntza Sailak beharrezko egiaztapenak egiteko eskumena izango du.

2.– Itzulketa egiteko, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan horretarako ezarritako prozedurari jarraituko zaio. Dekretu horren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen da, eta horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezartzen dira. Horrez gain, bidezkoak diren gainerako ekintzak ere gauzatu ahal izango dira. Zenbateko horiek diru-sarrera publikotzat hartuko dira legezko ondorio guztietarako.

3.– Jasotako dirulaguntza gehi aplikatzekoak diren interesak itzuli beharko dira aipatutako araudian jasotako honako zirkunstantzia hauetakoren bat gertatzen denean, eta bereziki:

a) Ez betetzea agindu honetan eta berau garatzen duten ebazpenetan xedatutakoa.

b) Ez betetzea Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontuen kontura emandako dirulaguntzen onuradunei dagokien betebehar oro.

Betebehar horrek ez du loturarik izango eska daitezkeen zehapenekin, halakorik egonez gero.

14. artikulua.– Beka hauen onuradunen betebeharrak.

Betebehar hauek izango dituzte beken onuradunek:

a) Emandako dirulaguntza onartzea. Alde horretatik, baldin eta onuradunek, hamabost egun naturaleko epean –deialdiari buruzko ebazpena jakinarazi eta biharamunetik aurrera–, espresuki eta idatziz uko egiten ez badiote dirulaguntzari, onartutzat joko da.

b) Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari, beren eginkizunetan dihardutela, eskatzen duten informazioa ematea deialdi honen kargura jasotako dirulaguntzei buruz.

c) Medikuaren baja-partea (ABE/LI) intzidentea gertatu eta hurrengo 24 orduetan aurkeztea ikastetxean.

d) Legezko gainerako betebehar guztiak, bereziki azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50.2 artikuluan eta Dirulaguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorraren 14. artikuluan ezarritakoak.

15. artikulua.– Bateraezintasuna.

1.– Agindu honetan ezarritakoaren arabera emandako laguntzak bateragarriak izango dira Administrazio orok edo nazioko zein nazioarteko erakunde publiko edo pribatu orok helburu bererako emandako beste laguntza, dirulaguntza, diru-sarrera edo baliabide batzuekin, baina diruz lagundutako zenbateko osoak, bakarka hartuta edo beste batzuekin batera, ezin izango du gaindituko diruz lagundutako jardueraren kostua.

2.– Dirulaguntza hauek ez dira bateragarriak izango lan-jarduera ordainduekin.

16. artikulua.– Datu pertsonalen babesari buruzko oinarrizko informazioa.

Zure datu pertsonalak lanbidearekin lotutako laguntzak eta dirulaguntzak izeneko tratamendu-jardueran erabili eta tratatuko dira.

1.– Arduraduna: plangintza eta Antolaketa Zuzendaritza, Hezkuntza Saila.

2.– Helburua: enpresan egoteko bekak, 2021-2022 ikasturtean lantokiko prestakuntzako modulua irailetik martxora bitartean egiten duten lanbide-heziketako ikasleentzat.

3.– Legitimazioa:

– Interes publikoaren izenean edo tratamenduaren arduradunari emandako botere publikoen izenean burututako eginkizun bat betetzeko beharrezkoa den tratamendua.

– 38/2003 Lege Orokorra, azaroaren 17koa, Dirulaguntzei buruzkoa.

4.– Hartzaileak:

– Autonomia Erkidegoko beste organo batzuk.

– Ekonomia eta Ogasun Saila.

5.– Eskubideak: onuradunek datuak eskuratzeko, zuzentzeko eta ezabatzeko eskubidea dute, baita informazio gehigarrian jasotako beste eskubide batzuk ere.

6.– Informazio gehigarria: datuen babesari buruzko informazio gehigarri eta zehatza kontsulta daiteke gure web orrian: https://www.euskadi.eus/clausulas-informativos/web01-sedepd/es/transparencia/047400-capa2-es.shtml

7.– Araudia:

– Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra (https://eur-lex.europa.eu/legal-content/ES/TXT/HTML/?Uri=CELEX:32016R0679&from=ES)

– 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babesteari eta Eskubide Digitalak Bermatzeari buruzkoa (https://www.boe.es/buscar/doc.php?ID=BOE-A-2018-16673)

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, haren aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke Hezkuntzako sailburuari, hilabeteko epean, edo, zuzenean, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hileko epean. Bi epeak deialdi hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera hasiko dira.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2021eko irailaren 7a.

Hezkuntzako sailburua,

JOKIN BILDARRATZ SORRON.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala