Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

181. zk., 2021eko irailaren 10a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HEZKUNTZA SAILA
4702

AGINDUA, 2021eko uztailaren 6koa, Hezkuntzako sailburuarena, zeinaren bidez deialdi bat egiten baita 2021-2022 ikasturteko lanbide-heziketako ikasleen artean kultura ekintzailea sustatzeko laguntzak emateko.

EAEren Autonomia Estatutuak (abenduaren 18ko 3/1979 Lege Organikoaren bidez onartua) 16. artikuluan ezartzen duenez, «Konstituzioaren lehen xedapen gehigarrian xedatutakoa betetze aldera, Euskal Autonomia Erkidegoaren eskumenekoa da irakaskuntza bere luze-zabalean, maila eta gradu guztietan, molde eta espezialitate orotan, Konstituzioaren 27. artikuluaren eta bera gara dezaten lege organikoei kalterik egin gabe, Konstituzioaren 149.1.30 artikuluak Estatuari aitortzen dizkion ahalmenei kalterik egin gabe eta hori betearazteko eta bermatzeko beharrezko den goi-ikuskaritzari kalterik egin gabe».

Beste alde batetik, bizialdi osoko ikaskuntzari buruzko urriaren 10eko 1/2013 Legeak II. kapituluan jasotzen du Lanbide-heziketako Sistema Integratua. Lege horren 21.1.a) artikuluan jasotako helburuen artean, honako hau dago: jarduera profesionalak garatzeko gaitasuna ematea; batetik, sustapen profesionaleko itxaropen pertsonalak ase ahal izateko eta, bestetik, produkzio-sistemaren prestakuntza-beharrizanei erantzuteko.

Horretarako, 21. artikuluaren 2.e) apartatuan, adierazten da Eusko Jaurlaritzak dagozkion neurriak hartuko dituela ekintzailetza-gaitasuna garatuko duten programak sartzeko prestakuntza-eskaintzan.

Beste alde batetik, Euskal Autonomia Erkidegoko Lanbide Heziketari buruzko ekainaren 28ko 4/2018 Legearen 3. artikuluaren 2.c) apartatuan ezartzen denez, honako hauek izango dira, besteak beste, lanbide heziketako euskal sistemaren helburuak: berrikuntza, sormena, ekintzailetza-gaitasuna eta informazioaren eta komunikazioaren teknologien (IKT) erabilera sustatzea, bai hasierako lanbide heziketan, bai enplegurako lanbide heziketan.

Era berean, aipatutako 4/2018 Legearen 8. artikulua ekintzailetza-ikaskuntzaren esparrukoa da, eta, artikulu horren 2. apartatuak adierazten duenez, ekintzailetzaren ikaskuntza-proiektuetan, konpetentzia berriak (sormenezkoak zein kontzeptualak) garatzeko ahalegina egingo da ikasleen artean, ekintzailetzaren kultura sustatzeko asmoz eta jarduera errealen araberako esperientzia praktikoetan oinarrituta.

Ildo berean, 4/2018 Legearen 9. artikuluaren 2. apartatuak dioenez, Euskal Autonomia Erkidegoko hezkuntza-sistemako lanbide heziketaren arloan eskumena duen sailak berariaz bultzatuko du berrikuntzaren eta ekintzailetzaren eremuko ikaskuntza- eta sustatze-ekintzak sartzea, arlo horiek garatzeko beharrezkoa den prestakuntza ematea, eta bi eremu horiei lotutako proiektuak martxan jartzea.

Era berean, Lanbide Heziketako V. Euskal Planaren helburu eta ekintza-ildoetako batzuetan, ekintzailetzaren kultura sustatzea dago jasota. Hala, 1. esparru estrategikoa aipatu behar da: «Ikaskuntza 4.0 testuinguruan», 1. helburua: «Errendimendu Handiko Heziketa Zikloak finkatu eta hedatzea Euskadiko Lanbide Heziketan», 1.9 ekintza-ildoa, zeinaren helburua baita «Ekintzailetzaren kultura sustatzea, jarrerak aldatzeko eta, horrela, gaur egungo eta etorkizuneko gizartearen errealitatearekiko fidelagoak izango diren konpetentziak garatu ahal izateko».

Testuinguru horretan, zenbait ekimen egin dira ekintzailetzaren kultura sustatzeko, eta ikasleek enpresa-arloko simulazio-proiektuak egitea da esparru horretako funtsezko jardueretako bat. Ikasketa-tresna horren bitartez, ikasleek zenbait konpetentzia garatzeko aukera dute, eta, modu horretan, profesional onak, enplegagarriak, pertsona aktibo eta ekintzaileak, edo intraekintzaileak izango dira, eta lan-merkatu aldakor eta ezegonkorrari egin ahal izango diote aurre. Era berean, sentsibilizazioa piztu dakieke, autoenplegua ere aukeretako bat izan dadin.

Horregatik, kontuan hartuta Hezkuntza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen otsailaren 23ko 71/2021 Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartu zuen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren VI. titulua –Euskal Autonomia Erkidegoko Herri Administrazioaren eremuko dirulaguntzak erregulatzeari buruzkoa–, Dirulaguntzen azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra, uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretua, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren erregelamendua onartzen duena, abenduaren 17ko, 698/1991 Dekretua, EAEko aurrekontu orokorren kargura diren dirulaguntzen berme eta itzulketen araubide orokorra arautzen duena eta horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde kolaboratzaileen eskakizunak, araubidea eta betebeharrak zehazten dituena, eta aplikazio orokorreko gainerako xedapenak, honako hau

EBAZTEN DUT:
I. KAPITULUA
DEIALDIAREN XEDEA ETA BALDINTZAK

1. artikulua.– Deialdiaren xedea.

1.– Agindu honen xedea da ikastetxe pribatu itunduei zuzendutako laguntzak deitzea, 2021-2022ko ikasturtean ekintzailetzaren kultura sustatzeko ikastetxe horietako Erdi Mailako eta Goi Mailako Lanbide Heziketako heziketa-zikloren bateko 2. mailan dauden ikasleen artean.

2.– Laguntza horiek dirulaguntza ez-itzulgarriak dira. Agindu honetan araubide juridikoari buruz xedatzen ez diren alderdietan, lege honek ezarritakoa aplikatuko da: Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuaren bidez onartua –bereziki, Euskal Autonomia Erkidegoko Herri Administrazioak emandako laguntzen eta dirulaguntzen araubideari eta arau-hausteen eta zigorren erregimenari buruzko xedapenak– betiere Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrarekin eta azken horren Erregelamendua onartzen duen 887/2006 Errege Dekretuarekin bat.

2. artikulua.– Kreditu erabilgarria.

Helburu horretarako, 116.000,00 euro bideratuko dira, Euskal Autonomia Erkidegoaren 2021eko Aurrekontu Orokorretan horretarako finkatutako aurrekontu-partidaren kontura.

3. artikulua.– Onuradun izateko betekizunak.

1.– Deialdian parte hartu ahal izango dute EAEko Erdi Mailako edo Goi Mailako Lanbide Heziketako heziketa-zikloak emateko baimen ofiziala duten ikastetxe pribatu itunduek, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan xedatutakoa betetzen badute.

2.– Ikastetxe onuradunek egunean egon beharko dute zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekin dituztenak betetzeari dagokionez, eta dirulaguntzak itzultzeko ordainketa-betebeharrei dagokienez. Betekizun hori betetzea beharrezkoa izango da onuradun izateko eta izaera hori dirulaguntzaren likidaziora arte mantentzeko.

Modu automatikoan eta behar beste aldiz egiaztatuko du organo kudeatzaileak zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekiko obligazioak egunean dauden, horretarako ikastetxe eskatzaileen baimenik behar izan gabe, betiere azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren arabera (1/1997 Legegintzako Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duena).

Ikastetxe onuradunak berariaz egin ahalko dio uko baimenari, eskabide-inprimakian horixe adierazita. Kasu horretan, dagokion ziurtagiria aurkeztu beharko du, uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 22. artikuluan ezarritako baldintzen arabera. Errege Dekretu horren bidez, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren erregelamendua onartu zen.

3.– Ezingo dira deialdira aurkeztu laguntza edo dirulaguntza publikoak eskuratzeko aukera galtzearekin zigortuta daudenak, edo horretarako ezgaitzen dituen lege-debekuren bat dutenak, ez eta sexu-bazterkeriagatik zigortuta daudenak ere, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunari buruzko otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetatik seigarrena betez.

4. artikulua.– Jarduerak eta gastu finantzagarria.

1.– Diruz lagunduko da eskaera egin duen ikastetxearen proiektu bat garatzea, ekintzailetzaren kultura sustatzeko asmoa duena, eta 2021-2022ko ikasturtean ikastetxe horretako erdi mailako eta goi mailako heziketa-zikloren bateko 2. mailan dauden ikasleei zuzenduta dagoena.

2.– Helburu hori lortzeko, ikastetxearen proiektuak enpresa-arloko simulazio-proiektuak jaso beharko ditu garatu beharreko jardueren artean. Proiektu horiek, hain zuzen ere, ikastetxearen proiektuan parte hartzen ari diren ikasleek egindakoak izango dira.

3.– Enpresa-arloko simulazio-proiektuak modu indibidualean egin ahal izango dituzte ikasleek, edo zenbait ikasleren artean lankidetzan.

Edonola ere, enpresa-arloko simulazio-proiektuak garatzeko orduan, ikasleek ikastetxeko irakasleen laguntza eta aholkuak jasoko dituzte, eta ikasleek objektibotasunean, gardentasunean eta aukera-berdintasunean oinarrituta hartuko dute parte.

4.– Enpresa-arloko simulazio-proiektuez gain, ikastetxearen proiektuak curriculumekoak ez diren prestakuntza-jarduerak ere jaso ditzake, ikasleen ekintzailetza-gaitasuna areagotzeko asmoz: ekimena, sormena, inteligentzia emozionala, erresilientzia, lidergoa, lorpenetarako orientazioa, komunikazioa... landuko dira jarduera horietan, ikastetxetik kanpoko profesionalen eskutik. Prestakuntza-ekintzetan, genero-ikuspegia hartuko da aintzat, eta bazter utziko da genero-rolen eta -estereotipoen erreprodukzioa.

5.– Era berean, ikastetxeko ikasleen artean ekintzailetzaren kultura hedatzen lagunduko duten ekitaldiak egin ahal izango dira, deialdi honen bitartez garatutako enpresa-arloko simulazio-proiektuen zabalkundea egiteko beste ikastetxe batzuetan edo zuzkidura ekonomikoa jaso duen ikastetxearen udalerrian.

6.– Ikastetxearen proiektua osatzen duten jarduera guztiak ikasleen eskola-orduetatik kanpora egingo dira. Irakasleek zuzeneko irakaskuntza-ordutegitik kanpora hartuko dute parte ekintzetan.

7.– Honako hauek baino ez dira hartuko gastu diruz laguntzeko modukotzat: zalantzarik gabe, ikastetxearen onartutako proiektuan jasota dauden jardueren garapenari dagozkion gastuak, 2021eko abenduaren 17ra arte egindakoak. Gastu horien artean sartu ahal izango da enpresa-arloko simulazio-proiektuaren oinarrian dagoen produktuaren prototipoa garatzeko edo zerbitzua diseinatzeko erosketak egitea (material suntsikorra, tresna txikiak, lanabesak edo software zehatzak), hori ikastetxearentzako inbertsioa ez bada. artikulu honen 4. apartatuan jasota dauden eta curriculumekoak ez diren prestakuntza-jarduerak ere sartu ahal izango dira, bai eta, hala badagokio, zabalkunde-ekitaldiei dagozkien gastuak ere: azpiegiturak alokatzea (espazioak, standak...), ekitaldiaren zabalkunderako eta komunikaziorako kanpaina, liburuxkak edo diptikoak, besteak beste.

Edonola ere, gastu horiek Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 30/2003 Lege Orokorraren 31. artikuluan ezarritakoa bete beharko dute.

8.– Ezin izango da inbertsio-gasturik egin emandako laguntzaren kargura.

5. artikulua.– Laguntzen zenbatekoa.

1.– Ikastetxe bakoitzeko esleitu ahal izango den zenbatekoa 10.000 eurokoa izango da, gehienez ere. Horretarako, ikastetxeak aurkeztutako proiektua eta jarduera bakoitzerako xehatutako aurrekontua hartuko dira kontuan.

2.– Gehienez ere, emandako laguntzaren zenbatekoaren % 40 eman ahal izango da 4. artikuluko 4. eta 5. puntuetan jasotako jardueretarako. Beraz, emandako laguntzaren % 60, gutxienez, ikasleek enpresa-arloko simulazio-proiektuak egitera bideratu beharko da.

3.– Prestakuntza-jarduerek finantziazio hau jaso ahal izango dute: emandako prestakuntza-ordu bakoitzeko, gehienez ere, 100 euro.

6. artikulua.– Bateragarritasuna beste dirulaguntza edo laguntza batzuekin.

Agindu honetan araututako laguntzak bateraezinak dira xede bera duten erakunde publikoen edo pribatuen dirulaguntzekin edo laguntzekin.

II. KAPITULUA
ESKAERAK, AUKERAKETA ETA PROZEDURA

7. artikulua.– Izapidetze elektronikoa.

1.– Ikastetxe itunduek bitarteko elektronikoak erabili beharko dituzte prozedura honetako izapideak eskatu, kontsultatu eta egiteko.

Izapidetze elektronikoa araututa dago, batetik, Administrazio Elektronikoari buruzko otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuan, eta, bestetik, E-Administraziorako Plataforma Teknologikoa –PLATEA– onartzen duen Informatika eta Telekomunikazioetako zuzendariaren 2006ko otsailaren 9ko Ebazpenean.

2.– Deialdi honetako eskabideen aurkezpenari, justifikazioari eta gainerako izapideei buruzko argibideak Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoan daude eskuragarri:

www.euskadi.eus/servicios/1068004

Eskaria egin ondoko izapideak, bide elektronikoaren bitartez, honako helbide honetan egingo dira: http://www.euskadi.eus/nirekarpeta

8. artikulua.– Eskabideak aurkezteko epea eta tokia.

1.– Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

2.– Eskaerak modu elektronikoan aurkeztu beharko dira euskadi.net-en egoitza elektronikoan: www.euskadi.eus/servicios/1068004

3.– Ikastetxeko legezko ordezkariari dagokio eskaera egitea, Teknologiaren eta Ikaskuntza Aurreratuen zuzendariari zuzenduta.

4.– Eskabideak eta haiei gehitutako dokumentazioa euskaraz edo gaztelaniaz aurkeztu ahal izango dira, ikastetxeak aukeratutakoaren arabera. Era berean, eskaera egin duen ikastetxeak aukeratutako hizkuntza erabiliko da prozeduran, hala ezarrita baitago azaroaren 24ko 10/1982 Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan (10/1982 Legea, Euskararen erabilera normalizatzeko Oinarrizko Legea).

9. artikulua.– Aurkeztu beharreko dokumentazioa.

Ikastetxe eskatzaileek dokumentazio hau aurkeztu beharko dute:

1.– Behar bezala betetako eskabide-inprimakia, Agindu honen I. eranskina erabilita.

2.– Ikastetxeak ekintzailetzaren kultura sustatzeko garatu nahi duen proiektua, Agindu honen II. eranskinean adierazitako edukiekin bat etorriz.

3.– Ikasleek egingo duten eta ikastetxearen proiektuan jasota dagoen enpresa-arloko simulazio-proiektu bakoitzeko, fitxa bat beteko da III. eranskineko eredua erabilita. Era berean, ikastetxearen proiektuan jasotako prestakuntza-ekintza bakoitzeko, fitxa bat beteko da IV. eranskineko eredua erabilita.

10. artikulua.– Eskabideetako akatsak zuzentzea.

Laguntzak lortzeko eskabideak oso-osorik betetzen ez badira, edo eskabidearekin batera aurreko artikuluan zehaztutako dokumentazioa aurkezten ez bada, eskatzaileari eskatuko zaio hamar eguneko epean akatsa zuzentzeko, edo nahitaezko agiriak aurkezteko, eta, gainera, esango zaio aurrekoa egin ezean, eskabideari uko egiten diola ulertuko dela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 21. artikuluaren araberako ebazpena eman ondoren.

11. artikulua.– Organo izapidegilea eta kudeatzailea.

Teknologiaren eta Ikaskuntza Aurreratuen zuzendariari dagokio deialdi honetan aurreikusitako laguntzak izapidetzea eta kudeatzea.

12. artikulua.– Hautaketa-irizpideak eta puntuazioa.

1.– Deialdiko laguntzak eskuratu ahalko dituzte ikastetxe pribatu itunduek, baldin eta, eskabidea garaiz eta forman aurkeztuta, Agindu honen 3. artikuluko eskakizunak betetzen dituztela egiaztatzen badute.

2.– Deialdi honen barruko laguntzak lehia-prozedura bidez emango dira, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 22. artikuluan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartu zuen EAEko administrazio publikoaren laguntzen eta dirulaguntzen araubidea arautzen duen 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 49, artikuluan xedatutakoa betez.

Horrenbestez, artikulu honen 3. apartatuko hautaketa-irizpideak aplikatuta, eskabideen arteko hurrenkera finkatuko da, eta Agindu honen 2. artikuluan ezarritako kreditu erabilgarriaren eta 5. artikuluan finkatutako mugen arabera, balorazio onena eskuratu duten eskabideei emango zaie laguntza, kreditu erabilgarria agortu arte.

3.– Hautaketa-irizpideak honako hauek izango dira:

1) Ikastetxearen proiektuan sartutako enpresa-arloko simulazio-proiektuen balorazioa.

Puntuazio jakin bat emango zaio ikastetxearen proiektuan sartutako enpresa-arloko simulazio-proiektu bakoitzari, ondorengo apartatuen arabera. Kontzeptu honengatik lortutako azken puntuazio osoa modu honetan aterako da: enpresa-arloko simulazio-proiektu bakoitzari emandako puntuazio indibiduala, zati ikastetxearen proiektuan sartutako enpresa-arloko simulazio-proiektu guztien kopurua.

a) Definitutako negozio-ideia eta balio-proposamena: (gehienez 7 puntu).

– Negozio-ideia eta balio-proposamena definitzea. (5 puntu).

– CANVAS negozio-ereduak jasotzen duen dokumentua eranstea. (2 puntu).

b) Enpresa-arloko simulazio-proiektua: (gehienez 13 puntu).

– Horretan ari diren edo esparru horretan aurretiazko esperientzia duten ikasleen heziketa-zikloarekin dago erlazionatuta: 1 puntu.

– Lotuta dago teknologia aurreratuen erabilerarekin, hala nola: digitalizazioa (errealitate birtuala, errealitate areagotua, adimen artifiziala, etab.), konektagarritasuna, robotizazioa eta automatizazioa, zibersegurtasuna, datuen azterketa. 2 puntu.

– Jasangarritasuna jorratzen du: energia-efizientzia, ekonomia jasangarria, ekonomia zirkularra, osasuna 4.0, Biozientzia eta Bioteknologiak, etab. 2 puntu.

– Proiektua industria-sektoreko enpresa bat sortzera bideratuta dago, eta/edo zerbitzu aurreratuen arlokoa da. 2 puntu.

– Lotuta dago Garapen Jasangarriko Helburuen garapenarekin, eta/edo gizarte-ekonomiaren baloreak jorratzen ditu. 2 puntu.

– Dibertsitatea duten eta bazterketa-arriskuan dauden kolektiboak gizarteratzen laguntzen du, edo pertsonen bizi-kalitatea hobetzeko osagai soziala dauka: 2 puntu.

– Ez du genero-rolik eta -estereotiporik erreproduzitzen, eta/edo emakumezkoen ekintzailetza sustatzen du: 2 puntu.

c) Enpresa-arloko simulazio-proiektuan planteatutako forma juridikoa: (gehienez 3 puntu).

– Autonomoa edo ondasun-erkidegoa: 1 puntu.

– SL, SA: 2 puntu.

– Koop. S., Lan S.: 3 puntu.

d) Produktuaren prototipoa edo zerbitzuaren diseinua garatzeko beharrizanak: (gehienez 3 puntu).

– Beharrizanen aurrekontua: 1 puntu.

– Beharrizanen justifikazioa: 2 puntu.

2) Aurkeztutako proiektuaren inpaktua (10 puntu, gehienez):

a) Ikastetxeak emandako heziketa-zikloen kopurua, ikastetxearen proiektuari dagozkionak:

– Zikloen % 100 inplikatzen badu: 5 puntu.

– Zikloen % 50 inplikatzen badu: 2 puntu.

– Zikloen % 30 inplikatzen badu: 1 puntu.

b) Heziketa-ziklo bateko 2. mailan dauden eta enpresa-arloko simulazio-proiektuak egingo dituzten ikasleak:

– Kopurua ikastetxeko 2. mailan dauden ikasleen % 70 baino gehiago bada: 5 puntu.

– Kopurua baldin bada ikastetxeko 2. mailan dauden ikasleen % 70 edo gutxiago, eta % 40 baino gehiago: 2 puntu.

– Kopurua baldin bada zikloetako 2. mailan dauden ikasleen % 40 edo gutxiago, eta % 25 baino gehiago: 1 puntu.

13. artikulua.– Balorazio-batzordea:

1.– Balorazio-batzorde bat eratuko da aurkeztutako eskabideak aztertu, ebaluatu eta hautatzeko; kide anitzeko organo gisa jardungo du, eta hauek izango dira kideak:

a) Batzordeburua: Teknologiaren eta Ikaskuntza Aurreratuen zuzendaria.

b) Bokalak:

– Pilar Díez Mintegui,TKNIKA, EAEko Lanbide Heziketarako Ikerketa eta Berrikuntza Aplikaturako Zentroko Ikaskuntza eta Goi Errendimenduaren Arlokoa.

– Arantza Alvarez Rubio, TKNIKA, EAEko Lanbide Heziketarako Ikerketa eta Berrikuntza Aplikaturako Zentroko Ingurune Estrategikoko Berrikuntza Aplikatuaren Arlokoa.

– Laura Oleaga Pérez de Mendiguren andrea, Teknologiaren eta Ikaskuntza Aurreratuen Zuzendaritzako teknikaria; idazkari-lanak egingo ditu, eta hitza izango du, baina botorik ez.

14. artikulua.– Ebazteko, jakinarazteko eta publikotasuna emateko prozedura.

1.– Deialdi honetan aurkeztutako eskabideak prozedura bakar batean izapidetuko dira, eta prozedura hori ebaztea Lanbide Heziketako sailburuordeari dagokio, Balorazio Batzordeak hala proposatuta.

2.– Ebazpenak erabakiko du eskatutako laguntzak emango diren ala, hala badagokie, ukatu egingo diren; lehenengo egoeran, adierazi behar da zein den ikastetxe onuraduna, emandako laguntzaren zenbatekoa, eta diruz lagundutako proiektuaren izena. Ukatutako eskabideei dagokienez, ikastetxearen izena, proiektuaren titulua, eta laguntza zergatik ukatu den adieraziko du ebazpenak.

3.– Ebazpen hori Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoaren iragarki-taulan argitaratuko da, eta argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu jakinarazpen-ondorioak. Ebazpenek barnean hartuko dituzte alderdi hauek: emandako dirulaguntzen zerrenda, eta ukatuena, zenbatekoak adierazita lehen kasuan, eta ukatzeko arrazoiak bigarrenean. Prozeduratik kanpo utzi diren eskaeren zerrenda ere barnean hartuta egongo da.

4.– Hori hala izanik ere, organo kudeatzaileak beste aukera bat ere badu: interesdunei jakinarazpen-abisuak bidaltzea, eskabideetan jarri zituzten telefono mugikorretara eta helbide elektronikoetara mezuak bidaliz. Abisu horiek ez dute inolaz ere jakinarazpen eginaren ondoriorik izango.

5.– Aurreko paragrafoan aipatzen den ebazpenak ez du administrazio-bidea agortzen, eta interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango dute horren kontra Hezkuntzako sailburuaren aurrean, hilabeteko epean, jakinarazpena egin eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen arabera.

6.– Prozedura ebazteko eta ebazpena pertsona interesdunei jakinarazteko gehieneko epea sei hilekoa izango da, agindu hori Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; epea igaro eta ebazpenik jakinarazi ez bada, laguntzaren eskabidea ezetsi egin dela ulertu beharko dute interesdunek, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean xedatutako ondorioetarako.

15. artikulua.– Laguntzak ordaintzea.

1.– Emandako laguntzak bi zatitan ordainduko dira: lehena, emandako laguntza osoaren % 40, laguntza onartu ondoren ordainduko da, 18.1 artikuluan xedatutakoaren arabera.

Gainerakoa (% 60), berriz, justifikazioa 19. artikuluan adierazitako epean eta baldintzetan aurkeztu ondoren.

2.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak edo haren erakunde autonomoek ezaugarri bereko beste laguntza edo dirulaguntza batzuk eman izana dela-eta horiek itzultzeko edo zigortzeko prozesuren bat oraindik ere izapidetzen ari bada, prozesu hori amaitu egin beharko da ikastetxe onuradunei dirulaguntzak edo laguntzak eman eta ordaindu ahal izateko.

16. artikulua.– Laguntza emateko baldintzak aldatzea.

1.– Dirulaguntza emateko kontuan izandako baldintzak aldatzeak, eta, hala egokituz gero, helburu bererako edozein diru-sarrera edo baliabide lortzeak berekin ekarri ahal izango dute ebazpena aldatzea dirulaguntzaren araudian ezarritakoari jarraituz, betiere, haren onuradun izateko ezarritako gutxieneko baldintzak betetzen badira.

2.– Ondorio horietarako, Lanbide Heziketako sailburuordeak dagokion likidazio-ebazpena emango du; ebazpen horretan, emandako dirulaguntzaren kopurua doitu egingo da, edo, hala egokituz gero, jasotako gehiegizko diru-kopurua itzultzeko aginduko da.

17 artikulua.– Ez-betetzeak eta itzulketa-prozedura.

1.– Dirulaguntza jasotzeko eskubidea galdutzat emango da eta, hala egokituz gero, jasotako zenbatekoa eta dagokion berandutze-interesa Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli beharko zaizkio, hauetako bat gertatuz gero:

a) Ikastetxe onuradunak aurkeztutako azken memoriatik ondorioztatzea jarduerak ez dituela lortu diruz lagundutako proiektuan proposatutako gutxieneko helburuak.

b) Agindu honetan eta hura garatzen duten ebazpenetan xedatutako edozein betebehar edo baldintza ez betetzea.

c) Ez betetzea Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontuen konturako dirulaguntzen onuradunen edozein betebehar. Betebehar horiek azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 50.2 artikuluan jasota daude edo azaroaren 17ko dirulaguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorreko 37. artikuluan.

d) Aldi berean erakunde publiko edo pribatuen beste edozein dirulaguntza jaso izana.

2.– Jasotako zenbatekoak itzultzeko eta berandutze-interesa eskatzeko, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen 53. artikuluan (azaroaren 11ko 1/1997 Errege Dekretu Legegileak onartutako testu bategina), abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuaren II. tituluan eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 42. artikuluan xedatutakoari jarraituko zaio.

III. KAPITULUA
IKASTETXE ONURADUNEN BETEBEHARRAK, JUSTIFIKAZIOA, JARRAIPENA ETA EBALUAZIOA

18. artikulua.– Ikastetxe onuradunen betebeharrak.

Agindu honetan deitutako laguntzen onuradun diren ikastetxeek betebehar izango dituzte:

1.– Emandako laguntza onartzea. Alde horretatik, erakunde onuradunek, esleitzeko erabakia jakinarazi eta hurrengo hamar egun naturaleko epean berariaz eta idatziz dirulaguntzari uko egiten ez badiote, onartutzat joko da.

2.– Ikastetxeko Urteko Planean sartzea diruz lagundutako jarduerak.

3.– Emandako dirulaguntza justifikatzea 19. artikuluan jasotakoaren arabera.

4.– Dirulaguntza zertarako eman den, horretarako erabiltzea.

5.– Beste edozein administrazio, erakunde publiko edo pribaturengandik agindu honetako helburu bererako dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabiderik eskuratuz gero, horren berri eman beharko diote Lanbide Heziketako Sailburuordetzari.

6.– Laguntza ematerakoan kontuan izandako gorabeheraren bat aldatzen bada, horren berri eman beharko diote Lanbide Heziketako Sailburuordetzari.

7.– Jasotako dirulaguntzen berri emateko neurriak hartzea. Neurri horien euskarrietan –informatikoetan zein bestelakoetan– adierazpen hau sartuko dute: «Eusko Jaurlaritzak finantzatutako jarduera».

8.– Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. artikuluan ezarritako baldintzak bete beharko dituzte.

9.– Azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategineko 50.2 artikuluko gainerako betebehar guztiak betetzea; zehazki, Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari ematea haiek eskatzen duten edozein informazio, laguntzen xedea fiskalizatu ahal izan dezaten.

10.– Ikastetxe onuraduna ez badago alta emanda Ekonomia eta Ogasun Sailaren Hirugarrenen Erregistroan, izapide hori bide elektronikoa erabiliz egin beharko du:

https://www.euskadi.eus/y22-izapide2/eu/contenidos/informacion/regtelter_infor/eu_rtt/index.shtml

Gune elektroniko horretan, bertan dauden datuak aldatu ere egin ahal izango ditu. Ofizioz aztertuko da erakunde eskatzailea alta emanda dagoen erregistroan.

19. artikulua.– Laguntzak justifikatzea.

1.– 2022ko urtarrilaren 7a baino lehen, egindako gastuen justifikazioa aurkeztuko dute ikastetxe onuradunek, https://www.euskadi.eus/nire-karpeta atariaren bitartez: dokumentu hauek aurkeztu beharko dituzte:

a) Diruz lagundu den proiektuaren memoria ekonomikoa (V. eranskina).

b) Gastuen zerrenda sailkatua, eta bertan alderdi hauek zehaztuta: hartzekodunaren eta dokumentuaren identifikazioa, zenbatekoa, zer datatan eman den, eta, hala badagokio, ordainketa-data. Hartu-agirien, fakturen eta, legez onartuta egonda, emandako dirulaguntzari egotz dakiokeen beste edozein gastu-frogagiriren kopia autentikoak, gastuen zerrenda sailkatuaren barnean badago.

c) Amaierako ebaluazio-memoria. Bilakaera eta emaitzak adieraziko ditu, aurreikusitako helburuekin alderatuta (VI. eranskina).

20. artikulua.– Jarraipena.

1.– Teknologiaren eta Ikaskuntza Aurreratuen Zuzendaritzak diruz lagundutako jardueren segimendua egingo du, jarduera horiek benetan egin direla bermatzeko. TKNIKA - Lanbide Heziketari Aplikatutako Ikerketa eta Berrikuntzako Euskal Autonomia Erkidegoko Zentroko Ikaskuntza eta Goi Errendimenduaren Arloaren bitartez egingo da segimendua.

2.– Baldin eta, ikasturtean zehar, gorabeheraren bat gertatzen bada diruz lagundutako prestakuntza-jardueren garapenean, TKNIKAko Ikaskuntza eta Goi Errendimenduaren Arloak, komeni bada, egoki irizten dion txostena bidaliko dio Teknologiaren eta Ikaskuntza Aurreratuen Zuzendaritzari, agindu hau betearazteko neurriak har ditzan.

21. artikulua.– Ebaluazioa.

TKNIKAko Ikaskuntza eta Goi Errendimenduaren Arloak, ikastetxeek igorritako amaierako memorian eta kontuan hartzekoa dela uste duen beste edozein datu edo txostenetan oinarrituta, lortutako emaitzen ebaluazio-memoria bidaliko dio Teknologiaren eta Ikaskuntza Aurreratuen Zuzendaritzari, laguntzak justifikatzeko epea amaitu eta 3 hilabeteko epean. Ebaluazio-memoria horretan, datu hauek egongo dira jasota: parte hartu duten ikastetxeen zerrenda, bakoitzak egindako jarduerak, eta onartutako jardueretan aurreikusitako helburuen betearazpen-maila. Era berean, proposatutako helburuen gutxienekoa bete ez denean, berariaz emango da egoera horren berri.

22. artikulua.– Datuen babesari buruzko oinarrizko informazioa.

Datu pertsonalak tratatu egingo dira, eta tratamendu-jarduera honetan sartuko dira: erakunde laguntzaileentzako eta lanbide heziketako ikastetxeentzako laguntzak eta dirulaguntzak.

Arduraduna: Teknologiaren eta Ikaskuntza Aurreratuen Zuzendaritza, Hezkuntza Saila.

Helburua: laguntza ekonomikoen eskaerak izapidetzea, parte-hartzaileak eta/edo interesdunak identifikatuta. Entitate laguntzaileetarako dirulaguntzak.

Legitimazioa:

– Tratamendua beharrezkoa da interes publikoaren izenean edo tratamenduaren arduradunari esleitutako botere publikoak egikaritzean egin behar den eginkizun bat betetzeko.

– 38/2003 Lege Orokorra, azaroaren 17koa, Dirulaguntzei buruzkoa.

– 1/1997 Legegintzako Dekretua, azaroaren 11koa, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duena.

Hartzaileak:

– Autonomia Erkidegoko beste organo batzuk.

– Ekonomia eta Ogasun Saila.

Eskubideak: eskubidea duzu datuak irispidean izateko, datuak zuzentzeko eta ezerezteko, bai eta informazio gehigarrian adierazitako beste eskubide batzuk ere.

Informazio gehigarria: gure web-orrian kontsulta daiteke datuen babesari buruzko informazio gehigarri eta zehatz guztia: https://www.euskadi.eus/clausulas-informativas/web01-sedepd/es/transparencia/039900-capa2-es.shtml

Araudia:

– Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra (https://eur-lex.europa.eu/legal-content/ES/TXT/HTML/?uri=CELEX:32016R0679&from=ES).

– 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa (https://www.boe.es/buscar/doc.php?id=BOE-A-2018-16673).

AZKEN XEDAPENAKo lehenengoa

Agindu honek jasotzen ez dituen alderdiak arautzeko, aplikatzekoak izango dira Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea eta laguntza eta dirulaguntza publikoei buruzko araudia.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Agindu honen aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Hezkuntzako sailburuari, hilabeteko epean, edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio EAEko Justizia Auzitegi Nagusiari, bi hilabeteko epean. Bi epeok agindu hau EHAAn argitaratu eta hurrengo egunean hasiko dira.

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA

Agindu honek EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2021eko uztailaren 6a.

Hezkuntzako sailburua,

JOKIN BILDARRATZ SORRON.

I. ERANSKINA
ESKABIDEA
(Ikus .PDF)
II. ERANSKINA
EKINTZAILETZAREN KULTURA SUSTATZEKO PROIEKTUA
(Ikus .PDF)
III. ERANSKINA
ENPRESA-ARLOKO SIMULAZIO-PROIEKTUAREN FITXA
(Ikus .PDF)
IV. ERANSKINA
PRESTAKUNTZA-JARDUERAREN FITXA
(Ikus .PDF)
V. ERANSKINA
MEMORIA EKONOMIKOA
(Ikus .PDF)
VI. ERANSKINA
AMAIERAKO EBALUAZIO-MEMORIA
(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala