175. zk., 2021eko irailaren 2a, osteguna
- Bestelako formatuak:
- PDF (253 KB - 3 orri.)
- EPUB (220 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
GARAPENERAKO LANKIDETZAREN EUSKAL AGENTZIA
4630
EBAZPENA, 2021eko uztailaren 19koa, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziako zuzendariarena, zeinaren bidez garapenerako lankidetzaren kargura ekintza humanitarioko estrategietarako laguntzak emateko 2021eko deialdia egiten baita.
Ekainaren 18ko 90/2019 Dekretuak (2019ko ekainaren 26ko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria, 120. zk.) ekintza humanitarioko esku-hartzeetarako laguntzak arautzen ditu.
Dekretu horren 7. artikuluak ezarritakoaren arabera, bidezkoa da garapenerako lankidetzaren kargura ekintza humanitarioko estrategietarako laguntzak emateko 2021eko deialdia egitea.
Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren Kontseilu Errektoreak, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentzia sortu eta arautzen duen ekainaren 9ko 5/2008 Legearen 10.b) artikuluan ematen zaizkion eskumenez baliaturik, 2021eko otsailaren 16ko bileran, erabaki zuen Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziako zuzendariari proposatzea dirulaguntza-deialdia abiaraztea, eta dirulaguntzak emateko oinarrizko irizpideak onartu zituen.
Hori dela eta, hau
EBAZTEN DUT:
1. artikulua.– Xedea.
Ebazpen honen xedea da ekainaren 18ko 90/2019 Dekretuan (2019ko ekainaren 26ko EHAA, 120. zk.) araututako laguntzen 2021eko deialdia egitea. Dekretu horren bidez, garapenerako lankidetzaren kargura ekintza humanitarioko estrategietarako laguntzak arautzen dira, gatazka-testuinguruetan eta beste indarkeria-egoera batzuetan krisi humanitarioak jasaten dituzten biztanleentzat, eremu humanitarioan erabiltzen diren nazioarteko estandarren bitartez identifikatuta.
2. artikulua.– Zuzkidura ekonomikoa.
1.– Ekintza humanitarioko estrategietarako zuzkidura ekonomikoa 4.500.000 eurokoa da –lehia-konkurrentziako prozeduraren bidez emanak–.
2.– Esku-hartze bakoitzerako, gehienez ere, 800.000 euroko dirulaguntza eslei daiteke; gutxieneko zenbatekoa, berriz, 500.000 euro izango da.
3.– Lehentasuna emango zaie Afrikako kontinentean egiten diren ekintza humanitarioko estrategietarako ekimenei; horiek horrela, gutxienez Afrikako bi estrategia lagunduko dira diruz, kontuan izan gabe zer puntuazio lortu duten, baldin eta laguntzen araudi erregulatzailean eskatzen diren baldintzak betetzen badituzte. Geratzen den soberakina lortutako puntuazio-hurrenkeraren arabera emango da.
3. artikulua.– Eskabideak aurkezteko eta formalizatzeko epea.
1.– Hilabeteko epea egongo da ekintza humanitarioko estrategietarako laguntzen eskaerak aurkezteko, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
2.– Erakunde bakoitzak, banaka edo taldeka, gehienez eskabide bat aurkeztu ahal izango du.
3.– Eskabidea aurkezteko, bitarteko elektronikoak erabili beharko dira, www.euskadi.eus egoitza elektronikoan (Laguntzak eta dirulaguntzak atalean), edo, bestela, www.elankidetza.euskadi.eus web-orrian (Deialdiak atalean).
4.– Eskabidea egiteko, eskabide normalizatua erabiliko da –www.euskadi.eus egoitza elektronikoan (Laguntzak eta dirulaguntzak atalean) eta www.elankidetza.euskadi.eus web-orrian (Deialdiak atalean) eskuratu daiteke–. Eskabide hori behar bezala betetzeko, web-orrian ezarritako formatu, jarraibide eta agirien arabera egin beharko da.
5.– Eskaera egin osteko izapideak, bide elektronikoa erabiliz egitekoak, www.euskadi.eus/nirekarpeta egoitza elektronikoaren bidez eta www.elankidetza.euskadi.eus web-orriaren bidez egingo dira.
4. artikulua.– Hautaketa Batzordea.
Honako pertsona hauek osatzen dute Hautaketa Batzordea, aurreko artikuluan aipatzen dena:
– Batzordeburua: Alazne Camiña Izkara andrea, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren Koordinazio Teknikoko arduraduna.
– Batzordekidea: M.ª Pilar Diez Arregui andrea, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren Lankidetzako teknikaria.
– Idazkaria: Ana Rojo González andrea, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren Aholkularitza Juridikoko arduraduna.
XEDAPEN GEHIGARRIA
Garapenerako lankidetzaren kargurako proiektuetarako laguntzak arautzen dituen uztailaren 23ko 390/2013 Dekretuak aldatzen duen otsailaren 27ko 34/2007 Dekretuaren 23.4 artikuluak dioenez, erakunde eskatzaile bakoitzak gehienez eskura dezakeen dirulaguntzaren guztirako zenbatekoa zehaztuko da dagokion ekitaldian onartzen den lehenengo laguntza-deialdian.
Hori kontuan izanik, 2021eko aurrekontu-ekitaldian ematen diren dirulaguntza guztien % 7koa izango da erakunde eskatzaile bakoitzak gehienez eskura dezakeen dirulaguntzaren guztizko zenbatekoa. Hau da, 3.320.228 euro, garapenerako lankidetzaren kargura urtean onartzen diren laguntzen edozein deialditan; dirulaguntza horiek geroago ordaindu litezke, aurreragoko ekitaldietan.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA
Garapenerako lankidetzaren kargura ekintza humanitarioko esku-hartzeetarako laguntzak arautzen dituen ekainaren 18ko 90/2019 Dekretuan ezarritakoaz gain, ebazpen honek hizpide dituen dirulaguntzek honako hauek xedatutakoa bete behar dute: Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea; Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legea; Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutakoa) VI. titulua eta VII. tituluaren III. kapitulua; eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean jasotako oinarrizko araudia (horren erregelamendua 887/2006 Errege Dekretuaren bidez onartu zen).
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA
Ebazpen honek ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, beronen aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziako lehendakariari, hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA
Ebazpen honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteiz, 2021eko uztailaren 16a.
Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziako zuzendaria,
PAUL ORTEGA ETCHEVERRY.