175. zk., 2021eko irailaren 2a, osteguna
- Bestelako formatuak:
- PDF (262 KB - 3 orri.)
- EPUB (230 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
AGINTARIAK ETA LANGILERIA
Oposaketak eta lehiaketak
EUSKAL HERRIKO UNIBERTSITATEA
4627
EBAZPENA, 2021eko uztailaren 26koa, Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateko gerentearena, UPV/EHUko lanpostu batzuk izendapen askearen bidez betetzeko deialdi publikoa egiteko dena.
Aurreikusita Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateko administrazio eta zerbitzuetako pertsonaleko lanpostu batzuk betetzeko beharra izango dela, Gerentzia honek deialdia egitea ebatzi du, UPV/EHUko errektorearen 2021eko urtarrilaren 28ko Ebazpenari jarraituta, eta Euskal Funtzio Publikoari buruzko uztailaren 6ko 6/1989 Legean xedatutakoaren arabera, ebazpen honetako eranskinean zerrendatzen diren lanpostuak izendapen askeko prozeduraren bidez betetzeko.
OINARRIAK
Lehenengoa.– Ebazpen honetako eranskinean deitutako lanpostuak betetzeko ezarritako baldintzak betetzen dituzten funtzionarioek eska ditzakete lanpostuok. Lanpostu bat baino gehiago eska daiteke, eskabidean lehentasunen hurrenkera adierazita.
Bigarrena.– Eskabideak aurkezteko epea 15 egun baliodunekoa izango da, deialdia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legeak 14.e) artikuluan adierazitakoaren arabera, eta bat etorrita UPV/EHUko idazkari nagusiaren 2021eko apirilaren 28ko Ebazpenean adierazitakoarekin (ebazpen horrek onartu egiten ditu interesatuak UPV/EHUrekiko harreman elektronikoetan identifikatzeko eta sinadura elektronikoa erabiltzeko jarraibideak, bai eta erakunde horretan lanean ari diren pertsonak identifikatu eta sinadura elektronikoa erabiltzekoak ere), eskaera aurkeztu behar da UPV/EHUko erregistro elektronikoaren bitartez: https://egoitza.ehu.eus/eu/registro-electronico. Bertan sartuta, «Jasotzailea» atalean Pertsonaleko Gerenteordetza aukeratu behar da. Horretarako, identifikazio elektronikorako sistema hauetakoren bat erabili behar da: Izenperen ziurtagiri digitala, UPV/EHUren txartela (Izenpe), NAN elektronikoa, edo Diruaren eta Zerga Zigiluaren Fabrika Nazionalaren ziurtagiria (FNMT-CERES).
Era berean, eskaera aurkeztu ahal izango da sektore publikoko beste edozein erakunderen erregistro elektronikoan eta, ohiz kanpoko kasuetan, erregistro gaietan laguntzeko UPV/EHUren bulegoetan, aurrez aurre. Erregistro gaietan laguntzeko UPV/EHUren bulegoetan aurkezten diren eskaerak eta dokumentuak digitalizatu egingo dira administrazio espediente elektronikoan sartzeko, eta jatorrizkoak interesdunari itzuliko zaizkio, interesduna funtzionarioaren aurrean identifikatu eta horrela jarduteko adostasun espresua adierazi ondoren, bat etorrita UPV/EHUko idazkari nagusiaren 2021eko apirilaren 28ko Ebazpenean adierazitakoarekin. Ebazpen horrek onartu egiten ditu gai hauei buruzko jarraibideak: erregistro gaietan laguntzeko bulegoak; eskaerak, idatziak edo bestelako komunikazioak funtzionario publiko gaituaren bidez aurkeztea UPV/EHUn; eta funtzionario publiko gaituen erregistroa.
Hirugarrena.– Eskatutako baldintza guztiak bete beharko dituzte izangaiek eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunean.
Deialdiko lanpostuak betetzeko baldintzak:
1.– UPV/EHUko karrerako funtzionarioa izatea, eskatutako lanpostu taldekoa eta eskalakoa, bi talde eta eskalatara irekitako kasuetan izan ezik; kasu horietan, deialdiko lanpostuko bi talde eta eskaletako funtzionarioek parte har dezakete, zerbitzu aktiboan edo zerbitzu berezietan badaude. Era berean, prozedura honen bidez jarduneko zerbitzura itzulita, beste administrazio publiko batzuetan zerbitzuan dauden UPV/EHUko karrerako funtzionarioek ere esku har dezakete, baita nahitaezko edo borondatezko eszedentzian daudenek ere, baldin eta azken kasu horretan eszedentzian egoteko gutxieneko epea bete badute.
2.– Derrigorrezkotasun data bete bada, dagokion hizkuntza eskakizuna egiaztatuta izatea, euskararen jakite maila egiaztatzen duten tituluak eta ziurtagiriak baliozkotzeko eta Hizkuntzen Europako Erreferentzia Marko Bateratuko mailekin parekatzeko Dekretuan (azaroaren 9ko 297/2010 Dekretua) adierazitako bideetako edozeinen bidez, edo apirilaren 3ko 47/2012 Dekretuan ezarritakoaren bidez (euskara ikasketetatik salbuetsita dauden eta hizkuntza tituluak eta egiaztagiriak euskaraz egiaztatzeari buruzkoa).
3.– Berariazko eskakizuna duten lanpostuetan, baldintza hori betetzen dela egiaztatzea.
Laugarrena.– 1.– Izangaiek eskabidean adieraziko dute UPV/EHUko karrerako funtzionarioak direla, eta eskabidearekin batera curriculum vitae bat aurkeztu beharko dute, bertan ondoko hauek adierazita:
a) Titulu akademikoak.
b) Betetako lanpostuak administrazio publikoan eta, hala badagokio, enpresa pribatuan.
c) Egindako ikasketak eta ikastaroak, dakizkien hizkuntzak eta, oro har, eskatzaileak egoki ikusten dituen gainerako merezimendu guztiak.
2.– Eskatutako betekizunak eta alegatutako merezimenduak egiaztatzen dituzten agiriak aurkeztu beharko dituzte izangaiek eskabidearekin batera. Era berean, izangaiek egoki iritzitako argitalpenak, txostenak edo bestelako dokumentuak ere erants ditzakete.
Bosgarrena.– Ebazpen honek administrazio bidea agortzen du eta bere aurka aukerako berraztertze errekurtsoa aurkez dakioke gerenteari hilabeteko epean; edo, bestela, zuzenean administrazioarekiko auzi errekurtsoa kasuan kasuko administrazioarekiko auzien epaitegian, bi hilabeteko epean, ebazpen hau jakinarazi eta hurrengo egunetik hasita.
Leioa, 2021eko uztailaren 26a.
UPV/EHUko gerentea,
MIREN LOREA BILBAO ARTECHE.
eranskina
DEIALDIKO LANPOSTUak
(Ikus .PDF)
Campusa:
1.– Araba
2.– Gipuzkoa
3.– Bizkaia