174. zk., 2021eko irailaren 1a, asteazkena
- Bestelako formatuak:
- PDF (329 KB - 9 orri.)
- EPUB (353 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
LEHENDAKARITZA
4614
EBAZPENA, 2021eko uztailaren 28koa, Kanpo Harremanetarako idazkari nagusiarena, kanpo-harremanen arloan gazteak prestatzeko beken deialdia egiten duena 2021-2022 aldirako.
Urtarrilaren 29ko 12/2019 Dekretuak arautzen ditu kanpo-harremanen arloan gazteak prestatzeko bekak (2019ko otsailaren 1eko EHAA, 23. zk.).
Dekretu horren 5.1 artikuluan ezarritakoaren arabera, bidezkoa da kanpo-harremanen arloan gazteak prestatzeko 2021-2022 aldirako beken deialdia egitea. Beka horiek Lehendakaritzaren 2021erako Dirulaguntzen Plan Estrategikoan sartuta daude; Lehendakaritzaren idazkari nagusiaren 2021eko otsailaren 18ko Ebazpenaren bidez onartu zen plan hori.
COVID-19aren ondorioz, aurten ez dira lau beka deituko Euskadik Latinoamerikan eta Estatu Batuetan dituen ordezkaritzetarako.
Hori dela eta, hau
EBAZTEN DUT:
1. artikulua.– Xedea.
Deialdi honen xedea da zortzi beka ematea 2021-2022rako, kanpo-harremanen arloan gazteen prestakuntza bultzatzeko.
2. artikulua.– Beken modalitatea eta kopurua.
1.– Deialdiko bekak honako modalitate hauetan banatuko dira:
a) Europako gaiak: lau beka.
b) Kanpoan den euskal komunitatea: bi beka.
c) Kanpo-harremanak: bi beka.
2.– Eskatzaile bakoitza deialdiko beka-modalitateetako bakar batera aurkeztu ahal izango da.
3. artikulua.– Destinoak.
1.– Europako gaien beken onuradunek destino hauetan gauzatuko dute beren jarduera:
a) Bi beka Kanpo Harremanen Idazkaritza Nagusian, Gasteizen.
b) Bi beka Euskadiren Europar Batasunerako Ordezkaritzan, Bruselan.
2.– Kanpoan den euskal komunitatearen beken onuradunek destino honetan gauzatuko dute beren jarduera:
a) Bi beka Kanpo Harremanen Idazkaritza Nagusian, Gasteizen.
3.– Kanpo-harremanen beken onuradunek honako destino honetan gauzatuko dute beren jarduera:
a) Bi beka Kanpo Harremanen Idazkaritza Nagusian, Gasteizen.
4. artikulua.– Diru-zuzkidura eta ordainketa.
1.– Deialdiko beka-programaren kreditu osoa 144.000 eurokoa da; horietatik 72.000 euro 2021eko ordainketa-kredituei dagozkie, eta 72.000 euro 2022ko konpromiso-kredituei.
2.– Honako hau izango da beken diru-zuzkidura:
– Destinoa Gasteizen duen beka bakoitzeko, 16.000 euro gordin.
– Destinoa Euskadiren Europar Batasunerako Ordezkaritzan (Bruselan) duen beka bakoitzeko, 24.000 euro gordin.
3.– Jasotako zenbatekoak pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren eta Gizarte Segurantzaren araubidearen mende egongo dira.
5. artikulua.– Eskabideak aurkezteko modua eta epea.
1.– Urtarrilaren 29ko 12/2019 Dekretuan eskatutako baldintzak betetzen dituzten pertsonek aurrez aurre edo bide elektronikoak erabiliz eskatu, kontsultatu eta egin ahal izango dituzte prozedura honen izapide guztiak.
2.– Eskabideak, erantzukizunpeko adierazpenak eta aurkeztu beharreko dokumentazioa telematikoki izapidetzeko zehaztapenak eskuragarri daude Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektroniko honetan: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/0073106
3.– Eskabidea egiteko, behar bezala bete beharko da eskabide normalizatu bat, egoitza elektroniko honetan eskuragarri dagoena: https://www.euskadi.eus/servicios/0073106
Eskabideak identifikatzeko eta sinatzeko, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan identifikaziorako eta sinadura elektronikorako onartutako bitartekoak erabili behar dira; helbide honetan daude eskuragarri: https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak
4.– Izapide elektronikoak ordezkari baten bidez egin ahal izango ditu eskatzaileak. Horretarako, Eusko Jaurlaritzako Ahalordeen Erregistroan inskribatu beharko da ordezkaritza hori, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/ordezkariak
5.– Eskabidearen ondorengo izapideak, ebazpenen jakinarazpenak barne, bide elektronikoz, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoaren «Nire karpeta» atalaren bidez egingo dira: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta
6.– Eskabideak aurrez aurre aurkeztea aukeratuz gero, interesdunek egoitza elektroniko honetan eskuragarri dagoen inprimaki-eredua bete beharko dute: https://www.euskadi.eus/servicios/0073106
Eskabideak posta helbide honetara bidali beharko dira, zein beka-mota nahi den adierazita:
Kanpo Harremanen Idazkaritza Nagusia.
Lehendakaritza – Eusko Jaurlaritza.
Nafarroa kalea 2 - 01007 Vitoria-Gasteiz (Araba).
Aurreko paragrafoan adierazitako idazkaritza nagusian ez ezik, Euskadiren Kanpoko Ordezkaritzetan eta Zuzenean-Eusko Jaurlaritzaren Herritarrentzako Arreta bulegoetan ere aurkeztu ahal izango dira eskabideak. Zuzenean bulegoetan aurkezteko, hitzordua eskatu beharko da aldez aurretik https://www.euskadi.eus/zuzenean-aurrez-aurreko-arreta/web01-a2zuzen/eu/ helbidean, edo, bestela, 945 01 90 00 telefono esklusiboaren bidez –aldez aurreko hitzordua eskatzeko edo baliogabetzeko aukera dago telefono hori erabilita–. Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aurreikusitako edozein modutan ere aurkeztu ahal dira eskabideak.
7.– Administrazioak dirulaguntzak ordaindu ahal izateko, Eusko Jaurlaritzak horretarako daukan datu-basean agertu beharko du erakunde onuradunak.
Alta emateko edo hirugarrenaren datuak aldatzeko, Eusko Jaurlaritzak emandako hirugarrenen erregistro elektronikora jo beharko du interesdunak, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/hirugarrenaren-datuen-aldaketa/web01-tramite/eu/
8.– Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
6. artikulua.– Aurkeztutako eskabideetako akatsak zuzentzea.
1.– Urtarrilaren 29ko 12/2019 Dekretuaren 9. artikuluan ezarritakoaren arabera, dokumentazioa osorik ez badago, beka-modalitate bakoitzaren instrukzio-organoak hamar eguneko epea emango dio eskatzaileari dokumentazio osagarria bidal dezan.
2.– Epe hori igarota, jakinarazpena egin eta hurrengo egunetik aurrera, dokumentuak aurkeztu ez badira, eskabideari uko egiten diola ulertuko da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 21. artikuluan aurreikusten diren baldintzetan ebazpena eman eta gero.
7. artikulua.– Hautaketa Batzordea.
1.– Urtarrilaren 29ko 12/2019 Dekretuaren 11. artikuluan aipatzen den hautaketa-batzordea, merezimenduak baloratuko dituena, honako pertsona hauek osatuko dute:
– Myriam Larroulet Rotaeche, Kanpo Harremanetarako zuzendaria; batzordeburua izango da. Kargua hutsik badago, bertaratu ez bada, gaixorik badago edo legezko beste arrazoiren bat gertatzen bada, Rafael Hueso Vicent Kanpo Harremanen Idazkaritza Nagusiko goi-mailako teknikariak ordezkatuko du.
– Mikel Antón Zarragoitia, Europako Gaietarako zuzendaria. Kargua hutsik badago, bertaratu ez bada, gaixorik badago edo legezko beste arrazoiren bat gertatzen bada, Iñaki Serrano Lasa Kanpo Harremanen Idazkaritza Nagusiko goi-mailako teknikariak ordezkatuko du.
– Gorka Álvarez Aramburu, Kanpoan den Euskal Komunitatearentzako zuzendaria. Kargua hutsik badago, bertaratu ez bada, gaixorik badago edo legezko beste arrazoiren bat gertatzen bada, José Manuel Meaurio Antón Kanpo Harremanen Idazkaritza Nagusiko goi-mailako teknikariak ordezkatuko du.
– Elena Iturrate Bizkargüenaga, Kanpo Harremanen Idazkaritza Nagusiko goi-mailako teknikaria; batzordeko idazkari-lanak egingo ditu. Lanpostua hutsik badago, titularra ez badago, gaixorik badago edo legezko beste arrazoiren bat gertatzen bada, Loreto Guzmán Fonquernie Kanpo Harremanen Idazkaritza Nagusiko goi-mailako teknikariak ordezkatuko du.
– Ainara Jauregi Rekondo, Kanpo Harremanen Idazkaritza Nagusiko goi-mailako teknikaria. Kargua hutsik badago, bertaratu ez bada, gaixorik badago edo legezko beste arrazoiren bat gertatzen bada, Eloisa Susaeta Azcoitia Kanpo Harremanen Idazkaritza Nagusiko goi-mailako teknikariak ordezkatuko du.
– Benan Oregi Iñurrieta, Kanpo Harremanen Idazkaritza Nagusiko goi-mailako teknikaria. Kargua hutsik badago, bertaratu ez bada, gaixorik badago edo legezko beste arrazoiren bat gertatzen bada, Andoni Martín Arce Kanpo Harremanen Idazkaritza Nagusiko goi-mailako teknikariak ordezkatuko du.
2.– Urtarrilaren 29ko 12/2019 Dekretuaren 11.3 artikuluan aurreikusitakoaren arabera, hautaketa-batzordeak Kanpo Harremanen Idazkaritza Nagusiko aholkulari Concepción Quintana Aguirreren aholkularitza izango du. Aholkulari horrek hitza izango du, baina botorik ez.
8. artikulua.– Balorazio-irizpideak.
1.– Urtarrilaren 29ko 12/2019 Dekretuaren 12. artikuluan ezarritakoak dira balorazio-irizpideak.
2.– Gehienez 15 puntu emango dira pertsonaren profil akademikoa, zeina nazioarteko harremanen arloan dituen ezagutzek eta esperientziak zehaztuko baitute, bekaren edukirako egokia bada. Horretarako, proba idatzi bat egingo da, aldez aurretik adierazitako lekuan eta egunean; eskatzaile bakoitzak emandako helbide elektronikoaren bidez jakinaraziko dira horiek.
9. artikulua.– Probaren modalitateak.
1.– Izangaiek proba idatzi bat egingo dute: 15 galderako test bat, aukeratzen duten beka-modalitatera egokitua. 30 minutu izango dituzte proba hori egiteko. Galdera guztiek puntuazio bera izango dute, eta 15 puntu emango dira gehienez, honela banatuta:
a) Modalitatea: Europako Gaiak:
– 5 galdera, Europar Batasunaren erakunde-esparruari buruzkoak.
– 5 galdera, Europako gaurkotasun politikoari buruzkoak.
– 5 galdera, Europako gaurkotasun ekonomikoari buruzkoak.
b) Modalitatea: kanpoan den euskal komunitatea:
– 5 galdera, euskal etxeen esparruari buruzkoak.
– 5 galdera, euskal emigrazioaren memoria historikoari buruzkoak.
– 5 galdera, euskal diasporarako erakunde-programei buruzkoak.
c) Modalitatea: kanpo-harremanak:
– 5 galdera, organismo multilateralei buruzkoak.
– 5 galdera, nazioarteko gaurkotasun politikoari buruzkoak. Ez da Europari buruzko galderarik egingo.
– 5 galdera, nazioarteko gaurkotasun ekonomikoari buruzkoak. Ez da Europari buruzko galderarik egingo.
10. artikulua.– Txostenak.
1.– Bekadunek txosten partzial bat aurkeztu beharko dute, urtarrilaren 29ko 12/2019 Dekretuaren 16.2.j) artikuluan aurreikusitako ikerlanaren garapenaren egoera zehazten duena, bai eta azken txosten zehatz bat ere, aztertutako gaiei, planteatzen dituzten arazoei, balizko irtenbideei eta, oro har, bekarekin lotutako alderdi interesgarri guztiei buruzkoa.
2.– Txosten partziala bigarren ordainketa jaso aurretik aurkeztu beharko da, eta, nolanahi ere, beka baliatzeko laugarren hilabeteko azken eguna baino lehen.
3.– Beka baliatzeko hamaikagarren hilabetea amaitu baino lehen aurkeztu beharko da amaierako txosten xehatua.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA
Xedapen hauek ezarritakoaren mende daude ebazpen honek aipatzen dituen laguntzak: Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legeak, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrak, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak eta kanpo-harremanen arloan gazteak prestatzeari buruzko urtarrilaren 29ko 12/2019 Dekretuak.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA
Ebazpen honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez dakioke organo berari, hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke zuzenean, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA
Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, eta argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak. Guztiek jakin dezaten, www.euskadi.eus webgunean ere argitaratuko da.
Vitoria-Gasteiz, 2021eko uztailaren 28a.
Kanpo Harremanetarako idazkari nagusia,
MARÍA ÁNGELES ELORZA ZUBIRÍA.