Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

174. zk., 2021eko irailaren 1a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

GOBERNANTZA PUBLIKO ETA AUTOGOBERNU SAILA
4613

AGINDUA, 2021eko uztailaren 9koa, Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuarena, zeinaren bidez arautzen baita zer prozeduraren arabera jardungo den Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta haren organismo autonomoen eremuan sexu-jazarpeneko eta sexuan oinarritutako jazarpeneko kasuak gertatzen direnean.

Sexu-jazarpena eta sexuan oinarritutako jazarpena dira sexua dela-eta edozein pertsonak bizi ditzakeen indarkeria- eta diskriminazio-modurik larrienetakoak. Gainera, biak ala biak sexuaren arabera gizakioi tradizioz esleitzen zaizkigun rolei lotutako botere-harremanen adierazpenak dira, eta batez ere emakumeei eragiten diete. Halako indarkeria matxistak era askotako testuinguruetan gertatzen dira; egiturazko desberdinkeriaren emaitza eta adierazpen dira, eta oinarrizko eskubideei erasotzen diete, hala nola duintasun-eskubideari, osotasun fisiko eta moralerako eskubideari, sexu-askatasunari eta lan-segurtasunerako eta -osasunerako eskubideari.

Baliteke justu lan-eremuan halako indarkeria-motak ikusezin bihurtzea eta horrek biktimen kalteberatasuna eta defentsa-gabezia areagotzea, enplegatzaileek langileekiko duten nagusitasun-harremanarengatik, lan-baldintzengatik edo ingurunearen gizarte-sentsibilizazio eskasarengatik. Hori dela eta, halako jokabideak prebenitu beharra daude, eta, detektatzen edo gertatzen direnean, geldiarazi egin behar dira; izan ere, lanlekuetan pertsona guztion aniztasuna errespeta dadila sustatu behar da, eta berdintasunezko harremanak bultzatu.

Emakumeen eta gizonen berdintasunaren printzipioa nazioarteko legerian eta Europar Batasunaren esparruan ezarrita dago. Horri dagokionez, mugarri dira Emakumeen Aurkako Diskriminazio Mota Guztiak Ezabatzeko Nazio Batuen Konbentzioa (1979), Emakumeen Aurkako Diskriminazioa Ezabatzeari buruzko Nazio Batuen Deklarazioa (1993), Emakumeen Aurkako Indarkeria Prebenitu eta Haren Aurka Borrokatzeko Europako Kontseiluaren Hitzarmena (2011), eta Lan Arloan Indarkeria eta Jazarpena Ezabatzeari buruzko Lanaren Nazioarteko Erakundearen Hitzarmena (190, 2019). Batasuneko araudiari gagozkiolarik, Batzordearen azaroaren 27ko 92/131/EBE Gomendioan –zeina lan-eremuan emakumeen eta gizonen duintasuna babestearen gainekoa baita–, «sexu-jazarpenari aurre egiteko neurriei buruzko ereduzko kodea» jaso zen. Beranduago, Europako Parlamentuak eta Kontseiluak 2002ko irailaren 23ko 2002/73/EE Zuzentarauan sexu-jazarpenaren definizioa eta jokabideak zehaztu zituen, eta hura ikertzeko betebeharra ezarri zuen. Bestalde, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2006ko uztailaren 5eko 2006/54/EE Zuzentarauak –zeina enpleguarekin eta okupazioarekin zerikusia duten gaietan emakumeen eta gizonen arteko tratu- eta aukera-berdintasunaren printzipioa aplikatzeari buruzkoa baita– sexu-jazarpena eta generoan oinarritutako jazarpena edo jazarpen sexista definitu zituen, eta ezarri zuen jokabide horiek diskriminatzailetzat joko direla eta, ondorioz, debekatu eta zehatu egingo direla, egokiro, proportzionalki eta disuasio-xedez.

Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legean ezarrita dago zer printzipio orokorrek zuzendu behar duten botere publikoen jarduna berdintasunaren arloan; gainera, berariaz daude aipatuta laneko jazarpen sexista eta sexu-jazarpena, zeinak diziplina-falta oso astunak baitira EAEko administrazioetako langileen kasuan. 43. artikuluak jazarpen sexista eta sexu-jazarpena definitzen ditu, eta, EAEko administrazio publikoetako langileen kasuan, diziplina-falta oso astuntzat jotzen ditu. Orobat ezartzen du administrazioen betebeharra dela jazarpen-mota hori prebenitzeko eta desagerrarazteko politikak eta protokoloak garatzea, eta biktimei laguntza psikologiko eta juridikoa bermatu behar dietela, zeina presakoa, doakoa, espezializatua, deszentralizatua eta eskuerakoa izango baita.

Bai sexu-jazarpena eta bai sexuan oinarritutako jazarpena laneko arrisku psikosozialak dira, eta, hortaz, langileen osasuna babesteko prebentzio-neurriak hartu beharra daude, bat etorriz Laneko Arriskuen Prebentzioari buruzko azaroaren 8ko 31/1995 Legeak xedatutakoarekin.

Administrazio Orokorraren eta organismo autonomoen esparruan sexu-jazarpenaren eta sexuan oinarritutako jazarpenaren arazoari heltzeko, Ogasun eta Herri Administrazio sailburuak 2006ko urriaren 4ko Agindua eman zuen, non arautu baitziren laneko jazarpen moral eta sexuala gertatzen den kasuetan hartu beharreko aurreikuspen-neurriak eta jarduteko prozedura.

Gero, Emakumeen eta Gizonen Berdintasun Eragingarrirako martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoak –zeina Enplegu eta lanaren arloan emakumeen eta gizonen arteko tratu- eta aukera-berdintasuna bermatzeko presako neurrien martxoaren 1eko 6/2019 Errege Lege Dekretuaren bidez aldatu baitzen– ezarri zuen enpresek sexu-jazarpena eta sexuan oinarritutako jazarpena saihesteko lan-baldintzak sustatu behar dituztela, eta prozedura bereziak ezarri, horiek prebenitzeko eta halakoak jasan dituztenen salaketak edo erreklamazioak bideratzeko. Laneko jazarpenaren kasuan, jokabide erasotzaile eta diskriminatzailearen eragilea askotarikoa izan daiteke; sexu-jazarpeneko eta sexuan oinarritutako jazarpeneko kasuetan, aldiz, indarkeriaren jatorria sexua edo generoa izaten da. Horregatik, diskriminazio-mota horiek tratamendu bereizia eskatzen dute.

Azaldutako guztiari erantzuna eman eta lege-agindua betetzeko, Administrazio Orokorreko eta haren Erakunde Autonomoetako Emakume eta Gizonen Berdintasunerako I. Plana onartu zuen Gobernu Kontseiluak, 2016ko irailaren 6an. Plan horretan, besteak beste, ezarri zen sexu-jazarpenari edo sexuan oinarritutako jazarpenari aurre egiteko protokolo espezifiko berria idatzi behar dela eta hura zabaltzeko eta abiarazteko beharrezkoak diren baliabideak jarri behar direla. Horretarako onartzen da, hain zuzen, agindu hau.

Ezertan eragotzi gabe arau honen helburu nagusia –alegia, arautzea nola jardun behar duen Administrazioak sexu-jazarpeneko edo sexuan oinarritutako jazarpeneko kasuen komunikazioak edo salaketak heltzen zaizkionean– begien bistakoa da halako jokabideak prebenitzeko neurriak ere hartu behar direla administrazio honetan, batez ere langileak sentsibilizatuz eta prestatuz, eta agindu honek ez du alde batera uzten alderdi hori. Prebentzio-neurriei eta haiek planifikatzeko eta garatzeko epeei azken xedapenetako hirugarrenean egiten zaie erreferentzia.

Horregatik guztiagatik, lehendakariaren irailaren 6ko 18/2020 Dekretuaren 7.1 artikuluko e) eta m) letretan eta xedapen iragankor bakarrean ezarritakoaren arabera (dekretu horrek Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen ditu eta sail bakoitzaren egitekoak eta jardun-arloak finkatzen), urtarrilaren 19ko 8/2021 Dekretuaren 3. artikuluarekin lotuta (dekretu horrek Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen du), honako hau

XEDATZEN DUT:
I. KAPITULUA
KONPROMISOAK

1. artikulua.– Konpromiso orokorra.

1.– Administrazio Orokorrak eta haren organismo autonomoek (aurrerantzean, arau honen ondorioetarako, «administrazio hau») irmoki hitzematen dute ez dutela inolako indarkeria-motarik onartuko beren antolakundeetan, bereziki sexu-jazarpentzat eta sexuan oinarritutako jazarpentzat har daitekeen jokabiderik, eta adierazten dute, halakorik badago, zehapenak jarriko dituztela dagokion araudian ezarritakoaren arabera.

2.– Administrazio honek hitzematen du langileen duintasuna eta aniztasuna errespetatzeko lan egingo duela, eta haien osasuna eta emakumeen eta gizonen berdintasunaren printzipioa babestuko dituela; horrez gainera, erakunde-kultura jakin bat sustatu eta zainduko du, ahalbidetuko duena identifikatzea eta gaitzestea errespeturako eskubidearen eta diskriminaziorik ez izateko eskubidearen kontra doan jokabide oro.

2. artikulua.– Konpromiso espezifikoak.

1.– Aurrez adierazitakoaren arabera, administrazio honek konpromiso hauek hartzen ditu:

Errespetuan eta zuzentasunean oinarritutako eta indarkeriarik gabeko lan-ingurune segurua sustatuko du. Lan-harremanen eremuan egiten diren indarkeriako eta diskriminazio sexistako jokabideak irmoki baztertuko ditu –esaera eta jokamolde laidogarriak, umiliagarriak edo larderiazkoak erabiltzea barne–, eta dagozkion zehapenak ezarriko ditu. Horretarako, administrazio honetako organo eta zuzendaritzako langile guztiek mota horretako jokabideak prebenitzeko eta zehatzeko eskura dituzten baliabideak erabiliko dituzte.

Beharrezkoak diren neurriak jarriko ditu, halako jokabide onartezinak irmotasunez eta ezbairik gabe prebenitzeko eta haien gainean esku hartzeko, helburua baita egoera horiek berriro ez gertatzea eta langile orok halakoak detektatu eta arbuiatzea. Administrazio honek, Berdintasunerako Batzorde Iraunkorrari jakinaraziko dizkion ekintzen bidez, prebentzio-neurriak hartuko ditu, zeinek langileen informazioa, sentsibilizazioa eta prestakuntza azpimarratuko baitituzte.

Administrazioan sartzen diren unetik bertatik, langileei balio hauek barneratzen laguntzeko ekintzak planifikatu eta garatuko ditu: tratu-berdintasuna, errespetua, duintasuna, nortasunaren garapen askea eta sexu-jazarpeneko edo sexuan oinarritutako jazarpeneko jokabideen bazterketa. Ezin da alde batera utzi administrazio honetan lan egiten duten pertsona guztien erantzukizuna dela sexu-jazarpena eta sexuan oinarritutako jazarpena prebenitzen eta haren gainean esku hartzen laguntzea, bai protokolo honen eremuan, bai arlo horri dagokionez har daitezkeen bestelako neurrien eremuan.

Protokoloa aplika dadila eskatzen duen edonori lagunduko dio –protokoloa publikoa eta eskuragarria izango da–, eta bermatuko du betetzen direla errespetuaren, konfidentzialtasunaren eta eskubide-babesaren printzipioak, hala alderdi inplikatuenak, nola prozesuan parte hartzen duten pertsonenak, eta haien ongizatea zainduko du beti.

Arreta ipiniko du, jazarpena sufritu duen pertsonak inolako zigorrik edo birbiktimizaziorik jasan ez dezan, eta bi alderdiei eta protokoloa aktibatzen eta aplikatzen lagundu duten pertsonei bestelako kalteak sortzea eragotziko du, bai aholkularitza konfidentzialaren fasean, bai ikerketa-fasean.

Berdintasunerako Batzorde Iraunkorraren bidez, protokoloaren aplikazioaren jarraipena eta aldizkako ebaluazioa egingo ditu, eta arlo horretan prebentzio gisa planifikatzen diren gainerako ekintzak burutuko ditu.

Barneko lana egiteaz gain, koordinatuta lan egingo du beste eragile batzuekin, zerbitzu-hartzaileekin eta kanpoko administrazioekin, bere eragin-eremu guztietan estereotipoei eta desberdinkeria-faktoreei aurre egiteko.

2.– Bestalde, langileen legezko ordezkaritzak laneko sexu-jazarpena eta sexuan oinarritutako jazarpena prebenitzen eta detektatzen lagunduko du, eta, horretarako, zera egingo du: langileak sentsibilizatu; Berdintasunerako Batzorde Iraunkorrean aktiboki parte hartu, eta, jazarpen-mota hori bultza dezaketen jokabideak gertatzen ari direla jakinez gero, haien berri eman Berdintasunerako Batzorde Iraunkorrari, laneko segurtasun- eta osasun-batzordeei eta kasuaren arabera egoki diren zuzendaritza-organoei.

II. KAPITULUA
XEDAPEN OROKORRAK

3. artikulua.– Xedea eta helburua.

1.– Arau honen xedea da ezartzea zer prozeduraren arabera jardungo den sexu-jazarpeneko eta sexuan oinarritutako jazarpeneko kasu izan daitezkeen jokabideen aurrean, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta haren organismo autonomoen lan-eremuan gertatzen direnean, eta zehazki:

Langileei, kargudunei eta behin-behineko langileei jarraibideak ematea, gai izan daitezen lan-eremuko sexu-jazarpena eta sexuan oinarritutako jazarpena identifikatu eta ezagutzeko.

Esku-hartze goiztiarra bultzatuko duten mekanismoak ezartzea eta ikerketaren prozedura bizkorra, argia eta laburra izatea, zeren eta horrek guztiak bermatuko baititu ukitutako pertsonen segurtasuna, dagozkion babes-neurrien aplikazioa eta, hala badagokio, zehapen-prozedurak abiaraztea.

Administrazio honetan agindu hau aplikatzeko eskumena duten giza baliabideak nola antolatuko diren zehaztea.

2.– Agindu honetan jasotako prozeduraren azken helburua administrazio honetako langileen duintasuna eta osasuna babestea da, bai eta administrazioaren eremuan gerta daitekeen indarkeria-mota oro desagerrarazten laguntzea ere. Ondorioz, beharrezkoak diren neurriak hartuko ditu Administrazioak, halako jokabideak prebenitu, detektatu eta zuzentzeko, asmoa baita lan-osasuna babesteko bere gain hartua duen konpromisoa gauzatu eta tratu- eta aukera-berdintasunaren printzipioa benetan aplikatzea, hala xedatzen baitute gaur egun indarrean dauden Lan Arriskuen Prebentzio Planak eta Berdintasun Planak.

4. artikulua.– Sexu-jazarpenaren eta sexuan oinarritutako jazarpenaren definizioa.

Agindu honen ondorioetarako, definizio hauek hartuko dira kontuan:

1.– Sexu-jazarpena: izaera sexualeko portaera oro, hitzezkoa zein fisikoa, zeinaren asmoa baita larderiazkoa, apalgarria edo iraingarria den ingurunea sortzea, horren bidez pertsonaren duintasunari erasotzeko, edozein dela ere portaeraren iraupena edo aldizkakotasuna.

Bereziki, eta ezertan eragotzi gabe artikuluan jasotako definizioekin bat datozen beste jokabide batzuk, sexu-jazarpentzat joko da hauetako edozein:

Lanpostua lortzea, mantentzea edo haren baldintzei eustea sexu-mesedeak onartzearen mende jartzea, nahiz eta baldintza horren mehatxu esplizitua edo inplizitua benetan gauzatu ez (sexu-xantaia).

Iradokizun edo eskaera sexualak onartzen ez dituenari errepresaliekin mehatxatzea.

Sexu-jazarpena salatzen dutenei, halako kasuen ikerketetan lekuko, laguntzaile edo parte-hartzaile direnei eta jazarpeneko jokabideen aurka jartzen direnei –izan jokabidea norberaren aurkakoa edo hirugarrenen aurkakoa– errepresaliekin mehatxatzea.

Sexu-harremanak izateko presioa egitea edo hartara derrigortzea.

Zita bat eskatzea edo gonbidapenak egitea, dagoeneko ezezkoa jaso denean.

Beste pertsonak nahi ez duen kontaktu fisikoa egitea apropos, hala nola ukitzeak, igurtziak, besarkadak, zapladatxoak edo atximurrak.

Gehiegi hurbiltzea, mugimendua oztopatzea, zokoratzea edo, apropos, norbaitekin bakarrik geratzen saiatzea, harekin kontaktu fisikoa izateko asmoz.

Eduki iraingarria duten sexu-izaerako telefono-deiak, gutunak, mezuak, argazkiak, bideoak edo bestelakoak bidaltzea.

Iradokizun sexualak egitea edo zuzenean sexu-harremanak eskatzea, presiorik egin gabe.

Norbaiten gorputza adi-adi edo lizunki begiratzea.

Norbaiten itxura fisikoari, irudiari, sexu-orientazioari eta genero-identitateari edo -adierazpenari buruzko iruzkinak edo balorazioak egitea etengabe

Norbaiten bizitza sexualari buruzko edo konnotazio sexualeko galderak egitea edo zurrumurruak zabaltzea.

Norberaren trebetasun edo gaitasun sexualei buruz hitz egitea.

Pertsonak modu klandestinoan edo ezkutuan zelatatzea leku pribatuetan, hala nola komunetan edo aldageletan.

Sexuaren ikuspuntutik apalgarriak, iradokitzaileak edo pornografikoak diren irudiak erabiltzea eta hedatzea lan-ingurunean.

Keinu, soinu edo mugimendu lizunak egitea.

Izaera sexualeko txisteak kontatzea edo konplimenduak esatea.

Zigor Kodean tipifikatuta dagoen edozein sexu-eraso egitea.

2.– Sexuan oinarritutako jazarpena: pertsona baten sexuaren arabera egindako portaera oro, zeinaren asmoa edo ondorioa baita pertsonaren duintasunari erasotzea eta larderiazkoa, apalgarria edo iraingarria den ingurunea sortzea, edozein dela ere portaeraren iraupena edo aldizkakotasuna.

Bereziki, eta ezertan eragotzi gabe artikuluan jasotako definizioekin bat datozen beste jokabide batzuk, sexuan oinarritutako jazarpentzat joko da hauetako edozein:

Tratu kaltegarria ematea norbaiti haurdunaldiarengatik, amatasunarengatik, aitatasunarengatik edo senideen beste zaintza batzuk egiteagatik.

Deskalifikazio publiko zein pribatuak egitea norbaiti buruz edo haren lanari, gaitasunei, konpetentzia teknikoei, trebetasunei edo abileziei buruz, haren sexua dela eta.

Esamolde sexistak edo apalgarriak erabiltzea norbaiten gaitasunak, konpetentziak, trebetasunak edo abileziak gutxiesteko, haren sexua dela eta (adibidez «emakumea izan behar!», «zererako bakarrik balio duzu», eta abar).

Ekarpenak, iradokizunak edo ekintzak kontuan ez hartzea, egilearen sexuaren arabera.

Hierarkian gorago dauden emakumeen aginduei edo jarraibideei kasurik ez egitea, haien sexua dela eta.

Norbaiten lana zapuztea edo lan egiteko behar dituen baliabideetarako irispidea apropos galaraztea (informazioa, dokumentazioa, ekipamendua...), haren sexua dela eta.

Agindu laidogarriak ematea, pertsonen sexuan oinarrituta.

Gaitasunen arabera dagozkionak baino ardura txikiagoak ematea norbaiti, haren sexua dela eta.

Muturreko eta etengabeko zaintza egitea norbaiti, haren sexua dela eta.

Jarrera etorkor edo paternalista hartzea norbaitekin, haren sexua dela eta.

Tradizioz beste sexuari esleitzen zaizkion zereginak egiten dituzten pertsonak barregarri uztea.

Pertsona bati dagozkion baimenak ukatzea, modu arbitrarioan eta haren sexua dela eta.

Tratu kaltegarria ematea norbaiti, haurdunaldia, amatasuna/aitatasuna edo adingabeen harrera dela eta.

Pertsonen sexua dela-eta lan-arloan egiten den edozein jokabide diskriminatzaile.

Indar fisikoa erabiltzea sexu bat beste bati gailentzen zaiola erakusteko.

Modu iraingarrian hitz egitea norbaiti, haren sexua edo sexu-orientazioa dela eta.

Nahita, norbait ez tratatzea bera identifikatzen den generoaren arabera.

Umore sexista erabiltzea.

5. artikulua.– Lan-eremuaren definizioa.

1.– Lan-eremuan egindako jokabidetzat hartuko dira leku hauetan egindakoak:

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta haren organismo autonomoen lantokietan; edo

beste edonon, baldin eta inplikatutako pertsonak leku horretan badaude administrazio honetan lan egiten dutelako.

2.– Orobat, lan-eremuan egindakotzat joko dira, nahiz eta aurreko apartatuetan adierazitako lekuetatik kanpo gertatu, administrazio honek bere langileei zeregin profesionalak betetzeko emandako baliabide edo gailu elektronikoen bidez egiten diren jokabideak.

6. artikulua.– Aplikazio-eremua.

1.– Hauei aplikatuko zaie araua: EAEko Administrazio Orokorreko eta haren organismo autonomoetako enplegatu publikoei, kargudunei eta behin-behineko langileei, baldin eta sexu-jazarpentzat edo sexuan oinarritutako jazarpentzat har daitezkeen egoeretan badaude eta egoera horiek administrazio honen lan-eremuaren gertatzen badira, 4. eta 5. artikuluetako definizioen arabera.

2.– Prebentzio Zerbitzu Propioak agindu hau aplikatuko du, oro har eta lehentasunez, administrazio honen mendeko langileak eta kanpoko enpresa, entitate edo administrazioetako langileak inplikatuta dauden sexu-jazarpeneko edo sexuan oinarritutako jazarpen izan daitezkeen kasuetan. Horrek ez du ezertan eragozten administrazio honek neurriak hartzea, kasuan inplikatuta dauden eta administrazio honetatik kanpokoak diren langileen enpresekin, entitateekin edo administrazioekin koordinatzeko, Lan Arriskuen Prebentzioari buruzko azaroaren 8ko 31/1995 Legeak 24. artikuluan xedatutakoaren arabera.

7. artikulua.– Kanpoan utziak.

1.– Ez zaie agindu hau aplikatuko 5. artikuluan adierazitako eremuetatik kanpo gertatzen diren jokabideei. Hala ere, horrelako kasuetan, pertsona inplikatuen arteko harremana edo lotura lan-kontuengatik sortua bada, administrazio honek neurriak hartuko ditu bere langileei orientazioa, laguntza eta aholkularitza eskaintzeko, zeren eta bere eginbeharra baita langileen osasuna babestea eta hitzemanda baitauka erakunde-kultura aldatuko duela sexu-jazarpenaren eta sexuan oinarritutako jazarpenaren aurrean tolerantzia-izpirik egon ez dadin.

2.– Agindu hau ez da aplikatuko:

Alderdi inplikatu guztiak administrazio honetatik kanpokoak direnean. Hala ere, horrelako kasuetan, jokabideak administrazio honen lantokiren batean gertatu badira, ukitutako pertsonen enpresekin, entitateekin edo administrazioarekin elkarlanean arituko da administrazio hau, egokiak diren jardute-prozedurak abian jar daitezen bultzatzeko.

Administrazio Orokorraren eta organismo autonomoen eremuan ematen diren zerbitzu publikoen erabiltzaileei ere ez zaie aplikatuko; izan ere, administrazio honetan haientzat ezarrita dagoen prozedura espezifikoa aplikatuko zaie.

III. KAPITULUA
PROZEDURAREN PRINTZIPIOAK, FASEAK ETA BERMEAK

8. artikulua.– Faseak.

Hiru fasetan garatuko da sexu-jazarpeneko edo sexuan oinarritutako jazarpeneko kasuetan jarduteko agindu honetan bilduta dagoen prozedura:

Komunikazioa eta harrera. Aholkularitza Konfidentzialaren bidez gauzatzen dira.

Ikerketa. Interesdunak salaketa aurkezten duenean hasten da, eta xede horretarako propio izendatuko den batzorde baten bidez garatzen.

Funtzio Publikoko Sailburuordetzaren ebazpena. Haren bidez, zehapen-prozedura abiarazi eta neurri zuzentzaileak ezartzen dira, edo, bestela, salaketa artxibatzen da.

9. artikulua.– Printzipioak eta bermeak.

Agindu honetan arautzen den prozedura, hasten denetik ebatzi arte, printzipio eta berme hauen arabera garatuko da:

Errespetua. Jarduketak eta eginbideak pertsona inplikatuen duintasuna erabat errespetatuz egingo dira, berdintasunean eta diskriminaziorik gabe.

Konfidentzialtasuna. Prozeduran parte hartzen duten pertsona guztiek idatziz hitzemango dute kasuari buruzko isiltasun- eta konfidentzialtasun-eginbeharra gordeko dutela. Salaketarekin edo ikerketarekin lotutako dokumentazioa ez da zabalduko, bi alderdiek adostasun espresua eman ezean edo agintaritza judizialak hala eskatu ezean.

Babesa. Prozeduraren beharrak eta fasea kontuan hartuta, beharrezkoak diren neurriak hartuko dira pertsona inplikatuen osasuna zaintzeko eta, oro har, haiek babesteko; bereziki zainduko da biktimen eskubidea doako laguntza psikologiko eta juridiko presakoa eta espezializatua jasotzeko.

Sinesgarritasuna. Aholkularitza Konfidentzialak eta Ikerketa Batzordeak beti hartuko dute abiapuntutzat ustezko jazarpen-egitateak jakinarazi edo salatu dituen pertsonaren sinesgarritasuna, hargatik eragotzi gabe prozeduraren esparruan egingo diren jarduketen edo ikerketen emaitzak.

Birbiktimizaziorik eza. Gertatutakoa ez da behin eta berriz errepikaraziko alferrik, eta ez da aditzera emango salatzailea nor den, ezta hura identifikatzea ahalbidetuko duen daturik ere.

Laguntza. Alderdi inplikatuek eskubidea izango dute, prozedurak irauten duen denbora guztian, prebentzio-delegatu baten laguntza izateko; egitateak ezagutzen dituen beste norbait ere aukera dezakete ondoan izateko.

Inpartzialtasuna eta kontraesana. Entzunaldia inpartziala izango dela bermatuko da. Prozeduran parte hartzen duten pertsona guztiek fede onez jardungo dute, egia ezagutzeko eta salatutako egitateak argitzeko. Aholkularitza Konfidentzialeko edo Ikerketa Batzordeko kideak ez dira inoiz pertsona berberak izango, eta prozeduran parte hartzetik abstenitu daitezke edo errekusatuak izan, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. eta 24. artikuluetan ezarritakoaren arabera.

Ardura eta azkartasuna. Prozedura behar besteko arduraz garatuko da, justifikatu gabeko atzerapenik gabe eta lehentasunezko arretarekin.

Irisgarritasuna. Administrazio honetako langileek informazio publiko eta irisgarria izango dute prozedurari buruz, eta, zehazki, Aholkularitza Konfidentzialari, haren osaerari, funtzioei eta harremanetan jartzeko bideei buruz.

Informazioa. Prozeduran inplikatuta dauden alderdiek eskubidea dute jakiteko zer eskubide eta betebehar dituzten prozedurari dagokionez, prozedura zein fasetan dagoen eta jarduketek zer emaitza izan duten.

Lekukotza faltsuaren ondoriozko zehapena. Frogatzen bada salaketak, alegazioak edo deklarazioak nahita iruzurrezkoak eta dolozkoak izan direla eta salatuari justifikatu gabeko kaltea eragiteko asmoa izan dutela, zehapenak ezarriko dira, betiere dagokion zehapen-prozedura izapidetu ondoren, hargatik eragotzi gabe zuzenbidearen arabera bidezkotzat jotzen diren beste akzio batzuk.

Errepresalien debekua. Debekatuta dago errepresaliak hartzea jazarpen-egoerak bizi izan dituztela salatzen duten pertsonen aurka eta ikerketan lekuko gisa agertzen diren edo ikerketan parte hartzen duten pertsonen aurka. Halakorik gertatuz gero, errepresalia-jasaileek Aholkularitza Konfidentzialari edo Ikerketa Batzordeari jakinarazi ahal izango dizkiote egitateak, hark baloratu, aintzat hartu eta neutraliza ditzan.

IV. KAPITULUA
KOMUNIKAZIOA ETA HARRERA

10. artikulua.– Komunikazioa.

Sexu-jazarpena edo sexuan oinarritutako jazarpena sufritzen duten Administrazio Orokorreko edo organismo autonomoetako langileek edo administrazio honen eremuan mota horretako jazarpen-jokabideak detektatzen dituen edonork Aholkularitza Konfidentzialari eman ahal izango dio horren berri, hitzez zein idatziz, baita elektronikoki ere; langile guztiei jakinaraziko zaie zein diren Aholkularitza Konfidentzialarekin harremanetan jartzeko bideak, azken xedapenetako bigarrenaren arabera.

11. artikulua.– Aholkularitza Konfidentziala.

1.– Hauek dira Aholkularitza Konfidentzialaren xedeak: administrazio honen eremuan egiten diren eta sexu-jazarpen edo sexuan oinarritutako jazarpen izan daitezkeen jokabideei buruzko komunikazioak jaso; ukitutako pertsonari orientazioa eta aholkularitza eman, eta, hala badagokio, beharrezkoak diren babes-neurriak hartu.

2.– Honela osatuta egongo da Aholkularitza Konfidentziala:

Dagokion saileko berdintasun-teknikari bat, edo, bestela, Gobernantza Publiko eta Autogobernu Saileko berdintasun-teknikari bat, zeinak prestakuntza espezifikoa izango baitu sexu-jazarpenari eta sexuan oinarritutako jazarpenari buruz.

Administrazio Orokorreko eta organismo autonomoetako prebentzio-zerbitzu propioko teknikari bat, zeinak lan-arriskuen prebentzioko goi-mailako titulu bat eta ergonomiako eta psikosoziologia aplikatuko espezialitatea izango baititu, eta sexu-jazarpenaren eta sexuan oinarritutako jazarpenaren arloko prestakuntza espezifikoa ere bai.

3.– Aurrekoa gorabehera, Aholkularitza Konfidentzialak beharrezkotzat jotzen duenean, beste teknikari batzuen laguntza eska dezake; halakoetan ere, beti bermatuko da konfidentzialtasuna.

12. artikulua.– Elkarrizketa ukitutako pertsonarekin.

1.– Aholkularitza Konfidentzialak komunikazio bat jasotzen badu edo jakiten badu sexu-jazarpen edo sexuan oinarritutako jazarpen izan daitezkeen egitateak gertatu direla, ahalik eta azkarren jarriko da harremanetan ukituarekin, hasierako elkarrizketarako hitzordua emateko. Jakinaraziko dio, halaber, prebentzio-delegatu batekin edo aukerako beste edonorekin ager daitekeela bilera horretara.

2.– Hasierako elkarrizketan:

Konfidentzialtasun-akordioa sinatuko da; une horretatik aurrera, prozeduran parte hartzen duten guztiek ere akordio hori sinatu beharko dute.

Zerbitzu medikora joateko aukera eskainiko zaio ukituari, baloratu ahal izateko salaturiko egoerak zer osasun-ondorio ekarri dizkion eta, hala badagokio, babes-neurriak hartzeko beharra dagoen.

Prozeduraren, faseen eta bermeen berri emango zaio.

Erabakiak hartzeko ezagutu behar duen informazioa emango zaio: eskubideak, aukerak eta akzioak.

Jakinarazi dituen egitateak, pertsona inplikatuak eta frogak zehazten eta idatziz adierazten lagunduko zaio.

Ukitutako pertsonei aholkularitza juridiko eta psikologikoa emango zaiela bermatuko da, eta laguntza espezializatua jasotzeko eskubidea ere bai; horretarako, laguntza psikologikoa edo beste mota batekoa eskaintzeko zerbitzu espezifiko bat sor daiteke. Nolanahi ere, biktimak erabaki dezake Gobernuak edo beste erakunde publiko batzuek sexu-indarkeriaren biktimak artatzeko eskaintzen dituzten beste baliabide batzuk erabiltzea.

13. artikulua.– Harrera-faseko jarduketak.

1.– Hasierako elkarrizketaz gain, Aholkularitza Konfidentziala behar bestetan bilduko da edo jarriko da harremanetan ukituarekin, kasuaren inguruabarrak eta beharrak zein diren.

2.– Aholkularitza Konfidentzialak ukitutako pertsonen osasuna babesteko beharrezkoak diren neurriak proposatu ahal izango dizkie organo eskudunei.

3.– Prebentzio Zerbitzuak arrisku psikosozialei buruzko txostena egingo du, egokitzat jotzen dituen kasuetan, betiere agindu honetan araututako prozeduraren printzipioak eta bermeak errespetatuz.

14. artikulua.– Harrera-fasearen amaiera.

1.– Harrera-faseko jarduketak egin ondoren ukituak erabakitzen badu prozedurarekin jarraitzea salaketa formala aurkeztuta, lehenengo fasea amaitutzat joko da, eta ikerketa-faseari ekingo zaio.

2.– Ukitutako pertsonak salaketarik ez jartzeko borondatea adierazten badu, prozedura amaitu eta espedientea artxibatuko da. Dena den, halako kasuetan, jasotako informazioa kontuan hartuta Aholkularitza Konfidentzialak uste badu badaudela ebidentziak, zantzuak edo susmo oinarrituak pentsatzeko sexu-jazarpeneko edo sexuan oinarritutako jazarpeneko egoera bat gertatu dela, ofizioz jardungo du, eta zantzu horiei aurre egiteko behar diren neurriak edo jarduketak aginduko ditu, betiere ukituaren borondatea eta konfidentzialtasun-printzipioa errespetatuz.

15. artikulua.– Dokumentazioa.

1.– Komunikazioa jasotzen duen unetik aurrera, Aholkularitza Konfidentzialak zainduko ditu prozeduran sortzen diren dokumentu guztiak; dokumentu horietan, alderdi inplikatuak zenbakizko kodeen bidez identifikatuko dira.

2.– Lehenengo fasea amaitutakoan, Aholkularitza Konfidentzialak txostena idatziko du, non datu hauek jasoko baititu labur-labur: inplikatuta dauden alderdiak –kodeen bidez identifikatuta–; egindako jarduketak eta datak, eta onartutako edo proposatutako babes- eta prebentzio-neurriak.

16. artikulua.– Epea.

Harrera-fasea gehienez 10 egun balioduneko epean garatuko da, 12. artikuluan aurreikusitako elkarrizketa egin eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita

Aurreko paragrafoan ezarritako epea luzatu ahal izango da Aholkularitza Konfidentzialaren akordio arrazoituaren bidez, kasuaren inguruabarrek eta tartean diren alderdiak babesteko neurriak hartu beharrak hala eskatzen dutenean. Luzapenaren epea ezingo da harrera-fasearena baino luzeagoa izan.

V. KAPITULUA
IKERKETA

17. artikulua.– Salaketa.

1.– Ukituak sinatutako salaketa idatziarekin hasiko da ikerketa-fasea. Salaketa horretan, zera adieraziko da: egitateak; ustezko jazarpenaren egilea; jazarpena dela-eta salatzaileak izan dituen ondorioak, eta frogak.

2.– Funtzio Publikoko zuzendariari bidaliko zaio salaketa, non eta ez den bera jazarpenaren susmagarria; hala bada, salaketa Funtzio Publikoko sailburuordeari bidaliko zaio.

18. artikulua.– Ikerketa Batzordea eratzea.

1.– Salaketa-idazkia jaso eta hurrengo egunetik aurrera, bi egun balioduneko epea izango du Funtzio Publikoko Zuzendaritzak, edo, hala badagokio, Funtzio Publikoko Sailburuordetzak Ikerketa Batzordea eratzeko izapideekin hasteko. Batzorde hori, honela osatuta egongo da:

Administrazio Orokorreko eta organismo autonomoetako Prebentzio Zerbitzuko ordezkari bat.

Gobernantza Publiko eta Autogobernu Saileko berdintasun-unitateko ordezkari bat.

Administrazio Orokorraren eta haren organismo autonomoen eremuko ordezkari sindikal bat.

Idazkari bat, Funtzio Publikoko Zuzendaritzak edo Sailburuordetzak izendatua, zeinak Zuzenbideko gradua edo lizentzia izango baitu; pertsona horrek ez du boto-eskubiderik izango.

2.– Prozeduraren lehenengo fasean esku hartu duten Aholkularitza Konfidentzialeko eta Prebentzio Zerbitzuko teknikariek Ikerketa Batzordearen bileretara joateko deia jaso dezakete. Bileretan, haien eginkizuna izango da aholkuak ematea; ez dute boto-eskubiderik izango.

3.– Ikerketa Batzordea osatzen duten guztiek arau honetan ezarritako prestakuntza espezifikoa izango dute, zeinaren ibilbidea Berdintasunerako Batzorde Iraunkorrak onartuko baitu.

4.– Ikerketa Batzordearen funtzionamendua honako hauen arabera arautuko da:

Agindu honen xedapenak.

Funtzionamenduari buruzko barne-erregelamendua.

Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen xedapenak; bereziki, 15.etik 18.era eta 23.etik 24.era bitarteko artikuluak.

19. artikulua.– Alderdiei jakinaraztea.

Ikerketa Batzordea eratu ondoren, Funtzio Publikoaren Zuzendaritzak edo, hala badagokio, Funtzio Publikoaren Sailburuordetzak honako jarduketa hauek egingo ditu:

Prozeduran parte hartzen duten alderdiei batzorde horretako kideen nortasuna jakinaraztea, errekusatu ahal izan ditzaten, 40/2015 Legearen 23.2 artikuluko arrazoiak daudela uste badute. Errekusazio-idazkia zuzendaritza edo sailburuordetza horretara bidaliko da, lege beraren 24. artikuluaren arabera izapidetu dadin. Batzordeko kideak ere abstenitu ahal izango dira, aipatutako artikuluan zerrendatutako arrazoiak ematen direla uste badute. Abstenitzeko eskaera zuzendaritzari edo sailburuordetzari jakinaraziko dio, hark bidezkoa dena ebatz dezan.

Salaketaren kopia bidali behar da.

Prozeduran parte hartzen duten alderdiek, aipatu diren komunikazioak jaso eta hurrengo egunetik aurrera, bost baliodun eguneko epea izango dute Ikerketa Batzordeari alegazioak aurkezteko. Epe hori hasten den une berean, batzordeko idazkariak lehenengo bilerarako deia egingo du.

Batzordeko idazkariak Aholkularitza Konfidentzialari eta Prebentzio Zerbitzuari egin dituzten txostenak eskatuko dizkie, batzordekideei kopia helarazteko, behar besteko aurrerapenarekin, lehen bilera egin baino lehen.

20. artikulua.– Hasierako bilera.

1.– Lehenengo bileran, batzordeak salaketa eta aurkeztutako alegazioak aztertuko ditu, eta erabakiko du zer jarduketa egin behar diren kasua aztertzeko, eta babes-neurriak hartzeko beharra dagoen.

2.– Salaketa artxibatzeko aukera aztertuz gero lehenengo bileran, erabaki lotesleak ahobatezkoa, arrazoitua eta idatzia izan beharko du, eta alderdiei jakinarazi beharko zaie.

3.– Salaketa jasotzen duen unetik, Ikerketa Batzordeak zainduko du sortzen den dokumentazio guztia; dokumentu horietan, alderdi inplikatuak zenbakizko kodeen bidez identifikatuko dira.

21. artikulua.– Ikerketa-jarduketak.

1.– Ikerketa Batzordeak behar diren jarduketak egingo ditu, jakiteko ea sexu-jazarpena edo sexuan oinarritutako jazarpena gertatu den, agindu honetan ezarritakoaren arabera. Lan hori egiteko garaian, 9. artikuluan jasota dauden printzipioak eta bermeak beteko ditu une oro batzordeak, eta salatutako egitateak prozedura honen aplikazio-eremuan sartzen diren edo ez zehazten lagunduko duten zantzuak eta informazioa eskuratuko ditu.

2.– Ikerketaren esparruan, batzordeak bilerak egin ahal izango ditu alderdiekin; asmoa bada bi alderdiak bilera berean elkartzea, nahitaezkoa izango da bien adostasun espresua.

3.– Alderdiak, beren borondatez, deitutako bilera guztietara joan daitezke eta, hala nahi izanez gero, prebentzio-delegatuarekin edo delegatu sindikalarekin agertuko dira, edo beharrezkotzat jotzen duten beste edonorekin.

4.– Batzordeak aztergaiarekin zuzeneko zerikusia duten pertsonak dei ditzake bileretara eta haiekin elkarrizketak izan, dela egoeraren lekuko izan zirelako, dela dagokion gaian adituak direlako. Halakoetan, bileretara zein joango den jakinaraziko zaie alderdiei, eta konfidentzialtasun-bermea gordeko da beti.

5.– Agindu honen aplikazio-eremuko sailak eta organismo autonomoak behartuta daude batzordeari laguntza ematera, hark ikerketa amaitzeko behar dituen irizpide-elementu guztiak izan ditzan.

22. artikulua.– Ikerketa-fasea amaitzea.

1.– Ikerketa-jarduketak amaiturik, batzordea osatzen duten hiru lagunen gehiengo soilez onartuko da ondorioa; hau da, sexu-jazarpeneko edo sexuan oinarritutako jazarpeneko jokabidea gertatu den ala ez.

2.– Gehienez ere hogei egun balioduneko epean, 20. artikuluan aurreikusitako bilera egin eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita, Ikerketa Batzordeak txostena egingo du, zeina loteslea izango baita diziplina-prozedura hasteko ondorioetarako. Epe hori luzeagoa izan daiteke, beharrezkoa bada eta arrazoituta badago, kontuan hartuta, betiere, kasu zehatzaren inguruabarrak eta premiak, pertsonen babesa eta prozeduraren gainerako bermeak.

3.– Ikerketa Batzordearen txostenak eduki hau izango du:

Alderdien identifikazioa, dagozkion identifikazio-datuen bidez.

Ikerketan eta txostenaren idazkuntzan parte hartu duten pertsonen izen-abizenak.

Kasuaren aurrekariak, salaketa eta inguruabarrak.

Beste jarduketa batzuk: frogak, egitate nagusien laburpena eta garatutako jarduketen laburpena. Lekukoak elkarrizketatu badira, eta konfidentzialtasuna bermatze aldera, jarduketa horien laburpenean ez da adieraziko nork egin dituen adierazpenak; soilik jasoko da ikertu diren egitateen egiazkotasuna berretsi duen ala ez.

Inguruabar astungarriak, halakorik badago:

1) Salatua berrerorlea bada jazarpen-egintzetan.

2) Bi pertsona edo gehiago jazarri baditu.

3) Egiaztatzen bada jazarritako pertsonak, lekukoek edo jazarriaren lan- edo familia-inguruneko beste pertsona batzuek larderiazko jokabideak, errepresaliak, presioak edo derrigortzeak jasan dituztela jazarlearen eskutik eta haren helburua aribideko ikerketa eragoztea edo kaltetzea zela.

4) Jazarleak erabakimena badu jazarritako pertsonaren lan-harremanari dagokionez.

5) Jazarritako pertsonak desgaitasunen bat badauka.

6) Jazarritako pertsonak alterazio larriak sufritu baditu bere egoera fisiko edo psikologikoan, eta arazo horiek mediku batek egiaztatu baditu.

Arrisku psikosozialen txostena, halakorik egin bada.

Ikerketaren ondorioak eta, hala badagokio, proposatu diren neurri zuzentzaileak, erreferentzia eginez haien jarraipenerako eta ebaluaziorako epeei.

VI. KAPITULUA
EBAZPENA ETA NEURRI ZUZENTZAILEEN APLIKAZIOA KONTROLATZEA

23. artikulua.– Prozeduraren ebazpena.

1.– Ikerketa Batzordeak espedientea bidaliko dio Funtzio Publikoko Sailburuordetzari edo, bestela, hierarkian goragoko instantziari, zeinek ebazpena emango baitu dagokion eskumen-arauaren arabera.

2.– Ebazpena emateko, zazpi egun balioduneko epea izango du, Ikerketa Batzordearen ondorioei buruzko txostena jaso eta hurrengo egunetik aurrera.

3.– Ebazpenean:

Salatzailearen eta salatuaren identifikazio-datuak, salaketaren arrazoia eta egiaztatuta dauden egitateak agertuko dira.

Arriskua edo eragindako kaltea minimizatzeko edo desagerrarazteko beharrezkoak diren neurri zuzentzaileak proposatuko dira, eta nork aplikatu behar dituen erabakiko da.

Zerbitzu Zuzendaritzari diziplina-prozedura has dezala proposatuko zaio, Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuaren testu bateginaren 93.etik 98.era bitarteko artikuluen eta Euskal Funtzio Publikoaren Legearen 82.etik 90.era bitartekoen babesean, kontuan hartuta frogatuta dauden egitateak eta kasuaren inguruabarrak. Horrez gainera, ikerketatik ondorioztatzen bada jazarpenaz bestelako faltaren bat egin dela eta falta hori indarrean dagoen araudian edo aplikatu behar diren hitzarmenetan tipifikatuta dagoela, diziplinazko espedientea hastea proposatuko da.

Ez badago ebidentziarik behar bezala frogatzen duenik sexu-jazarpeneko edo sexuan oinarritutako jazarpeneko jokabidea egon dela, salaketa artxibatu egingo da.

4.– Salatzaileari eta salatuari ebazpena jakinaraziko zaie.

24. artikulua.– Neurri zuzentzaileen aplikazioaren kontrola.

Gobernantza Saileko Berdintasun Unitatea eta Prebentzio Zerbitzua arduratuko dira neurri zuzentzaileen aplikazioa eta eraginkortasuna kontrolatzeaz; orobat, aztertuko dute zer lan-egoeratan geratu diren inplikatutako pertsonak prozeduraren ondoren.

Protokoloaren aplikazioari jarraipena egingo zaio, bai eta laneko giroarekin zerikusia duten eta jazarpen-kasuak detektatzeko balio dezaketen bestelako alderdiei ere, hala nola baja medikoak, maila apalagoko lanpostuetara joateko eskatzen diren zerbitzu-eginkizunak, eta abar.

LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA.– Legezko akzioak.

Hemen zehaztutako prozedura baliatzeak ez dio eragotziko salatzaileari, aldi berean edo gerora, akzio administratiboak edo judizialak egikaritzea.

BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA.– Jarraipen eta ebaluazioa.

Aholkularitza Konfidentzialak, urtean behin, agindu honen aplikazioari buruzko txostena bidaliko die Berdintasunerako Batzorde Iraunkorrari eta Segurtasun eta Osasuneko Batzordeari. Txosten horretan, gutxienez adierazle hauek agertuko dira, sexuaren arabera desagregatuta:

Sexu-jazarpeneko edo sexuan oinarritutako jazarpeneko komunikazioak aurkeztu dituzten langileen kopurua, eta kopuru horrek langile guztien gainean egiten duen ehunekoa.

Sexu-jazarpeneko edo sexuan oinarritutako jazarpeneko salaketak aurkeztu dituzten langileen kopurua, eta kopuru horrek langile guztien gainean egiten duen ehunekoa.

Prozedura honen esparruan ezarri diren babes-neurrien kopurua eta tipologia.

Prozedura honen esparruan egin diren ebazpenen kopurua.

Prozedura dela-eta hasi diren zehapen-prozeduren kopurua.

Garatu diren prozeduren iraupenaren batezbestekoa (egunetan adierazita).

Sexu-jazarpenari eta sexuan oinarritutako jazarpenari buruz langileentzat egin diren informazio-, sentsibilizazio- eta prestakuntza-ekintzen kopurua eta tipologia.

Agindu honetan araututako prozeduraren edozein fasetan parte hartzen duten pertsonentzat egin diren prestakuntza-ekintzen kopurua eta tipologia.

HIRUGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA.– Protokoloa lehentasunez aplikatzea.

Administrazio Orokorreko eta haren organismo autonomoetako lantokietan, administrazio horretako langileen eta kanpoko enpresa bateko langileen artean jazarpena edo sexuan oinarritutako jazarpena izan daitekeen egoerarik gertatuz gero, Administrazioaren Prebentzio Zerbitzu Propioak hemen jasotako protokoloa aplikatuko du, hargatik eragotzi gabe dagokion enpresarekin koordinazio-neurriak ezartzea, eta horrela jasoko da koordinazio-aktan.

LAUGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA.– Berrikuspena.

Egokitzat jotzen denean, Berdintasunerako Batzorde Iraunkorrak edo, bestela, Funtzio Publikoko Sailburuordetzak horretarako izendatuko duen organoak agindu hau berrikusiko du, eta beharrezkoak diren aldaketak eta hobekuntzak proposatuko ditu.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Indargabeturik geratzen da, administrazio honen eremuan gertatzen diren sexu-jazarpeneko eta sexuan oinarritutako jazarpeneko kasuetan aplikatzeari dagokionez soilik, Ogasun eta Herri Administrazio sailburuaren 2006ko urriaren 4ko Agindua –Administrazio Orokorraren eta bere erakunde autonomoen esparruan laneko jazarpen moral eta sexuala gertatzen den kasuetan hartu beharreko aurreikuspen-neurriak eta jarduteko prozedura arautzen dituena–.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Funtzio Publikoko Sailburuordetzari ahalmena ematen zaio, agindu hau betearazteko behar diren ebazpen guztiak garatzeko.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Administrazio Orokorreko eta organismo autonomoetako langileek, dagokien betebeharra betetzeko, informazio praktiko eta irisgarria izango dute, balioko duena prozedura honen berri jakiteko eta prozedurara nola jo ezagutzeko; halaber, prozeduraren edukira irispidea izango dute une oro. Informazio hori langile hasi berrien harrera-eskuliburuan agertuko da, eta horri buruzko dibulgazio- eta sentsibilizazio-politika bat ezarriko da.

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA

Agindu hau indarrean jarri eta urtebetera, bat etorriz Egitura Organikoari buruzko 8/2021 Dekretuaren 6.1.s) artikuluarekin, administrazio honen eremuko sexu-jazarpenaren eta sexuan oinarritutako jazarpenaren prebentzio-plana taxutuko du Gobernantza Saileko Berdintasun Unitateak, eta esparru horretan aztertuko da zer aukera dauden erreparazio-eskubidea egikaritzeko.

AZKEN XEDAPENETAKO LAUGARRENA

Gobernantza Saileko Berdintasun Unitateak Ikerketa Batzordearen funtzionamenduari buruzko barne-erregelamendua bultzatuko du, agindu hau indarrean jarri eta hiru hilabeteko epean.

Berdintasunerako Batzorde Iraunkorrari kontsultatuko zaio funtzionamendu-erregelamendu horri buruz.

AZKEN XEDAPENETAKO BOSGARRENA

Xedapen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2021eko uztailaren 9a.

Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburua,

OLATZ GARAMENDI LANDA.


Azterketa dokumentala