159. zk., 2021eko abuztuaren 11, asteazkena
- Bestelako formatuak:
- PDF (509 KB - 17 orri.)
- EPUB (670 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
4388
AGINDUA, 2021eko uztailaren 7koa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuarena, zeinaren bidez deialdia egiten baita nekazaritza, arrantza eta elikadurako sektorearen arlo zientifiko eta teknologikoan eta enpresa-arloan ikertzaile eta teknologoak prestatzeko 2021eko laguntzetarako (Ikertalent Programa).
2021eko martxoaren 31n, martxoaren 23ko 115/2021 Dekretua argitaratu zen Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkariaren 65. zenbakian. Dekretu horren bidez, nekazaritza, arrantza eta elikaduraren sektoreko arlo zientifiko-teknologikoan eta enpresa-arloan ikertzaileak eta teknologoak prestatzeko laguntzak arautzen dira (Ikertalent Programa).
Aipatutako dekretuko 15. artikuluak ezartzen du laguntzen urteroko deialdirako agindua eskumena duen saileko pertsona titularrak egingo duela eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publikoaren egoitza elektronikoan argitaratuko dela. Modu berean, ezartzen du aginduak honako gutxieneko edukia izango duela: aurrekontu-kreditu eskuragarria, programa bakoitzean iragarriko diren laguntzen kopurua eta bakoitzaren zuzkidura-ekonomikoa, eskabideak aurkezteko epemuga eta hautespen-batzordearen osaera, baita ikertzaileen eta teknologoen prestakuntzarako estrategiko eta lehentasunezkotzat jotzen diren aipatu ekitaldiko I+G+Bko laguntza-proiektuen zerrenda zein atxikiko diren ikastetxeen eta proiektu bakoitzean onartuko diren titulazio- edo ikerketa-arloen zerrendak.
Deialdi hau ebazterakoan, aintzat hartuko dira administrazio publikoen dirulaguntza jarduera arautzen duten publikotasun-, lehia- eta objektibotasun-printzipioak, betiere honako arau hauetan xedatutakoari jarraituz: Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartua; Dirulaguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorraren oinarrizko manuak; Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretua, eta laguntza eta dirulaguntzei aplikatu beharreko gainerako xedapenak. Gainera, diru-baliabide erabilgarriak agindu honetan ezarritako irizpideen arabera aplikatuko dira.
Aurreko helburu horiek betetzeko, agindu honek behar adina aurrekontu-kreditu du Euskal Autonomia Erkidegoko 2021. urteko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen otsailaren 11ko 1/2021 Legeari esker.
Horrenbestez, hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Deialdia.
1.– 2021eko ekitaldian, hamabi beka emango dira prestakuntza jasotzen ari diren ikertzaileentzako programaren barruan, eta hamar beka, berriz, teknologoak prestatzeko programaren barruan.
2.– Agindu honetako eranskinean daude jasota Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren iritziz bi laguntza-programetarako estrategikoak eta lehentasunezkoak diren I+G+Bko proiektuen zerrenda eta atxikiko diren ikastetxeen eta proiektu bakoitzean onartuko diren titulazio edo ikerketa arloen zerrendak.
Bigarrena.– Iraupena.
Ikertzaileen prestakuntzara bideratutako bekek lau urte jarraituko iraupena eta doktoratu aurreko kontratu baten ezaugarriak izango dituzte. Dena den, kontratua desgaitasun bat duen pertsona batekin hitzartzen bada, bekak sei urteko gehieneko iraupena izan dezake, martxoaren 23ko 115/2021 Dekretuaren 8. artikuluak ezartzen duenez.
Teknologoen prestakuntzara bideratutako bekek 24 hilabeteko gehieneko iraupena izango dute, martxoaren 23ko 115/2021 Dekretuaren 9. artikuluak ezartzen duenez.
Hirugarrena.– Eskabideak aurkezteko epea.
Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.
Laugarrena.– Aurkeztu beharreko eskabideak eta agiriak.
1.– Beka-eskabideak Elikagaien Kalitate eta Industriako zuzendariari zuzenduko zaizkio.
2.– Martxoaren 23ko 115/2021 Dekretuaren 16.2 artikuluan eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14.3 artikuluan xedatutakoa betez, bide telematikoz aurkeztuko dira eskabideak, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio publikoaren egoitza elektronikoaren bidez: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1029106
Helbide honetan eskuratu daitezke Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan onartutako identifikazio eta sinadura elektronikorako bitartekoak: https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak
Izapidetze elektronikoa ordezkari baten bidez ere egin ahal izango da, eta, horretarako, ordezkaritza hori Eusko Jaurlaritzaren Ahalordeen Erregistro Elektronikoan inskribatu beharko da, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/ordezkariak
3.– Eskabidea honako dokumentazioarekin batera aurkeztu beharko da (martxoaren 23ko 115/2021 Dekretuaren 16.4 artikulua).
a) Egiaztagiri akademiko osoa, hautagaiak lortutako kalifikazio guztiak eta horiek eskuratu zituen egunak adierazten dituena.
b) Curriculum vitaea, eta alegatutako merezimenduen egiaztagiriak.
c) Laguntza-proiektu horiek zergatik aukeratu diren justifikatzeko txosten laburra (bost orrialdekoa, gehienez); txosten horretan interesdunak dagokion gaiari buruz zer dakien azaldu beharko da, haren profil akademikoa eta profesionala aukeratutako gaiari egokitzen zaizkiola justifikatzen duten merezimendu pertsonalak deskribatzeaz gain.
d) Hala dagokionean, martxoaren 23ko 115/2021 Dekretuaren 7. artikuluko 2.b) eta 3.b) apartatuetan ageri diren salbuespenak egiaztatzen dituen dokumentazio ofiziala.
e) Eskatzailearen erantzukizunpeko adierazpena, alderdi hauek egiazkoak direla adierazteko:
– Dirulaguntza edo laguntza publikoak eskuratzea eragozten duen zehapen administratiborik edo penalik ez izatea, ezta horretarako legezko inolako debekurik ere, sexu-diskriminazioagatiko debekuak barnean hartuta, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetako seigarrenean zehaztutakoari jarraikiz.
– Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50. artikuluan aurreikusitako gainerako betebeharrak betetzea.
4.– Eskabidea aurkeztu ondoko izapideak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoaren bidez egin eta jakinaraziko dira: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta
5.– Zuzendaritza kudeatzailearen zerbitzu teknikoek automatikoki egiaztatuko dute onuradunak egunean dituela zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, bai eta NANa, titulazioa, erroldatzea eta bizileku-baimena ere, egoerak hala eskatzen duenean. Hala ere, eskatzaileak modu arrazoituan aurka egin ahal izango du, eta, hala egiten badu, ziurtagiria edo eskatzen zaion agiria aurkeztu beharko du, betiere Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28. artikuluaren 2. paragrafoan xedatutakoaren arabera.
Titulazioaren dokumentaziorik izan ezean, eskabideari honako dokumentuetako bat gehitu beharko zaio, aipatutako ebazpen horren hirugarren apartatuan zehaztutako dokumentuez gain:
– Tituluaren eskaeraren frogagiria, haren bidalketa egiteko beharrezkoak diren ordainketak egin direla egiaztatzen duen dokumentuarekin batera.
– Espediente akademikoan ageri den nota, adierazten duena dagokion titulazioaren multzoko proba gainditu dela eta hura jasotzeko beharrezkoak diren ordainketak egin direla.
6.– Eskabidea eta nahitaezko gainerako dokumentazioa aztertu, eta ikusten bada akatsen bat dagoela edo dokumentazioa ez dagoela osorik, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68. artikuluan eskabideak zuzentzeko ezarritako arauak aplikatuko dira.
7.– Interesdunek laguntza eskatu ahal izango dute edozein programatan, eta eranskinean jasotako guztietatik hiruna proiektu aukeratu ditzakete gehienez.
8.– Eskabidean ezarritako lehentasun-hurrenkerak izaera loteslea izango du, martxoaren 23ko 115/2021 Dekretuaren 20. artikuluan xedatutakoaren arabera.
9.– Administrazioak dirulaguntzak ordaindu ahal izateko, pertsona onuradunak dagokion Eusko Jaurlaritzaren datu-basean jasota egon beharko du. Alta eman edo hirugarren interesduneko datuak aldatzeko, Eusko Jaurlaritzak emandako hirugarrengoentzako erregistro telematikora jo beharko da, honako helbide honetan: https://www.euskadi.eus/hirugarrenak
Bosgarrena.– Diru-zuzkidura.
1.– Laguntza horiek ordaintzeko aurrekontua, gehienez ere, 1.773.600,00 eurokoa izango da, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren pentzudan. Zenbateko horretatik 353.700,00 euro 2021erako ordainketa-kredituari dagozkio, eta gainerako 1.419.900,00 euroak, 2022tik 2025era biatarteko ekitaldietarako konpromiso-kredituei.
2.– Gehieneko aurrekontu orokor horretan, Gizarte Segurantzari atxikitzearen ondoriozko gastua dago sartuta eta 309.600,00 euro dira; horietatik 52.200,00 euro 2021erako ordainketa-kredituari dagozkio, eta 257.400,00 euro, 2022tik 2025erako ekitaldietarako konpromiso-kredituei.
Seigarrena.– Eskatzaileek bete beharreko eskakizunak.
Martxoaren 23ko 115/2021 Dekretuan aurreikusitako laguntzak jaso ahal izateko, onuraduna izatearen baldintza bete beharko da –dekretu honen 6. artikuluak xedatzen duenarekin bat eginez– bai eta xedapen bereko 7. artikuluan adierazitako baldintzak ere.
Halaber, eskatzaileek eranskinean proiektu bakoitzarentzat adierazitako titulazioen artetik baten jabetza izan beharko dute.
Eranskinean proiektu bakoitzerako adierazitako titulazioez beste bat onartzen bada, hautespen-batzordeak justifikatu beharko du haren onarpena titulazioaren eta proiektuaren edukiak oinarritzat hartuta.
Zazpigarrena.– Laguntzen zenbatekoa.
Laguntzen zuzkidura-ekonomikoaren helburua izango da ikasketa-prozesuan dauden langileen kostua ordaintzea, laguntza mota bakoitzari ezarritako epean. Horrez gain, onuradunek laguntza gehigarri bat jasotzeko aukera izango dute, martxoaren 23ko 115/2021 Dekretuaren 12. artikuluan ezarritakoari jarraikiz.
1.– Ikasketa-prozesuan dauden langileen kostutzat hartuko dira urteko ordainsari ekonomiko gordina eta enpresak Gizarte Segurantzari ordaindu beharreko kuotari dagokion zenbatekoa.
Honakoak dira onartutako zuzkidurak, urteko ordainsari prestakuntza-urte bakoitzari dagokionez:
– Prestakuntzan dauden ikertzaileak: 19.000,00 euro lehen urtean, 20.000,00 euro bigarrenean, 22.000,00 euro hirugarren urtean eta 28.000,00 euro laugarrenean.
Dena den, prestakuntzan dauden ikertzaileei dagozkien laguntzek errespetatu beharko dituzte indarrean dagoen araudiak doktoratu aurreko kontratuentzat ezarritako ordainsarien gutxieneko zenbatekoak, martxoaren 23ko 115/2021 Dekretuaren 12.2 artikuluan adierazten direnak, hain zuzen ere.
– Teknologoak: 14.000,00 euro lehen urtean eta 14.000,00 euro bigarren urtean.
Enpresak Gizarte Segurantzari ordaindu beharreko kuoten zenbatekoak laguntza mota bakoitzaren aplikazio-araudiaren araberakoak izango dira.
2.– Laguntza osagarria. Prestakuntza-prozesuak sortutako gastuei aurre egitea izango du helburu: batetik, bekarekin lotutako unibertsitate-ikastaroen matrikulazioa eta harekin zerikusia duten kongresu-zientifikoetara, mintegietara, ikastaroetara eta lan-jardunaldietara bertaratzeri dagozkionak; horrez gain, beste ikerketa eta teknologia-zentroetan egingo diren egonaldiek eta laguntzarekin lotutako material bibliografikoak sortutakoak; eta azkenik, doktorego-tesiaren aurkezpenarekin lotutakoak.
Laguntza osagarri gisa onartutako zuzkidura honakoa da, beka motaren arabera:
– Prestakuntzan dauden ikertzaileak: 8.000 euro, 2.000 euro prestakuntza-urte bakoitzeko.
– Teknologoak: 2.000 euro, 1.000 euro prestakuntza-urte bakoitzeko.
Nolanahi ere, urte batean erabili gabeko laguntza osagarriaren zenbatekoa hurrengo urteetan eskuragarri izango du onuradunak, betiere dagokion aurrekontu-programan behar adina kreditu baldin badago.
Zortzigarrena.– Hautespen-batzordea.
Eskabideak ebaluatu eta baloratzeko, hautespen-batzorde bat eratuko da: María Luisa Fraile Correa (Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzako Ikerketa-programen arduraduna) izango da batzordeburua, eta Elisa Torre-Enciso Enciso (Enpresa Programaren arduraduna), berriz, ordezkoa. Batzordekideak izango dira Josune Jayo Garro, Sustapen eta Lehiakortasuneko teknikaria (ordezkoa Mauricio Lazkano Brotons izango da, Sustapen eta Lehiakortasuneko teknikaria), eta Idoia Sasigain Saénz de Buruaga, Enpresa Programako teknikaria; azken horrek idazkari lanak egingo ditu (ordezkoa María del Carmen González Hernández izango da, Sustapen eta Lehiakortasuneko teknikaria).
Bederatzigarrena.– Betebeharrak.
Onuradunek martxoaren 23ko 115/2021 Dekretuaren 25. artikuluan xedatutako eginbeharrak bete beharko dituzte.
Hamargarrena.– Datuen babesa.
Agindu hau aplikatuta biltzen diren izaera pertsonaleko datuak Datu pertsonalak babesteko eta eskubide digitalak bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan eta gainerako lege aplikagarrietan xedatutakoaren arabera tratatuko dira.
Helbide honetan dago jasota datuen babesari buruzko informazioa: https://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/datuak-babesteko-ordezkaria/hasiera/
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.– Aplikatu beharreko araudia
Agindu honetan aurreikusita ez dagoen guztirako, honako arau hauetan xedatutakoa bete beharko da: martxoaren 23ko 115/2021 Dekretua, nekazaritza, arrantza eta elikaduraren sektoreko arlo zientifiko-teknologikoan eta enpresa-arloan ikertzaileak eta teknologoak prestatzeko laguntzak arautzen dituena (Ikertalent programa); Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartua; urriaren 1eko 39/2015 Legea, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; urriaren 1eko 40/2015 Legea, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena; eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren oinarrizko manuak (Lege orokor hori, era berean, Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuak garatu zuen).
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA.– Errekurtsoak.
Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, interesdunek aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez diezaiokete Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiaren Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA.– Ondorioak.
Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.
Vitoria-Gasteiz, 2021eko uztailaren 7a.
Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburua,
MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.