Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

156. zk., 2021eko abuztuaren 6a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

TURISMO, MERKATARITZA ETA KONTSUMO SAILA
4329

AGINDUA, 2021eko uztailaren 27koa, Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuarena, zeinaren bidez arautzen eta iragartzen baita Hiri Merkataritzaren Lankidetza, Dinamizazio eta Lehiakortasuneko zonako estrategiak sustatzera bideratutako Hirigune proiektuaren 2021eko laguntza-programa, COVID-19ari aurre egiteko.

XII. Legegintzaldiko «Euskadi Martxan» 2020-2024 gobernu-programa lau ardatzetan dago egituratuta, eta horietatik lehenengo ardatza da Oparotasuna izenekoa, non artikulatzen baitira enplegua eta suspertze ekonomikoa bultzatzeko jarduketa-arloak. Programan bertan jaso denez, merkataritza-jarduera da gure gizartearen eta hirietako bizimoldearen oinarrizko elementu bat, eta tokiko hazkunde ekonomikoan eta enpleguaren sorkuntzan laguntzen du.

Ardatz horietako bederatzi jarduketa-arloetako batean merkataritza eta ostalaritza landu dira, eta helburu hauetarako jarduketa-konpromisoa nabarmendu behar da: establezimenduaren lehiakortasuna hobetzea eraldaketa digitalera bideratutako ekinbideekin, gaitasun profesionalak garatzea, kudeaketa hobetzea eta, oro har, jasangarritasunera eta digitalizaziora bideratutako ekintzak, lurraldearekin lotutako marka sortzearen alde eginez eta arreta berezia jarriz saltoki txikietan. Jarduketa-konpromiso bat da, orobat, erakundearteko gobernantzan sakontzea eta aliantzak bultzatzea zenbait ekimenen bidez, hala nola merkataritza- eta ostalaritza-sektoreetatik sortzen diren elkarlan-sinergiak sustatuz eta agente guztien lankidetza eta koordinazioa indartuz.

2017-2020 Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko Planaren plangintza 2020ko ekitaldian bukatu zen. Une honetan, 2021-2025 Merkataritza Plana garatzeko lanean ari gara, 2030 Merkataritza Estrategiaren esparruan; merkataritza-sektorearen erronka nagusiei erantzuteko ardatzak eta politikak ezarri beharko ditu, bereziki COVID-19aren krisi sanitarioaren ondoren, krisiak erritmoak aldarazi baititu; sektorea bizkor eraldatuz, modernizatuz eta gaztetuz erantzun beharko zaio. Horrez gainera, EAEko politika komertziala bultzatu behar duen gobernantza-eredua jorratu eta eguneratu beharko da, betiere erakundearteko elkarlana eta eragile publiko eta pribatu guztien lankidetza oinarri hartuta.

Izan ere, agertokia erabat aldatu zen 2020ko martxoaren 11n, OMEk koronabirus-agerraldia mundu mailako pandemia deklaratu zuenean; oraindik pandemia horretan gaude bete-betean. Alarma-deklarazioak, geroko konfinamenduak eta denbora guzti honetan hartu behar izan diren legezko neurriek –bereziki mugikortasun-, ordutegi- eta jarduera-murrizketek– eragin handia izan dute merkataritza-sektorean.

Pandemiaren ondoz ondoko olatuen eta berragerraldien ondorioz hainbat neurri hartu behar izan dira egoera epidemiologikoaren arabera, funtsean mugikortasuna mugatuz bai autonomia-erkidego mailan, bai lurralde historikoan, bai udalen artean; bidenabar, merkataritzako establezimenduei zuzenean zuzendutako neurriak ere izan dira, esaterako, barrualdean bezeroen edukiera mugatzea, orain % 40 edo % 60ra –tamainaren arabera– eta establezimenduak irekitzeko eta ixteko ordutegiak mugatzea. Halaber, ostalaritzari ezarritako mugek eta, une batzuetan, ostalaritza ixteko neurriek agerian utzi dute sinergiak daudela merkataritzaren, ostalaritzaren eta aisialdiaren artean.

Eustatek berriki (2021eko otsailaren 5ean) argitaratutako datuen arabera, txikizkako merkataritzaren indizeari buruzkoak, txikizkako merkataritzako salmenten 2020. urteko balantzeak % 4,9ko beherakada izan du aurreko urtearekin erkatuta, laneko egutegia berdina eta prezioak konstanteak izanik. Inpaktuak desberdinak izan dira merkataritzako azpisektoreen arabera.

Horregatik guztiagatik, pandemiaren hasierako uneetatik, Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak Erresistentzia Plana jarri zuen martxan, turismo, ostalaritza eta merkataritzaren sektoreetako jarduerei eta enpleguei eusteko helburuarekin.

Erresistentziako fase honetan, Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailaren erabateko lehentasun ekonomikoa da EAEko txikizkako merkataritza-sektorea babestea eta laguntzea, inpaktua minimizatzeko eta, alarma sanitarioa amaitu ondoren, jarduera ahalik eta lasterren suspertzeko eta merkataritza-sektorea biziberritzeko.

Orain arte adierazitakoagatik, eta Hirigune programaren 2020ko deialdian egin zen bezala, komeni da orain ere Hiri Merkataritzaren Lankidetza, Dinamizazio eta Lehiakortasuneko zonako estrategiak sustatzera bideratutako Hirigune proiektuaren laguntza-programa abian jartzea, COVID-19ari aurre egiteko. Aurrekontu-ahalegin handiena elkarte-sarean egingo da, eta laguntza guztiak bideratuko dira merkatarien elkarteek, merkataritza, ostalaritza eta zerbitzuen elkarte mistoek eta hiri-merkataritzaren plataforma, elkarte multzo edo elkarteek egingo dituzten jardueretara.

Beraz, lan partekatua eta enpresen arteko elkarlana sustatzen duten merkataritza-elkarteetara bideratuko dira, helburu hauek lortzeko: sektorea indartzeko eta modernizatzeko jarduketak egiteko; merkataritza-giro bizia eta estimulatzailea sortzeko, eta, ondorioz, tokiko eta hurbileko merkataritzaren ikusgarritasuna areagotzeko, zeren eta orain, inoiz baino gehiago, funtsezkoa baita; merkataritza-sektorearen modernizazioa bultzatzen duten irtenbide berriak sortzeko eta merkaturatze-bitarteko guztietan haien presentzia sustatzeko; kontsumitzailearen ohitura-aldaketetara egokitzen laguntzeko eta merkatariei eraldaketa- eta gaikuntza-prozesuan laguntzeko, eta politika publikoak garatu daitezen proaktiboki parte hartzeko; izan ere, hiri-ingurunea da Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailaren lehentasunezko lan-arloetako bat.

Programa honen bidez diruz lagunduko diren jarduketak udalen jarduketa publikoen barruan kokatu beharko dira sinergikoki, lankidetza-esparru baten baitan; merkataritza indartzeko plan bereziak (MSPB) edo merkataritzako plan estrategikoak dira horretarako ibilbide-orri partekatuak, eta merkataritza-mahaiak, berriz, kogobernantzarako foro naturalak.

Testuinguru horretan, Hirigune programa euskarri izan da, tradizionalki, udalen eta zonako merkataritza-elkarteen arteko lankidetza publiko-pribaturako, eragile funtsezkoak baitira hiri-merkataritzaren esperientziari dagokionez.

Agindu hau Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailaren 2021eko Dirulaguntzen Plan Estrategikoaren barne dago. Plan hori Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuaren 2021eko urtarrilaren 25eko Aginduaren bidez onartu zen, eta Euskal Autonomia Erkidegoko 2021. urteko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen otsailaren 11ko 1/2021 Legean ezarritako aurrekontu-kreditu nahikoa dauka.

Horrenbestez, honako hau

EBAZTEN DUT:
I. KAPITULUA
XEDAPEN OROKORRAK

1. artikulua.– Xedea.

Agindu honen xedea da merkataritza-elkarteen jarduera bultzatzeko 2021eko laguntzak arautzea, COVID-19aren osasun-krisialdia arintzeko eta hiri-merkataritzaren lankidetza, dinamizazio eta lehiakortasuneko zonako estrategiak sustatzeko, modu horretan merkataritza-sektorea biziberri dadin.

2. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.

Deialdi honetan araututako laguntzak finantzatzeko baliabide ekonomikoak 1.770.000 eurokoak dira guztira: 1.416.000 euro 2021eko ordainketa-kredituari dagozkio, eta 354.000 euro, berriz, 2022ko konpromisoari.

Deialdi honetan eman beharreko laguntzen guztizko bolumenak ez du gaindituko artikulu honetan kontsignatutako zenbatekoa edo gehikuntza baten ondoriozkoa, baldin eta aurrekontuak aldatzea onartzen bada indarrean dauden legeen arabera. Aldaketarik eginez gero, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, Turismo eta Merkataritzako sailburuordearen ebazpen baten bidez. Halako kasuetan, deialdi hau iragartzeko erabili diren bitarteko berak erabiliz emango da kreditu-gehikuntzaren berri, eta horrek ez du esan nahiko eskaera berriak aurkez daitezkeenik edo ebazteko epea berriro zenbatzen hasiko denik.

Aipatutako laguntzak egotzi behar diren aurrekontuan kreditu egoki eta nahikorik ez badago lortu nahi den helbururako, laguntzak ukatu egingo dira administrazio-ebazpen baten bidez. Era berean, laguntzak emateko kontsignatutako kreditua agortuz gero, merkataritzaren arloan eskudun den Turismo eta Merkataritza Sailburuordetzaren titularrak administrazio-ebazpen bat emango du, gertaera horren berri emateko, eta bertan adieraziko du zer egunetan agortu den kreditua. Ebazpen hori Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, eta ez da onartuko une horretatik aurrera aurkezten den laguntza-eskaerarik.

3. artikulua.– Erakunde onuradunak.

1.– Deialdi honetan aurreikusitako laguntzen onuradun izango dira udalen merkataritza-elkarteak; elkarte mistoak edo hiri-merkataritzaren plataformak, elkarte multzoak edo elkarteak, baldin eta 4. artikuluan adierazten den lankidetza publiko-pribaturako esparru-akordioa izenpetu badute dagokion udalarekin.

Horiek horrela, honako hauek laguntzen onuradun izan daitezke, baldin eta gutxienez 10 merkataritza-establezimendu ordezkatzen badituzte:

a) Merkatarien elkarteak, baldin eta ondo eratuta eta Euskal Autonomia Erkidegoko Elkarteen Erregistro Orokorrean inskribatuta badaude.

b) Eremu zonaleko merkatarien elkarteak eta elkarte mistoak, baldin eta, 2021eko urtarrilaren 1ean, inskribaturik badaude Euskal Autonomia Erkidegoko Merkatarien Elkarteen Erroldan, zeina ekainaren 17ko 148/1997 Dekretuaz arautu baitzen, eta datu horiek erregelamenduaren arabera eguneratuta badituzte.

c) Hiri-merkataritzaren plataformak, elkarte multzoak edo elkarteak, pertsona fisiko edo juridikoen multzo gisa eratuak, publikoak zein pribatuak, edo edozein motatako unitate ekonomiko edo ondare, nortasun juridiko propioa duena, eta, zuzenbideak onartutako edozein eran, 2021eko urtarrilaren 1ean horrela inskribatuta daudenak.

2.– Aurreko apartatuan aurreikusitako baldintzez gain, erakunde onuradunek eskakizun hauek bete beharko dituzte:

a) Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatea, bai dirulaguntza emateko unean, bai ordaintzeko unean.

Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak automatikoki egiaztatuko du ea erakundeak egunean dituen zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, bai laguntza emateko ebazpena eman aurretik, bai ordainketak egin aurretik eta bai dirulaguntzaren likidazioa egin aurretik, berau justifikatu ondoren. Hala ere, erakunde eskatzaileak berariaz egin ahal izango dio uko egiaztapen horri, eta, kasu horretan, bere kabuz aurkeztu beharko ditu baldintza hori betetzen duela egiaztatzen duten ziurtagiri eguneratuak.

Ogasunarekiko eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak egunean ez dituzten erakundeen jarduketak ez dira diruz lagunduko.

b) Egunean izatea dirulaguntzak itzultzeko betebeharren ordainketa.

c) Ez izatea dirulaguntza edo laguntza publikoak jasotzea eragozten duen zehapen penal edo administratiborik, eta ez izatea horretarako desgaitzen duen lege-debekurik (sexuagatiko diskriminazioagatik sortutakoak barne), Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legeari edo Emakumeen eta Gizonen Berdintasun Eragingarrirako martxoaren 30eko 3/2007 Lege Organikoari jarraikiz.

d) Ez egotea Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluko 2. eta 3. apartatuetan aurreikusitako gainerako egoeren eraginpean, ezta Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 50. artikuluaren eraginpean, dirulaguntzen onuradun izateko eskakizunei dagokienez.

4. artikulua.– Lankidetza publiko-pribaturako esparru-akordioa.

Hirigune programa euskarri bat da udalen eta zonako merkataritza-elkarteen arteko lankidetza publiko-pribaturako, eragile funtsezkoak baitira hiri-merkataritzaren esperientziari dagokionez. Hori dela eta, laguntzak eskatzeko ezinbestekoa da lankidetza publiko-pribaturako esparru-akordioa sinatzea, eta agiri hori berme izatea elkartearen eta udalaren arteko lankidetza-asmoa eta baterako lan-plana ezartzeko.

Laguntzak eskatzeko beharrezkoa den lankidetza publiko-pribaturako esparru-akordioa udalak eta, ahal dela, udalerriko merkataritza-elkarte guztiek sinatuko dute.

1.– Lankidetza publiko-pribaturako esparru-akordioa sinatuko duten subjektuak:

Horrenbestez, esparru-akordioa sinatuko dute Euskal Autonomia Erkidegoko udalek eta kasuan kasuko udalerrietako merkataritza-elkarte guztiek, elkarte mistoek edo hiri-merkataritzaren plataformek, elkarte multzoek edo elkarteek.

Udalerri jakin batean merkataritza-elkarte bat baino gehiago badago, udalerriko merkataritza-elkarte guztiak izango dira lankidetza publiko-pribaturako esparru-akordioren parte.

Elkarte guztiek, ados jarrita, erabakiko dute, esparru-akordioari erantsitako agiri batean, zeinek izango duen haien guztien ordezkaritza, bakarra izango baita udalerriko –lehentasunez, merkataritza-establezimendu kide gehien dituen elkartea izango da–, eta elkartea ordezkatuko duen pertsona izendatuko dute, zeinari behar bezainbat ahalmen emango baitzaio laguntzaren onuradun gisa dagozkion obligazioak bete ditzan; esandako dokumentuan jasoko dira, orobat, elkarte bakoitzak nolako parte-hartze maila izango duen proiektua gauzatzean, eta elkarte bakoitzari esleituko zaion dirulaguntza zehazteari dagokionez izango den zenbatekoa.

Gasteiz, Donostia eta Bilboren kasuan, hiri-merkataritzaren plataformak ordezkatuko ditu udalerriko merkatarien elkarte guztiak, eta, horretarako, elkarte guztien adostasuna eta parte-hartzea bilatuko ditu udalaren esparru-akordioari begira, baita plataformaren barruan ez dauden elkarteenak ere.

Ezinezkoa bada udalak eta udalerriko elkarte guztiek lankidetza publiko-pribaturako esparru-akordioa sinatzea, dirulaguntza-eskaeran egiaztatu behar dira adostasuna lortzeko egin diren urratsak eta jaso beharko da zerk eragotzi duen elkarte guztiekin ados ez jartzea. Salbuespenez, halako kasuetan, kanpoan geratu diren elkarteek eskaera aurkeztu ahal izango dute esparru-akordiotik kanpo, eta, baldintza guztiak betetzen badituzte, eskaera ebaluatu egingo da, deialdiaren helburu nagusiari erantzuteko, alderdi hauen arabera: aurkeztutako proiektuaren kalitate teknikoa; aurreikusitako eragina, eta elkartearen ordezkaritza-maila egiaztatua, afiliazio-baldintzen arabera. Ebaluazio horretatik abiatuta, zehaztuko da udalari dagokion dirulaguntza-zenbatekoa nola banatuko den eskaeren artean. Merkatarien elkarte bati baino gehiagori atxikitako establezimenduren bat badago, zehaztu beharko da zein elkartetan zenbatuko den establezimendua, ordezkaritzaren ondoreetarako eta afiliazio-baldintzen arabera.

Halaber, udala bera bada erabakitzen duena ez sinatzea lankidetza publiko-pribaturako esparru-akordioa udalerriko merkataritza-elkarteekin, salbuespen gisa, eskaera aurkeztu ahal izango dute udalerriko merkatarien elkarteek. Merkatarien elkarte bat baino gehiago badago, denak ados jarriko dira erabakitzeko zeinek izango duen haien ordezkaritza, bakarra izango baita, eta taldea ordezkatuko duen pertsona izendatuko da, eta behar bezainbat ahalmen emango zaio, laguntzaren onuradun gisa dagozkion obligazioak bete ditzan; erabakiko dute, orobat, elkarte bakoitzak nolako parte-hartze maila izango duen proiektua gauzatzean, eta elkarte bakoitzari esleituko zaion dirulaguntza zehazteari dagokionez izango den zenbatekoa.

2.– Lankidetza publiko-pribaturako esparru-akordioaren xedea izango da zehaztea zer jarduera diruz lagungarri egin beharko dituzten entitate onuradunek, udalerrian hiri-merkataritzaren lankidetza, dinamizazio eta lehiakortasuneko ekintzak garatze aldera.

COVID-19aren pandemiak sortutako egoera kontuan harturik, lankidetza publiko-pribaturako esparru-akordioan jasoko diren jarduera lagungarrien helburua izango da osasun-krisialdiak eta krisialdi ekonomikoak hiri-merkataritzaren sektorean eta merkataritza-jarduerarekin lotutako zerbitzuetan eragindako ondorioak arintzea eta merkataritza-jarduera eta, oro har, hirugarren sektoreko hiri-jarduera mantentzen eta berraktibatzen laguntzea.

3.– Alderdi hauek bilduko dira lankidetza publiko-pribaturako esparru-akordioan:

– Akordioa sinatzen duten merkatarien elkarte, elkarte misto edo hiri-merkataritzaren plataforma, elkarte multzo edo elkarte guztiak eta haien enpresa-ordezkaritzak.

– Laguntza-eskaera aurkeztuko duen merkatarien elkartea zehaztuta egongo da. Aurkeztutako jarduketetan parte-hartze maila handiena duen erakundeak eskatu behar du laguntza.

– Elkarteek egin beharreko jarduketak:

• Akordioa sinatu duen elkarte bakoitzak egin behar dituen jarduketak eta haiei buruzko azalpenak.

• Jarduketa nagusi bakoitzaren barruan egin behar diren ekintzak.

• Akordioa sinatu duen elkarte bakoitzak jarduketetan izan behar duen partaidetza-maila.

• Akordioa sinatu duen elkarte bakoitzak egin beharreko jarduketen zenbatekoa eta aurreikusitako finantzaketa-sistema.

• Ekintza bakoitzaren betetze-mailaren adierazleak.

• Jarduketa-eremuaren mugaketa.

• Aurreikusitako egutegia.

– Aurreikusitako gastuen aurrekontu zehatza.

– Jarduketak gauzatzeko baliabide ekonomikoak eta haien jatorria.

– Aurreikuspen bat, jasoko duena nola banatuko den dirulaguntza esparru-akordioan parte hartu duten udalerriko merkatarien elkarteen artean.

– Udalak ez badu akordioa sinatu, egiaztatu beharko da lankidetza publiko-pribaturako esparru-akordioaren aurka dagoela.

– Hiriko merkatarien elkarteren batek ez badu akordioa sinatu, egiaztatu beharko da zer gestio egin diren elkarte hori akordioan sartzeko eta zergatik baztertu den lankidetza publiko-pribaturako esparru-akordiotik.

4.– Lankidetza publiko-pribaturako esparru-akordioan zehazten diren ekintzen kontrola eta jarraipena zenbait adierazleren bidez egingo da, ekintza bakoitzaren estaldura eta betearazpen-maila neurtzeko.

5.– Lankidetza publiko-pribaturako esparru-akordioaren kontrol- eta jarraipen-organoa identifikatu beharko da; jarduketak ebaluatzeko eratuko da organo hori.

II. KAPITULUA
LAGUNTZAK

5. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen jarduketak.

Diruz lagundu ahal izango dira I. eranskinean ezarrita dauden ezaugarriak dituzten jarduketak, merkataritza-jarduera edo hiri-merkataritzarekin zerikusia duten zerbitzuak dinamizatzea eta sustatzea helburu dutenak, baldin eta EAEko merkatarien elkarteek, elkarte mistoek edo merkataritzaren plataforma, elkarte multzo edo elkarteek sustatzen badituzte.

6. artikulua.– Gauzatzeko epea.

Diruz lagundu daitezkeen jarduerak 2021eko urtarrilaren 1etik 2021eko abenduaren 31ra bitartean gauzatuko dira.

7. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen gastuak.

1.– Diruz lagundu daitezkeen gastutzat hartuko dira I. eranskineko zehaztapenei zalantzarik gabe erantzuten dieten jarduketen ondoriozkoak, baldin eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 31. artikuluan aurreikusitakoa betetzen badute.

2.– II. eranskinean jasotako gastuak ez dira diruz laguntzeko modukoak izango.

3.– II. eranskinean jasotako gastuez gain, ez dira diruz laguntzeko modukoak izango langile propioek sortutako gastuak eta autofakturaziotik eratorritako gastuak, ez eta zeharkako gastuak, egiturazko gastuak edo proiektua egiteagatik sortutako finantza-gastuak ere.

Nolanahi ere, aurreko paragrafoan ezarritakotik kanpo geratzen dira, eta, beraz, diruz lagundu daitezkeen gastutzat hartuko dira elkarteen pertsonal-gastuak, diruz lagundutako proiektuaren edo jarduketaren kudeaketatik eratorritako zeharkako kostu diren aldetik; diruz lagundutako jarduketa bakoitzerako aurreikusita dauden dedikazio-orduak adierazi beharko dira.

Formula honen arabera kalkulatuko da proiektuan edo jarduketan parte hartzen duen langile bakoitzaren orduko kostua:

(Ikus .PDF)

Edukia, balio bakoitzerako, honako hau izango da:

X = langilearen urteko soldata gordina.

Y = ugazabak langile horrengatik Gizarte Segurantzari ordaintzen dion urteko kuota, kotizazio-oinarriaren arabera kalkulatua (TC2 ereduetan adierazia eta behar bezala identifikatua), erakunde onuradunak Gizarte Segurantzari langile horrengatik egindako ekarpenaren amaierako koefizientearekin biderkatuta.

H = langilearen urteko orduak, erakunde onuradunari aplikatu beharreko hitzarmenaren arabera.

Nolanahi ere, zeharkako kostu egozgarria ezin izango da jarduketaren edo proiektuaren kostu osoaren % 15 baino handiagoa izan, eta dokumentu ofizialen bidez behar bezala justifikatu beharko dira egindako ordu-kalkulua eta orduen egozpena, kostu horiek diruz lagundutako jarduerari benetan dagozkion neurrian.

4.– Diruz lagundutako jardueraren % 100 azpikontratatu daiteke. Azpikontratazio horrek xedapen hauetan ezarritako baldintzak bete beharko ditu: Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 29.3 artikulua, eta Dirulaguntzen Erregelamenduaren 68. artikulua (uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretua).

8. artikulua.– Laguntzen zenbatekoa.

1.– Proiektuan diruz lagundu daitezkeen gastuen % 100 izango da laguntzen zenbatekoa, salbu eta 12.4 artikuluan ezarritakoaren arabera murrizketaren bat aplikatu behar bada.

2.– Udalerriko elkarteen multzorako dirulaguntzaren gehieneko muga eragiketa honen emaitza izango da: merkataritza-tartearen araberako dirulaguntza bider udalerriko merkataritza-dentsitatearen koefizientea (III. eranskinaren arabera).

(Ikus .PDF)
III. KAPITULUA
PROZEDURA

9. artikulua.– Eskaerak aurkeztea.

1.– Eskaerak aurkezteko epea agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean hasiko da, eta 2021eko irailaren 21ean bukatuko.

2.– Eskaera bakarra egingo da aurreikusten diren jarduketa guztietarako, eta eskabideak oso-osorik beteta egon beharko du onartua izateko.

3.– Eskaerak, errekerimenduak, jakinarazpenak, zuzenketak eta agindu honekin lotutako gainerako kudeaketak bitarteko elektronikoen bidez egingo dira.

4.– Eskaera eskuratzeko eta betetzeko, egoitza elektroniko honetara jo beharko da: https://www.euskadi.eus/servicios/1015608

Elektronikoki nola izapidetu jakiteko zehaztapenak, baita eskabideak, erantzukizunpeko adierazpenak eta gainerako ereduak ere, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektroniko horretan egongo dira eskuragarri. Era berean, eredu horien edukiak agindu honetako IV. eranskinean daude jasota.

Espedientean sartzeko, errekerimenduak eta jakinarazpenak jasotzeko eta prozedurarekin lotutako gainerako izapideak egiteko, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» aplikazioa baliatu behar da (https://www.euskadi.eus/nirekarpeta/web01-sede/eu/).

5.– Helbide honetan eskuratu daitezke Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan onartzen diren identifikazio eta sinadura elektronikorako bitartekoak: https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak

6.– Eskabidearekin batera, erakunde eskatzailea ordezkatzeko legezko gaitasuna duen pertsonaren edo erakundearen sinadura elektroniko aitortuaz gain, harekin batera aurkeztu beharreko dokumentu guztiak eta Administrazioak urriaren 1eko 39/2015 Legean xedatutakoaren arabera eska ditzakeenak ere aurkeztu beharko dira.

7.– Ordezkari bidez jardun nahi izanez gero, ordezkaritza beste pertsona bati eman ahal izango zaio, interesdunaren izenean jardun dezan bitarteko elektronikoen bidez, agindu honi buruzko prozedura guztietan. Horretarako, honako bitarteko hauek erabiliko dira:

– Ahalordeen Erregistro Elektronikoa, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan kokatua (https://www.euskadi.eus/ordezkariak), edo

– behar bezala betetako eskabideari borondatezko legezko ordezkaritza egilesteko inprimaki normalizatua erantsita: https://www.euskadi.eus/ordezkaritza-ematea

Ordezkariak (fisikoa edo juridikoa) identifikatzeko bitarteko elektroniko onartu bat eduki beharko du.

8.– Laguntza-eskabidea eta eskatutako dokumentuak aukeratutako hizkuntza ofizialean aurkeztu ahal izango dira. Era berean, laguntza-eskabidearen ondoriozko jarduketetan, eta prozedura osoan, erakunde eskatzaileak hautatu duen hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legean ezarritakoaren arabera.

9.– Espedientearen tramitazioaren edozein unetan egiaztatu ahal izango da eskaeran jasotako datuen egiazkotasuna. Erantzukizunpeko adierazpenean agertzen den daturen bat faltsua izanez gero, erakunde eskatzaileak zehapen administratiboa edo penala jasoko du, zer araubide dagokion.

10.– Eskabideak aurkezteak esan nahi du berariaz eta formalki onartzen direla deialdi honen oinarrietan zehaztutako eskakizunak.

10. artikulua.– Eskabidearen edukia eta aurkeztu beharreko agiriak.

1.– Laguntza-eskabidearekin batera, IV. eranskinean zehazten den dokumentazio digitalizatua aurkeztu beharko da.

2.– Ordezkaritza hirugarren pertsonen esku utzi nahi bada, ordezkari jardun dezaten modu elektronikoan, eta horretarako erabiltzen ez bada Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko Ahalordeen Erregistro Elektronikoa, «borondatezko legezko ordezkaritza egilesteko inprimaki normalizatua» erantsi beharko da.

– Pertsona fisikoen kasuan: ordezkaritza ematen duen pertsonaren NANa edo agiri baliokidea, baldin eta ez badu nahi instrukzio-organoak informazio hori lortzea administrazioarteko elkarreragingarritasun-zerbitzuen bitartez.

– Pertsona juridikoen kasuan: ordezkaritza-ahala edota ordezkaritza hirugarren pertsona bati ematen dion erakundearen legezko ordezkari gisa legitimatzen duen bestelako edozer agiri, zuzenbidearen arabera baliozkoa dena.

3.– Administrazioak laguntzak eman eta ordaindu ahal izateko, erakunde eskatzaileak Ekonomia eta Ogasun Sailaren Kontrol Ekonomikoko Bulegoaren Hirugarrenen Erregistroan alta eman beharko du edo bere banku-datuak aldatu beharko ditu. Aurrez aurre edo telematikoki egin ahal izango du hori, dagokionaren arabera, hemen zehazten diren argibideei jarraikiz: https://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/-/hirugarrenaren-datuen-aldaketa

Hirugarrenen alta Hirugarrenen Erregistro Telematikoaren bidez egiten ez bada, inprimakiarekin batera identifikazio fiskaleko txartela ere aurkeztu beharko da.

4.– Eskabidearekin batera, agiri hauek aurkeztu beharko dira:

a) Eskatzailearen identitatea egiaztatzen duen dokumentazioa; horretarako, eratze-eskritura, estatutuak eta erregistroko inskripzioa aurkeztu beharko ditu.

b) Erakunde eskatzailearen identifikazio fiskaleko txartela, baldin eta ez badu nahi instrukzio-organoak informazio hori lortzea administrazioarteko elkarreragingarritasun-zerbitzuen bitartez.

c) Laguntzaren bidez finantzatu nahi den jarduera bakoitzaren azalpen-memoria, merkataritza-ikuspegitik egina, gutxienez informazio hau jasoko duena:

1) Garatu beharreko jarduketa bakoitzaren gauzatze-proiektua, zera adierazten duena:

a) Lortu nahi diren helburuak.

b) Gauzatu beharreko ekintzak.

c) Egindakoaren eraginkortasuna neurtzeko adierazleak.

2) Sarreren eta gastuen aurrekontu xehatuak.

3) Gauzatze-egutegia.

4) MSPB azterlanean edo hura ordezkatzen edo osatzen duen beste azterlan batean sartzen dela.

Udalerriak ez badu MSPB azterlanik, egiaztatu behar du egin nahi diren jarduketa egokiak direla udalerriko merkataritza garatzeko.

5) Jardueran parte hartzeko aukera jakinarazteko erabiliko den sistema, hala behar den kasuetan.

d) Dagokion Merkataritza, Industria eta Nabigazioko Ganbera Ofizialaren ziurtagiria, Merkatarien Elkarteen Erroldan erakunde eskatzaileari buruz agertzen diren datuen gainekoa.

e) Elkarteko edo hiri-merkataritzako plataforma, elkarte multzo edo elkarteko idazkariaren ziurtagiria, kideen zerrenda jasotzen duena, 2021eko maiatzaren 31n eguneratua, eta kide bakoitzarengandik azken ekitaldian bildutako kuotak. Enpresen zerrenda sexuaren arabera desagregatu behar da; alegia, merkataritza-enpresa kideetako titular diren emakumezkoak adieraziko dira, alde batetik, eta titular gizonezkoak, bestetik.

f) 4. artikuluan aipatutako lankidetza publiko-pribaturako esparru-akordioa, baita ondoren egindako edozein aldaketa ere; akordiorik ezean, egiaztatu beharko da ezinezkoa izan dela akordioa sinatzea.

g) Udalerriko elkarteek sinatutako akordioa, 4. artikuluan adierazitakoaren arabera.

h) Erakunde onuraduna balio erantsiaren gaineko zerga (BEZ) ordaintzetik salbuetsita badago edo zerga horren tributazioari lotuta ez badago, BEZaren salbuespen-ziurtagiri baten bidez edo hainbanaketa-araua aplikatu izanaren justifikazio baten bidez egiaztatu beharko du. Halako ziurtagiririk ezean, zerga-egoeraren ziurtagiria aurkeztu ahal izango du, non jasota geratuko baita elkarteak BEZetik salbuetsita dauden eragiketak soilik egiten dituela edo ez duela jarduera ekonomikorik egiten; egiten badu, BEZaren urteko laburpena aurkeztu beharko du.

i) Euskal Autonomia Erkidegoko Elkarteen Erregistro Orokorreko inskripzioaren ziurtagiria.

j) Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren Erregelamenduko 22.2 artikuluan identifikatzen diren administrazio-ziurtagiri positiboak, baldin eta eskatzaileak aurka egiten badio kudeaketa-organoak zuzenean agiri horiek eskuratzeari.

11. artikulua.– Akatsak zuzentzea.

1.– Eskabidea ez bada osorik bete, harekin batera ez bada aurkeztu nahitaezko dokumentazioa edo akatsen bat antzematen bada, erakunde eskatzaileari eskatuko zaio 10 egun balioduneko epean akatsa zuzentzeko edo nahitaezko dokumentuak aurkezteko, eta ohartaraziko zaio hori egin ezean eskaeran atzera egin duela ulertuko dela, eta horretarako dagokion ebazpena emango da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen Legearen 68. artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz.

2.– Jakinarazpenak eta zuzenketak bitarteko elektronikoak erabiliz egingo dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoaren bitartez: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta/web01-sede/eu/

3.– Jakinarazpen-sistemak aukera emango du egiaztatzeko noiz eta zein ordutan jarri den erakunde interesdunaren eskura jakinarazitako egintzaren edukia. Jasota baldin badago jakinarazpena egin dela, eta hamar egun natural igarotzen badira edukira sartu gabe, ulertuko da jakinarazpenari uko egin zaiola, eta izapidea egintzat joko da, eta prozedurak aurrera jarraituko du, betiere ofizioz edo erakunde hartzaileak eskatuta ez bada egiaztatzen teknikoki edo materialki ezinezkoa izan dela sartzea.

12. artikulua.– Eskabideak aztertu eta ebaluatzea.

1.– Dirulaguntza-eskaerei erantzuteko, erreferentzia gisa hartuko dira eskaerari txertatutako azken dokumentuaren erregistro elektronikoaren data eta ordua. Zuzenketa egin behar bada, eskabidea balio osoz osatzeko behar den dokumentazioa aurkeztu den eguna eta ordua hartuko dira erreferentziatzat, eta, kasu guztietan ere, deialdirako kreditu erabilgarriaren mugara arte eta kreditu xedatuaren arabera.

2.– Onuradun izateko eskatzen diren baldintzak betetzen direla kontuan hartuta emango dira dirulaguntzak, dokumentazioa bete ondoren eta 8. artikuluan ezarritakoari jarraituz; ez da beharrezkoa izango eskabideen arteko alderaketarik egitea, ezta eskabideen arteko lehentasun-hurrenkera ezartzea ere.

3.– Eskabide bakoitza aztertu eta ebaluatu ondoren, ebazpen-proposamena aurkeztuko da, eta berariaz adieraziko da eskatutako dirulaguntza emango den ala ez, eta zenbatekoa izango den.

4.– Jasotako eskaeren bolumen ekonomikoa handiagoa bada ezarrita dagoen aurrekontu-zuzkidura baino, eta hasierako zuzkidura ez bada handitzen 2. artikuluak xedatutakoaren arabera, 8. artikuluan ezarritako diruz lagundu daitekeen ehunekoa % 80 arte murriztuko da, gutxienez, ahalik eta eskaera kopuru handienari erantzuteko. Halakoetan, ebazpena eman duen organoak horren berri emango du, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko den ebazpen baten bidez.

5.– Aurreko apartatuan adierazitakoa aplikaturik ere, dirulaguntzak emateko kontsignatutako kreditua agortzen bada, Turismo eta Merkataritzako sailburuordeak egoera horren berri emango du administrazio-ebazpen baten bidez, eta ebazpen horretan kreditua noiz agortu den azaldu beharko du. Ebazpen hori Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da.

Lehendik aurkeztuta egonik deialdiaren zuzkidura agortzen den unean ebazteke dauden eskaerak ezetsi egingo dira, aipatutako arrazoiarengatik ezetsi ere, eta, horretarako, dagokion ebazpen-egintza emango da.

13. artikulua.– Prozeduraren ebazpena.

1.– Merkataritzako zuzendariak gehienez ere sei hilabeteko epean ebatziko ditu eskabideak, dirulaguntzaren eskaera aurkeztu eta hurrengo egunetik hasita; ebatzi ere, ordenari jarraituz, espedienteko dokumentazioa osatu zen unearen arabera.

Ebazpen hori gehienez ere 6 hilabeteko epean eman eta jakinarazi behar zaio erakunde interesdunari, espedientea osatzen denetik aurrera.

Epe hori ebazpenik eman eta jakinarazi gabe igarotzen bada, erakunde interesdunak bere eskaera ezetsi dela ulertu ahal izango du, hargatik eragotzi gabe organo eskudunak ebazpen espresua emateko duen betebeharra.

2.– Eskatutako laguntza eman edo ukatzeko administrazio-ebazpenak honako hauek jaso beharko ditu: erakunde onuradunaren identitatea, diruz lagundutako jarduketa bakoitzerako ematen den zenbatekoa, jarduketaren kostu zenbatetsia eta gauzatze-epea, edo, hala badagokio, ukapenaren arrazoia.

3.– Agindu honetan jasotako dirulaguntzak onuradunei emateko eta ordaintzeko, ezinbestekoa izango da amaituta egotea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren organismo autonomoek emandako izaera bereko laguntzen edo dirulaguntzen eremuan hasi eta oraindik izapidetzen ari den itzulketa- edo zehapen-prozedura oro. Prozedurak, amaieran, laguntza publikoak eskuratzeko desgaikuntza badakar, edo laguntza itzultzeko betebeharra ezartzen badu, eta dirua ez bada itzuli borondatez itzuli beharreko epean, baldintzapean emandako dirulaguntza indargabetu egingo da, onuradun izateko debekua izateagatik.

4.– Ebazpenak elektronikoki eta banaka jakinaraziko dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalaren bitartez (https://www.euskadi.eus/nire-karpeta/web01-sede/eu/), eta jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera izango dituzte jakinarazpen-ondorioak

Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak egindako jakinarazpenaren abisuak bidaliko dizkie interesdunei, eskabide-inprimakian adierazitako telefono mugikorretara SMSak edo helbide elektronikoetara mezu elektronikoak bidaliz. Abisu horiek ez dute inola ere jakinarazpen-baliorik izango.

5.– Erakunde eskatzaileei dirulaguntzak emateko ebazpenak banan-banan jakinarazteaz gain, erakunde onuradunen zerrenda eta emandako dirulaguntzen zenbatekoa argitaratuko dira Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, bat etorriz azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 49.2 artikuluarekin.

6.– Ebazpen horrek ez du administrazio-bidea amaituko, eta, haren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Turismo eta Merkataritzako sailburuordeari, hilabeteko epean, urriaren 1eko 39/2015 Legearen 122. artikuluan xedatutakoaren arabera.

Gora jotzeko errekurtsoa egoitza elektronikoaren bidez bakarrik izapidetu ahal izango da: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta/web01-sede/eu/

14. artikulua.– Uko egitea.

Merkataritzako zuzendariak, ebazpen baten bidez, berariaz onartuko du uko-egite hori, eta, ordainketaren bat eginda baldin badago, itzultzeko betebeharra dagoela adieraziko du, sortutako berandutze-interesak barne; halaber, amaitutzat emango du prozedura, delako entitate horri dagokionez.

15. artikulua.– Gastuak justifikatzea.

1.– Justifikaziora sartzea eta berori betetzea egoitza elektronikoaren bidez soilik egin ahalko da, honako helbide honetan: https://www.euskadi.eus/nire-karpeta/web01-sede/eu/

2.– Gauzatzeko azken eguna: 2021eko abenduaren 31.

3.– Deialdi honetako justifikazio-agiriak jasotzeko epea 2022ko martxoaren 31n amaituko da. Epe hori igaro eta justifikazio-agiririk aurkeztu ez bada, hamabost eguneko epe luzaezina emango zaio erakunde onuradunari, agiriak aurkez ditzan. Ezarritako epean justifikazio-agiririk aurkeztu ezean, baldintza hori bete gabe geratuko da, eta, ondorioz, ordaindutako dirulaguntza eta berandutze-interesak itzuli beharko dira.

4.– Erakunde onuradunek justifikatu egin beharko dute ezarritako baldintzak betetzen dituztela eta laguntzaren helburua lortu dutela. Horretarako, dokumentazio hau aurkeztu beharko dute:

a) Justifikazio-memoria. Memoria horretan, gutxienez, informazio hau jaso beharko da:

1) Lortutako helburuak.

2) Gauzatutako jarduketak edo ekintzak.

3) Elkarte bakoitzak jarduketa bakoitza gauzatzean izan duen partaidetza-maila.

4) Exekutatutako gastua.

5) Jarduketa edo ekintza bakoitzaren gastuak eta sarrerak.

6) Dokumentazio grafikoa.

7) Betetako egutegia.

8) Egindakoaren eraginkortasuna neurtzeko adierazleen azken emaitzen balioespena.

9) Hurrengo ekitaldietan jarduketa errepikatzea komeni den eta zergatik.

b) Jarduketa bakoitzaren laburpen-koadroa, fakturak zerrendan jarrita eta zenbatuta (faktura-zenbakia, kontzeptua eta zenbatekoa). Justifikazio-agiriak taldekatuta aurkeztu behar dira: zuzeneko gastuak, batetik, eta zeharkako gastuak, bestetik. Diruz lagundutako jardueren zenbateko osoari dagozkion fakturak zerrendatu beharko dira.

c) Fakturak –gauzatze-epearen barruan eginak– eta horien banku-ordainagiriak; merkataritzako plataforma, elkarte multzo edo elkartearen izenean edo enpresa-antolakundearen izenean egon daitezke, edo erakunde horietako (plataforma edo taldea) kide den edozein elkarteren izenean.

Bakar-bakarrik onartuko dira 100 euro edo gehiagoko fakturak (BEZik gabe), diruz lagundu daitezkeen jarduketen deskribapena ondo identifikatuta dutenak; ez dira onartuko kodetutako kontzeptuak.

d) Erakunde onuraduna balio erantsiaren gaineko zerga (BEZ) ordaintzetik salbuetsita badago edo zerga horren tributazioari lotuta ez badago, BEZaren salbuespen-ziurtagiri baten bidez edo hainbanaketa-araua aplikatu izanaren justifikazio baten bidez egiaztatu beharko du hori. Halako ziurtagiririk ezean, zerga-egoeraren ziurtagiria aurkeztu ahal izango du, non jasota geratuko baita elkarteak BEZetik salbuetsita dauden eragiketak soilik egiten dituela edo ez duela jarduera ekonomikorik egiten; egiten badu, BEZaren urteko laburpena aurkeztu beharko du.

e) Diruz laguntzeko modukotzat onartu diren jardueren zeharkako gastuak justifikatzeko, nominak, Gizarte Segurantzari egindako ordainketak edo kontratazioen egiaztagiri ofizialak erantsi beharko dira. Erantzukizunpeko adierazpen bat ere aurkeztuko da, diruz lagundutako jarduketari benetan dagokion zeharkako gastuaren egozpena justifikatzeko eta erabilitako denbora eta egotzitako zenbatekoen kalkulua azaltzeko.

f) Berariazko parte-hartzea beharrezkoa den kasuan, jarduketara bildutako establezimenduen zerrenda, elkarte antolatzailearen kide den edo ez zehaztuta.

g) Kide ez diren saltokiek jarduketa bakoitzean izan duten partaidetza-mailaren ziurtagiria:

1) Parte hartu duten saltokiak.

2) Partaidetza-maila.

h) Aitorpena, helburu bererako lortu diren laguntza, diru-sarrera eta baliabideena, berdin dio administrazioetatik edo ente publiko nahiz pribatuetatik datozen, baldin eta diruz lagundutako jarduketak finantzatzeko badira. Hauek zehaztuko dira:

– Eskaeraren urtea.

– Erakunde finantzatzailea.

– Finantzaketaren jatorrizko programa.

– Jarduketa.

– Jarduketaren zenbatekoa, guztira.

– Eskatutako laguntzaren zenbatekoa.

– Emandako laguntzaren zenbatekoa.

i) Lankidetza publiko-pribaturako esparru-akordioan zehaztutako jarraipen-batzordearen balorazio-akta, eta, halakorik ezean, elkartearen txostena, bertan jasota gauzatutako jarduketen adierazleen hasierako eta amaierako emaitzak, baita garatutako ekintza bakoitzetik lortutako ondorioak eta balorazioa ere. Horrez gain, hurrengo ekitaldietan jarduketa errepikatzea komeni den eta zergatik.

5.– Kasu guztietan, Merkataritza Zuzendaritzak eskatzen duen beste edozein agiri aurkeztu beharko da, justifikatutako jarduketak osorik egiaztatzeko beharrezkotzat jotzen bada.

6.– Emandako dirulaguntza likidatzeko, justifikatutako gastuak aztertuko dira, eta egiaztatuko da laguntzaren xede diren jarduketek agindu honetan ezarritako baldintzak betetzen dituztela eta diruz lagundutako proiektura egokitzen direla.

7.– Dokumentazioa egiaztatzean ikusten bada zuzendu daitezkeen akatsak daudela dirulaguntzaren erakunde onuradunak aurkeztu dituen justifikazio-agirietan, erakunde onuradunari inguruabar hori jakinaraziko zaio, eta hamar eguneko epea emango zaio akatsak zuzentzeko.

8.– Diruz lagundutako jarduketen barnean, aldaketak onetsi ahal izango dira jarduketa bereko jardueren artean. Salbuespen gisa eta behar bezala justifikatuta, onartutako jarduketen arteko aldaketak onartuko dira, bai eta jardueren birformulazioa eta diruz lagundutako zenbatekoen birbanaketa ere; laguntzak kudeatzen dituen organoak berariaz baimendu beharko ditu beti aldaketa horiek, egokitzat jotzen bada.

9.– Aurkeztutako jarduketak justifikatzean ikusten bada beherako desbideratzea izan dela, % 25ekoa baino txikiagoa, aurkeztu zen aurrekontuarekiko –alegia, dirulaguntza emateko kontuan hartu zenarekiko–, dirulaguntza berriz kalkulatuko da, hasierako dirulaguntza kalkulatzeko erabili ziren irizpide berberekin.

10.– Beheranzko desbideratzea % 25ekoa edo handiagoa bada, dirulaguntza jasotzeko eskubidea gal daiteke, salbu eta justifikatzen bada emandako dirulaguntzaren bidez lortu nahi ziren helburu guztiak bete direla. Bigarren kasu horretan, aurreko lerrokadan aurreikusitako moduan murriztuko da dirulaguntzaren zenbatekoa.

11.– Hala ere, dirulaguntzaren justifikazioan aurkeztutako gastu guztiak onartzen ez badira eta horrek emandako dirulaguntza gutxitzea badakar, Merkataritzako zuzendariari dirulaguntzaren likidazioa proposatu baino lehen, hamabost eguneko entzunaldi-izapidea emango zaio erakunde interesdunari, aurkeztutako dokumentazioa zuzen dezan, hala badagokio.

12.– Aipatutako alderdi guztiak egiaztatu ondoren, Merkataritzako zuzendariak dagokion likidazio-ebazpena emango du, teknikarien txostena kontuan hartuta.

16. artikulua.– Dirulaguntzak ordaintzea.

Honela ordainduko dira laguntzak:

Emandako dirulaguntzaren % 80 emakida-ebazpena eman ondoren ordainduko da, 18.a) artikuluan aurreikusitako epea igarota, ukorik izan ez bada.

Gainerako zenbatekoa agindu honen 15. artikuluan xedatutakoaren arabera gastuen justifikazioa likidatu ondoren ordainduko da.

Ordainketa horiek egingo dira, baldin eta onuradunak zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean baditu.

17. artikulua.– Laguntzak kudeatzeko organoa.

Merkataritzaren arloan eskumena duen zuzendaritzari dagokio agindu honetan aurreikusitako laguntzak kudeatzea.

18. artikulua.– Onuradunen betebeharrak.

Agindu honetan araututako dirulaguntzen erakunde onuradunek indarrean dagoen araudia bete beharko dute, hargatik eragotzi gabe xedapen hauetan ezarritako betebeharrak: azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartzen duen Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 50.2 artikulua eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. artikulua. Halaber, betebehar hauek izango dituzte:

a) Emandako dirulaguntza onartzea. Dirulaguntza emateko ebazpenaren jakinarazpena jaso eta hamabost eguneko epean erakunde onuradunak dirulaguntzari berariaz eta idatziz uko egiten ez badio, dirulaguntza onartutzat hartuko da.

b) Dirulaguntza eman den xederako erabiltzea.

c) Bi hizkuntza ofizialak erabiliko dira diruz lagundutako jarduketen argitalpen, iragarki eta publizitate-lan guztietan, eta erabiltzaileei eta kontsumitzaileei bermatu egingo zaie erakunde onuradunekin dituzten harremanetan gaztelania eta euskara erabiltzeko eskubidea.

d) Ez erabiltzea hizkera edo irudi sexistarik ezein euskarritan –ez publizitaterako, ez informaziorako–. Halaber, zuzenean sortzen dituzten agirietako hizkera inklusiboa izango da.

e) Eusko Jaurlaritzaren Erakunde Nortasunaren Eskuliburuaren arabera, Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailaren babesa egon dela adierazi beharko da espresuki, merkatari-elkarteen eta hiri-merkataritzaren plataforma, elkarte multzo edo elkarteen diruz lagundutako jarduketen euskarri, kartel eta seinaleetan nahiz hedapenean, zabalkundean edo publizitatean. Hori betetzen dela justifikatzeko, gutxienez horietako bakoitzaren ale bat helarazi beharko da.

f) Merkatarien elkarteek eta hiri-merkataritzaren plataforma, elkarte multzo edo elkarteek zera jakinarazi beharko dute https://www.euskadi.eus/nirekarpeta/web01-sede/eu estekaren bidez:

– Gutxienez zazpi egun balioduneko aurrerapenarekin, diruz lagundutako jarduerak zer lekutan, egunetan eta ordutan egingo diren.

– Diruz lagundutako jardueren edozein aldaketa, jarduerarako aurreikusi den dataren aurretik.

g) Beste edozein administraziotatik edo ente publiko zein pribatutatik xede bererako dirulaguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo baliabideak jasoz gero, horren berri ematea.

h) Eskatzen zaien informazio osagarri guztia eman beharko diote Merkataritza Zuzendaritzari, hark egoki irizten dituen egiaztapen guztiak egin ditzan diruz lagundutako jarduketen garapenaren eta gauzatze-lanen inguruan.

i) Merkataritza Zuzendaritzari jakinaraztea dirulaguntza emateko kontuan hartutako gorabehera objektibo zein subjektibo ororen aldaketa.

j) Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari, beren eginkizunetan dihardutela, deialdi honen kontura jasotako dirulaguntzei buruz eskatutako informazioa ematea.

k) Jasotako funtsak aplikatu direla egiaztatzen duten dokumentuak eta fakturak gordetzea, baita dokumentazio elektronikoa ere, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak horiek egiaztatzeko eta kontrolatzeko aukera izan dezan, gutxienez 4 urteko denbora-tartean, diruz lagundutako jardueraren azken justifikazioa egin eta hurrengo egunetik aurrera zenbatuta.

19. artikulua.– Beste laguntza batzuekiko bateragarritasuna.

1.– Agindu honen babesean eskuratutako dirulaguntzak bateragarriak izango dira erakunde onuradunek administrazio publikoetatik edo erakunde pribatuetatik xede bererako jaso dezaketen beste edozein dirulaguntzarekin.

2.– Dirulaguntzaren zenbatekoak –administrazio honen, Estatuko zein nazioarteko beste administrazio publiko batzuen edo ente pribatu edo publikoen laguntzekin edo dirulaguntzekin batera– ezin izango du gainditu diruz lagundutako jardueraren kostua; gaindituz gero, agindu honen bidez emandako laguntza murriztu egingo da, soberako kopurua kenduta.

20. artikulua.– Dirulaguntzaren baldintzak aldatzea.

Dirulaguntza emateko kontuan hartu ziren baldintzak aldatzen badira eta administrazio honetatik edo beste administrazio edo ente publiko nahiz pribatu batzuetatik dirulaguntzak edo laguntzak jasotzen badira, edota, hala badagokio, helburu bererako beste diru-sarrera edo baliabide batzuk eskuratzen badira, dirulaguntza emateko ebazpena aldatu ahal izango da, betiere aldaketarekin ez-betetzeak estaltzen ez badira, arau honetan ezarritako gutxieneko baldintzak betetzen badira eta hirugarrenei kalterik eragiten ez bazaie. Ondorio horietarako, dagokiona aldatzeko ebazpena emango du Merkataritza Zuzendaritzako titularrak, eta emandako dirulaguntzen zenbatekoak doituko dira ebazpen horretan.

Baldintzak aldatzearen ondorioz dirulaguntza osoa edo zati bat itzuli behar bada, itzultzeko prozedura hasiko da, kasuan kasuko berandutze-interes eta guzti.

21. artikulua.– Ikuskapena.

Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak egokitzat jotako ikuskaritza eta egiaztapen guztiak egingo ditu, diruz lagundutako jarduketen garapenari eta egikaritzeari dagokienez; horrela, erakunde onuradunek eskatzen zaien informazio osagarri guztia aurkeztu beharko dute, hargatik eragotzi gabe Eusko Jaurlaritzaren Ogasun eta Ekonomia Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak egin dezaketen kontrola, betiere beren eginkizunak egikarituz, jasotako laguntzei dagokienez.

22. artikulua.– Ez-betetzeak.

Erakunde onuradunak ez baditu betetzen laguntza emateko ebazpenean, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan eta aplikatu beharreko gainerako arauetan ezarritako baldintzak, Merkataritzako zuzendariak, behar den ebazpena emanez eta ez-betetze horri buruzko espedientea egin ondoren, non erakunde interesdunari entzungo zaion, adieraziko du onartutako diru-kopuruak eskuratzeko eskubidea erabat edo zati batean galdu duela, eta, hala badagokio, aginduko du Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzul diezazkiola jasotako zenbatekoak, osorik edo zati batean, gauzapen-mailarekiko proportzioan, bai eta dirulaguntzen arloan aplikatu behar diren berandutze-interesak ere, hala baitiote Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuak, eta, zati baten diru-itzulketari dagokionez, 38/2003 Legeak 37. artikuluan. Zenbateko horiek diru-sarrera publikotzat joko dira, dagozkien legezko ondorioetarako.

Ez-betetzearen espedientea egoitza elektronikoaren bidez bakarrik izapidetuko da: https://www.euskadi.eus/nire-karpeta/web01-sede/eu

23. artikulua.– Datu pertsonalak.

Eskatzaileen datu pertsonalak «Merkataritza-arloko laguntzak eta dirulaguntzak» izeneko tratamendu-jardueran sartu eta tratatuko dira.

Datu pertsonalak honako arau hauen arabera tratatuko dira: 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa; 2016/679 (EB) Erregelamendua, 2016ko apirilaren 27koa, Europako Parlamentuarena eta Kontseiluarena, datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio askeari dagokienez pertsona fisikoak babesteari buruzkoa.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Oinarrietan aurreikusita ez dagoen guztirako, hauek aplikatuko dira: 38/2003 Lege Orokorra, azaroaren 17koa, Dirulaguntzei buruzkoa; 887/2006 Errege Dekretua, uztailaren 21ekoa, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duena; eta, prozedura-arloan, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea.

Horrek ez du galaraziko hauetan xedatutakoa: Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren VI. titulua eta VII. tituluko III. kapitulua (testu bategin hori azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartu zen), eta Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura ematen diren dirulaguntzen bermeei eta itzulketei buruzko araubide orokorra arautzen duen eta kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileen betekizunak, araubidea eta betebeharrak ezartzen dituen abenduaren 17ko 698/1991 Dekretua.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, haren aurka, berraztertze-errekurtsoa aurkez dakioke Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuari, hilabeteko epean, edo, zuzenean, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2021eko uztailaren 27a.

Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburua,

JAVIER HURTADO DOMÍNGUEZ.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala