Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

156. zk., 2021eko abuztuaren 6a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

GOBERNANTZA PUBLIKO ETA AUTOGOBERNU SAILA
4323

AGINDUA, 2021eko uztailaren 9koa, Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuarena, zeinaren bidez Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzen baita Fundación Mondragon izeneko fundazioaren estatutuetan egindako aldaketa.

2021eko maiatzaren 21ean, eskabide bat sartu zen Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailean, Fundación Mondragon izeneko fundazioaren estatutuen aldaketa Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzeko. Aldaketa hori egin zen patronatuaren eta batzorde kudeatzailearen bilerak bideokonferentzia bidez edo beste komunikabide batzuen bidez egin ahal izateko. Horretarako estatutuen 15. eta 16. artikuluak egokitu dira. Fundazioaren patronatuak 2020ko abenduaren 1ean erabaki zuen aldaketa, eta eskritura publiko bihurtu zen Arrasaten 2021eko maiatzaren 11n Iñigo Irache Varona notario jaunaren aurrean (protokolo-zenbakia: 748). Eskabide-idazkiari espedienteko dokumentazioa erantsi zitzaion.

Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuari dagokio estatutuak aldatzeko espediente hau agindu bidez ebaztea, hauekin bat etorriz: Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babesletzaren eta Erregistroaren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 23ko 115/2019 Dekretuaren 3.1.a) artikulua; Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta egitekoak eta jardun-arloak zehazten dituen lehendakariaren irailaren 6ko 18/2020 Dekretuaren 7.1.n) artikulua, eta Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen dituen urtarrilaren 19ko 8/2021 Dekretuaren 3.1 artikulua.

Espedienteari funtsezko iritzitako datu eta dokumentu guztiak erantsi zaizkio, eta bereziki bete dira Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 2ko 9/2016 Legearen 37. eta 51.2 artikuluetan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babeslaritzaren eta Erregistroaren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 23ko 115/2019 Dekretuaren 42. artikuluan aurreikusitako baldintzak. Horrenbestez, estatutuen aldaketa bat dator aplikagarriak diren lege eta erregelamenduetan ezarritakoarekin.

Hori guztia kontuan hartuta, hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Fundación Mondragon izeneko fundazioaren estatutuen 15. artikuluaren eta 16. artikuluaren aldaketa Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzea, Agindu honen datarekin, Iñigo Irache Varona notario jaunaren aurrean 2021eko maiatzaren 11n egiletsitako eskritura publikoan aurreikusitako baldintzetan (protokolo-zenbakia: 748).

Bigarrena.– Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea eta interesdunei bidaltzea.

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, ondorioz, honen aurka aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez dakioke Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuari, agindua jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera, hilabeteko epean; bestela, Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hileko epean, agindua jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2021eko uztailaren 9a.

Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburua,

OLATZ GARAMENDI LANDA.


Azterketa dokumentala