146. zk., 2021eko uztailaren 23a, ostirala
- Bestelako formatuak:
- PDF (779 KB - 29 orri.)
- EPUB (378 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
HEZKUNTZA SAILA
4164
AGINDUA, 2021eko uztailaren 13koa, Hezkuntzako sailburuarena, unibertsitateaz kanpoko ikasleak eskolatzeko ikasketa-beka eta -laguntzetarako deialdia egiten duena 2021-2022 ikasturterako.
EAEren Autonomia Estatutuak (abenduaren 18ko 3/1979 Lege Organikoaren bidez onartua) 16. artikuluan ezartzen duenez, Konstituzioaren lehen xedapen gehigarrian xedatutakoa betetze aldera, Euskal Autonomia Erkidegoaren eskumenekoa da irakaskuntza bere luze-zabalean, maila eta gradu guztietan, molde eta espezialitate orotan, Konstituzioaren 27. artikuluaren eta bera gara dezaten lege organikoei kalterik egin gabe, Konstituzioaren 149.1.30 artikuluak Estatuari aitortzen dizkion ahalmenei kalterik egin gabe eta hori betearazteko eta bermatzeko beharrezko den goi-ikuskaritzari kalterik egin gabe.
Halaber, herritar guztiek dute hezkuntzarako eskubidea eta irakaskuntzako askatasuna, eta botere publikoen zeregina da dauden mugak edo desorekak berdintzera bideratutako neurriak hartzea, hezkuntzara berdintasun egoeran iritsi ahal izateko.
Horregatik, aintzat hartuta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra; Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren Erregelamendua onesten duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretua; dirulaguntzei buruz indarrean dagoen legeria, hain zuzen ere, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onesten duen Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren VI. titulua eta VII. tituluko III. kapitulua, eta Euskal Autonomia Erkidegoko 2021. urteko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen otsailaren 11ko 1/2021 Legea, hau
EBAZTEN DUT:
1. artikulua.– Xedea.
1.– Agindu honen xedea da deitzea eta onestea 2021-2022 ikasturterako beka eta laguntza hauen oinarriak, zeinak unibertsitateko graduaren baliokide ez diren eta maila txikiagoa duten hezkuntza-sistemako irakaskuntza hauetako ikasleei zuzenduta dauden:
a) Maila hauetako ikasleak eskolatzeko ikasketa-bekak eta -laguntzak, agindu honen I. kapituluan jasotako oinarrien arabera: Haur Hezkuntza, Lehen Hezkuntza, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza eta musikako eta dantzako oinarrizko irakaskuntzak, 2021-2022 ikasturterako.
b) Maila hauetako ikasleak eskolatzeko ikasketa-bekak eta -laguntzak, agindu honen II. kapituluan jasotako oinarrien arabera: derrigorrezko hezkuntzaren ondoren egiten diren unibertsitateaz kanpoko irakaskuntzak, 2021-2022 ikasturterako.
2.– Agindu honen xede diren beka eta laguntzei aplikatu beharreko prozedura erkideari buruzko artikuluak III. kapituluan jasota daude.
2. artikulua.– Kreditu erabilgarria.
60.000.000 euro bideratuko dira helburu horretarako, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan horretarako finkatutako aurrekontu-partiden kontura.
Behar izanez gero, adierazitako zenbatekoak handitu ahal izango dira, kontuan harturik ebazteko dauden eta emakida-proposamena duten eskaeren zenbatekoa, betiere horiek ebatzi baino lehenago. Administrazio eta Zerbitzuen sailburuordeak emango du horren berri, ebazpen baten bitartez.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA
Agindu honek administrazio-bideari amaiera ematen dio, eta, beronen aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa jarri ahal izango diote interesdunek Hezkuntzako sailburuari hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri ahal izango dute Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusian bi hilabeteko epean, agindua aldizkari horretan argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA
Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteiz, 2021eko uztailaren 13a.
Hezkuntzako sailburua,
JOKIN BILDARRATZ SORRON.
I. ERANSKINA
I. KAPITULUA
IRAKASKUNTZA-MAILA HAUETARAKO IKASKETA-LAGUNTZAK: HAUR HEZKUNTZA, LEHEN HEZKUNTZA, DERRIGORREZKO BIGARREN HEZKUNTZA ETA MUSIKAKO ETA DANTZAKO OINARRIZKO IRAKASKUNTZAK
1. artikulua.– Laguntza jaso dezaketen irakaskuntzak.
Kapitulu honetan jasotzen diren ikasketa-laguntzak irakaskuntza hauetakoren bat egiten duten ikasleei bideratuta daude:
a) Haur Hezkuntza.
b) Lehen Hezkuntza.
c) Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza.
d) Musikako eta dantzako oinarrizko irakaskuntzak.
2. artikulua.– Laguntzaren osagaiak.
Kapitulu honetan jasotako ikasketa-laguntzek osagai hauetako bat edo gehiago eduki ahal izango dute:
a) Kuotaren osagaia, Haur Hezkuntzako lehenengo zikloko ikasleentzat.
b) Eskola-materialen osagaia.
c) Jantoki-osagaia.
3. artikulua.– Kuota-osagaia, Haur Hezkuntzako lehenengo zikloko ikasleentzat.
a) 0 eta 1 urte bitarteko ikasleak: 90 euro hilean.
b) 2 urtekoen gelako ikasleak: 200 euro.
1.– Osagai honek ezingo du inolaz ere gainditu 2021-2022 ikasturtean matrikulatuta dagoen ikastetxean ikasleak ordaindu behar duen kuota.
2.– Kasu hauetan ez da laguntzarik emango:
a) Hezkuntza Sailaren edo toki-korporazioen mendeko ikastetxe publikoak.
b) Kontzeptu honengatik kuotarik ordaintzen ez duten ikastetxeak.
Laguntzaren osagai hori emateko, bizikidetza- edo familia-unitatearen errentak ezin du gainditu 17. artikuluan zehaztutako 1. muga.
4. artikulua.– Eskola-materialen osagaia.
1.– Osagai hau irakaskuntza guztiei emango zaie, Haur Hezkuntzako lehenengo zikloari izan ezik.
2.– Ezingo dute osagai hau eskuratu, baldin eta uko egiten badiote Lehen Hezkuntza edo Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako lehenengo eta bigarren maila ikastetxe publikoetan egiten ari diren ikasleentzako «Curriculuma garatzeko material didaktikoaren eta bitartekoen programari».
3.– Hauek izango dira zenbatekoak:
a) Haur Hezkuntzako 2. zikloa: 78 euro.
b) Lehen Hezkuntza: 117 euro.
c) Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza: 159 euro.
d) Musikako eta dantzako oinarrizko irakaskuntzak: 159 euro.
4.– Egoera hauetan ez dira zenbateko horiek emango:
a) Lehen Hezkuntzako ikasleak, baldin eta ikastetxe publikoetan ikasten badute; halakoetan, zenbateko hauek emango dira:
– 38 euro lehenengo eta bigarren mailakoei.
– 50 euro hirugarren, laugarren, bosgarren eta seigarren mailakoei.
b) Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako lehenengo eta bigarren mailako ikasleak, baldin eta ikastetxe publikoetan ikasten badute; halakoetan, 60 euro emango dira.
5.– Laguntzaren osagai hori emateko, bizikidetza- edo familia-unitatearen errentak ezin ditu gainditu 17. artikuluan zehaztutako muga hauek:
a) Haur Hezkuntzako 2. zikloa: 2. muga.
b) Gainerako irakaskuntzak: 4. muga.
5. artikulua.– Jantoki-osagaia.
1.– Osagai hau honako ikasketa hauek egiten dituzten eta jantoki-zerbitzua baliatzen duten ikasleei emango zaie: Haur Hezkuntzako lehenengo zikloko hirugarren maila (2 urtekoen gela); Haur Hezkuntzako 2. zikloa, Lehen Hezkuntza eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza.
2.– Osagai hau baliatzeko eskubidea izateko, ikasturtean jantokira 20 egun baino gehiagotan joan izana justifikatu beharko du ikasleak. Kasu guztietan, betekizun hauek egiaztatu beharko dira:
a) Ikasleak jantoki-zerbitzua baliatzen duela eguerdietan.
b) Administrazioari ez zaiola kostua bikoizten.
3.– Osagai honen zenbatekoa honela kalkulatuko da: jantokira doan egun-kopurua –gehienez ere 178 egun– bider ordaindutako prezioa, betiere egunean 4,60 eurotik beherakoa bada. Hortik gorakoa izanez gero, azken kopuru hori hartuko da erreferentziatzat osagai honen zenbatekoa kalkulatzeko.
4.– Edonola ere, osagai honengatik emango den gehieneko kopurua 818,80 eurokoa da.
5.– Laguntzaren osagai hori emateko, bizikidetza- edo familia-unitatearen errentak ezin ditu gainditu 17. artikuluan zehaztutako muga hauek:
a) Haur Hezkuntzako lehenengo zikloko hirugarren mailako ikasleak: 1. muga.
b) Gainerako irakaskuntzak: 2. muga.
II. KAPITULUA
IRAKASKUNTZA HAUETARAKO BEKAK: BATXILERGOA, OINARRIZKO LANBIDE-HEZIKETA, ERDI-MAILAKO ETA GOI-MAILAKO LANBIDE-HEZIKETA, MUSIKAKO ETA DANTZAKO IRAKASKUNTZA PROFESIONALAK, ARTE PLASTIKOETAKO ETA DISEINUKO HEZIKETA-ZIKLOAK, KIROL-IRAKASKUNTZAK ETA HIZKUNTZA-IRAKASKUNTZAK
6. artikulua.– Beka jaso dezaketen ikasketak.
Kapitulu honetako bekak unibertsitateaz kanpoko ikasketa hauetakoren bat egiten duten ikasleei bideratuta daude:
a) Batxilergoa.
b) Lanbide Heziketako zikloak, erdi-mailakoak eta goi-mailakoak.
c) Arte plastikoak eta diseinua. Heziketa-zikloak.
d) Musikako eta dantzako irakaskuntza profesionalak.
e) Kirol-irakaskuntzak.
f) Hezkuntza-administrazioaren titulartasuneko eskola ofizialetan egiten diren hizkuntza-irakaskuntzak.
g) Oinarrizko Lanbide Heziketa.
7. artikulua.– Bekaren osagaiak.
Deialdi honetan araututako bekek osagai hauetako bat edo gehiago eduki ahal izango dute:
a) Eskatzailearen errentari lotutako zenbateko finkoko osagaia.
b) Eskatzaileak ikasturtean duen bizilekuari lotutako zenbateko finkoko osagaia.
c) Oinarrizko bekaren osagaia.
d) Errendimendu akademikoan izandako bikaintasunari lotutako zenbateko finkoko osagaia.
e) Zenbateko osagarriko osagaia.
8. artikulua.– Eskatzailearen errentari lotutako zenbateko finkoko osagaia.
1.– Kapitulu honen 6. artikuluaren a) letratik e) letrara bitartean zerrendatutako ikasketetan matrikulatuta dauden ikasleek jaso ahal izango dute zenbateko hau.
2.– Zenbatekoa 1.700 eurokoa izango da.
3.– Osagai hau ekonomia-egoera bereziki zaila duten pertsonen ikasketak ordaintzera dago bideratuta, eta honako betekizun hauek betetzen dituzten eskatzaileei baino ez zaie emango:
a) Irakaskuntzak aurrez aurreko erregimenean egitea.
b) Bizikidetza- edo familia-unitateak egiaztatutako diru-sarrerak Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta baino txikiagoak badira, justifikatu beharko dute 2020ko zerga-ekitaldian gizarte-laguntzetako batzuk kobratu zituztela, hala nola Lanbideren Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta (DSBE) eta Etxebizitzako Gastuetarako Prestazio Osagarria (EPO), Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalaren eta Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoaren beste laguntza batzuk, eta udal- edo foru-laguntzak, edo beste entitate edo elkarte ongile batzuenak, halakorik balego.
4.– Ezingo dute osagai hau eskuratu 2021-2022 ikasturtean lanbide-heziketako zikloetan modalitate dualean matrikulatuta dauden ikasleek, baldin eta lanbide-heziketa dualeko proiektuak egiten ari badira eta horren truke hizpide dugun osagaiaren zenbatekoaren balioa edo balio handiagoa duen konpentsazio ekonomikoa jasotzen ari badira.
5.– Bizikidetza- edo familia-unitatearen errentak ezin du gainditu 17. artikuluan zehaztutako 1. muga.
9. artikulua.– Eskatzaileak ikasturtean duen bizilekuari lotutako zenbateko finkoko osagaia.
1.– Kapitulu honen 6. artikuluaren a) letratik e) letrara bitartean zerrendatutako ikasketetan matrikulatuta dauden ikasleek jaso ahal izango dute zenbateko hau.
2.– Zenbatekoa 1.600 eurokoa izango da. Halere, zenbateko hori ez da inoiz izango prestazioaren benetako kostua baino handiagoa.
3.– Osagai hau emateko, asteko eskola-orduak ez dira 20 baino gutxiago izango, eta kontuan izango da ikaslea bizi den udalerrian edo bizilekutik distantzia txikiagora ba ote den ikasleak egin nahi duen maila, eredu eta lan-saio bereko ikasketarik ematen duen ikastetxerik, eta ikastetxe horrek ba ote duen plaza librerik. Era berean, ikasleak egiaztatu beharko du etxetik kanpo bizi beharra duela, dela familiaren etxetik ikastetxera dagoen distantziagatik, dela diren garraiobideengatik.
4.– Familia-etxebizitzatzat hartuko da eskatzailearen gurasoetako edozein bizi den tokia, betiere ikastetxetik hurbilen dagoena, nahiz eta hori legezko helbidea ez izan.
5.– Behar bezala egiaztatu beharko dira, batetik, ohiko etxebizitzatik kanpo bizi behar izan dela ikasturtean zehar, eta, bestetik, horren kostua. Horretarako, ikaslearen izena jasotzen duen alokairu-kontratuaren kopia aurkeztu beharko da, bai eta fidantza eta alokairuaren lehen hilabetea ordaindu izanaren egiaztagiriak ere. Ez da onartuko 4. mailara arteko odol-ahaidetasuneko eta 2. mailara arteko ezkontza-ahaidetasuneko senideen pisuen alokairu-kontraturik.
6.– 16.4 artikuluaren arabera, familiaren laguntza ekonomikorik gabe bizitzeko baliabideak dituzten ikasleek ezingo dute eskuratu egoitza-osagaia; izan ere, ohiko bizilekutzat hartuko da ikasturtean zehar izango duten bizilekua, nahiz eta errolda kolektiboan ageri den bizilekua ez izan.
7.– Bizikidetza- edo familia-unitatearen errentak ezin du gainditu 17. artikuluan zehaztutako 3. muga.
10. artikulua.– Oinarrizko bekaren osagaia.
1.– Kapitulu honen 6. artikuluan zerrendatutako irakaskuntzetako edozeinetan matrikulatuta dauden ikasleek jaso ahal izango dute zenbateko hau.
2.– Zenbatekoa 300 eurokoa izango da. Oinarrizko Lanbide Heziketako zikloak egiten dituzten bekadunen kasuan, berriz, zenbatekoa 350 eurokoa izango da.
3.– Osagai hau bateraezina izango da errentari lotutako zenbateko finkoko osagaiarekin.
4.– Bizikidetza- edo familia-unitatearen errentak ezin du gainditu 17. artikuluan zehaztutako 4. muga.
11. artikulua.– Errendimendu akademikoan izandako bikaintasunari lotutako zenbateko finkoko osagaia.
1.– Kapitulu honen 6. artikuluaren a) letratik e) letrara bitartean zerrendatutako ikasketetan matrikulatuta dauden ikasleek jaso ahal izango dute zenbateko hau.
2.– Zenbatekoa 50 eta 125 euro bitartekoa izango da, aurreko ikasturtean lortutako batez besteko notaren araberakoa, honela banatuta:
(Ikus .PDF)
3.– Osagai hau emateko, aurreko ikasturteko batez besteko nota hartuko da kontuan. Bitartean urte akademikoren bat igaro bada ikasketarik egin gabe, eginiko azken ikasturteko batez besteko nota hartuko da kontuan. Bekaduna egiten ari den ikasketetako lehenengo mailan baldin badago, ikasketa horietarako sarbidea ematen duen proban, ikastaroan edo ikasketan eskuratutako nota hartuko da aintzat.
4.– Bizikidetza- edo familia-unitatearen errentak ezin du gainditu 17. artikuluan zehaztutako 4. muga.
12. artikulua.– Zenbateko osagarriko osagaia.
1.– Kapitulu honen 6. artikuluan zerrendatutako irakaskuntzetako edozeinetan matrikulatuta dauden ikasleek jaso ahal izango dute zenbateko hau.
2.– Zenbatekoa 60 eurokoa izango da.
3.– Bizikidetza- edo familia-unitatearen errentak ezin du gainditu 17. artikuluan zehaztutako 3. muga.
III. KAPITULUA
UNIBERTSITATEAZ KANPOKO IKASLEAK ESKOLATZEKO IKASKETA-BEKA ETA -LAGUNTZEN XEDAPEN ERKIDEAK
13. artikulua.– Betekizun orokorrak.
1.– Deialdi honetan jasotzen diren irakaskuntzek onarpen ofiziala izan behar dute, eta hezkuntza-administrazioak onartutako ikasketa-planekin bat etorri.
2.– Agindu honetan ezarritako ikasketaren bat egin beharko dute ikasleek, Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxe baimenduetan.
3.– Ikasleek ez izatea bekarekin edo laguntzarekin egin nahi dituzten ikasketen maila akademiko bereko edo handiagoko titulurik, eta ez betetzea horrelako tituluren bat eskuratzeko legezko baldintzak.
14. artikulua.– Ukapenak.
Egoera hauetan, beka edo laguntza ukatu egingo da:
a) Baimendu gabeko ikastetxe pribatuetako ikasleek ez dute ikasketa-laguntzarik jasotzerik izango, ikastetxean zein ikasketa egiten den gorabehera. Hala ere, ikasketa horietako irakasgai guztietako azterketak ikastetxe ofizialetan egiten badituzte, onartu egingo dira.
b) Baimendu gabeko ikastetxeetako edo Haur Hezkuntzako lehen zikloa irakasteko ikastetxeen erroldan inskribatu gabeko haur-eskoletako ikasleak.
c) Haurreskolak Partzuergoko neska-mutilak.
d) Dirulaguntzen onuradun izateko desgaitzen duen legezko edozein arrazoi izatea edo deialdi honetan eskatzen diren betekizunak ez betetzea.
15. artikulua.– Beken eta laguntzen zenbatekoa.
1.– Ikasleak jaso ditzakeen osagai guztien baturak emango du beka edo laguntzaren zenbateko osoa, betiere agindu honetan ezartzen diren arauen arabera. Zenbatekoa, gehienez, zerbitzu bakoitzaren benetako kostuaren parekoa izango da, inoiz ere ez hortik gorakoa.
2.– Inork ezin dezake jaso agindu honetan arautzen diren beka edo laguntzetariko bat baino gehiago, nahiz eta aldi berean agindu honetan aipatzen diren beste ikasketa batzuk egin. Egoera hori bada, zenbateko handieneko laguntza edo beka emango da.
16. artikulua.– Kide konputagarriak eta bizikidetza- edo familia-unitateko sostengatzaile ekonomiko nagusiak nor diren zehaztea.
1.– Bekaren ondorioetarako, hauek dira kide konputagarriak:
a) Eskatzailea.
b) Aita, ama, tutorea edo adingabea zaindu eta babesten duena.
c) 2020ko abenduaren 31n hogeita bost urte baino gutxiago dituzten neba-arreba ezkongabeak (neba-arrebek desgaitasun fisikoa, psikikoa edo sentsoriala badute, hogeita bost urtetik gorakoak izan daitezke), ohiko bizilekuan bizi direnak.
d) Gurasoen aurreko ahaideak, baldin eta bizileku berean bizi badira.
e) Aplikatu beharreko araudian onartuta dauden harrera-egoeretako batean dauden pertsonak; inguruabar hori behar bezala alegatu eta egiaztatu beharko da.
f) Eskatzailearen gurasoetako edozeinen ezkontide berria edo izatezko bikotekide edo antzeko bikotekide berria, ohiko bizilekuan bizi dena.
g) Salbuespenezko inguruabarrengatik eskatzaileari harrera ematen dioten beste senide edo familia-loturarik gabeko beste pertsona batzuk.
h) Salbuespen gisa, kide konputagarritzat jo ahal izango dira eskatzailearekin bizi diren beste senide batzuk, eskatzailea zurtza baldin bada, eta, betiere, eskatzaileak behar bezala egiaztatzen badu ekonomikoki haien mende dagoela eta 2020. urtean ez zuela beste sostengatzailerik izan.
Beraz, kasu horietan guztietan, horien errentak eta ondarea zenbatuko dira.
2.– Gurasoak legez dibortziatuta edo bananduta badaude, bekaren eskatzailearekin bizi ez dena ez da kide konputagarritzat joko; halere, mantenu-pentsio eta/edo konpentsazio-pentsio gisa ordaintzen diren kopuruak bizikidetza-unitatearen diru-sarreratzat zenbatuko dira, judizialki onartutako neurrien arabera.
3.– Seme-alaben zaintza-araubidea zaintza partekatua denean, hauek hartuko dira kide konputagarritzat: bekaren eskatzailearen gurasoak, horien seme-alaba komunak eta baita aipatutakoen bizileku berean bizi diren aitaren eta amaren aurreko ahaideak ere, betiere udalaren ziurtagiriaren bidez egiaztatzen badute.
4.– Eskatzailea jatorrizko familiatik independizatu bada, eta bere bizikidetza- edo familia-unitatea osatu baldin badu, eta unitate berri horretan bere ohiko bizilekua baldin badauka, honako hauek izango dira kide konputagarriak, bekaren ondorioetarako:
a) Eskatzailea.
b) Bere ezkontidea edo izatezko bikotekidea, erregistratua zein ez.
c) Hogeita bost urtetik beherako seme-alabak (seme-alabek desgaitasun funtzional fisikoa, psikikoa edo sentsoriala badute, hogeita bost urtetik gorakoak izan daitezke, gurasoen mende bizi badira).
d) Foru-araudian onartutako harrera-egoera batean dauden pertsonak; inguruabar hori behar bezala alegatu eta egiaztatu beharko da.
e) Eskatzailearen ahaideak, edo beraren ezkontide edo izatezko bikotekidearenak, ohiko bizilekuan bizi badira.
f) Kide konputagarritzat joko da 2020ko abenduaren 31n eskatzailearekin etxe berean bizi den pertsona –diru-sarrera propioak dituena–, nahiz eta haien artean ez izan ahaidetasun-harremanik eta ezin justifikatu alokairuzko etxebizitza partekatzen dutela.
5.– Eskatzailea jatorrizko familiatik independizatu bada edo zurtza baldin bada, eta pertsona bateko bizikidetza-unitate bat osatzen badu, independentetzat jo ahal izateko, egiaztatu beharko du independentea dela, bai ekonomikoki eta bai familiarekiko:
a) Honela egiaztatuko du familiarekiko independentea dela:
– Gurasoena ez den etxe batean erroldatuta dagoela ziurtatzen duen agiria, zehazki: erositako edo alokatutako etxebizitza batean, bakarrik edo pisu partekatu batean. Edonola ere, bizilekua ezin da 4. mailara arteko odol-ahaidetasuna duen edo 2. mailara arteko ezkontza-ahaidetasuna duen senide batena izan, salbu eta alokairuaren zerga-aitorpena egiaztatzen bada. Kasu horretan, odol bidezko eta ezkontza bidezko ahaidetasun-maila horiek ere onartuko dira.
– Eskatzailea erabat zurtza bada, nahikoa izango da hori egiaztatzen duen ziurtagiria aurkeztea.
b) Ekonomikoki independentea dela egiaztatzeko, gastuak (janaria, arropa, etxebizitza, garraioa) ordaintzeko behar beste ekonomia-baliabide dituela frogatu beharko du. Ondorio horietarako, eskatzailearen baliabide ekonomikoak kalkulatzeko, soilik haren diru-sarrerak batuko dira; hau da, ez dira kontuan hartuko ohiko bizilekuan bizi den beste edonoren sarrerak. Diru-sarrerak 1. mugaren parekoak edo txikiagoak baldin badira, pertsona horrek Lanbidek kudeatutako diru-sarrerak bermatzeko errenta eta etxebizitzarako dirulaguntza osagarria eskatu ahalko ditu, bai eta beste laguntza batzuk ere. Hortaz, dirulaguntza horiek eskatu dituela eta zer egoeratan dauden egiaztatzeko agiriak aurkeztu beharko ditu. Diru gastuak ordaintzeko beste diru-sarrera dagoela egiaztatzeko xedez, honako hauek aztertuko dira:
– Eskatzaileak aurkeztu dituen diru-sarreren eta gastuen arteko balantzea, hori ziurtatzeko agiriekin batera. Administrazioak beharrezkotzat jotzen dituen dokumentu osagarri guztiak eskatu ahal izango ditu.
– Zerga-egiaztagiria, gurasoek berarengatik ez dutela zerga-kenkaririk egiten berresteko.
Eskatzaile bat ekonomikoki independentea dela jo ahal izateko, gurasoek edo legezko tutoreek ezin dute eskatzaileari lotutako zerga-kenkaririk egin PFEZaren aitorpen-likidazioan.
Eskatzaileak emantzipazio-programa baten laguntza jasotzen badu, eta horretan janaria eta ostatua sartuta baldin badaude, independentzia familiarraren betekizuna betetzetik salbuetsita egongo da, baina independentzia ekonomikoari lotutako agiriak aurkeztu beharko ditu.
6.– Ikasle independenteen kasuan, familiaren egoitzatzat joko da ikaslea ikasturtean bizi dena; beraz, ez da egoitza-osagaia emango.
7.– Sostengatzaile ekonomiko nagusi dira bizikidetza- edo familia-unitatea ekonomikoki mantentzeko diru-sarrera nagusiak eskuratzen dituzten kide konputagarriak.
17. artikulua.– Errenta-mugak.
Honako errenta-muga hauek aplikatuko dira ikasketa-beka eta -laguntzen osagaiak emateko:
1.– I. kapituluan jasotako ikasketetan:
– Haur Hezkuntzako mailan (1. zikloan), familiaren errentak ezin izango du 1. muga gainditu.
– Haur Hezkuntzako mailan (2. zikloan), familiaren errentak ezin izango du 2. muga gainditu.
– Gainerako irakaskuntzetan:
● Eskola-materialen osagaia jasotzeko, familiaren errentak ezin izango du 4. muga gainditu.
● Gainerako osagaiak jasotzeko, familiaren errentak ezin izango du 2. muga gainditu.
2.– II. kapituluan jasotako irakaskuntzetan:
– Familiaren errentari lotutako zenbateko finkoko osagaia jasotzeko, familiaren errentak ezin izango du 1. muga gainditu.
– Egoitzari lotutako zenbateko finkoko osagaia eta familiaren errentaren zenbateko osagarria jasotzeko, familiaren errentak ezin izango du 3. muga gainditu.
– Oinarrizko bekaren zenbatekoa eta errendimendu akademikoan izandako bikaintasunari lotutako zenbateko finkoa jasotzeko, familiaren errentak ezingo du 4. muga gainditu.
(Ikus .PDF)
– 8tik gorako kide konputagarri bakoitzeko, errenta-mugetan (+1) gisa ezarri diren kopuruak gehituko dira.
18. artikulua.– Bizikidetza- edo familia-unitatearen errentaren kalkulua.
1.– 2020ko ekitaldian PFEZaren aitorpena aurkeztu duten kide konputagarrien errenta zehazteko, zerga-oinarri orokorra eta aurrezkiaren zerga-oinarria batuko dira. Zerga-oinarri orokor osoak edo zati batek jarduera ekonomikoen etekinak baditu, eta etekin horiek zeinu negatiboa badute, emaitza 0 izango da. Gainerako zenbatekoari kuota likidoa kenduko zaio. Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergan jasota ez dauden diru-sarrerak eta laguntzak gehitu egingo zaizkio aurreko formularekin ateratako emaitzari.
2.– Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren aitorpena egiteko obligaziorik izan ez, eta halakorik aurkeztu ez duten kide konputagarrien errenta honela kalkulatuko da:
a) 2020ko ekitaldian edozein kontzeptu dela-eta lortutako diru-sarrera guztiak batuko dira (lan-etekina, langabezia-prestazioak eta -laguntzak, pentsioak, gizarte-laguntzak...), baita ohiko etxebizitza ez diren hiri-ondasunen etekina ere –PFEZaren ondorioetarako konputagarria–, betiere 2020ko ekitaldian aplikatzekoa den zerga-araudiaren arabera.
b) Batura horretatik kendu beharko da aplikatzeko diren gastu kengarriek (Gizarte Segurantza, etab.) eta konturako atxikipenek sortutako zenbatekoa.
3.– Aipatutako zergaren ondorioetarako aitortutako diru-sarreren datuak eta/edo zerga horretatik kanpo aitortutakoak txikiagoak badira Diru-sarrerak Bermatzeko Errentaren edo urte horretan erroldatuta egon zen autonomia-erkidegoko laguntza baliokidearen erregulazioaren arabera bizikidetza-unitateari legokiokeen zenbatekoa baino, justifikatu beharko da zergatik ez zen eskaera egin edo zergatik ukatu zitzaion, eta urte hartako bizi-baliabideak egiaztatu beharko dira (Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalaren eta Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoaren laguntzak eta udal-, foru- edo probintzia-laguntzak, edo beste entitate edo elkarte ongile batzuenak, halakorik balego).
4.– Ez da diru-sarreratzat hartuko administrazio publikoek emandako ikasketa-beken edo -laguntzen zenbatekoa.
5.– Harrera-familietan diren ikasleei dagokienez, honako hau joko da errenta garbitzat: ikasleak jasotzen dituen diru-sarrerak, hots, Foru Aldundiak emandako laguntzak. Kasu horietan, harrerari buruzko agindua eta Foru Aldundiak erabakitako harrerako baldintzak aurkeztu beharko dira.
6.– Salbuespen gisa, COVID-19ak eragindako osasun-krisiarengatik haien 2021eko egoera ekonomiko familiarra larriki kaltetua izan den eta 2020ko ekitaldiaren diru-sarrerak zenbatzean errentaren muga gainditu izanagatik beka-eskaera ukatu zaien eskatzaileek eskubidea izango dute % 5eko kenkari bat jasotzeko, konputatutako guztizko errentaren gainean.
Horretarako, egiaztatu beharko da bizikidetza-unitatearen sostengatzaile ekonomiko nagusiek COVID-19aren eraginak pairatu dituztela lanean. Halaber, justifikatu beharko da langabezian, aldi baterako enplegu-erregulazioko espedientean, enplegu-erregulazioko espedientean edo (autonomoen kasuan) jarduera ixteko egoeran 2021. urtean egon direla eta egoera horrek gutxienez 3 hilabete iraun duela.
19. artikulua.– Kenkariak.
Bizikidetza-unitatearen errenta zehaztu ondoren, aurreko artikuluan xedatutakoaren arabera, honako kontzeptuengatik dagozkion zenbatekoak kenduko dira:
1.– Bizikidetza-unitatearen kide konputagarriaren errentaren % 10, eskatzailea guraso bakarreko familia bateko kide bada eta familia-unitateak diru-iturri bakarra badu: aitak edo amak besteren kontura egiten duen lana edo/eta jasotzen duen pentsioa (ezintasun-pentsioa, alargun-pentsioa, zurztasun-pentsioa). Eskatzaileak edo neba-arrebaren batek diru-sarrerak izanez gero, kenkari hau aplikatuko da, diru-sarrerak dituzten kide horietako bakoitzak urtean lortutako guztizko zenbatekoa 2.000 eurotik beherakoa bada.
Kenkari honen ondorioetarako, guraso bakarreko familiatzat hartzen da guraso, tutore edo harreragile bakarra duena, eta familia-liburuaren edo tutoretza edo harrera ezartzen duen dokumentu ofizialaren bidez egiaztatu beharko da.
2.– Familia-errentaren % 20, eskatzailea erabateko umezurtza eta 25 urtetik beherakoa denean.
3.– Familiako kide konputagarri guztiek ekarritako diru-sarreren % 50. Familiaren sostengatzaile nagusiaren eta haren ezkontidearen diru-sarrerak ez dira horretan sartzen.
4.– Familia ugarikoa izateagatik aplikatuko den kenkaria.
Kide konputagarria den neba-arreba bakoitzarengatik 525 euroko kenkaria egingo da bizikidetza/familia unitatearen errentaren gainean, familia-egoitzan bizi bada, eskatzailea barnean dela, baldin eta kategoria orokorreko familia ugariak badira; kopuru hori 800 eurokoa izango da kategoria bereziko familia ugarietan. Eskatzailea bera bada familia ugariaren titularra, aipatutako kopuruak familia osatzen duen seme-alaba bakoitzarengatik kenduko dira.
5.– Desgaitasunen bat duen kide konputagarri bakoitzarengatik aplikatuko den kenkaria:
Bizikidetza- edo familia-unitatearen errentari kenkari bat aplikatuko zaio desgaitasuna legez aitortua duen kide konputagarri bakoitzarengatik.
Kenkari hori 1.811 eurokoa izango da legez kalifikatutako % 33ko edo gehiagoko eta % 65etik beherako desgaitasunen bat duen bizikidetza-unitateko kide konputagarri bakoitzarengatik, eskatzailea barnean dela.
Kenkaria 2.881 eurokoa izango da desgaitasuna % 65ekoa edo handiagoa denean.
Ikasleak berak badu % 33 eta % 65 arteko desgaitasuna eta mugikortasuna mugatuta badu, edo % 65eko edo goragoko desgaitasuna badu, kenkaria 4.000 eurokoa izango da. Mugikortasuna mugatuta duela ulertuko da dagokion lurralde historikoko foru-aldundiaren Mendekotasunaren Ebaluaziorako eta Orientaziorako Atalak mugikortasuna mugatuta duela iritzi badu, Desgaitasun-maila onartu, aitortu eta sailkatzeko prozedurari buruzko abenduaren 23ko 1971/1999 Errege Dekretuaren II. eranskinean xedatutakoari jarraikiz.
6.– 1.176 euroko kenkaria aplikatuko da 2021-2022 ikasturtean unibertsitate-ikasketak edo goi-mailako beste ikasketa batzuk egiten ari den anai-arreba konputagarri bakoitzeko, baldin eta ikasketak direla-eta familiaren bizilekutik kanpo bizi bada. Kenkari hori aplikatu ahal izateko, inguruabar hori eskaeran adierazi beharko da, horretarako aurreikusitako atalean.
20. artikulua.– Ondare-mugak.
Eskatutako beka ukatu ahal izango da, baldin eta, familia-errenta edozein dela ere, 2020ko abenduaren 31n familia-unitateko kide konputagarrien ondasunen balioak edo/eta etekinek honako muga hauek gainditzen badituzte:
1.– Hiri-finkak direnean, honako bi muga hauek ezin dira gainditu:
– Ohiko bizilekua eta trastelekua alde batera utzita, ondasun higiezin guztien katastroko balioen batura ezin da 42.900 eurotik gorakoa izan.
Halaber, ez dira kontuan hartuko norberaren konturako jarduera ekonomikoa egiteko erabiltzen diren higiezinak, baldin eta sostengatzaile ekonomiko nagusien diru-sarreren iturri badira. Salbuespen hau aplikatu ahal izateko, jarduera ekonomikoa 2020ko zerga-ekitaldian higiezin horretan helbideratuta dagoela egiaztatu beharko da.
– Bizikidetza- edo familia-unitateko kide konputagarrien jabetzako etxebizitzen gehieneko kopurua, ohiko bizilekua barne, ezin da bi etxebizitza baino handiagoa izan. Zifra hori zenbatesteko, kide konputagarrien jabetzakoak izan daitezkeen etxebizitzetako titulartasun-ehunekoak batuko dira. Ez dira etxebizitzatzat hartuko 5.000 eurotik beherako katastro-balioa duten higiezinak, baina kontuan hartuko dira katastroko balioen baturaren ondorioetarako.
Puntu honetan jasotako bi mugetan ez dira kontuan hartuko jabetza soileko ondasun higiezinak, gozamena bizikidetza-unitatetik kanpoko pertsona bati badagokio. Egoera hori Jabetza Erregistroko ohar soil batekin egiaztatu beharko da, egungo datakoa. Halaber, aitona-amonen bat bizikidetza-unitateko kide konputagarria bada, zenbaketatik jabetzako etxebizitza bat kenduko da.
a) Euskal Autonomia Erkidegoko udalerri batean dauden hiri-higiezinen katastro-balioa kalkulatzeko, katastro-balioa bider 0,36 egingo da.
b) Euskal Autonomia Erkidegotik kanpo dauden hiri-finken katastro-balioa kalkulatzeko, honako arau hauek aplikatuko dira:
Katastroko azken berrikuspenaren data eraginkorra 1990eko urtarrilaren 1etik 2002ko abenduaren 31ra artekoa baldin bada, katastro-balioak 0,49 koefizienteaz biderkatuko dira. Berrikuspen horren eguna 2002ko abenduaren 31ren ostekoa baldin bada, honako koefiziente hauek erabiliko dira katastro-balioak biderkatzeko:
0,43 koefizientea, 2003an berrikusi direnetarako.
0,37 koefizientea, 2004an berrikusi direnetarako.
0,30 koefizientea, 2005ean berrikusi direnetarako.
0,26 koefizientea, 2006an berrikusi direnetarako.
0,25 koefizientea, 2007an berrikusi direnetarako.
0,25 koefizientea, 2008an berrikusi direnetarako.
0,26 koefizientea, 2009an berrikusi direnetarako.
0,28 koefizientea, 2010ean berrikusi direnetarako.
0,30 koefizientea, 2011n berrikusi direnetarako.
0,32 koefizientea, 2012an berrikusi direnetarako.
0,34 koefizientea, 2013an berrikusi direnetarako.
0,36 koefizientea; 2014tik 2020ra bitartean berrikusi direnetarako.
Nafarroako Foru Komunitateko higiezinen katastro-balioa 0,50 koefizienteaz biderkatuko da.
Eskatzaileak higiezinaren katastro-berrikuspena zer urtetan egin den ziurtatu beharko du, dagozkion katastro-balioaren koefizienteak aplikatu ahal izateko.
2.– Landa-finkak.
a) Landa-finketan dauden eraikinen katastro-balioen batura –kanpoan utzita familiaren ohiko etxebizitza den eraikinaren katastro-balioa– ezin izango da 42.900 eurotik gorakoa izan. Eraikin horiei aurreko apartatuan ezartzen diren koefiziente biderkatzaileak aplikatuko zaizkie, eginiko azken katastro-berrikusketaren urtearen arabera.
b) Kide konputagarriek dituzten landa-finken katastro-balioen batura, familiako kide konputagarrien jabetzakoak diren eraikinen katastro-balioak kenduta, gehienez, 13.130 eurokoa izango da kide konputagarri bakoitzeko.
3.– Balio higigarriak.
Eskatutako ikasketa-beka edo -laguntza ukatu egingo da, baldin eta bizikidetza-unitatearen kapital higigarriaren etekin garbi murriztuen eta ondare-irabazi eta -galera garbien arteko batura 1.700 eurotik gorakoa bada, kasu honetan izan ezik: bizikidetza-unitatearen errenta garbiak ez gainditzea 17. artikuluan ezarritako 1. muga.
Batuketa horretan ez dira aintzat hartuko ohiko bizilekua erosteko edo birgaitzeko jasotako laguntzak, emantzipaziorako oinarrizko errenta eta jokoetan, lehiaketetan, zozketetan edo ausazko konbinazioetan eskudirutan ala gauzatan eskuratutako sariak, 1.500 eurora artekoak badira. Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren araudian xedatutakoaren arabera zenbatetsiko dira sari horietatik eratorritako ondare-irabaziak.
4.– Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren araudian xedatutakoaren arabera zehaztuko da ondarea adierazteko elementuen balioa.
Familiako kide konputagarriek arestian deskribatutako hainbat ondare-elementu dituztenean, elementu horietako bakoitzak dagokion mugarekiko duen balioaren ehunekoa kalkulatuko da.
Ikasketa-beka edo -laguntza aipatutako ehunekoen batuketak ehun gainditzen duenean ukatuko da.
5.– Merkataritza-, industria- edo lanbide-jarduerak.
Halaber, ukatu egingo da eskatutako ikasketa-beka edo -laguntza, baldin eta jarraian adierazten diren diru-sarreren batura, familiako kide konputagarri guztienak aintzat hartuta, 155.500 euro baino handiagoa bada:
a) Jarduera ekonomikoetatik datozen diru-sarrerak, zuzeneko zenbatespenean edo zenbatespen objektiboan.
b) Nortasun juridikorik gabeko erakundeen edo bestelako erakunde juridikoen bidez garatutako jarduera ekonomikoetatik datozen kide konputagarrien diru-sarrerak, jardueren guztizko diru-sarrerei erakunde horietako partaidetza-ehunekoa aplikatu ostean.
Kide konputagarriek dituzten ondare-elementuen balioari % 50eko murrizketa aplikatuko zaio; kasu horretan ez dira sartzen sostengatzaile nagusiak.
Salbuespen gisa, COVID-19ak eragindako osasun-krisiarengatik haien 2021eko egoera ekonomiko familiarra larriki kaltetua izan den eta 2020ko ekitaldia kontuan hartuta jarduera ekonomikoen gehieneko muga gainditu izanagatik beka-eskaera ukatu zaien eskatzaileek eskubidea izango dute % 5eko kenkari bat jasotzeko, jarduera ekonomikoetatik lortutako diru-sarreren baturaren gainean.
Horretarako, egiaztatu beharko da bizikidetza-unitatearen sostengatzaile ekonomiko nagusiek COVID-19aren eraginak pairatu dituztela lanean. Halaber, justifikatu beharko da langabezian, aldi baterako enplegu-erregulazioko espedientean, enplegu-erregulazioko espedientean edo (autonomoen kasuan) jarduera ixteko egoeran 2021. urtean egon direla eta egoera horrek gutxienez 3 hilabete iraun duela.
21. artikulua.– Betekizun akademikoak.
1.– I. kapituluan jasotako irakaskuntzetan, bai eta 22. artikuluan adierazitako ikasleen kasuan ere, soilik egiaztatu beharko da ikaslea 2021-2022 ikasturterako matrikulatuta dagoela.
2.– II. kapituluan jasotako irakaskuntzetan, 2021-2022 ikasturtean matrikulatuta egoteaz gain, betekizun hauek ere eskatuko dira:
a) Ez egotea maila errepikatzen.
b) Ikasturteren bat ikasketarik egin gabe igaroz gero, egin den azken ikasturteari dagokionez eskatuko dira adierazi diren betekizunak.
c) Ikasketa guztiak edo zatiren bat beka baten bitartez egin badira eta ikasketak aldatzen badira, ezin izango da bekarik jaso aldaketa horrek hezkuntza-prozesuaren barruan urte bat edo gehiago galtzea badakar. Ez da laguntza galduko bakarrik baldin eta indarrean dagoen legedian aurreikusten bada irakaskuntzako beste maila edo gradu batera pasatzea aurretik egindako ikasketen jarraipena izan daitekeela. Autonomia-erkidego honetatik kanpo bekadun izan diren ikasleek bekadun-izaera egiaztatu beharko dute. Gainerako ikasleen kasuan, automatikoki egiaztatuko da hori.
d) Oso-osoan bekarik gabe egindako ikasketak aldatzen badira, ikasketa berrietan beka lortzeko, eskatzaileak utzitako ikasketetako azken ikasturtean lortu beharreko errendimendu akademikoa hartuko da betekizuntzat.
e) Lanbide Heziketako goi-mailako graduko irakaskuntzetarako, Arte Plastiko eta Diseinuko irakaskuntzak eta Kirol-irakaskuntzetako bigarren mailarako, eskatzaileak 2020-2021 ikasturtean egindako ikasketen ehuneko laurogei eduki beharko du gaindituta, gutxienez.
f) Lanbide Heziketako eta Batxilergoko ikasketak aurrez aurre eta matrikula osoan egiten ez dituzten ikasleek errendimendu akademikoan izandako bikaintasunari lotutako zenbateko finkorako, oinarrizko bekaren zenbatekorako eta zenbateko osagarrirako ezarritako zenbatekoen % 50 jaso ahal izango dituzte, eta beka hori dagokion ikasketa-planean ezarritako ikasturte kopuruan baino ikasturte batean gehiago baino ezingo dute jaso.
g) Hizkuntza-ikasketetan, beka lortu ahal izango da dagokion ikasketa-planean ezarritako urte kopuruan eta gehienez ere 2 hizkuntzatarako, betiere aldi berean egiten ez badira.
3.– Musika-ikasketetan, hezkuntza-prozesuan bekadun gisa jarraitzeko, ikasleak landutako musika-tresna edo emandako jakintzagaia hartuko da kontuan, maila goragokoa denean.
4.– Ikasleak genero-indarkeria jasan duten bizikidetza-unitatekoak badira, eta aipatutako egoera justifikatzeko urruntze-agindu judiziala, kondena-epai judiziala edo oinarrizko gizarte-zerbitzuen txostena aurkezten bada, betekizun akademikoak bete barik ere eman egingo dira laguntzak.
22. artikulua.– Hezkuntza-laguntzako behar espezifikoak dituzten ikasleei zuzendutako ikasketa-laguntzak eta subsidioak.
1.– Ikasketa-laguntzen eta subsidioen hartzaile izango dira Haur Hezkuntzako bigarren zikloko, Lehen Hezkuntzako, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako, Batxilergoko, erdi-mailako eta goi-mailako heziketa-zikloetako, oinarrizko heziketa-zikloetako eta otsailaren 28ko 127/2014 Errege Dekretuaren laugarren xedapen gehigarrian jasota dauden lanbide-heziketako gainerako heziketa-programetako ikasketak egin eta tipologia hauetakoren batean edo gehiagotan dauden ikasleak:
a) Desgaitasunaren edo jokabide-nahasmendu larriaren ondorioz hezkuntza-laguntzako behar espezifikoak dituzten ikasleak.
b) Berariazko hezkuntza-premiei lotutako komunikazio- eta hizkuntza-nahasmen larriak dituzten ikasleak.
c) Autismoaren espektroko nahasmendua duten ikasleak.
d) Adimen-gaitasun handiaren ondorioz hezkuntza-laguntzako behar espezifikoak dituzten ikasleak.
2.– Subsidioak eskola-jantokiko gastuetarako eta eskola-garraioaren gastuetarako izango dira, eta familia ugarikoak diren eta desgaitasunaren edo jokabide-nahasmendu larriaren ondorioz hezkuntza-behar bereziak dituzten ikasleei emango zaizkie. Subsidioak emateko, ez dira kontuan hartuko familiaren errenta eta ondarea.
3.– Honako hauek dira aurreko apartatuko a), b) eta c) letretan adierazitako ikasleentzako laguntzen eta subsidioen osagaiak eta zenbatekoak:
(Ikus .PDF)
4.– Adimen-gaitasun handiaren ondorioz hezkuntza-laguntzako behar espezifikoak dituzten ikasleei 913 euro eman dakizkieke laguntza bakar gisa, Administrazioak doan ematen ez dituen kolektibo horri zuzendutako programetan izena ematetik eta bertan parte hartzetik eratorritako gastuak ordaintzeko. Alabaina, laguntza hori ez da emango programak doakoak badira. Osagai hori emateko, gaitasun handi hori egiaztatu beharko dute behar bezalako kualifikazioa duten langileek, eta hezkuntza-administrazioak ezarritako baldintzetan.
5.– Pedagogia-berreziketarako laguntzen, hizkuntza-berreziketarako laguntzen eta adimen-gaitasun handiaren ondoriozko laguntzen eskaerarekin batera, zerbitzu hori ematen duen zentroak edo berrezitzaileak egindako txosten bat aurkeztuko da. Bertan, zerbitzuari buruzko informazioa emango da, zehazki: ezaugarriak, asteko eta ikasturteko ordu kopurua, zein espezialistak ematen duen eta hilabeteko eta guztirako kostua, ikasturteko. Eman beharreko laguntzaren zenbatekoa zehazte aldera, aintzat hartuko da, gehienez ere, ikasturte akademikoak irauten duen 10 hilabeteetatik eratorritako gastua.
Zerbitzu edo funts publikoek edo, hala badagokio, ikastetxeei zerbitzu hori finantzatzeko emandako laguntzek behar bezala estaltzen badituzte gastuak, ez da laguntza edo subsidiorik emango. Haur Hezkuntzan ez da emango eskola-materialerako laguntzarik.
6.– Errenta-muga hau aplikatuko da hezkuntza-laguntzako behar espezifikoak dituzten ikasleentzako ikasketa-laguntzen osagaiak emateko: 17. artikuluko 2. muga.
23. artikulua.– Datuak egiaztatzea.
1.– Eskatzaile guztien datuak automatikoki ekarri ahal izateko interkomunikazio-sistema elektronikoak erabilgarri ez dauden bitartean, eskatzaileek, eskaerarekin batera, kasu bakoitzean aipatzen diren agiriak aurkeztu beharko dituzte. Hori horrela izanda ere, sailak zuzenean egiaztatu ahal izango du administrazio eskudunarekin, beharrezkotzat jotzen badu.
Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27ko 2016/679 (EB) Erregelamenduaren 6.1 artikuluaren c) eta e) letren arabera –datu pertsonalen tratamenduari dagokionez pertsona fisikoen babesari eta datu horien zirkulazio askeari buruzkoa da erregelamendu hori–, Hezkuntza Sailak datu hauek egiaztatuko ditu administrazio eskudunarekin: familiako kide guztien errenta eta ondarea zehazteko beharrezkoak direnak eta beka izapidetzeko erabilgarriak direnak.
2.– Ikusten bada beka edo laguntza emateko beharrezkoak diren betekizunak faltsutu direla edo laguntza ukatzeko arrazoi diren gorabeherak ezkutatu direla, ukatu, aldatu edo errebokatu egingo da eskatutako beka edo laguntza.
3.– Errenta-iturriak ezkutatuz gero, eskatutako laguntza ukatu, aldatu edo errebokatu egingo da. Berdin dio iturri horiek norberaren konturako lana, besteren konturako lana, pentsioak, lanbide liberaleko jardunak, nekazaritza, abeltzaintza, industria edo merkataritza ustiapenak, kapital higigarriak, finkak, ibilgailuak, aparatuak edo bestelako ondare-elementuak diren. Horrek ez du esan nahi bidezko diren gainerako egintzetatik libre geratzen denik.
4.– Administrazioak, aurreko atalean aipatutako ezkutatze hori gertatzen dela egiaztatzeko, edozein froga mota erabili ahal izango du eta, bereziki, foru-aldundietako ogasun-departamentuetan eta Ogasun Ministerioan dauden datuak.
5.– Egiaztatu beharreko datu ekonomikoak atzerrikoak badira eta/edo Euskal Autonomia Erkidegoko foru-ogasunen esku ez badaude, eskatzaileak eman egin beharko du ondorio horietarako beharrezkotzat jotzen den dokumentazioa, eta beka edo laguntza ukatu, aldatu edo errebokatu egingo da datuok behar bezala egiaztatzen ez badira.
6.– Ikasleak matrikula ezeztatzen badu edo ikasketak uzten baditu, ukatu, aldatu edo errebokatu egingo dira emandako bekak edo laguntzak.
7.– Ikasketa-beka edo -laguntza ukatu, aldatu edo errebokatu ahal izango da, baldin eta bizikidetza-unitateek justifikatzen badituzte objektiboki gastu-maila horretatik beherago dauden diru-sarrerak baina ez badute egiaztatzen zer baliabide duten bizitzeko.
8.– Hezkuntzako lurralde-ordezkaritzek beharrezko ikusten dituzten agiri osagarriak eskatu ahal izango dituzte, kasu bakoitzaren gorabehera bereziak behar bezala jakiteko.
Aurreko paragrafoan xedatutakoa enpresa txiki eta ertainen kasuan ere aplikatuko da, baldin eta horien titularrak merkataritza-sozietateak badira, kide konputagarrietakoren bat sozietate horietako bazkide, partaide eta abar bada, eta, aldi berean, sozietate horietan langile bada.
24. artikulua.– Eskaerak aurkeztea.
1.– Eskaera adin nagusiko ikasleak edo adingabe emantzipatuak egingo du; adingabe emantzipatu gabeen kasuan, berriz, aitak, amak edo legezko ordezkariak.
2.– Eskaera egiteko, eskaera-formulario telematikoa bete beharko da Hezkuntza Sailaren egoitza elektronikoan, helbide elektroniko honetan: www.euskadi.eus/unibertsitateaz-kanpoko-bekak
Deialdiaren II. eranskinean dago eskaera-eredua.
Formularioan «telefono mugikorra» eta «helbide elektronikoa» atalak betetzeko aukera ageri da. Bete ostean, ulertzen da eskatzaileak baimena ematen diola Hezkuntza Sailari agindu honetako I. eranskineko 30. artikuluan aurreikusitako ohar osagarriak helarazteko.
3.– 2020-2021 ikasturtean beka jaso zuten eta matrikula kudeatzeko aplikazioan jasota dauden ikasketak egiten ari diren ikasleei beteta emango zaie eskaera-formularioa. Formulari hori telematikoki eskuratu ahal izango da, helbide elektroniko honetan: www.euskadi.eus/unibertsitateaz-kanpoko-bekak Halaber, paperean eskuratu ahal izango da ikastetxean.
Formularioan ageri diren datuak zuzenak direla egiaztatu ostean, edota egin beharreko aldaketak egin ondoren, eskaera aurkeztuko da:
a) Telematikoki, aplikazioan eskaera-formularioa elektronikoki sinatuta edota ikastetxean jasotako formularioan ageri den egiaztapen-kodearen bidez.
b) Formularioa paperean sinatuta, eta honako toki hauetakoren batean aurkeztuta:
– Beka-eskaeraren xede diren ikasketak egiteko ikastetxeetan.
– Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16. artikuluak zehaztutako tokietan, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta haren erakunde autonomoen erregistroen sorrera, antolaketa eta funtzionamenduari buruzko apirilaren 29ko 72/2008 Dekretuan adierazitakoetan.
4.– Gainerako ikasleek modu hauetako batean egin ahal izango dute eskaera:
a) Elektronikoki. Horretarako, esteka honetan sartu sartu www.euskadi.eus/unibertsitateaz-kanpoko-bekak eta urrats hauek egin behar dira:
– Ziurtagiri digitala baliatuta sartu (NAN, Izenpe txartela...) edota itsasontzien jokoa erabilita (B@kq); edo, halakorik izan ezean,
– sisteman erregistratuta, helbide elektroniko baten bidez eta honako bide hauetako bati jarraituta:
1.– HNA (Hezkuntza Nortasun Agiria) eta ikaslearen jaioteguna.
2.– Nortasun Agiri Nazionala (NAN), haren iraungitze-data zehaztuta. Eskatzailea atzerritarra baldin bada, atzerritarren identifikazio-zenbakia (AIZ) eta jaioteguna adierazi beharko ditu, eta, hala badagokio, atzerritarren identifikazio-txartelaren zenbakia (AIT). Kasu batean eta bestean, eskatzailearen nortasuna egiaztatu egingo da, datuak egiaztatzeko zerbitzuaren bitartez. Zerbitzu hori Administrazio Elektronikoari buruzko 21/2012 Dekretuaren bigarren xedapen gehigarrian jasota dago.
Eskaera elektronikoki egin eta gero, eranskin honen 26. artikuluan zerrendatuta dauden dokumentuak eskaneatuta atxiki eta elektronikoki sinatu beharko da eskaera. Hori egin arte eskaera ez da erregistratutzat eta egintzat joko.
b) Elektronikoa ez den beste bide batetik. Horretarako, eskaera-formularioa aplikaziotik inprimatu beharko da, edo ikastetxean eskatu, eta berau sinatu eta hurrengo artikuluan zerrendatutako dokumentuak erantsi. Eskaera hori toki hauetako edozeinetan aurkez daiteke:
– Beka-eskaeraren xede diren ikasketak egiteko ikastetxean.
– Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16. artikuluak zehaztutako tokietan, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta haren erakunde autonomoen erregistroen sorrera, antolaketa eta funtzionamenduari buruzko apirilaren 29ko 72/2008 Dekretuan adierazitakoetan.
25. artikulua.– Eskaerak aurkezteko epea.
1.– Eskaerak eta beharrezkoa den dokumentazioa aurkezteko epea agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean hasiko da, eta 2021eko irailaren 30ean bukatu.
2.– Beka- edo laguntza-eskaerak epe horretatik kanpo aurkeztu ahal izango dira kasu hauetan:
a) Eskaerak aurkezteko epea amaitu eta gero aurkeztutako matrikulak badira, betiere matrikula-eskaeraren kopiarekin batera egiten bada eskaera, matrikula egin eta gehienez ere hilabeteko epean.
b) Aipatutako epeak igaro ostean familiaren sostengatzaile nagusia hiltzen bada, edo arauzko adina betetzeagatik ez den bestelako arrazoirengatik nahitaezko erretiroa hartzen badu.
c) Justifikatutako arrazoi bat dela eta, ikaslearen familiaren egoera ekonomikoak kalte larriak izan baditu.
Nolanahi ere, eskaera berriak 2022ko martxoaren 31ra arte soilik onartuko dira.
26. artikulua.– Aurkeztu beharreko agiriak.
1.– Beka-eskaerarekin batera, agiri hauek aurkeztu behar dira:
a) Errolda-ziurtagiria, familia- edo bizikidetza-unitatearen etxean erroldatuta dauden pertsona guztiak jasoko dituena.
b) Dibortzioa, banantzea, erregistratutako izatezko bikotearen desegitea edo antzeko egoerak egonez gero, dibortzio- edo banantze-epaiaren eta hitzarmen arautzailearen fotokopia, baldin eta lehenago aurkeztu ez bada. Hitzarmen arautzailean aldaketarik egin bada, azken hitzarmen arautzailea aurkeztu beharko da. Konpentsazio-pentsioaren egiaztagiri eguneratua, beharrezkoa bada, eta seme-alabentzako mantenu-pentsioarena (diru-sarreraren fotokopia) eta, hala badagokio, aitaren edo amaren ezkontidearen edo bikotekidearen diru-sarreren ziurtagiria.
c) Gizarte-laguntzen hartzaile izanez gero, udaleko gizarte-zerbitzuek edo beste entitate edo elkarte ongile batzuek egindako ziurtagiria.
d) PFEZaren aitorpenaren ondorioetarako konputagarriak ez diren diru-sarrerak izanez gero, ezintasun iraunkor absolutuko edo baliaezintasun handiko pentsioaren ziurtagiria, zurztasun-pentsioarena, kaleratzearen kalte-ordainena eta abar.
e) Agindu honen 19. artikuluan aurreikusitako kenkariak sorraraz ditzaketen kasuak egiaztatzeko agiriak.
f) Deialdi honen II. kapituluak aipatzen dituen irakaskuntzen kasuan, 2020-2021 ikasturtean lortutako batez besteko notaren ziurtagiria.
g) Honako hauek izan ezean, ikaslearen eta eskaera egiten duenaren nortasuna egiaztatzeko agiria aurkeztu beharko da: sailaren identifikazio-zenbakia, nortasun-agiri nazionala, atzerritarren identifikazio-zenbakia edo atzerritarren identifikazio-txartela.
h) Gurasoen etxetik irten dela eta ekonomikoki independentea dela egiaztatzeko, eskatzaileak frogatu beharko du bere bizileku propioan –ez gurasoen etxean– erroldatuta dagoela –erositako zein alokatutako etxebizitza batean, bakarrik zein partekatuta–; edota zurztasun-egiaztagiria, bizitzeko dituen baliabideen egiaztagiria eta egoitza nolakoa den (erositakoa edo alokatutakoa) egiaztatzeko dokumentazioa aurkeztu beharko du.
i) Familia-harreran diren ikasleen kasuan, harrerari buruzko aginduaren eta dagokion aldundiak erabakitako harrera-baldintzen fotokopia, aldez aurretik aurkeztu ez bada.
j) Bizikidetza-unitatearen diru-sarrerak eta ekonomia-egoera adierazteko, eskatzaileak garrantzitsutzat jotzen dituen edozein agiri: kaleratze-kitapenak, enplegu-erregulazioko espedienteak, behar bezala erregistratutako dohaintzak eta abar.
2.– Eskatzailea izango da eskaeran ematen duen informazio ekonomikoaren erantzule; hala, legez behartuta egongo da bizikidetza- edo familia-unitatearen diru-sarrera eta ondare guztiak egiaztatzeko agiriak aurkeztera. Eskatu den laguntza ukatu ahal izango da, baldin eta bizikidetza- edo familia-unitatearen bizi-baliabide guztiak egiaztatzeko agiriak aztertuta, Administrazioak uste badu egiaztatu diren diru-sarrerak bizikidetza- edo familia-unitatearen gastuak baino txikiagoak direla, aurkeztu den informazioaren edo kanpoko datu batzuen arabera.
Aipatutako zergaren ondorioetarako aitortutako diru-sarreren datuak eta/edo zerga horretatik kanpo aitortutakoak txikiagoak badira Diru-sarrerak Bermatzeko Errentaren edo urte horretan erroldatuta egon zen autonomia-erkidegoko laguntza baliokidearen erregulazioaren arabera bizikidetza-unitateari legokiokeen zenbatekoa baino, justifikatu beharko da zergatik ez zen eskaera egin edo zergatik ukatu zitzaion, eta urte hartako bizi-baliabideak egiaztatu beharko dira (Gizarte Segurantzaren Institutu Nazionalaren eta Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoaren laguntzak eta udal-, foru- edo probintzia-laguntzak, halakorik balego), udaleko gizarte-laguntzako zerbitzuek edo beste entitate edo elkarte ongile batzuek egindako ziurtagiria aurkeztuz.
3.– Errenta-aitorpena beste autonomia-erkidegoren batean aurkeztu duten bizikidetza-unitateek edota aurkeztutako aitorpenak diru-sarrera guztiak ez baditu, esandakoaz gain, honako hauek ere aurkeztu beharko dituzte:
a) Sostengatzaile nagusiaren 2020ko ekitaldiko errenta-aitorpenen (PFEZ) fotokopia guztiak eta, hala badagokio, zerga horren aitorpena egin beharra daukaten gainerako kide konputagarrienak. Langile autonomoen kasuan, jardueraren etekinak kalkulatzeko aitorpen-orria erantsi beharko da.
b) Kide konputagarri guztiek lortutako diru-sarrerak egiaztatzen dituzten agiriak (gizarte-laguntzak jasotzen badituzte, dagokion organismoak egindako ziurtagiria; PFEZaren aitorpenaren ondorioetarako konputagarriak ez diren diru-sarrerak, zenbatekoa dela-eta aitortu gabeko diru-sarrerak, balio higigarrien errendimenduak, banku-gordailuak, kontu-korronteen interesak...).
c) Profesional eta enpresaburuek aurkeztutako ordainketa zatikatuen aitorpenen fotokopiak.
4.– PFEZaren aitorpena aurkezteko obligaziorik izan ezean, kide konputagarri guztiek eskuratutako diru-sarreren egiaztagiri guztiak aurkeztu beharko dira (gizarte-laguntzak jasotzen badituzte, dagokion organismoak egindako ziurtagiria; PFEZaren aitorpenaren ondorioetarako konputagarriak ez diren diru-sarrerak, zenbatekoa dela-eta aitortu gabeko diru-sarrerak, balio higigarrien errendimenduak, banku-gordailuak, kontu korronteen interesak...); era berean, profesionalek eta enpresaburuek aurkeztutako ordainketa zatikatuengatiko aitorpenen fotokopiak ere aurkeztu beharko dira, baita artikulu honetako lehen apartatuan jasotako informazioa ere.
5.– Desgaitasunaren edo jokabide-nahasmendu larriaren ondorioz hezkuntza-laguntzako behar espezifikoak dituzten ikasleentzako garraio-laguntzen eta -subsidioen kasuan, eskola-garraioan egindako gastuaren ziurtagiriak aurkeztu beharko dira.
6.– Pedagogia-berreziketarako laguntzen, hizkuntza-berreziketarako laguntzen eta adimen-gaitasun handiaren ondoriozko laguntzen kasuan, zerbitzu hori ematen duen zentroak edo berrezitzaileak egindako txostena aurkeztu beharko da. Bertan, zerbitzuari buruzko informazioa emango da, zehazki: ezaugarriak, asteko eta ikasturteko ordu kopurua, zein espezialistak ematen duen eta hilabeteko eta guztirako kostua, ikasturteko.
7.– COVID-19ak eragindako osasun-krisiarengatik haien 2021eko errenta larriki kaltetua izan bada, egiaztatu beharko da bizikidetza-unitatearen sostengatzaile ekonomiko nagusiek COVID-19aren eraginak pairatu dituztela lanean. Halaber, justifikatu beharko da alarma-egoerak iraun duen bitartean langabezian, aldi baterako enplegu-erregulazioko espedientean, enplegu-erregulazioko espedientean edo (autonomoen kasuan) jarduera ixteko egoeran egon direla gutxienez 3 hilabetez.
27. artikulua.– Onuradunen betebeharrak.
1.– Ikasleak eskaera sinatuta aurkezteak, edo hura adinez txikia izanez gero haren ordez eskatzailearen legezko ordezkariak sinatzeak, esan nahi du sinadura horrekin erantzukizun solidariopean hau aitortzen duela:
a) Beka edo laguntzaren deialdiaren oinarriak onartzen dituela.
b) Eskaeran jarritako datu guztiak egiazkoak direla.
c) Beste edozein administrazio edo erakunde publiko edo pribaturen partetik bestelako beka edo laguntzarik eskuratuz gero, Hezkuntzako Lurralde Ordezkaritzako beka atalari jakinarazi beharko diola.
d) Beka edo laguntza jaso eta baliatu ahal izateko ezarritako baldintzak eta betekizunak betetzen dituela egiaztatuko duela, eta adierazten duela ez dagoela dirulaguntzen onuradun izateko gaitasunik gabe uzten duen inolako lege-auzitan sartuta.
e) Beka ematea bideratu zuten baldintzak bete direla egiaztatzeko beharrezko frogatze-jarduerei men egingo diela, eta Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak, dirulaguntzen nondik norakoak fiskalizatzean, eskatuko dioten informazio guztia emango duela.
f) Adieraztea, berariaz ikasketak edo ikastetxea aldatu baditu, aurreko urteetan bekadun izan dela.
g) Laguntza eman duen erakundeari jakinaraztea matrikula ezeztatu dela edo laguntza emateko kontuan hartutako beste edozein baldintza aldatu dela.
h) Beka zertarako eman den, hartarako erabiliko duela. Egoera hauetakoren bat gertatzen bada, ulertuko da beka ez dela erabili jatorrian zuen xederako:
– Ikastetxean baja ematea 2021-2022 ikasturtea amaitu baino lehen.
– Eskola-orduen % 80ra edo gehiagora joan ez izana, horretarako baimen edo lekapenik izan ez badu.
– Matrikulatutako ordu edo irakasgaien % 50 gainditu ez izana, ohiko edo ezohiko deialdian.
28. artikulua.– Eskaerak kudeatzea.
1.– Bekaren edo laguntzaren xede den ikasketa eskaintzen duen ikastetxeak honako funtzio hauek egingo ditu:
a) Ikastetxeko ikasleei eta familiakoei deialdiaren berri ematea; ikasketetarako laguntza edo beka bat eskuratu nahi badute, jarraitu beharreko prozeduraz eta aurkeztu beharrezko dokumentazioaz informatzea.
b) Prozesuaren segimendua egitea, eskatzaileei behar beste informazio emanez.
c) Ikastetxeko zuzendariak edota, hala badagokio, idazkariak egiaztatuko du datuak egiazkoak direla; hain zuzen ere, laguntza edo beka eskatzeko aplikazioko konfigurazio-tauletan bete dituztenak.
d) Ikastetxean paperean aurkeztu diren eskaerak sinatuta daudela egiaztatuko da lehenik, eta gero, dokumentazioarekin batera izapidetu eta alfabetikoki ordenatuko dituzte ikastetxeek. Azkenik, lurralde-ordezkaritza bakoitzari dagokion Zuzenean Zerbitzura igorriko dituzte, Hezkuntza Sailaren posta-zerbitzuaren bidez.
2.– Lurralde-ordezkaritzak eskaera guztiak eta aurkeztutako dokumentazioa jasoko ditu, eta espedienteak aztertuko ditu. Horrela, baloratuko du bekaduntzat hartzeko betekizun guztiak betetzen dituzten edo ez, eta zer osagaitarako eskubidea izango luketen, betiere Kudeaketa Ekonomikoaren Zuzendaritzarekin koordinatuta; izan ere, azken organo horrek bere gain hartzen du agindu honetan araututako bekak eta laguntzak kudeatzeko ardura.
3.– Lurralde-ordezkaritzak interesdunari eskatuko dio egindako akatsak zuzendu edo ebazpena emateko beharrezkoak diren dokumentuak atxiki ditzala. Horretarako, beren-beregi adieraziko dio zein den zuzendu beharreko akatsa edo aurkeztu beharreko dokumentua, eta hamar egun balioduneko epea emango dio, errekerimendua egiten den egunetik zenbatzen hasita. Halaber, bertan adieraziko zaio errekeritutakoa egiten ez badu, eskaeran atzera egin duela ulertuko dela eta eskaera artxibatu egingo dela, aurretiaz urriaren 1eko 39/2015 Legearen 21.1 artikuluan ezarritakoari jarraikiz horretarako ebazpena eginda. Abisu bat bidaliko da interesdunaren gailu elektronikora edo posta elektronikoko helbidera, esateko jakinarazpena eskuragarri duela.
29. artikulua.– Datuen babesari buruzko oinarrizko informazioa.
Datu pertsonalak tratatu egingo dira, eta tratamendu-jarduera honetan sartuko dira: laguntzak, dirulaguntzak eta unibertsitateaz kanpoko bekak
Arduraduna: Hezkuntza Saileko Kudeaketa Ekonomikoaren Zuzendaritza.
Helburua: unibertsitateko graduaren baliokide ez diren unibertsitateaz kanpoko ikasleei laguntzak, subsidioak eta bekak ematea, eta ikasleei eskola-garraiorako laguntzak eta Zuzendaritza honen beste laguntza batzuk ematea.
Legitimazioa:
– Tratamendua beharrezkoa da interes publikoaren izenean edo tratamenduaren arduradunari esleitutako botere publikoak egikaritzean egin behar den eginkizun bat betetzeko.
– 38/2003 Lege Orokorra, azaroaren 17koa, Dirulaguntzei buruzkoa.
– 1/1997 Legegintzako Dekretua, azaroaren 11koa, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duena.
– Hartzaileak:
– Ekonomia eta Ogasun Saila.
– Ikastetxe publikoak eta pribatuak.
Eskubideak: eskubidea duzu datuak irispidean izateko, datuak zuzentzeko eta ezerezteko, bai eta informazio gehigarrian adierazitako beste eskubide batzuk ere.
Informazio gehigarria: gure web-orrian kontsulta dezakezu datu-babesari buruzko informazio gehigarri eta zehatza: https://www.euskadi.eus/clausulas-informativas/web01-sedepd/es/transparencia/043500-capa2-es.shtml
Araudia:
Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra (https://eur-lex.europa.eu/legal-content/ES/TXT/HTML/?uri=CELEX:32016R0679&from=ES).
3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa (https://www.boe.es/buscar/doc.php?id=BOE-A-2018-16673).
30. artikulua.– Ebazpen-prozedura.
1.– Lurralde-ordezkaritzetan eskaerak jaso eta gero, horiek bekaren edo laguntzaren behin-behineko ebazpen-proposamenak egingo dituzte.
Lurralde-ordezkaritzek eginiko proposamenen arabera, Kudeaketa Ekonomikoaren Zuzendaritzak emango ditu bekari edo laguntzari buruzko behin-behineko ebazpen partzialak eta ondoz ondokoak.
2.– Kudeaketa Ekonomikoaren zuzendariak onartu dituen behin-behineko ebazpenen jakinarazpena Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoko iragarki-taulan argitaratuko da, honako webgune honetan: https://euskadi.eus Horrez gainera, Hezkuntza Sailaren web-orrian ere argitaratuko dira: http://www.hezkuntza.ejgv.euskadi.eus
Emandako dirulaguntzetan, osagaiak eta emandako zenbatekoak zehaztuko dira, eta, hala badagokio, ukatutako osagaiak eta horretarako arrazoiak ere bai.
Alegazioak aurkezteko 15 egun naturaleko epea hasiko da, jakinarazpenaren datatik aurrera.
3.– Alegazioak aztertu ondoren eta epea igarotakoan, aurretik egin beharreko egiaztapenak eta izapideak eginda, Kudeaketa Ekonomikoaren zuzendariak behin betiko ebazpena egingo du.
Emandako laguntzetan, osagaiak eta emandako zenbatekoak zehaztuko dira, eta, hala denetan, ukatutako osagaiak eta horretarako arrazoiak ere bai.
Kudeaketa Ekonomikoaren zuzendariak onartu dituen behin betiko ebazpenen jakinarazpena Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoko iragarki-taulan argitaratuko da, honako webgune honetan: https://euskadi.eus Prozedura-ebazpen horren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Administrazio eta Zerbitzuetako sailburuordeari, hilabeteko epean, jakinarazpena egin eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita. Horrez gainera, Hezkuntza Sailaren web-orrian ere argitaratuko dira: http://www.hezkuntza.ejgv.euskadi.eus
4.– Sei hilabeteko epean ebatzi eta jakinaraziko dira laguntza guztiak, deialdia argitaratzen denetik aurrera zenbatuta. Epe hori bukatu eta ebazpen espresurik eman eta jakinarazten ez bada, interesdunek ezetsitzat jo beharko dituzte eskaerak, hala ezartzen baita Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 24. artikuluan, hargatik eragotzi gabe gerora espresuki ebaztea.
5.– Hori hala izanik ere, organo kudeatzaileak beste aukera bat ere badu: interesdunei jakinarazpenen abisuak bidaltzea, SMSak edo mezu elektronikoak igorriz, eskaeretan jarri zituzten telefono mugikorretara eta helbide elektronikoetara. Abisu horiek ez dute inolaz ere jakinarazpen eginaren ondoriorik izango.
6.– Beken behin betiko ebazpenean, jantoki-osagaiari dagokion zenbatekoa kalkulatzeko, data horretan dauden datuak erabiliko dira. Ondoren, maiatzaren azken astean, aldatu egin badira jantokira bertaratutako egunak edo beka hori emateko kontuan hartu ziren baldintzak, beka berriz kalkulatuko da, deialdi honen 34. artikuluaren arabera.
31. artikulua.– Gerora sortutako egoera berriak.
1.– Eskatzaileak alegatzen duenean kide konputagarrien ekonomia-egoera nabarmen aldatu dela 2020. urtetik aurrera (erreferentzia-urtea), kasu horiek kontuan izango dira.
a) Familiaren ekonomia-egoera berria kontuan hartzeko, ezinbestekoa izango da egoera sorrarazi duten gertakariak eta horien nondik norakoak adieraztea eta agiri bidez egiaztatzea.
b) Bide beretik, beka edo laguntza ematerakoan edo ukatzerakoan, familiaren ondarea osatzen duten ondasunen izaera haztatuko da, bai eta errenta osatzen duten diru-sarrerena ere, batez ere kaleratzearen kalte-ordainen edo kide konputagarrien ekonomia-egoeran kalte larriak eragiten dituzten bestelako gorabeheren kasuan.
c) Bizikidetza-unitatearen sostengatzailea hiltzen edo ezinbestean erretiratzen bada, edota ikaslearen familiaren egoera ekonomikoak kalte handiak izaten baditu –betiere justifikatutako arrazoiren bat dela eta–, aintzat hartu ahal izango dira inguruabar horiek, baita unitatearen ekonomian duten eragina ere, sortutako egoera berria kontuan hartuta.
2.– Gerora sortutako egoera berri horiek, artikulu honen aurreko apartatuan ezarritakoaren arabera justifikatuak, kontuan hartuko dira eskaerak onartzeko epea amaitzen den arte: 2022ko martxoaren 31.
32. artikulua.– Beste erakunde batzuekin elkarlana.
Hezkuntza Sailak foru-aldundietako ogasun-departamentuekin lankidetza kudeatuko du, baita administrazio publikoetako beste edozer erakunderekin ere, honako xede hauek lortzeko:
1.– Baliabide tekniko fiskalak erabiltzea, eskatzaileen familien errenten eta ondarearen benetako balioak neurtu ahal izateko.
2.– Kasu jakin batzuetan egiaztatze eta kontrol lanetarako laguntza teknikoa jasotzea. Eragiketa horietan eraginkortasun handiagoa lortzeko, Hezkuntza Sailak foru-aldundietako ogasun-departamentuetako Datuak Prozesatzeko Zentroei eskatuko die banaka edo bereziki ikertu behar diren kasuen zerrenda.
33. artikulua.– Laguntzak ordaintzea.
1.– Laguntza dena batera ordainduko da, hilabeteko epean, Kudeaketa Ekonomikoaren zuzendariak behin betiko ebazpena ematen duenetik aurrera.
2.– Eskabidean jasota dagoen kontu korrontean sartuko da laguntzaren zenbatekoa; betiere, bizikidetza-unitateko kide konputagarri batek izan behar du kontuaren titularra. Alabaina, ez dira horrela ordainduko kudeaketa zuzeneko jantoki-zerbitzua duten ikastetxe publikoetan ikasten duten ikasleen jantokirako laguntzak; izan ere, halakoetan, laguntzen zenbatekoak ikastetxeen kontuan sartuko dira zuzenean.
3.– Jarritako gora jotzeko errekurtsoen ondorioz gorantz aldatu beharko balitz emandako laguntzen zenbatekoa, ordainketa osagarri bat egin beharko da hilabeteko epean, aipatutako errekurtsoak osorik edo zati batean onesten dituen ebazpena ematen den egunetik kontatzen hasita.
34. artikulua.– Aldatzea, errebokatzea eta itzultzea.
1.– Aldaketa gauzatzea adostu daiteke baldin eta beka edo laguntza emateko kontuan hartutako baldintzak aldatzen badira, bestelako laguntzak edo dirulaguntzak pilatuta eskuratzen badira eta helburu bera duten bestelako diru-sarrera edo baliabideak jasotzen badira. Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen 49.12 artikuluari jarraituz (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretua), bekak emateko ebazpena aldatzeko, beka edo laguntzaren onuradun izateko ezarritako gutxieneko betekizunak babestu behar dira.
Beka eman izana aldatzeko ebazpenak espedientearen entzunaldi- eta ikustaldi-izapidea izan behar du aldez aurretik, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legeak 82. artikuluan aurreikusten duen moduan.
2.– Errebokatu eta, hala badagokio, itzuli egingo da beka edo laguntza emandako helburu espezifikorako erabiltzen ez denean, laguntza eskuratzeko eskatutako baldintzak betetzen ez direla egiaztatzean eta Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen 53. artikuluan jasotako gainerako kasuetan (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretua). Errebokatzea erabaki ondoren, emandako zenbatekoa oraindik ordaindu ez bada, ezingo da ordainketa eskatu, eta, ordainduta egonez gero, jasotako zenbatekoak eta horien legezko interesak itzuli beharko dira.
Itzultzeko prozedura, berriz, aipatutako Legearen 53.4 artikuluan eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuaren 4. eta 5. artikuluetan xedatzen da.
Itzulketa agintzen duen ebazpenean, beharrezko informazioa jasoko da, itzulketa egiteko betebeharra bete dezan, legezko diruz edo txekez edo Ekonomia eta Ogasun sailburuak baimendutako beste edozein bide erabiliz. Horretarako, bi hilabeteko epea emango zaio, dirua itzuli behar duela dioen ebazpena jakinarazten zaionetik aurrera.
Itzuli beharreko diruaren zenbatekoaren eta ikaslearen bizikidetza-unitatearen kaudimen ekonomikoaren arabera, Ekonomia eta Ogasun Sailak ordainketa gehienez hiru zatitan eta urtebeteko epean egitea onar dezake, interesdunak hala eskatuz gero, betiere Euskal Autonomia Erkidegoan diru-bilketaren inguruan indarrean dagoen araudiak xedatutakoari jarraituz.
Eskuratutako zenbatekoak borondatez itzultzen ez badira, premiamendu-bideari ekingo zaio.
3.– Ikasketa-laguntzak aldatzeko, errebokatzeko edo itzultzeko ebazpenen berri eman ahal izango zaie agintari fiskal, akademiko edo, hala badagokio, judizialei, sor daitezkeen gainerako erantzukizunak eskatzeko.
35. artikulua.– Bateragarritasuna.
Eranskin honetan araututako ikasketa-laguntzak, bekak eta subsidioak bateragarriak izango dira entitate publiko edo pribatuetatik helburu bererako jaso daitekeen beste edozein onurarekin, betiere horiek guztiak batuta ez bada gainditzen laguntzaren xede den gastuaren % 100. Kasu horretan, dagokion zenbatekoa murriztu egingo da.
36. artikulua.– Ikuskatzea.
Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak ahalmena izango du nahi beste ekintza egiteko, bai datuen egiazkotasuna eskatu eta egiaztatzeko, bai eranskin honetan araututakoa betearazteko.