Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

139. zk., 2021eko uztailaren 15a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

KULTURA ETA HIZKUNTZA POLITIKA SAILA
4024

AGINDUA, 2021eko ekainaren 18koa, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuarena, zeinaren bidez iragartzen eta arautzen baitira 2021. urteko goi-mailako kirol-lehiaketak antolatzeko dirulaguntzak.

Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak, agindu honen bidez, dirulaguntzen lerro bat ezartzen du Euskal Autonomia Erkidegoan goi-mailako kirol-lehiaketak antolatzen laguntzeko.

Izan ere, goi-mailako kirol-lehiaketak antolatzeko jarduerak sustatzeari garrantzizko irizten dio Eusko Jaurlaritzak, eta horregatik egiten du deialdi hau. Oro har, kirola bultzatzeko pizgarri dira lehiaketok, lehiarako marko bat eskaintzen die goi-mailako euskal kirolariei eta jarduera ekonomikoa sortzen dute.

Euskadiko kirolari buruzko ekainaren 11ko 14/1998 Legearen arabera, goi-mailako kirola herri-interesekoa ere bada; izan ere, batetik, funtsezko faktorea da Euskal Autonomia Erkidegoan oinarrizko kirola garatzeko, eta, bestetik, Estatu-mailako eta nazioarteko kirol-lehiaketa ofizialetan errepresentazio-funtzioa du. Euskal Autonomia Erkidegoko instituzio komunei ematen die goi-mailako kirola antolatu eta sustatzeko eskumenaz baliatzeko ahalmena.

Agindu hau Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren 2021-2024ko Dirulaguntzen Plan Estrategikoaren barruan sartzen da. Sail horretako sailburuak onartu du plan hori, eta aipatutako sailaren webgunean dago argitaratuta.

Kontuan hartuta zer xedatzen duen Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen II. tituluaren IV. kapituluak, modu aktiboan hartuko da aintzat emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren helburua, diruz laguntzekoa den programa hau landu eta aplikatzeko orduan.

Hortaz, ezarri behar dira, batetik, kirol-lehiaketak goi-mailakotzat hartzeko izan behar dituzten ezaugarriak definitzeko betekizunak eta irizpideak, eta, bestetik, aipatu dirulaguntzak eskatu, izapidetu eta ematea erregulatzeko arauak.

Horren ondorioz, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

1.– Agindu honetan, 2021. urtean Euskal Autonomia Erkidegoan egingo diren edo egiten hasiko diren goi-mailako kirol-lehiaketak antolatzeko dirulaguntzak emateko araubidea ezartzen da, artikulu honetan xedatutako eran. Deialdi hau helburu, honako hauek joko dira goi-mailako kiroltzat: nazioarteko eremu eta izaerako lehiaketak, honako baldintza hauek betetzen badituzte, betiere:

– Nazioarteko federazio baten, europar federazio baten edo nazioarte-mailako liga profesional baten egutegi ofizialaren barruan egon beharko dute.

– Mundu-mailako lehiaketetan, kontinente biko edo gehiagoko kirolariek hartu beharko dute parte.

– Lehiaketa guztietan, herrialde biko eta gehiagoko kirolariek hartu beharko dute parte.

– Zirkuitu edo ligaren formatuko lehiaketak, herrialde bitan edo gehiagotan antolatu beharko dira.

Tenisaren kirol-modalitateari dagokionez, honako hauek izango dira dirulaguntzen helburu: Europar Federazioaren, Tenis Profesionalaren Elkartearen eta Kirol Egokituaren Nazioarteko Federazioaren egutegi ofizialean sartuak diren kirol-lehiaketak.

Surfaren kirol-modalitateari dagokionez, honako hauek izango dira dirulaguntzen helburu: Nazioarteko Elkartearen, Europar Federazioaren eta Surflari Profesionalen Elkartearen egutegi ofizialean sartuak diren kirol-lehiaketak.

Boxeoaren kirol-modalitateari dagokionez, honako hauek izango dira dirulaguntzen helburu: nazioarteko titulu ofizial bat lortu daiteken goi-mailako kirol lehiaketen antolaketa.

2.– 2021. urtean hasten diren lehiaketetarako ematen diren dirulaguntzak ezingo dira erabili urtealdi horretatik kanpoko gastuak ordaintzeko.

3.– Agindu honetatik kanpo geratuko dira honako lehiaketa hauek: kirol-erakusketa edo -ikuskizunak eta nazioarteko eremua eta izaera ez dutenak.

4.– Dirulaguntzak lortzeko Euskal Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialak nahitaez erabili beharko dira proposatutako lehiaketan zehar, eta, zehazki, publizitateari eta agiriei dagokienez (gutunak, kartelak, liburuxkak, programak, megafonia, etab.)

5.– Ezingo dituzte inola ere dirulaguntza hauek eskatu, eta, hortaz, deialditik kanpo geratuko dira, bi sexuen arteko berdintasun-tratua eta -aukerak bermatzen ez dituzten egitasmoek.

2. artikulua.– Aurrekontu-zuzkidura.

2021eko ekitaldirako, kopuru honetan finkatu da deialdi honek aurreikusitako dirulaguntzen guztizkoa, gehienez ere: ehun mila (100.000) euro. Horietatik, 50.000 euro 2021. urterako ordainketa-kredituari dagozkio, eta, 50.000 euro, 2022rako konpromiso-kredituari.

3. artikulua.– Erakunde onuradun izateko betekizunak.

1.– Hauek dira agindu honen bidez arautzen diren laguntzak jaso ditzaketen erakundeak:

a) Kirol-federazioak, kirol-klubak, kirol-elkarteak eta kirola helburu duten merkataritza-sozietateak, baldin eta legez eratuak izanik erregistro egokian inskribaturik badaude.

b) Goragoko atalean aurreikusi gabeko erakunde nortasun juridikodunak, baldin eta betekizun hauek konplitzen badituzte: legez eratuak izatea, erregistro egokian inskribaturik egotea eta kirol-modalitateen inguruko jarduerak antolatzea aldian-aldian edo noizean behin.

2.– Ezingo dute dirulaguntzarik jaso Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13.2 artikuluan azaldutako egoeraren batean dauden pertsonek edo erakundeek.

Ezin izango dute deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzarik lortu laguntza publikoak lortzeko zigor administratibo edo penalen bat duten erakundeek, ez eta horretarako gaitasuna kentzen dien legezko debekuren bat dutenek ere. Halaber, ezin izango dute dirulaguntzarik lortu, zehapenak ezarritako epean zehar, sexu-bereizkeria dela-eta zigor administratibo edo penalen bat dutenek, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetako seigarrenean ezarritakoaren arabera.

Dirulaguntza hau ezin izango dute jaso Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak lehiaketa beragatik izapidetutako dirulaguntza izendunak hartu dituzten erakundeek.

3.– Halaber, onuradunek egunean izan beharko dituzte zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, bai eta dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak ere.

4.– Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 29. artikuluan eta uztailaren 21eko 887/2006 Araudiaren 68. artikuluan arautuarekin bat, diruz lagundutako jardueraren atal bat gauzatzea azpikontratatu ahal izango du erakunde onuradunak, baldin eta azpikontratazioaren ehunekoa ez bada jarduera horren % 50 baino gehiago.

5.– Ezin izango dute dirulaguntzarik jaso Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13.2 artikuluan jasotako gainerako debekuak dituzten erakundeek.

4. artikulua.– Emateko prozedura.

1.– Laguntzen zenbatekoa zehazteko, lehiaketa bidezko prozedura erabiliko da, eta horren ondorioz, Agindu honetako 2. artikuluan esleitutako zuzkidura ekonomikoa honelaxe banatuko da: 11. artikuluan zehaztutako irizpideak aplikatuz, balioespen-fasean eskabideek lortutako puntuazioaren arabera, betiere artikulu honen 3. paragrafoan ezarritako dirulaguntzaren zenbateko maximoa errespetatuz edo, kasua bada, txikiagoa izanez gero, eskatutako zenbatekoa.

2.– Dirulaguntzei buruzko proposamena eta ebazpena egiteko, betiere kontuan izan beharko dira ezarritako dirulaguntzako mugak.

3.– Jarduera bakoitzeko dirulaguntza hogei mila (20.000) eurokoa izango da, gehienez.

4.– Baldin eta, aurreko paragrafoan ezarritako muga aplikatzearen ondorioz, agindu honetan ezarritako balorazio-irizpideen araberako banaketarekin bat etorriaz esleitutako zenbateko guztia erabiltzen ez bada, beharrezko doiketak egin ahal izango dira gaindikina zenbateko osagarriak jaso ditzaketen onuradunen artean banatzeko. Banaketa berri hori egiteko, soberan geratzen den zenbatekoa lehen aipatutako mugak gainditu ez dituzten eskatzaileen artean banatuko da, artikulu honen 1. paragrafoan ezarritako prozedura bera erabiliz.

5. artikulua.– Eskabideak aurkeztea.

1.– Agindu honetan araututako dirulaguntzetarako eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.

2.– Erakundeek dirulaguntza bide elektronikotik izapidetu behar dute nahitaez, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14.2 artikuluan xedatutakoaren arabera. EAEko egoitza elektronikoan ere aurkeztu ahal izango dira edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aurreikusitako organoetan.

3.– Erakunde interesdunek Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan eskatu, kontsultatu eta egin ahal izango dituzte eskabideari buruzko izapide guztiak, helbide honetan: www.euskadi.eus/zerbitzuak/0096010

Eskaeraren osteko izapideak helbide honetan egingo dira: http://www.euskadi.eus/nirekarpeta

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan identifikazio eta sinadura elektronikorako onartzen diren bitartekoak eskuragarri daude helbide honetan: https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak.

Elektronikoki ere izapidetu ahal izango da, ordezkari baten bidez. Horretarako, ordezkaritza Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren ahalordetzeen Erregistro Elektronikoan inskribatu ahal izango da, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/ordezkariak

4.– Erakundeek eskabidea eta dokumentazioa euskaraz edo gaztelaniaz aurkez ditzakete, nahi duten eran. Prozedura osoan zehar, erakunde eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeari buruzko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan ezartzen den moduan.

5.– Eskabidea aurkezteak esan nahi du berariaz eta formalki onartu direla deialdi honen oinarrietan zehaztutako baldintzak.

6. artikulua.– Eskabidearekin batera aurkeztu beharreko dokumentazioa.

1.– Dirulaguntzaren eskaera aurkezteak berekin ekarriko du erakunde eskatzaileak baimena ematea organo kudeatzaileari automatikoki egiazta dezan, behar beste aldiz eta haren baimenik behar izan gabe, zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen direla. Hala ere, eskatzaileak modu arrazoituan aurka egin ahal izango du, eta, kasu horretan, dagozkion ziurtagiriak aurkeztu beharko ditu.

2.– Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartu zuen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren aldaketa aplikatuz, honako betebehar hauek konplitu direla egiaztatuko da eskabidean, erantzukizunpeko adierazpen bidez:

– Helburu bererako dirulaguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo beste baliabide batzuk eskatu, eta, hala badagokio, jaso direla adierazi beharko da, edozein administraziotatik edo erakunde publiko zein pribatutatik etorriak direla ere.

– Erakunde eskatzaileak ez du izan behar dirulaguntza edo laguntza publikoak eskuratzeko aukera ukatzen dion zehapen administratibo edo penalik, ezta dirulaguntzak jasotzeko legezko debekurik ere, sexuaren bereizkeriaren ondoriozkoak barne, hala xedatzen baitu Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetako seigarrenak.

– Era berean, erakunde eskatzaileak adierazi beharko du eskabideko eta erantsitako dokumentazioko datu guztiak egiazkoak direla, eta indarreko araudian xedatutako baldintzak betetzen dituela dirulaguntza horien onuradun izateko.

3.– Euskal Autonomia Erkidegoko inongo Erregistro publikotan izena emanda ez dauden erakundeen kasuan, erakundearen eratze-eskritura eta estatutuak.

4.– Ordezkaritza egiaztatzeko, hala dela sinesgarritasunez erakusten duen edozein bide erabili ahal izango da, zuzenbidean baliozkoa bada.

7. artikulua.– Jarduera esplikatzeko agiriak, eskabidearekin batera aurkeztu beharrekoak.

1.– Jardueraren memoria (II. eranskina).

2.– Nazioarteko federazioaren, Europako federazioaren edo nazioarteko liga profesionalaren egutegi ofizialeren kopia, zeinetan jasotzen baita zein lehiaketatarako eskatzen den dirulaguntza; edo, bestela, URL lotura, zeinetan kontsulta baitaiteke aipatu egutegia. Zirkuitu edo ligaren formatuko lehiaketei dagokienez, erantsi proba guztien egutegia eta haiek non egingo diren jasotzen dituen agiria.

3.– Kirol Kontseilu Gorenak nazioarteko lehiaketa egitea baimentzeko agiria. Lehiaketa ez bada egin eskabidea entregatutako unean, goian aipatutako dokumentua Kirolen Goi Kontseiluak egiten duenean entregatuko da.

4.– Lehiaketa jada egina bada, erantsi emaitza ofizialak, betiere parte hartu duten kontinenteak, herrialdeak eta kirolariak zenbat izan diren zehaztuaz. Lehiaketa ez bada egin, erantsi aurreko urteko emaitza ofizialak eta lehiaketan parte hartuko duten kirolari-kopuruari buruzko aurreikuspena.

5.– Lehiaketako programa eta kartela, emakumeen parte-hartzea sustatzen duten kirol-lehiaketako beste jarduera batzuk egiaztatuz, halakorik balitz. Era berean, maila edo parte-hartze txikiagoko kirol-lehiaketako beste jarduera batzuk egiaztatuko dira, halakorik balitz.

6.– Jarduerako sarrera eta gastuen aurrekontu banakatu eta zehaztua (III. eranskina).

7.– Jarduera beste erakunde publiko edo pribatuekin elkarlanean edo hitzarmen bidez garatzen bada, hori egiaztatzen duen hitzarmen edo kontratuaren kopia. Kasu horretan, eskatzailea ez den erakunde antolatzaileari dagokionez, goragoko paragrafoetan ezarritako agiriak eskatu ahal izango dira.

8.– Eskabidea baloratzeko egoki iritzitako bestelako dokumentazio osagarria.

Emandako dokumentazio guztiek hizkuntza inklusibo eta ez-sexista izan beharko dute. Gainera, emandako datu guztiek sexuaren arabera bereizita egon beharko dute.

8. artikulua.– Akatsak zuzentzea.

1.– Eskabidea izapidetzeko eskatzen diren agiri batzuk falta direla edo horietan forma-akatsak daudela ikusiz gero, edo eskabidea baloratzeko aurkeztutako agirietan akatsak aurkituz gero, hamar egun balioduneko epea emango zaio interesdunari huts-egitea konpontzeko edo aginduzko agiriak aurkezteko, eta jakinaraziko zaio hori egiten ez badu haren eskabidean atzera egin duela edo izapidetzeko eskubidea galdu duela ulertuko dela; betiere, aurrez, dagokion ebazpena emango da.

2.– Erakunde eskatzaileren batek eskabidea presentzialki aurkeztu badu, zuzenketak aurkezpen elektronikoaren bidez egiteko eskatuko zaio. Horretarako, zuzenketa egin zeneko eguna hartuko da eskabidearen aurkezpen-eguntzat.

9. artikulua.– Dirulaguntzak kudeatzea.

Eusko Jaurlaritzako Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zuzendaritzak kudeatuko ditu deialdi honetan aurreikusten diren dirulaguntzak.

10. artikulua.– Balorazio Batzordea.

1.– Balorazio Batzorde bat eratuko da aurkeztutako eskabideak eta agiriak aztertzeko. Honako hauek osatuko dute Batzordea: Eusko Jaurlaritzako Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren zuzendaria (Batzordeko presidentea izango da) eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak izendatutako arlo horretako bi teknikari (horietako bat idazkaria izango da). Batzorde horrek Fadurako Hobekuntza Teknikorako Zentroko langileen aholkularitza izango du dirulaguntza ebazteko erabilitako irizpide teknikoei eta kirol-irizpideei dagokienez.

2.– Era berean, Balorazio Batzordearen bileretara bertaratu ahal izango dira, hitzarekin baina botorik gabe, aztertu beharreko gaien inguruan jakintza espezifikoa duten pertsonak, bertaratuen gehiengoak onartuz gero.

3.– Balorazio Batzordea eratzerakoan, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen 3.7 artikuluan ezarritakoa beteko da.

4.– Balorazio Batzordearen osaera EHAAn argitaratuko da, eratu aurretik, interesa duen edozeinek aukera izan dezan beren errefusatze-eskubideaz baliatzeko, legez ezarritako egoera eta baldintzetan.

5.– Balorazio Batzordeak egokitzat jotzen dituen argibide guztiak eskatu ahalko dizkie eskatzaileei, aurkeztutako eskabideak behar bezala aztertu ahal izateko beharrezkoa dela irizten badio; era berean, beharrezkotzat jotako txosten teknikoak ere eskatu ahalko ditu.

6.– Batzorde horrek arrazoitutako ebazpen-proposamena egingo du, ezarritako esleipen-irizpideetan oinarrituta, eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuari helaraziko dio.

11. artikulua.– Balorazio- eta hautaketa-irizpideak.

Balorazio Batzordeak aztertuko ditu jasotako eskabideak, eta zehazten diren alderdiak ebaluatuko ditu, jarraian aipatzen diren baremo eta irizpideen arabera:

1.– Probaren edo lehiaketaren maila (50 puntura arte):

– Munduko txapelketak: 50 puntu.

– Europako txapelketa: 45 puntu.

– Munduko txapelketa, zirkuitu edo ligaren formatukoa: 30 puntu.

– Munduko kopa: 35 puntu.

– Kategoria goreneko nazioarteko probak: 20 puntu.

2.– Kategoria absolutua (10 puntu).

Lehiaketa kategoria absolutukoa dela egiaztatzen duten eskabideek 10 puntu lortuko dituzte; hala ez bada: 0 puntu.

3.– Lehiaketa programa olinpikoan sartuta egotea (10 puntu).

Lehiaketa programa olinpikoan sartua dela egiaztatzen duten eskabideek 10 puntu lortuko dituzte; hala ez bada: 0 puntu.

4.– Lehiaketa zenbat aldiz egin den (20 puntura arte): 2021eko edizioa kontuan izanik.

Edizio-kopuruaren arabera egingo da puntu-banaketa, taula honetan oinarriturik:

– 50 edizio baino gehiago: 20 puntu.

– 41-50: 15 puntu.

– 31-40: 10 puntu.

– 16-30: 5 puntu.

– 1-15: 0 puntu.

5.– Goi-mailako kirol-lehiaketari buruzko programan maila eta/edo partaidetza apalagoko lehiaketa-kirolen jarduerak sartzea (5 puntu).

Emakumeak gutxi ordezkatuta dauden kiroletan emakumeen parte-hartzea sustatzen duten lehiaketak direnean (15 puntu). Ordezkaritza txikia dela ulertuko da dagokion euskal federazioan emakumeen lizentzien kopurua% 50etik beherakoa bada.

12. artikulua.– Bateragarritasuna.

Agindu honetan ezarritako mugak eragotzi gabe, deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak eta beste edozein erakunde publikok edo pribatuk emandako dirulaguntzak, laguntzak, sarrerak eta bestelako baliabideak bateragarriak izango dira, baldin eta helburu bererako badira eta, betiere, gainfinantzaketarik gertatzen ez bada. Horretaz gain, kontuan hartu beharko da Agindu honen 3.2 artikuluan ezarrita dena. Izan ere, gainfinantzaketarik gertatuz gero, dagokion gehienezko mugaraino murriztuko da dirulaguntzaren zenbatekoa.

13. artikulua.– Ebazpena.

1.– Deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzei dagokienez, Balorazio Batzordeak helarazitako proposamena aztertu ondoren, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak eman eta jakinaraziko du ebazpena, sei hilabeteko epean, deialdia egiteko Agindu honek indarra hartzen duen egunetik aurrera. Ebazpen hori Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, denek horren berri izan dezaten.

2.– Ebazpen-epea igarota, interesdunari ebazpena jakinarazi ez bazaio, eskabidea ezetsi zaiola ulertuko da, hala xedatzen baita Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25. artikuluan.

3.– Aurreko paragrafoan esandakoa gorabehera, agindu honen 8. artikuluan xedatutakoa aplikatu behar bada, ebazpena emateko epea eten egingo da, izapide horrek eskatzen duen bezainbat denboraz, jakinarazpena jaso eta horri erantzuteko epearen arabera.

4.– Administrazio Elektronikoari buruzko otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuaren 30. artikuluan eta 39/2015 Legearen 43. artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz, jakinarazpena egintzat joko da haren edukira sartzen den unean. Kasuan-kasuan ezarritako epealdia, jakinarazpenaren xede-egintza jaso dela adierazteko sinadura elektronikoaren hurrengo egunetik aurrera hasiko da zenbatzen.

Jakinarazpenaren xede-egintza erakunde interesdunaren edo, hala badagokio, haren legezko ordezkariaren edo baimendutako pertsonaren eskura (aipatutako dekretuak adierazten duen helbide elektronikoan) jartzen denetik hamar eguneko epea igaro bada eta erakunde edo pertsona horrek ez badu jakinarazpen horren edukira jo, jakinarazpen horri uko egin diola ulertuko da. Halakoetan, izapidea gauzatutzat joko da, eta prozedurak aurrera jarraituko du, salbu eta, ofizioz edo pertsona edo erakunde hartzaileak hala eskatuta, eduki horietara jotzeko ezintasun tekniko edo materialik egon dela egiaztatzen bada.

Interesdunak gailu elektroniko bat eta/edo helbide elektroniko bat eman ahal izango du jakinarazpenen oharrak bidaltzeko. Ebazpenen jakinarazpen elektronikoak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoaren «nire karpeta» ren bidez egingo dira: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta.

5.– Jakinarazten den ebazpenaren kontra, edo ebazteko epea inongo ebazpenik gabe igarotakoan, interesdunek aukerako berraztertzeko errekurtso bat jarri ahal izango dute Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuaren aurrean, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 123. eta 124. artikuluetan ezarritakoarekin bat etorriz. Dena dela, uztailaren 13ko 29/1998 Legean aurreikusitakoaren araberako administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzeko aukera ere izan dezakete.

14. artikulua.– Dirulaguntzaren ordainketa.

1.– Dirulaguntza bi alditan ordainduko da: lehenean, diruz lagundutako zenbatekoaren ehuneko berrogeita hamar, esleipen-ebazpena jakinaraztean eta hura onartzeko epea igarotakoan gauzatuko da; eta bigarrena, gainontzeko berrogeita hamar, 2022ko urtarrilaren 1etik aurrera gauzatuko da, betiere diruz lagundutako lehiaketa justifikatzean, zeina 2022ko martxoaren 1 baino lehenago burutu beharko baita.

2.– Erakunde onuradunek egunean izan behar dituzte zerga-betebeharrak, Gizarte Segurantzarekikoak, eta dirulaguntza-itzultzearen ordainketak.

3.– Administrazioak laguntzak eta dirulaguntzak ordaindu ahal izateko, erakunde onuraduna Eusko Jaurlaritzako Ekonomia eta Ogasun Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoaren datu-basean sartuta egon behar da.

Izena emateko edo datuak eguneratzeko Eusko Jaurlaritzako Ekonomia eta Ogasun Saileko Hirugarren Erregistro Telematikoaren web orri hau erabili https://www.euskadi.eus/hirugarrenak.

15. artikulua.– Onuradunen betebeharrak.

Agindu honetan araututako dirulaguntzen onuradunek beti bete beharko dute Dirulaguntza Orokorrei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 14. eta 46. artikuluetan araututako betebeharren erregimena eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren –azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartua– 50.2 artikuluan ezarritako betebehar-erregimena; zehazki, honako hauek bete beharko dituzte edozein kasutan ere:

a) Diruz lagunduko den jarduera egitea.

b) Esleitutako dirulaguntza onartzea. Alde horretatik, dirulaguntza eman zaiela jakitera ematen duen jakinarazpena jaso eta hamabost egun balioduneko epean, onuradunek ez badiote idatziz eta espresuki uko egiten dirulaguntzari, onartu egin dutela ulertuko da.

c) Dirulaguntzarako eskabidea aurkeztu ostean burutzen bada lehiaketa, burututakoan, arbitroaren aktak eta lehiaketako behin betiko programa helaraztea Eusko Jaurlaritzako Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zuzendaritzari.

d) Aurkeztu den aurrekontuan agertzen diren gastuak ordaintzeko erabiltzea dirulaguntza, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuaren emate-ebazpenarekin bat etorriaz.

e) Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zuzendaritzari, Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari deialdi honen bidez jasotako dirulaguntzei buruzko informazioa ematea, haiek hala eskatuz gero beren funtzioen jardunean.

f) Jarduera beste dirulaguntza, laguntza, sarrera edo baliabide batzuekin finantzatu dela jakinaraztea dirulaguntza ematen duten organoari. Adierazitakoaren berri izan bezain laster egin beharko da jakinarazpen hori, eta, nolanahi ere, jasotako funtsei emandako aplikazioa justifikatu baino lehen.

g) Kontabilitate-liburuak, erregistro bideratuak eta gainerako agiriak behar bezala ikuskatuak izatea onuradunari kasu bakoitzean aplikatzekoa zaion merkataritza-legeriak eta sektorekoak eskatutako baldintzetan, eta dirulaguntzen oinarri arautzaileek eskatutako kontabilitateko egoera-orri eta erregistro espezifiko oro, egiaztatze- eta kontrol-jardun egokia bermatzeko.

h) Jasotako funtsen aplikazioa justifikatzen duten agiriak gordetzea, agiri elektronikoak barne, egiaztatze- eta kontrol-jardueretan eskatu ahal izango baitira.

i) Jarduerak irauten duen bitartean, leku agerian jarri behar da Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako Sailaren dirulaguntzaren berri, salbu eta dirulaguntza ematen bada lehiaketa egin ostean.

j) Jarduera aurkezteko burutzen diren ekitaldi publikoetara deitzea Eusko Jaurlaritzako Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zuzendaritza, salbu eta ekitaldia burutu ostean eman bada dirulaguntza; kasu horretan, dirulaguntza emateko ebazpena jakinarazten denetik aurrera sortutako agirietan jaso beharko da.

k) Sexismorik gabeko hizkera erabiltzea diruz lagundutako jarduerarekin lotutako ekitaldi guztietan, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legeak agintzen duenari jarraituz. Gizon eta emakumeen rolei dagokienez, erabilera estereotipaturik ez dagoela bermatzea.

l) Jasotako funtsak itzultzea deialdi honen araudian aurreikusitako kasuetan.

16. artikulua.– Dirulaguntzaren justifikazioa.

Justifikazioak bide elektronikoz aurkeztuko dira 2022ko martxoaren 1a baino lehen, Agindu honen 5. artikuluan ezarritako jarraibideei jarraituz eta dirulaguntzen justifikazioak aurkezteko, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 30. artikuluan kontuan hartuta.

Bide elektronikoz aurkezteko egiaztagiriak:

a) Jardueraren gauzatzeari buruzko memoria laburtuta, zeinetan, gutxienez, jasotzen baitira agindu honetan, baloratuko diren gaiak, datu guztiak sexuaren arabera bereizita dituela.

b) Dirulaguntzarako eskabidea aurkeztu ostean burutu bada lehiaketa, arbitroaren aktak, eta lehiaketako behin betiko programa.

c) Fakturen bidez eta zuzenbide- eta merkataritza-zirkulazioan froga-balio baliokidea duten edo administrazio-efikazia duten gainerako jatorrizko agirien bidez egiaztatuko dira gastuak. Faktura elektronikoen bidez ere egiaztatu ahal izango dira gastuak, baldin eta zerga-arloan onartuak izateko betekizunak betetzen badituzte, betiere.

Faktura eta dokumentu guztiak expedientera igo behar dira.

Aurkezten diren fakturak dirulaguntzan emandako kopurua justifikatu behar dute.

d) Jarduera-gastuen zenbatekoaren adinako diru-kopurua egiaztatuko da gaztu-zerrendan. (V. eranskina)

e) Ekitaldiaren aurrekontu gauzatuta; diru-sarrera eta gastu guztiak adierazita. Bereziki jaso beharko da helburu berarekin eskuratutako gainerako laguntzen zerrenda, baldin eta eskabideak aurkezteko unean haiek eraginkor izango ziren jakiterik ez bazegoen (IV. eranskina).

f) Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren laguntza berariaz aipatzen duten dokumentu guztien aleak, laguntza emateko ebazpenean ezarritako baldintzen arabera.

g) Jarduera edo programa gauzatzean Euskal Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialak erabili direla egiaztatzen duten agiriak.

17. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen gastuak.

1.– Diruz lagun daitezkeen gastutzat hartuko dira diruz lagundutako jardueraren izaerari zalantzarik gabe erantzuten diotenak, beharrezko direnak eta 2021. urtean ezarritako epean egiten direnak.

Diruz lagundutako gastuen eskuratze-kostuak ez du, inola ere, merkatuko balioa gaindituko.

2.– Horretarako, egindako gastutzat hartuko dira justifikatzeko epea amaitu aurretik egiazki ordaindu direnak.

3. –Sektore Publikoko Kontratuen azaroaren 8ko 9/2017 Legean kontratu txikirako ezarritako zenbatekoak gainditzen dituenean diruz lagundu daitekeen gastuaren zenbatekoak, onuradunak, zerbitzua edo ondasuna emateko konpromisoa hartu aurretik, hornitzaile desberdinen gutxienez hiru eskaintza eskatu beharko ditu, salbu eta ezaugarri bereziak izateagatik merkatuan ez badago halako zerbitzurik eskaintzen duen nahikoa erakunde, edo salbu eta gastua dirulaguntzaren aurretik egin bada.

Aurkeztutako eskaintzen artetik aukeraketa egiteko (justifikazioan edo, hala badagokio, dirulaguntzaren eskabidean aurkeztuko dira), efizientzia-eta ekonomia-irizpideak erabiliko dira, eta txosten baten bidez berariaz justifikatu beharko da proposamen ekonomikorik onena aukeratzen ez denean.

4.– Finantza-gastuak, aholkularitza juridiko edo finantzarioko gastuak, notario- eta erregistro-gastuak eta diruz lagundutako proiektua egiteko gastuak eta administrazio-gastu espezifikoak diruz lagundu daitezkeen gastuak dira, baldin eta diruz lagundutako jarduerarekin zuzenean lotuta badaude eta baldin eta hura behar bezala antolatzeko edo egiteko ezinbestekoak badira.

Honako hauek ezingo dira inolaz ere diruz lagundu:

a) Banku-kontuetako interes zordunak.

b) Interesak, errekarguak eta administrazio-zehapenak eta zehapen penalak.

c) Prozedura judizialen gastuak.

5.– Zergak diruz lagundu ahal izango dira, baldin eta onuradunak egiazki ordaintzen baditu. Ez dira inoiz diruz lagundu daitezkeen gastuak izango zeharkako zergak, baldin eta errekuperatu edo konpentsatu badaitezke; errentaren gaineko zerga pertsonalak ere ez.

6.– Zeharkako kostuak, diruz lagundutako jarduerari egotziko dizkio onuradunak, arrazoiz dagokion partean, oro har onartutako kontabilitate-printzipio eta -arauekin bat etorriz, eta, betiere, jarduera egiten den aldiari badagozkio kostu horiek.

18. artikulua.– Likidazio-ebazpena.

Dirulaguntza ematerakoan kontuan hartutako baldintzak aldatzen badira –dirulaguntzaren xedea bete bada, betiere– edo, hala badagokio, beste erakunde publiko zein pribatu batzuetatik bestelako dirulaguntza eta laguntza bateragarriren bat jaso bada, dirulaguntza emateko ebazpena aldatu ahal izango da dirulaguntzaren araudi erregulatzailean ezarritako baldintzetan eta dirulaguntzen arauak ezarritako onuradun izateko gutxieneko eskakizunak zaintzen badira. Horretarako, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak likidazio-ebazpena emango du, zeinetan doituko baitira esleitutako dirulaguntzaren zenbatekoak.

19. artikulua.– Ez-betetzeak.

1.– Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 53.1 artikuluan (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartua) eta Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren 37. artikuluan ezarritakoak dira ez-betetze kasuak.

2.– Horrelako ez-betetzeren bat gertatuz gero, jasotako zenbatekoak eta legezko berandutze-interesak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli beharko zaizkio, osotasunean edo partzialki, betiere xedapen hauen arabera: Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 37.1 eta 37.2 artikuluak; azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 53.1 eta 2. artikuluetan ezarritako baldintzak; eta Euskal Autonomi Elkartearen Aurrekontu Orokorren pentzutan ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen duen eta horien kudeaketan parte hartzen duten Izaki Laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezartzen dituen abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuaren 4. artikulua.

LEHEN XEDAPEN GEHIGARRIA.– Datu pertsonalak babestearen arloko informazio-klausula.

– Arduraduna: Kultura eta Hizkuntza Politika Saila; Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zuzendaritza.

– Helburua: 2021. urtean goi-mailako lehiaketak antolatzeko dirulaguntzak kudeatzea.

– Legitimazioa: Interes publikoan edo tratamenduaren arduradunari emandako ahalmen publikoak erabili bitartean egiteko bat betetzeko behar den tratamendua: 38/2003 Lege Orokorra, azaroaren 17koa, Dirulaguntzei buruzkoa; 1/1997 Legegintzako Dekretua, azaroaren 11koa, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duena; 14/1998 Legea, ekainaren 11koa, Euskadiko Kirolarena.

– Hartzaileak: arlo honetan eskumenak dituzten administrazio publikoei eman ahal izango zaizkie datu pertsonalak.

– Eskubideak: zuk zure datuak atzitzeko, zuzentzeko eta ezabatzeko eskubidea duzu, bai eta tratatuak izateko mugak jartzeko eta aurka egiteko ere, informazio gehigarrian esaten den moduan.

– Informazio gehigarria: datuen babesari buruzko informazio gehiago nahi baduzu, jo web-orri honetara: https://www.euskadi.eus/rgpd/0096010

BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA

Emango diren laguntzen guztizko bolumenak ez du gaindituko aipatutako zenbatekoa edo zenbateko hori handitzearen ondoriozkoa, baldin eta indarreko legeriaren arabera aurrekontu-aldaketak onartzen badira. Aldaketa horiek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko dira, jarduera fisikoaren eta kirolaren zuzendariaren ebazpen bidez.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari. Beraz, beronen aurka, interesdunek berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuari, hilabeteko epean, agindua argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, edo, bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusian, bi hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2021eko ekainaren 18a.

Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua,

BINGEN ZUPIRIA GOROSTIDI.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala