Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

138. zk., 2021eko uztailaren 14a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

KULTURA ETA HIZKUNTZA POLITIKA SAILA
3988

EBAZPENA, 2021eko uztailaren 7koa, HABEko zuzendariarena, zeinaren bidez arautzen baitira 2020-2021 ikasturtean HABEren komunikagaitasun-mailak euskaltegiko edo autoikaskuntzarako zentro homologatuetako ebaluazioan mailaren atalasea gaindituz, edota egiaztatzegintzaren eremuko deialdietan euskara-mailak edo baliokideak gainditu dituzten ikasleei dirulaguntzak emateko prozedura eta baldintzak, eta dagokion deialdia egiten baita.

Azaroaren 25eko 29/1983 Legeak sortu zuen Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakundea (HABE), helduen euskalduntzera zuzendua, ahalik eta euskal hiztun gehien lortzeko helburua duena.

Uztailaren 22ko 179/2003 Dekretuaren bidez, helduentzako euskararen irakaskuntza burutzen duten euskaltegien eta beste zentro homologatuen jarduera eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren aldetik jasotzen duten finantzazioa arautu zen.

Aipatu 179/2003 Dekretuaren 17. artikuluak dio HABEk ezar ditzakeela, osagarri gisa, bere aurrekontu-bitartekoen mugen barruan, beste dirulaguntza mota batzuk, Dekretu horretan aipatzen diren modalitate eta euskarrietan edo homologatutako sistemen bitartez, euskalduntze-prozesuetan murgilduta dauden ikasleei zuzenduak, horien emaitza akademikoen baitan.

Azaroaren 9ko 297/2010 Dekretuak, uztailaren 4ko 187/2017 Dekretuaren bidez aldatuak, euskararen ezagutza egiaztatzen duten titulu eta ziurtagirien arteko baliokidetzak finkatu eta Hizkuntzen Europako Erreferentzia Marko Bateratura egokitzen ditu.

2020ko urriaren 1ean indarrean sartu zen Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuaren 2020ko irailaren 9ko Aginduak eta honen huts-zuzenketa egiten duen 2021eko otsailaren 16ko Aginduak, euskarazko komunikagaitasun-mailen ebaluazioa eta egiaztatzegintza arautzen dute, eta euskara-ikasle helduentzako dirulaguntzen deialdietarako irizpideak finkatzen, HABEk kudeatzen dituen helduei zuzendutako euskarazko irakas- eta ikasprozesuen ebaluazioa eta euskararen erabilerarekin loturiko gaitasun- eta atalase-mailak egiaztatzen dituzten ikasleen ziurtagiri ofizialak erdiesteko prozedurak eta ebaluazio- eta egiaztatze-prozesu horiek gainditu dituzten euskara-ikasle helduei zuzendutako dirulaguntza-deialdiak egiteko irizpideak finkatzen.

Ikasleentzako dirulaguntza-deialdi honek, gainera, 2020. urteko laugarren ebaluazio-garaian A1, A2 edo B1 maila euskaltegiko ebaluazio jarraituaren harian Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuaren 2016ko azaroaren 23ko Aginduak aurreikusiari jarraikiz, HABEren Helduen Euskalduntzearen Oinarrizko Curriculumean ezarritako gaitasun-mailen ziurtagiriak eskuratu zituzten ikasleak ere bere baitara biltzen ditu.

Era berean, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak, 2021-2024 epealdirako Dirulaguntzen Plan Estrategikoa onartzen duen 2021eko otsailaren 18ko Aginduaren bitartez, aurreikusten du Hizkuntza Politika alorrean 5. helburu orokor bezala helduen euskalduntzea bultzatzea, «47130 euskara ikasleei zuzendutako dirulaguntzak» kodea duen ekintza-atalean.

Horrela, bada, ebazpen honen bitartez, 2020-2021 ikasturtean HABEren komunikagaitasun-mailak euskaltegiko ebaluazioan mailaren atalasea gaindituz, edota HABEren egiaztatze-deialdietan zein 297/2010 Dekretuan aurreikusitako erakunderen batean maila baliokideak egiaztatu dituzten ikasleei dirulaguntzak emateko baldintzak eta jarraibideak zehaztu nahi dira, horretarako beharrezko den deialdia eginez.

Horregatik, aipatu xedapenek eta HABEren arau organikoak onartzen dituen otsailaren 13ko 34/1996 Dekretuak eta urriaren 22ko 166/2019 Dekretuak, Hezkuntza Sailaren egitura organiko eta funtzionala ezartzen duen Dekretua eta HABEren arau organikoak onartzen dituen Dekretua aldatzen dituenak ematen dizkidaten eskumenez, eta indarrean dauden Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginak, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bitartez onartutakoak, eta Dirulaguntzen azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrak (aurrerantzean, DLO) eta uztailaren 21eko 887/2003 Errege Dekretuaren bidez onartutako haren erregelamenduak ezartzen dutenaren arabera,

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Deialdia egitea 2020-2021 ikasturtean HABEren komunikagaitasun-mailak euskaltegiko edo autoikaskuntzarako zentro homologatuetako ebaluazioan mailaren atalasea gaindituz, edota HABEren egiaztatze-deialdietan zein 297/2010 Dekretuan aurreikusitako erakunderen batean maila baliokideak egiaztatu dituzten ikasleei dirulaguntzak emateko, ebazpen honen eranskinean ezarritakoaren arabera.

Bigarrena.– Ebazpen honen aurka, bide administratiboa agortzen ez duenez, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuari. Horretarako, hilabeteko epea izango dute ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Donostia, 2021eko uztailaren 7a.

HABEko zuzendaria,

JOKIN AZKUE ARRASTOA.

I. ERANSKINA

1. oinarria.– Xedea eta baliabide ekonomikoak.

1.– Ebazpen honen xedea da euskaltegi publiko eta pribatu homologatuetako eta euskararen autoikaskuntzarako zentro homologatuetako ikasleei dirulaguntzak emateko baldintzak arautu eta aitortzeko prozedura onartzea, helduentzako euskararen irakaskuntza burutzen duten euskaltegien eta beste zentro homologatuen jarduera eta horien finantzazioa Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren aldetik arautzen duen uztailaren 22ko 179/2003 Dekretuaren 17. artikuluak ezarritakoa garatuz.

2.– Ebazpen honen xede diren laguntzetarako, 3.133.500 euroko kopurua jarriko da 2021. urtean, EAEko Aurrekontu Orokorretan horretarako dagoen partidaren kontura. Era honetan banatuko da kopuru hori:

a) 3.000.000 euro, deialdi honen epealdiaren barnean HABEren A1, A2, B1 eta B2 mailak Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuaren 2020ko irailaren 9ko Aginduan zehaztutako jarraibideen baitan euskaltegian gainditu edo HABEren egiaztatze-deialdietan egiaztatu edo agiri baliokideak lortu dituztenentzat.

b) 133.500 euro, HABEren C1 eta C2 mailak edo baliokideak egiaztatu dituztenentzat.

Azpiatal batetik bestera dirua pasatu ahal izango da, batean soberakinik egonda, bestean eginiko eskariei erantzuteko behar adina diru ez balego. Hala ere, diru-kopuru hori eskari guztien beharrei ebazpen honen 6. oinarrian ezarritako irizpideen arabera erantzuteko behar bestekoa ez balitz, hainbanatu egingo da zuzkidura ekonomikoa onuradunen artean, azpiatal bakoitzeko emaitzak errespetatuz.

3.– Eskatutako dirulaguntzen zenbateko osoa kontuan hartuta, oinarri honen 2. atalean ezarritako zenbateko osoa handitu ahal izango da a) azpiatalari lehentasuna emanez, baldin eta HABEren aurrekontuetan beste dirulaguntzetarako aurrekontu-sailen izakinak agortu ez badira. Aldaketa hori eskarien gaineko ebazpena eman aurretik egin beharko da.

Adierazitako aldaketaren berri HABEren zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez eman beharko da, EHAAn argitaratuko dena.

2. oinarria.– Onuradunak.

1.– Ebazpen honetan arautzen diren laguntzen onuradun izateko, ondorengo baldintzak bete behar dira, betiere azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartzen duen Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginean eta Dirulaguntzen Lege Orokorraren 13. artikuluan jasotakoaren arabera:

1) Euskal Autonomia Erkidegoan edo Trebiñu Konderrian erroldatuta egotea deialdi hau argitaratzen denean.

2) HABEren erregistroan inskribatutako euskaltegi edo euskararen autoikaskuntzarako zentro homologatu batean matrikulatua egotea 2020ko ekainaren 1etik 2021eko irailaren 30era bitarteko epealdian eta dagozkion matrikula-prezioak euskaltegi edo autoikaskuntzarako zentro homologatuei ikasleak norberak ordainduak izatea.

3) 2020-2021 ikasturtean jarraian zehazten diren HABEren komunikagaitasun-mailetariko bat euskaltegiko edo autoikaskuntzarako zentro homologatuetako ebaluazioan gainditu edo HABEren egiaztatze-deialdietan agiria eskuratu edo maila horren baliokidea lortu izana:

– HABEren zuzendari nagusiaren ebazpenez deituta 2020. urteko laugarren ebaluazio-garaian A1, A2 edo B1 maila egiaztatu izana, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuaren 2016ko azaroaren 23ko Aginduak HABEren Helduen Euskalduntzearen Oinarrizko Curriculumean ezarritako gaitasun-mailen ziurtagiriak eskuratzeko prozedurak ezartzen dituenak, eta agindu hau aldatuz Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak 2018ko ekainaren 7an emandako Aginduak dioenaren arabera.

– HABEren A1, A2, B1 eta B2 komunikagaitasun-mailetako atalasearen ebaluazioa euskaltegian gainditu izana, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuaren 2020ko irailaren 9ko Aginduan zehaztutako moduan, ikastaroaren zehar zein amaieran.

Ikasle hauek laguntza hauen onuradun izateko, oinarri honetako beste baldintzak betetzeaz gain, honako baldintza hauek ere bete beharko dituzte:

Lagundu nahi den maila lortzeko ikasleak egin duen ikastaroa bere osoan amaitu behar du. Betiere:

a) Oro har, gutxienez 50 ikastordu hartuak eduki beharko ditu eta udako ikastaroetan 30 ordu.

b) Asistentziari dagokionez, gutxienez ikastaroaren % 75eko betetze-maila izan beharko du: aurrez aurreko ikasjardunean, gutxienez, euskaltegiak emandako ikastorduen % 75 hartuak izan beharko ditu; eta autoikaskuntzan, berriz, mintza-saioetan izandako asistentzia orduekin, gutxienez ikastaroaren ordu teoriko guztien % 7,5era iritsi.

Gaitasun-mailaren aurrerapenari dagokionez, ikasleak:

a) A1 mailaren laguntza lortzeko: ikastaroaren hasieran, gehienez, A1A0 abiapuntua izan beharko du, eta bukaeran, gutxienez, A1A1 lorpen maila.

b) A2 mailaren laguntza lortzeko: ikastaroaren hasieran, gehienez, A2A1 abiapuntua izan beharko du, eta bukaeran, gutxienez, A2A2 lorpen maila.

c) B1 mailaren laguntza lortzeko: ikastaroaren hasieran, gehienez, B1A2 abiapuntua izan beharko du, eta bukaeran, gutxienez, B1B1 lorpen maila.

d) B2 mailaren laguntza lortzeko: ikastaroaren hasieran, gehienez, B2B1 abiapuntua izan beharko du, eta bukaeran, gutxienez, B2B2 lorpen maila.

Indarrean dagoen HABEren zuzendari nagusiaren 2020ko irailaren 23ko Ebazpenaren –euskaltegiek eta autoikaskuntzarako zentroek 2020-2021 ikasturtean zehar bete beharreko jarraibideak izan ditzaten 2020/2 jardunbidea emateko dena– eranskinaren 3.2.2 puntuan jasotakoaren arabera, ikasleak mailaren atalasearen gaineko ebaluazioa gainditu duela frogatzen duten lau trebetasuneko proben lekukoak igo behar dira Q87ra derrigorrez. Bestela, ikasleak euskaltegian maila gainditu arren, ez du aukerarik izango deialdian parte hartzeko.

– HABEren zuzendari nagusiaren ebazpenez deitutako 2020. urteko deialdietako bigarren azterketaldietan, edo 2021eko deialdietako lehen azterketaldietan parte hartu eta B1, B2, C1 edo C2 maila egiaztatu izana.

– Halaber, dirulaguntza hauetarako eskubidea izango dute euskaltegi edo autoikaskuntzarako zentroetako ikasleek ere, zehaztutako baldintzak beteta, uztailaren 4ko 187/2017 Dekretuaren bidez aldatutako azaroaren 9ko 297/2010 Dekretuak HABEren euskara-maila batekin baliokidetutako euskara-maila bat 2020ko irailaren 1etik 2021eko abuztuaren 31ra bitartean (dagokion deialdiaren eragin-dataren arabera) egiaztatu eta ebazpen honen 3. oinarrian zehaztutakoaren arabera eskaera egiten dutenek.

4) Zigor eta administrazioaren arloan dirulaguntza publikoak jasotzeko debekurik ez izatea, ezta laguntzak jasotzeko ezgaitzen duen legezko debekurik ere, sexua dela-eta eragindako bereizkeriengatikoak barne, hain zuzen Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legeak xedatutakoarekin bat etorriz.

5) Dirulaguntzak arautzen dituen azaroaren DLOaren 13. artikuluaren 2. atalean aipatutako egoeretan ez egotea. Eta zehazki, zerga guztiak ordainduta edukitzea eta Gizarte Segurantzarekiko ordainketak egunean izatea, baita EAEko Administrazio Orokorrarekiko dirulaguntzak itzultzearen ondoriozko obligazioak ordainduta izatea.

2.– Dirulaguntzen deialdi honetatik at geldituko dira:

1) Herri Administrazioak finantzatuta eskolatu diren ikasleak.

2) Dirulaguntza gai den egiaztatutako maila, aurreko ikasturteren batean egiaztatutakoaren baliokidea edo beheragokoa denean.

3) Deialdi honetako dirulaguntza zuritzeko baliagarri den epealdian, euskaltegietako matrikulazioaren kudeaketarako aplikazioaren arabera, euskaltegi edo autoikaskuntzarako zentroan egindako mailak baino beheragokoa gainditu edo egiaztatu dutenak. Gainera, dirulaguntza zuritzeko baliagarri den epealdian maila bat baino gehiago egin duten ikasleek gainditu edo egiaztatutako mailei dagozkien dirulaguntzak jasotzeko eskubidea izango dute bakarrik.

3. oinarria.– Jarraibidea, agiriak eta eskariak aurkezteko epeak.

1.– Baliabide elektronikoak zein aurrez aurrekoak erabili ahal izango dira eskabidea egiteko, kontsultak egiteko edo deialdi honi buruzko edozein izapide egiteko.

a) Bide elektronikoa: izapidetzaren jarraibideak jasotzen dituen administrazio-prozeduraren fitxa, adierazpen-arduratsuak eta ereduak, baita eskaera-formularioa ere https://euskadi.eus/zerbitzuak/1038704 helbidean egongo dira eskuragarri. Eskabidea bide elektronikoz aurkeztu ondorengo izapideak helbide honetan egingo dira «Nire karpeta»-ren bitartez: https://www.euskadi.eus/nire-karpeta/web01-sede/eu/

b) Aurrez aurre: eskaria egiteko formularioa (ebazpen honen II. eranskina) eskuragarri izango da Euskadiko Autonomia Erkidegoaren Administrazio Publikoaren Egoitza Elektronikoan, https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1038704 helbidean. Ordenagailuan bete, inprimatu eta sinatu ondoren aurrez aurre aurkeztu behar izango da HABEren bulegoetan aurretiazko hitzordua hartuta (https://www.euskadi.eus/s23-aphitzor/eu/aa14aUIWar/habe/aa14aInit.jsp?lang=eu Zuzenean zerbitzuaren bulegoetan bakarrik aurretiazko hitzordua hartuta https://www.euskadi.eus/zuzenean-aurrez-aurreko-arreta/web01-a2zuzen/eu/), helbidean edo horretarako bakarrik jarritako 945 01 90 00 telefonoan, EAEko erregistro osagarrietan (Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta haren erakunde autonomoaren erregistroen sorrera, antolaketa eta funtzionamenduari buruzko apirilaren 29ko 7272008 Dekretuan jasotakoetan) edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aurreikusitako organoetan.

Aurrez aurreko bidea edo bide elektronikoa erabiltzeak, bai eskabideak aurkeztean, bai dokumentazioa aurkeztean, ez du behartzen prozedurako hurrengo izapideetan erabiltzera, Administrazio Elektronikoari buruzko 21/2012 Dekretuak ezartzen duen bezala. Dirulaguntza aitortu ondoren, gainerako eginkizunak eta izapideak, jakinarazpenak barne, «Nirekarpeta»-ren bidez egingo dira, https://www.euskadi.eus/nire-karpeta/web01-sede/eu/

2.– Aipatutako Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazio Publikoaren Egoitza Elektronikoaren helbidean eskaria egiteko formularioa eskuragarri izango dute eskatzaileek, bertan eskatzen den informazio eta datuak betetzeko, besteak beste:

– Eskatzailearen oinarrizko datuak (identifikazio- eta errolda-datuak eta bankuko kontu zenbakia).

– Egiaztatutako maila edo mailak, eta euskaltegian lortutako B1 edota B2 komunikagaitasun-maila, mailaren atalasearen ebaluazioa euskaltegian gainditu bada.

– Egiaztatze-agiria eman duen erakundea.

– Matrikulengatik ordaindutako diru-kopuruak.

– Erantzukizunpeko adierazpenak.

– Baimenak.

3.– Eskabidea aurkeztean, eskatzaileak baimena ematen dio dirulaguntzen organo kudeatzaileari dokumentazioa eskuratzeko, bide presentziala nahiz telematikoa erabiliz. Eskatzaileak uko egin diezaioke Administrazioak egiaztapena zuzenean egiteari, eta, kasu horretan, interesdunak berak aurkeztu beharko du dokumentazio osoa.

Laguntzen eskatzaileek zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituztela egiaztatzen duen dokumentazioa berez egiaztatuko du organo kudeatzaileak, eta, horretarako, ez du eskatzaileen baimenik beharko, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina aplikatuz.

4.– Aurrez aurre edo elektronikoki aurkeztutako dokumentuek baldintza hauek bete behar dituzte:

– Eredu deskargagarriak erabiliko dira, halakorik dagoenean, eredu formatuan.

– Gainerako dokumentazioa, ahal bada, pdf formatuan aurkeztuko da.

– Dokumentazio elektroniko guztien gehieneko tamaina 30 Mb-koa izango da.

5.– Eskabideak aurkezteko epeak.

Kasu guztietan interesdunek 2021eko irailaren 9tik urriaren 8ra bitarteko epea, biak barne, izango dute dirulaguntzaren eskabide aurkezteko.

6.– Eskabidea aurkezteak esan nahi du berariaz eta formalki onartzen direla deialdi honen oinarrietan zehaztutako baldintzak.

4. oinarria.– Aurkeztutako eskabidearen hutsuneak zuzentzea.

Ikasleak aurkeztutako eskabidean agiriren bat falta bada, edota okerren bat badago, hala jakinaraziko zaio, hamar eguneko epea emanez okerrak zuzen ditzan, eta, horrela egin ezean, eskabideari uko egin zaiola ulertuko da, aldez aurretik emandako ebazpenaren bidez.

5. oinarria.– Dirulaguntzen organo kudeatzailea.

HABEko Zuzendaritza Nagusiari dagokio, Kudeaketa Zerbitzuko Ekonomia eta Administrazio Unitatearen eta Ikuskatzailetzaren bitartez, deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak kudeatzea.

6. oinarria.– Dirulaguntza esleitzeko eta neurtzeko irizpideak.

1.– Gainditu edo egiaztatu den maila bakoitzeko, ikasleak 2019-2020 eta 2020-2021 ikasturteetan matrikuletan ordaindutako kopurua eskura dezake, gehieneko muga hauekin:

– HABEren A1 maila: 600 euro.

– HABEren A2 maila: 800 euro.

– HABEren B1 maila edo baliokidea: 900 euro.

– HABEren B2. maila edo baliokidea: 1.000 euro.

– HABEren C1 maila edo baliokidea: 150 euro.

– HABEren C2 maila edo baliokidea: 100 euro.

2.– Maila bakoitzerako ikasketak behin bakarrik lagunduko zaizkio diruz ikasleari bere ibilbide osoan zehar. Era berean, maila bat gainditu edo egiaztatu ondorengo dirulaguntza zuritzeko beharrezkoa izan den matrikularen zenbatekoa ez da konputatuko beste maila bat egiaztatu izanagatiko laguntza zuritzeko.

7. oinarria.– Ebazpena, jakinarazpena eta dirulaguntzaren ordainketa.

Deialdi honetan zehaztutako irizpideak aplikatu ondoren, HABEren zuzendari nagusiak eskabideen gaineko ebazpenak emango ditu, eta interesdunei jakinaraziko Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren Egoitza Elektronikoaren iragarki-taula elektronikoan (http://www.euskadi.eus/iragarki-taula-elektronikoa) argitara emanez eta «Nirekarpeta»-ren bidez, https://www.euskadi.eus/nire-karpeta/web01-sede/eu/. Hau guztia, 2021eko abenduaren 20a baino lehen.

Era berean, emandako dirulaguntzen publizitateari dagokionez, aipatutako ebazpenak HABEren web-orrialdean argitaratuko dira Euskadiko Autonomia Erkidegoaren Administrazio Publikoaren Egoitza Elektronikoaren iragarki-taulan argitara ematen diren egun berean.

Eskabideen gainean emandako ebazpenek ez dute bide administratiboa agortzen, eta interesdunek, horien kontra, gora jotzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuari, jakinarazpena egin eta hurrengo egunetik aurrera hilabeteko epean, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluetan jasotakoaren arabera.

Ebazpenaren jakinarazpena aurreikusitako epe-mugan jasotzen ez bada, onuradunek ulertu ahal izango dute beren eskabidea ezetsia izan dela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen Legearen 25. artikuluan zehaztutakoaren ondorioz.

Dirulaguntzen ebazpena emanda, dirulaguntza ordainketa bakarrean kitatuko da banku-transferentzia bidez. Nolanahi ere, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak edo erakunde autonomiadunek ezaugarri bereko dirulaguntza batzuk eman izana dela-eta horiek itzultzeko edo zigortzeko prozesuren bat oraindik ere izapidetzen ari bada, prozesu hori amaitu egin beharko da onuradunei dirulaguntzak eman eta ordaindu ahal izateko.

8. oinarria.– Bateragarritasuna.

Emango den dirulaguntza bateragarria izango da xede berarekin jaso daitekeen beste ororekin, baldin eta gainfinantzaketarik ez badago laguntzen den xedearen guztirako kostuan. Horrelakoetan, dagozkion kenketak egingo dira, aldea ez ordainduz edo dagokion kopurua itzultzeko eskatuz.

HABEk eskubidea izango du eskatzaile bakoitzak emandako edozein datu beste administrazio publikoekin erkatzeko, betiere deialdi honen xede den gaiari atxikita.

9. oinarria.– Onuradunaren betebeharrak.

1.– Onuradunek, oro har, DLOren 14. eta 46. artikuluetan eta azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bitartez onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 50.2 artikuluan jasotakoak bete beharko dituzte.

2.– Eta zehazki, ebazpen honetan araututako dirulaguntzen onuradunek beti izango dituzte honako betebehar hauek:

1) Laguntza eman duen erakundeak egingo dituen egiaztatzeen menpe eta Eusko Jaurlaritzako Ekonomia eta Ogasun Sailaren Kontrol Ekonomikoko Bulegoak burutuko duen ikuskaritzaren menpe egon beharko du, deialdi honen bitartez eskuratu diren dirulaguntzei dagokienez. Era berean, Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren araudi bereziko neurrien menpe ere egon beharko du.

2) Beste edozein administrazio, erakunde publiko edo pribatuk helburu bererako emandako dirulaguntzak eskuratuz gero, horren berri eman beharko dio HABEri.

3) Laguntza ematerakoan kontuan izandako dena delako egoera objektibo edo subjektiboa aldatu egin bada, horren berri eman beharko dio HABEri.

4) Horretaz gain, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak ezarritako betebeharrak eta gaiari ezar dakizkiokeen gainerako xedapenek ezarritako betebeharrak ere izango ditu.

10. oinarria.– Baldintzak aldatzea, arauak ez betetzea eta itzulketak.

Deialdi honek arautzen dituen dirulaguntzez gain eta berauek ebatzi ondoren, kanpoko beste dirulaguntzak eskuratzeak horren berri HABEri ematea erakarriko du, baita erakunde honek aurretiaz emandako dirulaguntzaren aldaketa egitea ere, betiere deialdi honen 8. oinarrian aurreikusitako gainfinantzaketa ekiditeko besteko proportzioan.

11. oinarria.– Datuen tratamendua.

Deialdi honetan adierazitako datu pertsonalak Europako Legebiltzarraren eta Batzordearen 2016/679 (UE) Erregelamenduak eta abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoak araututakoaren arabera tratatuko dira, «Ikasleen dirulaguntzen kudeaketa» izeneko tratamendu-jardueretan, ondoren zehazten den helbururako:

– Deialdi honetan aurreikusitako prozeduren kudeaketa.

HABEren zuzendari nagusia izango da tratamenduaren administrazio-organo arduraduna.

Tratamendua beharrezkoa da legez ezarritako betebeharrak gauzatzeko.

Interesdunak bere datuak ikusteko, zuzentzeko zein ezabatzeko eskubidea izango du, baita haien tratamendua mugatzeko nahiz haren aurka egiteko, informazio gehigarrian adierazten den moduan.

Halaber, onuradunek bere datuen tratamenduari buruzko informazio osagarria eskura dezakete helbide honetan: http://www.habe.euskadi.eus/datu-pertsonalen-babesa-haben/s23-4728/eu/

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala