Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

137. zk., 2021eko uztailaren 13a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

OSASUN SAILA
3975

AGINDUA, 2021eko ekainaren 29koa, Osasuneko sailburuarena, zeinaren bidez onartzen baitira 2021eko ekitaldiko dirulaguntzak emateko deialdiko oinarriak, Euskal Autonomia Erkidegoko tokian tokiko parte-hartze komunitarioko prozesuen esparruan garatzen diren osasun-sustapeneko jarduketak egiteko.

Euskadiko Antolamendu sanitarioari ekainaren 26ko 8/1997 Legearen 2. artikuluan ezarritakoari jarraikiz, EAEko agintari publikoei dagokie osasuna sustatu eta indartzea jarduera sozioekonomikoko sektore guztietan, honako helburu hauek lortzeko: bizi-ohitura osasungarriak suspertzea, arrisku-faktoreak desagerraraztea, ondorio kaltegarrien intzidentzia deuseztatzea eta, batik bat, osasunaren garrantziaz sentsibilizatu eta kontzientziatzea. Zehatzago, bigarren apartatuak dioenaren arabera, Eusko Jaurlaritzaren ardura da osasun-arloko esparru instituzionala zaintzea EAEn, gomendioak emanez edo neurriak hartuz, sektore politiko guztietan osasuna aintzat har dezaten, eta, era berean, diziplina anitzeko ekintza positiboen diseinua bultzatuz, ekintza sanitarioen osagarri, biztanleen osasun-maila etengabe hobetzeko.

Aipatutako legearen 3. artikuluak adierazten du EAEko administrazio sanitarioari dagokiola osasun publikoaren babes orokorra bermatzea, osasuna sustatzeko neurrien bidez. Halaber, lege horren 14. artikuluak adierazten du Euskal Autonomia Erkidegoko administrazioko organo guztiak, zein bere sektoreko ikuspuntutik, elkarlanean arituko direla heziketa sanitarioaren eremuan ekintzak sistematikoki egiteko, funtsezkoak baitira banakoen eta komunitatearen osasuna hobetzeko.

Azkenik, 15. artikuluak xedatzen duenez, Euskal Autonomia Erkidegoko toki-korporazioek arlo sanitarioa eta osasungarritasuna kontrolatzeko eskumenak egikarituko dituzte, zehazki, antolamendu juridikoak esleitzen dizkienak, jarduera osagarriak gauzatzeko duten ahalmen instituzionala eragotzi gabe, eta, hala badagokie, Euskal Autonomia Erkidegoak eskuordetu dizkien eskumenak ere egikarituko dituzte. Toki-korporazioak, halaber, Euskadiko Osasun Planaren helburuetara egokituko dira jarduera guztietan, eta EAEko Osasun Sailaren koordinazioaren eta goi-ikuskaritzaren mende jarriko dira. Eginkizun horiek gauzatzeko, toki-korporazioek EAEko sistema sanitarioko langileen laguntza teknikoa eta bitartekoak jaso beharko dituzte. Halaber, lankidetza-tresnak sustatu, eta, beharrezkoa bada, koordinazio-organo espezifikoak sortuko dira.

Osasun Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen martxoaren 23ko 116/2021 Dekretuaren 9.1 artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz, Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzaren egiteko espezifikoak hauek dira, besteak beste: ingurune egokia dakarten gizarte-, ingurumen- eta ekonomia-baldintzak sortzeko ekintzak sustatzea, eta komunitatearen ekimenak indartzea komunitateei aukera emanez aktiboki parte har dezaten euren osasun-premiei erantzuten dieten prozesu komunitarioak diseinatzen, abian jartzen eta ebaluatzen.

Toki-gobernuek eragin zuzena dute herritarren osasunean, zenbait arlotan garatzen duten politikaren bidez, hala nola osasunean, hezkuntzan, gizarte-ongizatean, garraioan, ingurumenean, kulturan, hirigintzan, etxebizitzan, kirolean, segurtasunean eta abar. Zenbait politika, ordea, ez dira erabat toki-gobernuen eskumenekoak, baina, hala ere, halako politiken zerbitzuak toki-esparruan ematen dira; hortaz, politika horiek koordinatuz gero, sinergia positiboak lortuko dira osasunaren alde.

Agindu honen xedea da, beraz, osasuna indartzea toki-mailako jardueretan eta sektore sanitariokoak ez diren gainerako eremuetan. Ekimen hau zeharo loturik dago Europar Batasunak gomendaturiko «Osasuna politika guztietan» estrategiarekin, bai eta Osasunaren Mundu Erakundearen Osasunaren Determinatzaile Sozialen Batzordeak egindako txostenarekin ere. Osasuna politika guztietan estrategiaren oinarrian dagoen egiaztapena da, batik bat sektore sanitarioaren eragin-eremutik kanpoko faktoreek eragina dutela osasunean.

2013-2020 aldiko Osasun Planaren 1.2 helburua da ekitatea indartzea Euskadiko Osasun Sisteman. Helburu horiek hainbat ekintzatan garatzen dira. 1.2.6 ekintzan ezartzen da osasunean komunitateko ekintza garatuko dela biztanleriaren osasunaren gaineko esku-hartzeen bidez, toki-mailako eragile guztiak barne hartzen baitira.

Halaber, plan horren 1.4 helburua da pertsonen parte-hartzea eta ahalduntzea indartzea, genero-desberdintasunak eta kolektiboen eta egoeren dibertsitatea aintzat hartuta. 1.4.6 ekintzaren xedea da parte-hartze komunitarioa artikulatzea eta indartzea esparru guztietan, existitzen diren tresnen bidez nahiz mekanismo berrien bidez, herritarrek parte har dezaten osasuna sustatzeko esku-hartze komunitarioen plangintza- eta ezarpen-faseetan.

Osasuneko sailburuaren 2021eko martxoaren 8ko Aginduaren bidez, Osasun Sailaren 2021eko ekitaldiko dirulaguntzen plan estrategikoa onartu zen. Plan horretan honako hau jasotzen da I. eranskinaren 3.1.2 epigrafean: «Tokiko eremuan osasuna sustatzeko dirulaguntzak».

Euskal Autonomia Erkidegoko 2021eko ekitaldiko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen otsailaren 11ko 1/2021 Legean laguntza horietarako aurrekontu-kreditua jasotzen da.

Horregatik, eta aurreko urteetako deialdietan pilatutako esperientzian oinarrituta, deialdi honen ardatza da parte-hartze komunitarioko prozesuen eraketa ahalbidetzea, bertatik artikulatzeko osasun-sustapeneko estrategiak, zeinek, helburu komunitarioak izanda, komunitatearen beharrizanei, asmoei, arazoei edo bere interesekoak diren gaiei erantzuten baitiete. Parte-hartze komunitarioa da komunitateak parte hartzea bere beharrizanei erantzuten dieten prozesuak aztertzen, diseinatzen, martxan jartzen eta ebaluatzen, helburu partekatuak ezarriz eta era kooperatiboan jardunez, baliabideak hobeto aprobetxatzeko.

Deialdi honen zein beraren ebazpen- eta izapidetze-jardueren esparru juridikoa bat dator honako xedapen hauek emandako oinarrizko arauekin: azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretua, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duena; Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra; uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretua, dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duena, eta urriaren 1eko 39/2015 Legea, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena.

Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren (EBFT) 107.1 artikuluan xedatutakoaren arabera, deialdi honen xede diren laguntzak ezin dira Estatuko laguntzatzat hartu; izan ere, deialdiak diruz lagun ditzakeen xedea edo jarduerak urrun daude jarduera ekonomikotzat har daitekeenetik eta erakunde onuradunak ez dira enpresak, publikoak baitira. Horregatik, espedienteari ez zaio inolako izapiderik egin behar Europar Batasunaren aurrean.

Horrenbestez, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Dirulaguntzaren esparrua eta xedea.

1.– Agindu honen xedea da EAEko toki-erakundeentzako, toki-erakunde autonomoentzako eta tokiko merkataritza-sozietateentzako laguntza ekonomikoak deitzea, tokiko ekintza komunitarioa indartzeko eta, 2021ean, osasun-sustapeneko proiektuak garatzeko, zeinek, helburu komunitarioak izanda, komunitatearen beharrizanei, asmoei, arazoei edo bere interesekoak diren gaiei erantzuten baitiete.

2.– Laguntza hauen xedea da honako hauek finantzatzea 2021eko ekitaldian:

a) Jendarteak parte hartzeko prozesuak sortzeko edo dinamizatzeko ahaleginak, prozesuaren helburua baldin bada osasuna tokian toki sustatzeko ekintzak eta estrategiak lehenetsi, planifikatu eta garatzea.

b) Osasuna sustatzeko jarduketak, zeinek, helburu komunitarioak izanda, komunitatearen beharrizanei, asmoei, arazoei edo bere interesekoak diren gaiei erantzuten baitiete eta parte-hartze komunitarioko prozesuen esparruan garatzen baitira.

Parte-hartze komunitarioko prozesua egitura inklusibo eta parte-hartzaile gisa definitzen da, eta komunitateko hainbat eragile biltzen ditu, hala nola administrazioak, hainbat esparru edo sektore (hezkuntza, gizartea, osasungintza, kultura, ekonomia...) eta herritarrak, gizarte-erakundeak barne, komunitatearen beharrizanei, asmoei, arazoei edo bere interesekoak diren gaiei erantzuteko xedearekin.

2. artikulua.– Erakunde onuradunak.

1.– Honako hauek eska ditzakete laguntzak parte-hartze komunitarioko prozesuak eta prozesu horien ondoriozko osasun-sustapeneko jarduketak garatzeko: Euskal Autonomia Erkidegoko udalek, mankomunitateek, bestelako toki-erakundeek, toki-erakunde autonomoek eta tokiko merkataritza-sozietateek.

2.– Tokiko merkataritza-sozietateek baldintza hauek bete beharko dituzte: euren kapitala titulartasun publikokoa izatea; parte hartzen duten udaletako osoko bilkurek izendatuak izatea dirulaguntzaren xedea den jarduera egiteko; eta merkataritza-erregistroan eratuta eta inskribatuta egotea.

3.– Erakunde onuradun izatera iristeko eta onuradun-egoera horri eusteko, erakundeak beteta izan beharko ditu legezko zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, baita dirulaguntzak itzultzeko ordainketa-betebeharrak ere.

4.– Ezin izango dira erakunde onuradun izan Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan jasotako egoeraren batean daudenak.

5.– Erakundeek artikulu honetan xedatzen diren eskakizunak bete beharko dituzte laguntza ematen duen ebazpenaren bidez dirulaguntzen onuradun izateko. Gainera, prozesu osoan zehar bete beharko dira betekizunak, emandako dirulaguntza likidatu arte.

6.– Organo kudeatzaileak, ordainketa bakoitza egin aurretik, egiaztatuko du erakunde onuradunak zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzari lotutakoak beteta dauzkala, eta ez dela zordun dirua itzuli behar duela dioen ebazpenen batean.

7.– Erakundeek erantzukizunpeko adierazpen bat egin beharko dute –eskabidearen inprimakian jasota dago–, eta, han, honako hauek justifikatu: ez dutela onuradun izateko ezgaitzen duen debekurik eta, bereziki, dirulaguntzen alorreko itzulketa-betebeharrak ordainduta dauzkatela. Hori guztia, hargatik eragotzi gabe agindu honetako 7. eta 10. artikuluetan aipatutako egiaztatze-jarduerak.

8.– Ezin izango dituzte laguntza hauek eskuratu zigor- edo administrazio-arloko zehapen baten ondorioz dirulaguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukera galdu duten entitateek eta horretarako ezgaitzen dituen legezko debekuren baten eraginpean daudenek. Horri lotuta, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen arabera sexu-diskriminazioagatik ezarritako zigor eta debekuak barne hartuko dira.

3. artikulua.– Dirulaguntzaren aurrekontu-zuzkidura eta deialdiaren organo kudeatzailea.

1. artikuluan adierazitako jardueretarako guztirako aurrekontu-zuzkidura berrehun eta berrogeita hamar mila (250.000) eurokoa izango da.

Osasun Publikoaren eta Adikzioen zuzendaria izango da deialdiaren organo kudeatzailea.

4. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen gastuak.

1.– Diruz lagundu daitezke honako jarduketak direla-eta sortutako gastuak:

a) Parte-hartze komunitarioko prozesua dinamizatzea, honako helburu hauekin:

1.– Komunitateko eragileak erakartzea eta parte-hartze komunitarioko prozesua ahalbidetzen duten aliantzak ezartzea.

2.– Komunitateko aktiboak identifikatzea pertsonen eta komunitateen gaitasuna indartzen duten faktore eta bitarteko gisa, osasunari eta ongizateari eusteko (aktiboak mapatzea).

3.– Komunitatearen beharrizanak, asmoak, arazoak edo bere interesekoak diren gaiak identifikatzea.

b) Osasuna sustatzeko jarduerak egitea, jarduerok parte-hartze komunitarioko prozesuaren eraginez sortuak eta jarduketa-esparru ezberdinetara bideratuak izanik, komunitatearen beharrizanen, asmoen, arazoen edo bere interesekoak diren gaien arabera, hala nola jarduera fisikoa, elikadura osasuntsua, ongizate emozionala, osasuna edo ongizatea ahalbidetzen duten inguruneak, eta abar.

c) Toki-hedabideetan zabaltzea parte-hartze komunitarioko prozesuaren edo egiten ari diren jardueren berri, herritarren parte-hartzea sustatze aldera.

d) Proiektuaren ebaluazioa.

2.– Ez dira diruz lagunduko honako gastu hauek:

a) Langile-kostuak ordaintzera bideratuak, langile-egiturak sortzea edo horiek egonkor mantentzea ekartzen dutenak.

b) Toki-erakundeen programazioan dauden jarduerak, parte-hartze prozesu batetik ez datozenak.

c) Une jakin bateko jarduerak egitea soilik xede duten jarduketak edo parte-hartze komunitarioko prozesu batean sartuta ez daudenak (adibidez:...(r)en eguna,...(r)en astea,...(r)en jardunaldia).

d) Banku-kontuen interes zordunak; finantza-gastuak; administrazio-lizentziak; errekarguak, eta administrazio- eta zigor-zehapenak, honako hauek barne direla: ordainketan berandutzearen ondoriozko zehapenak; zerga, tributu eta tasak edo Gizarte Segurantzako kuotak ez ordaintzearen ondoriozkoak, eta prozedura judizialen eta gatazkak borondatez konpontzeko bestelako prozeduren gastuak.

e) Bestelako gastuak, baldin eta, balorazio-batzordearen ustez, laguntzaren xedearekin edo jarduera egitearekin bat ez badatoz, edo ekonomia- eta efizientzia-printzipioen kontrakoak badira.

3.– Diruz laguntzen diren jarduerak ezin izango dira azpikontratatu.

4.– Artikulu honetan zehaztu gabeko gaietarako, oinarrizko legedi gisa, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 31. artikuluan eta lege horren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2003 Errege Dekretuaren 83. artikuluan xedatutakoa aplikatuko da.

5. artikulua.– Beste dirulaguntza batzuekin bateragarri izatea.

1.– Agindu honen bidez deitutako dirulaguntzak ematea bateragarria izango da beste administrazio publiko edo ente publiko zein pribatu batzuek –Espainiakoek, Europar Batasunekoek edo nazioartekoek– xede bererako emandako dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabideekin, baldin eta, bakarka hartuta edo batera, diruz lagundutako jardueraren kostua gainditzen ez bada (gainfinantzaketa).

2.– Lortutako laguntza guztien batuketa jardueraren aurrekontu osoa baino handiagoa baldin bada, dirulaguntza txikiagoa emango da, gehiegizko zenbatekoa kenduta.

6. artikulua.– Dirulaguntzen zenbatekoaren mugak.

Deialdi honen babesean emandako dirulaguntzen hasierako zenbatekoak ez ditu gaindituko honako muga hauek: eskatutako zenbatekoa; diruz lagun daitekeen gastuaren aurrekontu osoaren % 75; proiektu bakoitzeko 8.000 euroko zenbatekoa; erakunde onuradun bakoitzeko 15.000 euroko zenbatekoa (elkarte batek proiektu bat baino gehiago aurkeztuz gero).

Lehen esleipenaren ondoren, muga horiekin deialdi honetarako aurrekontu-zuzkidura agortuko ez balitz, gainerako zenbatekoa honela banatuko litzateke: gehieneko mugak aldatuko lirateke, diruz lagun daitekeen gastuaren aurrekontu osoaren % 100era heldu arte; proiektu bakoitzeko 10.000 euroko zenbatekoa eta erakunde onuradun bakoitzeko 18.000 euroko zenbatekoa. Kopuru hori esleipenean lortutakoari gehituko litzaioke.

7. artikulua.– Eskabidea eta aurkeztu beharreko dokumentazioa.

1.– Proiektu bakarra aurkeztuko da parte-hartze komunitarioko prozesu bakoitzeko. Proiektu horren barnean sartuko dira dirulaguntza eskatzen duten jarduketak.

2.– Erakunde eskatzaile bakoitzak hainbat parte-hartze komunitarioko prozesurako proiektuak aurkeztu ahal izango ditu.

3.– Proiektu bakoitzeko, eskabide telematikoa bete beharko da –eskuragarri dago 21.4 artikuluan zehazten den zuzeneko sarbidean–.

4.– Eskabideetan honako datu hauek agertuko dira, gutxienez:

a) Erakundearen eta, hala badagokio, ordezkariaren identifikazio-datuak, honako hauek adierazita: izena, identifikazio-agiria, telefono mugikorra eta/edo helbide elektronikoa (abisuak jasotzeko), jakinarazpenak eta abisuak jasotzeko hizkuntza, betebehar fiskalei buruzko informazioa eskuragarri dagoen lurraldea/probintzia, erantzukizunpeko adierazpenak eta baimenak.

b) Proiektuaren izenburua.

c) Proiektuari loturiko parte-hartze komunitarioko prozesua.

d) Proiektu horietan harremanez arduratzen den teknikariaren datuak.

e) Proiektuaren deskribapen teknikoa:

1.– Parte-hartze komunitarioko prozesuak sortzeko eta/edo dinamizatzeko jarduketak:

a) Parte-hartze komunitarioko prozesuak sortzea eta dinamizatzea.

b) Osasunerako aktiboak identifikatzea.

c) Komunitatearen beharrizanak, arazoak edo bere interesekoak diren gaiak identifikatzea.

d) Jarduketak lehenestea.

2.– Osasuna sustatzeko, parte-hartze komunitarioko prozesu baten esparruan garatutako jarduketak:

a) Proiektuaren egokitasuna eta garrantzia:

1.– Jarduera justifikatzea.

2.– Helburuak.

3.– Faseen deskribapena.

b) Parte-hartzearen oinarria (biztanleria onuradunak modu aktiboan parte hartzen du proiektuaren garapen-etapetan, eta ez jarduketaren hartzaile gisa bakarrik, hau da, biztanleek eta profesionalek elkarrekin hartzen dituzte erabakiak, eta modu aktiboan parte hartzen dute guztiek).

c) Gizarte-, hezkuntza-, osasun-esparruko eta/edo soziosanitarioko beste eragile komunitario batzuekin koordinatzea, osasuna sustatzeko jarduketa diseinatu, garatu eta ebaluatzean.

3.– Jarduerak ebaluatzeko proposamena.

4.– Zabalkunde-plana: hitzaldiak, parte-hartzea sustatzeko jardunaldiak, informazio inprimatua, gizarte-hedabideetan publizitatea egitea eta abar.

5.– Ekitatearen ikuspegia aplikatzea: arreta berezia desberdintasun-ardatzei: klase soziala, generoa, adina, etnia/kultura, lurraldea, dibertsitate funtzionala, orientazio/identitate sexuala, ideologia/sinesmenak eta abar.

f) Jardueraren exekuzio-epea.

g) Aurrekontu osoa kontzeptuen arabera banakatuta, proiektuaren finantzaketa-iturriak eta proiekturako eskatutako bestelako laguntzak.

h) Deialdi honetan eskatutako zenbatekoa.

5.– Eskabidearekin batera, honako hauek aurkeztuko dira:

a) Onespen-akordioa, hau da, eskatu den dirulaguntzaren xede den jarduerari onespena ematen diona, batetik, eta proiektu osoa egiteko aurrekontu-partida, bestetik.

b) Proiektua parte-hartze komunitarioko prozesu baten barruan egiten dela justifikatzen duen azalpen-dokumentazioa, inplikatutako eragileek sinatua, zeinean sartuko baita dokumentu/akta bat, kasuan kasuko proiektua egiteko konpromisoa, inplikatutako eragileak eta jardueren kronograma jasoko dituena.

c) Erakunde eskatzailea tokiko merkataritza-elkarte bat bada, aurreko ataletan eskatutako dokumentazioaz gainera, jarduera gauzatuko den udalerrietako osoko bilkuraren edo osoko bilkuren onarpen-akordioak aurkeztu beharko ditu, hau da, jarduera hori erakunde horrek gauzatuko duela adierazten dutenak.

d) Finantzaketa zer jarduera egiteko eskatu den hobeto ezagutzeko beharrezkoa den dokumentu osagarri oro.

8. artikulua.– Eskabideak aurkezteko epea eta modua.

1.– Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, deialdi hau EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.

2.– Proiektu bakoitzeko, eskabide bat aurkeztu behar da.

3.– Eskabideak bitarteko elektronikoen bidez aurkeztu beharko dira, agindu honen izapide elektronikoei buruzko 21.4 artikuluan adierazitako euskadi.eus egoitza elektronikoaren bidez.

4.– Identifikazio elektroniko aitortua duten erakundeen ordezkariek aurkeztu ahal izango dituzte eskabideak, agindu honen 21.3 artikuluan xedatutakoari jarraituz, baldintza hauek betetzen badituzte:

a) Ordezkariak, erakundeen ordezkarientzako ziurtagiri elektroniko baten bidez identifikatu baldin bada, ez du egiaztatzeko inolako izapiderik egin behar.

b) Pertsona fisikoentzako ziurtagiri baten bidez identifikatu bada, ordea, ordezkaritza egiaztatu beharra dauka ordezkarien erregistro elektronikoan, agindu honen 21.2 artikuluan adierazitakoari jarraituz.

5.– Erakunde eskatzaileek nahi duten hizkuntza ofizialean aurkeztu ahal izango dituzte eskabidea eta horri erantsi beharreko gainerako dokumentazioa. Orobat, eskabidea aurkeztu izanaren ondoriozko jarduketetan, eta prozedura osoan, erakunde eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 6.1 artikuluak ezartzen duenari jarraituz.

9. artikulua.– Aurkeztutako eskabideetan egindako akatsak zuzentzea.

Eskabideak oinarri hauetako baldintza guztiak betetzen ez baditu, osatugabea edo akastuna bada, erakunde interesdunari eskatuko zaio hamar egun balioduneko epean hutsa zuzentzeko edo nahitaezkoak diren dokumentuak aurkezteko; eta adieraziko zaio, hala egin ezean, eskabideari uko egin diola ulertuko dela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 21. artikuluan xedatutakoaren arabera.

10. artikulua.– Datuak eta eskakizunak egiaztatzea.

Erakundeak, eskaeraren bidez, baimena eman ahal izango dio organo kudeatzaileari, dagokion administrazio publikoaren aurrean kontsultatu edo eskatu ditzan erakundearen nortasun-datuak eta, halaber, egiazta dezan betekizunak betetzen direla. Erakundeak baimena ematen duela ulertuko da, eskaeran ez badu espresuki aurkakoa adierazten. Ez badu baimenik ematen, ziurtagiriak aurkeztu beharko ditu nahitaez. Eskabide horrek gutxienez honako hauei buruzko erantzukizunpeko adierazpenak jasoko ditu:

1.– Erakunde eskatzaileak egunean dituela zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak.

2.– Erakunde eskatzaileak egunean dituela dirulaguntzak itzultzearen ondoriozko betebeharrak.

3.– Erakunde eskatzailea ez dagoela Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13.2 artikuluan ezarritako egoeraren batean.

4.– Erakundeak xede bererako dirulaguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo baliabideak eskatu dizkiela bestelako administrazio publikoei edo entitate publiko edo pribatuei –Espainiakoak, Europar Batasunekoak edo nazioartekoak–, eta/edo jaso dituela; erantzuna baiezkoa izanez gero, zehaztu zenbatekoa.

5.– Erakundea ez egotea sartuta itzultze- edo zehapen-prozeduraren batean, hau da, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko dirulaguntzen esparruan hasi eta oraindik izapidetzen ari den itzultze- edo zehapen-prozeduraren batean; erantzuna baiezkoa izanez gero, identifikatu prozedura hori edo horiek.

Tratamendu horretatik salbuetsita daude 7.5 artikuluan adierazten diren dokumentuen bidez egiaztatzekoak diren betekizun eta baldintzak; dokumentu horiek eskabidearekin batera aurkeztu behar ditu erakundeak.

Organo kudeatzaileak behar beste egiaztapen egin ahal izango ditu prozedura legezkoa dela bermatzeko. Nolanahi ere, laguntzak eman eta ordainketa bakoitza egin baino lehen, beharrezko diren egiaztapenak egingo dira.

Erantzukizunpeko adierazpen baten barruan edo harekin batera aurkezten diren datu, adierazpen eta dokumentuetan funtsezko zehaztugabetasunen bat, faltsukeriaren bat edo ez-egiteren bat badago, prozedura bertan behera geldituko da, gertakari horiek jakiten diren unetik, horrek ekar ditzakeen erantzukizun penal, zibil edo administratiboak alde batera utzi gabe.

Halaber, egoera horren berri ematen duen Administrazio Publikoaren ebazpenak erabaki dezake entitate interesdunak dirulaguntza itzuli behar izatea –hala balegokio– eta helburu bereko beste prozedura bat abian jarri ezin ahal izatea denbora-tarte jakin batez; hori guztia, aplikatu beharreko arauetan ezarritakoaren arabera.

11. artikulua.– Eskabideak balioesteko irizpideak.

1.– Jarraian, balioespen-irizpideak zehaztuko ditugu, eta irizpide bakoitzari zenbat puntu dagozkion esango. Irizpide hauek erabiliko dira, hain zuzen, eskabideen lehentasun-ordena ezartzeko:

a) Parte-hartze komunitarioko prozesu bat sortu eta/edo dinamizatzeko jarduketak: 30 puntu, gehienez.

Prozesu inklusibo eta partaidetzazkoak erabiltzea, hauetarako:

1.– Parte-hartze komunitarioko prozesu bat sortu eta dinamizatzea: 8 puntu, gehienez.

2.– Osasuna era positiboan bideratzea. Mankomunitatearen osasunerako aktiboak identifikatzea (aktiboak mapatzea): 8 puntu, gehienez.

3.– Komunitatearen beharrizanak, arazoak edo bere interesekoak diren gaiak identifikatzea: 8 puntu, gehienez.

4.– Jarduketak lehenestea: 6 puntu, gehienez.

b) Osasuna sustatzeko, parte-hartze komunitarioko prozesu baten esparruan garatutako jarduketak: 30 puntu, gehienez.

1.– Proiektuaren egokitasuna eta garrantzia: 18 puntu, gehienez.

a) Proposatutako jarduera justifikatzea, zer egoeratan eragin asmo duen identifikatuta eta deskribatuta: 6 puntu, gehienez.

b) Xede zehatzak eta aginduaren helburuarekin lotutakoak: 6 puntu, gehienez.

c) Jarduera garatzeko faseen deskribapena: 6 puntu, gehienez.

2.– Parte-hartzearen oinarria. Biztanleria onuradunak modu aktiboan parte hartzen du proiektuaren garapen-etapetan, eta ez jarduketaren hartzaile gisa bakarrik, hau da, biztanleek eta profesionalek elkarrekin hartzen dituzte erabakiak, eta modu aktiboan parte hartzen dute guztiek: 12 puntu, gehienez.

a) Diseinuan eta ezarpenean parte hartzea: 6 puntu, gehienez.

b) Ebaluazioan parte hartzea: 6 puntu, gehienez.

c) Gizarte-, hezkuntza-, osasun-esparruko eta/edo soziosanitarioko beste eragile komunitario batzuekin koordinatzea, osasuna sustatzeko jarduketa diseinatu, garatu eta ebaluatzean: 10 puntu, gehienez.

d) Proiektuaren ebaluazioa: 10 puntu, gehienez.

1.– Prozesua: 4 puntu, gehienez.

2.– Emaitzak: 3 puntu, gehienez.

3.– Eragina: 3 puntu, gehienez.

e) Zabalkunde-plana; hitzaldiak, parte-hartzea sustatzeko jardunaldiak, informazio inprimatua, toki-hedabideetan publizitatea egitea: 10 puntu, gehienez.

f) Proiektua garatzean ekitate-ikuspegia aplikatzea: 10 puntu, gehienez.

1.– Desberdintasun sozioekonomikoak, proiektua garatzen den tokiko MEDEA indizearekin neurtuak (udalerria, auzoa, mankomunitatea): 5 puntu, gehienez.

a) 4. eta 5. kintilak: 5 puntu.

b) Gainerako kintilak: 0 puntu.

2.– Arreta berezia bestelako desberdintasun-ardatzei: klase soziala, generoa, adina, etnia/kultura, lurraldea, desgaitasun funtzionala, orientazio/identitate sexuala, ideologia/sinesmenak: 5 puntu, gehienez.

2.– Guztira 30 puntu edo gehiago lortzen duten proiektuak soilik lagundu ahal izango dira diruz.

12. artikulua.– Eskabideak balioestea, dirulaguntzak emateko prozedura eta haien kuantifikazioa.

1.– Balioespen-batzorde batek balioetsiko ditu eskabideak. Honako hauek osatuko dute batzordea:

– Osasun Publikoaren eta Adikzioen zuzendaria (Itziar Larizgoitia Jauregui), batzordeburua izango da.

– Osasun Sailaren lurralde-ordezkaritzetako Osasun Publikoaren eta Adikzioen zuzendariordeak (Joseba Bidaurrazaga Van-Dierdonck, Elena Albisua Cortazar eta Juan Carlos Fernández Crespo). Kide anitzeko organoko idazkaritza batzordeburuak batzordekideen artean izendatutako pertsonak beteko du.

2.– Balioespen-batzordeak dagokion artikuluan ezarritako balioeste-irizpideen arabera balioetsiko ditu eskabideak.

3.– Balioespen-batzordeak zehaztuko du zein den proiektu bakoitzaren puntuazioa eta proiektu horri eman dakiokeen gehieneko dirulaguntza, betiere agindu honetan finkaturiko irizpideei jarraikiz.

4.– Osasun Publikoaren eta Adikzioen zuzendariak, laguntzak kudeatzen dituen organoa den aldetik, eta/edo balioespen-batzordeak behar beste informazio eta dokumentazio osagarri eskatu ahal izango diete erakunde eskatzaileei, aurkeztutako proiektua edo jarduera hobeto ulertzeko helburuarekin, betiere.

5.– Deialdi honetan ezarritako laguntzak lehiaketa-prozeduraren bidez emango dira, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 51.4 artikuluari jarraituz.

6.– Honako hau da zenbatekoak zehazteko prozedura:

a) Garaiz eta egoki aurkeztutako eskabide bakoitzari puntuazio bat esleituko zaio, 11.1 artikuluan ezarritako irizpideen eta haztapenen arabera.

b) 11.2 artikuluan ezarritako gutxieneko puntuazioak lortzen dituzten eskabideak handienetik txikienera ordenatuko dira, lortutako puntuazioaren arabera.

c) Puntuazio osoan berdinketa gertatuz gero, 11.1 artikuluaren f) apartatuan lortutako puntuazioa nagusituko da lehenik, eta c) eta d) apartatuetan lortutakoa gero. Berdinketek jarraitzen badute, eskabideen sarrera-ordena kronologikoa hartuko da aintzat.

d) Ordena hori kontuan hartuta zehaztuko da banakako zenbatekoa, 6. artikuluan aurreikusitako mugak eta eskatutako aurrekontu diruz lagungarriaren zenbatekoa aintzat hartuta, harik eta 3. artikuluan aurreikusitako aurrekontu-zuzkidura agortu arte.

e) Hasierako banaketan, gainditu egiten bada erakunde batentzat ezarritako muga, zenbatekoa proportzionalki murriztuko da, diruz lagundutako proiektu bakoitzean lortutako puntuazioarekiko.

7.– Aurkeztutako proiektuen ebaluazio konparatua –ezarritako irizpideen arabera– egin ondoren, eta dagozkien zenbatekoak zehaztu ondoren, agindu honetan horretarako ezartzen denaren arabera, balioespen-batzordeak ebazpen-proposamena egingo dio Osasuneko sailburuordeari, eta, bertan, hauek adieraziko dizkio: zer dirulaguntza ematea proposatzen duen, erakunde onuradunak zein diren, finantzatuko den proiektu bakoitzaren zenbateko banakatuak, eta, hala badagokio, dirulaguntza ukatu zaien proiektuak zein diren, eta zergatik ukatu zaien.

13. artikulua.– Ebazpena, errekurtsoak, ebazteko eta jakinarazteko epea, jakinarazteko modua eta publizitate-prozedura.

1.– Aurkeztutako eskabideak prozedura bakar batean izapidetuko dira, eta ematen den ebazpenean interesdunek azaldutako gai guztiak erabakiko dira. Osasuneko sailburuordeari dagokio ebazpen hori ematea, balioespen-batzordearen proposamena kontuan hartuta.

2.– Ebazpenean ezarriko da eskatutako dirulaguntzak ematen edo ukatzen diren. Laguntzak ematea erabakitzen bada, honako hau adierazi beharko da: zein diren erakunde onuradunak, guztira zenbateko dirulaguntza emango zaion horietako bakoitzari eta zenbat emango zaion finantzatutako proiektu bakoitzari. Dirulaguntza ukatzen bada, ordea, zergatia azaldu beharko da.

3.– Prozedura ebatzi eta ebazpena erakunde interesdunei jakinarazteko epea gehienez ere lau hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita. Epe hori igarota, ebazpenik argitaratu ez bada, interesdunek dirulaguntza-eskaera ezetsi egin dela ulertuko dute, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25.1.a) artikuluan eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 25.5 artikuluan ezarritako ondorioetarako.

4.– Ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, eta hori izango da erakunde interesdunei jakinarazteko modua.

5.– Ebazpenak ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, beraren aurka, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote Osasuneko sailburuari, hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, betiere Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluetan ezarritakoaren arabera.

6.– Agindu honek arautzen dituen dirulaguntzak erakunde onuradunei esleitu, eta, hala badagokio, ordaindu aurretik, amaituta egon behar dute Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazio Orokorrak edo haren erakunde autonomoek eta administrazio horren mendeko zuzenbide pribatuko erakundeek emandako antzeko dirulaguntzen esparruan hasita dauden eta oraindik izapidetzen ari diren itzultze- edo zehatze-prozedurek.

14. artikulua.– Dirulaguntza justifikatzea.

1.– Diruz lagundutako proiektu bakoitzeko, justifikazio telematikoa bete beharko da. Eskuragarri dago 21.4 artikuluan zehazten den zuzeneko sarbidean.

2.– Justifikazioetan, honako datu hauek agertuko dira, gutxienez:

a) Parte-hartze komunitarioko prozesuaren izena eta parte-hartzaileak.

b) Jarduketaren izenburua eta espediente-zenbakia.

c) Proiektua gauzatzeari buruzko memoria:

1.– Egindako jarduketak:

1.– Egindako jarduketen deskribapena.

2.– Parte-hartzearen oinarria (biztanleria onuradunak nola parte hartu duen aktiboki proiektuaren garapen-etapetan).

3.– Gizarte-, hezkuntza-, osasun-esparruko eta/edo soziosanitarioko beste eragile komunitario batzuekin koordinatzea, osasuna sustatzeko jarduketa diseinatu, garatu eta ebaluatzean.

2.– Zabalkunde-plana.

3.– Proiektuaren ebaluazioa.

4.– Ekitatearen ikuspegia aplikatzea.

d) Proiektuaren gastuen memoria banakatua, diru-sarreren eta gastuen zerrenda dakarrena, eta, hala badagokio, helburu bererako beste dirulaguntza, laguntza edo diru-sarrera batzuk jaso direla zehaztuko du.

e) Gastuaren egiaztagirien zerrenda. Zerrenda horretan, aurkeztutako proiektuaren guztizko aurrekontuaren arabera egindako gastuen ziurtagiri guztiek egon behar dute, eta adierazi egin behar da ziurtagiri mota, azalpena, igorlea, data, zenbatekoa eta jarduerari dagokion ehunekoa. Gastuen egiaztagiri horiek bat etorri behar dute aurkeztutako aurrekontuko kontzeptu guztiekin eta kontzeptu bakoitzak aurrekontu osoarekiko duen proportzioarekin.

3.– Justifikazioarekin batera, honako hau aurkeztuko da:

a) Dirulaguntzaren xede den proiektuaren helburua eta asmoa bete direla dioen ziurtagiria, toki-erakundeko idazkariarena edo erakunde eskatzailea ordezkatzen duen pertsonarena.

b) Faktura edo baliozko beste ordainketa-egiaztagiri batzuen kopiak, toki-erakundeko idazkariak edo erakunde eskatzailearen ordezkariak sinatuak. Agiri horiek egiaztatu behar dute justifikatzeko aldia amaitu baino lehen benetan ordaindu dela dirulaguntza eta haren xede den proiektua benetan gauzatu dela.

c) Justifikazioko kontua: diru-sarreren eta gastuen zerrenda, eta beste dirulaguntzarik, laguntzarik edo diru-sarrerarik eskuratu bada, hala adieraztea.

d) Dokumentazio osagarria, proiektua egin dela egiaztatzen duena, honako hauek barne direla: material grafikoa, bileren aktak eta bertaratutakoen zerrenda edo prozesuan sortutako beste dokumentu batzuk.

4.– Dirulaguntza jaso aurretik eginiko gastuak ordaindu ahal izango dira jasotako dirulaguntzarekin, baldin eta gastu horiek dirulaguntza jaso duten jardueretan sartzen diren ekintza eta kontzeptuen kostu errealak badira eta 2021. urtean sortutakoak badira.

5.– Egiaztagiriak aurkezteko epea 2022ko martxoaren 1ean amaituko da, eta egun horixe izango da agiri horiek onartzeko azkena.

6.– Dirulaguntzaren egiaztagiriak bitarteko elektronikoen bidez aurkeztu beharko dira, 21.5 artikuluan azaltzen den moduan.

7.– Gizonen eta emakumeen egoeran duen eragina ezagutzeko, informazioa sexuaren arabera bereizita emango da justifikazio horretan, hala badagokio.

8.– Artikulu honetan zehaztu ez diren gaietan, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 30. artikuluan ezarritakoa aplikatuko da.

15. artikulua.– Aurkeztutako egiaztagirietako akatsak zuzentzea.

Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzak ikusten badu aurkeztutako egiaztagirietan akatsak daudela edo datuak falta direla, erakundeari hamar egun balioduneko epea emango dio, jakinarazpena jaso eta hurrengo egunetik hasita, akatsa zuzendu edo falta diren dokumentuak aurkez ditzan.

Eskakizun hori ez badu garaiz eta modu egokian betetzen, dagokion eskakizuna egiaztatu gabe dagoela ulertuko da, eta agindu honen 22. artikuluan aurreikusitako ondorioak aplikatuko dira.

16. artikulua.– Laguntzak ordaintzea.

1.– Dirulaguntzaren % 70, laguntza ematen den unean, ebazpena argitaratu eta laguntza espresuki edo isilbidez onartu ondoren, 17.1 artikuluan ezarritako epean.

2.– Gainerako % 30a, proiektua egin izana eta haren gastu osoa justifikatu ondoren, 14. artikuluan xedatutakoaren arabera.

3.– Organo kudeatzaileak, ordainketa bakoitza egin aurretik, egiaztatuko du erakunde onuradunak zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzari lotutakoak beteta dauzkala, eta ez dela zordun dirua itzuli behar duela dioen ebazpenen batean.

17. artikulua.– Erakunde onuradunen betebeharrak.

Indarrean dagoen araudiak xedatzen dituen eta ezartzekoak diren beste betebehar batzuk alde batera utzi gabe, eta, batez ere, ezertan galarazi gabe Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50.2 artikuluak eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. eta 46. artikuluek ezarritakoa, agindu honetan ezarritako dirulaguntzen onuradun diren erakundeek honako betebehar hauek izango dituzte:

1.– Emandako dirulaguntza onartzea. Ildo horretan, laguntza onartutzat joko da, baldin eta, onuradunek, dirulaguntza eman izanaren ebazpena EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik hasita hamar egun balioduneko epean, berariaz laguntzari uko egiten ez badiote.

2.– Dirulaguntzaren xede den proiektua gauzatu beharko dute, eta jasotako laguntza guztia bideratu beharko dute horretara.

3.– Aldaketaren bat izan bada dirulaguntzak ematerakoan eskatu eta kontuan hartu den betekizunen batean, horren berri eman beharko diote organo kudeatzaileari, aldaketa gertatu eta bost egun balioduneko epean gehienez ere.

4.– Helburu bererako beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabideren bat lortu bada beste administrazio edo erakunde publiko nahiz pribaturen batetik, horren berri eman behar diote organo kudeatzaileari, hori gertatu eta bost egun balioduneko epean gehienez ere.

5.– Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzan justifikatu beharko dute dirulaguntza emateko edo baliatzeko bete beharreko betekizunak eta baldintzak betetzen dituztela, bai eta jarduera egin dutela ere.

6.– Osasun Sailari lagunduko diote jarduera horiek egiaztatu, ikuskatu, jarraipena egin, ebaluatu eta kontrolatzeko prozeduretan, eta honako kontrol-saio hauen mende jarriko dira: Eusko Jaurlaritzaren Kontrol Ekonomikoko Bulegoari dagozkionak –Euskal Autonomia Erkidegoaren aurrekontuen kargura emandako laguntzak eta dirulaguntzak diren heinean–, eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren berariazko araudian aurreikusitakoak.

7.– Jasotako funtsen aplikazioa justifikatzeko dokumentuak –dokumentu elektronikoak barne– bost urtez gorde behar dituzte, egiaztapen- eta kontrol-jardueren xede izan baitaitezke.

8.– Osasun Sailaren babesa dutela aipatu beharko dute, egiten dituzten dokumentuetan eta publizitatean. Aipamen hori Eusko Jaurlaritzaren Erakunde Nortasunaren Eskuliburuan ezarritakoaren arabera txertatuko da; euskadi.eus-eko egoitza elektroniko honetan dago eskuragarri: https://www.euskadi.eus/nortasun-gidaliburua

9.– Aurkeztutako dokumentazioaren informazio tekniko eta grafikoa erabiltzeko eskubidea emango diote Osasun Sailari, doan eta era ez-esklusiboan, eta argitaratzeko moduko formatuan, Osasun Sailaren informazio-sisteman sartu eta erabiltzeko, eta bai zabaldu eta/edo argitaratzeko ere formatu bibliografiko, ikus-entzunezko, informatiko edota teknika erabiltzen uzten duen bide oro baliatuz.

10.– Euskadi Aktiboa plataforman, https://www.euskadi.eus/informacion/euskadi-aktiboa-/web01-a2osabiz/eu/ orrian, baliabide komunitario gisa ikusaraztea parte-hartze komunitarioko prozesua, bai eta urtebetetik gorako jarraitutasuna duten haren ondoriozko jarduerak ere.

18. artikulua.– Dirulaguntzaren baldintzak aldatzea.

Dirulaguntzak emateko ebazpena alda liteke, baldin eta dirulaguntza emateko kontuan hartutako baldintzak aldatzen badira –betiere, dirulaguntzaren helburua betetzat jotzen bada– eta, hala badagokio, dirulaguntza horrekin batera Eusko Jaurlaritzak edo beste administrazio edo erakunde publiko zein pribatu batzuek emandako dirulaguntzaren bat edo laguntzaren bat jaso bada. Horretarako, dagokion aldaketa-ebazpena emango du Osasuneko sailburuordeak, eta, ebazpen horretan, esleitutako dirulaguntzen zenbatekoak egokituko dira. Horiek emateko, honako irizpide eta muga hauek aplikatuko dira:

a) Gastuen justifikazioa dirulaguntzarako aurkeztutako eta aintzat hartutako aurrekontua baino baxuagoa bada, % 25eko edo gutxiagoko aldearekin, eta hasieratik aurreikusi diren helburu guztiak lortu baldin badira, emandako dirulaguntzaren zenbatekoa murriztu egingo da proportzio beraren arabera eta dagokion aldaketa-ebazpenaren bidez.

b) Aurkeztutako aurrekontuarekiko % 25etik gorako desbideratzea gertatuz gero, dirulaguntza jasotzeko eskubidea galdu egingo da, eta, hala badagokio, jasotako zenbatekoak itzuli egin beharko dira, dirulaguntzen arloko berandutze-interesa erantsita.

Bi kasuetan, entitate onuradunak behartuta egongo dira sobera jaso dituzten zenbatekoak itzultzera, 22. artikuluan xedatutakoaren arabera.

19. artikulua.– Dirulaguntza jaso duen jardueraren jarraipena.

Osasun Sailak beharrezko ikusten dituen alderdi guztiak gainbegiratuko, ikuskatuko eta egiaztatuko ditu, xedapen honetan ezarritako arau guztiak betetzen direla bermatzeko. Era berean, edonoiz eman ahal izango die erabilera publikoa laguntza hauen bidez finantzatutako programa eta jardueren edukiari eta emaitzei.

20. artikulua.– Datuen babesa.

2016/679 (EB) Erregelamendu Orokorraren, Datuak Babestekoaren, eta Datu pertsonalak babesteari eta eskubide digitalak bermatzeari buruzko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoko xedapenekin bat, agindu honetako dirulaguntzak eskatzeko ematen diren datuak ez zaizkio lagako ezein pertsonari edo erakunderi, eta, soil-soilik, Eusko Jaurlaritzako Osasun Saileko Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzak laguntzok kudeatzeko erabiliko dira, haren ardura baita datuok tratatzea. Interes publikoaren alde edo tratamenduaren arduradunari emandako ahalak baliatuz gauzatutako eginkizunak betetzeko behar den tratamendua bat etorri behar da Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean xedatutakoarekin. Datuak «Osasun Publikoaren eta Adikzioen arloko Laguntzak eta Dirulaguntzak» izeneko tratamendu-jardueren erregistroan sartuko dira.

Nahi duen orok datuak eskuratu, zuzendu eta ezerezteko eskubideak erabil ditzake, bai eta datuen tratamendua mugatu zein aurkaratzeko ere, informazio gehigarrian azaldu bezala. Web-orri honetan dago informazio hori: https://www.euskadi.eus/dbao/0088613

21. artikulua.– Izapidetze elektronikoa.

1.– Interesa duten erakundeek bitarteko elektronikoak erabiliz eskatu, kontsultatu eta egin beharko dituzte prozedura honen izapide guztiak.

2.– Ordezkarien erregistro elektronikoari buruzko informazioa eskuragarri dago euskadi.eus-en egoitza elektroniko honetan: https://www.euskadi.eus/ordezkariak

3.– Erakundeak sinadura elektroniko aitortuko sistemen bidez identifikatuko dira. Identifikazio elektronikoa egiteko onartutako baliabideak eskuragarri daude, Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektroniko honetan: https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak

4.– Laguntzak izapidetzeko jarraibideak, erantzukizunpeko adierazpenak, ereduak, eskaera-inprimakiak eta izapidetze elektronikorako zuzeneko sarbidea euskadi.eus-eko honako egoitza elektroniko honetan daude eskuragarri: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/0088613

5.– Eskabidearen ondorengo izapideak eta izapideen jarraipena bide elektronikoen bidez egin beharko dira, Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» bidez: http://www.euskadi.eus/nirekarpeta

22. artikulua.– Ez-betetzeak eta diru-itzulketak.

1.– Betebeharrak betetzen ez dituen entitate onuradunak eman dioten laguntza jasotzeko eskubidea galdu egingo du. Eskubide hori galdu dela deklaratzeak berekin dakar jasotako zenbatekoak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzultzeko betebeharra, eta, horrekin batera, sortutako berandutze-interesak –dirulaguntzei aplikatzen zaizkienak– itzuli beharko dira, hau da, ordainketa egin zen unetik laguntza itzuli beharra erabakitzen den egunera arte sortutakoak.

2.– Agindu honen 17. artikuluan adierazten den betebeharren bat bete ezean, jasotako laguntza itzuli egin beharko da. Artikulu horretan aurreikusi gabeko gaietan, aplikatzekoak izango dira Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 53.1 eta 53.2 artikuluetan xedatzen diren itzulketa-arrazoiak, bai eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37.1 artikuluko arrazoiak ere. Azken hori Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 91., 92. eta 93. artikuluen bidez garatzen da.

3.– Agindu honen 5. artikuluan xedatzen denaren arabera, halaber, jasotako laguntza itzuli egin beharko da emandako laguntzaren zenbatekoak –bakarrik edo beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide batzuekin batera– proiektuaren kostua gainditzen duenean. Kasu horretan, aipatutako kostuari dagokionez soberan jasotako zenbatekora eta dirulaguntzen arloan aplikatu beharreko berandutze-interesetara mugatuko da itzultzeko betebeharra.

4.– Era berean, itzulketa egin beharko da baldintzak aldatzen badira, era honetan: gastuen justifikazioa aurkeztutako aurrekontua baino baxuagoa bada, 18. artikuluan adierazten den bezala:

a) artikulu horretako a) apartatuan aipatzen den kasuan, laguntzaren zenbatekoari dagokionez soberan jasotako zenbatekoa itzuli beharko da, laguntzaren aldaketa-ebazpenaren arabera. Deialdiko 11. artikuluan jasotzen diren eskabideak balioesteko irizpideei jarraituz bideratuko da azken hori.

b) artikulu horretako b) apartatuan aipatzen den kasuan, itzulketa erabatekoa izango da; hau da, jasotako zenbatekoa edo zenbatekoak osorik itzuli beharko dira.

5.– Osasuneko sailburuordearen bitartez hasi eta ebatziko da itzulketa-prozedura, behar diren prozesuak izapidetu eta gero. Prozedura abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuaren arabera izapidetuko da. Horretan, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren pentzudan ematen diren dirulaguntzen bermea eta itzulketak arautzen dira eta kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileen betekizunak, araubidea eta eginbeharrak ezartzen dira.

6.– Itzultzen diren diru kopuruak diru-sarrera publikotzat hartuko dira ondorio guztietarako.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Lehenengoa.– Agindu honen bidez iragarritako deialdiari eta berau garatzeko jarduketei honako xedapen hauek aplikatuko zaizkie: Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean oinarrizko araudi gisa ezarritakoa eta Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretua. Aplikatzekoa zaie, era berean, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartu zuen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuaren VI. tituluan eta VII. tituluaren III. kapituluan ezarritakoa.

Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritakoaren arabera izapidetuko da prozedura.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, erakunde interesdunek aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote Osasuneko sailburuari, hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango dute, zuzenean, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hileko epean, ebazpena aipatutako aldizkari ofizialean argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita izango du eragina.

Vitoria-Gasteiz, 2021eko ekainaren 29a.

Osasuneko sailburua,

MIREN GOTZONE SAGARDUI GOIKOETXEA.


Azterketa dokumentala