Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

137. zk., 2021eko uztailaren 13a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

LAN ETA ENPLEGU SAILA
3970

AGINDUA, 2021eko ekainaren 29koa, Jaurlaritzako bigarren lehendakariorde eta Lan eta Enpleguko sailburuarena, gizarte-ekonomiaren arloko prestakuntzarako laguntzak arautzen dituena eta laguntzetarako deialdia egiten duena.

Sistema ekonomikoaren kolapso ziklikoei erantzuteko eta Gobernuak enplegu hobea eta, beraz, gizarte-kohesio handiagoa sortzeko hartutako konpromisoari helduz, saihestezina eta premiazkoa da gizarte-ekonomiak ematen dituen erantzunak ezagutzea eta zabaltzea. Agindu honetarako zuzkidura ekonomikoaren aurrekontua handitu egin da, eta Eusko Legebiltzarrak 80 mila euroko partida onartu du «Gizarte-ekonomiaren zabalkunde kanpaina» bat egiteko. Horrek babestu egiten du sailak gizarte-ekonomia sustatzeko egiten duen etengabeko ahalegina.

Gizarte-ekonomiaren inguruko gaiak jorratzen dituzten materialak argitaratzeari eta editatzeari buruzko atalak diru gehiago dauka erabilgarri. Alde batetik, enpresen eta haien ingurunearen funtzionamenduaren errealitatea eta gaur egungo egoera jasotzen duten argitalpenetarako. Beste alde batetik, handitu egin da literatura zientifiko-akademikorako zuzkidura, aurreko ekitaldian egindako lanen kopurua eta kalitatea ikusita.

Genero-ikuspegia oinarri hartuta gizarte-ekonomia aztertzen duen ikerketa berariaz aipatzen da, eta hori egitea lehenetsiko da. Orain dela gutxi argitaratutako azterlanek frogatu dutena zabaltzeko analisietan sakontzea da helburua: gizarte-ekonomiako enpresek adierazle positiboagoak dituzte generoarekin lotutako alderdietan, gizarte-ekonomiaren familiakoak ez diren enpresekin alderatuta.

Hezkuntzaren eremuan, unibertsitate-aurreko maila guztietan gizarte-ekonomiari buruzko prestakuntza-eduki espezifikoak osatu ondoren, komenigarritzat jo da ikasle-komunitate osoari doan ematea gizarte-ekonomiari buruzko katalogo edo gordailu digital bat, nagusiki Euskadin oinarritua.

Horrenbestez, Euskal Autonomia Erkidegoko 2021. urteko aurrekontu orokorrak onartzen dituen otsailaren 11ko 1/2021 Legea onartu ostean, deialdia finantzatzeko aurrekontu-kreditu nahikoa dagoela egiaztatuta, Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseiluarekin bat etorriz, eta Lan eta Enplegu Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen urtarrilaren 19ko 7/2021 Dekretuak ematen dizkidan eskumenen arabera, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

Agindu honen xedea da Euskal Autonomia Erkidegoan gauzatzen diren eta bereziki gizarte-ekonomiarekin zerikusia duten prestakuntza-jarduerak egiteko Eusko Jaurlaritzak, Lan eta Enplegu Sailaren bitartez, 2021eko ekitaldian emango dituen laguntzak arautzea eta laguntzetarako deialdia egitea.

2. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen jarduerak.

Agindu honetan aurreikusitako laguntzak dirulaguntzatzat hartuko dira, eta gastuak honako jarduketa hauek finantzatzeko izango dira:

1.– Prestakuntza-jarduerak:

Gizarte-ekonomiaren arloko prestakuntzara bideratutako ekintzak –prestakuntza espezifikoa eta desberdindua–, unibertsitate-eremuan, unibertsitate aurreko eremuan edo sozietateen eremuan kooperatibismoari edo lan-sozietateei buruzko hasierako ezagutza lortzeko edo perfekzionatzeko edo, oro har, ezagutza horretan gaitzeko.

2.– Gizarte-ekonomiaren hedapen-jarduerak. Honako hauek izango dira jarduera horiek:

a) Kooperatibei eta lan-sozietateei buruzko aldizkako argitalpenak editatzea.

b) Aldian behingo jardunaldiak egitea.

c) Ekitaldi bereziak egitea gizarte-ekonomiako enpresa eta erakundeen ikusgaitasuna bultzatzeko, hala nola oroipen- edo omenaldi-egunak, sari berezien banaketa eta antzeko ekitaldiak.

d) Gizarte-ekonomiako zabalkunde-jarduerak egitea. Halakotzat hartuko dira: gizarte-ekonomiako informazio-jarduerak eta beste lurralde-eragile batzuekiko alderaketa, eta zabalkunde-jarduerak hainbat formatu eta euskarri grafikotan: irratia, prentsa, telebista, Internet eta multimedia. Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritzak baliozkotuko ditu jarduera horiek, betiere praktikara eramanda jarduerok izan dezaketen benetako eraginaren kuantifikazioa eta zenbatespena oinarri hartuta.

3.– Gizarte-ekonomiako ikerketa-jarduerak. Honako hauek izango dira jarduera horiek:

a) Gizarte-ekonomiako ikerketa-jarduerak, Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritzaren iritziz euskal gizarte-ekonomia garatzeko berriak eta erabilgarriak direnak. Gazteei, generoari eta ingurumenari loturiko gizarte-ekonomia lantzen dutenak lehenetsiko dira.

b) Gizarte-ekonomiarekin zerikusia duten materialen katalogo digitalerako gordailu bat egitea (proposamen didaktikoak, ikerketak eta antzekoak), lehen hezkuntzan, bigarren hezkuntzan eta unibertsitate aurreko hezkuntzan doan zabaltzeko.

Agindu honen indarrez laguntza jaso dezaketen prestakuntza-, zabalkunde- eta ikerketa-jarduerek aurten hasi behar dute, eta 2022ko ekainaren 30a baino lehen amaiturik egon behar dute.

3. artikulua.– Baliabide ekonomikoak, adjudikatzeko prozedura eta emakidaren mugak.

1.– Agindu honen xedea betetzeko, seiehun eta laurogeita hamazazpi mila (697.000) euroko gehieneko kopurua erabiliko da guztira, honela banatuta: laurehun eta hamazortzi mila eta berrehun (418.200) euroko ordainketa-kreditua 2021eko ekitaldirako, eta berrehun eta hirurogeita hamazortzi mila eta zortziehun (278.800) euroko konpromiso-kreditua 2022ko ekitaldirako.

2.– Interesdun guztiek izango dute dirulaguntzetarako irispidea baldin eta eskabideak ezarritako epearen barruan aurkezten badituzte eta aurreikusitako agirien bidez egiaztatzen badute agindu honetan eskatutako betekizun subjektiboak eta objektiboak betetzen dituztela; 11. artikuluan ezarritako mugen eta zenbatze-irizpideen arabera dagozkien dirulaguntzak izango dira.

3.– Deialdiari esleitutako baliabide ekonomikoen zuzkidura nahikoa ez bada aurreko paragrafoan aipatzen diren betekizunak betetzen dituzten eskabide guztiei aurre egiteko agindu honek ahalbidetzen dituen gehieneko zenbatekoetan, honela jokatuko da: hasieran kalkulatutako kopuruak murriztuko dira, eta, horretarako, gutxitze proportzional bat aplikatuko da onartu diren eskabide guztien artean.

4.– Ezin izango da guztira 150.000 euro baino gehiago bideratu aldizkako argitalpenak editatzeko. Horietatik, 90.000 euro erabiliko dira bereziki ikerketa-edukiak argitaratzeko, besteak beste unibertsitate-argitalpenak egiteko. Beste 60.000 euroak erabiliko dira Euskadiko gizarte-ekonomiaren errealitatea zabaltzeko argitalpenak eta edizioak egiteko. Puntu honetan aipatutako bi argitalpen-motetako edozeinetan baliabide ekonomiko nahikorik ez badago eta bestean sobera badago, soberako saldoa nahikoa ez daukan horretarako erabiliko da. Azken kasu horretan, proportzioan murriztuko dira onartutako eskabideak, apartatu bakoitzean modu independente batean.

5.– 2.2.d) artikuluko jarduerek orotara ezin izango dute gainditu 50.000 euroko zenbatekoa; horretaz gainera, jarduera bererako ezin izango da laguntza bikoiztu, eskabide bera plan bitan aurkeztuta.

4. artikulua.– Erakunde onuradunak.

Jarduera nagusiki Euskal Autonomia Erkidegoan gauzatzen duten erakundeek eskuratu ahal izango dituzte agindu honetan aurreikusitako dirulaguntzak, zehaztapen hauei jarraikiz:

1.– 2.1.a), 2.2.a), 2.2.b), 2.3.a) eta 2.3.b) artikuluetan adierazitako kasuetan: fakultateak, unibertsitate-eskolak, unibertsitate-institutuak eta unibertsitatearekin lotura duen ikerketa-entitate oro.

2.– 2.1.a), 2.2.a), 2.2.b), 2.2.c), 2.2.d) eta 2.3.b) artikuluetan adierazitako kasuetan: federazioak, kooperatiba-konfederazioak, behar bezala eratu eta inskribatutako gizarte-ekonomiako enpresen beste elkartze-egitura batzuk, gizarte-ekonomiako bigarren graduko elkarte-entitateak eta lan-sozietateen taldeak.

Agindu honen ondorioetarako, «gizarte-ekonomiako bigarren graduko elkartetzat» joko dira honako baldintza hau betetzen duten elkarte-egiturak: Gizarte Ekonomiari buruzko 5/2011 Legeak araututakoaren arabera, elkarteak izatea, alegia, eta euren kideak ere bai.

3.– Gizarte-ekonomiaren arloko prestakuntza-zentroak, kooperatiba-egitura edo -taldeen edo lan-sozietateen mende daudenak.

5. artikulua.– Onuraduna izateko betekizunak.

1.– Agindu honetako laguntzak lortu ahal izateko, erakunde eskatzaileek honako betekizun hauek bete behar dituzte:

a) Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzea, Ekonomia eta Ogasun Sailak horretarako ezartzen duenari jarraikiz.

b) Dirulaguntza edo laguntza publikoak eskuratzea galarazten duen zehapen penal edo administratiborik ez izatea, edo horretarako desgaitzen duen legezko debeku baten pean ez egotea.

c) Hala badagokio, dirua itzultzeko betebeharra egunean izatea, bai eskabidea egiteko unean, bai ordainketen unean.

d) Erakunde eskatzaileak erantzukizunez deklaratzea zer egoeratan dagoen Administrazio honi edo beste administrazio publiko batzuei xede eta helburu berberaz eskatutako beste edozein laguntza (eskatuta, izapideak egiten nahiz emanda).

2.– Agindu honetan aurreikusitako laguntzak eman eta, hala behar badu, ordainketa jaso ahal izateko, erakunde onuradunak amaituta eduki beharko ditu itzulketa- edo zehapen-prozedura guztiak, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek eman dituzten –eta izaera berekoak diren– laguntza eta dirulaguntza publikoekin lotutakoak; hau da, prozedura horiek ezin dira oraindik izapide-aldian egon.

3.– Era berean, ezingo dira agindu honetan araututako dirulaguntzen onuradun izan Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan aipatutako egoeretakoren batean dauden erakundeak.

6. artikulua.– Erakunde eskatzaileen betekizunak egiaztatzea.

1.– Eskabidearekin batera aurkeztuko duten erantzukizunpeko adierazpen baten bidez, erakunde onuradunek adierazi behar dute bete egiten dituztela aurreko artikuluan zehazten diren betekizunak, baita Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan adierazitako gainerako betekizunak ere. Kasu horretan, dirulaguntza emateko ebazpen-proposamena egin aurretik, adierazpen horretan jasotako datuak benetakoak direla egiaztatzen duten agiriak aurkezteko eskatu beharko da, gehienez ere 15 eguneko epean.

2.– Eskaera aurkeztearekin batera, baimena ematen zaio Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritzari zuzenean egiazta dezan zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen dituela, salbu eta erakunde eskatzaileak, modu arrazoituan, horren aurka egiten badu. Kasu horretan, erakunde eskatzaileak ogasun-agintaritzaren eta Gizarte Segurantzaren administrazio-instantziek emandako ziurtagiriak aurkeztu beharko ditu. Betebehar horiek egunean izatea nahitaezkoa da onuradun izateko, bai eta onuradun gisa jarraitzeko ere, onartutako dirulaguntza likidatu arte; hortaz, betebehar horiek betetzen direla egiaztatuko da dirulaguntza emateko unean eta ordainketak egiteko unean.

3.– Administrazio publikoen egiaztatze-, kontrolatze- eta ikuskatze-ahalmenak gorabehera, eskabideek aukera emango dute laguntza jasotzen duten erakundeek berariaz uka dezaten organo kudeatzaileek datuak lortu edo egiaztatu ahal izatea. Kasu horretan, eskatutako nahitaezko dokumentuak aurkeztu beharko ditu erakunde eskatzaileak.

7. artikulua.– Bitarteko elektronikoak erabiltzea.

1.– Agindu honetan aurreikusitako laguntzetarako eskabideak baliabide elektronikoak erabiliz izapidetuko dira.

2.– Izapidetzeko jarraibideak, erantzukizunpeko adierazpenak eta ereduak jasotzen dituen administrazio-prozeduraren informazio-fitxa, zeinaren bidez eskabidearen formulariora sartzen baita, helbide honetan eskura daiteke: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/0055218

3.– Eskabidearen ondorengo izapideak egiteko (jakinarazpenak barne), Euskadiko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalera jo beharko da: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

4.– Helbide honetan daude eskuragai Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan onartutako identifikazio eta sinadura elektronikorako bitartekoak: https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak

5.– Prozedura guztia ordezkari baten bidez ere izapidetu ahal izango da, eta, horretarako, ordezkaritza hori Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren ahalordeen erregistroan inskribatu beharko da, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/ordezkariak

8. artikulua.– Eskabideak aurkezteko modua eta epea.

1.– Eskabidea egoitza elektroniko honetan egongo da eskuragarri: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/0055218

2.– Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera.

3.– Erakunde eskatzaileek eskabideak eta dokumentuak euskaraz edo gaztelaniaz aurkez ditzakete, nahi duten hizkuntza hautatuta. Orobat, prozeduran zehar, pertsona edo erakunde eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeari buruzko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 6.1 artikuluan ezarritakoaren arabera.

9. artikulua.– Nahitaezko dokumentazioa.

1.– Arau orokor gisa, agindu honetan aurreikusitako laguntzak eskuratzeko eskabideekin batera, memoria bat aurkeztu beharko da, eta aurreikusitako jarduerak egiteko arrazoiak eta helburuak zehaztuko dira bertan. Memoria horrek nahitaez jaso behar ditu honako hauek:

– Erabili beharreko giza baliabideak eta baliabide materialak.

– Aurkeztutako proiektuaren partiden gutxi gorabeherako aurrekontua eta aurrekontu zehatza.

– Diruz lagundu daitekeen jardueraren garapen-egutegi deskribatzailea.

– Aurkeztutako proiektuak finantzatzeko plan xehatua.

– Programaren erakunde laguntzaileen zerrenda, halakorik badago.

2.– Eskatzaileari dirulaguntza jasotzeko eskubidea onartzen bazaio, dirulaguntzaren ordainketa jasotzeko Ekonomia eta Ogasun Saileko Hirugarrenen Erregistroan eman beharko du izena. Erregistratu gabe egonez gero edota jasota dauden datuak aldatu nahi izanez gero, alta edo aldaketa egin daiteke hemen: https://www.euskadi.net/hirugarrenak

10. artikulua.– Eskabidean egindako hutsak zuzentzea.

Dirulaguntzen eskaeren termino guztiak beteta ez badaude edo beharrezko dokumentazioarekin batera ez badatoz, erakunde eskatzaileari eskatuko zaio akatsa konpon dezala edo beharrezko dokumentuak gainera ditzala, betiere hamar eguneko epean, eta jakinaraziko zaio hori egiten ez badu atzera botako zaiola eskaera. Administrazioak eskaera horri buruzko berariazko ebazpena eman beharko du, eta ebazpen hori jakinarazi, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 21.1 eta 68.1 artikuluetan xedatutakoari jarraikiz.

11. artikulua.– Dirulaguntza jaso dezaketen gastuak, dirulaguntzen zenbatekoa eta zenbateko hori zehazteko irizpideak.

1.– Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 31. artikuluan xedatutakoaren arabera, diruz lagundutako proiektua egiteko beharrezkoak diren gastuak izango dira diruz laguntzeko moduko gastuak. Eskabidearekin batera aurkeztutako aurrekontu-plangintzan oinarrituko dira gastu horiek, eta Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritzak baliozkotuko eta onartuko du plangintza.

2.– Dirulaguntzaren zenbatekoa eta aplikatu beharreko mugak honako hauek izango dira:

a) 2.1.a) artikuluaren arabera diruz laguntzekoak diren jarduerak: jardueraren kostu garbiaren % 85; erakunde onuradun bakoitzak, gehienez, 30.000 euro jaso ahal izango ditu.

b) 2.2.a) artikuluaren arabera diruz laguntzekoak diren jarduerak: jardueraren kostu garbiaren % 85; erakunde onuradun bakoitzak, gehienez, 30.000 euro jaso ahal izango ditu.

c) 2.2.b) artikuluaren arabera diruz laguntzekoak diren jarduerak: jardueraren kostu garbiaren % 85; erakunde onuradun bakoitzak, gehienez, 20.000 euro jaso ahal izango ditu.

d) 2.2.c) artikuluaren arabera diruz laguntzekoak diren jarduerak: jardueraren kostu garbiaren % 85; erakunde onuradun bakoitzak, gehienez, 30.000 euro jaso ahal izango ditu.

e) 2.2.d) artikuluaren arabera diruz laguntzekoak diren jarduerak: jardueraren kostu garbiaren % 85; erakunde onuradun bakoitzak, gehienez, 10.000 euro jaso ahal izango ditu.

f) 2.3.a) artikuluaren arabera diruz laguntzekoak diren jarduerak: jardueraren kostu garbiaren % 85; erakunde onuradun bakoitzak, gehienez, 30.000 euro jaso ahal izango ditu.

g) 2.3.b) artikuluaren arabera diruz laguntzekoak diren jarduerak: jardueraren kostu garbiaren % 85; erakunde onuradun bakoitzak, gehienez, 20.000 euro jaso ahal izango ditu.

3.– Egindako gastuak justifikatu ondoren, agindu honetako 2. artikuluan araututako ekintza bakoitzeko, emandako dirulaguntza ez da, inola ere, benetan ordaindutako kostu garbi errealaren % 85 baino handiagoa izango.

12. artikulua.– Beste dirulaguntza edo laguntza batzuekiko bateragarritasuna.

1.– Agindu honetan araututako dirulaguntzak bateratu daitezke beste edozein Administraziok edo erakunde publikok emandako laguntzekin, arrazoi eta xede bera izan nahiz eta. Nolanahi ere, dirulaguntzen zenbatekoak ezin izango du diruz lagundutako jardueraren kostu osoa gainditu, ezta agindu honen 11. artikuluan aurreikusitako gehieneko zenbatekoa ere.

2.– Entitate onuradunak beste administrazio publiko edo erakunde publiko batzuetatik arrazoi eta xede beragatik jasotzen dituen laguntzak eta agindu honetako laguntzak pilatzen badira, eta laguntza horien baturak laguntza-gai den jardueraren kostua edo agindu honen 11. artikuluan aurreikusitako gehieneko zenbatekoa gainditzen badu, soberakin horren bateraezintasuna deklaratuko da, eta, hala badagokio, murriztu egingo da Lan eta Enplegu Sailak eman beharreko laguntzaren zenbatekoa.

13. artikulua.– Kudeaketa, ebazpena, epea eta publikotasun-prozedura.

1.– Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritza izango da agindu honetan aurreikusitako dirulaguntzak kudeatzeko organo eskuduna.

2.– Gizarte Ekonomiaren zuzendariak emandako ebazpen bakar baten bidez eman edo ukatuko dira agindu honetan aurreikusitako dirulaguntzak. Ebazpen bakar hori eskatzaileei banaka jakinaraziko zaie, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritakoa betez.

Ebazpen horrek ez du administrazioarekiko bidea agortuko; horrenbestez, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote Lan eta Gizarte Segurantzako sailburuordeari, hilabeteko epean, jakinarazpena egin eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legeak 121. eta 122. artikuluetan xedatutakoari jarraikiz.

3.– Agindu honen babesean egindako eskabideak esanbidez ebazteko eta jakinarazteko epea sei hilekoa izango da gehienez, aginduak ondorioak dituenetik zenbatzen hasita. Epe horretan ez bada berariazko ebazpenik eman eta jakinarazi, eskabideak ezetsi direla ulertuko da, urriaren 1eko 39/2015 Legearen (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena) 25.1 artikuluan ezarritakoaren ondoreetarako. Edonola ere, ez da eragotziko Administrazioak berariaz ebazteko duen betebeharra.

4.– Publikotasun-printzipioa betetzeko, honako hau argitaratuko da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, Gizarte Ekonomiaren zuzendariaren ebazpenaren bidez: alde batetik, agindu honen babesean, zer erakundek jaso duten dirulaguntza, eta zenbateko laguntza jaso duten; bestetik, zer erakunderi aldatu zaizkien emandako dirulaguntzak. Nolanahi ere, ebazpena espresuki eta banan-banan ere jakinaraziko da.

14. artikulua.– Dirulaguntza ordaintzeko eta justifikatzeko modua.

1.– Dirulaguntzak zatika ordainduko dira, honela:

a) Lehenengo, dirulaguntzaren guztizkoaren % 60, dirulaguntza emango dela jakinarazi eta biharamunetik zenbatzen hasita hamabost egun igarotakoan, betiere esanbidez uko egin ez bazaio.

b) Bigarren zatia, gainerako % 40a, diruz lagundutako jarduerak amaitzen direnean.

2.– Dirulaguntzaren bigarren zatia ordaintzeko, emandako dirulaguntzaren justifikazio-kontu sinplifikatua aurkeztu beharko du erakunde onuradunak, eta kontu horrek informazio hau jasoko du:

– Egindako jardueren eta lortutako emaitzen justifikazio-memoria.

– Jarduerako gastuen eta inbertsioen zerrenda sailkatua. Dirulaguntza aurrekontu zenbatetsi baten arabera eman baldin bada, harekiko zer alde izan diren azalduko da.

– Diruz lagundutako jarduera finantzatu duten beste diru-sarrera eta dirulaguntza batzuen zerrenda, zenbatekoa eta jatorria adierazita.

– Hala badagokio, itzulketaren ordainketa-gutuna, baldin eta aplikatu gabeko gerakinik badago edo gerakin horietatik eratorritako interesik badago.

3.– Dirulaguntza ematen duen organoak, erakunde onuradun bakoitzerako egotzitako eta behar bezala justifikatutako kopuru nagusien laginketa baten bitartez, egokitzat jotzen dituen ziurtagiri guztiak egiaztatuko ditu, dirulaguntza egoki erabili dela ondorioztatzeko adinako ebidentzia bildu arte. Horretarako, hautatutako gastuen ziurtagiriak eskatu ahal izango dizkie onuradunei.

4.– Aurreko paragrafoan adierazitako agiriak aurkezteko epea 3 hilekoa izango da gehienez, diruz lagundutako ekintzak amaitzen direnetik aurrera.

15. artikulua.– Erakunde onuradunen betebeharrak.

Agindu honetan araututako dirulaguntzen onuradunek indarrean dagoen araudia bete beharko dute, hartara eragotzi gabe azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onetsitako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 50.2 artikuluan ezarritako betebeharrak eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. artikuluan ezarritakoak; eta, horietaz gainera, honako betebehar hauek ere izango dituzte:

a) Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritzara prestakuntza-proiektuetan erabilitako ikasmaterialen ale bat bidali behar dute, halakorik izan bada.

b) Era berean, Eusko Jaurlaritzako Lan eta Enplegu Sailaren laguntza jaso dutela espresuki jasota utzi beharko da baldin eta dirulaguntza jaso duten jarduerak argitaratu behar badira, argitalpenaren azalean sail horren logotipoa gaineratuta. Halaber, erakunde onuradunek behar diren zabalkunde-neurriak hartuko dituzte, era egokian iragartzeko agindu honen kargupeko jarduera-finantzaketa publikoa dela. Beharrezkoa da egindako jardueren justifikazio-memoria bat egitea, nahitaezkoa baita dirulaguntzaren bigarren ordainketa eskatzeko; memoria horretan betebeharrak gauzatzeko hartu diren neurriak adieraziko ditu esplizituki.

c) Dirulaguntza zertan eta zelan erabili den ziurtatu beharko dute zerrenda bidezko bermeen bitartez, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan ezarritakoa betetzeko. Dekretu horretan, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kontura ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horien itzulketei buruzko erregimen orokorra arautu zen, eta horien kudeaketan parte hartzen duten entitate laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezarri ziren.

16. artikulua.– Dirulaguntzaren baldintzak aldatzea.

Dirulaguntza emateko kontuan hartu diren baldintzetan edozein aldaketa izanez gero, betiere dirulaguntzaren xedea bete dela ulertzen bada, eta, hala badagokio, aldi berean beste administrazio batzuen edo erakunde publiko zein pribatuen laguntzak nahiz dirulaguntzak lortuz gero, eta, kasua bada, helburu bera duten bestelako diru-sarrerak edo baliabideak lortuz gero, dirulaguntza emateko ebazpena alda daiteke. Ondorio horietarako, Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritzak aldaketa egiteko ebazpena emango du, zeinaren bidez, emandako dirulaguntzen zenbatekoak egokitu egingo baitira, eta pertsona onuradunek itzuli egin beharko dituzte neurriz gain jasotako zenbatekoak.

17. artikulua.– Ez-betetzeak eta erantzukizunak.

1.– Erakunde onuradunak hauetan xedatutakoak bete behar ditu: dirulaguntzak emateko ebazpenean ezarritako arauak; Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikulua, eta erabilgarri diren gainerako xedapenak. Horiek betetzen ez baditu, edo aurkeztutako datuak egiazkoak ez badira, edo emandako dirua beste zerbaitetarako erabili bada, helbururako erabili beharrean; horren ondorioz, Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritzak berariaz horretarako hasitako espedientea izapidetuko du, eta interesdunari hamabost eguneko epea emango dio esan behar duena entzuteko, eta, ondoren, hala badagokio, onuradunak dirulaguntza galduko du, eta, bi hileko epean, ordura arte jasotako dirulaguntzak (osorik edo partez) eta legez dagozkien berandutze-interesak itzuli beharko dizkio Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari. Horretaz gainera, legez egin daitezkeen gainerako egintzak ere egingo dira. Hori guztia halaxe izango da honako hauek oinarri hartuta: abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan ezarritakoa, eta azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan ezarritakoa, horren bidez onartu baitzen Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina.

2.– Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37.2 artikulua aintzat hartuta, ez-betetzeak mailakatzeko eta beti proportzionaltasun-printzipioari jarraikiz, honako hau ezartzen da: erakunde onuradunak hasieran aurkeztutako aurrekontuaren % 60 edo gehiago exekutatzen duenean, itzuli beharko da, edo, hala badagokio, erabili ez den zatiaren ordainketa partziala egin beharko da eta zati horren kobrantza proportzionala jasotzeko eskubidea galduko da, betiere proiektuaren edo proiektuaren fasearen helburuen betekizuna guztizko betekizunen antzekoa bada, eta erakunde onuradunak zalantzarik gabe egiaztatzen badu konpromisoak betetzeko jarduketa berri bat.

3.– Dirulaguntzen arloko arau-hauste administratiboak dira honako hauek: Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren IV. tituluan tipifikatutako ekintzak eta ez-egiteak; eta zehagarriak dira, zabarkeria arin gisa bada ere. Dirulaguntzen arloko arau-hausteak diruzko zigorrak jarriz zehatuko dira eta, hala dagokionean, diruzkoak ez diren zigorren bidez.

18. artikulua.– Dirua itzultzeko prozedura.

Aurreko artikuluan aurreikusitako ez-betetzeen kasuetan, honako hau izango da jasotako laguntzak itzultzeko prozedura:

a) Gizarte Ekonomiaren zuzendariak ebazpen bidez jakinaraziko dio erakunde onuradunari dirua itzultzeko prozedura hasi dela eta zergatik hasi den prozedura hori; horretaz gainera, 15 eguneko epea emango dio, egoki iritzitako alegazioak egin ditzan.

b) Alegazioak jasota edo batere aurkeztu gabe igaro bada epea, organo eskudunak ebazpen baten bidez xedatuko du dagozkion kopuruak EAEko Diruzaintza Nagusiari itzultzeko betebeharra, bi hileko gehienezko epea emanez horretarako, ebazpena jakinarazten denetik aurrera. Epe hori borondatezko epea izango da.

Laguntzak itzultzeko prozedura gehienez 12 hilabeteko epean ebatzi beharko da.

c) Kopuru horiek borondatezko epean itzultzen ez badira, horren berri emango zaio Eusko Jaurlaritzako Ekonomia eta Ogasun Saileko Finantza eta Aurrekontu Sailburuordetzari, premiamendu-bideari ekin diezaion, aplika daitekeen lege-araudian xedatutakoari jarraituz.

19. artikulua.– Datuak babestea.

Agindu hau aplikatzean bildutako datu pertsonalak Datu pertsonalak babesteko eta eskubide digitalak bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan eta aplikatu beharreko gainerako araudian xedatutakoaren arabera tratatuko dira.

Datuen babesari buruzko informazio xehatua lortzeko, helbide honetara jo: https://www.euskadi.eus/rgpd/0055218

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.– Aplikatu beharreko araudia.

Agindu honetan adierazitako dirulaguntzetarako, honako hauetan xedatutakoa aplikatuko da: Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren VI. titulua (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartua); Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea, eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorreko oinarrizko arauak (Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuan garatutako lege organikoa).

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA.– Errekurtsoak.

Agindu honen aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke Jaurlaritzako bigarren lehendakariorde eta Lan eta Enpleguko sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 112. artikuluan eta hurrengoetan jasotakoarekin bat etorriz. Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke zuzenean EAEko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hileko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, betiere Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioaren uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 10.1.a) eta 46.1 artikuluetan ezarritakoa betez.

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA.– Europar Batasuna.

Agindu honetan araututako laguntzetan ez dira betetzen Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. artikuluko 1. apartatuan ezarritako betekizun guztiak; beraz, ez dira estatu-laguntzatzat hartzen, eta, ondorioz, ez zaio Europar Batasunari jakinarazi behar.

AZKEN XEDAPENETAKO LAUGARRENA.– Ondorioak.

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2021eko ekainaren 29a.

Jaurlaritzako bigarren lehendakariorde eta Lan eta Enpleguko sailburua,

IDOIA MENDIA CUEVA.


Azterketa dokumentala