137. zk., 2021eko uztailaren 13a, asteartea
- Bestelako formatuak:
- PDF (339 KB - 11 orri.)
- EPUB (228 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
LAN ETA ENPLEGU SAILA
3969
AGINDUA, 2021eko ekainaren 29koa, Jaurlaritzako bigarren lehendakariorde eta Lan eta Enpleguko sailburuarena, gizarte-ekonomiako enpresetan bazkideak sartzeko laguntzen deialdia egiten duena eta laguntza horiek arautzen dituena.
Lan eta Enplegu Sailaren 2021eko ekitaldirako Dirulaguntzen Plan Estrategikoak gizarte-ekonomiako enpresen sozietate-oinarria indartzearen aldeko apustua egiten jarraitzen du, eta zuzenean errazten du lau kolektibo zehatzen nahitaezko ekarpenaren harpidetza, betiere langabeen kolektiboa lehenetsiz.
Enplegu-zentro bereziren batetik igaro ondoren gizarte-ekonomiako edozein enpresatan bazkide langile mugagabe gisa sartzen diren desgaituei babesa ematen jarraituko da. Azken 10 urteetan, 300 pertsonak baino gehiagok jaso dute laguntza ekonomikoa partaide diren enpresako langileak eta jabeak izateko behar den dirua ordaintzeko, bizi diren gizartearen kohesioa indartuz.
Hirugarrenik, nekazaritzako jabeei pizgarriak eman zaizkie lehen sektorean nagusi den sare kooperatibistan sar daitezen, eta hori ere garrantzitsua izan da azken urteotan. Izan ere, sektore horretan gizarte-ekonomiako erakundeak indartzera bideratutako baliabide ekonomikoek, besteak beste, erakunde horietan partaide diren ehunka bazkiderekin bat egitea erraztu dute.
Azkenik, eutsi egiten zaio kooperatiba berean inoren konturako langileen kolektibotik bazkide langile gisa sartzeko laguntzak ezartzera eraman zuen arrazoiari: kapitala ordaintzeko errezeloak –oro har nahiko kopuru handian– eta Langileen Estatutuaren babesetik etor daitezkeen abantailen galera gainditu egin daitezke deialdi honetako laguntzei esker.
Ondorioz, Euskal Autonomia Erkidegoko 2021. urteko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen otsailaren 11ko 1/2021 Legea onartu ostean, deialdia finantzatzeko aurrekontu-kreditu nahikoa dagoela egiaztatuta, Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseiluarekin bat etorriz, eta Lan eta Enplegu Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen urtarrilaren 19ko 7/2021 Dekretuak ematen dizkidan eskumenen arabera, honako hau
EBAZTEN DUT:
1. artikulua.– Xedea.
Agindu honetan aurreikusitako laguntzak dirulaguntzatzat hartuko dira, eta honako jarduketa hauek finantzatzeko erabiliko dira:
a) Langabeak kooperatiba-sozietateko edo lan-sozietateko forma juridikoa duten enpresetara sartzea, bazkide langile edo lan-bazkide mugagabe gisa.
b) Inoren konturako lan-kontratua duten eta bazkideak ez diren jarduneko langileak sartzea kooperatiba-sozietateko edo lan-sozietateko forma juridikoa duten enpresetara, bazkide langile edo lan-bazkide gisa.
c) Desgaituak sartzea kooperatiba-sozietateko edo lan-sozietateko forma juridikoa duten enpresetara, bazkide langile edo lan-bazkide gisa.
d) Nekazaritzako, abeltzaintzako eta basogintzako ustiategien edo ustiategi mistoen titularrak sartzea nekazaritzako eta elikagaigintzako kooperatibetako bazkide gisa.
2. artikulua.– Baliabide ekonomikoak, emate-mugak, eta dirulaguntzak esleitzeko prozedura.
1.– Agindu honen xedea betetzeko, laurehun mila (400.000) euro jarriko dira.
2.– Deskribatutako lau kolektiboei dagokienez, aurreko apartatuan zehaztutako diru-zenbatekoa aski bada, eskakizunak betetzen dituzten laguntza-eskabide guztiei emango zaizkie laguntzak.
3.– Esleitutako dirua nahikoa ez bada, honela jokatuko da:
– 1.a) artikuluaren babespean aurkeztu eta onartutako eskabide guztiei aurre egiteko nahikoa bada, lehenengo eta behin horiei guztiei erantzungo zaie. Soberako gainerakoa dela eta, beste hiru kolektiboetan onartutako eskabideen arteko murrizketa proportzionala egingo da.
– 1.a) artikuluaren babespean aurkeztu eta onartutako eskabide guztiei aurre egiteko nahikoa ez bada, proportzioan murriztuko da agindu honetako baliabide ekonomikoen zenbateko globala, eskabide horien guztien artean. Aipatutako beste hiru kolektiboen eskabideei ezezkoa emango zaie, 1. apartatuan aipatutako zuzkidura agortu delako.
3. artikulua.– Bitarteko elektronikoak erabiltzea.
1.– Interesdunek aurrez aurre zein elektronikoki egin ahal izango dituzte prozedura horri dagozkion eskabide, kontsulta eta izapide guztiak.
2.– Izapidetzeko jarraibideak, erantzukizunpeko adierazpenak eta ereduak eskuratu ahal izateko administrazio-prozeduraren informazio-fitxa, zeinaren bidez eskabidearen formulariora sartzen baita, helbide honetan eskura daiteke: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/0053818
3.– Eskabidea izapidetzeko eta agiriak aurkezteko bide bat edo bestea aukeratzen dela ere (aurrez aurrekoa edo elektronikoa), ez du eragingo aurrerantzean ere prozedurako gainerako izapideak horrela egin behar izatea, hau da, une oro alda daiteke.
4.– Eskabidearen ondorengo izapideak egiteko (jakinarazpenak barne), Euskadiko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalera jo beharko da: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta
4. artikulua.– Onuradun izateko betekizunak.
1.– Agindu honetako laguntzak lortu ahal izateko, eskatzaileek honako betekizun hauek bete behar dituzte:
– 1.a), 1.b) eta 1.c) artikuluetan adierazitako kasuetan, eskubide osoarekin bazkide langile edo lan-bazkide mugagabe moduan sartzea 2020ko irailaren 1etik 2021eko ekainaren 30era bitarteko egunen batean, bi egun horiek ere barnean direla.
– 1.d) artikuluan ageri den kasuan, eskubide osoarekin bazkide mugagabe moduan sartzea 2020ko irailaren 1etik 2021eko ekainaren 30era bitarteko egunen batean, bi egun horiek ere barnean direla.
2.– Betekizun espezifikoak:
a) Langabeen kasuan:
• Langabe gisa inskribatuta egotea enplegu-zerbitzu publikoan, eta gutxienez hiru hileko antzinatasuna izatea. Antzinatasun horrek etenik gabekoa izan beharko du, eta bazkide gisa sartu aurrekoa, bi egoeren arteko etenik gabe. Betekizun hori bete behar izanez gero, probaldia hasteko egunean bete beharko da –probaldia Euskadiko Kooperatiben abenduaren 20ko 11/2019 Legean dago araututa–.
b) Inoren konturako langileak bazkide gisa sartzen direnerako:
• Inoren konturako langileak onuradunak izan daitezke, baldin eta bazkide langile edo lan-bazkide gisa gizarte-ekonomiako erakundean sartu aurreko lan-kontratua sei hiletik gorako antzinatasuneko kontratua izan badute enpresan bertan. Ez da dirulaguntzarik emango lan-kontratu mugagabea goi-zuzendarien lan-harreman berezia arautzen duen 1382/1985 Errege Dekretuaren aplikazio-eremuaren barnean egin bada.
• Legezko subrogazio baten haritik eta gizarte-ekonomiako erakundea esleipendun suertatu den zerbitzu-kontrata edo administrazio-emakida baten ondorioz, langileak bazkide langile edo lan-bazkide gisa gizarte-ekonomiako erakunde batean sartzen badira, ezinbesteko baldintza izango da sartutako bazkide horiek jatorrizko erakundean kontratu mugagabea izan duten inoren konturako langileak izatea.
c) Bazkide gisa desgaituak sartzen direnerako:
• Desgaitasuna duten pertsonak badira, enplegu-zentro berezietatik badatoz eta gizarte-ekonomiako erakunderen batean era iraunkorrean sartzen badira, betiere kontuan hartuta gizarte-ekonomiako erakunde hori izan daitekeela desgaituek zerbitzuak ematen zituzten enplegu-zentro berezi bera. Enpresaratze horrek Euskal Autonomia Erkidegoan dagoen lantokiren batean izan behar du.
• Agindu honen ondorioetarako, desgaituak izango dira: gutxienez % 33ko minusbaliotasun onartua dutenak, urritasun fisiko, psikiko edo sentsorialak dituztenak.
d) Nekazaritzako eta elikagaigintzako kooperatibetan sartzen direnerako:
• Nekazaritzan, abeltzaintzan, basogintzan eta jarduera mistoetan diharduten ustiategien titularrak izatea, betiere euren kasa eta zuzenean egiten badituzte ustiategirako behar diren jarduerak, denbora osoan edo partzialean.
• Euskal Autonomia Erkidegoko nekazaritzako eta elikagaigintzako kooperatibetan bazkide gisa sartzea.
• Ustiategiek Euskal Autonomia Erkidegoan egon behar dute.
• Euskal Autonomia Erkidegoko nekazaritzako eta elikagaigintzako kooperatiba bateko bazkideak badira, bazkide izaten gutxienez 5 urte daramatela, justifikatutako arrazoi objektiboak direla medio nekazaritzako eta elikagaigintzako kooperatibaz aldatzen badira, arrazoi horiek egiaztatu beharko dira nekazaritza-sektoreko kooperatibak ordezkatzen dituen erakundeak emandako aldeko txostenaren bitartez.
3.– Betekizun orokorrak:
• Onuradun-izaera lortzeko eta izaera horri eusteko, egunean izan beharko ditu indarreko xedapenek ezartzen dituzten zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, eta dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak ordainduta izan beharko ditu.
• Ezingo dira onuradun izan Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13.2 artikuluan xedatutako egoeraren batean daudenak.
• Eskatzailea ez egotea laguntza edo dirulaguntza publikoak jasotzea eragozten dion administrazio- edo zigor-arloko zehapen baten pean, edo ez izatea horretarako legezko debekurik.
• Jakinaraztea eskatu egin dela eta, hala badagokio, lortu egin dela beste edozein administraziok edo erakundek –publikoa zein pribatua izan– helburu bererako emandako beste dirulaguntzaren, laguntzaren, diru-sarreraren edo baliabideren bat.
4.– Enpresaratze horrek Euskal Autonomia Erkidegoko lantokiren batean izan behar du, eta erakunde horrek egoitza sozial eta fiskalak ere bertan egon behar du.
5. artikulua.– Eskatzailearen betekizun jakin batzuk egiaztatzea.
1.– Azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren aldaketa aplikatzeko, erantzukizunpeko adierazpen baten bidez egiaztatu beharko dira 4. artikuluaren 3. apartatuan adierazitako eskakizun orokorrak, eta eskabidean sartuko da adierazpen hori.
2.– Interesdunak ez daude beharturik administrazioren batek eginak diren dokumentuen kopiak ekartzera, nahiz dokumentu horiek aurkeztea nahitaezkoa izan nahiz aukerakoa izan, betiere interesdunak adostasuna adierazi badio dokumentu horiek kontsultatzeari edo ateratzeari. Interesdunak datuak hartzeko edo kontsulta egiteko baimena eman duela ulertuko da, baldin eta eskaeran berariaz aukera horri aurka egiten ez badio.
3.– Eskabidea aurkezteak berez dakar eskatzen duen pertsonak baimena ematea instrukzioa egiten duen erakundeak zuzenean lor dezan Ogasunarekiko eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak betetzen dituela egiaztatzen duen ziurtagiria; hala ere, eskabidea egiten duen pertsonak berariaz uka dezake baimen hori, eta orduan, berak aurkeztu beharko ditu ziurtagiri horiek.
6. artikulua.– Eskabideak aurkezteko modua eta epea.
1.– Eskaerak 3. artikuluan aipatzen den egoitza elektronikoan eskuragarri dagoen eskabidearen bidez egingo dira.
2.– Eskabideak aurkezteko epea 2021eko irailaren 15ean amaituko da, egun hori barnean dela.
3.– Eskatzaileek eskabidea eta dokumentazioa euskaraz edo gaztelaniaz aurkez dezakete, nahi duten eran. Orobat, prozeduran zehar, eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 6.1 artikuluan xedatutakoaren arabera.
4.– Eskabideak aurrez aurre aurkeztu ahal izango dira Eusko Jaurlaritzako Lan eta Enplegu Saileko lurralde-ordezkaritzetan, edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan adierazitako organoetan, behar bezala eta osorik betetako eskabide normalizatuaren bidez. Bide elektronikoa erabiliz egiten diren eskabideak https://euskadi.net/nirekarpeta helbidean aurkeztuko dira.
7. artikulua.– Nahitaezko dokumentazioa.
1.– Agindu honetan adierazitako onurez baliatu nahi dituzten erakundeek honako agiri hauek aurkeztu beharko dituzte eskabidearekin batera:
a) Oro har:
– Bazkide-izaera egiaztatu behar da, administrazio-organoaren erabakiari buruzko ziurtagiriaren bidez, non zehaztuko baita noiz hartu den behin betiko eta eskubide osoko bazkide-izaera.
– Sozietateak emandako ziurtagiria, non adieraziko baita zenbateko kapitala harpidetu duen eskatzaileak enpresan bazkide gisa sartzeko. Ziurtagiri horretan, kasuan-kasuan, banaka adierazi beharko dira sarrera-kuotari eta hasierako ekarpenari buruzko kopuruak.
b) Langabeen kasuan:
– Langabe gisa inskribatuta egondako aldiei buruzko ziurtagiria, enplegu-zerbitzu publikoak emana.
– Dagokion enplegu-zerbitzu publikoaren ziurtagiria, non egiaztatu behar baita, hala badagokio, zenbat aitortu zaion ordainketa bakarreko langabezia-prestazioan.
c) Inoren konturako langileak bazkide gisa sartzen direnerako:
– Lan-bizitzaren txostena, lan-kontratua hasi den egunetik aurrerakoa, Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiak emana, non agertu behar baita kontratu horrek sei hiletik gorako antzinatasuna duela.
– Epemugarik gabe eta eskubide osoarekin bazkide langile edo lan-bazkide gisa sartu aurretik eskatzaileak erakundearekin zeukan erlazioari buruzko ziurtagiria, enpresak emana. Hau da, langilearekiko erlazioari dagokionez, argitu behar du inoren konturako langilea zen edo bazkide langilea edo iraupen mugatuko lan-bazkidea zen.
– Legezko subrogazio baten ondorioz sartuz gero, zerbitzu-kontratua edo administrazio-emakidarena, legezko subrogazioa egiaztatzeko.
d) Desgaituak bazkide gisa sartzen direnerako:
– Minusbaliotasunaren ziurtagiri ofiziala, dagokion foru-aldundiak emana, non minusbaliotasun-maila adieraziko baita.
e) Nekazaritzako eta elikagaigintzako kooperatibetan sartzen direnerako:
– Euskal Autonomia Erkidegoko nekazaritza-ustiategien erregistroaren ziurtagiria, dagokion foru-aldundiak emana, non adieraziko baita nor den ustiategiaren titularra, hala badagokio; nekazaritza-araubideko laneko bizi-agiria, edo nekazaritzako inoren konturako langileen araubide berezikoa, Gizarte Segurantzaren Diruzaintzak emana.
Euskal Autonomia Erkidegoko nekazaritza- eta elikagaigintza-kooperatibaren bateko bazkideak badira, honako hauek aurkeztu beharko dira: baja hartuko duten kooperatibaren ziurtagiria (kooperatiba horretan igarotako aldia azaldu beharko da), eta aldaketa hori egiteko premia objektiboaren aldeko txostena, nekazaritza-sektoreko kooperatibak ordezkatzen dituen erakundeak emana.
– Eskatzailearen erantzukizunpeko adierazpena, non adieraziko baitu zer dedikazio-erregimen daukan (partziala edo osoa) nekazaritza-ustiategian.
f) Hala badagokio, hauek:
– Kasuan-kasuan, espetxe-egoera egiaztatzen duen agiria: Espetxeetako Zuzendaritza Nagusiaren ebazpena / Espetxeratuen Zaintzarako Epaitegiaren autoa / Espetxeak emandako ziurtagiria.
– Bizikidetza-ziurtagiria, familia-liburuaren kopia eta erantzukizunpeko adierazpena, non adieraziko baita ordaindutako jarduerarik ez duen seme edo alaba bat edo gehiago dituela bere kargura, baldin eta sartzen diren pertsonek euren kargura badute ordaindutako jarduerarik gabeko ondorengo bat edo gehiago.
– Terrorismoaren biktimak izan direnen kasuan, aurreko lanpostuko lanak normaltasunez egitea zaildu edo galarazi duten gorabeherak terrorismo-ekintzaren ondorio izan direla egiaztatzen duten agiriak. Kontratatutako pertsona terrorismoaren biktimaren ezkontidea edo seme-alaba bada, familia-liburuaren fotokopia, eta biktimaren heriotza edo ezintasuna terrorismo-ekintza baten ondorio izan zela egiaztatzen duten agiriak.
– Genero-indarkeriaren biktima izan diren pertsonen kasuan, genero-indarkeriaren biktima babesteko aginduaren kopia, edo Fiskaltzaren txostena, non adierazi behar baita salatzailea genero-indarkeriaren biktima dela zantzuen arabera eta babes-agindua eman arte behintzat, edo genero-indarkeriako gertakariek eragindako kondena-epaia.
– Gizarteratze- eta laneratze-prozesua laneratze-enpresa batean amaitu dutenen kasuan, prozesua zein datatan amaitu zen egiaztatzen duen agiria, laneratze-enpresak emana.
– Toxikomano ohien kasuan, onuraduna errehabilitazio-programan sartzea onartzen duen Enplegu eta Prestakuntzako zuzendariaren jakinarazpenaren kopia.
2.– Eskatzaileari dirulaguntzarako eskubidea onartzen bazaio, dirulaguntza horren abonua jasotzeko, Ekonomia eta Ogasun Saileko Hirugarrenen Erregistroan eman beharko du izena (emanda ez badauka edo datuak aldatu bahi baditu). Altak edo aldaketak helbide hauetan egin daitezke:
• Aurrez aurre eginez gero, hemen ezarritako inprimaki-ereduaren arabera: https://www.euskadi.net/hirugarrenak
• Kanal elektronikoz: https://www.euskadi.net/hirugarrenak
8. artikulua.– Beste dirulaguntza edo laguntza batzuekiko bateragarritasuna.
1.– Deialdi honetan araututako dirulaguntzak bateratu daitezke arrazoi eta xede beragatik beste edozein administraziok edo erakunde publikok ematen dituen bestelako laguntzekin. Edonola ere, dirulaguntzen zenbatekoak ezin izango du gainditu agindu honen 10. artikuluko 2. eta 4. apartatuetan aurreikusitako gehieneko zenbatekoa.
2.– Agindu honen bidez lortutako laguntzak beste administrazio edo erakunde publiko batek xede eta helburu berarekin emandakoekin batera jasotzen baditu onuradunak, eta agindu honetako 10. artikuluaren 2. eta 4. apartatuetan aurreikusitako gehieneko zenbatekoa gainditzen bada laguntza horiek guztiak batuta, gaindikin hori bateraezina dela adieraziko da, eta Lan eta Enplegu Sailak eman beharreko laguntza gutxitu egingo da.
3.– Agindu honen bidez emandako laguntzak eta ordainketa bakarreko langabezia-prestazioa (langabeziaren kapitalizazioa) batera jasotzen badira, eskatzailea langabetzat hartuko da ondorio guztietarako, eta, dirulaguntza hartzeko eskubidea izateko, 4.2.a) artikuluan ezarritako eskakizuna bete beharko du.
9. artikulua.– Onuradunen betebeharrak.
Honako betebehar hauek izango dituzte dirulaguntza hauen onuradunek, hartara eragotzi gabe indarreko araudi aplikagarriek ezarritako beste batzuk ere, eta, batez ere, kontuan hartuta bai Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 50.2 artikuluan eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. eta 46. artikuluetan adierazitako betebeharrak:
1.– Dirulaguntza eman zaiola jakinarazten zaion egunetik hamabost egunera, espresuki eta idatziz uko egiten ez badio onuradunak dirulaguntzari, dirulaguntza hori onartutakotzat joko da.
2.– Bazkide egiten denetik hiru urte betetzen direnean, dirulaguntzaren onuradunak justifikatu beharko du sartu zen erakundeko bazkide izaten jarraitzen duela, salbu eta onuradunaren borondatearen aurkako arrazoiak egiaztatzen badira, edo justifikatzen bada sozietatearen kapitalerako ekarpena egiten jarraitzen duela (diruz lagundutako zenbatekoa gutxienez). Horretarako, bazkide egin eta hiru hilera, enpresan segitzen duela egiaztatzen duen agiria aurkeztu beharko du.
3.– Aldi berean, hasiera batean egindako ekarpenari eusten diola egiaztatu beharko du onuradunak; horretarako, aurreko apartatuan ezarritako epean, egoera horren egiaztagiria bidali beharko du. Hasierako ekarpen hori pertsonak horrek nahi izanda murriztu bada, EAEko Diruzaintza Nagusiari itzuli beharko dio honako zenbateko hau: emandako dirulaguntzak hasierako ekarpenarekiko adierazitako portzentajea aplikatuko zaio amaierako ekarpenari, eta hortik ateratzen den zenbatekoa kenduko zaio dirulaguntza gisa jasotako zenbatekoari.
4.– Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen –azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartua– 51.1.k) artikuluak arautzen du onuradunen betebeharra dela Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak eskatzen dieten informazio guztia ematea.
10. artikulua.– Dirulaguntza jaso dezaketen gastuak, dirulaguntzen zenbatekoa eta zenbateko hori zehazteko irizpideak.
1.– Programa honen kargura emandako dirulaguntzei dagokienez, onuradunek bazkide langile bihurtzeko kapital sozialean egin behar dituzten ekarpenak ordaintzen laguntzeko finantzaketarako erabiliko dira kooperatiba-sozietate edo lan-sozietatean sartzeko unean, eta, edonola ere, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 31. artikuluan xedatutakoaren arabera egokituko dira.
2.– Lan eta Enplegu Sailak honenbesteko dirulaguntzak emango ditu:
a) 1.a artikuluan aurreikusitako kasuetarako: 2.500 euro.
b) 1.b artikuluan aurreikusitako kasuetarako: 1.500 euro.
c) 1.c artikuluan aurreikusitako kasuetarako: 2.000 euro.
d) 1.d artikuluan aurreikusitako kasuetarako: 2.000 euro.
3.– Kopuru horrek hirurehun (300) euroko igoera izan ahalko du apartatu hauetan adierazitako kontzeptu bakoitzeko, eta metatu ahal izango dira:
a) Emakumea izatea.
b) Desgaitasunen bat izatea, hau da, desgaitasun fisiko, psikiko edo sentsoriala izatea, eta, gutxienez, % 45eko minusbaliotasuna onartua izatea.
c) Eusko Jaurlaritzak eta Justizia Ministerioak espetxeei buruz izenpetutako esparru-hitzarmena kontuan hartuta, hirugarren graduko presoak eta baldintzapean aske utzitakoak izatea kooperatiba- edo lan-sozietateren batean bazkide gisa sartutakoak.
d) Guraso bakarreko aita edo ama izatea, hau da, ordaindutako jarduerarik egiten ez duen seme-alabaren bat edo batzuk ardurapean izatea.
e) Genero-indarkeriaren biktima izan diren pertsonak. Pertsona bat egoera horretan dagoela ulertzeko: pertsona bera edo seme-alabak ezkontidearen edo antzeko harremanen baten bidez lotura egonkorra izan duen beste edozeinen indarkeria fisiko edo psikikoaren biktimak izan dira, betiere modu egiaztatu batean bai genero-indarkeriaren biktima babesteko aginduaren bidez, bai Fiskaltzaren txostenaren bidez –non adierazi behar baita salatzailea genero-indarkeriaren biktima dela zantzuen arabera eta babes-agindua eman arte behintzat–, bai genero-indarkeriako gertakariek eragindako kondena-epaiaren bidez.
f) Gizarteratze- eta laneratze-prozesua azaroaren 11ko 182/2008 Dekretuan araututako laneratze-enpresa batean bukatu dutenak. Dekretu horren bidez: laneratze-enpresen kalifikazioa arautzen da, horietara sartzeko prozedura eta horien erregistroa ezarri, eta laneratze-enpresen erregistroa sortu, baldin eta kooperatiba-sozietate edo lan-sozietatean sartze hori prozesua amaitu ondorengo lehen hamabi hiletan gertatzen bada.
g) Terrorismo-ekintzen biktimak izan diren pertsonak, Terrorismoaren biktimei laguntza integrala emateko sistema garatzen duen azaroaren 9ko 290/2010 Dekretuaren III. kapituluak horien kontratazioa sustatzeko ezarritakoaren arabera, eta terrorismo-ekintzen biktimen seme-alabak eta ezkontideak, biktima hori hil egin bada edo ordaindutako jarduera egitea galarazten dion ezintasun-egoeran geratu bada.
h) Toxikomano ohiak (alkoholiko eta drogazale ohiak). Agindu honetan aurreikusitako laguntzen ondorioetarako, halakotzat hartuko dira lantalde terapeutikoaren iritziz desintoxikazio- eta desohitze-faseak gaindituta etengabeko tratamenduan sei hilabete baino gehiago daramaten pertsonak, lanaren bitartez gizarteratzeko programa batean sartzea interesgarritzat jotzen bada.
4.– Ematen den dirulaguntzak ez ditu gaindituko, inola ere, honako ehuneko hauek, zeinak onuradunak bazkide egiteko unean kooperatiba- edo lan-sozietatean harpidetutako kapitalari baitagozkio (gehi, sarrera-kuota edo jaulkipen-prima):
a) 1.a artikuluan aurreikusitako kasuetan: % 100.
b) 1.b artikuluan aurreikusitako kasuetan: % 50.
c) 1.c artikuluan aurreikusitako kasuetan: % 75.
d) 1.d artikuluan aurreikusitako kasuetan: % 75. Lanaldi partziala eginez gero, ehunekoa harpidetutako kapitalaren % 50era murriztuko da.
5.– Edonola ere, kapital-harpidetza horrek eskatzaileak egindako benetako diru-ekarpena izan behar du; izan ere, ez da kontuan hartuko lagapen, dohaintza edo doako bestelako formularen baten bidez egindako ekarpena edo ekarpen-zatia.
11. artikulua.– Eskabideetako akatsak zuzentzea.
Dirulaguntzak lortzeko eskabideak oso-osorik bete ezean edo nahitaezko dokumentazioa aurkeztu ezean, hamar eguneko epean akatsak zuzentzeko edo nahitaezko agiriak aurkezteko eskatuko zaio interesdunari. Hori egin ezean, eskabideari uko egiten diola ulertuko da. Dena den, Administrazioak esanbidezko ebazpena eman eta jakinarazi behar du, hala xedatzen baitu Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legeak 21.1 eta 68.1 artikuluetan.
12. artikulua.– Kudeaketa, ebazpena, errekurtsoak eta publikotasun-prozedura.
1.– Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritza izango da agindu honetan aurreikusitako dirulaguntzak kudeatzeko organo eskuduna.
2.– Gizarte Ekonomiaren zuzendariak esanbidez emandako ebazpenaren bidez eman edo ukatuko dira agindu honetan aurreikusitako dirulaguntzak, zuzendaritzako zerbitzu teknikoek egindako proposamenaren arabera; izan ere, aipatutako irizpideen arabera aztertu eta ebaluatuko dituzte eskabideak. Ebazpen bakar hori eskatzaileei banaka jakinaraziko zaie, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legeak xedatutakoaren arabera.
Ebazpen horrek ez du administrazio-bidea agortzen; horrenbestez, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote Laneko eta Gizarte Segurantzako sailburuordeari, hilabeteko epean, jakinarazpena egin eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legeak 121. eta 122. artikuluetan xedatutakoari jarraikiz.
3.– Agindu honen babesean aurkeztutako eskabideak espresuki ebazteko eta jakinarazteko epea sei hilabete izango da gehienez, aginduak ondorioak dituenetik kontatzen hasita. Epe horretan ebazpen espresurik ematen eta jakinarazten ez bada, eskabideei ezezkoa eman zaiela ulertuko da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25.1 artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako, hargatik eragotzi gabe Administrazioak espresuki ebazteko duen betebeharra.
4.– Publikotasunaren printzipioa betetzeko, eta dirulaguntza emateko ebazpena berariaz eta banaka jakinaraztea baztertu gabe, honako hau emango da jakitera Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian Gizarte Ekonomiaren zuzendariaren ebazpena argitaratuta: alde batetik, agindu honen babespean, zer erakundek jaso duten dirulaguntza eta zenbateko laguntza jaso duten; bestetik, zeini aldatu zaion emandako dirulaguntza.
13. artikulua.– Ordaintzeko era.
Agindu honetan aurreikusitako dirulaguntzak ordainketa bakarrean emango dira, behin onartu direnean, edo, hala badagokio, aginduaren 9.1 artikuluan finkatutako epea igaro denean laguntzari berariaz uko egin gabe.
14. artikulua.– Dirulaguntzaren baldintzak aldatzea.
Dirulaguntza emateko aintzat hartu diren baldintzak aldatuz gero, helburua betetzat jotzen bada, eta, hala badagokio, administrazio honen edo beste edozein administrazioren edo erakunde publikoren baten dirulaguntzak eta laguntzak jasotzen badira, dirulaguntza emateko ebazpena alda daiteke. Horretarako, alabaina, agindu honetan onuradun izateko ezarri diren betekizunak bete behar dira. Horretarako, Gizarte Ekonomiaren zuzendariak aldaketa egiteko ebazpena emango du. Ebazpen horren bidez, emandako dirulaguntzen zenbatekoak egokituko dira, eta onuradunek soberakinak itzuli beharko dituzte.
15. artikulua.– Ez-betetzeak eta erantzukizunak.
1.– Onuradunak ez baditu arauak betetzen (dirulaguntza emateko ebazpenean ezarritakoak, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan ezarrikoak, eta erabilgarri diren gainerako xedapenak); edo aurkeztutako datuak egiazkoak ez badira; edo emandako dirua, bere helbururako erabili beharrean, beste zerbaitetarako erabili bada; orduan, Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritzak berariaz horretarako hasitako espedientea izapidetuko du, eta interesdunari hamabost eguneko epea emango dio entzunaldirako, eta, ondoren, hala badagokio, onuradunak dirulaguntza galduko du, eta, bi hileko epean, ordura arte jasotako dirulaguntzak eta legez dagozkien interesak itzuli beharko dizkio Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari; horrez gainera, legez egin daitezkeen gainerako egintzak ere egingo dira. Hori guztia halaxe izango da honako hauek oinarri hartuta: abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan ezarritakoa, eta Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan ezarritakoa.
2.– Ez-betetze partziala gertatuz gero, eta bazkideak gutxienez 18 hilabete iraun badu, jasotako dirulaguntza itzuli beharko da, 3 urtera iristeko falta den denboraren proportzioan. 18 hilabete baino gutxiago iraun badu, dirulaguntza osoa itzuli beharko du.
16. artikulua.– Dirua itzultzeko prozedura.
Aurreko artikuluan aurreikusitako ez-betetzeetan, dirulaguntzak itzultzeko prozedura hauek bete beharko dira:
a) Gizarte Ekonomiaren zuzendariak prozedura hasi dela eta zergatik hasi den adieraziko dio interesdunari, eta 15 eguneko epea emango dio egoki iritzitako alegazioak egin ditzan.
b) Alegazioak jasota edo batere aurkeztu gabe igaro bada epea, Gizarte Ekonomiaren zuzendariak ebazpen baten bidez xedatuko du dagozkion kopuruak EAEko Diruzaintza Nagusiari itzultzeko betebeharra, bi hileko gehienezko epea emanez horretarako, ebazpena jakinarazten denetik aurrera. Epe hori borondatezko epea izango da.
Laguntzak itzultzeko prozedura, gehienez ere, hamabi hilabeteko epean ebatzi behar da.
c) Kopuru horiek borondatezko epean itzultzen ez badira, horren berri emango zaio Eusko Jaurlaritzako Ekonomia eta Ogasun Saileko Finantza eta Aurrekontu Sailburuordetzari, premiamendu-bideari ekin diezaion, aplika daitekeen lege-araudian xedatutakoari jarraituz.
17. artikulua.– Datuak babestea.
Agindu hau aplikatuz biltzen diren datu pertsonalak abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoak eta aplikatu behar den gainerako araudiak xedatutakoaren arabera tratatuko dira (3/2018 Lege Organikoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa).
Datuen babesari buruzko informazio xehatua lortzeko, helbide honetara jo: https://www.euskadi.eus/rgpd/0053818
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.– Aplikatu beharreko araudia.
Agindu honetan adierazitako dirulaguntzetarako, honako hauetan ezarritakoa aplikatuko da: Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren VI. titulua (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartu zen testu bategin hori); Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea, eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren oinarrizko arauak (Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuak garatutako lege orokorra).
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA.– Errekurtsoak.
Agindu honek administrazio-bidea agortzen du, eta interesdunek beronen aurkako aukerako berraztertzeko errekurtsoa jarri ahal izango diote Lan eta Enpleguko sailburuari, agindua argitaratu eta hurrengo egunetik hilabeteko epera. Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri ahal izango dute Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko administrazioarekiko auzien salan, agindua argitaratu eta hurrengo egunetik bi hileko epean.
AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA.– Ondorioak.
Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteiz, 2021eko ekainaren 29a.
Jaurlaritzako bigarren lehendakariorde eta Lan eta Enpleguko sailburua,
IDOIA MENDIA CUEVA.