Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

136. zk., 2021eko uztailaren 12a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
3948

EBAZPENA, 2021eko uztailaren 6koa, Natura Ondare eta Klima aldaketako zuzendariarena, 2020-2024 Aldirako Trantsizio Energetikoaren eta Klima Aldaketaren Planaren hasierako bertsioa jendaurrean jartzea erabakitzen duena.

EGITATEAK

Lehenengoa.– 2015ean, Nazio Batuek Garapen Jasangarriko Helburuak (GJH) onartu zituzten 2030 Agendaren zati gisa, eta horien bidez pobreziarekin amaitzeko, planeta babesteko eta oparotasuna sortzeko konpromisoa hartu zuten. Hamahirugarren helburuaren bidez, klima-aldaketaren eta haren ondorioen arloan lan egiteko konpromisoa erakusten zuten.

Parisko Akordioaren helburu nagusia izan zen batezbesteko tenperatura orokorraren igoerak industriaurreko mailekiko 2.ºC gainditzea saihestea eta gehikuntza hori 1,5.ºC-ra mugatzeko ahalegin gehigarriak sustatzea. Helburu hori lortzeko, beharrezkotzat jo zen berotegi-efektuko gasen emisioak mugatzea, eta, horretarako, herrialdeek, bost urtean behin berotegi-efektuko gasen emisioak murrizteko, helburu indibidualak aurkeztu behar dituzte, eta, denbora aurrera doala, anbizioa handitu.

Parisko Akordioaren esparruan, 2023an Berotegi Efektuko Gasen igorpen-mailari buruzko lehen balantze global handia egingo da, eta 2.ºC-ko helburuan duen eragina aztertuko da.

Bigarrena.– Europar Batasunaren testuinguruan, indarrean dauden arauak honakoa hauek dira: 2018/2001 (EB) Direktiba, Europako Parlamentuarena eta Kontseiluarena, 2018ko abenduaren 11koa, iturri berriztagarrietatik sortutako energiaren erabilera sustatzeari buruzkoa; 2018/844 (EB) Direktiba, Europako Parlamentuarena eta Kontseiluarena, 2018ko maiatzaren 30ekoa, Eraikinen energia-eraginkortasunari buruzko 2010/31/EB Direktiba aldatzen duena; eta 2012/27/EB Direktiba, energia-eraginkortasunari buruzkoa, eta 2012/27/EB Direktiba, Europako Parlamentuarena eta Kontseiluarena, 2012ko urriaren 25ekoa, energia-eraginkortasunari buruzkoa, 2009/125/EE eta 2010/30/EB Direktibak aldatzen dituena eta 2004/8/EE eta 2006/32/EE Direktibak indargabetzen dituena.

2019. urtearen amaieran Europako Itun Berdea iragarri zen. Estrategia horren helburuen artean dago, besteak beste, 2050ean Europar Batasuna klimaren aldetik karbonoan neutroa den lehen kontinentea izatea eta trantsizio energetiko justurako funts bat sortzea.

2020ko abenduan, Kontseilu Europarrak berretsi egin zuen emisio garbiak edo Europar Batasunekoak 2030erako gutxienez % 55 murrizteko helburu berria, 1990eko balioekin alderatuta; hau da, 2014an adostutako 2030erako helburua baino % 15 gehiago.

Hirugarrena.– Estatuko ordenamendu juridikoaren testuinguruan, Klima-aldaketari eta Trantsizio Energetikoari buruzko maiatzaren 20ko 7/2021 Legea onartu zen. Lege horren xedea da Parisko Akordioa betetzen dela ziurtatzea, ekonomia deskarbonizatzen eta eredu zirkular batera igarotzen laguntzea, klima-aldaketaren inpaktuetara egokitzea sustatzea eta garapen jasangarriko eredu bat ezartzea, enplegu duina sortzeko eta desberdintasunak murrizten laguntzeko.

Laugarrena.– Euskal Autonomia Erkidegoaren testuinguruan, 2015ean Klima Aldaketaren aurkako 2050erako Euskal Estrategia onartu zen helburu hauekin: 2030erako Euskal Autonomia Erkidegoko Berotegi Efektuko Gasen isurketak gutxienez % 40 murriztea eta 2005erako gutxienez % 80 murriztea 2050erako; 2050erako energia berriztagarrien kontsumoa azken kontsumoaren % 40ra iristea; euskal lurraldeak klima-aldaketaren aurrean erresilentzia izan dezan bermatzea.

Era berean, 2016an Euskadiko Energia Estrategia 2030 onartu zen.

Bestalde, otsailaren 21eko 4/2019 Legeak, Euskal Autonomia Erkidegoko Jasangarritasun Energetikoari buruzkoak, jasangarritasun energetikoaren oinarrizko esparru juridikoa ezartzen du, bai euskal administrazio publikoen eremuan, bai sektore pribatuan. Horrela, Euskal Autonomia Erkidegoa energia eredu berri baterantz bideratzen saiatzen da, aurrezteko eta eraginkortasunerako neurriak bultzatuko dituena eta energia berriztagarrien erabilera eta mugikortasun jasangarria sustatuko dituena.

Euskal Autonomia Erkidegoko Jasangarritasun Energetikoari buruzko otsailaren 21eko 4/2019 Legea garatzeko eta zehazteko, 2020an Euskal Autonomia Erkidegoko Jasangarritasun Energetikoari buruzko azaroaren 10eko 254/2020 Dekretua sartu zen indarrean.

Bosgarrena.– 2020-2024 Aldirako Trantsizio Energetikoaren eta Klima Aldaketaren Planaren bidez, 2020-2024 urteetarako lan-esparrua ezartzen da klima-aldaketaren alderdi guztietan, arintzetik, hau da, berotegi-efektuko gasen emisioak murriztetik eta karbono-hustubideak handitzetik, estrategia energetikoa indartzetik, lurraldea eta biztanleria egokitzeko neurriak aplikatzeraino.

Seigarrena.– XII. Legegintzaldiko Gobernu Programaren III. Ardatza («Planeta. Trantsizio Energetiko eta Klimatiko Bidezkoa») gauzatzeko tresnarik garrantzitsuenetako bat 2020-2024 aldirako Trantsizio Energetikoaren eta Klima Aldaketaren Plana da.

XII. Legegintzaldiko Gobernu Programaren arabera, euskal gizarteak bere ekarpena egin behar du planetaren oreka berreskuratzeko eta 2050erako berotegi-efektuko gasen igorpenen neutraltasuna lortzeko, Europar Batasunaren konpromisoekin bat etorriz. Helburu hori agerian geratzen da Eusko Jaurlaritzak trantsizio energetiko eta klimatiko justuarekin duen konpromisoan, energia berriztagarrien aldeko apustuan, natura-ingurunearen eta biodibertsitatearen kontserbazioan eta ekonomia zirkularraren sustapenean.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Lehenengoa.– Klima-aldaketari eta Trantsizio Energetikoari buruzko maiatzaren 20ko 7/2021 Legearen 39.1 artikuluaren arabera, klima-aldaketaren eta karbono gutxiko ekonomiaranzko trantsizio energetikoaren aurkako borrokan hartzen diren plan, programa, estrategia, tresna eta xedapen orokorrak formula irekien eta kanal irisgarrien bidez gauzatuko dira, interesa duten eragile sozial eta ekonomikoen eta, oro har, publikoaren parte-hartzea bermatzeko, komunikazio-, informazio- eta hedapen-bideak arautzen dituzten 27/2006 Legeak, uztailaren 18koak, ingurumenaren arloan informazioa eskuratzeko, publikoki parte hartzeko eta justiziara heltzeko eskubideak arautzen dituenak, ezartzen dituen terminoetan.

Bigarrena.– Uztailaren 18ko 27/2006 Legearen 16. artikuluaren arabera, ingurumenarekin zerikusia duten plan, programa eta xedapen orokorrak egin, aldatu eta berrikusterakoan herritarren benetako parte-hartze eraginkorra sustatzeko, administrazio publikoek, aplikagarriak diren prozedurak ezarri edo izapidetzean, helburu hauek betetzen direla zainduko dute:

a) Bitarteko elektronikoen bidez, planen, programen edo xedapen orokorren proposamenei buruzko informazioa ematea publikoari.

Era berean, administrazio publikoak arduratuko dira, alde batetik, informazio egokia (erabakitze-prozesuetan parte hartzeko eskubideari buruzkoa barne) ulergarria izateaz eta jendearen eskura jartzeaz, eta, bestetik, zehaztasunez definitzeaz zein administrazio publiko eskuduni aurkez dakizkiokeen iruzkinak edo alegazioak.

b) Jendeak aukera guztiak irekita izatea oharrak egiteko eta iritziak adierazteko eskubidea duenean, plan, programa edo xedapen orokorrari buruzko erabakiak hartu aurretik.

c) Plan, programa edo xedapen orokorrari buruzko erabakiak hartzean, parte-hartze publikoaren emaitzak behar bezala kontuan hartzea.

d) Jendeak egindako oharrak eta iritziak aztertu ondoren, hartutako erabakien eta erabaki horien oinarri diren arrazoien eta gogoeten berri ematea publikoari, parte-hartze publikoko prozesuari buruzko informazioa barne.

Hirugarrena.– Uztailaren 18ko 27/2006 Legearen 2.2 artikulua aplikatuz, honako hauek jotzen dira interesduntzat:

a) Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 4. artikuluan aurreikusitako egoeraren batean dagoen pertsona fisiko edo juridiko oro.

b) Irabazi-asmorik gabeko edozein pertsona juridiko, uztailaren 18ko 27/2006 Legearen 23. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen baditu.

Laugarrena.– Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen Lehendakariaren irailaren 6ko 18/2020 Dekretuaren s) eta r) idatz-zatien arabera, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailari dagozkio trantsizio energetikoaren eta klima-aldaketaren arloko gaiak.

Bestalde, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen otsailaren 23ko 68/2021 Dekretuaren 22.2.q) artikuluaren arabera, Natura Ondare eta Klima Aldaketa Zuzendaritzari dagokio Klima Aldaketaren Euskal Estrategiarekin lotutako ekintzak definitzea eta garatzea.

Kontuan hartuta, 7/2021 Legea, maiatzaren 20koa, Klima-aldaketari eta Trantsizio Energetikoari buruzkoa; 27/2006 Legea, uztailaren 18koa, ingurumen-gaietan informazioa eskuratzeko, publikoki parte hartzeko eta justiziara jotzeko eskubideak arautzen dituena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 18/2020 Dekretua, irailaren 6koa, lehendakariarena, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituena eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituena; 68/2021 Dekretua, otsailaren 23koa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; eta aplikazio bereziko gainerako araudi orokorra, honakoa

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Egoki iritzitako alegazioak aurkezteko, 2020-2024 Aldirako Trantsizio Energetikoaren eta Klima Aldaketaren Planaren hasierako bertsioa jendaurrean jartzea hogei egun naturaleko epean, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.

Bigarrena.– Aurreko paragrafoan aurreikusitakoa bete ahal izateko, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saileko Natura Ondare eta Klima Aldaketa Zuzendaritzaren egoitzan eskuratu ahal izango da dokumentazioa (Donostia kalea 1, 2. solairua, Vitoria-Gasteiz).

Halaber, dokumentazio hori jendaurrean egongo da Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoko iragarki-taula elektronikoan eta Ingurumen Sailburuordetzaren webgunean (https://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/ingurumena/ eta Irekia Eusko Jaurlaritzaren Gardentasun Atarian (https://www.irekia.euskadi.eus/eu/tags/transparencia).

Vitoria-Gasteiz, 2021eko uztailaren 6a.

Natura Ondare eta Klima Aldaketako zuzendaria,

ADOLFO URIARTE VILLALBA.


Azterketa dokumentala