Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

136. zk., 2021eko uztailaren 12a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

LAN ETA ENPLEGU SAILA
3945

AGINDUA, 2021eko ekainaren 29koa, Jaurlaritzako bigarren lehendakariorde eta Lan eta Enpleguko sailburuarena, zeinaren bidez iragartzen eta arautzen baitira enpresen gizarte-erantzukizuna Euskal Autonomia Erkidegoko enpresetan zabaltzeko eta ezartzeko laguntzak.

Lan eta Enplegu Sailaren 2021eko Dirulaguntzen Plan Estrategikoak eta Eusko Jaurlaritzaren 2021eko Aurrekontuaren Memoriak aurreko ekitaldiko dirulaguntza-lerroei eusten diete, eta berrikuntza gisa sartzen dute EAEko enpresei laguntza eta babesa ematea garapen jasangarrirako helburuekin bat egin dezaten.

Garapen jasangarrirako helburuak (GJH) Nazio Batuek onartu zituzten 2015ean; 17 helburu eta 169 xedetan egituratuta, garapen jasangarrirako funtsezko hiru alderdiak biltzen dituzte –ekonomikoa, soziala eta ingurumenekoa–, eta munduko botere publikoak interpelatzen dituzte helburu horiek lortzeko. Ildo horretatik, herrialde eta erakunde askok aztertu dute GJHen gaia, eta helburuak betetzeko estrategia instituzionalak proposatu dituzte.

Enpresen ikuspuntutik, erantzukizun hirukoitz hori da, hain zuzen, gizarte-erantzukizun korporatiboaren oinarria, bai barrura begira, bai kanpora begira; horrenbestez, enpresetan GJHak bultzatuz, enpresen gizarte-erantzukizuna (EGE) bultzatuko da, helburuen parte den aldetik.

Baina GJHen egitura-diseinua konplexua eta zabala denez (17 helburu eta 169 xede ditu), ezin da zuzenean enpresetan aplikatu, eta, beraz, nahitaezkoa da GJHak enpresa-jardueran ongi ezartzeko aproposa den tresna bat izatea, aurreratua eta kalitate gorenekoa.

Horretarako lehen urratsa da gizarte-ekonomiako sozietateetan aplikatzea lehenik, aintzat hartuta, betiere, hura osatzen duten familiak zenbait berezitasun dituztela sozietate-alderdiari dagokionez. Beraz, azaldutako zailtasunak eta lortu nahi den kalitatea kontuan hartuz, beharrezkoa da gizarte-ekonomiaren entitate ordezkariek aplikazioa baliozkotzea aurretiaz. Horiek horrela, ekitaldi honetan erabaki da entitate horiei laguntzea aplikazioa prestatzen eta, gero, gizarte-ekonomiako sozietate zehatzetan ezartzen.

Hori dela eta, antzeko prozedurari jarraitu behar zaio aplikazioa gainerako enpresetara zabaltzeko unea iristen denean, agindu honen geroko edizioetan abian jar dadin.

Horrenbestez, Euskal Autonomia Erkidegoko 2021. urteko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen otsailaren 11ko 1/2021 Legea onartu ostean, deialdia finantzatzeko aurrekontu-kreditu nahikoa dagoela egiaztatuta, Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseiluarekin bat etorriz, eta Lan eta Enplegu Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzeko urtarrilaren 19ko 7/2021 Dekretuak ematen dizkidan eskumenen arabera, hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

Agindu honen xedea da iragartzea eta arautzea Eusko Jaurlaritzak, Lan eta Enplegu Sailaren bitartez, Euskal Autonomia Erkidegoan enpresen gizarte-erantzukizuna zabaltzeko eta ezartzeko 2021eko ekitaldian emango dituen laguntzak.

2. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen jarduketak.

Agindu honetan aurreikusitako laguntzak dirulaguntzatzat hartuko dira, eta gastuak honako jarduketa hauek finantzatzeko izango dira:

a) Enpresen gizarte-erantzukizuna ezartzea enpresetan, jasangarritasun-memoriak eginez. Jasangarritasun-memoriek GRI, SG21, ISO2300 edo gisako metodologiei jarraitu beharko diete. Kontabilitate sozial aplikatuari buruzko azterlanak egitea ere diruz lagundu ahal izango da.

b) Tresnak eta formularioak prestatzea ebaluazio-diagnostiko bat egiteko, ahalbidetuko duena jakitea gizarte-ekonomiako enpresa jakin batek zer ekarpen egiten dien garapen jasangarrirako helburuei (GJH).

c) Diagnosia egitea jakiteko enpresek zer ekarpen egiten dieten garapen jasangarrirako helburuei (GJH); horretarako, gizarte-ekonomiako enpresentzat berariaz diseinatutako tresnak edo formularioak erabiliko dira.

d) Enpresen gizarte-erantzukizunaren kultura eremu publikoetan, enpresarialetan eta korporatiboetan zabaltzeko jarduerak.

Agindu honen indarrez diruz lagunduko diren jarduerek aurten hasi behar dute, eta 2021eko azaroaren 30a baino lehen amaiturik egon.

3. artikulua.– Baliabide ekonomikoak, esleipen-prozedura eta emateko mugak.

1.– Agindu honen xedea betetzeko, ehun eta berrogeita hamar mila (150.000) euro jarriko dira.

2.– Aurreko apartatuan zehaztutako zenbatekoa nahikoa bada diruz lagundu daitezkeen jarduera guztiak finantzatzeko, baldintzak betetzen dituzten laguntza-eskabide guztiei emango zaizkie laguntzak.

3.– Esleitutako diru-kopurua ez bada nahikoa diruz lagundu daitezkeen eskabide guztiei aurre egiteko, proportzioan murriztuko da agindu honetako baliabide ekonomikoen zenbateko globala, eskabide horietan guztietan.

4. artikulua.– Entitate onuradunak.

Jarduera nagusiki Euskal Autonomia Erkidegoan gauzatzen duten entitateek eskuratu ahal izango dituzte agindu honetan aurreikusitako dirulaguntzak, zehaztapen hauei jarraikiz:

1.– Enpresa txikiak eta ertainak, 2.a) artikuluko jardueretarako.

2.– Gizarte-ekonomiako enpresa eta entitateetako familien artetik ordezkaritza handiena duten sozietate-entitateak, 2.b) artikuluko jardueretarako.

3.– Gizarte-ekonomiako enpresak, 2.c) artikuluko jardueretarako.

4.– Unibertsitateak, enpresaburuen elkarteak eta enpresen gizarte-erantzukizunaren sustapenean edo kudeaketa aurreratuan espezializatutako entitateak, 2.d) artikuluko jardueretarako.

5. artikulua.– Onuradun izateko betekizunak.

1.– Agindu honetako laguntzak eskuratu ahal izateko, entitate eskatzaileek betekizun hauek bete beharko dituzte:

a) Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak ordainduta izatea, Ekonomia eta Ogasun Sailak horretarako ezartzen duenari jarraikiz.

b) Dirulaguntza edo laguntza publikoak eskuratzea galarazten duen zehapen penal edo administratiborik ez izatea, edo horretarako desgaitzen duen legezko debeku baten pean ez egotea.

c) Hala badagokio, dirua itzultzeko betebeharra egunean izatea, bai eskabidea egiteko unean, bai ordainketen unean.

d) Entitate eskatzaileak erantzukizunez adieraztea zer egoeratan dagoen administrazio honi edo beste administrazio publiko batzuei xede eta helburu berberaz eskatutako beste edozein laguntza (eskatuta, izapidetzen edo onartuta).

2.– Agindu honetan aurreikusitako laguntzak eman eta, hala behar badu, ordaindu ahal izateko, entitate onuradunak amaituta eduki beharko du Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren organismo autonomoek emandako –eta izaera bereko diren– laguntza eta dirulaguntzak itzultzeko prozedura nahiz zehapen-prozedura oro, prozedura horiek oraindik izapide-aldian badaude, behintzat.

3.– Era berean, ezin izango dira agindu honetan araututako dirulaguntzen onuradun izan Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan aipatutako egoeretako batean dauden entitateak.

6. artikulua.– Entitate eskatzaileek betekizunak egiaztatzea.

1.– Eskabidean txertatuko den erantzukizunpeko adierazpen baten bidez, entitate onuradunek deklaratu behar dute betetzen dituztela aurreko artikuluan zerrendatutako betekizunak, bai eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan adierazitako gainerako betekizunak ere. Hala izanez gero, dirulaguntza emateko ebazpen-proposamena egin aurretik, adierazpenean jasotako datuak benetakoak direla egiaztatzen duten agiriak aurkeztu beharko dira, 15 eguneko epean, gehienez jota.

2.– Eskabidea aurkezteak berekin dakar Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritzari baimena ematea zuzenean egiaztatzeko entitateak betetzen dituela zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, salbu eta, arrazoiak emanez, entitatea baimen horren aurka agertzen bada; kasu horretan, entitate eskatzailearen betebeharra izango da Gizarte Segurantzaren eta Ogasunaren arloko agintaritza administratibo eskudunek egindako ziurtagiriak aurkeztea. Betebehar horiek egunean izatea nahitaezkoa da onuradun izateko, bai eta onuradun gisa jarraitzeko ere, onartutako dirulaguntza likidatu arte; hortaz, betebehar horiek betetzen direla egiaztatuko da dirulaguntza emateko unean eta ordainketak egiteko unean.

3.– Administrazio publikoen egiaztatze-, kontrolatze- eta ikuskatze-ahalmenak gorabehera, eskabideetan aukera emango zaie laguntzaren entitate onuradunei berariaz uka dezaten organo kudeatzaileak haien datuak edo agiriak lortu edo egiaztatu ahal izatea. Halako kasuetan, entitate eskatzailea behartuta egongo da eskatzen diren nahitaezko dokumentuak aurkeztera.

7. artikulua.– Bitarteko elektronikoak erabiltzea.

1.– Agindu honetan aurreikusitako laguntzetarako eskabideak bitarteko elektronikoak erabiliz izapidetuko dira.

2.– Administrazio-prozeduraren informazio-fitxan daude eskuragarri izapideak egiteko jarraibideak, erantzukizunpeko adierazpenak eta ereduak, eta haren bidez sartu ahal izango da eskaeraren formularioan. Helbide honetan dago fitxa: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1011805

3.– Eskabidearen ondorengo izapideak egiteko (jakinarazpenak barne), Euskadiko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalera jo beharko da: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

4.– Helbide honetan daude eskuragai Euskadiko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan onartutako identifikazio eta sinadura elektronikorako bitartekoak: https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak

5.– Prozedura osoa ordezkari baten bidez izapidetu ahal izango da; horretarako, Eusko Jaurlaritzako Ahalordeen Erregistroan inskribatu behar da ordezkaritza, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/ordezkariak

8. artikulua.– Eskabideak aurkezteko modua eta epea.

1.– Eskabidea egoitza elektroniko honetan egongo da eskuragarri: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1011805

2.– Eskabideak aurkezteko epea hilabete izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera

3.– Entitate eskatzaileek euskaraz zein gaztelaniaz aurkez ditzakete eskabidea eta dokumentazioa. Orobat, prozeduran zehar, pertsona edo entitate eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeari buruzko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 6.1 artikuluan ezarritakoaren arabera.

9. artikulua.– Nahitaezko dokumentazioa.

1.– Arau orokor gisa, agindu honetan aurreikusitako laguntzak eskuratzeko eskabideekin batera, memoria bat aurkeztu beharko da, non aurreikusitako jarduerak egiteko arrazoiak eta helburuak zehaztuko baitira. Memoria horrek nahitaez jaso behar ditu honako hauek:

– Erabili beharreko giza baliabideak eta baliabide materialak.

– Aurkeztutako proiektuaren partiden aurrekontu zenbatetsia eta zehaztua, finantzaketa-plan eta guzti.

– Diruz lagundu daitekeen jarduera egiteko egutegi deskribatzailea.

2.– Entitate eskatzaileari dirulaguntza jasotzeko eskubidea onartzen bazaio, dirulaguntzaren ordainketa jasotzeko, Ekonomia eta Ogasun Saileko Hirugarrenen Erregistroan eman beharko du izena. Hortaz, erregistratu gabe egonez gero edota jasota dauden datuak aldatu nahi izanez gero, hona jo behar da: https://www.euskadi.net/hirugarrenaren-datuen-aldaketa

10. artikulua.– Eskabidean egindako hutsak zuzentzea.

Dirulaguntzen eskabideak oso-osorik beteta ez badaude edo nahitaezko dokumentazioa aurkeztu ez bada, hamar eguneko epean akatsak zuzentzeko edo nahitaezko agiriak aurkezteko eskatuko zaio entitate interesdunari. Gainera, ohartaraziko zaio hori egin ezean eskabideari uko egiten diola ulertuko dela. Dena den, Administrazioak ebazpen espresua eman eta jakinarazi behar du, hala xedatzen baitu Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legeak 21.1 eta 68.1 artikuluetan.

11. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen gastuak eta dirulaguntzen zenbatekoa.

1.– Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 31. artikuluan xedatutakoaren arabera, diruz lagundutako proiektua egiteko beharrezkoak diren gastuak izango dira diruz laguntzeko moduko gastuak. Eskabidearekin batera aurkeztutako aurrekontu-plangintzan oinarrituko dira gastu horiek, eta Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritzak baliozkotuko eta onartuko du plangintza.

2.– Hauek izango dira dirulaguntzaren zenbatekoak eta aplikatuko diren mugak:

a) 2.a) artikuluaren arabera diruz laguntzekoak diren jarduketetarako: jardueraren kostu garbiaren % 75; entitate onuradun bakoitzak, gehienez, 3.000 euro jaso ahal izango ditu.

b) 2.b) artikuluaren arabera diruz laguntzekoak diren jarduketetarako: jardueraren kostu garbiaren % 50; entitate onuradun bakoitzak, gehienez, 10.000 euro jaso ahal izango ditu.

c) 2.c) artikuluaren arabera diruz laguntzekoak diren jarduketetarako: jardueraren kostu garbiaren % 75; entitate onuradun bakoitzak, gehienez, 1.000 euro jaso ahal izango ditu.

d) 2.d) artikuluaren arabera diruz laguntzekoak diren jarduketetarako: jardueraren kostu garbiaren % 75; entitate onuradun bakoitzak, gehienez, 10.000 euro jaso ahal izango ditu.

12. artikulua.– Beste dirulaguntza edo laguntza batzuekiko bateragarritasuna.

1.– Agindu honetan araututako dirulaguntzak bateragarriak dira arrazoi eta xede beragatik beste administrazio edo ente publiko batzuek ematen dituzten laguntzekin. Nolanahi ere, dirulaguntzen zenbatekoak ezin izango du gainditu diruz lagundutako jarduketaren kostu osoa, ezta agindu honen 11. artikuluan aurreikusitako gehieneko zenbatekoa ere.

2.– Agindu honen babesean emandako laguntzarekin batera entitate onuradunak beste laguntzaren bat jaso badu beste administrazio publiko edo ente publiko batetik, arrazoi eta xede berarekin, eta laguntza horien baturak laguntza-gai den jarduketaren kostua edo agindu honen 11. artikuluan aurreikusitako gehieneko zenbatekoa gainditzen badu, soberakin horren bateraezintasuna deklaratuko da, eta Lan eta Enplegu Sailak eman beharreko laguntzaren zenbatekoa murriztuko.

13. artikulua.– Kudeaketa, ebazpena, epea eta publikotasun-prozedura.

1.– Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritza izango da agindu honetan aurreikusitako dirulaguntzak kudeatzeko organo eskuduna.

2.– Gizarte Ekonomiaren zuzendariak emandako ebazpen bakar baten bidez eman edo ukatuko dira agindu honetan aurreikusitako dirulaguntzak. Ebazpen bakar hori eskatzaileei banaka jakinaraziko zaie, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legeak xedatutakoaren arabera.

Ebazpen horrek ez du administrazio-bidea agortzen; horrenbestez, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote Laneko eta Gizarte Segurantzako sailburuordeari, hilabeteko epean, jakinarazpena egin eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legeak 121. eta 122. artikuluetan xedatutakoari jarraikiz.

3.– Agindu honen babesean aurkeztutako eskabideak espresuki ebazteko eta jakinarazteko epea sei hilabete izango da gehienez, aginduak ondorioak dituenetik kontatzen hasita. Epe horretan ebazpen espresurik ematen eta jakinarazten ez bada, eskabideei ezezkoa eman zaiela ulertuko da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25.1 artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako, hargatik eragotzi gabe Administrazioak espresuki ebazteko duen betebeharra.

4.– Publikotasun-printzipioa betetzeko, eta hargatik eragotzi gabe eskatzaileei banaka egingo zaien jakinarazpen espresua, honako hau argitaratuko da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, Gizarte Ekonomiaren zuzendariaren ebazpenaren bidez: alde batetik, agindu honen babesean dirulaguntza zer erakundek jaso duten eta zenbateko laguntza jaso duten, eta, bestetik, zer erakunderi aldatu zaizkien emandako dirulaguntzak.

14. artikulua.– Dirulaguntza ordaintzeko eta justifikatzeko modua.

1.– Dirulaguntzak zatika ordainduko dira, honela:

a) Lehenengo ordainketa bat, dirulaguntzaren guztizkoaren % 60koa, hamabost eguneko epean, dirulaguntza emango dela jakinarazi eta biharamunetik hasita, betiere esanbidez uko egin ez bazaio.

b) Bigarren ordainketa bat, % 40koa, diruz lagundutako ekintzak amaitutakoan.

2.– Dirulaguntzaren bigarren zatia ordaintzeko, entitate onuradunak dirulaguntzaren justifikazioko kontu sinplifikatua aurkeztu behar du; informazio hau jaso beharko du kontu horrek:

a) Egindako jarduketen eta lortutako emaitzen justifikazio-memoria.

b) Jarduketarekin lotuta egindako gastuen eta inbertsioen zerrenda sailkatua. Dirulaguntza aurrekontu zenbatetsi baten arabera eman baldin bada, harekiko zer alde izan diren azalduko da.

c) Diruz lagundutako jarduketa finantzatu duten beste diru-sarrera eta dirulaguntza batzuen zerrenda, zenbatekoa eta jatorria adierazita.

d) Hala badagokio, itzulketaren ordainketa-gutuna, baldin eta aplikatu gabeko soberakinik badago edo soberakin horietatik eratorritako interesik badago.

3.– Dirulaguntza eman duen organoak, entitate onuradun bakoitzari egotzitako eta behar bezala justifikatutako kopuru nagusien laginak hartuz, egoki iritzitako frogagiriak egiaztatuko ditu; hain zuzen ere, dirulaguntza behar bezala aplikatu dela frogatzeko arrazoizko zantzuak ematen dituztenak. Horretarako, hautatutako gastuaren frogagiriak bidal ditzatela eskatuko die entitate onuradunei.

4.– Aurreko apartatuan adierazitako agiriak aurkezteko epea 3 hilabete izango da, diruz lagundutako jarduerak amaitzen direnetik hasita; epea, betiere, 2021eko abenduaren 31 baino lehen amaituko da.

15. artikulua.– Dirulaguntzaren baldintzak aldatzea.

Dirulaguntza emateko ebazpena alda daiteke, dirulaguntza emateko kontuan hartu diren baldintzak aldatuz gero, baldin eta dirulaguntzaren xedea betetzat jotzen bada, eta, hala badagokio, aldi berean beste administrazio batzuen edo ente publiko zein pribatuen laguntzak nahiz dirulaguntzak lortuz gero, eta, kasua bada, helburu bererako beste diru-sarrera edo baliabide batzuk lortuz gero. Ondorio horietarako, Gizarte Ekonomiaren zuzendariak aldaketa egiteko ebazpena emango du, zeinaren bidez emandako dirulaguntzen zenbatekoak egokituko baitira eta entitate onuradunek neurriz gain jasotako zenbatekoak itzuli beharko baitituzte.

16. artikulua.– Ez-betetzeak eta erantzukizunak.

1.– Entitate onuradunak ez baditu betetzen dirulaguntzak emateko ebazpenean ezarritako arauak, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan ezarritako arauak eta aplikatu behar diren gainerako arauak, aurkeztutako datuak egiazkoak ez badira, edo emandako dirua, dagokion helbururako erabili beharrean, beste zerbaitetarako erabili bada, Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritzak berariaz horretarako hasitako espediente bat izapidetuko du; interesdunari hamabost eguneko epea emango dio esan behar duena entzuteko, eta, ondoren, hala badagokio, onuradunak dirulaguntza galduko du eta, bi hileko epean, ordura arte jasotako zenbatekoak (osorik edo zati bat) eta legez dagozkien berandutze-interesak itzuli beharko dizkio Eusko Jaurlaritzaren Diruzaintza Nagusiari, hargatik eragotzi gabe zilegi diren gainerako ekintzak. Hori guztia halaxe izango da honako hauek oinarri hartuta: abenduaren 17ko 698/1991 Dekretua eta azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretua, zeinaren bidez Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartu baitzen.

2.– Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37.2 artikulua aintzat hartuta, ez-betetzeak mailakatzeko eta beti proportzionaltasun-printzipioari jarraikiz, honako hau ezartzen da: entitate onuradunak hasieran aurkeztutako aurrekontuaren % 60 baino gehiago exekutatzen duenean, itzulketa egin behar da, edo, hala badagokio, egin ez den jarduketa zatiari dagokion ordainketa partziala egin beharko da, eta zati horren kobrantza proportzionala jasotzeko eskubidea galduko da, betiere proiektuaren helburuen edo fasearen betetze-maila guztizko betetze-mailaren antzekoa bada, eta entitate onuradunak zalantzarik gabe egiaztatzen badu konpromisoak betetzeko jarduketa bat.

3.– Dirulaguntzen arloko arau-hauste administratiboak dira Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren IV. tituluan tipifikatutako ekintzak eta ez-egiteak, zeinak zehatu ahal izango baitira, zabarkeria arin gisa bada ere. Dirulaguntzen arloko arau-hauste horiek diruzko zehapenen bidez zehatuko dira, eta, hala dagokionean, zehapen ez-diruzkoen bidez.

17. artikulua.– Dirua itzultzeko prozedura.

Aurreko artikuluan aurreikusitako ez-betetzeen kasuetan, honako hau izango da jasotako laguntzak itzultzeko prozedura:

a) Gizarte Ekonomiaren zuzendariak, ebazpen bidez, entitate onuradunari jakinaraziko dio dirua itzultzeko prozedura hasi dela eta zergatik hasi den; horretaz gainera, 15 eguneko epea emango dio egoki iritzitako alegazioak egin ditzan.

b) Alegazioak jaso ondoren, edo horretarako epea igaro eta alegaziorik egin ez bada, organo eskudunak ebazpena emango du, eta, horren bitartez adieraziko du, hala badagokio, Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari dagozkion diru-kopuruak itzuli behar zaizkiola, gehienez ere bi hilabeteko epean, ebazpena jakinarazten denetik aurrera. Epe hori borondatezko epea izango da.

Laguntzak itzultzeko prozedura, gehienez ere, hamabi hilabeteko epean ebatzi behar da.

c) Kopuru horiek borondatezko epean itzultzen ez badira, horren berri emango zaio Eusko Jaurlaritzako Ekonomia eta Ogasun Saileko Ekonomia, Finantza eta Aurrekontu Sailburuordetzari, premiamendu-bideari ekin diezaion, aplikatu behar den lege-araudiak xedatutakoari jarraituz.

18. artikulua.– Datu-babesa.

Agindu hau aplikatuz biltzen diren datu pertsonalak abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoak eta aplikatu behar den gainerako araudiak xedatutakoaren arabera tratatuko dira (3/2018 Lege Organikoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa).

Datu-babesari buruzko informazio zehatzagoa eskuratzeko, jo helbide honetara: https://www.euskadi.eus/rgpd/1011805

XEDAPEN GEHIGARRIA.– De minimis araua.

Agindu honetan jasotako eta 2.a) eta 2.c) artikuluen babespean onartutako laguntzek edo dirulaguntzek honako hau bete beharko dute: Batzordearen 1407/2013 (EB) Erregelamendua, 2013ko abenduaren 18koa, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak de minimis laguntzei aplikatzeari buruzkoa (EBAO, L 352/1, 2013-12-24koa). Laguntza hauek de minimis motako laguntzatzat jotzen dira; izan ere, pertsona fisiko edo juridiko jakin bati emandako laguntzaren guztizkoak ez du gaindituko 200.000 euroko kopurua, hiru ekitaldi fiskaleko edozein eperen barruan. Muga horretatik beherako dirulaguntzek merkataritzari eragiten ez diotela edo lehiakortasuna faltsutzen ez dutela ulertzen da; horren ondorioz, ez dira sartzen Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107.1 artikuluaren aplikazio-eremuan.

Laguntzaren eskatzaileak deklaratu egin beharko ditu dagokion ekitaldi fiskalean eta aurreko bietan jasotako beste de minimis laguntza batzuk, modu horretara, de minimis laguntza berriak erregelamenduan ezarritako gehieneko muga gainditzen ez duela egiaztatzeko. Beste finantzaketa-iturri batzuk deklaratzeko eredua eta de minimis laguntzak deklaratzeko eredua agindu honen 7.2 artikuluan adierazitako informazio-fitxan jasota daude.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.– Aplikatu beharreko araudia.

Agindu honetan adierazitako dirulaguntzetarako, honako hauetan ezarritakoa aplikatuko da: Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren VI. titulua (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartu zen testu bategin hori); Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea, eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren oinarrizko arauak (Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuak garatutako lege orokorra).

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA.– Errekurtsoak.

Agindu honen aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez dakioke Lan eta Enpleguko sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 112. artikuluan eta hurrengoetan jasotakoarekin bat etorriz. Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke zuzenean Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hileko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, betiere Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioaren uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 10.1.a) eta 46.1 artikuluetan ezarritakoa betez.

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA.– Ondorioak.

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2021eko ekainaren 29a.

Jaurlaritzako bigarren lehendakariorde eta Lan eta Enpleguko sailburua,

IDOIA MENDIA CUEVA.


Azterketa dokumentala