136. zk., 2021eko uztailaren 12a, astelehena
- Bestelako formatuak:
- PDF (265 KB - 3 orri.)
- EPUB (221 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
XEDAPEN OROKORRAK
GIPUZKOAKO FORU ALDUNDIA
3944
3/2021 FORU DEKRETU-ARAUA, ekainaren 15ekoa, COVID-19aren pandemiarekin lotutako zerga neurri gehigarriei buruzkoa.
COVID-19aren pandemiak 2021. urtea markatzen jarraitzen du, 2020. urtea markatu zuen bezala; horrela, bere inpaktua luzatzen du, bai osasunaren arloan, bai eremu sozial eta ekonomikoan.
Herritarren txertaketa pixkanaka bizkortzen ari da, eta horrek aukera ematen du, osasun ikuspegitik eta, ondorioz, ikuspegi sozial eta ekonomikotik, etorkizun hobea ikusteko.
Hala eta guztiz ere, pandemia horrek enpresa eta autonomo askoren diru sarrerak nabarmen murriztea eragin duela kontuan hartuta, eta produkzio sarea babesteko eta ekonomian egiturazko inpaktua saihesteko helburuarekin, administrazio publikoek, bakoitzak bere esparruan, enpresei eta autonomoei laguntzeko hainbat neurri sorta onartu dituzte, besteak beste, likidezia eta kaudimena babesteko laguntzak.
Ildo horretan, Gipuzkoako Foru Aldundiak izaera desberdineko hainbat neurri onartu izan ditu, besteak beste zergen arloan hartutakoak, betiere Euskal Autonomia Erkidegoko Autonomia Estatutuak eta Ekonomia Itunaren Legeak lurralde historikoei esleitutako eskumenei jarraikiz.
Horrela, zergen arloari dagokionez, zortzi foru dekretu-arauak eta Ogasun eta Finantza Departamentuaren foru aginduak aipatu behar dira.
Foru dekretu-arau honen bidez, produkzio sareari zuzendutako hiru zerga neurri berri sartzen dira. Neurri horiek segurtasun juridikoa ematea eta enpresen, profesionalen eta autonomoen likidezia eta kaudimena bermatzen laguntzea dute helburu.
Lehen neurria lotuta dago Gipuzkoako Foru Aldundiak onartutako Ekonomia Indartuz planarekin, zeinaren helburua den Gipuzkoako ekonomia sareari laguntzea eta eraldatzea eta zeinaren bidez foru erakundeak programa, laguntza eta neurri multzo bat osatuko duen, betiere lurraldeko ekonomia indartu eta COVID-19ak eragindako krisiari aurre egiteko asmoz.
Helburuak errazago lortzeko, ahalbidetu egiten da, alde batetik, zor gerorapen edo zatikapenak onartu zaizkien enpresek eta profesionalek Gipuzkoako Foru Aldundiak Ekonomia Indartuz planaren barruan deitu dituen laguntzen onura benetan hartu ahal izatea, kasu horietan bien arteko konpentsazioa erabili gabe, dirulaguntza onuradunarentzat efektiboa izan dadin.
Bestalde, jarduera ekonomikoak egiten dituzten pertsonentzat, pertsona fisikoen errentaren gaineko zergan jarduera ekonomikoaren etekin gisa kalifikatzen dira enpleguaren aldeko gizarte neurriak indartu eta sendotzen dituen urtarrilaren 26ko 2/2021 Errege Lege Dekretuaren 5.etik 8.era bitarteko artikuluetan eta enplegua defendatu, ekonomia suspertu eta langile autonomoak babesteko presazko neurriei buruzko maiatzaren 27ko 11/2021 Errege Lege Dekretuak 6.etik 9.era bitarteko artikuluetan ezarritakoaren arabera jaso dituzten jarduera uzteagatiko prestazioak, betiere aurreko beste foru dekretu-arau batzuek Estatuak aurretik onartutako antzeko laguntzetarako ezarri zuten bezala. Kalifikazio hori laguntzen indarraldia luzatzeko eman daitezkeen xedapenetara ere zabaltzen da.
Azkenik, COVID-19aren pandemiari erantzunez, Gipuzkoako lurralde historikoaren araugintza eskumenekoa den edozein zerga itundutatik salbuesten dira enpresa kaudimenari laguntzeko ezohiko neurriei buruzko martxoaren 12ko 5/2021 Errege Lege Dekretuaren 17. artikuluan xedatutakoa aplikatuz egindako birkapitalizazio eragiketak. Errege lege dekretu horren bidez, COVIDak eragindako enpresak birkapitalizatzeko funtsa sortzen da. Salbuespenak eragina du, halaber, funtsen ekarpenetan edo kapital zabalkuntzetan, baldin eta funts horren kargura partaidetutako enpresen finantza eta ondare kapitalizaziorako edota berregituraketarako gauzatzen badira.
Neurri horiek onesteak badu eraginik foru arau bidez erregulatu behar diren gaietan, eta, bilatzen den erantzuna, presakoa izanik, ezin denez lortu foru arauak onartzeko araututa dagoen prozedura arrunta erabilita, egoki irizten da neurriak foru dekretu-arau bidez onestea, berehala aplikatzekoak direla kontuan hartuta.
Uztailaren 12ko 6/2005 Foru Arauak, Gipuzkoako Lurralde Historikoaren Erakunde Antolaketa, Gobernu eta Administrazioari buruzkoak, 14. artikuluan xedatzen du ezen, aparteko eta presako arrazoiak daudenean, Diputatuen Kontseiluak behin-behineko arau xedapenak eman ahal izango dituela, eta xedapen horiek foru dekretu-arauen forma izango dutela. Horrelako xedapenek ezingo diete eragin foru organoen antolaketari, araubideari eta funtzionamenduari. Foru dekretu-arauak Batzar Nagusietan eztabaidatu eta bozkatu behar dira berehala, baliozkotuak izateko.
Horrenbestez, Ogasun eta Finantza Departamentuko foru diputatuak proposaturik, eta Diputatuen Kontseiluak gaurko bileran eztabaidatu eta onartu ondoren, honako hau
XEDATZEN DUT:
1. artikulua.– Zor geroratuak eta zatikatuak subentzioekin ez konpentsatzea.
Martxoaren 8ko 2/2005 Foru Arauak, Gipuzkoako Lurralde Historikoko Zergen Foru Arau Orokorrak, 72.1 artikuluan eta abuztuaren 2ko 38/2006 Foru Dekretuaren bidez onartutako Gipuzkoako Lurralde Historikoko Zerga-bilketaren Erregelamenduko 38.3 artikuluaren c) letran eta 44.1.A artikuluaren b) letran jasotakoa jasota ere, Ogasun eta Finantza Departamentuko foru diputatuak ebatzi ahal izango du zor geroratu edo zatikatuak Gipuzkoako Foru Aldundiak Ekonomia Indartuz planaren barruan deitutako subentzio eta laguntzekin ez konpentsatzea, baldin eta zor horien ez-konpentsatzea modu arrazoituan aurretik eskatu badu deialdi horiek egiteko eskumena duen departamentuko foru diputatuak.
2. artikulua.– Jarduerari uzteagatiko prestazioak langile autonomoentzat, COVID-19aren gaixotasunaren zabalpenari aurre egiteko neurrien ondorioz.
2021eko urtarrilaren 1etik aurrerako ondorioekin, jarduera ekonomikoak egiten dituzten pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren zergadunek jarduera uzteagatiko prestazio moduan jasotako kopuruak jarduera ekonomikoen etekintzat hartuko dira, betiere prestazio horiek jaso badira Enpleguaren aldeko gizarte neurriak indartu eta sendotzen dituen urtarrilaren 26ko 2/2021 Errege Dekretu Legeak 5.etik 8.era bitarteko artikuluetan, Enplegua defendatu, ekonomia suspertu eta langile autonomoak babesteko presazko neurriei buruzko maiatzaren 27ko 11/2021 Errege Lege Dekretuak 6.etik 9.era bitarteko artikuluetan eta haien indarraldien luzapena arautu dezaketen xedapenetan.
3. artikulua.– COVID-19ak eragindako enpresak birkapitalizatzeko funtsa.
2021eko martxoaren 13tik aurrerako ondorioekin, Gipuzkoako lurralde historikoaren araugintza eskumenekoak diren edozein zerga itundutatik salbuetsita egongo dira martxoaren 12ko 5/2021 Errege Lege Dekretuak, Enpresen kaudimenari laguntzeko ezohiko neurriei buruzkoak, 17. artikuluan jasotakoa aplikatzetik zuzenean edo zeharka eratorriak diren ondare eskualdaketa, sozietate eragiketa eta egintza guztiak. Aipatutako errege lege dekretuaren bidez, COVID-19aren pandemiaren aurrean, COVID-19ak eragindako enpresa birkapitalizatzeko funtsa sortzen da, bai eta funts horren kargura partaidetutako enpresak kapitalizatu edota finantza eta ondare aldetik berregituratzeko inoiz gauzatzen diren funts ekarpenak edo kapital zabalkuntzak ere.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.– Arauak emateko ahalmenak.
Bat.– Baimena ematen zaie Gipuzkoako Foru Aldundiari eta Ogasun eta Finantza Departamentuko foru diputatuari foru dekretu-arau hau garatu eta aplikatzeko behar diren xedapen guztiak eman ditzaten.
Bi.– Baimena ematen zaio Ogasun eta Finantza Departamentuko foru diputatuari foru dekretu-arau honetan jasotako zerga neurrien indarraldia edo ondorioak foru agindu bidez luzatzeko, betiere haiek onartzea eragin zuten salbuespenezko zirkunstantziek irauteak hala justifikatzen badu.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA.– Indarrean jartzea.
Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean foru dekretu-arau hau, bertan espresuki jasota dauden ondorioak eragotzi gabe.
Donostia, 2021eko ekainaren 15a.
Diputatu nagusia,
MARKEL OLANO ARRESE.
Ogasun eta Finantza Departamentuko foru diputatua,
JOKIN PERONA LERCHUNDI.