135. zk., 2021eko uztailaren 9a, ostirala
- Bestelako formatuak:
- PDF (223 KB - 2 orri.)
- EPUB (218 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
KULTURA ETA HIZKUNTZA POLITIKA SAILA
3913
EBAZPENA, 2021eko ekainaren 29koa, HABEko zuzendariarena, ustekabean sortutako arrazoiengatik 2021eko ekitaldiko HOBE deialdiko bigarren azterketaldia indarrik gabe uztea erabakitzen duena.
2020ko abenduaren 11ko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu zen (2020ko abenduaren 11ko EHAA, 247. zk.) HABEren zuzendari nagusiaren 2020ko abenduaren 2ko Ebazpena, Helduen Euskalduntzearen Oinarrizko Curriculumean (HEOC) zedarritutako B1, B2, C1 eta C2 euskarazko komunikagaitasun-mailak egiaztatu ahal izateko, 2021. urterako HOBE-HABEren Ordenagailu Bidezko Egiaztatzegintza deialdia egiten duena. HABEren zuzendari nagusiaren 2021eko otsailaren 18ko Ebazpenean dago huts-zuzenketa (2021eko otsailaren 26ko EHAA, 42. zk.).
Informazioaren eta komunikazioaren teknologiek (IKT) gizartean, oro har, eta hizkuntzen irakaskuntzan eta egiaztatzegintzan, bereziki, gero eta erabilera handiagoa dutela ikusita, HABEk, egiaztatzegintzaren prozesuak erraztu eta egungo testuinguru digitalera hurbildu nahirik, HOBE eredua diseinatu du (HABEren Ordenagailu Bidezko Egiaztatzegintza), ordenagailuaren erabileran oinarritutako egiaztatze-sistema.
HABEren zuzendari nagusiaren 2020ko abenduaren 2ko Ebazpenaren bigarren artikuluak honela dio: «2021. urtean, HOBE deialdiaren bi azterketaldi egitea. Lehenengo azterketaldian, C1 eta C2 mailak egiaztatu ahal izango dira. Bigarren azterketaldian, B1, B2 C1 eta C2 mailak egiaztatu ahal izango dira».
HABEren 2021eko HOBE deialdiko lehen azterketaldirako 513 pertsonek eman zuten izena. 2021eko apirilaren 20 eta 21ean HABEren HOBE deialdiaren lehenengo azterketaldian, C1 eta C2 mailetako entzumen-, irakurmen- eta idazmen-probak egin ziren Donostian, Barakaldon eta Gasteizen. Azterketa egiten ari ziren bitartean, azterketarien ekoizpena bere horretan jasotzeko zenbait ezusteko jazo ziren sistema informatikoan zein Internet sarean. Gertaera hauen xehetasunak jasota daude lekuan lekuko deialdiko HABEren arduradunak idatzitako gorabeheren aktetan. HABEren informatika-arduradunaren eskutik heldu zitzaion sistema-informatikoetan eta Internet sarean jazotakoak aztertzeari, betiere zerbitzu hauen kudeaketarako HABEk hitzartuta eta sinatuta dituen akordio eta hitzarmenen baitan.
HABEren 2021eko HOBE deialdiko lehen azterketaldiari amaiera eman eta, saiootan izandako gorabeherak aztertu dira, eta ikusi, nahiz eta HABEk eskura zituen baliabide pedagogikoak zein informatikoak deialdi honen baitara bildu izan, garapen telematikoek era nabarmenean baldintzatu dutela deialdiaren kudeaketa.
HABEk deialdi honen kudeaketan izandako ezusteko eta ustekabeko gorabehera hauek beharrezko egiten dute egitasmo honen sistema berregokitzea, eta, datorren urtean, zerbitzu fidagarri, baliagarri eta bermeduna eskaintzeko egokiera eskaintzea. Kontuan hartuta helburu horretara iristea hilabeteetako lan-karga dela,
EBAZTEN DUT:
1.– Indarrik gabe uztea HABEren zuzendari nagusiaren 2020ko abenduaren 2ko Ebazpenaren 2. artikuluaren 2. atala, Helduen Euskalduntzearen Oinarrizko Curriculumean (HEOC) zedarritutako B1, B2, C1 eta C2 euskarazko komunikagaitasun-mailak egiaztatu ahal izateko, 2021. urterako HOBE-HABEren Ordenagailu Bidezko Egiaztatzegintza deialdia egiten duena.
2.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu dadila agintzea, Administrazio Publikoen Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 39/2015 Legearen 45. artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz.
3.– Administrazio-bidea amaitzen ez duen ebazpen honen aurka, gora jotzeko helegitea aurkeztu ahal izango diote interesdunek Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuari, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera hilabeteko epean.
Donostia, 2021eko ekainaren 29a.
HABEko zuzendaria,
JOKIN AZKUE ARRASTOA.