135. zk., 2021eko uztailaren 9a, ostirala
- Bestelako formatuak:
- PDF (287 KB - 7 orri.)
- EPUB (227 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
3908
EBAZPENA, 2021eko ekainaren 7koa, Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariarena, zeinaren bidez formulatzen baita Amorebieta-Etxano (Bizkaia) Euba 13. exekuzio-unitatearen Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren ingurumen-txosten estrategikoa.
AURREKARIAK
2021eko martxoaren 25ean, Amorebieta-Etxanoko Udalak eskabidea osatu zuen ingurumen-organoaren aurrean, Euba 13. exekuzio-unitatearen Hiri Antolamenduko Plan Bereziari buruzko ingurumen-txosten estrategikoa egin zezan, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legean xedatutakoaren arabera. Eskabidearekin batera, zenbait dokumentu aurkeztu zituen, hala nola Planaren zirriborroa eta ingurumen-dokumentu estrategikoa, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 16. eta 29. artikuluetan xedatutako edukia zuena.
21/2013 Legearen 30. artikulua aplikatuta, 2021eko apirilaren 19an Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak kontsulta-izapidea egin zien administrazio publiko ukituei eta interesdunei; jasotako erantzunen emaitzak espedientean bildu dira. Era berean, Amorebieta-Etxanoko Udalari ere jakinarazi zitzaion izapide-prozesuaren hasiera.
Halaber, espedientean jasotako dokumentuak eskuragarri egon ziren Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren webgunean, interesdun orok ingurumenaren arloan egokitzat jotzen zituen oharrak egin ahal izateko.
ZUZENBIDEKO OINARRIAK
Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 1. artikuluan ezarritakoaren arabera, lege horren helburua da ingurumenean ondorio esanguratsuak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautuko duten oinarriak ezartzea; horrela, ingurumenaren babes-maila handia bermatuko da, garapen jasangarria sustatzeko helburuarekin.
Euba 13. exekuzio-unitatearen Hiri Antolamenduko Plan Berezia (aurrerantzean, Plana) abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 6.2 artikuluaren kasuetan sartzen da; bertan aurreikusten da zein diren ingurumen-organoak egindako ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatutik pasatu behar diren plan eta programak, honako hauek zehazteko: planak edo programak ez duela eragin nabarmenik ingurumenean, ingurumen-txosten estrategikoan ezarritakoaren arabera, edo plan edo programen gaineko ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin beharra, haiek ingurumenerako eragin nabarmenak ekar litzaketelako.
Ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua egiteko prozedura abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 29. artikulutik 32. artikulura bitartean dago araututa, V. eranskinean ezarritako irizpideen arabera.
Planaren ingurumen-ebaluazioaren espedienteko dokumentazio teknikoa eta txostenak aztertu ostean, eta kontuan hartuta ingurumen-dokumentu estrategikoa zuzena eta indarreko araudian ezarritako alderdien araberakoa dela, ingurumen-txosten estrategiko hau ematen du Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak (eskumena duen organoa da, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saileko egitura organiko eta funtzionala ezartzen duen otsailaren 23ko 68/2021 Dekretuaren arabera). Txosten horretan, Planak ingurumenean ondorio esanguratsuak izan ditzakeen edo ez aztertzen da, eta, ondorioz, ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntaren prozedura bete behar duen ala ez, edota, bestela, zer baldintza ezarri behar diren Plana garatzeko eta ingurumena behar bezala babesteko.
Hauek guztiak aztertu dira: 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 68/2021 Dekretua, otsailaren 23koa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organiko eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; eta 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoko Araubide Juridikoari buruzkoa; eta aplikatzekoak diren gainerako arauak. Horrenbestez, honako hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Euba 13. exekuzio-unitatearen Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren ingurumen-txosten estrategikoa formulatzea, jarraian jasotzen diren baldintzetan:
A) Planaren deskribapena: helburuak eta jarduketak.
Planaren xedea eremuaren antolamendu xehatua zehaztea da, gaur egun ibilgailuen zirkulazioari, gutxieneko zuzkidurei eta sarbideei loturik dauden urritasun funtzionalak ebatziz, eta eremuaren berroneratzeari eta hiri-birgaitzeari bide emanez.
Amorebieta-Etxanoko arau subsidiarioetan honela zehazten da Euba 13. exekuzio-unitatea (Amorebieta-Etxanoko San Antonio auzoan): 64.063 m2-ko azalera, 0,70 m2/m2-ko eraikigarritasuna eta % 60ko okupazio maximoa; parametro horiek ez dira lortu egungo garapenarekin.
Eremu horretan, altzairugintza-sektoreko Arania SA enpresak diharduen industria-pabiloia dago.
Antolamendu-proposamenak agortu egiten du indarreko arau subsidiarioek baimentzen duten eraikigarritasuna, eta egungo industria-pabiloia handitzeko aukera ematen du. Eremuan, egungo eta etorkizuneko industria-jardueraren tipologia berbera izango da. Eraikitako espazio berria produktu amaituak eta industria-prozesuetako ordezko piezak biltegiratzeko erabiliko da.
Berdeguneak kanpoko perimetroan daude, Ibaizabal ibaiaren ondoan, eta ibilguaren aurkako ertzean, sartzeko errepidearen ondoan. Eraikigarritasuna handitzeko proposamenarekin, aparkaleku-zuzkidura ere handitu beharko da; horiek bide perimetralaren barruan jasota geratuko dira.
Eremuak zerbitzu-sistema guztiak ditu: ur-hornidura, saneamendua, elektrizitatea, gasa eta telekomunikazioak.
B) Proposatutako Planaren ezaugarriak aztertu ondoren, eta abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31. artikuluarekin bat etorriz, lege horren V. eranskinean ezarritako irizpideak aztertu dira, hain zuzen ere zehazteko ea Planak ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta behar duen ala ez.
1.– Planaren ezaugarriak, bereziki honako hauek kontuan hartuta:
a) Planak zer neurritan ezartzen duen proiektu edo beste jarduera batzuetarako esparrua: eremuan, egungo eta etorkizuneko industria-jardueraren tipologia berbera izango da. Eraikitako espazio berria produktu amaituak eta industria-prozesuetako ordezko piezak biltegiratzeko erabiliko da. Hortaz, aurkeztutako dokumentazioa ikusita, Planak ez dauka baldintzatzailerik, besteak beste, kokapenari, ezaugarriei, neurriei edo funtzionamenduari dagokienez, proiektuen ingurumen-inpaktuaren ebaluazioari buruzko legedian zerrendatutako kategoriaren batekoak diren proiektuak etorkizunean baimentzeko.
b) Planak zer neurritan eragiten dien beste plan edo programa batzuei, hierarkizatuta daudenei barne: Amorebieta-Etxanoko arau subsidiarioek Euba 13. exekuzio-unitatea hiri-lurzoru industrialtzat kalifikatzen dute. Plan Berezia antolamendu xehatua ezartzera mugatzen da, egiturazko antolamenduaren oinarrizko parametroei eutsiz; horrenbestez, ondorioztatzen da ez duela eragin aipagarririk izango bestelako plan edo programatan.
c) Plana egokia ote den ingurumen-arloan garapen jasangarria sustatzeko kontuan hartu behar diren alderdiak osatzeko: Plana egokia da, garapen jasangarria sustatzeko irizpideak barnean hartzeko. Ez dakar artifizializatu gabeko lurzoru berririk okupatzea, lehendik urbanizatuta dagoen eremu batean eragiten baitu, eta aurreikusita dagoen erabilera berarekin.
d) Planari loturiko ingurumen-arazo adierazgarriak: ez da hauteman plana gauzatzearen ondoriozko ingurumen-arazo adierazgarririk, betiere, besteak beste, segurtasun eta osasunean, ingurumenean, uholde-arriskuaren prebentzioan, hondakinen kudeaketan eta kutsadura akustikoan indarrean dauden araudiak betez gauzatzen badira eragindako eremuarekin lotutako esku-hartzeak eta jarduerak.
e) Era berean, Plana egokitzat jotzen da Europako nahiz Espainiako ingurumen-arloko legedia txertatzeko.
2.– Ondorioen eta horien eraginpean gera daitekeen eremuaren ezaugarriak.
Planaren eremua 64.063 m2-ko azalera duen hiri-lurzoru industriala da. Hortaz, jada eraldatuta eta hiritartuta dagoen eremua da, industria-pabiloi bat duena lurzatiaren erdigunean.
Eremua uholde-arriskua duen toki batean dago, 100 eta 500 urteko errepikatze-denborako uraldietako uholde-arriskugunean, eta Ibaizabal ibaiaren lehentasunezko fluxu-eremutik kanpo. Planean azterketa hidraulikoa dago jasota eta horrek ondorioztatzen du Planak proposatzen duen eraikigarritasunak ez duela modu nabarmenean areagotzen eremuko uholde-arriskua.
Industria-pabiloia handitzeak Amorebieta-Etxanoko arau subsidiarioetan babestutako zuhaizti baten zati bat okupatzea dakar. 8.436 m2-ko azalera duen harizti-baso mistoari dagokio. Planak ez du eraginik izango harizti horren 5.080,78 m2-tan, erabilera publikoko berdeguneen barruan geratzen direnak. Planak hariztiari egindako kaltea konpentsatzen du; kaltetutako azaleraren adinako azaleran egingo ditu landaketak bi eremutan; horietako bat Ibaizabal ibaiaren ondoan dago eta ibaiertzeko berezko landare-espezieekin landareztatuko da.
Zarata-foku nagusiak AP-8 autobidea eta N-634 errepidea dira, baita ETS lineako tren-zirkulazioa, AHTren etorkizuneko linea eta inguruko industria-jarduerak ere. Inpaktu akustikoari buruzko azterketa egin da, gaur egungo egoeran eta etorkizuneko egoera batean (20 urtera).
Azterketaren emaitzek agerian uzten dute, kanpoaldean, lurzatiaren zati handienean, zarata-mailak kalitate akustikoko helburuen azpitik geratzen direla, eta horiek gainditu egiten direla 55 metroko lur-zerrenda batean, lurzatiaren hegoaldeko mugan. Fatxadan, ez dira gainditzen industria-eremuetan aplikagarriak diren kalitate akustikoko helburuak.
Proiektatutako jarduketak eta Planaren eragin-esparruaren ezaugarriak aintzat hartuta, inpaktu posible esanguratsuenak, a priori, industria-pabiloia handitzeko lanetan eta urbanizazio-fasean sortuko dira. Obra horiek honako ondorio hauek ekar ditzakete: lurzorua okupatzea, landaredia kaltetzea, hondakinak sortzea, lurrak mugitzea eta soberakinak sortzea, makinak joan-etorrian ibiltzea, lurpeko urei eta lurzoruei eragitea istripuzko isurketengatik, herritarrei enbarazu egitea emisio atmosferikoengatik eta zaratagatik eta abar. Hori guztia, esparru garbiki industrial batean.
Planak indarrean den hirigintza-araudiaren aldean proposatzen dituen aldaketen ondoriozko eraginei dagokienez, a priori, ez da espero ingurumen-inpaktu nabarmenik indarrean dauden arau subsidiarioetan jasotakoetatik aparte.
Ondorioz, ingurumen-agiri estrategikoak planteatzen dituen zuzenketa- eta jasangarritasun-neurriak eta aurrerago zehazten diren prebentzio-, babes- eta zuzenketa-neurriak aplikatuta, ez da espero jarduketa horiek ingurumenean ondorio esanguratsurik izango dutenik, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legean aurreikusitakoari jarraikiz.
3.– Ebazpen honetan, honako neurri babesle eta zuzentzaile hauek ezartzen dira, Planak ingurumenean ondorio kaltegarri nabarmenik izan ez dezan eta Amorebieta-Etxanoko Euba 13. exekuzio-unitateko Hiri Antolamenduko Plan Bereziari ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin beharrik egon ez dadin, baldin eta ezarritako neurri babesle eta zuzentzaileak txertatzen badira.
Neurri babesle eta zuzentzaileak indarrean dagoen araudiaren arabera gauzatuko dira, ebazpen honetan ezarritakoaren arabera eta, aurrekoaren aurkakoa ez den guztian, Ingurumen Agiri Estrategikoan eta Planean bertan jasotakoaren arabera.
Planeko proiektuak gauzatzeko hartu beharreko beste neurri batzuk hauek dira:
Intereseko balio naturalak babesteko neurriak.
Zuhaitz autoktonoen multzoak errespetatu egingo dira eta kontserbatu beharreko aleak edo kimatze selektiboak behar dituztenak identifikatuko dira. Ez dira zuhaitzak moztuko, ezta belar-sastrakarik garbituko ere, zuzenean okupatzea aurreikusten ez den eremuetan.
Proiektua gauzatzeagatik eragindako eremu guztiak leheneratu egingo dira, kendu diren landareak-zuhaitzak birlandatuta. Landareztatze-lanak ahalik eta lasterren egingo dira, higadura-prozesuak eta solidoak ibilguetara herrestatzea ekiditeko. Jasangarritasun-irizpideak lehenetsiko dira, espezie inbaditzaileak sartzeko arriskua gutxitzearren. Ibaizabal ibaiaren ezkerreko ertzerako proposatzen den landareztatzerako, haltzadi kantauriarrean bereizgarriak diren zuhaitz- eta zuhaixka-ale autoktonoak erabiliko dira.
Ahalmen inbaditzailea duten espezie aloktonoak kentzeko eta lur-mugimenduen bidez hedatzea ekiditeko behar diren neurriak hartuko dira; betelanetan, landareztatze-lanetan eta urbanizazioko lorategi-lanetan erabiliko diren mailegu-lurren eta landare-lurren jatorria eta osaera kontrolatu beharko da.
Bisoi europarra (Mustela lutreola) kudeatzeko planaren arabera, Bizkaiko Foru Aldundiko Ingurumen Zuzendaritzaren nahitaezko txostena eduki beharko da, eta bertan ezarriko dira sektorea urbanizatzeko egoki jotzen dituen baldintzak.
Urak babestera zuzendutako neurriak.
Uraren Euskal Agentziak emandako txostenarekin bat, honako neurri hauek hartuko dira:
– Ibilguen zortasun-eremua, 5 metrokoa, jarduketa, hesi edo itxiturarik gabekoa izan beharko da, eta errespetatu egin behar dira ibaiertz naturaleko lurra eta landaredia.
– Uholde-arriskua dela eta, ezingo da egin betelanik, lursailaren sestra aldatu eta urak husteko gaitasuna nabarmen murrizten badute, eta orotariko hondakin-materialak ere ezingo dira metatu.
– Zortasun-eremuetan edo ibilguen zaintza-eremuetan egingo diren jarduketetarako, Kantauriko Konfederazio Hidrografikoaren baimena beharko da nahitaez, eta Uraren Euskal Agentzia honetan izapidetu beharko da.
– Hirigintza-izapideen esparruan, baliabide-eskari berrien kuantifikazioa aurkeztu beharko da, baita erakunde kudeatzailearen txostena ere, proposatutako garapenek behar dituzten hornidurari eta saneamenduari euskarri emateko azpiegiturak aski direla ziurtatzeko.
– Plan Bereziaren hasierako onespenaren ondoren, berriro eskatu beharko zaio txostena Uraren Euskal Agentziari, Uraren ekainaren 23ko 1/2006 Legearen 7.k) artikuluan xedatutakoarekin bat.
Lurzoruaren kalitatea aurreikusitako erabilerekin bateragarria dela bermatzeko neurriak.
Planaren eremuan lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak izan dituzten edo dituzten lurzoruen inbentarioko kokaleku bat dago. Horrenbestez, Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legeak 23.1 artikuluan xedatzen duena betez, arau horretan adierazitako egoeraren bat gertatzen bada, ingurumen-organoak ebazpen bidez adierazi beharko du lurzoruaren kalitatea, aipatutako ekainaren 25eko 4/2015 Legeak araututako prozedurari jarraikiz.
Lege horren 23.2 artikuluaren arabera, 23.1 artikuluan jasotako ekintzaren baten ondorioz egin behar diren lur-mugimenduak egiteko, hondeaketa selektiborako plan bat onartu beharko du aldez aurretik autonomia-erkidegoko ingurumen-organoak, lurzoruaren kalitateari buruzko adierazpenaren prozeduraren esparruan.
Zaratarekin zerikusia duten neurriak.
Zaratari dagokionez planean hartu beharreko erabakien artean eta Euskal Autonomia Erkidegoko kutsadura akustikoari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen duenari jarraikiz, ezingo dira exekutatu etorkizuneko hirigintza-garapenak honako eremu hauetan: kanpoaldean kalitate akustikoaren helburuak betetzen ez direnetan, hargatik eragotzi gabe 43. eta 45. artikuluetan ezarritakoa. Era berean, kontuan hartuta planaren esparrua Bizkaiko foru-errepideen zortasun akustikoko eremu baten barruan dagoela, eremu horietan edozein jarduketa egin ahal izateko, azpiegitura horiek kudeatzen dituen organoaren txostena beharko da nahitaez.
Eraikineko etorkizuneko bulegoetan, halakorik balego, behar diren isolamendu-neurriak hartuko dira, kalitate akustikoko helburu aplikagarriak betetzeko, eguneko, arratsaldeko eta gaueko aldiak diren arabera. Fatxadako isolamendu horiek berariaz justifikatu behar dira eraikuntza-proiektuan.
Beste prebentzio- eta zuzenketa-neurri batzuk.
Bestalde, eraikuntza-proiektuetan eta hirigintza-obra osagarrietan aplikatu beharreko neurriak loturik egongo dira obretako jardunbide egokien eskuliburuarekin, lurren eta soberakinen kudeaketarekin, hondakinen sorkuntza eta kudeaketarekin, induskatutako lurzoruen kontrolarekin eta ura, airearen kalitatea eta kalitate akustikoa babestearekin. Besteak beste, honako neurri babesle eta zuzentzaile hauek bete beharko dira Planetik eratorritako obrak gauzatzeko:
– Hondakin eta lurzoru kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legeak araututako moduan eta aplikatzekoak diren berariazko araudiek agindutako moduan kudeatuko dira obretan sortutako hondakinak, hondeaketetatik eratorriak barne.
– Eraikuntza- eta eraispen-hondakinak kudeatzeko, Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen kudeaketa arautzeko ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuan xedatutakoa bete beharko da.
– Amiantoa duen hondakinik edo elementurik aurkitzen bada, otsailaren 1eko 108/1991 Errege Dekretuak ezarritakoa bete beharko da (errege-dekretu hori amiantoak ingurumenean sortzen duen kutsadura prebenitzeko eta murrizteko da), baita martxoaren 31ko 396/2006 Errege Dekretuak ezarritakoa ere (amiantoaren eraginpean egoteko arriskua duten lanei aplikatu behar zaizkien segurtasuneko eta osasuneko gutxieneko xedapenak ezartzen dituena).
– Industrian Erabilitako Olioaren Kudeaketa Arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuari jarraituz kudeatu beharko dira sortutako olio erabiliak.
– Horrez gain, obrako hondakinak birziklatzeari dagokionez, eraikuntzan eta eraikingintzan baliabideak beren bizi-ziklo osoan zehar modu efizienteago batean erabiliko direla sustatzeko (bereziki, obrak amaitutakoan hondakinak aprobetxatzea), jarraian aipatzen direnak sustatu beharko dira, honako hurrenkera honetan: eraikuntza- eta eraispen-hondakinen prebentzioa, berrerabiltzea, birziklatzea eta beste balorizazio modu batzuk, eta, hala badagokio, ezabatze-eragiketen trataera egokia. Horretarako, bermatu egin beharko da obra-proiektuaren eraikuntza- eta eraispen-hondakinak arlo honi buruzko arauen arabera sortu eta kudeatzen direla.
– Obrak, baita lurzorua erabiltzea eragiten duten eragiketa osagarriak ere, proiektua gauzatzeko behar-beharrezkoa den gutxieneko eremuan egingo dira. Kontratistaren instalazio-eremuak, makinak gordetzeko guneak, lan-txabolak, obrako materialak eta hondakinak aldi batean pilatzeko guneak proiektatzerakoan, ingurumenari ahalik eta gutxien eragiteko irizpidea izango da kontuan.
– Zehazki, lurzoruak eta lurpeko urak babesteko, prebentzio-neurriak eta neurri zuzentzaileak ezarriko dira dagokion obra-faserako, istripuzko isurien eragina saihesteko, bereziki makinen mantentze-lanetan (obrako instalazio osagarriak eremu iragazgaiztuetan kokatzea, material xurgatzaileak erabiltzea eta abar).
• Kamioiek obran sartu eta irteteko erabiltzen dituzten bideak garbi mantendu beharko dira; horretarako, presioko ura edo erratz-makinak erabiliko dira.
• Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustiko, kalitate-helburu eta emisio akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen emisio akustikoei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, egokitu beharko dira, hala badagokie, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten emisio akustikoak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan (apirilaren 28ko 524/2006 Dekretuak aldatu du) eta arau osagarrietan ezarritakora. Obrak egunez egingo dira.
• Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legean ezarritakoa gorabehera, jarduketak egiterakoan aztarna arkeologikoren bat egon daitekeela pentsarazten duen zerbait aurkitzen bada, lanak eten egingo dira badaezpada, eta berehala jakinaraziko zaio Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Zuzendaritzari; hark erabakiko du zer neurri hartu.
Eraikingintza eta eraikuntza jasangarriagoak izan daitezen beharrezko diren ezaugarriei dagokienez, IHOBEk argitaratutako «Eraikingintza jasangarrirako gidak. Eraikin Industrialak» gidan jasotako neurriak eta ingurumen-jardunbide egokiak erabiliko dira eraikinen energia-aurrezpena eta -efizientzia bultzatzeko eta energia berriztagarriak sustatzeko. Neurri horiek, gutxienez, honako alderdi hauetan eragin beharko dute:
– Materialak. Lehengai berriztaezinen kontsumoa murriztea.
– Energia. Iturri berriztaezinen bidez sortutako energia-kantitatea eta/edo energia-kontsumoa murriztea.
– Edateko ura. Edateko uraren kontsumoa gutxitzea.
– Ur grisak. Ur gris gutxiago sortzea.
– Atmosfera. Gas-, hauts-, bero- eta argi-emisioak murriztea.
– Barne-kalitatea. Barruko airearen kalitatea, erosotasuna eta osasuna hobetzea.
Bigarrena.– Zehaztea ezen, ingurumen-txosten estrategiko honetan ezarritakoaren arabera, eta, betiere, ebazpen honetan ezarritako babes- eta zuzenketa-neurriak hartzen badira, baita sustatzaileak proposatutakoak ere, aurrekoen aurkakoak ez badira, ez dela aurreikusten Amorebieta-Etxanoko Euba 13 exekuzio-unitatearen Hiri Antolamenduko Plan Bereziak ondorio kaltegarri esanguratsurik izango duenik ingurumenean, eta, beraz, ez duela ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntik behar.
Hirugarrena.– Ebazpen honen edukia jakinaraztea Amorebieta-Etxanoko Udalari.
Laugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea. Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31.4 artikuluak ezarritakoaren arabera, ingurumen-txosten estrategikoak indarraldia galduko du eta berezko dituen efektuak sortzeari utziko dio, behin Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta lau urteko gehieneko epean, Euba 13. exekuzio-unitatearen Hiri Antolamenduko Plan Berezia onartuko ez balitz. Kasu horretan, berriro hasi beharko da Planaren ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura.
Vitoria-Gasteiz, 2021eko ekainaren 7a.
Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendaria,
JAVIER AGIRRE ORCAJO.