133. zk., 2021eko uztailaren 7a, asteazkena
- Bestelako formatuak:
- PDF (273 KB - 6 orri.)
- EPUB (239 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
XEDAPEN OROKORRAK
GOBERNANTZA PUBLIKO ETA AUTOGOBERNU SAILA
EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
EKONOMIA ETA OGASUN SAILA
3856
170/2021 DEKRETUA, uztailaren 6koa, Estatua-Euskal Autonomia Erkidegoa Transferentzien Batzorde Mistoaren erabakia onartzekoa. Horren bidez, maiatzaren 14ko 2380/1982 Errege Dekretuaren bidez portu-gaietan Euskal Autonomia Erkidegoari eskualdatutako Estatuko administrazioaren zerbitzuetara atxikitako ondare-bitartekoak gehitzen dira.
Irailaren 26ko 2339/1980 Errege Dekretuaren 2. artikuluan ezarritakoaren arabera, eta bertan eskatutako formalizazio-izapideak betetzeko, dekretu honen xedea da, alde batetik, Estatua-Euskal Autonomia Erkidegoa Transferentzien Batzorde Mistoaren erabakia onartzea, 2021eko maiatzaren 10ekoa, maiatzaren 14ko 2380/1982 Errege Dekretuaren bidez portu-gaietan Euskal Autonomia Erkidegoari eskualdatutako Estatuko administrazioaren zerbitzuetara atxikitako ondare-bitartekoak gehitzekoa, eta, bestetik, eskualdatutako bitarteko materialak adskribatzekoa.
Horrenbestez, Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuak, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuak eta Ekonomia eta Ogasuneko sailburuak proposatuta, eta Gobernu Kontseiluak 2021eko uztailaren 6an egindako bilkuran aztertu eta onartu ondoren, hauxe
XEDATZEN DUT:
1. artikulua.– Onestea Estatua-Euskal Autonomia Erkidegoa Transferentzien Batzorde Mistoaren erabakia, 2021eko maiatzaren 10ekoa, maiatzaren 14ko 2380/1982 Errege Dekretuaren bidez portu-gaietan Euskal Autonomia Erkidegoari eskualdatutako Estatuko administrazioaren zerbitzuetara atxikitako ondare-bitartekoak gehitzekoa, ekainaren 29ko 473/2021 Errege Dekretuan ezarritako baldintzei jarraikiz, eta aipatu errege-dekretua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agintzea, dekretu honen eranskin gisa.
2. artikulua.– Eskualdatutako ondare-bitartekoak Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailari atxikita geratuko dira.
AZKEN XEDAPENA
Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunean bertan izango du indarra dekretu honek.
Vitoria-Gasteizen, 2021eko uztailaren 6an.
Lehendakaria,
IÑIGO URKULLU RENTERIA.
Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburua,
OLATZ GARAMENDI LANDA.
Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburua,
MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.
Ekonomia eta Ogasuneko sailburua,
PEDRO MARÍA AZPIAZU URIARTE.
ERANSKINA, UZTAILAREN 6KO 170/2021 DEKRETUARENA
Ekainaren 29ko 473/2021 Errege Dekretua, maiatzaren 14ko 2380/1982 Errege Dekretuaren bidez portu-gaietan Euskal Autonomia Erkidegoari eskualdatutako Estatuko Administrazioaren zerbitzuei atxikitako ondare-bitartekoak gehitzekoa.
Konstituzioak, 149.1.20 artikuluan, Estatuari esleitzen dio interes orokorreko portuen gaineko eskumen esklusiboa. Bestalde, Euskal Herriaren Autonomia Estatutuak, abenduaren 18ko 3/1979 Lege Organikoaren bitartez onartu zenak, 10.32 artikuluan xedatzen du Euskal Autonomia Erkidegoak eskumen esklusiboa duela portu-gaietan, Konstituzioaren 149.1.20 artikuluan xedatutakoari kalterik egin gabe. Era berean, aipatutako Autonomia Estatutuaren 12.8 artikuluaren arabera, autonomia-erkidegoari dagokio Estatuaren legeria betearaztea interes orokorreko portuetan, Estatuak zuzeneko kudeaketa bere gain hartzen ez duenean.
Maiatzaren 14ko 2380/1982 Errege Dekretuaren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoari eskualdatu zitzaizkion portu-gaietan Estatuko Administrazioak zituen zerbitzuak.
Azkenik, Euskal Herriaren Autonomia Estatutuaren bigarren xedapen iragankorrak eta irailaren 26ko 2339/1980 Errege Dekretuak Transferentzien Batzorde Mistoaren funtzionamendua arautzen du, baita zer eratara eta zer baldintzatan eskualdatu behar zaizkion Euskal Autonomia Erkidegoari Estatuko Administrazioaren zerbitzuak.
Horiek horrela, Euskal Herriaren Autonomia Estatutuaren bigarren xedapen iragankorrak aurreikusitako Batzorde Mistoak, 2021eko maiatzaren 10eko bileran, maiatzaren 14ko 2380/1982 Errege Dekretuaren bidez portu-gaietan Euskal Autonomia Erkidegoari eskualdatutako Estatuko administrazioaren zerbitzuetara atxikitako ondare-bitartekoak gehitzea erabaki zuen; erabakia Espainiako gobernuari igorri zaio, errege-dekretu baten bidez onar dezan.
Horrela, Euskal Herriaren Autonomia Estatutuaren bigarren xedapen iragankorrean xedatzen dena betez, Lurralde Politikako eta Funtzio Publikoko ministroak proposatuta, eta ministroen kontseiluaren 2021eko ekainaren 29an egindako bileran aztertuta, honako hau
XEDATZEN DUT:
1. artikulua.– Batzorde Mistoaren erabakia onartzea.
Onartu da Euskal Herriaren Autonomia Estatutuaren bigarren xedapen iragankorrean aipatzen den Transferentzien Batzorde Mistoaren erabakia, maiatzaren 14ko 2380/1982 Errege Dekretuaren bidez portu-gaietan Euskal Autonomia Erkidegoari eskualdatutako Estatuko administrazioaren zerbitzuetara atxikitako ondare-bitartekoak gehitzekoa, batzorde horrek 2021eko maiatzaren 10eko bileran hartua. Errege-dekretu honen eranskin gisa transkribatu da.
2. artikulua.– Atxikitako ondare-bitartekoak gehitzea.
Ondorioz, gehitu egin dira maiatzaren 14ko 2380/1982 Errege Dekretuaren bidez Euskal Autonomia Erkidegoari portu-gaietan eskualdatutako Estatuko Administrazioaren zerbitzuei atxikitako ondare-bitartekoak, Batzorde Mistoaren Erabakiari jarraikiz, eta bertan adierazten diren baldintza eta zehaztapenen arabera.
3. artikulua.– Atxikitako ondare-bitartekoak gehitzearen indarraldia.
Transferentzien Batzorde Mistoaren erabakian adierazitako egunetik aurrera izango du eragina ondare-bitarteko atxikia gehitzeak.
AZKEN XEDAPENA.– Indarrean jartzea.
Errege-dekretu hau aldi berean argitaratuko da Estatuko Aldizkari Ofizialean eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, eta argitaratzen den egunean jarriko da indarrean.
Madrilen, 2021eko ekainaren 29an.
Lurralde Politikako eta Funtzio Publikoko ministroa,
MIQUEL OCTAVI ICETA I LLORENS.
ERANSKINA, EKAINAREN 29KO 473/2021 ERREGE-DEKRETUARENA
Jorge García Carreño jaunak eta Begoña Pérez de Eulate González andreak, Euskal Herriaren Autonomia Estatutuaren Bigarren Xedapen Iragankorrean zehaztutako Batzorde Mistoaren idazkariek.
ZIURTATZEN DUTE:
Transferentzien Batzorde Mistoaren 2021eko maiatzaren 10eko osoko bilkuran erabaki zen maiatzaren 14ko 2380/1982 Errege Dekretuaren bidez Euskal Autonomia Erkidegoari portu-gaietan eskualdatutako Estatuko Administrazioaren zerbitzuei atxikitako ondare-bitartekoak gehitzea, jarraian adierazitako baldintzekin:
A) Gehitzeari babesa ematen dioten konstituzio-, estatutu- eta lege-arauen aipamena.
Konstituzioak, 149.1.20 artikuluan, Estatuari esleitzen dio interes orokorreko portuen gaineko eskumen esklusiboa. Bestalde, Euskal Herriaren Autonomia Estatutuak, abenduaren 18ko 3/1979 Lege Organikoaren bitartez onartuak, 10.32 artikuluan xedatzen du Euskal Autonomia Erkidegoak eskumen esklusiboa duela portu-gaietan, Konstituzioaren 149.1.20 artikuluan xedatutakoari kalterik egin gabe. Era berean, aipatutako Autonomia Estatutuaren 12.8 artikuluaren arabera, autonomia-erkidegoari dagokio Estatuaren legeria betearaztea interes orokorreko portuetan, Estatuak zuzeneko kudeaketa bere gain hartzen ez duenean.
Maiatzaren 14ko 2380/1982 Errege Dekretuaren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoari eskualdatu zitzaizkion portu-gaietan Estatuko Administrazioak zituen zerbitzuak.
Azkenik, Euskal Herriaren Autonomia Estatutuaren bigarren xedapen iragankorrak eta irailaren 26ko 2339/1980 Errege Dekretuak Transferentzien Batzorde Mistoaren funtzionamendua arautzen du, baita zer eratara eta zer baldintzatan eskualdatu behar zaizkion Euskal Autonomia Erkidegoari Estatuko Administrazioaren zerbitzuak.
Konstituzio-, Estatutu- eta lege-xedapen horietan oinarrituta formalizatuko da maiatzaren 14ko 2380/1982 Errege Dekretuaren bidez Euskal Autonomia Erkidegoari portu-gaietan eskualdatutako Estatuko Administrazioaren zerbitzuei atxikitako ondare-bitartekoak gehitzeko erabakia.
B) Gehitu diren ondasun, eskubide eta betebeharrak.
1.– Gehitu egin dira maiatzaren 14ko 2380/1982 Errege Dekretuaren bidez Euskal Autonomia Erkidegoari portu-gaietan eskualdatutako Estatuko Administrazioaren zerbitzuei atxikitako ondare-bitartekoak, 1. zerrendan zehazten den ondasun higiezina eskualdatuta, bertan jasotako baldintzatan.
2.– Gehitze hori indarrean jarriko den datatik aurrera, autonomia-erkidegoan subrogatuko dira ondasun eskualdatuaren titulartasunari dagozkion eskubideak eta betebeharrak.
3.– Erabaki hau onartzen duen errege-dekretua Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hilabetera sinatu beharko da, hala badagokio, entrega- eta harrera-akta.
4.– Zerrenda horietan zuzenketarik edo aldaketarik egin behar balitz, administrazio biek aurretiaz egiaztatuta egingo dira. Horretarako, Transferentzien Batzorde Mistoak ziurtagiri bat emango du.
C) Dokumentazioa eta Espedienteak ematea.
Gehitu diren ondare-bitarteko atxikien dokumentazioa eta espedienteak entregatzeko, halakorik balego, hilabete bateko epea egongo da, erabaki hau onartzeko errege-dekretua Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik hasita.
D) Gehitzea Indarrean jartzeko data.
Ondare-bitarteko atxikien gehitzea, erabaki honen xede dena, erabaki hau onartzeko errege-dekretua Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.
Eta jasota gera dadin, ziurtapen hau ematen dute Bilbon, 2021eko maiatzaren 10ean. Jorge García Carreño eta Begoña Pérez de Eulate González, Batzorde Mistoaren idazkariak.