Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

130. zk., 2021eko uztailaren 2a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

KULTURA ETA HIZKUNTZA POLITIKA SAILA
3795

AGINDUA, 2021eko ekainaren 22koa, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuarena. Horren bidez, euskal kultura-ondarea katalogatu, digitalizatu, kontserbatu eta OAI-PMH biltegien bitartez hedatzeko dirulaguntzak emateko araubidea arautzen da, eta 2021eko ekitaldirako deialdia egiten da.

Eusko Jaurlaritzako Kultura Ondarearen Zuzendaritzaren helburu nagusietako bat euskal kultura-ondarea kontserbatzea eta hedatzea da. Helburu horiek artxiboetarako, liburutegietarako eta museoetarako erabili izan dira normalean. Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologiak pixkanaka sartu izanak funtsezko aldaketa ekarri du ikuspegi horretan. Nahiz eta erakunde horiek funtsezko zeregina izaten jarraitzen duten kontserbazioan, mundu digitalak erabateko eraldaketa ekarri du zabalkundearen eremuan, eta, txikiagoa bada ere, kontserbazioaren eremuan ere bai.

Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Lege berriak euskal kultura-ondarearen definizio irekia ematen du zioen azalpenean: «gure komunitatearen oinordetza kulturala osatzen duten adierazpen esanguratsu guztiak, errealitate material, higiezin edo higigarrien bidez eta errealitate ez-materialen bidez adierazten direnak». Definizio hori Lege horren 2. artikuluan zehazten da. Jarraian, aipatutako legeak ondare digitalaren garrantzia aitortzen du, «objektu analogiko batetik abiatuta birtualizatua edo objektu digital gisa jaioa», eta azpimarratzen du interkonektatutako kultura-espazio digital berri bat agertu dela, non fitxategiak gordetzeko, datuak tratatzeko eta hedatzeko tresnak partekatzen diren, eduki kulturala eskuragarriago egiteko eta berrerabiltzeko aukera emanez, betiere jabetza intelektualeko eskubideekin eta datu pertsonalen babesarekin uztargarria bada».

Euskadiko artxibo, liburutegi eta museoek sartu-irten nabarmenak egin dituzte mundu digitalean, baita aitzindari gisa ere gure ingurune hurbilenean. Modu horretan, euskal kultura-ondarea gero eta eskuragarriagoa da edonorentzat, baldin eta ordenagailua, sarerako konexioa eta euskal espazioarekin eta kulturarekin lotutako gaien inguruko ezagutza edo interesa badu. Baina gero eta interkonektatuago dagoen eta gero eta datu gehiago sortzen dituen mundu honetan, ez da nahikoa informazioa digitalizatzea: eskuragarri jarri behar da eta ikusgai egin behar da. Horregatik, euskal kultura-ondarearen ezagutza unibertsalizatu nahi badugu, hainbat eremutan egin behar ditugu ekintzak. Hala jasotzen du 115. konpromisoak (Berrikuntza eta digitalizazioa sustatzea kulturan). Konpromiso hori hainbat ekimenetan gauzatzen da; besteak beste, 3. ekimenean («Euskadiko erakunde, kultura-ekipamendu eta eragile sortzaile guztiek partekatutako proiektu batean, Euskal Kulturaren Atari Digitala (Euskariana) –Liburutegi Nazional Digitalaren eredu berritzailea– abian jartzea eta garatzea, euskal kulturaren alderdi guztietara sartzeko plataforma bateratu gisa, eta Europako Liburutegi Digitalari (Europeana) lotuta».

Konpromiso horietatik abiatuta, Kultura eta Hizkuntza Politika Saila hainbat ekimen garatzen ari da hainbat norabidetan. Alde batetik, plataforma informatiko bat garatzen ari da, euskal ondare digitala bildu, babestu eta hedatzeko, erreferentziazko sargune batetik. Bestetik, bere funtsak digitalizatzen ari da. Zeregin horiek, ordea, ezin dira ekintza indibidualak izan. Ondare horren ezagutzaren unibertsalizazioak proiektu kolektibo integrala izan behar du, eta bertan euskal kulturaren eremuan inplikatuta dauden erakunde publiko eta pribatu gehienek hartu behar dute parte, elkarrekikotasunaren eta agente bakoitzaren idiosinkrasiarekiko eta erantzukizunekiko errespetuaren ikuspegitik. Ikuspegi horrek, era berean, herritarren inplikazio handiagoa eta euskal kulturaren dinamizazioa ahalbidetu behar ditu, IKTen potentzialtasuna eta gizarte digital baten usadioak eta ohiturak aprobetxatuz.

Beharrezkoa da, gainera, ahalegin hori esparru horretako nazioarteko ekimenekin lotuta egotea, eta, zehazkiago, Europeana-rekin, hau da, kultura-ondare digitalizatuaren Europako atariarekin. 2019an, Eusko Jaurlaritzak Adostasun Memoranduma sinatu zuen Europeana Fundazioarekin, haren web orrian euskara erabiltzeko. Akordio hori luzatu egin daiteke, lankidetza-arlo posibleak identifikatzen badira. Lankidetza horrek eskatzen du digitalizazio-prozesuak Europeanak ezarritako eredu estandarizatuen arabera gauzatzea. Eredu horiek objektu digitalen elkarreragingarritasuna, ikusgarritasuna, benetakotasuna eta babesa bermatzen dituzte. Biltegiak eta, zehatzago esateko, OAI-PMH (The Open Archives Initiative - Protocol for Metadata Harvesting) protokolora egokitutako biltegiak, informazio digitala gordetzeko eta mantentzeko erabiltzen diren artxibo zentralizatuak dira, eta euren helburua da elkarreragingarritasun-estandarrak garatzea eta sustatzea gaur egungo digitalizazio-proiektu nagusien artean. Hori lagungarria izango da Interneteko edukiak eraginkortasunez hedatzeko.

Bi lan-ildo horien konbinazioa dela-eta (digitalizazio masiboa eta nazioarteko estandarretara egokitzea), komenigarria eta beharrezkoa da Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak dirulaguntzen lerro bat sustatzea, euskal funts analogikoak baliabide digital estandarizatu bihurtzeko, ahalik eta ikusgarritasun handienarekin eta sarera konektatutako edozein puntutatik eskuratzeko moduan. Horiek prestatzeko, kontuan hartu da dirulaguntzen arloko hiru lege-arau nagusietan jasota dagoena: Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra; uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretua, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Legearen Erregelamendua onartzen duena; eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretua.

Dirulaguntzen lerro hau Sailaren 2021erako Dirulaguntzen Urteko Planean (DUP 2021-DCPL) (2021eko otsailaren 18ko Aginduaren bidez onartua) eta 2021-2024 aldirako Dirulaguntzen Plan Estrategikoan (DPE 2021-2024) sartuta dago. Aipatutako aginduak Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren webgunean daude argitaratuta, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/sail-plana/sailaren-diru-laguntzen-plan-estrategikoa-2021-2024/web01-s2hhk/eu/

Horregatik guztiagatik, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Xedea eta helburua.

1.– Agindu honen xedea da 2021eko ekitaldirako euskal kultura-ondarea OAI-PMH biltegien bidez katalogatzeko, digitalizatzeko, kontserbatzeko eta online hedatzeko dirulaguntzak emateko araubidea arautzea eta deialdia egitea.

2.– Deialdiaren helburua da objektu digitalak sortzea, dagozkien datu eta metadatuekin, Europeana Fundazioak edo antzeko erakundeek sortutako nazioarteko arau eta estandarrei jarraituz deskribapenak kodetzeko, eta objektu horiek OAI-PMH biltegi batean kargatu ahal izateko. Bltegi hori eskatzaileak normalean erabiltzen duena izan daiteke, eta, halakorik ez badu, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak izendatzen duena. Lehenengo kasuan, erakunde eskatzaileak gordailuaren URLa emango dio Kultura eta Hizkuntza Politika Sailari. Bigarrenean, metadatuen fitxategiak eta sortutako objektu digitalak dagokion biltegian gehituko dira gero.

2. artikulua.– Definizioak.

Agindu honen ondorioetarako, definizio hauek finkatzen dira:

a) Euskariana: OAI-PMH biltegia, euskal kulturara sartzeko atari digitala, Eusko Jaurlaritzako Kultura Ondarearen Zuzendaritzak kudeatua.

b) Metadatuak: datuen alderdi bati edo gehiagori buruzko informazioa ematen duten datuak. Datu horien jarraipena eta kudeaketa errazagoa izaten laguntzen duen oinarrizko informazioa laburtzeko erabiltzen dira. Mota askotakoak izan daitezke (deskribatzaileak, estrukturalak, teknikoak, administratiboak...), eta hainbat eredu eta eskema har ditzakete, hedatuta edo ez hain hedatuta dauden estandarren arabera. Hona hemen agindu honetan aipatzen diren ereduetako batzuk: MARC21, METS edo PREMIS.

c) Babes digitaleko metadatuak: kontserbazio digitalaren prozesua jasotzen eta dokumentatzen duen informazioa. Termino hori berariaz erabiltzen da material digitalen bideragarritasuna, ikusgarritasuna, ulergarritasuna eta/edo benetakotasuna kontserbazioaren testuinguruan mantentzen laguntzen duten metadatuetarako. Hala, babeserako metadatuek barnean hartzen dituzte metadatu administratiboak, estrukturalak eta teknikoak.

d) METS: Metadata Encoding and Transmission Standard-en akronimoa. Liburutegi digital bateko objektuen metadatu deskribatzaileak, administratiboak eta estrukturalak kodetzeko metadatuen eskema da, XML lengoaiaren eskema erabiliz adierazia.

e) OCR (Optical Character Recognition): karaktereen ezagutze optikoa. Teknologia honen bitartez, eskaner edo kamera batek hartutako testu-irudiak datu editagarri eta bilagarri bihurtzeko aukera dago.

f) Premis: «PREservation Metadata: Implementation Strategies» (Babeserako metadatuak: ezarpen-estrategiak) delakoaren siglak dira. OCLCk eta RLGk 2003-2005 urteen artean babestutako nazioarteko lantaldearen izena da hori. Agindu honetan, METS-PREMISi buruz hitz egiten da; izan ere, estandar bana erabiltzen da babes digitaleko metadatuak kodetzeko.

g) Biltegia: artxibo zentralizatua, informazio digitala gordetzeko eta mantentzeko.

h) OAI-PMH biltegia: OAI-PMH (The Open Archives Initiative – Protocol for Metadata Harvesting) protokolora egokitutako biltegia, zeinaren xedea baita elkarreragingarritasun-estandarrak garatu eta sustatzea, edukiak modu eraginkorrean hedatzeko interneten.

i) Objektu digitala: baliabide baten irudikapen digitala.

j) Digitalizazio-plana: epe labur/ertainean jorratu beharreko digitalizazio-proiektuen multzoa bildu beharko du, eta, gutxienez, honako hauek izan beharko ditu: faseka banakatutako kronograma bat, proiektu eta/edo fase bakoitzeko digitalizatu beharreko baliabideen definizio zehatz bat, eta gutxi gorabeherako aurrekontu bat.

k) Jabari publikoa: ustiapen-eskubideak iraungi zaizkien obrak jabari publikoaren parte dira. Edonork erabili ahal izango ditu jabari publikoko obrak, betiere obraren egiletza eta osotasuna errespetatzen badira, Jabetza Intelektualari buruzko Legearen testu bategina onartzen duen apirilaren 12ko 1/1996 Legegintzako Errege Dekretuaren 14. artikuluaren 3. eta 4. apartatuetan aurreikusitako baldintzetan. Era berean, arlo horretan indarrean dauden legezko xedapenak eta ondorengo arau-eguneratzeak erregularizatu, argitu eta harmonizatuko dira.

l) Ustiapen-eskubideak: ustiapen-eskubideen barruan sartzen dira erreprodukzio, banaketa, komunikazio publiko eta eraldaketa eskubideak, Jabetza Intelektualari buruzko Legearen testu bategina onartzen duen apirilaren 12ko 1/1996 Legegintzako Errege Dekretuan jasotakoaren arabera. Era berean, arlo horretan indarrean dauden legezko xedapenak eta ondorengo arau-eguneratzeak erregularizatu, argitu eta harmonizatuko dira.

3. artikulua.– Organo eskuduna.

Kultura Ondarearen Zuzendaritzak kudeatuko ditu deialdi honetan aurreikusten diren dirulaguntzak.

Informazio gehigarria eskuratzeko, jo ezazu Zuzendaritzaren web orrira (http://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/kultura-ondarea/), euskadikoliburutegidigitala@euskadi.eus helbide elektronikora, edo 945-01 68 42 telefonora.

4. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.

Agindu honetan ezarritako xedera, 290.000 (berrehun eta laurogeita hamar mila) euro bideratuko dira. Horietatik, 174.000 (ehun eta hirurogeita hamalau mila) euro 2021eko aurrekontuari dagozkio, eta 116.000 (ehun eta hamasei mila) euro 2022ko aurrekontu-konpromisoetarako dira.

5. artikulua.– Zenbatekoa, diruz lagundu daitezkeen gastuak, eta dirulaguntzen muga.

1.– Proiektu bakoitzeko diruz lagundu daitekeen gehieneko zenbatekoa diruz lagundu daitezkeen gastuen zenbateko osoa izango da, artikulu honen 3., 4. eta 5. apartatuetan adierazitakoarekin bat etorriz.

2.– Proiektu bakoitzeko dirulaguntza ezingo da, inondik inora, 20.000 (hogei mila) eurotik gorakoa izan.

3.– Diruz lagundu daitezkeen gastuak hautatutako objektuak digitalizatzearekin eta/edo katalogatzearekin lotutakoak izango dira, indarrean dagoen araudian ezarritakoaren arabera.

4.– Diruz lagundu daitezkeen gastutzat hartuko dira diruz lagundutako jardueraren izaerarekin inongo zalantzarik gabe lotuta daudenak. Gastu horiek sortuta eta ordainduta egon beharko dute deialdiaren ebazpena ematen den unetik 2022ko ekainaren 30era bitartean.

5.– Ondorio horietarako, diruz lagundu daitezkeen gastutzat hartuko dira, diruz lagundutako proiektuaren barruan, erakunde onuradunak katalogaziorako eta/edo digitalizaziorako bideratzen dituen langile-kostuak, betiere onuraduna ez bada administrazio publiko bat edo sektore publikoko erakunde bat.

6.– Honako hauek ez dira diruz lagundu daitezkeen gastutzat hartuko:

a) Zeharkako zergak, baldin eta errekuperatu edo konpentsatu badaitezke, eta errentaren gaineko zerga pertsonalak.

b) Argitalpenak edo dokumentuak zaharberritzea, digitalizatzeko.

c) Softwarearen mantentze-lanak.

d) OAI-PMH biltegiak sortzea.

e) Dirulaguntzaren xede den proiektua egiteko ekipamendua, softwarea eta beste elementu batzuk eskuratzea.

f) Dirulaguntzaren xede den proiektua egitearekin lotutako beste kontzeptu batzuk; hala nola, erregistroak aztertzea eta antolatzea, proiektua koordinatu, administratu eta gainbegiratzea, edukiak sortzea, kudeaketa-gastuak, prestakuntza eta abar.

g) Egitura-kostuak eta zeharkako beste kostu batzuk.

7.– II. eranskinean («Dirulaguntza jasoko duen proiektua»), aurrekontuari buruzko epigrafea betetzerakoan, diruz laguntzekoak ez diren gastuen zerrenda hartu beharko da kontuan, aipatutako gastuak ez sartzeko hor.

8.– Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 29. artikuluan oinarrituta, diruz lagundutako jardueren % 100 azpikontratatu ahal izango da berdintasunaren arloan indarrean dagoen araudia betetzen duten erakundeekin eta enpresekin.

9.– Beti aplikatu ahal izango dira Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 31. artikulua eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Legearen Erregelamenduaren 83. artikulua; izan ere, artikulu horiek diruz lagundu daitezkeen gastuak arautzen dituzte.

6. artikulua.– Dirulaguntzen bateragarritasuna.

Deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak bateragarriak dira beste erakunde publiko edo pribaturen batek helburu bererako emandako dirulaguntza, laguntza, sarrera edo baliabideekin, baldin eta gainfinantzaketarik gertatzen ez bada. Halakorik gertatuz gero, emandako dirulaguntza dagokion gehieneko mugaraino murriztuko da.

7. artikulua.– Pertsona onuradun izateko betekizunak.

1.– Pertsona nahiz erakunde onuradunak:

Agindu honetan ezarritako dirulaguntzen onuradun izan ahalko dira jabari publikoko euskal kultura-ondarea osatzen duten elementuen titular diren edo elementu horien ustiapen-eskubideen jabe diren pertsona fisikoak eta erakunde publiko edo pribatuak, edozein dela ere haien egoitza geografikoa, soziala zein fiskala.

2.– Baldintzak:

a) Jarduteko behar besteko gaitasuna izatea, eta pertsona juridikoen kasuan, legez eratuta egotea eta dagozkien erregistro eta administrazio-zentsuetan inskribatuta egotea.

b) Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak egunean izatea.

c) Dirulaguntza publikoak eskuratu ahal izateko zigor penal edo administratiboren baten edo horretarako ezgaitzen dituen lege-debekuren baten eraginpean ez egotea, ez eta sexu-bazterkeriagatik zigortuta ere, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunari buruzko otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetako seigarrenean xedatutakoaren arabera.

d) Dirulaguntza eman eta, hala badagokio, ordaindu ahal izateko, pertsonek edo erakundeek egunean izan beharko dituzte dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak. Hau da egunean izatea:

d.1.– Pertsonek edo erakundeek zorrik ez dutenean Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko edo haren sektore publikoko edozein erakunderekin, dirulaguntzak betearazpen-aldian itzultzeagatik, edo, pertsona onuradunen edo erakunde laguntzaileen kasuan eta premiamendu-bidea erabiltzea ez dagokionean, borondatezko aldian ordaindu gabeko zorrik ez dutenean, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Dirubilketa Erregelamendua onartzen duen urtarrilaren 12ko 1/2021 Dekretuaren xedapen gehigarrian ezartzen den bezala.

d.2.– Zorrak geroratuta eta bermatuta daudenean, edo dagokion itzulketa-ebazpena aurkaratzearen ondorioz zorrak etetea erabaki denean, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Dirubilketa Erregelamendua onartzen duen urtarrilaren 12ko 1/2021 Dekretuaren xedapen gehigarrian ezartzen den bezala.

d.3.– Itzultzeko edo zehatzeko prozedura izapidetzen ari denean, EONALTBren 50.4 artikuluan ezartzen den bezala.

e) Dirulaguntza publikoen pertsona onuradun izateko beste debekurik eta egoerarik ez izatea, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13.2 eta 13.3 artikuluetan zehaztutakoaren arabera.

8. artikulua.– Dirulaguntza jaso dezaketen proiektuen betekizunak.

1.– Dirulaguntzaren xede diren proiektuak:

Dirulaguntza jaso ahal izango dute euskal kultura-ondarea osatzen duten kultura-ondasunak katalogatzea, digitalizatzea, edo digitalizatzea eta katalogatzea helburu duten proiektuek. Hain zuzen ere, ondasun horien artean sartzen dira, besteak beste, argazkiak, grabatuak, marrazkiak, ikus-entzunezko materialak, mapak, planoak, kartelak, prentsa, funts bibliografikoak eta dokumentu-funtsak (izaera historikokoak), Euskal Kultura Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legearen arabera. Adierazitako kasu bakoitzean parte hartu ahal izateko, honako baldintza hauek bete beharko dira:

a) Katalogazioa:

ondorengo bi baldintza hauek bete behar dira agindu hau argitaratzen den egunean:

– Baliabideak digitalizatuta egotea. Digitalizazioak agindu honen I. eranskinean ezarritako baldintza teknikoak bete beharko ditu.

– Baliabideek ez izatea metadatu deskribatzailerik edo erregistro katalografikorik.

Ez da aurreikusten jatorriz digitalak diren baliabideak katalogatzea.

b) Digitalizazioa:

Ondorengo bi baldintza hauek bete behar dira agindu hau argitaratzen den egunean:

– Baliabideek metadatu deskribatzaileak edo erregistro katalografikoak izatea.

– Baliabideak ez egotea digitalizatuta edo, digitalizatuta egonik, digitalizazio horrek ez betetzea agindu honen I. eranskinean ezarritako baldintza teknikoak. Azken kasu horretan, baliabideak berriro digitalizatzeko beharra justifikatu beharko da.

Ez da aurreikusten jatorriz digitalak diren baliabideak digitalizatzea, ez eta jatorriz digitalak diren baliabideak agindu honen I. eranskinean ezarritako baldintza teknikoetara egokitzea ere.

c) Katalogazioa eta digitalizazioa:

Ondorengo bi baldintza hauek bete behar dira agindu hau argitaratzen den egunean:

– Baliabideek ez izatea metadatu deskribatzailerik edo erregistro katalografikorik.

– Baliabideak ez egotea digitalizatuta edo, digitalizatuta egonik, digitalizazio horrek ez betetzea agindu honen I. eranskinean ezarritako baldintza teknikoak. Azken kasu horretan, baliabideak berriro digitalizatzeko beharra justifikatu beharko da.

Ez da aurreikusten jatorriz digitalak diren baliabideak digitalizatzea, ez eta jatorriz digitalak diren baliabideak agindu honen I. eranskinean ezarritako baldintza teknikoetara egokitzea ere.

2.– Aurkeztutako proiektuak aipatutako hiru kasuetako batera mugatu beharko dira: a) katalogazioa, b) digitalizazioa, edo c) katalogazioa eta digitalizazioa. Baliabideak kasu desberdinetan kokatzen badira (katalogazioa, digitalizazioa, edo katalogazioa eta digitalizazioa), bi proiektu bereizi aurkeztu beharko dira.

3.– Baliabide digitalizagarriek edo jada digitalizatutakoek jabari publikoan egon behar dute, edo, hala badagokio, laguntzak eskatzen dituzten pertsonek edo erakundeek horien gaineko ustiapen-eskubideak izan behar dituzte, Jabetza Intelektualari buruzko Legearen testu bategina onartzen duen apirilaren 12ko 1/1996 Legegintzako Errege Dekretuaren arabera, arlo horretan indarrean dauden legezko xedapenak erregularizatuz, argituz eta harmonizatuz.

4.– Europako Batzordearen gomendioei jarraituz, jabari publikoan dauden proiektuetako materialak jabari publikoan mantenduko dira digitalizatu ondoren.

5.– Jabari publikoan ez dauden materialen proiektuetako objektu digitalizatuak Europeanak aurreikusitako eskubide-adierazpen baliagarri baten pean lizentziatuko dira, sarbide librearekin eta berrerabiltzeko aukerarekin: https://pro.europeana.eu/page/available-rights-statements.

6.– Nolanahi ere, proiektu bakoitzeko objektu digital bakoitzari esleitzen zaion lizentzia-mota objektu horren metadatuetan jaso beharko da.

7.– Sortutako metadatuak lizentziatu egingo dira edo CC0 1.0 (Domeinu Publikoaren Lagapena) delakoaren pean lizentziatutzat joko dira, eta murrizketarik gabe berrerabili ahal izango dira, helburu komertzialekin ere bai, «Europeana»rekin (DEA, Data Exchange Agreement) datuak trukatzeko sinatutako akordioan zehazten den bezala (akordio hori 2019ko azaroaren 14an argitaratu zen).

8.– Proiektu bakoitzean, diruz lagundutako pertsonak edo erakundeak bere gain hartuko du lizentzien esleipen oker edo desegoki baten ondoriozko erantzukizun oro.

9.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak, kultura-ondareari buruzko legediak ematen dizkion eskumenak betetzeko asmoz, dirulaguntza jaso duten eta biltegi propiorik ez duten erakunde edo pertsonek digitalizatutako baliabideen kopia bat jasoko du proiektu bakoitzeko, eta kopia horretarako erreprodukzio eta komunikazio publikorako eskubideak lagatzat joko dira.

10.– Ezin izango dira katalogatu edo digitalizatu pertsonen segurtasunari, ohoreari, osasunari, intimitateari edo irudiari eragin diezaioketen datu pertsonalak dituzten baliabideak, ez eta genero-indarkeriari dagozkionak, Estatuaren segurtasunari eta merkataritzako sekretuari eragiten diotenak, eta Konstituzioan eta legeetan zabalkunderako aurreikusitako salbuespenak edo mugak dituzten beste edozein ere.

11.– Proiektuek zehatz-mehatz definitu beharko dituzte katalogatu eta/edo digitalizatu nahi diren baliabideak, bai bolumenari dagokionez, bai edukiari dagokionez. Ildo horretan, proiektua baloratua izan dadin, proiektuek adierazi beharko dute zenbatekoa den katalogazioko eta/edo digitalizazioko objektu digitalen kopurua, katalogatu eta/edo digitalizatu beharreko baliabideen bolumena metro linealen, kutxen edo antzeko kontzeptuen terminoetan definitzea saihestuz.

12.– Aurkeztutako proiektuak agindu honen I. eranskinean jasotako baldintza teknikoen mende egongo dira. Erakunde eta instituzio espezializatuek izan ezik, gainerako pertsona edo erakunde onuradunek enpresa espezialistak kontratatu beharko dituzte proiektuak gauzatzeko, dirulaguntzaren xede diren arloetan.

13.– Emaitza, gerora, «Euskariana» eta «Europeana» (Europako Kultura Ondarera linean sartzeko ataria) biltzaileetan gehitu ahal izango da.

14.– Dirulaguntzaren xede diren proiektuak 2021ean hasi beharko dira, kontzesioari buruzko ebazpena eman eta gero, eta 2022ko ekainaren 30a baino lehen amaitu beharko dira. Biltegi propiorik ez duten eskatzaileen kasuan, proiektuan garatutako lanen emaitza gisa, 2022ko ekainaren 30a baino lehen, USB disko gogorra eman beharko da, kontserbaziorako artxibo digitalarekin eta sortutako baliabide digitalen kopia digitalarekin (zabalkunderako kopia). Diskoan baliabide digital horiei dagozkien METS erregistroak ere sartuko dira, Euskarianan kargatu ahal izateko, hala badagokio. Diskoak jatorria identifikatzeko eta edukia deskribatzeko behar diren datuak izango ditu: izenburua, edukia eta sortze-data. Eskatzaileek biltegi propioa badute, diruz lagundutako proiektuaren xede diren erregistroekin sortutako set-aren URL bat bidali beharko dute 2022ko ekainaren 30a baino lehen.

15.– Diruz lagundu daitezkeen proiektuek ez dute inolaz ere 10.000 (hamar mila) eurotik beherako aurrekonturik izango eskatuta.

9. artikulua.– Eskabideak aurkeztea.

1.– Eskabideak aurkezteko epea bi hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

2.– Eskatzaile bakoitzak bi proiektu aurkeztu ahal izango ditu soilik. Pertsona edo erakunde batek bi proiektu baino gehiago aurkezten baditu, hamar egun balioduneko epean adierazi beharko du zein bi proiektu nahi duen baloratua izatea, eta, hala egin ezean, jakinaraziko zaio proiektu guztiak baztertuko zaizkiola.

3.– Pertsona fisikoek aurrez aurrez zein bide elektronikoa erabiliz aurkez ditzakete eskabideak:

– Aurrez aurre: eskabideak Kulturako sailburuordeari bidali beharko zaizkio eta toki hauetan aurkeztu ahal izango dira: Zuzenean zerbitzuan, soilik aurretiazko hitzorduarekin https://www.euskadi.eus/hitzordua-zuzenean helbidera sartuta, edo aurretiazko hitzordua eskatzeko edo bertan behera uzteko telefono esklusiboaren bitartez (945 01 90 00), edo Euskal Autonomia Erkidegoko erregistro osagarrietan (Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta bere erakunde autonomoen erregistroen sorrera, antolaketa eta funtzionamenduari buruzko apirilaren 29ko 72/2008 Dekretuan jasotakoak) edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aurreikusitako tokietan, eskabide normalizatuaren bitartez, zeina osorik eta behar bezala bete beharko baita. Eskabide-eredua eskuragarri egongo da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan.

– Bitarteko elektronikoz: Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan sartuta aurkeztuko dira eskabideak, artikulu honetako 6. apartatuan adierazitako helbideen bitartez.

Eskabidea eta dokumentuak aurrez aurre aurkezteak edo bide elektronikoa erabiltzeak ez du esan nahi nahitaez baliabide horiek erabili behar direnik prozeduraren ondorengo izapideetan, edozein unetan alda daitezke eta.

4.– Pertsona juridikoek bitarteko elektronikoen bitartez aurkeztu beharko dituzte eskabideak, artikulu honetako 6. apartatuan adierazitako helbide elektronikora sartuta.

5.– Izapidetze elektronikoa ordezkari baten bidez egin ahal izango da, eta, horretarako, ordezkaritza hori Eusko Jaurlaritzaren ahalordeen erregistroan inskribatu beharko da, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/ordezkarien-erregistro-elektronikoa/web01-sede/eu/

6.– Eskabideak, erantzukizunpeko adierazpenak, justifikazioak eta gainerako ereduak aurrez aurre nahiz elektronikoki nola izapidetu jakiteko xehetasunak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektroniko honetan eskura daitezke: https://euskadi.eus/zerbitzuak/1106002.

7.– Eskaera egin osteko izapide elektronikoak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» aplikazioaren bidez egingo dira (https://www.euskadi.eus/nirekarpeta/).

8.– Identifikaziorako eta sinadura elektronikorako bitartekoak, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan onartutakoak, helbide honetan daude eskuragarri: https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak

9.– Pertsona edo erakunde eskatzaileek Euskal Autonomia Erkidegoko zeinahi hizkuntza ofizialetan aurkeztu ahal izango dute eskabidea, atxikitako egiaztagiriekin batera. Era berean, eskaeratik eratorritako jarduketetan, eta prozedura guztian zehar, pertsona edo erakunde eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan xedatutakoa betez.

10.– Eskabidea aurkezteak esan nahi du berariaz eta formalki onartzen direla deialdi honen oinarrietan zehaztutako baldintzak.

10. artikulua.– Betekizunak egiaztatzeko modua.

1.– Betekizunak egiaztatzeko, eskabide-orriko eta berarekin batera doan dokumentazioko datuak egiazkoak direla adierazi beharko da, bai eta betetzen dituela ere agindu honetan erregulatutako laguntzen onuraduna izateko indarrean dagoen araudian ezarritako baldintzak.

2.– Pertsona onuradun izateko betekizunak egiaztatzeko modua:

2.1) Deialdi honetako 7.2.a eta 7.2.b artikuluetan jasotako betekizunak egiaztatzeko modua:

a) Pertsona juridiko pribatuen kasuan:

a.1.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren Erregistroan inskribatuta badaude, ofizioz egiaztatuko dira erakundearen legezko osaera eta erakundearen ordezkaria, bai eta zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen dituztela ere.

a.2.– Erakunde interesdunek Nafarroako Ogasunean ordaintzen badituzte zergak, zerga-betebeharrak betetzen dituztela egiaztatzen duen egiaztagiria aurkeztu beharko dute.

a.3.– EAEko Administrazio Orokorraz kanpoko erregistro batean inskribatuta badaude, erakundearen legezko osaera egiaztatu beharko da, bai eta erakundearen ordezkariak behar adina ordezkaritza-ahalmen duela ere. Ofizioz egiaztatuko da zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean daudela.

b) Pertsona fisikoen kasuan:

b.1.– Agindu honetan erregulatutako laguntzak kudeatzeko ardura duen Zuzendaritzak automatikoki egiaztatuko ditu NANeko datuak, non eta prozeduran espresuki kontra egiten ez den. Kasu horretan, eskatzailearen NANaren fotokopia aurkeztu beharko da nahitaez.

b.2.– Dirulaguntzak eskatu dituzten pertsonen kasuan, deialdi hau kudeatzen duen Zuzendaritzak automatikoki egiaztatuko du haiek zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen dituztela, eta horretarako ez du haien aldez aurreko baimenik eskuratu beharko, prozeduran ez badio berariaz aurka egiten egiaztapen horri. Kasu horretan, eskatzaileak Ogasunaren eta Gizarte Segurantzaren administrazio-instantziek emandako ziurtagiriak aurkeztu beharko ditu.

b.3.– Pertsona interesdunek Nafarroako Ogasunean ordaintzen badituzte zergak, zerga-betebeharrak betetzen dituztela egiaztatzen duen egiaztagiria aurkeztu beharko dute.

2.2) Pertsona/erakunde eskatzaileak katalogatu eta/edo digitalizatu beharreko baliabideen jabetza intelektuala ustiatzeko eskubideak dituela egiaztatzen duen dokumentazioa aurkeztu beharko du. Pertsona/erakunde eskatzaileak dokumentazio hori ez badu, eskabidearekin batera erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztu beharko du, eta, bertan, bere erantzukizunpean, katalogatu eta/edo digitalizatu beharreko baliabideekin lotutako jabetza intelektuala ustiatzeko eskubideak dituela adierazi beharko du.

Katalogatu eta/edo digitalizatu beharreko baliabideak jabari publikoan badaude, pertsona/erakunde eskatzaileak behar bezala zehaztu beharko ditu haien sorrera-datak, diruz lagundu beharreko proiektuaren II. eranskineko «Katalogatuko/Digitalizatuko diren baliabideen gaia edo edukia» epigrafean.

2.3) Eskabidean jasotako erantzukizunpeko adierazpen bidez egiaztatuko dira pertsona onuradunaren izaera lortzeko gainerako betekizunak.

11. artikulua.– Aurkeztu beharreko dokumentazioa.

Nahitaez aurkeztu behar dira honako agiri hauek:

a) Eskabidea: 10. artikuluan aipatzen diren erantzukizunpeko adierazpenak jasoko ditu eskabide horrek, pertsona onuradun izateko betekizunak eta diruz lagundu daitezkeen proiektuetako betekizunak egiaztatzeko. Era berean, eskabidean eta dokumentazioan jasotako datuak egiazkoak direla adierazten duen erantzukizunpeko adierazpena ere jasoko du eskabideak. Eskabide-inprimakian erantzukizunpeko adierazpen bidez jasoko da, orobat, pertsona edo erakunde eskatzaileak BEZaren aitorpena egin behar duen edo zerga hori ken edo konpentsa dezakeen.

b) Diruz lagundu daitekeen proiektua, agindu honen II. eranskinean jasotako ereduaren arabera. Honako eduki hauek izango ditu:

I) Proiektuaren memoria; Agindu honen 14. artikuluaren a), b), c), d), e) eta f) apartatuetan adierazitako irizpideei jarraikiz balioetsiko da.

II) Proiektuaren aurrekontua, non diru-sarreren atalaren barruan adieraziko baita, hala badagokio, zer dirulaguntza edo laguntza gehiago eskatu diren eta zer egoeratan dauden, bai eta xede bererako lortu diren beste diru-sarrera nahiz baliabideak ere, edozein administrazio edo erakunde publiko nahiz pribatutik datozela ere. Proiektuaren zenbateko osoa eta eskatutako laguntzaren zenbateko osoa bereiziko dira.

III) Adierazi beharko da helburu bererako dirulaguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo beste baliabide batzuk eskatu, eta, hala badagokio, jaso direla edozein administraziotatik edo erakunde publiko zein pribatutatik.

c) Dagokion dokumentazioa, zeinaren bitartez egiaztatu ahal izango den pertsona/erakunde eskatzaileak badauzkala katalogatu/digitalizatu nahi dituen baliabideen jabetza intelektuala ustiatzeko eskubideak, agindu honen 10.2.2) artikuluan adierazitako baldintzetan.

d) Hala badagokio, aditu independenteek idatzitako txostenak, zeintzuen bitartez egiaztatu ahal izango den katalogatzeko eta/edo digitalizatzeko proposatutako baliabideak interesgarriak direla erabiltzaileentzat, 14.1 artikuluaren b.2) apartatuan adierazitakoarekin bat etorriz.

e) Diruz lagundu daitekeen jardueraren zenbateko osoak, ekarpen guztiak kontuan hartuta, Sektore Publikoko Kontratuei buruzko azaroaren 8ko 9/2017 Legean ezarritako zenbatekoak gainditzen baditu, pertsona edo erakunde onuradunak hornitzaile desberdinen hiru eskaintza eskatu beharko ditu gutxienez, zerbitzuaren prestazioa emateko konpromisoa hartu aurretik. Eskaintza horiek proiektuarekin batera aurkeztu beharko ditu. Aurkeztutako eskaintzen arteko aukeraketa efizientzia- eta ekonomia-irizpideen arabera egingo da, eta, ekonomikoki merkeena den proposamena aukeratzen ez denean, berariaz justifikatu beharko da erabaki hori.

12. artikulua.– Aurkeztutako eskabideetako akatsak zuzentzea.

Eskabidea izapidetara onartzeko eskatzen diren dokumentu batzuk falta direla edo horietan forma-akatsak daudela ikusiz gero, edo eskabidea balioesteko aurkeztutako dokumentazioan akatsak aurkituz gero, hamar egun balioduneko epea emango zaio interesdunari huts-egitea konpontzeko edo aginduzko dokumentuak aurkezteko, eta jakinaraziko zaio hori egiten ez badu haren eskabidean atzera egin duela edo izapidetzeko eskubidea galdu duela ulertuko dela; betiere, aurretiazko ebazpena eman delarik.

Agindu honi jarraikiz eskabidea bitarteko elektronikoz aurkeztu behar duen pertsona eskatzaileren batek eskabidea aurrez aurre aurkezten badu, bitarteko elektronikoz aurkeztuz hori zuzentzeko eskatuko zaio.

13. artikulua.– Proiektuak aztertzea.

1.– Kalifikazio-batzorde batek aztertuko ditu aurkeztutako proiektuak, eta batzorde berak ebaluatuko ditu, agindu honen hurrengo artikuluan ezarritako parametroei jarraikiz. Batzordea osatzerakoan, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legean ezarritakoa hartuko da kontuan.

2.– Kalifikazio-batzordeak kide hauek izango ditu:

– Mikel Aizpuru Murua jauna, Kultura Ondarearen zuzendaria, batzordeburua izango dena.

– Gumersinda Barbeito Meizoso andrea, Kultura Ondarearen Zuzendaritzako Euskadiko Liburutegi Digitalaren arduraduna.

– June Gómez Alonso andrea, Kultura Ondarearen Zuzendaritzako Euskadiko Liburutegi Digitaleko teknikaria.

Kultura Ondarearen Zuzendaritzako Aholkularitza Juridikoko arduraduna den Juan Carlos Soto Pérez jauna izango da kalifikazio-batzordeko idazkaria. Hitza izango du, baina botorik ez. Kalifikazio-batzordeko idazkariaren egitekoa izango da kide anitzeko organo horren jarduketen legezkotasun formala eta materiala zaintzea, haren jarduketak ziurtatzea eta eraketarako nahiz erabakiak hartzeko prozedura eta arauak errespetatzen direla bermatzea.

Kalifikazio-batzordearen osaera aldatu ahal izango da Kulturako sailburuordearen ebazpen baten bidez, zeina Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu beharko baita.

3.– Kalifikazio-batzordeak, egoki deritzonean, proiektuaren gai zehatz eta espezifikoan edo zeharkako gaietan (adibidez, genero-ikuspegian) aditu diren aholkularien laguntza eskatu ahal izango du.

4.– Kalifikazio-batzordea balio osoz eratzeko, beharrezkoa izango da, gutxienez, batzordeburua eta idazkaria egotea, bai eta, gutxienez, batzordekideen erdiak ere.

5.– Kalifikazio-batzordeko kideak abstenitu egingo dira, eta ezetsiak izan daitezke, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. eta 24. artikuluetan ezarritakoari jarraituz.

14. artikulua.– Proiektuak baloratzeko irizpideak.

1.– Dirulaguntzen ebazpen-proposamena prestatzeko eta laguntzon zenbatekoa ezartzeko, kalifikazio-batzordeak eskabideen bideragarritasun tekniko eta ekonomikoa balioetsiko du, jarraian adierazten diren irizpideen eta horien haztapenaren arabera.

Balorazioa gehienez 100 punturekin egingo da, sei irizpide hauetan banakatuta:

a) Baliabideen ondare-balioa. Gehienez ere, 20 puntu.

Euskal Kultura Ondarearen kontzeptua kontuan hartuta, honako irizpide hauek hartuko dira kontuan ondare-balioa zehazteko:

a.1.– Balio iraunkorra, euskal kultura-ondarea osatzen duten baliabide gisa, euskara erabiltzeagatik, Euskadiri buruzkoak izateagatik, Euskal Autonomia Erkidegoaren barruko edo kanpoko euskal erakundeek sortuak izateagatik, edo euskal kulturaren esparruan izen handikoak diren pertsonek edo erakundeek sortutakoak izateagatik. Gehienez ere, 10 puntu.

a.2.– Katalogatuko eta/edo digitalizatuko diren baliabideen antzinatasuna. Gehienez ere, 5 puntu.

– Puntuatzeko irizpideak:

– 1900 baino lehenagoko baliabideak: 5 puntu.

– 1900 baino geroagoko eta 1971 baino lehenagoko baliabideak: 2,5 puntu.

– 1971 baino geroagoko baliabideak: 0 puntu.

– Katalogatu eta/edo digitalizatu beharreko baliabideak zerrenda desberdinetan kokatzen badira, puntuazioa modu proportzionalean emango da, zerrenda bakoitzean sartzen den objektu digitalen ehunekoaren arabera. Horretarako, horrelakorik gertatuz gero, eskatzaileak zehaztu beharko du definitutako zerrenda bakoitzean sartzen den objektu digitalen ehunekoa.

a.3.– Kontserbazio-egoera, hauskortasuna eta/edo desagertzeko arriskua, betiere baldintza horiek digitalizatzeko aukera ematen badute. Gehienez ere, 5 puntu.

b) Proiektuaren koherentzia eta osotasuna. Gehienez ere, 30 puntu.

b.1.– Koherentzia. Gehienez ere, 10 puntu.

– Proiektuan aurkeztutako baliabide guztiak egile edo erakunde batek sortuak izatea baloratuko da, edo baliabide horiek osatzen duten multzoa egokia izatea gai bat aztertzeko.

b.2.– Erabiltzaileentzako interesa. Gehienez ere, 10 puntu.

– Proiektuan aurkeztutako baliabideen eskari handia egotea edo eskari potentzial handia aurreikustea baloratuko da, bai publiko orokorraren aldetik, bai talde espezifikoen aldetik, eta, era berean, baliabide horiek hezkuntzako, prestakuntzako, ikerketako edo euskal kulturako beste ingurune batean aplikatzeko modukoak izatea.

– Justifikazioan datu objektiboak sartzea baloratuko da, baldin eta, datu horien bitartez, dagoen edo egon daitekeen eskaria berresten bada: baliabideek urtebetez izan duten kontsulten kopurua, baliabideak erreproduzitzeko eskaerak (argitalpenetan erabiltzeko), erakusketak...

– Eskatzaileak, justifikazioarekin batera, gaian eta/edo katalogatu eta/edo digitalizatu nahi den baliabidean adituak direnen txostenak edo gomendioak aurkeztu ahal izango ditu.

– Puntuatzeko irizpideak:

– Dagoen eskari esanguratsuaren justifikazioa: gehienez ere, 10 puntu.

– Egon daitekeen eskari esanguratsuaren justifikazioa: gehienez ere, 5 puntu.

b.3.– Digitalizazio-plan bat izatea. Gehienez ere, 10 puntu.

– Planak epe laburrean/ertainean egin beharreko digitalizazio-proiektuen multzo bat izan beharko du. Gutxienez, honako hauek izan beharko ditu: faseka banakatutako kronograma bat, proiektu eta/edo fase bakoitzeko digitalizatu beharreko baliabideen definizio zehatz bat, eta gutxi gorabeherako aurrekontu bat.

– Plan horren definizio-maila baloratuko da, eta, zehazki, honakoak jasotzea bere baitan:

– Digitalizazio-jarraibideen dokumentua.

– Digitalizazioari buruzko kalitate-kontroleko programa.

– Kontserbazio-plana.

– Erakundearen aurrekontu-konpromisoa, digitalizazio-planari dagokionez.

c) Lizentzia-mota. Gehienez ere, 15 puntu.

– Objektu digitalak Europeanak aurreikusitako eskubide-adierazpen baliagarrien pean lizentziatzea baloratuko da (https://pro.europeana.eu/page/available-rights-statements), modu librean berrerabiltzeko aukerarekin:

– Public Domain Mark (PDM).

– Creative Commons CC0 1.0 Universal Public Domain Dedication (CC0).

– Creative Commons Attribution License (CC BY).

– Creative Commons Attribution, ShareAlike License (CC BY-SA).

– 15 puntu emango zaizkie aipatutako eskubide-adierazpenen baten arabera sortutako objektu digital guztiak lizentziatzen dituzten proiektuei.

– Aipatutako eskubide-adierazpenen baten arabera sortutako objektu digitalen zati bat soilik lizentziatzen duten proiektuen kasuan, puntuazioa modu proportzionalean emango da, eskubide-adierazpen horietako baten arabera lizentziatzen diren objektu digitalen ehunekoaren arabera.

d) Proiektuan genero-berdintasuna eta emakumearen ikusgarritasuna sustatzen duten elementuak sartzea. Gehienez ere, 5 puntu.

– Genero-berdintasuna sustatzen duten elementutzat hartzen dira digitalizatu beharreko baliabideak emakumeek sortuak izatea edo, digitalizatu beharreko baliabideen edukiari dagokionez, emakumearen estereotipo tradizionalak hausten dituzten rol edo jarreretan islatzea emakumearen presentzia.

e) Eskatzaileak proiektua finantzatzeko egiten duen ekarpen ekonomikoaren ehunekoa. Gehienez ere, 10 puntu.

– Eskatzaileak proiektua finantzatzeko ekarpen ekonomikoa egiten duenean, puntu 1 emango zaio (gehienez ere, 10), ekarpen hori proiektuaren aurrekontuaren % 10 baino handiagoa den % 1 bakoitzeko.

– Ekarpena agindu honen 5. artikuluan jasotako proiektuaren eta diruz lagundu daitezkeen kontzeptuei buruzkoa izango da.

– Eskatzaileak BEZa kendu edo konpentsatu ahal badu, ekarpenaren ehunekoa zerga-oinarriarekiko kalkulatuko da. Bestela, kalkulua guztirakoaren arabera egingo da, BEZa barne.

f) Katalogazioaren eta/edo digitalizazioaren kostu unitarioa. Gehienez ere, 20 puntu.

Hauek dira puntuatzeko irizpideak:

– Atal honi dagokion puntuazioa ezartzeko, bereizita aztertuko dira 8. artikuluan jasotako kasuetako bakoitzera zuzendutako proiektuak: katalogazioa, digitalizazioa, edo katalogazioa eta digitalizazioa.

– Katalogaziora zuzendutako proiektuek prezio unitario bat aurkeztu beharko dute katalogatutako erregistro bakoitzeko, erregistro motaren arabera, I. taulan ezarritako kategoriekin bat etorriz.

– Digitalizaziora zuzendutako proiektuek prezio unitarioa aurkeztu beharko dute digitalizatuko den dokumentu-mota bakoitzeko, I. taulan ezarritako dokumentu-moten kategorien arabera.

– Katalogaziora eta digitalizaziora zuzendutako proiektuek prezio unitarioa aurkeztu beharko dute katalogatutako erregistro bakoitzeko, erregistro-motaren arabera eta I. taulan ezarritako kategoriekin bat etorriz, eta, era berean, prezio unitarioa aurkeztu beharko dute digitalizatuko den dokumentu-mota bakoitzeko, II. taulan ezarritako dokumentu-moten kategorien arabera.

– Hiru kasuetan, lotutako metadatuak sortzeari dagokion prezioa sartu beharko da.

– Prezio unitarioak proiektuen aurrekontu osoa kontuan hartuta kalkulatu behar dira, ez eskatutako aurrekontua kontuan hartuta.

– Testu-edukia duten dokumentuen digitalizazioak (monografiak eta argitalpen seriatuak) OCR (Optical Character Recognition) prozesamendua izango du.

– Prezio unitarioak ondoren adierazitako gehieneko prezioak baino txikiagoak edo berdinak izango dira.

– Katalogatutako erregistro bakoitzeko gehieneko prezio unitarioa, dokumentu-motaren arabera, taula honetan jasotzen da (I. taula):

(Ikus .PDF)

– Orrialde/irudi/minutu bakoitzeko gehieneko prezio unitarioa, dokumentu-motaren arabera, taula honetan jasotzen da (II. taula):

(Ikus .PDF)

– Puntuazioa kalkulatzeko, formula hauek erabiliko dira:

I) Katalogazioa:

Proiektuak dokumentu-mota bakarra katalogatzea planteatzen badu, formula hau aplikatuko da:

Pc = 10 x (%S / %M)

non:

PC: puntuazioa.

%S: balorazioaren xede den eskaeraren bajaren portzentajea, katalogatutako erregistro bakoitzeko ezarritako gehieneko prezio unitarioarekiko.

%M: aurkeztutako eskabideen artetik, baja handienaren portzentajea, katalogatutako erregistro bakoitzeko ezarritako gehieneko prezio unitarioarekiko.

Proiektuak zenbait dokumentu-mota katalogatzea planteatzen badu, puntuazioa dokumentu-mota bakoitzean katalogatutako erregistro kopuruaren arabera haztatzearen emaitza izango da, eta formula hau aplikatuko da:

(Ikus .PDF)

non:

PC: puntuazioa.

ni: i dokumentu-motaren erregistro katalogatuen kopurua.

Pi: i dokumentu-motak lortutako puntuazioa, dokumentu-mota bakarra katalogatzeko kasuetarako ezarritako formula aplikatuta.

NT: katalogatutako erregistroen kopuru osoa.

II) Digitalizazioa:

Proiektuak dokumentu-mota bakarra digitalizatzea planteatzen badu, formula hau aplikatuko da:

Pd = 10 x (%S / %M)

non:

Pd: puntuazioa.

%S: balorazioaren xede den eskaeraren bajaren portzentajea, dagokion dokumentu-motarako ezarritako gehieneko prezio unitarioarekiko.

%M: aurkeztutako eskabideen artetik, baja handienaren portzentajea, balioetsi beharreko eskabidearen dokumentu-motarako ezarritako gehieneko prezio unitarioarekiko.

Proiektuak zenbait dokumentu-mota digitalizatzea planteatzen badu, puntuazioa dokumentu-mota bakoitzean digitalizatutako orrialde/irudi/unitate/minutu kopuruaren arabera haztatzearen emaitza izango da, eta formula hau aplikatuko da:

(Ikus .PDF)

non:

Pd: puntuazioa.

ni: i dokumentu-motaren orrialde/irudi/unitate/minutu kopurua.

Pi: i dokumentu-motak lortutako puntuazioa, dokumentu-mota bakarra digitalizatzeko kasuetarako ezarritako formula aplikatuta.

NT: digitalizatutako orrialde/irudi/unitate/minutu kopuru osoa.

III) Katalogazioa eta digitalizazioa:

Katalogazioari dagokion puntuazioa (Pc) kalkulatzeko, erabiliko den formula izango da soilik katalogaziora bideratutako proiektuetarako aurreikusitakoen artean dagokiona, eta digitalizazioari dagokion puntuazioa (Pd) kalkulatzeko formula, berriz, soilik digitalizaziora bideratutako proiektuetarako aurreikusitakoen artean dagokiona. Azken puntuazioa (Pcd) bi puntuazio partzial horien batezbestekoa izango da:

Pcd = (Pc + Pd) / 2

Berdinketa bada, a) irizpidean puntuazio handiena duen eskabideari emango zaio lehentasuna.

15. artikulua.– Prozedura izapidetzea.

1.– Laguntza-deialdia norgehiagoka-prozedura bidez ebatziko da. Horretarako, 14. artikuluan ezarritako irizpideei jarraikiz lortutako puntuazioaren arabera antolatuko dira eskabideak, eta ordenatuta banatuko, hasi puntu kopuru handiena lortu duen eskabidetik eta horrela gainerakoak, harik eta 3. artikuluan aurreikusitako aurrekontu-kreditua agortu arte. Halaber, gutxienez 40 puntu lortu dituzten proiektuei bakarrik emango zaie laguntza.

2.– Proiektuen ebaluazio konparatua egin ondoren (14. artikuluan ezarritako irizpideak aplikatuta) eta zenbatekoak zehaztu ostean (5. artikuluan xedatutakoaren arabera), kalifikazio-batzordeak ebazpen-proposamena helaraziko dio Kulturako sailburuordeari. Agiri horretan jasoko dira proposatutako esleipenak, eta bertan adierazi beharko dira: dirulaguntzen zenbatekoa (erakunde edo pertsona onuradunen arabera antolatua), finantzatutako jarduketa-proiektuak, zer eskabide ezesten diren eta zergatik (erakunde edo pertsona onuradunen arabera antolatua), eta zer eskabide ez diren onartzen eta zergatik.

3.– Era berean, zerrenda bat ere sartuko da ebazpen-proposamenean. Zerrenda horretan jasoko dira, deialdian ezarritako gehieneko kreditua gainditu delako, onuradun izateko oinarrietan ezarritako baldintza administratibo eta teknikoak bete arren baietsiak izan ez diren eskabideak. Eta adieraziko da zenbat puntu eman zaizkion eskabide bakoitzari, deialdian aurreikusitako balorazio-irizpideen arabera.

16. artikulua.– Prozedura ebaztea.

1.– Deialdiko oinarriak aplikatzean sortzen diren zalantza guztiak ebatziko ditu kalifikazio-batzordeak, eta oinarrietan aurreikusi gabeko kasuetarako irizpideak ezarriko ditu.

2.– Kalifikazio-batzordeak egindako proposamena ikusita, Kulturako sailburuordeak hartuko du ebazpena, eta banan-banan jakinaraziko die pertsona edo erakunde interesdunei, sei hilabeteko epean, deialdi-agindu hau indarrean jartzen den egunetik aurrera. Ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da. Jakinarazpena bide batetik baino gehiagotatik egiten denez, lehenik egin zaionarena hartuko da jakinarazpen-datatzat.

3.– Jakinarazpen indibidualari dagokionez, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 41.6 artikuluaren arabera, abisu bat bidaliko da interesdunak adierazitako gailu elektronikora edo helbide elektronikora, eta jakinaraziko zaio jakinarazpen bat ikusgai duela «Nire karpeta» aplikazioaren bitartez, EAEko administrazio nagusiaren egoitza elektronikoan (https://www.euskadi.eus/nirekarpeta/). Abisua bidaltzen ez bada ere, prozedura guztiz baliozkoa izango da.

4.– Ebazpen-epea igarota, pertsona interesdunei ebazpena jakinarazi ez bazaie, eskabidea ezetsi zaiela ulertuko da, hala xedatzen baita Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25.1 artikuluan.

5.– Zerrenda bat ere sartuko da ebazpenean. Zerrenda horretan jasoko dira, deialdian ezarritako gehieneko kreditua gainditu delako, pertsona edo erakunde onuradun izateko oinarrietan ezarritako baldintza administratibo eta teknikoak bete arren, baietsiak izan ez diren eskabide guztiak. Eta adieraziko da zein puntuazio eman zaion eskabide horietako bakoitzari, agindu honen 14. artikuluan aurreikusitako balorazio-irizpideen arabera.

6.– Pertsona edo erakunde onuradunen batek dirulaguntzari uko egiten badio, dirulaguntza ematen duen organoak erabakiko du –kalifikazio-batzordearen beste deialdirik egin beharrik gabe– zerrendan –puntuazioaren arabera– hurrena dagoen pertsona edo erakunde eskatzaileari ematea dirulaguntza, baldin eta hark onartzen badu. Erakundeari eman beharreko laguntza ez da inola ere izango uko egindako dirulaguntzaren zenbatekoa baino handiagoa. Dirulaguntza ematen duen organoak aukera horren berri emango die pertsona edo erakunde interesdunei, dirulaguntzen proposamena jaso dezaten, 10 eguneko epe luzaezinean. Behin pertsona edo erakunde eskatzaileak edo eskatzaileek proposamena onartuta, administrazio-organoak dirulaguntza emateko egintza gauzatuko du.

7.– Ebazpen horrek ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, berorren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkez dakioke Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluetan xedatutakoa betez.

17. artikulua.– Pertsona edo erakunde onuradunen betebeharrak.

Pertsona edo erakunde onuradunek betebehar hauek dituzte:

a) Emandako dirulaguntza onartzea. Alde horretatik, dirulaguntza eman zaiela aditzera ematen duen jakinarazpena jaso eta hamabost egun balioduneko epean ez badiote dirulaguntzari espresuki uko egiten, onartu egin dutela ulertuko da. Hala ere, agindu honen 16.6 artikuluan adierazten den moduan, pertsona edo erakunde onuradunen batek dirulaguntzari uko egiten badio, eta dirulaguntza eman duen organoak erabakitzen badu puntuazioaren arabera dirulaguntza hurrengo pertsona edo erakunde eskatzaileari ematea, berariaz onartu beharko da dirulaguntza.

b) Agindutako helburu zehatzerako erabiltzea dirulaguntza.

c) Katalogatzeko eta/edo digitalizatzeko behar adinako kualifikazioa duten giza baliabideak erabiltzea, bai propioak, bai azpikontratatuak, eta azpikontratatutako enpresei langileen kualifikazioa eskatzea lan horiek egiteko.

d) Jarduera garatzea edo dirulaguntza ematea bidezko egiten duen egoeran egotea.

e) Dirulaguntza eman duen erakundearen aurrean egiaztatzea laguntza ematea eragin duten betekizunak eta baldintzak betetzen direla eta jarduera bera gauzatu dela.

f) Hala badagokio, aurkeztutako proiektuan hitzemandako finantzaketa propioaren portzentajea ematea.

g) Jasotako funtsak zertan erabili diren justifikatzen duten agiriak gorde behar dira, formatu elektronikoko agiriak barne, egiaztatzeko eta kontrolatzeko ekintzak gauzatzeko erabil baitaitezke.

h) Laguntza eman duen erakundeak egiten dituen egiaztapenen mende eta Kontrol Ekonomikoko Bulegoak egiten duen ikuskaritzaren mende egotea, Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kontura eskuratzen diren laguntzei edo dirulaguntzei dagokienez. Era berean, Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren araudi bereziko neurrien mende ere egotea.

i) Beste edozein administrazio, erakunde publiko edo pribatuk helburu bererako emandako dirulaguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo baliabideak eskuratuz gero, eskabidean horren berri ematea dirulaguntza eman duen erakundeari.

j) Beste erakunde publiko zein pribatu batzuei xede berarekin dirulaguntzarik eskatu bazaie eta, agindu honetan arautzen diren dirulaguntzetarako eskabidea egiteko unean, erabakitzeke bazeuden edo haien egoeraren berririk ez bazen, laguntza horien egoera zein den adieraztea, kontzesioaren berri izaten den unean.

k) Dirulaguntza jasotzeko kontuan hartu zen edozein egoera objektiboren edo subjektiboren aldaketa oro jakinaraztea dirulaguntza eman duen erakundeari. Aldaketa hori Kulturako sailburuordeak baimendu beharko du.

l) Eusko Jaurlaritzako Kultura Ondarearen Zuzendaritzak emandako babesa beren-beregi adieraztea dirulaguntza honen ondorioz egiten diren jarduera eta agiri guztietan, bai eta horien publizitatean ere.

m) Edozein formatutako argitalpenak, horien iragarkiak eta dirulaguntzaren bitartez gauzatzen diren jardueren iragarkiak Euskal Autonomia Erkidegoan ofizialak diren bi hizkuntzetan egon beharko dira. Euskaltzaindiaren arauak eta gomendioak hartu beharko dira kontuan, hizkuntza-kalitatea bermatzeko.

n) Hizkera ez-sexista erabiltzea, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legeak agintzen duenari jarraituz. Gizon eta emakumeen rolei dagokienez, erabilera estereotipaturik ez dagoela bermatzea.

o) Emandako laguntzarekin sortutako baliabide digitaletarako sarbidea ematea, librea, doakoa, baliabide osora eta webgunearen bitartez.

p) Jabari publikoan ez dauden materialen objektu digitalizatuak Europeanak aurreikusitako eskubide-adierazpen baliagarri baten pean lizentziatzea, sarbide librearekin eta berrerabiltzeko aukerarekin.

q) CC0 1.0 lizentziarekin (Domeinu Publikoaren Lagapena) sortutako metadatuak lizentziatzea.

r) Proiektua amaitu ondoren, metadatuak prest izatea, Kultura Ondarearen Zuzendaritzak edo OAI-PMH edozein biltegik bildu ahal izan ditzan.

s) Metadatuak hizkuntza-irizpide hauen arabera izendatzea:

– Informazio-tresna hitz idatzia, ahozkoa edo abestua bada, ISBDn eta Eusko Jaurlaritzako Liburutegi Zerbitzuaren «Katalogatzeko prozedura orokorrak» dokumentuan katalogazio-hizkuntzari buruz ezarritakoa beteko da: https://www.euskadi.eus/contenidos/informacion/eips_dokumentazioa/eu_def/adjuntos/2015-Prozedurak_baq.pdf

– Gainerako kasuetan (material grafikoa, argazkiak...), katalogazioa euskaraz egingo da, ez bada materialak testuren bat duela. Kasu horretan, aurreko puntuan adierazitakoaren arabera aplikatuko dira hizkuntza-irizpideak.

(Lanak izenbururen bat badu, jatorrizko hizkuntzan transkribatuko da).

– Nolanahi ere, gaiak Euskal Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialetan jaso beharko dira beti.

t) Oro har, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 50. artikuluan (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartua) eta dirulaguntza-arloan aplikatzekoak diren gainerako lege-xedapenak, zehatz esanda, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. artikuluan jasotakoak.

18. artikulua.– Dirulaguntza ordaintzea.

1.– Emandako dirulaguntzak bi zatitan ordainduko dira:

a) Lehen ordainketa, dirulaguntzaren guztizkoaren % 60koa, dirulaguntza esleitzen den unean.

b) Bigarren ordainketa, % 40koa, dirulaguntza justifikatu ondoren ordainduko da, 2022ko urtarrilaren 1etik aurrera.

2.– Ordainketa egin ahal izateko, ezinbestekoa izango da Ogasun eta Ekonomia Sailaren Hirugarrenen Erregistroan alta emanda egotea. Pertsona edo erakunde onuraduna ez badago alta emanda, edo, egonik ere, inskribatutako datuak aldatu badira, Erregistro horretan alta emateko eskabidearen eredua bete eta erantsi beharko du. Eredu hori URL honetan eskura daiteke: https://www.euskadi.eus/hirugarrenak/

Eredu hori erregistroari buruzko gaietan laguntzeko bulegoetan ere eskura dezakete pertsona fisikoek.

3.– Dirulaguntzaren ordainketa ezingo da egin baldin eta pertsona edo erakunde onuradunak ez baditu ordaindu zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, eta, orobat, dirulaguntzen itzulketa-ebazpen bat dela medio, zorduna bada, halaxe jasotzen baitu agindu honen 7.d) artikuluak.

19. artikulua.– Dirulaguntza justifikatzea.

1.– Justifikazioek bat etorri beharko dute Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 30. artikuluan ezarritakoarekin, eta bitarteko elektronikoak erabiliz aurkeztu beharko dira helbide honetan: https://euskadi.eus/zerbitzuak/1106002.

2.– Justifikazioak (aurrez aurrekoak nahiz bide elektronikoz egindakoak) izapidetzeko modua zein den jakiteko zehaztapenak eskuragarri daude euskadi.eus-en egoitza elektronikoan, agindu honen 9.6 artikuluan zehaztutako helbidean.

3.– Horrez gain, justifikazioak bat etorriko dira Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 30. artikuluan ezarritako justifikazio-kontuarekin eta uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuak onartutako Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Legearen Erregelamenduaren 72. eta 73. artikuluekin.

4.– Agindu honetan ezarritako dirulaguntzen erakunde onuradunek 2022ko irailaren 15a baino lehenago aurkeztu beharko dituzte justifikazioak, eta honako dokumentazio hau ere aurkeztu beharko dute:

a) Diruz lagundutako proiektuaren xedea bete dela justifikatzeko memoria, agindu honen III. eranskinaren arabera egina.

b) Justifikaziorako memoria ekonomikoa, agindu honen IV. eranskinaren araberakoa, honako hauek jasoko dituena:

– Jardueraren diru-sarreren eta gastuen balantze orokorra. Beste dirulaguntza edo diru-sarrerarik jaso ez badute, dagokion erantzukizunpeko adierazpena egingo dute justifikazioa aurkezteko inprimakian.

– Egindako gastuen zerrenda sailkatua, hartzekodunaren identifikazioa eta faktura-zenbakia, zenbatekoa (hala badagokio, zerga-oinarria eta BEZa banakatuta), jaulkipen-data eta ordainketa-data.

– Gastuen egiaztapena. Horretarako, jatorrizko fakturak, horien fotokopia autentifikatuak eta egiaztapen-balioa duten gainerako dokumentuak erakutsi beharko dira.

– Lanak baliabide propioekin egin badira, erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztu beharko da katalogazio- eta/edo digitalizazio-lanetan aritu den langile bakoitzeko, eta adierazpen horretan zehaztu beharko da langile horrek zenbat denbora eman duen lan horietan (hilabetetan, egunetan eta ordutan banatuta). Adierazpen hori langileak eta erakundearen arduradunak sinatu beharko dute. Gainera, digitalizazio- eta/edo katalogazio-lanak egin dituzten langileen nominen kopia bat aurkeztu beharko da.

– Eskabidea aurkeztu zuten unean onuradunek eskatutako eta geroago jasotako xede bereko beste edozein dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide jasoko duen zerrenda.

20. artikulua.– Dirulaguntzaren likidazioa.

Dirulaguntza ematean kontuan hartutako baldintzak aldatzen badira –betiere dirulaguntzaren xedea bete bada–, eta arau honetan laguntzaren pertsona onuradun izateko ezarritako gutxieneko baldintzak betetzen badira edo beste erakunde publiko zein pribatuetatik beste laguntzaren, dirulaguntzaren, diru-sarreraren edo baliabideren bat jaso bada, dirulaguntza emateko ebazpena aldatu ahal izango da.

Horretarako, jakinarazpena eman eta gero eta alegazioak aurkezteko epea bukatu ondoren, Kulturako sailburuordeak dagokion likidazio-ebazpena emango du, eta ebazpen horretan, emandako dirulaguntzen zenbatekoak doituko dira, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan ezarritakoaren arabera (698/1991 Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura emandako dirulaguntzen berme eta itzulketetarako araubidea ezartzen duena, eta kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileen betekizunak, araubidea eta obligazioak ezartzen dituena).

21. artikulua.– Ez-betetzeak.

1.– Ez-betetzeak izango dira honako hauek:

a) Jasotako laguntzak, osorik zein zatika, agindu honetan aurreikusitako jardueretarako erabili beharrean, beste zerbaitetarako erabiltzea.

b) Agindu honetan ezarritako betebeharrak edo, hala badagokio, laguntza ematerakoan ezartzen direnak ez betetzea.

c) Dirulaguntzen arloan aplikatu daitekeen beste xedapen batek orokorrean ezarritako beste edozein betebehar ez betetzea; batik bat, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan xedatutakoak.

d) Baldintza teknikoei buruzko I. eranskinean eskatzen diren estandarrak ez betetzea, katalogazioaren zein digitalizazioaren esparruan, edo horiek behar bezala ez aplikatzea.

2.– Baldintza horietako bat egiaztatzen bada, jaso diren kopuruak eta sortu diren berandutze-interesak itzuli beharko zaizkio EAEko Diruzaintza Nagusiari, honako bi dekretu hauek aurretiaz betez: abenduaren 17ko 698/1991 Dekretua, EAEko aurrekontu orokorren kontura diren dirulaguntzen bermeen eta itzulketen araubide orokorra arautzen eta horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde kolaboratzaileen eskakizunak, araubidea eta betebeharrak ezartzen dituena, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretua.

3.– Nolanahi ere, erakunde onuradunaren betearazpen-maila nabarmen hurbiltzen bada erabateko betearazpenera, eta erakunde onuradunak argi eta garbi egiaztatzen badu bere konpromisoak betetzera bideratutako jarduera bat egin duela, dirulaguntzaren azken zenbatekoa dirulaguntzaren xede den jardueraren ez-betetze mailaren araberakoa izango da, proportzionaltasun-printzipioa errespetatuta.

Ondorioz, eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 17.3 n) artikuluan xedatutakoaren arabera, jardueraren betearazpenaren balizko ez-betetze partziala mailakatzeko irizpide gisa ezartzen da diruz lagundutako proiektuaren garapen-maila gutxienez eskatutako aurrekontu osoaren % 75era iritsi izana, eta itzuli edo ordaindu beharreko zenbatekoa proportzionalki kalkulatu behar da atalase horretatik aurrera.

Kasu horretan, dirulaguntza emateko ebazpena aldatuko da, eta azkenean emandako zenbatekoa murriztuko da, benetan gauzatutako proiektu-zatiaren proportzioan.

XEDAPEN GEHIAGARRIA.– Datu pertsonalak babestearen arloko informazio-klausula.

– Arduraduna:

Kultura Ondarearen Zuzendaritza, Kultura eta Hizkuntza Politika Saila.

Donostia kalea 1 – 01010 Vitoria-Gasteiz, Araba.

Telefonoa: 945 01 80 00.

Web orria: https://www.euskadi.eus/

– Xedea: Kultura-ondarearen arloko laguntzak eta dirulaguntzak kudeatzea.

– Legitimazioa: interes publikoaren izenean edo tratamenduaren arduradunari esleitutako botere publikoen izenean burututako eginkizun bat betetzeko beharrezkoa den tratamendua.

– 38/2003 Legea, azaroaren 17koa, Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorra.

– 1/1997 Legegintzako Dekretua, azaroaren 11koa, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duena.

– Hartzaileak: arlo honetan eskumenak dituzten administrazio publikoei eman ahal izango zaizkie datu pertsonalak.

– Eskubideak: zuk eskubidea duzu zure datuak eskuratu, zuzendu eta ezerezteko, bai eta tratamendua mugatu zein aurkaratzeko ere. Ikus informazio gehigarria.

Informazio gehigarria: datuen babesari buruzko informazio gehiago nahi baduzu, jo ezazu web orri honetara: https://www.euskadi.eus/rgpd/1106002

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez diezaiokete interesdunek Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuari, hilabeteko epean, agindua argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez dezakete Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hileko epean, agindua argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2021eko ekainaren 22a.

Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua,

BINGEN ZUPIRIA GOROSTIDI.

I. ERANSKINA
BALDINTZA TEKNIKOAK
(Ikus .PDF)
II. ERANSKINA
DIRULAGUNTZA JASOKO DUEN PROIEKTUA
(Ikus .PDF)
III. ERANSKINA
DIRUZ LAGUNDUTAKO PROGRAMA BETE DELA JUSTIFIKATZEKO MEMORIA
(Ikus .PDF)
IV. ERANSKINA
JUSTIFIKAZIORAKO MEMORIA EKONOMIKOA
(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala