Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

130. zk., 2021eko uztailaren 2a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
3789

EBAZPENA, 2021eko ekainaren 16koa, Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariarena, EAEko 2030erako Hondakinak Prebenitzeko eta Kudeatzeko Planaren hasierako bertsioa eta haren ingurumen-azterketa jendaurrean jartzeko epea zabaltzen duena.

AURREKARIAK

Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legeak ezartzen duenez, ohiko ingurumen-ebaluazio estrategikoa egingo zaie Administrazio Publikoek erabakitzen dituzten planei, baldin eta plan horiek egiteko eta onartzeko legezko edo erregelamenduzko xedapen bat badago, edo Ministroen Kontseiluaren edo autonomia-erkidegoren bateko gobernu-kontseiluaren erabaki bat.

Aipatutako legearen 21. artikuluan ezarritako jendaurreko informazioaren izapidetza betetzeko, 2021eko maiatzaren 12an Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariaren ebazpen bat argitaratu zen Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian. Ebazpen horren bidez, 2030erako EAEko Hondakinak Prebenitzeko eta Kudeatzeko Planaren hasierako bertsioa eta haren ingurumen-azterketa estrategikoa jendaurrean jartzea erabaki zen, edozein pertsona fisikok edo juridikok dokumentazioa aztertzeko eta hurrengo egunetik aurrera 45 egun balioduneko epean alegazioak aurkezteko aukera izan dezan.

Dokumentazio hori Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saileko Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzaren egoitzan eskuragarri dago (Donostia kalea 1, 2. Solairua, Vitoria-Gasteiz).

Halaber, dokumentazio hori jendearen eskura jarri da Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoko iragarki-taula elektronikoan eta Sailburuordetza honen webgunean:

https://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/ingurumena/

Jendaurreko informazioaren izapidearekin batera, berriz ere kontsulta egin zitzaien Planaren irismen-dokumentua egin aurretik kontsulta egin zitzaien eragindako administrazio publikoei eta interesdunei.

Azken urteotan, gizartearen interesa ingurumen arloan areagotu egin da, eta horrekin batera, herritarrek parte-hartze handiagoa dute ingurumen-gaietan. Alde horretatik, funtsezkoa da botere publikoek herritarren parte hartzea bultzatzea ingurumen arloan.

Bere aldetik, 2030erako EAEko Hondakinak Prebenitzeko eta Kudeatzeko Planak garrantzi handia du gizartearentzat, datozen 10 urteetarako Euskadiko hondakinen kudeaketa-politika ezartzen baitu.

Horregatik, garrantzitsutzat jotzen da herritarren parte-hartzea bultzatzea EAEko Hondakinak Prebenitzeko 2030 Plana onartzean, Planaren edukia ahalik eta gehien zabaltzea bilatuz. Azaldutakoaren arabera, eta parte-hartze hori bermatzeko, beharrezkotzat hartzen da jendaurreko informazioaren epea zabaltzea.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 21. artikuluan ezarritakoaren arabera, organo substantiboak jendaurrean jarriko du, gutxienez 45 egun balioduneko epean, planaren hasierako bertsioa, ingurumen-azterketa estrategikoarekin batera, dagokion aldizkari ofizialean eta, hala badagokio, egoitza elektronikoan iragarri ondoren.

Era berean, lege horren 22. artikuluak ezartzen duenez, jendaurreko informazioaren izapidearekin batera, organo substantiboak irismen-dokumentua egin aurretik kontsulta egin zaien eragindako administrazio publikoei eta pertsona interesdunei berriz ere kontsulta egingo die planaren hasierako bertsioari eta ingurumen-azterketa estrategikoari buruz.

Bestalde, urriaren 1eko 39/2015 Legeak, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearenak, bere 32.1 artikuluan ezartzen duenez, komenigarritzat jotzen bada eta besteren eskubideei kalterik egiten ez bazaie, administrazioak ezarritako epea luzatu egin dezake, beste arauren batek aurkakorik ez badio. Gehienez, epearen erdia luza dezake.

Urriaren 1eko 39/2015 Legearen 32.3 artikuluak dioenez, epea luzatzeko erabakia, nolanahi ere, dagokion epea amaitu baino lehen hartu beharko da.

Azaldutakoarekin bat etorriz, eta herritarren parte-hartzea sustatze aldera, organo honen ustez, epea luzatzeak ez die kalterik egiten hirugarrenen eskubideei; aitzitik, EAEko 2030erako Hondakinak Prebenitzeko eta Kudeatzeko Planaren hasierako bertsioaren edukia gehiago zabaltzen da, bai eta haren ingurumen-azterketa estrategikoa ere, eta, horrela, herritarrek jendaurreko erakustaldian alegazioak aurkezteko duten eskubidea sustatzen da. Horrenbestez, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Hasieran aurreikusitako epearen erdia luzatzea EAEko 2030erako Hondakinak Prebenitzeko eta Kudeatzeko Plana eta haren ingurumen-azterketa estrategikoa jendaurrean jartzeko epea, 2021eko abuztuaren 17ra arte luzatuko dena.

Bigarrena.– Epeak luzatu direla jakinaraztea eraginpeko administrazio publikoei eta kontsulta egin zaien interesdunei.

Vitoria-Gasteiz, 2021eko ekainaren 16a.

Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendaria,

JAVIER AGIRRE ORCAJO.


Azterketa dokumentala