Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

130. zk., 2021eko uztailaren 2a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

AGINTARIAK ETA LANGILERIA

Oposaketak eta lehiaketak

EUSKAL HERRIKO UNIBERTSITATEA
3786

EBAZPENA, 2021eko ekainaren 15ekoa, Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateko errektorearena, ikertzaile doktore iraunkorraren plaza betetzeko lehiaketarako deia egiteko dena.

Indarrean dagoen arautegiari jarraituz –UPV/EHUko Gobernu Kontseiluaren 2018ko uztailaren 20ko erabakia, irakasle-ikertzaileentzako 2018ko lan eskaintza publikoa onartzen dena (2018-12-31ko EHAA), 2018rako Estatuko Aurrekontu Orokorrei buruzko uztailaren 3ko 6/2018 Legearen 19.Bat.2) artikulua, eta Hezkuntza Sailaren baimenarekin– Errektorego honek, emanda dauzkan ahalmenez baliatuta, ebazpen honetako I. eranskinean aipatzen den ikertzaile doktore iraunkorraren plaza hutsa betetzeko lehiaketarako deia egitea ebatzi du, jarraian aipatutako oinarrien arabera.

DEIALDIAREN OINARRIAK

1.– Arau orokorrak.

1.1.– Lehiaketa honetan arau hauek bete beharko dira: 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Herri Administrazioen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena; 6/2001 Lege Organikoa, abenduaren 21ekoa, Unibertsitateei buruzkoa (apirilaren 12ko 4/2007 Lege Organikoaren bidez neurri batean aldatua); Euskal Herriko Unibertsitateko Estatutuak, otsailaren 15eko 17/2011 Dekretuaren bidez onartuak (2011ko otsailaren 24ko EHAA); 3/2004 Legea, otsailaren 25ekoa, Euskal Unibertsitate Sistemarena (martxoaren 12ko EHAA); 40/2008 Dekretua, martxoaren 4koa, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailarena, UPV/EHUko irakasleen eta ikertzaileen araubideari buruzkoa (martxoaren 18ko EHAA); ikertzaile iraunkorrak hautatu eta kontratatzeko prozeduraren arautegia, Gobernu Kontseiluak 2008ko uztailaren 16ko bileran onartu zuena eta Irakasleen arloko errektoreordearen 2008ko urriaren 20ko erabakiaren bidez argitaratu zena (azaroaren 26ko EHAA); deialdi honetako oinarriak; aplikagarriak diren arau orokorrak; eta, aurreikusi ez diren alderdietarako, Herri Administrazioan sartzeko araubide orokorra arautzen duten estatuko xedapenak.

1.2.– Jakintza arlo berekoak diren eta ezaugarri berberak dituzten plazak deialdi desberdinetan atera ahal izango dira lehiaketara (1994ko abenduaren 2ko agindua, abenduaren 3ko BOE).

2.– Hautagaiek bete beharreko baldintzak.

2.1.– Hautagaiek, lehiaketa honetan onartuak izateko, honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Hamasei urte beteta edukitzea.

b) Kasuan kasuko irakasleen kategoriako lanari dagozkion eginkizunak betetzea eragozten duen gaixotasunik eta eragozpen fisiko edo psikikorik ez izatea.

c) Diziplina espedientearen bidez estatuko administrazio orokorreko zerbitzutik edo autonomia, erakunde eta herrietako administrazioetatik aldendua ez izatea, eta eginkizun publikoak betetzeko ezgaiturik ez egotea. Espainiar nazionalitatea ez dutenek ez dute izan beharko kasuan kasuko estatuko funtzio publikoan jardutea eragozten dien diziplina zehapenik edo kondena penalik.

d) Ondoren adierazten den zenbatekoa ordaintzea plaza bakoitzerako: 20,34 euro.

Eskubideak ordaintzeko, dagokion diru sarrera edo transferentzia egin beharko da kontu korronte honetara (lehiakidearen izen-abizenak eta plazaren hurrenkera zenbakia zehaztuta):

Kutxabank

UPV/EHUko Irakasle-Ikertzaileen arloko Errektoreordetza. Irakasleen lehiaketetako tasak

Kontu korrontearen zenbakia: 2095 0292 94 3239002233

Ordainketa posta edo telegrafia igorpenaren bidez egiten duten lehiakideek Deialdi eta Lehiaketen Atalera bidali behar dute (1397 posta kutxa, 48080 Bilbao).

Eskaerak aurkezteko epean zenbateko hori osorik ordaindu ez duten lehiakide guztiak lehiaketatik kanpo geratuko dira, eta ez da beste eperik zabalduko tasok ordaintzeko edo falta den kopurua osatzeko.

Nolanahi ere, azterketa eskubideak ordaindu arren, ezinbestekoa da lehiaketan parte hartzeko eskaera ere aurkeztea errektoreari, behar bezala beteta eta epearen barruan.

2.2.– Betebehar akademiko espezifikoak:

a) Doktore titulua izatea.

Beste estatu batzuek igorritako tituluak izanez gero, homologatuta egon behar dute azaroaren 21eko 967/2014ko Errege Dekretuan jasotako aurreikuspenen arabera edo atzerriko goi mailako hezkuntza tituluak homologatzeko prozeduraren bidez, zeina Gobernu Kontseiluak onartu baitzuen 2005eko abenduaren 22ko bileran eta 2006ko urtarrilaren 23ko Erabakiaren bidez argitaratu baitzen (otsailaren 21eko EHAA).

b) Irakaskuntza eta ikerketako jardueren (batez ere doktorego osteko ikerketa lanena) aldeko txostena edukitzea, ikertzailea doktore gisa kontratatua izateko, Kalitatea Ebaluatzeko Euskal Agentziak, Kalitatea Ebaluatu eta Egiaztatzeko Estatuko Agentziak edo Euskal Autonomia Erkidegoko araudiak onartutako antzeko erakunderen batek emandakoa.

c) Doktoregoa egin ondoren irakaskuntzan edo/eta ikerketan gutxienez hiru urteko esperientzia egiaztatzea.

d) Ramon y Cajal programako bost urteak bete izana.

e) I3 egiaztagiria izatea.

f) Hizkuntza eskakizun elebiduna daukaten plazetan, euskaraz irakasteko gaitasuna egiaztatzea, bide hauetakoren bat erabiliz:

f.1.– Euskararen jakite maila egiaztatzeko probak egitea. Proba horiek soilik egingo dira lehiakideren batek lehiaketan parte hartzeko eskaera orrian hala eskatu badu eta onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrenda argitaratu baino lehen egingo dira.

f.2.– Euskarako errektoreordeak 2002ko ekainaren 5ean emandako Erabakian (uztailaren 11ko EHAA) xedatutakoa betetzea, edo, bestela, Hizkuntzen Europako Erreferentzia Marko Bateratuko C1 mailaren pareko tituluak (2010eko azaroaren 15eko EHAA) aurkeztea.

Kasu honetan, bai titulua bai baliozkotzea lehiaketan parte hartzeko eskaerak aurkezteko epea bukatu baino lehen lortutakoak izan beharko dira.

f.3.– Apirilaren 3ko 47/2012 Dekretuaren zehaztutakoari jarraituz, euskaraz egindako ikasketa ofizialak aintzat hartzeko eta euskara maila hizkuntza tituluen eta ziurtagirien bidez egiaztatzetik salbuesteko dena (2012ko apirilaren 16ko EHAA).

g) Ofiziala ez den hizkuntza bat egiaztatzea eskatzen duen plaza bat bada, kasuan kasuko hizkuntzan eskolak emateko gaitasuna eduki beharko da egiaztatuta, modu honetara:

g.1.– Hizkuntza ez-ofizialaren jakite maila egiaztatzeko probak eginda. Proba hauek soilik egingo dira lehiakide batek lehiaketan parte hartzeko eskaera orrian hala eskatzen badu. Onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrenda argitaratu aurretik egingo dira probak.

g.2.– Ofizialak ez diren hizkuntzetan irakaskuntza eskaintzeko egiaztagiria eskuratzeari buruz Euskal Herriko Unibertsitateko Gobernu Kontseiluak 2010eko ekainaren 24ko akordioaren bidez onartutako arautegian ezarritakoaren arabera (2010eko abenduaren 2ko EHAA).

2.3.– Ezingo da lehiaketan parte hartu, hautagaia UPV/EHUn betetzen ari den plazak lehiaketara ateratakoen ezaugarri berberak badauzka (kategoria, jakintza arloa, saila edo institutua, ikastegia eta hizkuntza eskakizuna).

2.4.– Epaimahaiak beste estatu batzuetako lehiakideei gaztelaniaz dakitela egiazta dezatela eskatu ahalko die, baldin eta uste badu probetan ez dela behar bezala egiaztatu.

2.5.– Artikulu honetan adierazitako baldintzak eskaerak aurkezteko epea amaitzen denerako eduki beharko dira beteta, eta lehiakideek baldintzak betetzen jarraitu beharko dute, kontratua egin arte.

3.– Eskaerak.

3.1.– Hautatze probetan parte hartzeko eskaera egiteko, deialdi honetako III. eranskineko eredua beteko da.

3.2.– Lehiaketan parte hartu nahi duten hautagaiek eskaera bidaliko diote Euskal Herriko Unibertsitateko errektoreari, urriaren 1eko 39/2015 Legeak, Herri Administrazioen Administrazio Prozedura Erkidearenak, ezartzen dituen bideetako bat erabiliz, deialdi hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean zenbatzen hasiko den hamabost egun balioduneko epearen barruan. Eskaerak egiteko III. eranskineko eredua erabili beharko da, eta eskaerak behar bezala beteta aurkeztuko dira, lehiaketan parte hartzeko baldintzak betetzen direla egiaztatzen duten dokumentuekin batera. Lehiaketan parte hartzeko baldintzak eskaera aurkezteko azken egunerako bete beharko dira.

Parte hartzeko eskaerak UPV/EHUren Erregistro Orokorraren bulegoetan aurkeztuko dira, UPV/EHUren Gobernu Kontseiluak 2012ko maiatzaren 16an hartutako erabakiaren arabera, horren bidez onartzen baita Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitatearen Erregistro Orokorraren Antolaketa eta Funtzionamendurako eta Erregistro Elektronikoa sortzeko Arautegia (2012ko ekainaren 18ko EHAA), edo urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluak ezartzen duen bideetako bat erabilita (Herri Administrazioen Administrazio Prozedura Erkidearen Legea, urriaren 2ko BOEn argitaratua).

UPV/EHUko Erregistro Orokorraren bulegoen zerrenda UPV/EHUko ikastegietako idazkaritzetan eskura daiteke, eta, gainera: Leioako Errektoregoko bulegoan, Bilboko Larrako Etxean, Arabako Campuseko Errektoreordetzan (Vitoria-Gasteiz) eta Ignacio M.ª Barriola ikasgelategian (Donostia). Interneten ere kontsulta daiteke: http://www.ehu.es/oficinas_registro.html, eta egoitza elektronikoan.

Honako hau da UPV/EHUko Erregistro Orokorraren bulegoen ordutegia:

Astelehenetik ostegunera, 09:00etatik 13:00etara, eta 15:00etatik 16:30era.

Ostiraletan, udako lanaldian, Aste Santuan eta Eguberrietako txandetan: 09:00etatik 13:00etara.

Urte osoko larunbat eta igandeetan, jaiegunetan eta campus eta ikastegi bakoitzeko jaiegun berezietan, itxita egongo dira Erregistro Orokorraren bulegoak.

Nolanahi ere, Euskal Autonomia Erkidegoko jaiegunen egutegi ofiziala eta unibertsitatearena berarena erabiliko dira, epeak zenbatzean aintzat hartu beharreko egun baliogabeak zehazteko.

Eskaera posta bulegoetan aurkezten duten interesdunek abenduaren 3ko 1829/1999 Errege Dekretuaren 31. artikuluak xedatutako moduan aurkeztu behar dute. 1829/1999 Errege Dekretuak posta zerbitzuak arautzen ditu, eta honako hau xedatzen du:

«Herritarrek edo erakundeek administrazio publikoetako organoei eskaerak, idatziak eta jakinarazpenak bidaltzeko, posta zerbitzu unibertsala emateko prestazioa agindu zaion operadorearen bitartez, gutun-azala irekita aurkeztu beharko dute, bidali nahi duten dokumentuaren lehen orriko goiburuan posta zerbitzukoek argi eta garbi adieraz ditzaten bulegoaren izena eta bidalketaren lekua, eguna, ordua eta minutua. Era berean, igorleak igorpenaren xehetasunak ere agertzeko eska dezake, igorri nahi duen dokumentu nagusiaren kopiaren, fotokopiaren edo erreprodukzioaren aurreneko orria jatorrizko agiriarekin parekatu eta berdinak direla egiaztatu ondoren; fotokopia hori ziurtagiri gisa aurkeztuko zaio administrazioko organo eskudunari, dokumentu nagusia aurkeztu egin dela frogatzeko.

Aipaturiko diligentziak egin ostean, igorleak berak itxiko du gutun-azala, eta enplegatuak onarpena formalizatu eta onarpenaren gordekina emango dio; jatorrizkoa, berriz, bulegoan artxibatuko du.

Artikulu honetan xedatutako prozesuak errespetatzen badira, posta zerbitzu unibertsala eskaintzeko agindua duen eragileak onarturiko igorpenak behar bezala aurkeztutzat hartuko dira, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38. artikuluan eta hura garatzeko arautegian xedatutako ondorioetarako (Herri Administrazioen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16. artikulua)».

3.3.– Eskaerari dokumentu hauek erantsiko zaizkio:

a) Nortasun agiri nazionalaren fotokopia (espainiar nazionalitatea daukaten hautagaiek).

Espainiar nazionalitatea ez daukaten lehiakideek beren nazionalitatea egiaztatzen duen dokumentuaren fotokopia aurkeztu beharko dute.

b) Deialdi honetako 2.2 oinarrian aipatzen diren baldintza akademiko espezifikoak betetzen direla egiaztatzen duten dokumentuen fotokopia erkatua.

c) Azterketa eskubideak ordaindu direla egiaztatzen duen dokumentua.

d) Merezimenduen ziurtagirien fotokopia erkatuak. Merezimenduak aipatzen dira ikertzaile iraunkorrak hautatu eta kontratatzeko prozeduraren 15. artikuluan. Prozedura hori Euskal Herriko Unibertsitateko Gobernu Kontseiluak onartu zuen 2008ko uztailaren 16an, eta Irakasleen arloko errektoreordearen 2008ko urriaren 20ko Erabakiaren bidez argitaratu zen (azaroaren 26ko EHAA).

3.4.– Plaza elebiduna bada, lehiakideak eskaera orrian berariaz adierazi beharko du parte hartuko duen ala ez euskaraz irakasteko gaitasun agiria eskuratzeko probetan, edo gaitasun hori dagoeneko baduen, Euskararen arloko errektoreordearen 2002ko ekainaren 5eko Erabakian (uztailaren 11ko EHAA) jasotako xedapenen arabera, apirilaren 3ko 47/2012 Dekretuan jasotako xedapenen arabera, edo Hizkuntzen Europako Erreferentzia Marko Bateratuko C1 mailaren pareko tituluren bat duen (2010eko azaroaren 15eko EHAA). IV. eranskina.

3.5.– Ofiziala ez den hizkuntza bat egiaztatzea eskatzen duen plaza bat bada, lehiakideak eskaera orrian berariaz adierazi beharko du parte hartuko duen ala ez ofiziala ez den hizkuntza batean irakasteko gaitasun agiria eskuratzeko probetan, edo gaitasun hori dagoeneko baduen eta ofizialak ez diren hizkuntzetan irakaskuntza eskaintzeko egiaztagiria eskuratzeari buruzko arautegia onartzen duen Euskal Herriko Unibertsitateko Gobernu Kontseiluaren 2010eko ekainaren 24ko Erabakian (2010eko abenduaren 2ko EHAA) ezarritakoari jarraituz jasotako xedapenen arabera baliozkotu dakiokeen. VI. eranskina.

4.– Hautagaiak onartzea.

4.1.– Eskaerak aurkezteko epea behin amaituta, errektoreak agindua emango du lehiaketarako onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrendak onartzeari buruzko erabakia argitaratzeko Errektoregoko Deialdi eta Lehiaketa Ataleko eta campusetako hiru errektoreordetzetako iragarki oholetan eta UPV/EHUko web orrian. Erabakian jasota geratuko da zein izan den lehiakidea baztertzeko arrazoia, eta 10 egun balioduneko epe luzaezina ezarriko da UPV/EHUko web orrian argitaratzen denetik akatsak zuzentzeko. Nolanahi ere, zuzentzeko epe horretan lehiakideek ezin izango dute aurkeztu eskaerak aurkezteko epea bukatu ondoren lortutako egiaztagiririk.

4.2.– Plaza elebiduna bada, lehiakideek euskaraz dakitela egiaztatu beharko dute, 3.4 oinarrian zehaztutakoaren arabera. Horrela egiten ez duten lehiakideak baztertuak izango dira.

Beraz, lehiakideren batek eskatzen badu euskaraz irakasteko gaitasun probak egitea (IV. eranskina), lehiakide onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrenda argitaratu baino lehenago egingo dira proba horiek.

4.3.– Ofiziala ez den hizkuntza bat egiaztatzea eskatzen duen plaza bat bada, lehiakideek kasuan kasuko hizkuntzaren ezagutza egiaztatu beharko dute, 3.5 oinarrian zehaztutakoaren arabera. Horrela egiten ez duten lehiakideak baztertuak izango dira.

Beraz, lehiakideren batek eskatzen badu ofiziala ez den hizkuntza batean irakasteko gaitasun probak egitea (VI. eranskina), lehiakide onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrenda argitaratu baino lehenago egingo dira proba horiek.

4.4.– Eskaerekin batera aurkeztutako agiriak aztertu ondoren, errektoreak onartuen eta baztertuen behin betiko zerrendak onartzeko erabakia emango du, eta erabaki hori Errektoregoko Deialdi eta Lehiaketa Ataleko eta hiru campusetako errektoreordetzetako iragarki oholetan argitaratuko da, bai eta UPV/EHUren web orrian ere.

Erabaki hori izapide egintza kualifikatua da, eta aukerako berraztertze errekurtsoa aurkeztu ahal izango da haren aurka UPV/EHUko errektorearen aurrean, erabakia UPV/EHUren web orrian argitaratu eta hilabeteko epean, urriaren 1eko 39/2015 Legearen 123. artikuluak eta hurrengoek ezarritako moduan (Herri Administrazioen Administrazio Prozedura Erkidearen Legea, edo, bestela, administrazioarekiko auzi errekurtsoa aurkeztu ahal izango da zuzenean, bi hilabeteko epean, Bilboko Administrazioarekiko Auzien Epaitegietan.

Onartuen eta baztertuen behin betiko zerrendak onartzeko erabakian jasota ageriko da merezimenduak aurkezteko probarako deia Errektoregoko Deialdi eta Lehiaketa Ataleko iragarki oholean eta campusetako hiru errektoreordetzetakoetan argitaratuko dela, bai eta UPV/EHUko webgunean ere.

4.5.– Ezin izango da aurkeztu onartuen eta baztertuen behin betiko zerrendaren aurkako errekurtsorik, baldin eta interesdunak ez badu behin-behineko zerrendaren aurkako erreklamaziorik aurkeztu, bere hartan utziriko egintza irmoa delako.

5.– Epaimahaiak.

5.1.– Lehiaketetako epaimahaiak ebazpen honen II. eranskinean adierazietako pertsonek osatuko dituzte, eta errektoreak izendatuko ditu. Epaimahaiei buruzko alderdiak jasota daude ikertzaile iraunkorrak hautatu eta kontratatzeko prozeduraren araudian (10. artikulua), Euskal Herriko Unibertsitateko Gobernu Kontseiluak 2008ko uztailaren 16ko bileran onartutakoa eta Irakasleen arloko errektoreordearen 2008ko urriaren 20ko Ebazpenaren bidez argitaratua (azaroaren 26ko EHAA).

5.2.– Epaimahaikideek ezingo diote uko egin izendapenari, bertan aritzea eragozten dien arrazoi justifikaturik ez badaukate behintzat. Errektoregoak, halakoetan, adierazitako arrazoia aztertuko du, eta erabakia hartuko bost egun balioduneko epean, izendapenari ezetz esaten dion idatzia jasotzen den egunetik kontatzen hasita.

5.3.– Lehiakideek epaimahaikideak errekusatu ahal izango dituzte, edo epaimahaikideek uko egin ahal izango diote parte hartzeari, urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. eta 24. artikuluetan aurreikusitako parte ez hartzeko edo errekusatzeko egoeraren bat sortuz gero (Sektore Publikoren Araubide Juridikoaren Legea).

Epaimahaikide titularrei jardutea eragozten dien abstentzio, errekusazio edo beste inguruabarren bat (funtzionario izaera edo kontratu iraunkorra galtzea, borondatezko eszedentzia hartzea, eginkizun gabetzea, etab.) gertatuz gero, dagozkien ordezkoak ariko dira haien ordez.

Ordezko kideak ere ezin badu jardun epaimahaian, aipatutako egoeraren batean dagoelako, kategoria eta antzinatasun handieneko ordezkoa arituko da haren ordez. Ordezko guztiei ezinezkoa bazaie epaimahaian aritzea eta ezinezkoa bada epaimahaia ondorengo artikuluan azaltzen den moduan eratzea, beste epaimahai bat izendatuko da.

5.4.– Epaimahaia eratzeko deia epaimahaiburuak egingo du, eta epaimahaikide titular eta ordezko guztiei jakinaraziko die bilera eguna baino gutxienez 15 egun lehenago. Bilerako deialdiak biltzeko eguna, ordua eta tokia zehaztuko ditu, eta UPV/EHUko web orrian eta probak egingo diren ikastegiko iragarki oholean argitaratuko da. Epaimahaia eratzerakoan kide titular guztiak bertan egonez gero, ordezkoek ez dute zertan joan.

5.5.– Epaimahaia balioz eratzeko, gutxien dela bost kidek egon beharko dute. Epaimahaikideak egon daitezke funtzio publikoaren arautegian aurreikusitako edozein egoeratan edo haien parekoetan lan kontratudun langileen kasuan, borondatezko eszedentzian edo eginkizun gabetzean izan ezik. Seme-alabak zaintzeko eszedentzian daudenek parte hartu ahal izango dute epaimahaietan.

Epaimahaikide titularren batek eszedentzia hartzen badu, eginkizunez gabetzen badute edo funtzionario edo kontratatu iraunkorra izateari uzten badio, epaimahaia utziko du, eta ordezkoa jarriko zaio.

Epaimahaikide ordezkoren batek borondatezko eszedentzia hartzen badu, eginkizunez gabetzen badute edo funtzionario edo kontratatu iraunkorra izateari uzten badio, ordezkoen artetik kategoria eta antzinatasun handiena daukanak hartuko du haren lekua. Aukera horiek guztiak agortuta ezin bada epaimahaia eratu, beste epaimahai bat izendatuko da.

Hala ere, behin epaimahaia eratuta, erabakiak hartzeko nahikoa izango da epaimahaiburua eta idazkaria, edo beren legezko ordezkoak, eta epaimahaikideetako bat bertan izatea.

Epaimahaia eratzean bertan ez dauden kideak behin betiko geratuko dira epaimahaiaren jardueratik baztertuta.

5.6.– Lehen bileran, epaimahaiak erabaki hauek hartuko ditu:

1.– Probatako emaitzak non argitaratuko diren, Deialdi eta Lehiaketa Atalaren eta probak egingo diren lekuaren iragarki oholez gain.

2.– Lehiakideek zein hurrenkeratan hartuko duten parte probetan.

3.– Balioespenerako irizpide zehatzak.

5.7.– Aipatutako erabaki guztiak UPV/EHUren web orrian, probak egingo diren ikastegiko iragarki oholean eta Deialdien eta Lehiaketen Ataleko iragarki oholean argitaratuko dira, gutxienez.

5.8.– Epaimahaiaren jardun administratiboaz eta gestio ekonomikoaz idazkaria arduratuko da, unibertsitateko administrazioko langileen laguntzarekin.

6.– Probak.

6.1.– Epaimahaiek, jarduterakoan, bermatu egingo dute lehiakide guztiek aukera berberak dituztela, eta publizitate, merezimendu eta gaitasun printzipioak errespetatuko dituzte.

6.2.– Deialdi honetan eta ikertzaile kontratatu iraunkorrak hautatu eta kontratatzeko prozeduran (Euskal Herriko Unibertsitateko Gobernu Kontseiluak 2008ko uztailaren 16an onartua eta Irakasleen arloko errektoreordearen 2008ko urriaren 20ko Ebazpenaren bidez argitaratua, azaroaren 26ko EHAAn) zehaztuta ez dauden alderdietarako, epaimahaiak Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legeak kide anitzeko organoez xedatzen duenari jarraituko dio.

6.3.– Probak egiten hasi aurretik, epaimahaiak eguna eta ordua zehaztuko ditu, lehiakideek lehenengo proban erabiliko dituzten merituak aurkez ditzaten. Informazio hori argitara emango da, UPV/EHUren webgunean jarrita. Lehiakideek aipatutako merezimendu horien egiaztagiriak aurkeztu beharko dituzte bertan. Epaimahaiak, era berean, gainerako probak zein egun eta ordutan egingo diren zehaztuko du.

Merezimenduak aurkezteko ekitaldia epaimahaia eratu eta hurrengo egun baliodunean izango da. Hala ere, lehiakideek uko egin ahal izango diote epe horri.

6.4.– Lehenengo proba lehiakideek agiriak eta merezimenduak aurkeztu eta hurrengo egun baliodunean egingo da. Hala ere, lehiakideek uko egin ahal izango diote epe horri. Hurrengo probak hori bukatu eta berehala egingo dira.

6.5.– Ez da beharrezkoa fotokopiak erkatzea, baina aurkezpenera jatorrizkoak eraman beharko dira epaimahaiak eta gainerako lehiakideek egiaztatzeko aukera izan dezaten.

Lehiakideek aukera izango dute eskaeran adierazitako datuak zehaztu edo osatzeko nahi dituzten elementuak gehitzeko, eta epaimahaiak erabakiko du onartu eta kontuan hartuko dituen.

6.6.– Oinarri hauetako 6.8 oinarrian aipatutako dokumentuak bi hilabetez edukiko dituzte gordeta Deialdi eta Lehiaketen Atalean, epaimahaiak proposamena egiten duen egunetik zenbatzen hasita. Baina proposamen horren kontrako errekurtsorik aurkezten bada, dokumentuak gordeta eduki beharko dira, ebazpen administratibo edo judizial irmo bat eman arte.

Beste urtebete igarotzen bada eta interesatuak ez badira aipatutako dokumentuak hartzera joan, unibertsitateak dokumentuak suntsitu ahal izango ditu.

6.7.– Epaimahaiburuak aurkezpen ekitaldian jakinaraziko du, halaber, lehiakideek zein epe izango duten gainerako lehiakideek proba egin baino lehenago aurkeztutako dokumentuak aztertzeko.

6.8.– Lehiakideek honako dokumentu hauek emango dizkiote epaimahaiburuari aurkezpen ekitaldian:

a) Curriculum vitae (bost ale), VIII. eranskineko ereduari jarraiki; eta curriculumean aipatutakoa egiaztatzen duten argitalpenen eta dokumentuen ale bana.

b) Plaza eskuratuz gero lehiakideak burutuko duen ikerketa proiektua (bost ale). Proiektu horiek unibertsitateak deialdian ezarritako ezaugarrietara egokituko dira.

c) Ikerlan original bat (bost kopia).

6.9.– Ikertzaile doktoreen plazetarako lehiaketak hiru proba edo fase izango ditu, denak baztertzaileak. Proba horiek ebaluatzeko, kontuan hartuko dira ikertzaile iraunkorrak hautatzeko eta kontratatzeko prozeduran (Euskal Herriko Unibertsitateko Gobernu Kontseiluak 2008ko uztailaren 16an onartua, eta 2008ko azaroaren 26ko EHAAn argitaratua) ezarritako Irizpide Orokorrak eta Irizpide Espezifikoak (X. eranskina) eta epaimahaiak onartutako irizpide zehatzak.

6.10.– Lehenengo proban edo fasean, lehiakideak irakaskuntzaren eta ikerketaren arloan eta, horrelakorik izanez gero, lan arloan egindako ibilbidea eta lortutako merituak aurkeztu, eta epaimahaiarekin batera aztertuko ditu. Lehiakideek behar beste denbora izango dute ahozko azalpen horretarako, baina 60 minututik pasatu gabe.

Ondoren, epaimahaiak lehiakide bakoitzarekin eztabaidatuko du, bi orduz gehienez, alegatutako merezimenduen inguruan.

Epaimahaiak adituen iritzia eskatu ahal izango du, lehiakideen merezimenduei buruz. Nolanahi ere, txostenak ez dira lotesleak izango, eta lehiaketaren aktari atxikiko zaizkio.

Proba horretan, 50 puntu lor daitezke, gehienez ere, eta gainditzeko eta bigarren probara igarotzeko, 25 puntu lortu beharko dira, gutxienez.

6.11.– Bigarren fasean edo proban, lehiakideak bere ikerketa proiektua(k) aurkeztu, eta epaimahaiarekin batera aztertuko ditu.

Proba horretan, 25 puntu lor daitezke, gehienez ere, eta gainditzeko eta hirugarren probara igarotzeko, 12,50 puntu lortu beharko dira, gutxienez.

6.12.– Hirugarren proban, plazari dagokion zientziaren arloan egindako jatorrizko ikerlan bat aurkeztu eta aztertuko du lehiakideak.

Proba horretan, 25 puntu lor daitezke dira, gehienez ere, eta gainditzeko 12,5 puntu lortu beharko dira, gutxienez.

6.13.– Lehiakide bakar batek ere proba edo fase guztiak gainditu ezean, epaimahaiak eman gabe utziko ditu plazak.

6.14.– Proba edo fase bakoitza bukatuta, epaimahaia bilduko da, eta kide bakoitzak puntuazio bat emango dio lehiakide bakoitzari, eta balorazio hori azaltzeko txostena aurkeztuko du. Lehiakideak baloratzean, baremo orokorrari eta epaimahaiak onartutako irizpide espezifikoei erreparatuko diete epaimahaikideek. Epaimahaikide guztiak iritzi berekoak badira, kide guztien txostenen ordez txosten bakarra egin ahal izango du epaimahaiak, kuantifikatua eta arrazoitua. Berdinketarik badago, epaimahaiburuak kalitate botoa izango du.

6.15.– Epaimahaiak aintzat hartu beharko ditu deialdi honen X. eranskinean jasotako irizpide orokorrak eta zehatzak.

7.– Merezimenduen balorazioa.

Hiru probak egin ondoren eta hautaketa prozesua zer hautagaik gainditu duten zehaztu ondoren, merezimenduak balioetsiko dira, honako hauen arabera:

1.– Jakintza arlorako gaitasun probak gaindituta izatea (uztailaren 26ko 774/2002 ED) edo akreditazioa izatea (urriaren 5eko 1312/2007 ED): 20 puntu.

2.– Euskara jakitea elebidun ez diren plazetan bakarrik baloratuko da. Balorazioa egiteko aintzat hartuko da ikertzaile iraunkorren plazak betetzeko lehiaketen arautegiak, Gobernu Kontseiluak 2008ko uztailaren 16an onartutakoak (2008ko azaroaren 26ko EHAA), bere IX. eranskinean aurreikusitakoa. Merezimendu horrengatik prozesuan guztira lor daitekeen puntuazioaren % 11 lortu ahal izango da gehien dela.

8.– Kontratazio proposamena.

8.1.– Amaierako nota probetan lortutako noten batura izango da, eta horri zazpigarren oinarrian aurreikusitako merezimenduetan, halakorik bada, lortutako puntuak batuko zaizkio.

8.2.– Proba guztiak gainditu dituen lehiakiderik badago, epaimahaiak kontratazio proposamena egingo du, txostenak eta zenbaketa aritmetikoak kontuan hartuta. Epaimahaiaren proposamena probak egingo diren ikastegiko, Errektoregoko Deialdi eta Lehiaketa Ataleko eta hiru campusetako errektoreordetzetako iragarki oholetan argitaratuko da, bai eta UPV/EHUren webgunean ere.

8.3.– Kontratatzeko edo plaza bete gabe uzteko proposamenean, lehiakide bakoitzaren balioespen zehatza jasoko da, arrazoiak emanda, eta lehiakide bakoitzak zenbat puntu lortu dituen ere adieraziko da. Plaza hutsik uzteko edo kontratatzeko erabakiaren kontra erreklamazioa jar dakioke unibertsitateko irakasleen kidegoetako plazak betetzeko epaimahaien aurkako erreklamazioak aztertzen dituen Erreklamazio Batzordeari, 15 eguneko epean, erabakia UPV/EHUren web orrian argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita.

8.4.– Ezin izango da plaza hutsik utzi seigarren oinarrian aipatutako probak gainditu dituen lehiakideren bat badago.

8.5.– Epaimahaiek lehiakideak ordenatuko dituzte lortutako puntuazioaren arabera, eta puntuazio handiena lortu duena proposatuko dute plaza betetzeko. Ezin izango dute kide gehiago proposatu, lehiaketan eskainitako plaza kopurua baino.

8.6.– Aurreko atalean zehaztutakoa gorabehera, epaimahaiek ordezkoak proposatu ahal izango dituzte, puntuazioaren arabera ordenatuta, plaza betetzeko proposatu den izangaiak kontratua sinatzeari uko eginez gero, ordezko horiengana jotzeko.

8.7.– Epaimahaikide guztiek lehiakide guztiak kalifikatu behar dituzte. Epaimahaikide guztiak kalifikazioan bat etorriz gero, txosten bakarra eman ahal izango dute, 6.14 oinarrian aurreikusitakoaren arabera.

8.8.– Kontraturako proposatu ez diren lehiakideek ez dute eskubiderik izango plaza hutsik betetzeko, ez eta lan poltsetan sartzeko eskaera egiteko ere.

8.9.– Batzordearen jarduketa amaitu eta hurrengo bost egin baliodunetan, batzordeko idazkariak helbide elektroniko bidez (actas.vicer.profesorado@ehu.es) bidaliko ditu sortutako aktak, eta, bestalde, Idazkaritza Nagusian entregatuko du, Deialdi eta Lehiaketen Atalaren bidez (barruko posta bidez), lehiaketako espediente administratiboa, honako dokumentu hauek bilduko dituena:

a) Epaimahaia eratzean egin beharreko akta eta epaimahaiaren saio guztietako aktak. Horietan jasoko dira egindako jarduera nagusiak eta proben balorazioan erabilitako irizpide nagusiak, irizpide espezifikoak eta irizpide zehatzak.

b) Aurkezpen ekitaldian lehiakideek epaimahaiburuari emandako ikerketa proiektua(k) eta ikerlan originala.

c) Proba bakoitzaren txostenak eta zenbakizko balorazioak.

d) Probak gainditu dituzten lehiakideen merezimenduen balorazioa.

e) Kontratazio proposamenaren akta, kontrataziorako lehentasun ordenaren arabera osatutako hautagaien zerrendarekin.

8.10.– Lehiakideek Unibertsitateko Idazkaritza Nagusiari eskatu ahal izango diote epaimahaikide bakoitzak beren merezimenduen inguruan emandako balioespen arrazoituaren ziurtagiria (behar bezala kuantifikatua) edo, hala badagokio, epaimahaiaren txosten bakarra.

8.11.– Lehiakideek epaimahaiaren proposamenaren aurkako erreklamazioa aurkeztu ahal izango diote errektoreari. Horretarako hamabost egun balioduneko epea izango dute, proposamena UPV/EHUko web orrian argitara ematen den egunetik zenbatzen hasita. Hautapen prozesuan parte hartu ez duten edo parte hartzeari uko egin dioten pertsonek ezin izango dute errekurtsorik jarri. Erreklamazioa izapidetzeko onartzen bada, kontratazioaren formalizazioa eten egingo da, erreklamazioa behin betiko ebatzi arte.

8.12.– Irakasle-ikertzaile funtzionarioen plazetarako epaimahaien aurka jarritako erreklamazioak aztertzen dituen Erreklamazio Batzordeak aztertuko ditu erreklamazioak, eta errektoreak hartuko du horien gaineko ebazpena.

Erreklamazio Batzordeak lehiaketako espedientea aztertuko du, lehiakideen berdintasun, merezimendu eta gaitasun printzipioak bermatzeko; egoki deritzen ekintza guztiak burutuko ditu, eta erreklamazioa onartzen duen ala ez ebatziko du hiru hilabeteko epearen barruan, erreklamazioa jasotzen duen egunetik zenbatzen hasita. Epe hori berariazko erabakirik eman gabe igarotzen bada, erreklamazioa ezetsi delako izango da, eta administrazioarekiko auzien bidera jo ahal izango da.

8.13.– Erreklamazio Batzordeak hartutako ebazpenak lotesleak izango dira errektorearentzat eta, haren ebazpenek administrazio bidea agortzen dutenez, aurka egiteko administrazioarekiko auzien jurisdikziora jo beharko da zuzenean, uztailaren 13ko 29/1998 legeari jarraituz.

8.14.– Erreklamazio Batzordeak erreklamazioa onartzea erabakiz gero, errektoreak argitara emango du ebazpena, eta akatsa gertatu zen unera eramango da berriz prozedura; epaimahaiak, beharrezkoa izanez gero, beste izendapen proposamen bat egingo du.

9.– Dokumentuak aurkeztea eta kontratazioa.

9.1.– Epaimahaiak proposatutako kontratazioak errektoreak egingo ditu, lehiakideak behin egiaztatu eta gero deialdi honetako bigarren oinarrian aipatzen diren baldintzak betetzen dituela, Deialdi eta Lehiaketa Atalean behar diren dokumentuak aurkeztuta. Lehiakideak hogei eguneko epea izango du dokumentuak aurkezteko, kontratazio proposamena UPV/EHUko web orrian argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita.

9.2.– Aurretik esandakoaz gain, proposatutako lehiakideak, kontratua formalizatzeko, dokumentu hauek aurkeztu beharko ditu aipatutako epearen barruan:

a) Medikuaren ziurtagiri ofiziala, unibertsitateko ikertzaile doktoreari dagozkion eginkizunak betetzea eragozten duen gaixotasunik eta eragozpen fisiko edo psikikorik ez duela adierazten duena.

b) Zinpeko aitorpena, diziplina espedientearen bidez estatuko administrazio orokorreko zerbitzutik edo autonomia, erakunde eta herrietako administrazioetatik aldenduta ez dagoela, eta eginkizun publikoak betetzeko ezgaiturik ez dagoela adierazten duena. Espainiako nazionalitatea ez dutenek ez dute izan beharko haien estatuko funtzio publikoan jardutea eragozten dien diziplina zehapenik edo kondena penalik.

Karrerako funtzionario publikoek edo kontratatu iraunkorrek ez dituzte aurkeztu eta egiaztatu beharko atal honetan aipatutako dokumentu eta betekizunak. Horien ordez, lanean ari diren administrazioaren ziurtagiria aurkeztu beharko dute, funtzionario edo kontratatu iraunkorrak direla egiaztatu eta haien zerbitzu orrian azaltzen diren gorabehera guztiak adieraziko dituena.

9.3.– Plaza betetzeko proposatutako lehiakideak ez baditu aurkezten eskatutako dokumentuak, galdu egingo ditu bere eskubideak eta ezin izango du kontratua sinatu, ez baldin badu egiaztatzen dokumentuak ez aurkeztea ezinbesteko arrazoiengatik izan dela. Unibertsitateko errektoreak zerrendako hurrengo lehiakidearekin sinatuko du kontratua, lehiakide horrek gorago aipatutako baldintzak betetzen dituela egiaztatu ondoren. Hogei eguneko epea izango du horretarako, arrazoia jakinarazten denetik kontatzen hasita.

10.– Azken araua.

10.1.– Deialdi honetan eta ikertzaile iraunkorrak hautatu eta kontratatzeko prozeduran (Euskal Herriko Unibertsitateko Gobernu Kontseiluak 2008ko uztailaren 16an onartua eta Irakasleen arloko errektoreordearen 2008ko urriaren 20ko Ebazpenaren bidez argitaratua, azaroaren 26ko EHAAn) egunak zenbatzerakoan ez da aintzat hartuko abuztua. Hilabete horretan ez da inongo ekintzarik burutuko.

10.2.– Lehiaketa egin bitartean, epaimahaiek argituko dituzte deialdiaren aplikazioaren inguruan sor daitezkeen zalantzak, bai eta aurreikusi ez diren egoeretan nola jokatu ere. Dena dela, epaimahaien jardunak bat etorri beharko du urriaren 1eko Herri Administrazioen Administrazio Prozedura Erkidearen 39/2015 Legearekin eta urriaren 1eko Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren 40/2015 Legearekin.

10.3.– Ebazpen honek amaiera ematen dio administrazio bideari, eta haren aurka administrazioarekiko auzi errekurtsoa aurkez daiteke administrazioarekiko auzietarako Bilboko epaitegietan bi hilabetetako epean, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita.

Bestela, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke Euskal Herriko Unibertsitateko errektoreari hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita. Hala egiten bada, ezin izango da jarri aurreko paragrafoan aipatutako administrazioarekiko auzi errekurtsoa, harik eta berraztertzeko errekurtsoa berariaz ebatzi arte edo presuntziozko ezespena gertatu arte.

10.4.– Era berean, deialdi honetatik eta epaimahaiaren jardunetik eratorritako administrazio egintza guztien aurka egin ahal izango da, urriaren 1eko 39/2015 Legean jasotako kasuetan eta bertan adierazitako moduan.

Leioa, 2021eko ekainaren 15a.

Errektorea.
Eskumena eskuordetuta (Ebazpena, 2021eko urtarrilaren 28koa, errektorearena, 2021-02-12ko EHAA).

Irakasle-ikertzaileen arloko errektoreordea,

FEDERICO RECART BARAÑANO.

I. ERANSKINA

Lanpostuaren zk.: 1. Kodea: IDPTCL1 – D00042-6. Kategoria: Doktore ikertzailea. Jakintza arloa: Biokimika eta Biologia Molekularra. Saila: Biokimika eta Biologia Molekularra. Ikastegia: Zientzia eta Teknologia Fakultatea. Hizkuntza eskakizuna: ez-elebiduna. Arduraldia: osoa. Ikertzaile profila: «Biofisika».

II. ERANSKINA
1.– Plazak betetzeko lehiaketarako epaimahaia. Kategoria: Doktore ikertzailea. Jakintza arloa: Biokimika eta Biologia Molekularra. Kodea: IDPTCL1 – D00042-6.

Epaimahai titularra:

Epaimahaiburua: Alicia Alonso Izquierdo. Irakasle katedraduna. UPV/EHU.

Idazkaria: Jesús Salgado Benito. Irakasle katedraduna.Valentziako katedraduna.

1. epamahaikidea: Germán Rivas Caballero.Ikertzaileko irakaslea. CSIC.

2. epamahaikidea: Isabel Muñoz Barroso. Irakasle titularra. Salamankako Unibertsitatea.

3. epamahaikidea: Elena Cabezón Navarro. Irakasle katedraduna. Kantabriako Unibertsitatea.

Ordezko epaimahaia:

Epaimahaiburua: Jose Luis Nieva Escandón. Irakasle katedraduna. UPV/EHU.

Idazkaria: Irene Díaz Moreno. Irakasle katedraduna. Sevillako Unibertsitatea.

1. epamahaikidea: M.ª Isabel Gelí Fernandez- Peñaflor. Ikertzaileko irakaslea CSIC.

2. epamahaikidea: Marcial Vilar Cervero. Ikertzaile Titularra. CSIC.

3. epamahaikidea: Antonio Zorzano Olarte. Irakasle katedraduna. Bartzelonako Unibertsitatea.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala