Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

123. zk., 2021eko ekainaren 23a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

BERDINTASUN, JUSTIZIA ETA GIZARTE POLITIKETAKO SAILA
3582

AGINDUA, 2021eko ekainaren 9koa, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuarena, 2020. urteari dagokion gizarte-bonu termikoaren kudeaketa, ebazpen eta ordainketari buruzkoa.

Energia ezinbesteko ondasuna da oinarrizko beharrak asetzeko, hala nola argiztapena, elikadura edo osasunerako gutxieneko konfort baldintzak edukitzea ahalbidetzen duen klimatizazioa; eta etxeek gero eta elektrifikazio gehiago edukitzeak hornikuntza energetikoa fidagarria eta eskuragarria izatea eskatzen du.

Horrenbestez, 2008ko krisiaz geroztik nabarmentzen ari zen energia-pobretasun egoeraren aurrean, Sektore Elektrikoari buruzko abenduaren 26ko 24/2013 Legeak kontsumitzaile ahularen figura sortu zuen eta «Gizarte-bonu» deritzon laguntza ezarri zuen. Gizarte-bonua deskontu batean datza, Kontsumitzaile Txikiarentzako Borondatezko Prezioaren (KTBP) eta oinarrizko balio baten arteko aldea estaltzen duen deskontuan, hain zuzen ere. Oinarrizko balioa aldagarria izan daiteke, ezartzen den kontsumitzaile ahularen mailaketaren arabera eta Azken Baliabideko Tarifa (ABT) esaten zaio. Deskontu hori merkaturatzaileak aplikatzen du atxikita dagoen kontsumitzailearen fakturan.

Georagoko araudiaren bitartez, kontsumitzaile ahularen eta «Gizarte-bonuaren» figurak garatu ziren; horien artean aipatu behar da Kontsumitzaile kalteberak zein diren, gizarte-bonua eta energia elektrikoaren etxeko kontsumitzaileentzako beste babes-neurri batzuk arautzen dituen urriaren 6ko 897/2017 Errege Dekretua, 6. artikuluan ezartzen baitu kontsumitzaile ahulak gizarte-bonu deritzon deskontuaren onura jaso ahal izango duela fakturan, deskontu hori KTBPan egindako deskontu batean datzala eta errege-dekretu honetan xedatutakoaren arabera kalkulatzen dela: 216/2014 Errege Dekretua, martxoaren 28koa, energia elektrikoaren kontsumitzaile txikientzako borondatezko prezioak kalkulatzeko metodologia eta energia elektrikoa kontratatzeko araubide juridikoa ezartzen dituena. Deskontu horretatik ateratzen den prezioari Azken Baliabideko Tarifa (ABT) esaten zaio.

Hala ere, «gizarte-bonuak» emandako babesa nahiko ez zela egiaztatu zenez, eta energiaren prezioen etengabeko igoeraren aurrean, 2018. urtean Trantsizio Energetikorako eta Kontsumitzaileen Babeserako Presako Neurrien urriaren 5eko 15/2018 Errege Lege Dekretua onartu zen. Horren bidez, kontsumitzaile kalteberen pobrezia energetikoa arintzeko zuzeneko laguntzen programa berri bat sortu zen, etxea berotzeko, ura berotzeko eta sukalderako energiari dagokionez: «Gizarte-bonu termikoa» deritzon laguntza.

«Gizarte-bonu termikoaren» egiturazko elementuak aipatutako 15/2018 Errege Lege Dekretuan daude araututa eta autonomia-erkidegoei dagokie, 10. artikuluan aurreikusten denez, laguntzaren kudeaketa eta ordainketa. Horrenbestez, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuaren agindu honen bidez 2020. urteari dagokion «Gizarte-bonu termikoa» kudeatzeko, ebazteko eta ordaintzeko esparrua ezartzen da, Euskal Autonomia Erkidegoaren lurraldean.

Ondorioz, familiak babesteari eta lanaren eta familiaren kontziliazioari dagozkion eskumenez baliatuta (Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailari dagozkio eskumen horiek, hala ezarrita baitago Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen Lehendakariaren irailaren 6ko 18/2020 Dekretuaren 13.1 artikuluan, eta, berariaz, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen urtarrilaren 19ko 12/2021 Dekretuaren 4. artikuluan), honako hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

Agindu honen xedea da 2020. urteari dagokion «Gizarte-bonu termikoa» kudeatzeko, ebazteko eta ordaintzeko esparrua ezartzea, Euskal Autonomia Erkidegoaren lurraldean, Trantsizio Energetikorako eta Kontsumitzaileen Babeserako Presako Neurrien urriaren 5eko 5/2018 Errege Lege Dekretuaren 10. artikuluan xedatutakoarekin bat.

2. artikulua.– Dirulaguntza zein egoeratan jaso daitekeen.

1.– Trantsizio Energetikorako eta Kontsumitzaileen Babeserako Presako Neurrien urriaren 5eko 5/2018 Errege Lege Dekretuaren 8. artikuluan xedatutakoarekin bat, dirulaguntza jasotzeko aukera ematen du Sektore Elektrikoari buruzko abenduaren 26ko 24/2013 Legearen 45. artikuluan aurreikusitako gizarte-bonuaren onuradun izaera eduki izanak 2019ko abenduaren 31n.

2.– Diruz lagundu daitezkeen gastuak etxea berotzeko, ura berotzeko eta sukalderako energiari dagozkionak dira; laguntza jasotzen den urtearen aurreko urtean egin diren gastuak.

3. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.

Gizarte-bonu termikoa Estatuko aurrekontu orokorren kontura finantzatzen da; zehazki, Trantsizio Ekologiko Ministerioaren aurrekontuaren kontura. Ministerio horrek 3.816.043,14 euro transferitu dizkio Euskal Autonomia Erkidegoari, 2020. urteari dagokion «Gizarte-bonu termikoa» ordaintzeko; diru-kopuru baliokidea badago Euskadiko 2021eko aurrekontu orokorretan, dagokion aurrekontu-partidan.

4. artikulua.– Laguntzaren zenbatekoa eta zenbateko hori zehazteko irizpideak

1.– Onuradun bakoitzak jaso beharreko zenbatekoa kalkulatzeko kontuan hartuko da ohiko etxebizitzan elektrizitatea hornitzeko puntuaren titularrak duen kalteberatasun-maila, bai eta etxebizitzaren kokapenari dagokion zona klimatikoa ere.

2.– Kontsumitzaile kalteberak zein diren, gizarte-bonua eta energia elektrikoaren etxeko kontsumitzaileentzako beste babes-neurri batzuk arautzen dituen urriaren 6ko 897/2017 Errege Dekretuak xedatzen duenaren arabera zehaztuko da pertsonaren kalteberatasun-maila.

3.– Kalteberatasun-maila, etxebizitzari dagokion zona klimatikoaren identifikazioa eta gizarte-bonu termikoaren onuradunetako bakoitzari dagokion urteko zenbatekoa zehaztu ondoren, Trantsizio Energetikorako eta Kontsumitzaileen Babeserako Presako Neurrien urriaren 5eko 15/2018 Errege Lege Dekretuaren I. eranskinean xedatutakoaren arabera kalkulatuko da («Gizarte-bonu termikoaren laguntzaren zenbatekoa kalkulatzeko metodologia»).

4. «Gizarte-bonu termikoa» emateko ez da beharrezkoa aldez aurretik onuradun izan daitezkeenek eskaerarik egitea, laguntza modu automatikoan ebatzi eta ordainduko baita, agindu honetako 7. artikuluan aurreikusita dagoen eran.

5.– Laguntzaren gutxieneko zenbatekoa onuradun bakoitzeko 25 eurokoa izango da, baina, betiere, aurrekontu nahikoa baldin badago.

5. artikulua.– Onuradunak.

Onuradun-izaera eskuratuko dute agindu honetako 2. artikuluan azaldutakoa aintzat hartuta dirulaguntza jasotzeko egoeran daudenak.

6. artikulua.– Laguntzaren kudeaketa.

1.– Gizarte-bonu termikoa kudeatzeko organo eskuduna Gizarte Zerbitzuen zuzendaria da, berak emango baitu 2020rako gizarte-bonu termikoaren onuradunak eta bonu bakoitzerako zenbatekoa zehaztuko dituen ebazpen bakarra, Trantsizio Energetikorako eta Kontsumitzaileen Babeserako Presako Neurrien urriaren 5eko 15/2018 Errege Lege Dekretuaren arabera. Agindu honetako 4. artikuluan ezarritako irizpideen arabera kalkulatutako da bonu bakoitzerako zenbatekoa.

2.– Ebazteko eta jakinarazteko gehieneko epea sei hilabetekoa izango da, horretarako eskabidea aurkezten den egunetik aurrera. Laguntza emateko ebazpena «Euskal Autonomia Erkidegoaren administrazio publikoaren egoitza elektronikoan» argitaratuko da, jakinarazpen ondorioetarako.

3.– Laguntza emateko edo ukatzeko ebazpenaren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal zaio Eusko Jaurlaritzako Gizarte Politiketako sailburuordeari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluetan xedatutakoarekin bat etorriz.

7. artikulua.– Uko egitea.

1.– Laguntzaren berri banaka emango zaie onuradunei, posta bidez; jakinaraziko zaie 10 eguneko epea dutela laguntzari uko egiteko, hala nahi izanez gero, eta ohartaraziko zaie epe hori pasa ondoren uko egin ez badute ulertuko dela laguntza onartu egin dutela.

2.– Gizarte-bonu termikoari uko egiteko agindu honetako I. eranskinean azaltzen den formularioa erabiliko da; formulario hori posta bidez bidaliko zaie onuradunei eta helbide elektroniko honetan ere eskuragarri egongo da: www.euskadi.eus/servicios/1112501

3.– Uko egiteko formularioa Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16 artikuluak aurreikusten dituen tokietako batean aurkeztu ahalko da.

4.– Laguntzari uko egiteko eskubidea bide elektronikoak erabilita ere egin ahal izango da, helbide honetan: www.euskadi.eus/servicios/1112501. Bide elektronikoa erabili ahal izateko onuradun bakoitzari identifikatzaile bana eta erreferentzia-kode bana bidaliko zaizkie posta bidezko komunikazioan.

8. artikulua.– Laguntza ordaintzea.

1.– Aurreko artikuluan adierazten den komunikazioarekin batera, formulario bat bidaliko da, onuradun bakoitzak zuzendaritza kudeatzaileari laguntza ordaindu ahal izateko beharrezkoak diren datuak eman diezazkion.

2.– Formulario hori, zeina aginduaren II. eranskinean azaltzen baita, helbide elektroniko honetan ere eskuragarri egongo da: www.euskadi.eus/servicios/1112501. Uko egiteko formularioaren toki eta modu beretan aurkez daiteke.

3.– Laguntzaren ordainketa onuradunek horretarako ezartzen duten banku-erakundearen kontu-zenbakian egingo da.

9. artikulua.– Onuradunen betebeharrak.

Deialdiaren xede diren laguntzen onuradunek Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. eta 46. artikuluetan eta azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 50.2 artikuluan jasotako betebeharrak bete beharko dituzte, eta, zehazki, honako hauek:

a) Diruz lagundutako jardueraren helburuari edo izaerari funtsean eragiten dion zerbait bada, horren berri ematea Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailaren Gizarte Zerbitzuen Zuzendaritzari.

b) Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak eskatutako informazio guztia ematea, laguntzen zertarakoa fiskalizatzen dituztenean.

c) Emandako laguntzari dagokionez, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailak egin ditzakeen egiaztapen-jarduerak onartzea, bai eta Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari dagozkienak ere.

10. artikulua.– Ez-betetzeak eta dirua itzultzeko prozedura.

1.– Laguntzaren onuradunak Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. eta 46. artikuluetan eta 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 50.2 artikuluan aurreikusitako betebeharren bat betetzen ez badu, Gizarte Zerbitzuen zuzendariak, onuradunari entzun eta dagokion prozedura gauzatu ondoren, emandako laguntza jasotzeko eskubidea galdu duela deklaratuko du.

2.– Gainera, emandako laguntza ordaindu bada, bidezkoa izango da Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari jasotako zenbatekoa itzultzeko betebeharra adieraztea, bai eta dirulaguntzen arloan berandutze-interesa eskatzea ere, dirulaguntza ordaintzen denetik itzultzea bidezkoa dela erabakitzen den egunera arte, edo zordunak itzulketa sartzen duen egunera arte, hura baino lehenagokoa bada, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37.1 artikuluan, eta Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen Legegintzako Dekretuaren 53.1 artikuluan aurreikusitako kasuetan.

3.– Hori guztia, hargatik eragotzi gabe bidezkoak diren gainerako ekintzak, bat etorriz abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuak xedatutakoarekin, zeinak Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren pentzudan ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen duena eta horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezartzen baititu.

4.– Itzulitako zenbatekoak diru-sarrera publikotzat hartuko dira dagozkien legezko ondorioetarako, eta erantzukizunen araubidea Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 64. artikuluan aurreikusitakoa izango da.

11. artikulua.– Bateragarritasuna.

«Gizarte-bonu termikoaren» laguntzarekin batera, hartzaileek beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide batzuk jaso ahalko dituzte helburu bererako, administrazioetatik, erakunde publiko zein pribatuetatik eta erakunde nazional zein nazioartekoetatik. Bateragarria izango da, halaber, gizarte-bonuarekin, Trantsizio Energetikorako eta Kontsumitzaileen Babeserako Presako Neurrien urriaren 5eko 15/2018 Errege Lege Dekretuaren 6. artikuluan ezartzen den modura.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Emandako datu pertsonalak honako izen hau duen tratamendu-jardueran erabiliko eta sartuko dira: Kontsumitzaile kalteberen pobrezia energetikoa arintzera bideratutako laguntzak.

– Arduraduna: Gizarte Zerbitzuen Zuzendaritza.

– Xedea: etxeetan energia-hornidura bermatzeko pertsonei ematen zaizkien laguntzak kudeatzea eta ordaintzea.

– Legitimazioa: tratamendua beharrezkoa da interes publikoaren mesedetan edo tratamenduaren arduradunari emandako ahal publikoak baliatuz egindako misio bat betetzeko (Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorra eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legea).

– Hartzaileak: ez da aurreikusten datuen komunikaziorik.

– Eskubideak: datuak eskuratzeko, zuzentzeko eta ezerezteko eskubideak, bai eta informazio gehigarrian adierazten diren eskubideak ere.

– Informazio osagarria: gure webgune honetan kontsulta daiteke datuen babesari buruzko informazio gehigarri eta zehatza:

https://www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/143900-capa2-eu.shtml

Honako xedapen hauetan ezarritakoa betetzeko:

– Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra.

https://eur-lex.europa.eu/legal-content/ES/TXT/PDF/?uri=CELEX:32016R0679&from=ES

– 3/2018 Lege Organikoa, Datu Pertsonalen Babeserako eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa.

https://www.boe.es/boe_euskera/dias/2018/12/06/pdfs/BOE-A-2018-16673-E.pdf

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.– Aurkaratzea.

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari. Aginduaren aurka aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuari, hilabeteko epean, jakinarazpena egin eta biharamunetik aurrera; bestela, zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango da Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiaren Administrazioarekiko Auzietarako Salan, bi hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA.– Ondorioak.

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2021eko ekainaren 9a.

Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburua,

BEATRIZ ARTOLAZABAL ALBENIZ.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala