Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

123. zk., 2021eko ekainaren 23a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

OSAKIDETZA-EUSKAL OSASUN ZERBITZUA
3570

ERABAKIA, 2021eko apirilaren 12koa, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Administrazio Kontseiluarena, sendagai arriskutsuen Batzorde Korporatiboa sortzen duena.

American Society Hospital Pharmacy (ASHP) delakoak «Sendagai arriskutsu» terminoa, hazardous drug, sartu zuenetik, 1990ean, eta geroago Occupational Safety and Health Administration (OSHA) eta National Institute for Occupational Safety and Health (NIOSH) erakundeek hartu zutenetik, termino hori (NIOSH 2020) arrisku kartzinogeniko gisa identifikatzen da, garapenerako arrisku gisa, ugalketarako arrisku gisa, arrisku genotoxiko edo osasunerako bestelako arrisku gisa, gutxienez toxikotasun irizpide hauetakoren bat baitauka gizakientzat, animali modeloentzat edo in vitro sistementzat:

• kartzinogenizitatea;

• toxikotasuna garapenerako (teratogenizitatea barne);

• ugalketarako toxikotasuna;

• genotoxikotasuna;

• toxikotasun organikoa dosi txikietan; edo

• dauden sendagaiak imitatzen dituen toxikotasun-egitura eta -profila izan eta aurreko bost toxikotasun-motetakoren bat edukitzeagatik arriskutsutzat jotzen direnak; kasu honetan izan ezik: farmakoaren inguruan dabiltzan osasungintzako langileentzako eragin kaltegarriak muga ditzakeen propietate molekularren bat ere izatea farmakoak.

Sendagai arriskutsuen eraginpean dauden langileak bereziki osasungintzako langileak izan arren (farmazialariak, medikuak eta erizainak), osasun-zentrora iristen direnetik kontaktua izan dezaketen gainerako langileek ere arriskua izan dezakete. Langile horien artean daude harreran eta biltegietan lan egiten dutenak (manipulatzean sor daitezkeen arriskuak edo ontziratzean egindako akatsek eragin ditzaketenak), bai eta garbitzaileak ere, sendagai arriskutsuen hondarrekin ibili baitaitezke isuriak biltzerakoan, ontziak garbitzean edo ontzietako hondarrak ezabatzerakoan, erabili eta botatzeko materialarekin edo iraizkinekin dabiltzanean. Ikuztegiko langileak ere arriskuan egon daitezke, kutsatuta egon daitezkeen oheko arropa eta jantziak jaso eta ukitzen baitituzte; bai etxez etxeko arreta eskaintzen duten langileak ere, pazienteen etxeetan bertan ematen baitizkiete sendagaiak pazienteei; eta baita arreta etxean jasotzen duten pertsonen senideak ere.

Erabaki honen bidez eratzen den Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Sendagai Arriskutsuen Batzorde Korporatiboak plangintza eta aholkularitza korporatiborako zutabe nagusi gisa eratu nahi du, horrela, sendagai arriskutsuak segurtasunez maneiatzeko neurriak ezarri ahal izateko. Erakunde osoak arduraz hartu behar du batzorde hori.

Sendagai Arriskutsuen Batzorde Korporatiboa osatzen duten kideak Osakidetza-Osasunaren euskal zerbitzuko eta Osasun Saileko profesionalak dira.

Horrenbestez, azaldutako guztia kontuan hartuta, administrazio kontseilu honek aipatutako eta onartu nahi dituen estatutu sozialek 8.5 artikuluan ezartzen dizkieten eskumenen indarrez (zuzendari nagusiaren proposamenez ente publikoaren antolakunde zentralak behar dituen funtzionamendu-arauak onartzeko aukera ematen du) honako erabaki hau hartzen du:

ERABAKIA

1. artikulua.– Xedea eta atxikipena.

1.– «Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Sendagai Arriskutsuen Batzorde Korporatiboa» sortzea, sendagai arriskutsuak segurtasunez maneiatzeko antolaketa-eredua taxutzeko bidean Osakidetzako Zuzendaritza Nagusiari eta Zerbitzu Erakundeei aholkua eta aholkularitza tekniko korporatiboa emateko.

2.– Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Zuzendaritza Nagusiari atxikituko zaio «Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Sendagai Arriskutsuen Batzorde Korporatiboa», baina egitura hierarkikoan sartu gabe.

2. artikulua.– Eginkizunak.

1.– «Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Sendagai Arriskutsuen Batzorde Korporatiboaren» eginkizun nagusia Zuzendaritza Nagusiari nahiz gainerako zuzendaritzei aholkularitza eskaintzea da, sendagai arriskutsuak erabiltzerakoan segurtasun-neurriak ezartzera bideratutako jarraibideak ezartzeko, sendagai horiekin izandako istripuetarako erregistro-sistema eta zaintza-sistema bateratua ezartzeko, eta gai honi buruzko zerbitzu-erakunde guztiei aholkuak emateko. Eusko Jaurlaritzan osasun arloan eskumena duen sailarekin eta beste erakunde batzuekin lankidetzarako tresna izan behar du, halaber, gai honi buruzko aplikazio bereziak garatzean.

2.– Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Sendagai Arriskutsuen Batzorde Korporatiboaren» egitekoak izango dira, halaber:

a) Sendagai arriskutsuen maneiuari dagokionez, lantzen diren protokoloen, gomendioei eta jarduteko prozedura orokorren berri ematea, balizko erabilera guztietarako, barne hartuta, baita ere, sendagai arriskutsuen horniketa, harrera, garraioa, banaketa eta hondakinen suntsiketa.

b) Gomendioak sendagaiak kudeatzeko sistema korporatiboetara egokitzeaz eta sistema korporatibo horietara sartzeaz informatzea eta aholkatzea.

c) Sendagai arriskutsuak prestatzeko eta administratzeko instalazioak, ekipoak eta materialak definitzeko eta kudeatzeko aholkularitza ematea, bai eta informatzeko eta ebaluatzeko sistemak ere.

d) Gorabeheren erregistrorako eta zaintzarako lantzen den jarraipen-planari buruz informazioa eta aholkuak ematea, eta arriskuak gutxitzera bideratutako neurriak proposatzea.

e) Sendagai arriskutsuei dagokien prestakuntza-planari buruzko argibideak eta aholkua ematea Osakidetzako profesionalei, eta protokolo korporatiboen zabalkundean eta erakundeko profesionalentzako bestelako neurrietan laguntzea.

f) Prozesu asistentzialak monitorizatzeko behar diren adierazleak definitzeko argibideak eta aholkuak ematea, neurketa erraztuz.

g) Sendagai arriskutsuak erabiltzerakoan esku-hartze programak lantzea proposatzea eta, hala badagokio, Osasun Sailarekin lankidetzan aritzea.

h) Argibideak eta aholkuak ematea osasun-arazoen egoerari eta jarduera orokorretako protokoloetan, gomendioetan eta prozeduretan sartzen diren esku-hartzeen eraginkortasunari buruz egiten diren ebaluazioen emaitzen gainean.

i) Dagoeneko martxan dauden edo abiaraztear dauden ekintzak aztertzea, osasungintzako esku-hartzeen bilakaeraren eta eraginkortasunaren arabera, eta baita protokoloak, jarraipen-planak, prestakuntza-planak eta abar egitea ere, gero Osakidetzako zuzendaritza-organoetara aurkezteko.

3. artikulua.– Osaera.

1.– «Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Sendagai Arriskutsuen Batzorde Korporatiboa» osatuko dute lehendakariak, idazkariak eta 13 bokalek, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusiak izendatuta.

Saioetara ahotsarekin baina botorako eskubiderik gabe joan ahal izango dira eginkizunak, ezagutzak edo espezializazioa kontuan hartuta lehendakaritzak bertara deitutakoak.

4. artikulua.– Lehendakaria.

1.– Batzordeko lehendakaria Asistentzia Sanitarioko zuzendaria izango da.

2.– Lehendakariak honako eginkizun hauek izango ditu:

a) «Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Sendagai Arriskutsuen Batzorde Korporatiboaren» ordezkari izatea.

b) Saioen deialdia erabakitzea eta gai-zerrenda ezartzea.

c) Bilkuren buru izatea, eztabaidak moderatzea eta, kausa justifikaturik izanez gero, bilkurak bertan behera uztea.

d) Botazioetan berdinketa egonez gero, erabakitzea kalitate-botoaren bidez.

e) Legeak betetzen direla ziurtatzea.

f) Organoak egindako aktak eta proposamenak gainbegiratzea, bai eta erabakiak ziurtatzea ere.

g) Erabakiak eta ebazpenak organo eskudunari bidaltzea, hala egokitzen denean, organo eskudunak onar ditzan.

h) Berez dagozkien beste edozein eginkizun gauzatzea.

5. artikulua.– Bokalak.

1.– Honako banaketa honen arabera izendatuko dira bokalak:

a) Osakidetzako Zuzendaritza Nagusiko Giza Baliabideen Zuzendaritzak, Asistentzia Sanitarioko Zuzendaritzak, eta Ekonomia eta Finantza Zuzendaritzak proposatuta:

– Lau bokal Farmaziako lizentziadunen artekoak.

– Lau bokal Erizaintzako lizentziadunen artekoak.

– Lau bokal Arriskuen Prebentzioko Oinarrizko Unitatean lan egiten dutenen artekoak.

Bokal hauek Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuaren sare osoaren ordezkari izango dira, nahiz eta ente publikoko osasun-zerbitzuetako erakunde guztiak izenez ordezkatuta ez egon.

b) Osasun Sailak proposatuta.

– Bokal bat edo bi.

2.– Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legea betez, ahalegina egingo da, batetik, genero-gaietan aditua den pertsona batek parte har dezan, eta, bestetik, batzordearen osaera parekidea izan dadin.

Hizkuntzari dagokionez, ahalegina egingo da izendatutako pertsonek nahikoa gaitasun izan dezaten Euskal Autonomia Erkidegoko hizkuntza bietan.

3.– Bokalei egiteko hauek dagozkie:

a) Bileretara joatea, eztabaidetan parte hartzea, eta galderak eta eskaerak egitea.

b) Botoa emateko eskubidea gauzatzea, eta botoa zein izan den eta zergatik adieraztea.

c) Beren beregi agintzen dizkieten egitekoak gauzatzea.

d) Esleitutako eginkizunak betetzeko behar den informazio zehatza lortzea.

e) Bokal izateagatik berezkoak dituzten bestelako eginkizun guztiak.

4.– Giza Baliabideen Zuzendaritzak, Asistentzia Sanitarioko Zuzendaritzak, eta Ekonomia eta Finantza Zuzendaritzak batera izendatutako bokalak ez badaude, gaixorik badaude edo bokal postuak hutsik badaude, zuzendaritza horiek elkarren artean proposatu ahal izango dituzte ordezkoak. Osasun Sailak proposatutako bokala ez badago, gaixorik badago edo bokal postua hutsik badago, proposamena egitea Osasun Sailari berari egokituko zaio.

6. artikulua.– Araubide juridikoa.

«Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Sendagai Arriskutsuen Batzorde Korporatiboak» bere barne-araudiari jarraituko dio, hargatik eragotzi gabe aplikatzea Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen atariko tituluaren II. kapituluko hirugarren atalean oinarrizko izaeraz xedatutakoa.

7. artikulua.– Kalte-ordainak.

«Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Sendagai Arriskutsuen Batzorde Korporatiboko» kide izateak eta aurreikusitako ekintzak garatzeak ez du ordainsaririk jasotzeko eskubiderik emango, baina dieta eta kalte-ordain gisa jaso daitezke Zerbitzuen Ondoriozko Kalteordanei buruzko otsailaren 2ko 1671993 Dekretuan aurreikusitako kopuruak.

8. artikulua.– Administrazio-laguntza.

«Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Sendagai Arriskutsuen Batzorde Korporatiboaren» jarduerarako beharrezkoa den administrazio-laguntza Osakidetza-Euskal osasun zerbitzua ente publikoak emango du.

9. artikulua.– Lantaldeak.

1.– «Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Sendagai Arriskutsuen Batzorde Korporatiboak» lan-talde iraunkorrak sortu ahal izango ditu saioak prestatzeko, eta lan-taldeak sortu ahal izango ditu, baita ere, batzordearen xedearen eta egitekoen esparruan analisi eta azterketa jakinak egiteko, eta proposamen zehatzak lantzeko.

2.– Lan-taldeen osaera, jarduna eta bilkura-araubidea batzordearen barne-erregelamenduan ezarriko dira.

AZKEN XEDAPENA

Ebazpen hau sinatzen den egunaren biharamunean jarriko da indarrean, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea gorabehera.

Vitoria-Gasteiz, 2021eko apirilaren 12a.

Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Administrazio Kontseiluko lehendakaria,

MIREN GOTZONE SAGARDUI GOIKOETXEA.


Azterketa dokumentala