121. zk., 2021eko ekainaren 21a, astelehena
- Bestelako formatuak:
- PDF (346 KB - 10 orri.)
- EPUB (254 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
GOBERNANTZA PUBLIKO ETA AUTOGOBERNU SAILA
3521
27/2021 EBAZPENA, ekainaren 1ekoa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, zeinaren bidez xedatzen baita argitara ematea Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazio Orokorraren eta Vitoria-Gasteizko Udalaren arteko lankidetza-hitzarmena, Vitoria-Gasteiz hiriaren sustapena finantzatzeko xedez Euskal Autonomia Erkidegoko erakunde komunen egoitza delako.
Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak sinatu du hitzarmen hori, eta behar den publikotasuna emateko asmoz, honako hau
EBAZTEN DUT:
Artikulu bakarra.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazio Orokorraren eta Vitoria-Gasteizko Udalaren arteko lankidetza-hitzarmena, Vitoria-Gasteiz hiriaren sustapena finantzatzeko sinatutako lankidetza-hitzarmena, Euskal Autonomia Erkidegoko erakunde komunen egoitza delako. Honen eranskinean dago jasota testu hori.
Vitoria-Gasteiz, 2021eko ekainaren 1a.
Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendaria,
Jon Iñaki Urbina García de Vicuña.
ERANSKINA, JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETARAKO ZUZENDARIAREN EKAINAren 1Eko 27/2021 EBAZPENARENA
LANKIDETZA-HITZARMENA, EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO ADMINISTRAZIOAREN ETA VITORIA-GASTEIZKO UDALAREN ARTEKOA, VITORIA-GASTEIZ HIRIAREN SUSTAPENA FINANTZATZEKO EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO ERAKUNDE KOMUNEN EGOITZA DELAKO
Vitoria-Gasteizen, 2021eko maiatzaren 23an.
BILDU DIRA:
Alde batetik, Iñigo Urkullu Renteria jauna, Eusko Jaurlaritzaren lehendakaria, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren izenean eta haren ordezkari.
Bestetik, Gorka Urtaran Agirre jauna, Vitoria-Gasteizko Udalaren alkate-udalburua.
Bi ordezkariek, gaitasun juridiko nahikoa aitortzen diote elkarri, eta agiri hau sinatzen dute erakunde bakoitzaren izenean, eta horretarako, hau
ADIERAZTEN DUTE:
I.– Euskal Autonomia Erkidegoko Autonomia Estatutuan hau jasotzen da: «Eusko Legebiltzarraren lege baten bidez izendatuko da Euskal Autonomia Erkidego osorako erakundeen egoitza Autonomia Erkidegoaren lurraldearen barruan».
II.– Xedapen hori oinarri hartuta, Euskal Autonomia Erkidegoko Erakundeen Egoitzari buruzko maiatzaren 23ko 1/1980 Legeak Vitoria-Gasteiz izendatu zuen Eusko Legebiltzarraren eta Euskal Autonomia Erkidegoko Gobernuaren egoitza izateko.
III.– Horrenbestez, Vitoria-Gasteiz erakunde komunen (Eusko Jaurlaritza eta Eusko Legebiltzarra) eta horiekin zerikusia duten gainerako erakundeen egoitza denez (Arartekoa, Herri Kontuen Euskal Epaitegia eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoa), Vitoria-Gasteizko Udalak gastu orokorrak eta inbertsio-gastuak dakartzaten jarduerak egin behar ditu zenbait arlotan: besteak beste, segurtasunarekin eta babes zibilarekin zerikusia dutenak (ekitaldi publikoak); hirigintza eta espazio publikoen mantentze-lanak, eta historia-ondarearen babesa eta hiriburuaren irudia sustatzea eta hobetzea. Jarduera horiek udal-aurrekontuetako gastu eta inbertsioak handitzea dakar, baina Udalak ezin die gastu hori benetako erabiltzaileei ordainarazi.
IV.– Hala bada, 2013. eta 2017. urteetan hitzarmen bana egin zuten Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta Vitoria-Gasteizko Udalak hiriaren sustapena finantzatzeko, Euskal Autonomia Erkidegoko erakunde komunen egoitza delako.
V.– Testuinguru horretan, egungo Jaurlaritzak eta, horren barruan, Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailak, zeinak toki-araubidearen eskumenak baititu Lehendakariaren irailaren 6ko 18/2020 Dekretuaren 7.1. artikuluan xedatutakoaren arabera (dekretu horren bidez Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dira eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen), XII. legealdi honetan Vitoria-Gasteiz sustatzen laguntzeko borondatea azaldu du, Euskal Autonomia Erkidegoko erakunde komunen egoitza delako. Era berean, eta osagarri gisa, 2020tik 2024ra bitartean, hau da XII. Legegintzaldian zehar, zenbait inbertsio egiten laguntzeko asmoa duela adierazi du Eusko Jaurlaritzak, hiriko azpiegiturak eta ekipamenduak hobetu daitezen.
VI.– Horretarako, Euskadiko Toki Erakundeei buruzko apirilaren 7ko 2/2016 Legeak 14. artikulutik 24. artikulura bitartean xedatutakoari jarraituz Vitoria-Gasteizko Udalaren eskumenen alorrean, Vitoria-Gasteizko Udalak izan ditzakeen gastu orokorrak eta inbertsioak finantzatzen lagundu nahi da, hain zuzen ere udal-aurrekontuetako I., II., IV., VI. eta VII. kapituluei dagozkienak, baldin eta ,oro har, helburu hauek badituzte: hiri-inguruneari egoera ezin hobean eustea, mugikortasuna, herritarren eta edozein arrazoigatik hirira bisitan datozen pertsonen irisgarritasuna eta segurtasuna, eta, oro har, zerbitzu publikoak hobetzea helburu duten gastuak.
Horregatik guztiagatik, guztien interesei erreparatuz eta abagunea aintzat hartuta, baliabideen erabileran efizientzia handiagoa lortzea helburu izanik, aurretik aipaturikoek Lankidetza Hitzarmena sinatzen dute, honako klausula hauetan adierazitakoaren arabera:
KLAUSULAK
Lehenengoa.– Xedea.
Hitzarmen honen xede nagusia da aldeen eskubideak eta betebeharrak arautuko dituen esparru juridikoa ezartzea, azken helburua lortzeko: Vitoria-Gasteiz sustatzea, Euskal Autonomia Erkidegoko erakunde komunen egoitza delako.
Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak, Aurrekontu Orokorren bidez, helburu horretarako erabiliko duen zenbatekoarekin ordainduko ditu Vitoria-Gasteizko Udalak egingo dituen udal-aurrekontuko I., II., IV., VI. eta VII. kapituluetako gastu orokorrak eta inbertsio-gastuak, oro har xede hauetarako izango direnak: hiri-inguruneari egoera ezin hobean eustea, herritarren eta bisitarien segurtasuna bermatzea, azpiegiturak eta zerbitzu publikoak hobetzea, inbertsioak egitea mugikortasun eta irisgarritasun azpiegituretan eta Vitoria-Gasteiz sustatzea erakunde komunen egoitza delako; izan ere, maiatzaren 23ko 1/1980 Legearen bidez Euskal Autonomia Erkidegoko erakundeen egoitza izateko izendatu baitzen.
Bigarrena.– Aldeen konpromisoak.
Hitzarmen hau gauzatzeko, alde sinatzaileek konpromiso hauek hartzen dituzte:
1. – Eusko Jaurlaritzaren aldetik:
Eusko Jaurlaritzak, Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailaren bitartez, berrogei milioi –40.000.000– euro ordainduko ditu guztira 2021., 2022., 2023. eta 2024. urteetan; urtean hamar milioi –10.000.000– euro, eskema honen arabera:
● 7.500.000 euro Vitoria-Gasteiz hiria erakunde komunen egoitza gisa sustatzeko kontzeptuan, udalaren gastu orokorrak eta hiri-espazio publikoa birgaitzeko eta mantentzeko obrak finantzatzeko.
● 2.500.000 euro Vitoria-Gasteiz hiria erakunde komunen egoitza gisa sustatzeko kontzeptuan, azpiegitura inbertsioak egiteko arlo hauetan: mugikortasuna, irisgarritasuna, ingurumen azpiegiturak, hiriko ekipamenduak eta ekipamendu soziokulturalak eta hiri berroneratzea, enplegu eta gizarte politika gaietako programak, garapen teknologiko, ekonomiko eta industriala.
Horrela, Jaurlaritzak, urtero onartzen diren aurrekontuen bidez, urtean 10.000.000 euroko ekarpena egingo du, eskema honen eta aurrekontuko kapitulu hauen arabera:
(Ikus .PDF)
Konpromiso horiek hitzarmen honi egingo zaizkion gehigarrien bidez gauzatuko dira urtero.
2021. urteari dagokion gehigarria hitzarmen honen sinaduraren bitartez onartzen da, eta haren eranskinean jasotzen da.
2022, 2023 eta 2024. urteei dagozkien gehigarriak Toki Administrazioekiko Harremanetarako eta Administrazio Erregistroetako zuzendariaren ebazpenez onartuko dira, hitzarmen honen seigarren klausulak aurreikusitako Jarraipen Batzordearen proposamena jaso ondoren. Gehigarri horietan, Vitoria-Gasteiz hiria autonomia-erkidegoko erakunde komunen egoitza gisa sustatzeko finantzatuko diren azpiegituren eta hiri espazio publikoen birgaikuntza-obrak eta inbertsioetarako urteko partidaren bitartez finantzatuko diren inbertsioak eta azpiegiturak jasoko dira. Edozein kasutan, Vitoria-Gasteizen etorkizuneko garapenean lagunduko duten proiektu adierazgarrietan parte hartzea ere jasoko da.
2.– Vitoria-Gasteizko Udalak honako konpromiso hauek hartzen ditu:
Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko testu bateginaren 50 artikuluan (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onetsia) eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. artikuluan ezarritako baldintzak betetzeari utzi gabe, Vitoria-Gasteizko Udalak honako betebehar hauek izango ditu:
a) Emandako ekarpen ekonomikoa laguntzaren xede diren gastuak ordaintzeko erabiltzea.
b) Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailari ematea jarduketak egitearen ondoriozko administrazio-kudeaketa egiteko behar diren datu guztiak.
c) Ogasun eta Ekonomia Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoan dagozkion kontrol-jarduerak egitea, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura eskuratutako dirulaguntzei dagokienez. Halaber, Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren araudi bereziko neurriak ere betetzea.
d) Gastuak laugarren klausulan ezarritako moduan justifikatzea.
e) Seigarren klausulan aurreikusitako Jarraipen Batzordean aktiboki parte hartzea eta laguntza jasotzeko baldintzetan gerta litekeen edozein aldaketaren berri ematea.
f) Emandako dirulaguntzaren publizitateari eta zabalkundeari buruz zortzigarren klausulan ezarritako eginbeharrak betetzea.
g) Beste edozein administrazio edo erakunde publiko edo pribatuk helburu bererako emandako dirulaguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo baliabideak seigarren klausulan aurreikusitako Jarraipen Batzordeari eta dirulaguntza kudeatzeaz arduratuko den organoari jakinaraztea.
Hirugarrena. Vitoria-Gasteiz Green Deal proiektua garatzeko ekimenak.
Jaurlaritzak, eskumena duten sailek egiten duten jardueraren bitartez, Vitoria-Gasteiz Green Deal proiektua garatzeko ekimenak egingo ditu 2021-2024 aldian, honako printzipio gidari hauen arabera:
● Garapen ekonomiko jasangarria. Ekonomia dinamikoa, berrikuntzan eta ingurumenarekiko errespetuan oinarritua, aukera- eta eraldaketa-elementu izan dadin, non tokiko industria babestuta sentituko baita eta enplegu-aukerak eskainiko dituen ekintzailetzako ekosistema berritzaile bat izango baitu.
● Gizarte-kohesioa eta zerbitzu publikoak. Pertsonak zaintzen dituen hiri bat, gizarte-babeseko sistema moderno eta zuzena duena, eta auzoen arteko oreka bilatzen duen hiri-garapena duena.
● Ingurumenaren jasangarritasuna. Hiri- eta natura-ingurunea edukitzea, non ingurumena errespetatzeak eta naturguneak berreskuratzeak bizi-kalitatea hobetzeko balioko duten.
Adibide gisa, aipatzekoa da:
● Inbertsioak egitea mugikortasun jasangarriaren arloan.
● Inbertsioak egitea hiri-azpiegitura berdeetan.
● Inbertsioak egitea logistikan.
● Inbertsioak egitea hiria berroneratzeko, jasangarritasun-irizpideak izanda.
● Inbertsioak egitea kultura-, hezkuntza-, kirol- eta zerbitzu-azpiegituretan.
● Inbertsioak egitea ingurumenean.
● Enplegu eta gizarte-politiketako programak.
● Garapen ekonomiko, industrial eta teknologikoko programak.
Jaurlaritzak Vitoria-Gasteiz Green Deal proiektua garatzeko hartutako konpromisoa ekimen bakoitzaren gaineko eskumena duten sailen aurrekontuen bidez gauzatuko da urtero.
Laugarrena.– Ordaintzeko eta zuritzeko modua.
1.- Egindako gastua dirulaguntzaren xedea betetzeko baliatu dela egiaztatu ondoren ordainduko da urte bakoitzari dagokion kopurua. Horretarako, faktura originalak edo haien fotokopia konpultsatuak aurkeztu beharko dira, edota ordaindutako zenbatekoen ziurtagiri xehatua, Udalbatzarreko idazkari nagusiak nahiz udaleko kontu-hartzaile nagusiak egina. Dirulaguntzaren ordainketa partzialak egin daitezke, betiere, azaldutako baldintzen arabera, gastuak aurrez justifikatzen badira.
2.- Urte bakoitzari dagokion zenbatekoa honela justifikatu behar da:
a) Vitoria-Gasteiz Euskal Autonomia Erkidegoko erakunde komunen egoitza gisa sustatzera bideratutako kopurua, udalaren gastu orokorrak finantzatzekoa, ekitaldi bakoitzeko abenduaren 31 baino lehen.
b) Vitoria-Gasteiz Euskal Autonomia Erkidegoko erakunde komunen egoitza gisa sustatzera bideratutako kopurua, hiri-espazio publikoa birgaitzeko obrak eta funtsezko azpiegitura publikoen mantentzeko gastuak finantzatzekoa, eta hitzarmen honen bitartez dirulaguntza jasoko duten azpiegitura eta ekipamendu publikoetako inbertsioak, hurrengo ekitaldiko urtarrilaren 31 baino lehen.
Vitoria-Gasteizko Udalak Jarraipen Batzordeari egindako proposamen justifikatuaren arabera, hitzarmen honen bidez finantzatutako obrak eta inbertsioak gauzatzeko eta justifikatzeko epea luza daiteke, baina luzapen hori, hala badagokio, Gobernu Kontseiluak onartuko du.
3.- Nolanahi ere, Vitoria-Gasteizko Udalak bost urtez gordeko ditu Hitzarmen honen xedea gauzatzeko gastuak egiaztatzeko agiri guztiak, eta Eusko Jaurlaritzaren esku egongo dira dokumentu horiek, egin beharreko egiaztapenak egin ditzan.
Bosgarrena.– Hitzarmen hau egituratzea, sustatzea eta koordinatzea.
Eusko Jaurlaritzak, Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailaren eta Ekonomia eta Ogasun Sailaren bidez, hauek egingo ditu:
● Hitzarmen hau egoki gauzatzeko behar diren koordinazio-mekanismoak antolatu.
● Hitzarmen honen xedea betetzeko beharrezkoak izan daitezkeen ekintza guztiak garatu eta gauzatu.
● Seigarren klausulan aurreikusitako Jarraipen Batzordeko buru izan eta haren jarduna bultzatu.
Seigarrena.– Hitzarmenaren Jarraipen Batzordea.
1.- Emandako finantzaketaren jarraipena egiteko Jarraipen Batzorde bat eratuko da. Batzorde hori lau ordezkarik osatuko dute: Eusko Jaurlaritzaren bi ordezkarik, Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailekoak, eta Vitoria-Gasteizko Udaleko beste bik. Eusko Jaurlaritzak batzorde horren bileretara beste sail batzuetako langileei deitzeko aukera izango du, aholkulari gisa, baldin eta hitzarmen honen bidez araututako finantzaketarako emandakoa zertarako erabili den egiaztatzearekin zerikusia badute.
2.- Jarraipen Batzordeko Lehendakaritzan Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorra arituko da; hain zuzen ere, Gobernantza Publiko eta Autogobernu Saileko Erakunde Harremanetarako Sailburuordetzako kide bat. Idazkari-lanak Gobernantza Publiko eta Autogobernu Saileko Erakunde Harremanetarako Sailburuordetzako langileek egingo dituzte.
3.- Batzordeak berak onartzen dituen funtzionamendu-arauen arabera arautuko da klausula honetan finkaturiko Batzordea, eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legeak, atariko tituluaren II. kapituluko 3. apartatuan, kide anitzeko organoentzat aurreikusitako oinarrizko xedapenak errespetatu behar dituzte arau horiek.
4.- Jarraipen Batzordea gaituta dago urteroko gehigarrietan aurreikusten diren inbertsio-gastu zehatzak eta dagozkien zenbatekoak aldatzeko, 2021. urteko gehigarria barne, betiere errespetatuz adostutako urteko ekarpenaren zenbatekoa eta Vitoria-Gasteiz hiria erakunde komunen egoitza gisa sustatzeari eta azpiegiturak hobetzeko inbertsioei dagozkien zenbatekoen banaketa.
Zazpigarrena.– Bateragarritasuna.
Vitoria-Gasteizko Udalak jasotako ekarpen ekonomikoa bateragarria da helburu eta xede bererako beste administrazio zein erakunde publiko nahiz pribatu batzuek emandako ekarpenekin. Nolanahi ere, ekarpen ekonomikoen zenbatekoak ezingo du gainditu diruz lagundutako jardueraren guztirako kostua.
Dirulaguntzen batura aipatu kostua baino handiagoa bada, soberakin hori bateraezintzat joko da, eta Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailak eman beharreko zenbatekoari kenduko zaio.
Zortzigarrena.– Publizitatea eta zabalkundea.
Vitoria-Gasteizko Udalak, Euskal Autonomia Erkidegoko erakunde komunen egoitza denez, udalerriari buruz hedatutako informazio, komunikazio, publizitate eta zabalkunde-jarduera orotan berariaz adieraziko du finantzazioa Eusko Jaurlaritzak eman duela, eta Eusko Jaurlaritzaren logotipo ofiziala erantsiko da, abuztuaren 31ko 318/1999 Dekretuak, Eusko Jaurlaritzaren erakunde-nortasunaren eskuliburua arautzen duenak, xedatutakoari jarraituz.
Klausula hau betetzen ez bada, Eusko Jaurlaritzako Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailak, Toki Administrazioekiko Harremanetarako eta Administrazio Erregistroetako Zuzendaritzaren bidez, errekerimendua helaraziko dio Vitoria-Gasteizko Udalari, adostutakoa betetzeari ekin diezaion. Adostutakoa behin eta berriz betetzen ez bada (bitan betetzen ez bada, hala dela joko da), urte horri dagokion dirulaguntza kentzea ekar dezake.
Bederatzigarrena.– Hitzarmenaren izaera juridikoa eta interpretazioa.
1.– Hitzarmen honek administrazio-izaera du, eta administrazio publikoen arteko lankidetza-hitzarmenei aplikatu beharreko ordenamendu juridikoaren arabera interpretatu eta garatuko da; zehazki, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen atariko tituluaren VI. kapituluan eta 140.2 artikuluan xedatutakoaren arabera eta aplikatu beharreko toki-araubidearen arabera.
2.– Hitzarmenak edo hitzarmena betearazteak sortarazitako interpretazio-arazoak Jarraipen Batzordeak konponduko ditu seigarren klausulan esandakoari jarraiki, eta, hala ezin bada, administrazioarekiko auzien jurisdikzioaren eskumena izango dira, Administrazioarekiko auzien jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legeak xedatutakoaren arabera.
Hamargarrena.– Indarraldia.
Hitzarmen hau sinatzen den egunean jarriko da indarrean eta xedearen amaierara arte iraungo du, lau urte gehienez ere.
Aurreko atalean aipatutako epea amaitu aurretiko edozein unetan, hitzarmenaren sinatzaileek aho batez adostu ahalko dute hura luzatzea, beste lau urteko aldi baterako gehienez, edo hura azkentzea.
Hamaikagarrena.– Hitzarmena ez betetzea eta hutsaltzea.
Vitoria-Gasteizko Udalak honako hauek justifikatzen ez baditu: jasotako funtsak zertarako erabili dituen, ekarpena eman zen helbururako erabili den, ekarpen ekonomikoa emateko ezarritako baldintzak bete dituen, edo, oro har, hitzarmen honetan ezarritako baldintzak betetzen ez baditu, itzuli egin beharko ditu jasotako kopuruak gehi laguntzak ordaindu zirenetik aplikatzekoak diren legezko interesak. Horretarako, arau hauek ezarritako prozedura jarraituko da: azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginak eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuak –Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kargurako dirulaguntzen bermeen eta itzultzeen erregimen orokorra arautzen duenak, eta kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileen baldintzak eta betebeharrak xedatzen dituenak–. Aipatutako diru-kopuruak diru-sarrera publikotzat hartuko dira lege-ondorio guztietarako.
Hamabigarrena.– Emandako laguntza behar bezala erabiltzen dela egiaztatzea.
Autonomia Erkidegoak, teknikarien bitartez, dirulaguntzaren xede diren obrak behar bezala egin direla egiaztatu ahal izango du, bai obrak egiterakoan, bai amaitutakoan, eta egiaztatuko du, halaber, funtsak ongi kudeatu direla. Horretaz gain, erakunde onuradunari eskatu diezaioke finantzatutako jarduera egiteari buruzko informazioa emateko.
Hamahirugarrena.– Finantzaketa-bermea.
Hitzarmen honetan ezarritako ekonomia-konpromisoaren ordainketa betetzen ez bada, Herri Dirubideen Euskal Kontseiluak Vitoria-Gasteizko Udalari egin ez zaizkion finantza transferentziak atxikitzeko sistema ebatziko du, Euskadiko Toki Erakundeei buruzko apirilaren 7ko 2/2016 Legearen 24.1 artikuluak ezarritakoari jarraituz.
Eta, ados daudela adierazteko, agiri honen bi ale sinatu dituzte parte-hartzaileek, goiburuan adierazitako lekuan eta egunean.
Lehendakaria,
IÑIGO URKULLU RENTERIA.
Vitoria-Gasteizko alkate-udalburua,
GORKA URTARAN AGIRRE.
Lankidetza-hitzarmenaren eranskina
2021EKO EKITALDIKO GEHIGARRIA, EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO ADMINISTRAZIOAREN ETA VITORIA-GASTEIZKO UDALAREN ARTEKO HITZARMENARENA, VITORIA-GASTEIZ HIRIAREN SUSTAPENA FINANTZATZEKO EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO ERAKUNDE KOMUNEN EGOITZA DELAKO
1.– 2021eko ekitaldiari dagozkion gastuak eta obrak udalaren gastu orokorrak eta hiri-espazio publikoa birgaitzeko eta mantentzeko obrak finantzatzeko.
1.1.– Gastu orokorrak.
Gehienez ere sei milioi eta bostehun mila euroko diru-ekarpena –6.500.000– euro, gastu hauek ordaintzeko izango da:
● Argiteria publikoa (argindarraren kontsumoa eta konponketak).
● Bide eta azpiegitura publikoak mantentzeko lanak (kontserbazio- eta konponketa-gastuak).
● Bide-garbiketa eta hiri-hondakin solidoen bilketa eta garraioa (garbiketa-zerbitzua).
● Bidaiarien hiri-garraioa (Tuvisari egindako ekarpena).
● Herritarren segurtasuna (Udaltzaingoa, langile-gastuak eta gastu arruntak).
1.2.– Hiri-espazio publikoa birgaitzeko eta mantentzeko obrak.
Gutxienez milioi bat –1.000.000– euro hiri-espazio publikoa birgaitzeko obrak eta funtsezko azpiegitura publikoak mantentzeko gastuak finantzatzera bideratuko da. Udalak era horretako jarduketak garatzeko zenbatekoak gehitu ahal izango ditu. Bereziki, honako hauen finantzaketan hartuko da parte:
(Ikus .PDF)
2.– 2021ean, azpiegitura eta ekipamendu publikoak finantzatzeko inbertsioak.
Osagarri gisa, Eusko Jaurlaritzak konpromisoa hartzen du gehienez ere bi milioi eta bostehun mila –2.500.000– euro emateko beste inbertsio eta ekipamendu publiko batzuk finantzatzeko, eskema eta zerizan honen arabera:
(Ikus .PDF)
Hemen jasotako ekimen eta proiektuetako gastuaren barne-banaketa orientagarria baino ez da, eta Jaurlaritzak proiektu eta ekimenetarako egindako ekarpenaren behin betiko banaketa horietako bakoitzari esleitutako aurrekontuaren araberakoa izango da.