Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

119. zk., 2021eko ekainaren 18a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

URAREN EUSKAL AGENTZIA
3495

EBAZPENA, 2021eko ekainaren 14koa, Uraren Euskal Agentziako zuzendari nagusiarena, «Ermuko udalerriko saneamenduaren eraikuntza-proiektua: Zubiaurre-Erdiguneko eta Gipuzkoa Etorbideko kolektorea» jendaurrean jartzeko izapidea ebatzi eta behin betiko onartzen duena.

Uraren Euskal Agentziako zuzendari nagusiaren 2021eko apirilaren 29ko Ebazpenaren bidez, hasierako onarpena eman zitzaion proiektu honi: «Ermuko udalerriko saneamenduaren eraikuntza-proiektua: Zubiaurre-Erdiguneko eta Gipuzkoa Etorbideko kolektorea»; eta jendaurrean jarri zen.

Ebazpen hori Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu zen 2021eko maiatzaren 10ean. Jendaurrean jartzeko epea amaituta, ez da alegaziorik aurkeztu.

Era berean, proiektua gainbegiratu eta informatu egin da, eta egiaztatu da teknikoki zuzena dela eta arlo horretako araudi espezifikoan eta Sektore Publikoko Kontratuen azaroaren 8ko 9/2017 Legearen 234. artikuluan ezarritakoa betetzen duela. Lege horren bidez, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2014ko otsailaren 26ko 2014/23/EB eta 2014/24/EB Zuzentarauen transposizioa egiten da Espainiako ordenamendu juridikora.

Agentziako Administrazio Kontseiluak 2010eko ekainaren 29ko bileran emandako funtzioen eskuordetzearen arabera, Uraren ekainaren 23ko 1/2006 Legearen 13 f) artikuluan aurreikusitakoa aplikatuz, lege horren beraren 15 m) eta Agentziaren Estatutuen 7.2 ń) artikuluei dagokienez, zuzendari nagusiari dagokio proiektu hau onartzea.

Azaldutakoa oinarri hartuta, proiektua jendaurrean jartzeko izapidea ebatzi eta behin betiko onartu behar da.

Horregatik, aipatutako xedapenak eta horiekin bat datozen eta oro har aplikatu behar diren gainerakoak ikusita, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– «Ermuko udalerriko saneamenduaren eraikuntza-proiektua: Zubiaurre-Erdiguneko eta Gipuzkoa Etorbideko kolektorea» delakoaren jendaurreko informazioaren izapidea ebaztea.

Bigarrena.– behin betiko onartzea proiektu hau: «Ermuko udalerriko saneamenduaren eraikuntza-proiektua: Zubiaurre-Erdiguneko eta Gipuzkoa Etorbideko kolektorea». Kontrata bidezko exekuzio-aurrekontua milioi bat zazpiehun eta hiru mila berrehun eta laurogeita hamazazpi euro eta hogeita hiru zentimokoa da, (1.703.297,23) BEZa barne.

Hirugarrena.– Uraren Euskal Agentziako teknikariek obraren zuinketa egitea. Zuinketa horretan obraren errealitate geometrikoa egiaztatuko da, bai eta onartutako proiektuan agertzen diren eta egin beharreko kontraturako oinarrizkoak diren kasuena ere.

Uraren ekainaren 23ko 1/2006 Legearen 6.4 artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz, ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuari, hilabeteko epean, ebazpen hau jakinarazi edo argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2021eko ekainaren 14a.

Uraren Euskal Agentziako zuzendari nagusia,

ANTONIO AIZ SALAZAR.


Azterketa dokumentala