Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

119. zk., 2021eko ekainaren 18a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
3493

AGINDUA, 2021eko ekainaren 9koa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuarena, zeinaren bidez arautu eta deitzen baita 2021 ekitaldirako Nerbioi itsasadarraren ezkerraldean eta Oiartzualdean eta Euskal Autonomia Erkidegoko urteko batezbestekoaren % 15etik gorako langabezia-tasa duten beste udalerri batzuetan ekoizpen-inbertsioa egingo duten eta, beraz, gune horietako lehiakortasun-hobekuntza eta garapen ekonomikoa eragingo duten enpresentzako dirulaguntza-programa. Indartu 2021 Programa.

Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak EAEko industriaren sektorearen egoerari buruzko gogoeta egin zuen bere garaian. Gogoeta hori erreferentzia gisa erabili zen 2017-2020 Industrializazio Planean biltzen diren politikak planifikatzeko. Azterlanen arretagunea gure industrian eragina duten ekonomia globaleko joera eta aldaketak identifikatzea izan zen, eta horrez gain, gure enpresa-sarea besteengandik bereizteko faktoreak eta lehiakortasun-desabantailako faktoreak hobeto ulertzea. Gogoeta horiek alderatuz, lehentasunezko bederatzi erronka identifikatu ziren. Erronka horiei Plan horren bidez eta Jaurlaritzaren ekonomia sustatzeko beste ekimen estrategiko batzuen bitartez eman nahi zitzaien erantzuna.

Enplegua sortzeko ekoizpen-inbertsioa sustatzea da, oraindik ere, funtsezko ardatz estrategikoetako bat, Jaurlaritzak arlo horretan garatuko dituen ekintzak bideratzeko.

Hori oinarritzat hartuta, tresna eta programa egokiak egituratzen dira enpresa-inbertsioak bultzatzeko eta sustatzaile berriei laguntza integrala emateko, horiek enplegu-aukera berriak sor ditzaten. Horrela, diskriminazio positiboa ezartzen du, bereziki, honako inbertsio hauek sustatzeko: Nerbioi itsasadarraren ezkerraldean eta Oiartzualdean kokatutako inbertsioak, eta Euskal Autonomia Erkidegoko urteko batezbestekoaren % 15etik gorako langabezia-tasa duten udalerrietan estrategikotzat eta lehentasunezkotzat jotzen diren inbertsioak.

Gainera, 2020-2024 aldirako (XII. Legegintzaldia) «Euskadi martxan» Gobernu Programak zehatz-mehatz aitortzen ditu COVID-19aren pandemiak Euskadiko ekonomian eta enpleguan izan dituen ondorioak; horrez gain, fenomeno horren aurreko mailetara itzultzeko beharra adierazten du, baina erronka eta premia berrietara egokituta. Gobernu Programak helburu partekatu hauek finkatzen ditu: enpleguari eustea; ezegonkortasunaren eta behin-behinekotasunaren aurka borroka egitea generoaren ikuspuntutik; eta ekonomia suspertzea, hazkundearen bidera itzultzeko eta gure langabezia-tasa berriz ere % 10etik behera kokatzeko. Zentzu horretan, Eusko Jaurlaritzak hainbat sail barne hartuko dituen esparru-programa bat onartuko du lehenbailehen. Programa horrek susperraldi ekonomikoa eta enplegua izango ditu funtsezko jarduketa-ardatz, COVID-19aren pandemiak sortutako ondorio ekonomiko eta sozial negatiboei erantzuteko. Hori guztia kalitatezko enpleguaren aldeko apustu garbi eta partekatuan oinarrituz, eta Elkarrizketa Sozialaren Mahaia gizarte- eta lan-arloko politika publikoak negoziatzeko eta hitzartzeko tresna gisa hartuta, lan-harremanetan eta negoziazio kolektiboan eraginez.

Horrenbestez, 2020-2024 aldirako (XII. Legegintzaldia) «Euskadi martxan» Gobernu Programan adierazten den moduan, deialdiak oinarrizko ezaugarri hauek izango ditu, laburbilduz:

I.– Eremu horietan eta Euskal Autonomia Erkidegoko urteko batezbestekoaren % 15etik gorako langabezia-tasa duten gainerako udalerrietan, lehiakortasun-hobekuntza eta garapen ekonomikoa eragingo dituen ekoizpen-inbertsioa sustatzea, enpresa berrien bidez nahiz lehendik dauden enpresen bidez. Dena den, produktuaren eraldaketa-prozesuko hobekuntzekin, gaitasunak handitzearekin edo jarduera berriak garatzearekin zuzenean lotuta dauden inbertsioek lehentasuna izango dute.

II.– Lurraldea kontuan hartzen duen diskriminazio positiboa, langabezia-egoera larriagoa jasaten duten zenbait eremuren kasuan, krisi ekonomikoak eragin handiagoa izan duelako edo garapena oztopatzen duen egiturazko hondatze-egoera jasan dutelako.

III.– Inbertsioek behar bezala finantzatuta egon behar dute. Horrela, programaren hasieran, baliabide propioen gutxieneko estaldura eskatzen da, enpresa berrientzat nahiz lehendik daudenentzat. Estaldura hori laguntza jaso dezaketen inbertsioen zenbateko osoaren % 25ekoa da, laguntza publikoak kenduta.

IV.– Enpresa edo enpresa talde bakoitzeko hiru milioi euroko gehieneko dirulaguntza ezartzea, laguntza jaso dezakeen inbertsioaren arabera, eta sortu beharreko enplegu-bolumena kontuan hartu gabe.

Dirulaguntzei buruzko Agindu hori kontuan hartzen da Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren Dirulaguntzei buruzko Plan Estrategikoan, 2021eko martxoaren 17ko Agindu bidez onartua, Dirulaguntzen azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 8.1 artikuluan ezarritakoa betez.

Deialdi hau Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Orokorreko printzipio arauemaileei buruzko Legearen IV. eta VI. tituluetan, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onetsitako testu bateginean, eta aipatu legearen erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuak garatutako Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean xedatutakoarekin bat egiten da.

Hauek hartuko dira kontuan: 2014-2020 aldirako eskualde-xedeko estatu-laguntzei buruzko jarraibideak (AO, C 209, 2014ko uztailaren 23koak), 651/2014 Erregelamendua (EB), 2014ko ekainaren 17koa, Tratatuaren 107. eta 108. artikuluarekin bat laguntza-kategoria jakin batzuk barne-merkatuarekin bateragarri izendatzeari buruzkoa (AO, L 187, 2014ko ekainaren 26koak), 14. eta 17. artikuluetan xedatuan oinarrituta, hala nola, Europako Batzordeak onartutako 2014-2020 aldirako Espainiako eskualde-laguntzen mapa (haren aplikazioa 2023ko abenduaren 31ra arte luzatuko da), 702/2014 (EB) Erregelamendua, Batzordearena, 2014ko ekainaren 25ekoa, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluekin bat nekazaritza- eta basogintza-sektoreetarako eta landa-inguruneetarako laguntzen zenbait kategoria barne-merkatuarekin bateragarri deklaratzekoa (AO, L 193, 2014ko uztailaren 1ekoa, 2022ko abenduaren 31ra arte aplikatzen jarraituko dena) eta Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluekin bat arrantzako eta akuikulturako produktuak ekoizten, eraldatzen eta merkaturatzen diharduten enpresentzako laguntzen zenbait kategoria barne-merkatuarekin bateragarri deklaratzeko 1388/2014 (EB) Erregelamendua, Batzordearena, 2014ko abenduaren 16koa (AO, L 369, 2014ko abenduaren 24koa, 2022ko abenduaren 31ra arte aplikatzen jarraituko dena).

Hala, laguntza horiek arautzean eta ematean, erregelamendu horretan ezarritakoa errespetatu eta betetzen badute estatu kideek, dirulaguntza horiek merkatu erkidearekin bateragarriak direla ulertzen da, eta, beraz, ez diote Europar Batasunaren baimena lortzeko Europako Batzordeari jakinarazpenik egin behar; hala, nahikoa da jakinarazpena egitea kasu bakoitzerako aurreikusitako epeetan.

Hori horrela, premiazkoa da Nerbioi itsasadarraren ezkerraldean eta Oiartzualdean eta Euskal Autonomia Erkidegoko urteko batezbestekoaren % 15etik gorako langabezia-tasa duten gainerako udalerrietan ekoizpen-inbertsioak egiten dituzten eta eremu horietako lehiakortasun-hobekuntza eta garapen ekonomikoa eragiten duten enpresentzako dirulaguntza-programa baten deialdiaren zehaztapenak garatzea, Indartu Programa, inbertsioen betearazpena dinamikoa izateko, eta, horiek bukatuta, onuradunek laguntzak jasotzeko baldintzei gutxieneko denbora-tarte batean eutsiko dietela bermatzeko.

Horrenbestez, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

Agindu honen xedea da Nerbioi itsasadarraren ezkerraldean eta Oiartzualdean eta Euskal Autonomia Erkidegoko urteko batezbestekoaren % 15etik gorako langabezia-tasa duten beste udalerri batzuetan ekoizpen-inbertsioak egiten dituzten eta eremu horietako lehiakortasun-hobekuntza eta garapen ekonomikoa eragiten duten enpresentzako edo enpresa taldeentzako 2021eko ekitaldirako dirulaguntzak arautzea eta horretarako deialdia egitea, betiere hurrengo artikuluetan jasotzen diren terminoetan.

Arau honetan arautzen diren dirulaguntzak eskualde-xedeko 2014-2020 aldirako estatu-laguntzei buruzko jarraibideen mende egongo dira, eta hauek ere beteko dituzte: Tratatuaren 107. eta 108. artikuluekin bat kategoria jakin batzuk barne-merkatuarekin bateragarri izendatzeko 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduaren 14. eta 17. artikulua (AO, L 187, 2014ko ekainaren 26ko), baldin eta 2014-2020 aldirako Espainiako eskualde-laguntzen mapan baimentzen diren gehieneko intentsitateak errespetatzen badira, 702/2014 (EB) Erregelamenduaren, Batzordearenaren, 2014ko ekainaren 25ekoaren, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluekin bat nekazaritza- eta basogintza-sektoreetarako eta landa-inguruneetarako laguntzen zenbait kategoria barne-merkatuarekin bateragarri deklaratzekoaren, 17. artikulua (AO, L 193, 2014ko uztailaren 1ekoa), eta Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluekin bat arrantzako eta akuikulturako produktuak ekoizten, eraldatzen eta merkaturatzen diharduten enpresentzako laguntzen zenbait kategoria barne-merkatuarekin bateragarri deklaratzeko 1388/2014 (EB) Erregelamenduaren, Batzordearenaren, 2014ko abenduaren 16koaren, 42. artikulua (AO, L 369, 2014ko abenduaren 24koa). Laguntza horizontalei buruzko arauak eta laguntza sektorialei buruzko arauak ere errespetatu beharko dira.

2. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.

1.– 2021eko ekitaldirako EAEko aurrekontu orokorrak onartzeko otsailaren 11ko 1/2021 Legeak baimendutako kredituen arabera, hizpide dugun dirulaguntza-deialdiak aurrekontu-estaldura nahikoa du; 1. artikuluaren xedea betetzeko, 12.000.000,00 euro bideratuko dira.

2.– Emango diren dirulaguntzen guztizko zenbatekoa ez da izango aipatutako kontsignaziotik gorakoa edo hura berritzetik ateratzen denetik gorakoa, betiere kreditu-loturaren erregimenarekin edo indarrean diren legeetan aurreikusitako aurrekontu-aldakuntzarekin bat etorriaz, eta laguntzak ebatzi baino lehen. Inguruabar hori gertatuko balitz, horren berri emango luke Industriako sailburuordeak, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian ebazpen bat argitaratuz. Ez da dirulaguntza berririk emango zenbateko hori agortzen denean, eta gertakari hori publiko egin ondoren jasotzen diren eskabideak ez dira onartuko.

3. artikulua.– Erakunde onuradunak.

1.– Honako enpresa hauek lortu ahal izango dituzte Agindu honetan jasotzen diren dirulaguntzak: enpresa handiek eta enpresa txiki eta ertainek (ETE), erauzketa, eraldaketa edo produkzioko industria-enpresak badira edo produktu-prozesu industrialarekin lotutako zerbitzuak eskaintzen badituzte; eta zerbitzu logistikoen enpresek –garraioa salbu–, baldin eta diruz lagundu beharreko inbertsioak Euskal Autonomia Erkidegoko Nerbioi itsasadarraren ezkerraldean edo Oiartzualdean kokatuta badaude. Alderdi horiek Espainiarako 2014-2020 Eskualdeko Laguntzen Mapa onesten duen Estatu Laguntzari buruzko Batzordearen 2014ko maiatzaren 21eko SA 38472 (2014/N) zenbakiko Erabakian identifikatuta daude.

2.– Euskal Autonomia Erkidegoko urteko batezbestekoaren % 15etik gorako langabezia-tasa duten udalerrietan (5.2 artikuluan adierazten dira), enpresa txiki eta ertainek (ETEek) egindako inbertsioek bakarrik jasoko dituzte dirulaguntzak.

3.– Mikroenpresa, enpresa txikiak eta enpresa ertainak (ETEak) 250 pertsona baino gutxiagori lana ematen dieten enpresak dira, eta, gehienez ere, 50 milioi euroko urteko negozio-bolumena dutenak, edo, gehienez ere, 43 milioi euroko urteko balantze orokorra dutenak.

ETEen kategorian, enpresa txikitzat jotzen dira, 50 langile baino gutxiago izanik, urteko negozio-bolumenean edota urteko balantze orokorrean 10 milioi euroko zenbatekoa gainditzen ez dutenak.

ETEen kategorian, mikroenpresatzat jotzen dira, 10 langile baino gutxiago izanik, urteko negozio-bolumenean edota urteko balantze orokorrean 2 milioi euroko zenbatekoa gainditzen ez dutenak.

Beste batzuekin elkartuta edo lotuta dauden enpresen kasuan, enpresa taldeak bete beharko ditu baldintza horiek.

Adierazitakoaren beste interpretazio batzuetarako, hauek hartuko dira kontuan: 651/2014 (EB) Erregelamendua, 2014ko ekainaren 17koa, Batzordearen 2014ko ekainaren 25eko 702/2014, eta Batzordearen 2014ko irailaren 16ko 1388/2014, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluekin bat arrantzako eta akuikulturako produktuak ekoizten, eraldatzen eta merkaturatzen diharduten enpresentzako laguntzen zenbait kategoria barne-merkatuarekin bateragarri deklaratzekoa, edo horiek ordezkatzen edo aldatzen dituzten xedapenak.

4.– Enpresa handiek ere jaso ahal izango dituzte dirulaguntzak, baina eremu horietara jarduera berriak erakartzeko hasierako inbertsioetarako bakarrik (establezimendu berri bat sortzeko aktibo materialetan eta immaterialetan inbertitzea; lehendik dagoen establezimendu baten ahalmena handitzea; establezimendu baten ekoizpena dibertsifikatzea, aurrez establezimenduan ekoizten ez ziren produktuekin; eta lehendik dagoen establezimendu baten ekoizpen-prozesu osoan funtsezko eraldaketa bat egitea), edo lehendik dauden establezimenduetan produktu berriak edo prozesu berritzaile berriak dibertsifikatzeko.

5.– Dirulaguntza hauek eskuratu ahal izango dituzte inbertsioak egingo dituzten enpresen akzio-partaidetzaren % 100 duten enpresa taldeek, betiere Agindu honetan jasotako baldintzak betetzen badituzte. Nerbioi itsasadarraren ezkerraldean eta Oiartzualdean eta ebazpen honen 5.2 artikuluan zehaztutako udalerrietan kokatuta dauden taldeko enpresek egindako inbertsioak bakarrik hartuko dira kontuan, baldin eta horien prozesuak industria-jarduerarekin, erauzketarekin, eraldaketarekin, ekoizpenarekin, produktu-prozesu industrialeko zerbitzuekin edo zerbitzu logistikoetako enpresekin lotuta badaude (garraioa salbu), eta proiektuan definitzen bada.

6.– Agindu honetan jasotzen diren dirulaguntzak Ogasunarekiko eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak ez ezik, dirulaguntzak itzultzeagatiko betebeharrak ere eskaera egin duten unean ordainduta dauzkaten erakundeek soilik eskuratu ahal izango dituzte.

7.– Onuradun izateko izaera dirulaguntzaren indarraldi osoan mantendu beharko da.

4. artikulua.– Kanpoan utzitako erakundeak.

1.– Dirulaguntza hauen onuradun izatetik baztertuta geratuko dira krisialdian dauden enpresak. Enpresa bat krisialdian egongo da, krisialdian dauden enpresa ez-finantzarioak salbatzeko eta berregituratzeko estatu-laguntzei buruzko gidalerroetan xedatutakoaren arabera (2014ko uztailaren 31ko 2014/C 249/01), gutxienez honako baldintza hauetako bat betetzen bada:

a) Erantzukizun mugatuko sozietate bat bada, harpidetutako kapital sozialaren erdia baino gehiago desagertu denean metatutako galeren ondorioz; hori gertatzen da, metatutako galerak erreserbetatik (eta sozietatearen funts propiotzat hartzen diren gainerako elementu guztietatik) kentzearen ondorioz metatutako zenbateko negatiboa handiagoa denean harpidetutako kapital sozialaren erdia baino;

b) Sozietate batean gutxienez bazkide batzuek sozietatearen zorraren gaineko erantzukizun mugagabea dutenean, kontabilitatean ageri diren euren funts propioen erdia baino gehiago desagertu denean metatutako galeren ondorioz;

c) Enpresa porrot- edo kaudimengabezia-prozeduran dagoenean edo bere zuzenbide nazionalean ezarritako irizpideak betetzen dituenean porrot- edo kaudimengabezia-prozedura baten pean jartzeko, hartzekodunek hala eskatuta;

d) ETEa ez den enpresa bat bada, aurreko bi urteetan enpresaren zorra/kapitala ratioa 7,5etik gorakoa izan bada eta enpresaren interesen estaldura-ratioa, EBITDAren oinarriaren gainean kalkulatuta, 1,0etik behera egon bada.

2.– Ez zaie agindu honetan araututako dirulaguntzarik emango Salbuespenen 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 Erregelamendu Orokorraren 13. artikuluak baztertutako sektoreetako enpresei; erregelamendu horren bidez, Ituneko 107. eta 108. artikuluak aplikatuta (2014ko ekainaren 26ko AO, L 187), barne-merkatuarekin bateragarritzat jotzen dira zenbait kategoria. Erregelamendu horren 4. artikuluan xedatutakoaren arabera, diruz lagundu daitezkeen 100 milioi eurotik gorako kostuak dituzten inbertsiorako eskualde-laguntzak Europako Batzordeari jakinarazi beharko zaizkio.

3.– Ez zaizkie agindu honetan xedatzen diren dirulaguntzak emango erregelamendu hauei loturiko sektoreetako enpresei, beren inbertsioek nekazaritzako, elikagaigintzako eta arrantzatik zein akuikulturatik eratorritako produktuak eraldatzeko eta merkaturatzeko laguntzen programen barneko dirulaguntzak jaso baditzakete: Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluekin bat nekazaritza- eta basogintza-sektoreetarako eta landa-inguruneetarako laguntzen zenbait kategoria barne-merkatuarekin bateragarri deklaratzeko 702/2014 (EB) Erregelamendua, Batzordearena, 2014ko ekainaren 25ekoa, eta Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluekin bat arrantzako eta akuikulturako produktuak ekoizten, eraldatzen eta merkaturatzen diharduten enpresentzako dirulaguntzen zenbait kategoria barne-merkatuarekin bateragarri deklaratzeko 1388/2014 (EB) Erregelamendua, Batzordearena, 2014ko abenduaren 16koa.

4.– Ez da laguntzarik emango eskatzaileak eskaeraren aurreko bi urteetan Europako Esparru Ekonomikoan (EEE) jarduera berdin edo antzekoari amaiera eman badio edota, laguntzaren eskaera aurkezteko unean, jarduera horri amaiera emateko plan zehatzak baditu bi urteko gehieneko epean inbertsioa osatu eta gero.

5.– Kanpoan geratuko dira autonomia-erkidegoko erakunde-administrazioa osatzen duten erakundeak.

6.– Kanpoan geratuko dira, halaber, armak egiten, merkaturatzen eta finantzatzen dituzten erakundeak, eta berreskuratzeko agindu baten mende dauden enpresak, Batzordeak aurretiaz hartutako erabaki baten bidez laguntza bat legez kanpokotzat eta barne-merkatuarekin bateraezintzat jo izanaren ondorioz.

7.– Dirulaguntzen onuradun izateko, enpresa eskatzaileek ez dute zigor- eta administrazio-arloko zehapenik izan behar, horiek dirulaguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukera galtzea eragin baitezakete, ezta horretarako ezgaitzen duen legezko debekurik ere, sexu-diskriminazioarengatik gertatutakoak barne, betiere Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legeak azken xedapenetatik seigarrenean ezarritakoaren arabera sexu-diskriminazioagatik gertatutakoak barne hartuta.

8.– Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13.2 artikuluan zehaztutako egoeraren batean dauden erakundeak ezingo dira onuradun izan.

5. artikulua.– Nerbioi itsasadarraren ezkerraldea eta Oiartzualdea, eta Euskal Autonomia Erkidegoko urteko batezbestekoaren % 15etik gorako langabezia-tasa duten udalerriak.

1.– Agindu honetan ezarritakoaren ondorioetarako, honela definitu dira Nerbioi itsasadarraren ezkerraldea eta Oiartzualdea: ezaugarri sozioekonomikoengatik eta langabezia-indize handiagatik, industria-krisiak beste leku batzuetan baino eragin handiagoa izan duelako edo egiturazko hondatze-egoeran daudelako, sustapen ekonomikoan oinarritutako tratamendu bereizia behar dute.

Honako eremu hauek izango dira Nerbioi itsasadarraren ezkerraldea eta Oiartzualdea: Espainiarako 2014-2020 Eskualdeko Dirulaguntzen Mapa onesten duen Estatu Laguntzari buruzko Batzordearen 2014ko maiatzaren 21eko SA 38472 (2014/N) zenbakidun Erabakian jasota daudenak.

Erabaki horretan oinarrituta, honako eremu hauek dira Euskal Autonomia Erkidegoko Nerbioi itsasadarraren ezkerraldea eta Oiartzualdea:

a) Oiartzualdea (Gipuzkoa), udalerri hauek osatua: Errenteria, Pasaia, Lezo, Oiartzun, Hondarribia, Irun eta Hernani.

b) Nerbioi itsasadarra (Bizkaia), udalerri hauek osatuta: Sestao, Ortuella, Valle de Trápaga-Trapagaran, Abanto y Ciérvana-Abanto Zierbena, Muskiz, Zierbena, Portugalete, Santurtzi, Barakaldo, Alonsotegi eta Erandio.

2.– Deialdi honetan ezarritakoaren arabera, gainerako udalerriak izango dira, eremu ahul gisa hartzen ez diren kasuetan, Euskal Autonomia Erkidegoko urteko batezbestekoaren % 15etik gorako langabezia-tasa dutenak, ezarritako azken kalkuluaren arabera, EUSTATen eskuragarri dagoena (https://eu.eustat.eus/municipal/datos_estadisticos/info_territorial.html). Honako hauek dira:

a) Araba: Agurain, Asparrena, Bastida, Lantziego, Lapuebla de Labarca, Laudio, Oyón-Oion eta Zambrana.

https://www.eustat.eus/bankupx/sq/8fe8f3b5-d689-4c89-82ad-8794fc485c0b

b) Bizkaia: Artzentales, Balmaseda, Barrika, Basauri, Bermeo, Bilbao, Elantxobe, Galdames, Güeñes, Karrantza Harana, Lanestosa, Ondarroa, Sukarrieta, Trucios-Turtzioz, Urduña, Zalla eta Zaratamo.

https://www.eustat.eus/bankupx/sq/6b9e111c-878b-4f43-849a-026bcd9aba35

c) Gipuzkoa: Soraluze-Placencia de las Armas.

https://www.eustat.eus/bankupx/sq/f94aea0b-2997-4ef6-ae86-efb7db3a1146

6. artikulua.– Dirulaguntzak eskuratzeko irizpideak.

Dirulaguntza jaso dezakeen inbertsioak Agindu honetan aurrez ikusitako laguntzak eskuratu ahal izateko, inbertsioa ezin izango da hasi eskaera aurkezteko data baino lehen eta data horretatik aurrera egin beharko da, betiere 2021eko ekitaldian hasi eta gehienez ere 2022ko abenduaren 31ra arte, bere ezaugarrien eta enpresa-planen arabera. Horrez gain, honako betekizun hauek bete beharko ditu:

a) Enpresa handiek, gutxienez, 1.500.000,00 euroko inbertsio onartua egin beharko dute; ETEek, aldiz, gutxienez 200.000,00 euroko inbertsio onartua egin beharko dute. Baita ere onartuko dira, aurreko lerrokadan adierazitako gutxieneko inbertsio onartura iritsi ez arren, gutxienez 25 lanpostu garbi sortzen dituzten (enpresa handien kasuan) edota gutxienez 5 lanpostu garbi sortzen dituzten (enpresa txiki eta ertainen kasuan) enpresen inbertsioak.

b) Enpresaren baliabide propioak, dirulaguntzak kanpoan utzita, gutxienez laguntza jaso dezakeen inbertsioaren zenbatekoaren % 25 izan beharko dute.

c) Kontuan hartu beharreko inbertsioak erakunde juridiko bakarrak egin beharko ditu eta, enpresa taldeen kasuan, % 100eko akzio-partaidetzarekin, zenbait produkzio-zentro badituzte, arau honetako baldintzak betetzen dituzten eta inbertsioen xede diren produkzio-zentroetan edo produkzio-zentroan baino ez.

d) Erakunde eskatzaileek inbertsioen bideragarritasun tekniko, ekonomiko eta finantzarioa frogatu beharko dute, enpresari 13.1.a) artikuluan eskatzen zaion plan ekonomiko-finantzarioaren bitartez.

7. artikulua.– Laguntza jaso dezakeen inbertsioa.

1.– Dirulaguntzen zenbatekoa kalkulatzeko, dirulaguntza jaso dezakeen inbertsiotzat joko da enpresaren aktiboari gehituko zaizkion aktibo finkoak eskuratzeko inbertsioa, baldin eta, agindu honetan eta hura garatzeko xedapenetan ezarritakoaz gain, baldintza hauek betetzen baditu:

a) Kategoria hauetako bateko aktiboak izatea, Kontabilitate Plan Orokorreko (azaroaren 16ko 1514/2007 Errege Dekretuan jasotakoa) epigrafe hauetako definizioaren arabera:

– 203 Jabetza industriala eta patenteak.

– 206 Aplikazio informatikoak.

– 210 Lurrak eta ondasun naturalak.

– 211 Eraikuntzak.

– 212 Instalazio teknikoak.

– 213 Makineria.

– 214 Lanabesak.

– 215 Beste instalazio batzuk.

– 217 Informazio-prozesuetarako ekipamenduak.

«Lurrak eta ondasun naturalak» eta «Eraikuntzak» epigrafeetako inbertsioaren kopurua, gehienez ere, dirulaguntza jaso dezaketen gainerako aktibo guztiak bestekoa izango da. Gehieneko kopuru hori gaindituz gero, soberako inbertsioa ez da dirulaguntza jaso dezakeen inbertsio gisa hartuko. Neurri bera aplikatuko zaie ezaugarri horietako inbertsioak egiten dituzten logistikako biltegiei.

Edonola ere, aktiboek zuzeneko lotura izan behar dute enpresaren helburu soziala den jarduerarekiko.

Logistikako biltegiak diruz lagun daitezkeen aktibo gisa hartuko dira.

Aktiboen preziotzat joko da haien balio «garbia», hots, fakturatutako zenbatekoari Balio Erantsiaren gaineko Zerga kenduta ateratzen den balioa.

b) Lehenengo aldiz erabili edo abian jartzea. Honako hauek ere laguntza jaso ahal izango dute: establezimendu baten aktiboak eskuratzea (establezimendu hori konkurtso-prozedura bidezko likidazioagatik itxita badago) edota establezimendu batetik datozen aktiboak eskuratzea (hirugarren batek merkatu-baldintzetan eskuratu izan ez balitu, establezimenduak ateak itxiko zituen). Erabilitako eraikin edo bestelako eraikuntzak eskuratzen badira, berriak balira bezala jokatuko da haiekin.

c) Enpresa handien kasuan, gutxienez bost urteko amortizazio-aldia ezarrita izatea, eta enpresaren aktiboan gutxienez bost urte irautea. ETEen kasuan, aldi horiek hiru urtekoak izango dira.

d) Aktiboak, oro har, ez egotea inori lagata, ez kontraprestazioarekin, ez kontraprestaziorik gabe.

e) Enpresa eskatzaileak berak fabrikatutakoak ez izatea (edonola ere, haien balioa ez da inoiz izango eragiten duten kanpo-kontsumoa baino handiagoa).

f) Bazkideren batek kapitalari gauzatan egindako ekarpenek ezin izango dute laguntzarik jaso.

g) Finantza-errentamendu bidez finantzatutako inbertsioak berariaz jaso dezala kontratua amaitzean hura erosteko aukera, laguntza jaso dezakeen inbertsio gisa har dadin; baita kontratua gauzatzeko konpromisoa ere, bi alderdiek sinatua.

h) Ordezkapen-inbertsioa ez da ezein kasutan dirulaguntza jaso dezakeen inbertsiotzat hartuko.

i) Laguntza jaso dezaketen aktibo immaterialak onuradunaren establezimenduan soilik ustiatu beharko dira, aktiboko elementu amortizagarritzat jo beharko dira, hirugarren bati erosi beharko zaizkio merkatuko baldintzetan eta gutxienez bost urte egin beharko dituzte enpresaren aktiboan. ETEen kasuan, aldi hori hiru urtekoa izango da.

Ondasun inbentariagarriak eskuratu, eraiki, birgaitu eta hobetzen badira, azaroaren 17ko Dirulaguntzen 38/2003 Lege Orokorreko 31.4 artikuluan xedatutakoa bete beharko dute.

2.– Enpresa elkartu edo lotuei erositako aktiboetatik datozen inbertsioak berariaz adierazi beharko dira eskaeran, eta kanpo-kontroleko kontu-ikuskapenetan oinarrituta baloratuko dira.

Enpresa kidetu edo lotuaren ondoreetarako, hauek bete beharko dira: Tratatuaren 107. eta 108. artikuluekin bat zenbait kategoria barne-merkatuarekin bateragarri izendatzeko Salbuespenen Erregelamendu Orokorraren 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 I. eranskina (AO, L 187, 2014ko ekainaren 26koa) eta 702/2014 (EB) Erregelamendua, Batzordearena, 2014ko ekainaren 25ekoa (AO, L 193, 2014ko uztailaren 1ekoa), eta 1388/2014 (EB) Erregelamendua, Batzordearena, 2014ko abenduaren 16koa (AO, L 369, 2014ko abenduaren 24koa), bi-biak ere Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluekin bat zenbait kategoria barne-merkatuarekin bateragarri deklaratzen dituztenak.

3.– Dirulaguntzen eragin pizgarria bermatzeko, inbertsioa eskabidea aurkezteko data igaro ondoren abiarazten duten enpresek bakarrik baliatu ahal izango dituzte; betiere 2021eko ekitaldi honetan hasi beharko dute.

Dena den, deialdi hau argitaratu eta/edo eskabidea aurkeztu aurretik egiten diren inbertsioak ere hartuko dira kontuan, inbertsioak abiarazi aurretik, eskatzaileak laguntza eskuratzeko aldez aurretiko idatzizko eskaera bat aurkeztu badu eta, Europako Batzordearen 2014ko ekainaren 17ko 651/2014, 2014ko ekainaren 25eko 702/2014 eta 2014ko abenduaren 16ko 1388/2014 (EB) erregelamenduen 6.2 artikuluan zehaztutakoari jarraikiz, informazio hau jasotzen badu: enpresaren izena eta tamaina, egin beharreko inbertsioen deskribapena (hasiera- eta amaiera-egunak barne), kokapena, kostuen zerrenda, eskatutako laguntza mota (itzuli beharrik gabeko laguntza) eta hura gauzatzeko behar duen finantzaketa publikoaren zenbatekoa. Kasu horretan, eskabidea aurkezteko epea ireki ondoren, interesdunak behin betiko eskabidea aurkeztu beharko du agindu honen 12. eta 13. artikuluetan adierazten dena kontuan hartuta.

8. artikulua.– Enplegua.

1.– Hitzemandako enplegu-sorrera eta, hala badagokio, hasierako plantillari eustea termino garbietan neurtuko da. Horretarako, «Alta-egoeran dauden langileen batez besteko plantilla» txostenean jasotako datua hartuko da oinarritzat, Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiak igorri eta enpresak ematen duen txostena.

2.– Ondorio horietarako, egun dauden enpresen kasuan, hasierako plantilla kalkulatzeko, hau hartuko da abiapuntu gisa:

– Deialdia argitaratu aurreko azken hamabi hilabeteetako batezbesteko aritmetikoa.

– Deialdia argitaratu aurreko 36 hilabeteetan plantillak izan duen bilakaeratik ondorioztatzen den batezbesteko aritmetikoa, behar bezala justifikatuta eta enplegu-galera esanguratsuak egiaztatzen badira.

3.– Enpresak enplegua sortu behar badu nahitaez, ez delako iristen gutxieneko inbertsio onartura, gehienez sei hilabete izango ditu sortzeko, denbora-horizonte onartua amaitzen denetik hasita. Sortutako enpleguari eutsi egin beharko zaio enpresa onuradunean, gutxienez hiru urtez, enplegua sortu den egunetik edo denbora-horizontea amaitzen denetik zenbatzen hasita. Justifikatzeko, hiru urteko batezbesteko aritmetikoak kalkulatu ahalko dira.

4.– Enpresak hasierako plantillari eutsi behar badio nahitaez, gutxieneko inbertsio onartura iritsi delako, enpresa onuradunak hasierako plantillari gutxienez hiru urtez eutsiko beharko dio, denbora-horizontean hasierako plantilla erdiesten duen unetik aurrera, luzapenak barne. Justifikatzeko, hiru urteko batezbesteko aritmetikoak kalkulatu ahalko dira.

5.– Enpresa taldeen kasuan, hasierako plantillari eustea edo, hala badagokio, sortutako enpleguaren justifikazioa eta jarraipena talde-mailan egitea enpresa nagusiari eta taldeko enpresa hauei dagokienez bakarrik bete beharko da: Nerbioi itsasadarraren ezkerraldean eta Oiartzualdean, eta Euskal Autonomia Erkidegoko urteko batezbestekoaren % 15etik gorako langabezia-tasa duten udalerrietan kokatuta dauden enpresak, 5.2 artikulukoak, proiektuan zehazten den industria-jarduerari lotuta dauden prozesuak dituztenak; horien arteko akzio-partaidetzak % 100ekoa izan beharko du.

9. artikulua.– Dirulaguntzen modalitatea eta zenbatekoa.

Agindu honen esparruan eman beharreko dirulaguntzak (ondoz ondoko lehia-prozeduraren bidez) itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak izango dira, eta ehuneko hauek izango dituzte:

– Enpresa handien kasuan, laguntza jaso dezakeen inbertsioaren % 10.

– ETEen kasuan, laguntza jaso dezakeen inbertsioaren % 15.

Dirulaguntzek gehieneko muga izango dute; izan ere, ezin izango dira 3.000.000,00 eurotik gorakoak izan enpresa bakoitzeko edo enpresa talde bakoitzeko.

10. artikulua.– Dirulaguntzen metaketa eta mugak.

Deialdi honetan jasotako dirulaguntzen xede berarekin beste administrazio publiko batzuek emandako dirulaguntzak bateragarriak izango dira, laguntza guztien baturak ez badu gainditzen estatuaren 2014-2020 aldirako eskualde-dirulaguntzei buruzko Gidalerroen 5.4 apartatuan (2014ko uztailaren 23ko AO, C 209) ezarritako muga. Horrelako laguntzarik jasoz gero, horren berri eman behar zaio Industria Garatzeko Zuzendaritzari.

Laguntza guztien baturak esandako muga gaindituz gero, agindu hau dela bide emandako laguntzari muga horretatik gorako kopurua kenduko zaio.

11. artikulua.– Prozedurari hasiera ematea.

1.– Dirulaguntzak publikotasun-, lehia- eta objektibotasun-printzipioei jarraiki emango dira, eta ebazpenak espedienteak osatu ahala emango dira.

2.– Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean hasiko da eskaerak aurkezteko epea; eta 2021eko urriaren 15ean amaituko da, 12:00etan, edo, 2. artikuluan adierazten den moduan, eskuragarri dauden funtsak agortzen direnean.

3.– Eskabideak aurreko lerrokadan adierazitako epean aurkeztu beharko dira. 651/2014 (EB) Erregelamenduaren, 2014ko ekainaren 17koaren, 2. artikuluaren 23. apartatuaren arabera –erregelamendu horren bidez, Ituneko 107. eta 108. artikuluak aplikatuta (2014ko ekainaren 26ko AO, L 187), baita 702/2014 (EB) Erregelamenduaren, Batzordearenaren, 2014ko ekainaren 25ekoaren, 2.25 artikulua (AO, L 193, 2014ko uztailaren 1ekoa) eta 1388/2014 (EB) Erregelamenduaren, Batzordearenaren, 2014ko abenduaren 16koaren, 3.11 artikulua (AO, L 369, 2014ko abenduaren 24koa) ere, barne-merkatuarekin bateragarritzat jotzen dira zenbait kategoria–, dirulaguntza jaso dezaketen inbertsioak ez dira hasi behar eskabideak aurkeztu baino lehen. Horrenbestez, ezin izango dira sartu aldez aurretik eginikoak, salbu eta Agindu honetako 7.3 artikuluko kasuan. Kasu horretan, lehenengo eskabidearen eta aldez aurretiko eskaeraren datak hartuko dira kontuan, hurrenez hurren.

12. artikulua.– Eskaerak aurkeztea.

1.– Agindu honetan ezarritakoaren arabera aurreikusitako laguntzak jasotzeko baldintzak betetzen dituzten enpresek edo enpresa taldeek eskabidea eta hurrengo artikuluan adierazitako dokumentazioa aurkeztu beharko dituzte.

2.– Administrazio-prozeduraren informazio-fitxa (bertan daude izapideak egiteko jarraibideak, eta haren bidez sar daiteke eskaera egiteko inprimakira) honako esteka honetan dago: https://www.euskadi.eus

Eskabideak, erantzukizunpeko adierazpenak eta gainerako dokumentuak aurkezteko eta eskabidearen osteko izapideak –jakinarazpenak barne– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» bidez egingo dira (https://www.euskadi.eus/nirekarpeta)

Helbide honetan eskuratu daitezke Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan onartutako identifikazio eta sinadura elektronikorako bitartekoak: https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak/

Eusko Jaurlaritzako ordezkarien erregistrora egoitza elektronikotik sar daiteke, helbide honen bidez: https://www.euskadi.eus/ordezkariak

3.– Behar bezala beteta aurkeztu beharko da eskabidea –bakarra izango da enpresak edo enpresa taldeak egitea aurreikusten dituen jarduketa guztietarako–, eta, erakunde eskatzailea ordezkatzeko legezko gaitasuna duen pertsonaren sinaduraz gain, hurrengo artikuluan adierazten diren agiriak izan behar ditu.

Enpresa talde gisa egin beharreko eskaera enpresa nagusiak aurkeztuko du, eta enpresa bakoitzak egin behar duen inbertsioa eta enplegua identifikatu beharko dira. Enpresa horiek 3.1 artikuluan ezarritakoa bete beharko dute.

4.– Eskatzaileek nahi duten hizkuntza ofizialean aurkeztu ahal izango dituzte dirulaguntzaren eskabidea eta eskatutako agiriak. Halaber, dirulaguntza-eskabidearen ondoriozko jardueretan, prozedurak irauten duen bitartean, eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legean xedatutakoa betez.

5.– Ez dira nahitaez aurkeztu beharko Administrazioak badauzkan indarreko dokumentuak. Kasu horretan, eskaeran bertan adierazi beharko da agiriok zein datatan eta zein organo edo bulegotan aurkeztu ziren.

6.– Eskatzaileek zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen dituztela automatikoki egiaztatuko du, behar beste aldiz, programa horrek kudeatzen dituen organoak, salbu eta modu arrazoituan aurka agertzen bada, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuak onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legean ezarritakoarekin bat etorriz, eta, orduan, betebehar horiek betetzen dituela egiaztatzen duen ziurtagiria aurkeztu beharko du.

13. artikulua.– Aurkeztu beharreko dokumentazioa.

1.– Enpresa edo enpresa talde eskatzaileak eskabide bat bete beharko du, eta, bertan, honako agiri hauek atxiki beharko ditu:

a) Eskatzaileak edo enpresa taldeko enpresa bakoitzak egin beharreko inbertsioen memoria xehatua. Hala badagokio, parte-hartzaileek beren konpromisoa sinatu beharko dute, eta bertan sartuko dira industria-plana, enpresaren plan ekonomiko-finantzarioa, lotutako lan-plana eta horretarako epeak.

b) Eratze-eskritura (enpresa eratu berria denean bakarrik), identifikazio fiskaleko txartela, eta pertsona eskatzailearen ahalordea, agiri horiek Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren esku badaude eta enpresan aldaketarik izan ez bada salbu.

c) Urteko kontuak eta dokumentazio osagarriaren kopiak, Merkataritza Erregistroan azken bi ekitaldietan aurkeztuak; halakorik aurkeztu ezean, sozietateen gaineko zergaren azken bi aitorpenak edo, hala badagokio, pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren azken bi aitorpenak. Enpresa beste enpresa batzuekin elkartuta edo haiekin lotuta badago, dokumentazio horrek horrela eratutako enpresa taldeari buruzkoa ere izan beharko du.

d) Enpresako edo enpresa taldeko plantillaren bilakaerari buruzko memoria xehatua, urteka. Memoria hori azken hiru ekitaldi ekonomikoei buruzkoa izango da, datuak sexuaren arabera bereizita egongo dira, eta Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiak igorritako dokumentuak barne hartuko ditu: «Alta-egoeran dauden langileen batez besteko plantilla» txostena, urteko deialdia argitaratu aurreko 12-36 hilabeteei dagokiena. Enpresa beste enpresa batzuekin elkartuta edo haiekin lotuta badago, dokumentazio horrek horrela eratutako enpresa taldeari buruzkoa ere izan beharko du.

e) Erakunde eskatzailearen erantzukizunpeko adierazpena. Administrazio- nahiz zigor-araudiaren mende geratuko da adierazpen hori, datu faltsuak eman ote diren egiaztatzeko honako alderdi hauei dagokienez:

– Proiektu bererako beste erakunde publiko edo pribatuei eskatu eta/edo haiengandik jasotako dirulaguntzak.

– Erakunde eskatzailea ez dela epai irmo batez kondenatua izan laguntza edo dirulaguntza publikoak lortzeko aukeraz gabetzeko zigorrera, edota delitu hauetakoren bat egiteagatik: prebarikazioa, funtzionario-eroskeria, ondasun publikoak bidegabe erabiltzea, influentzia-trafikoa, iruzurrak eta legearen aurkako ordainarazpenak edo hirigintza-delituak.

– Erakundeak ez duela eskatu borondatezko konkurtsoaren deklaraziorik, prozeduraren batean kaudimengabetzat ez dela jo, konkurtsoan deklaratuta ez dagoela, salbu eta horretan eraginkortasuna hartu badu hitzarmen batek, esku-hartze judizialaren pean ez dagoela edota ez dutela desgaitu Konkurtsoari buruzko uztailaren 9ko 22/2003 Legearen arabera, konkurtsoaren kalifikazio-epaian ezarritako desgaikuntza-aldia amaitu ez bada.

– Kausaren batean errudun deklaratua izateagatik administrazioarekin egindako kontraturen baten suntsiarazpen irmorik ez duela eragin.

– Pertsona fisikoa, merkataritza-sozietateetako administratzaileak edo beste pertsona juridiko batzuen legezko ordezkaritza dutenak ez daudela honako lege hauetan jasotako kasuren batean: 3/2015 Legea, martxoaren 30ekoa, Estatuko Administrazio Orokorreko goi-kargudunen jarduna arautzen duena; 53/1984 Legea, abenduaren 26koa, administrazio publikoen zerbitzura dauden langileen bateraezintasunena; edo Hauteskunde Erregimen Orokorraren ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoan araututako kargu hautetsiak izatea, lege horretan edo gai horiek arautzen dituen Euskal Autonomia Erkidegoko araudian ezarritako baldintzetan.

– Zerga-egoitza ez duela erregelamenduz zerga-paradisu gisa kalifikatutako herrialde edo lurralde batean.

– Laguntzak itzultzeko betebeharrak ordainduta dituela.

– Dirulaguntzak lortzeko aukera galtzeko zehapena jaso ez duela ebazpen irmo baten bidez.

– Honako enpresa hauei ere eragiten dieten dirulaguntzak jasotzeko debekurik ez duela: zuzendaritzan dauden pertsonei edo bestelako inguruabarrei erreparatuz, presuntzioa ezar badaiteke debekua jaso duten beste enpresa batzuen jarraipena edo ondorena direla, eraldatze, bat-egite edo ondorengotza bitartez.

– Berreskuratzeko agindu baten mende ez egotea, Batzordeak aurretiaz hartutako erabaki baten bidez laguntza bat legez kanpokotzat eta barne-merkatuarekin bateraezintzat jo izanaren ondorioz, eta krisialdian dagoen enpresa bat ez izatea.

2.– Eskabideak ez badira osorik betetzen, edo haiekin batera ez bada adierazitako dokumentazioa aurkezten, erakunde eskatzaileari hamar egun balioduneko epea emango zaio (bitarteko elektronikoen bidez eskatuko zaio) hutsegitea bitarteko berak erabiliz konpontzeko edo behar diren dokumentuak aurkezteko. Horrez gain, adieraziko zaio hori egin ezean eskabidean atzera egin duela ulertuko dela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen Legean aurreikusten den moduan.

3.– Nolanahi ere, dirulaguntza hauen organo kudeatzaileak (Industriaren eta Energia Trantsizioaren zuzendariak) beste edozein agiri edo informazio eskatu ahal izango die erakunde eskatzaileei, beharrezkotzat jotzen badu haiek aurkeztutako eskabidea behar bezala ulertu, ebaluatu eta tramitatu ahal izateko. Agindu honetan berariaz aurreikusi ez diren gaietan, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean xedatutakoa aplikatuko da.

14. artikulua.– Dirulaguntzak ematea.

1.– Industriako sailburuordeak, Industriaren eta Energia Trantsizioaren Zuzendaritzak txostena egin eta gero, espedientea osatuta dagoenetik gehienez ere sei hilabeteko epean, administrazioaren ebazpena emango du. Ebazpen horretan, baiezkoa bada, eskatzailearen identifikazioa eta onartutako inbertsio-plana jasoko ditu, eta dirulaguntza jaso dezakeen inbertsioa eta sortu beharreko enplegua zehaztuko ditu, eta, ondorioz, baita emandako laguntza ere. Ebazpena ezezkoa bada, horren arrazoiak zehaztuko ditu. Epe hori inolako ebazpenik jakinarazi gabe bukatzen bada, laguntza-eskabidea ezetsi dela ulertu beharko dute interesdunek, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25.1 artikuluan aurreikusitakoaren ondorioetarako.

Enpresa taldearen kasuan, administrazio-ebazpenak onartu den inbertsio-plana jasoko du; era berean, diruz lagun daitekeen inbertsioa eta emandako laguntza zehaztuko ditu, enpresa bakoitzaren kasuan. Sortutako enplegua edo plantillari eustea talde-mailan bakarrik hartuko da kontuan, enpresa nagusiari eta taldeko enpresa hauei dagokienez: Nerbioi itsasadarraren ezkerraldean eta Oiartzualdean, eta Euskal Autonomia Erkidegoko urteko batezbestekoaren % 15etik gorako langabezia-tasa duten udalerrietan kokatuta dauden enpresak, 5.2 artikulukoak, proiektuan zehazten den industria-jarduerari lotuta dauden prozesuak dituztenak; horien arteko akzio-partaidetzak % 100ekoa izan beharko du.

2.– Urte anitzeko inbertsioen kasuan, ebazpenak dirulaguntza jaso dezakeen inbertsioa zein den adieraziko du, baita emandako dirulaguntzaren zenbatekoa ere, ekitaldi bakoitzean onartutako inbertsio-planaren arabera emango dena.

3.– Ebazpenak ez dio amaierarik ematen administrazio-bideari eta, haren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkez dezakete erakunde interesdunek organo eskudunaren aurrean, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluei jarraikiz.

4.– Ebazpenak banan-banan jakinaraziko zaizkio, bitarteko elektronikoak erabiliz, eskatzaile bakoitzari eta, horrez gain, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian urtero emango da argitara esleipendunen eta emandako laguntzen zenbatekoen zerrenda, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 49.2 artikuluan xedatutakoari jarraikiz.

5.– Agindu honetan ezarritako dirulaguntzak erakunde onuradunei emateko eta, hala badagokio, ordaintzeko, ezinbestekoa izango da amaituta egotea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko dirulaguntzen edo laguntzen esparruan hasitako edozein itzultze- edo zehatze-prozedura, oraindik izapidetzen ari bada.

6.– Emateko edo ukatzeko ebazpenaren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote interesdunek Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuari hilabeteko epean, ebazpenaren jakinarazpena jaso eta hurrengo egunetik aurrera, edo, hiru hileko epean administrazio-isiltasunaren ondorioak gertatu eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluek xedatzen dutenarekin bat.

15. artikulua.– Dirulaguntzak justifikatzea eta ordaintzea.

1.– Enpresa onuradunak honako dokumentu hauek bete eta aurkeztu beharko ditu, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» bidez: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta edo www.spri.eus/laguntzak/indartu

a) Dirulaguntza ematean ezarritako baldintzak betetzen direla justifikatzen duen jarduketaren memoria, egin diren inbertsioak adierazita. Memoria horretan berariaz adieraziko da, laguntza eman ondoren, ez duela berreskuratzeko agindurik, laguntza bat legez kanpokoa eta merkatu erkidearekin bateraezina dela adierazten duen Europar Batasuneko Batzordearen erabaki baten ondorioz.

b) Egindako inbertsioen kostua justifikatzen duen memoria ekonomikoa, jardueraren gastu eta inbertsioen zerrenda sailkatuarekin, eta bertan alderdi hauek zehaztuta: hartzekodunaren eta dokumentuaren identifikazioa, fakturak (BEZa kanpo), zenbatekoa, zer datatan eman den, eta, hala badagokio, ordainketa-data. Dirulaguntza ematean (aurkeztutako aurrekontuarekin bat etorriz), gertatutako desbideratzeak adieraziko dira, eta enpresak dituen baliabideen zenbatekoaren, jatorriaren eta aplikazioaren zerrenda xehatua erantsiko da, baliabide horiek gutxienez diruz lagun daitekeen inbertsioaren % 25 osatzen badute.

c) EAEko Administrazioari ez bazaio baimentzen zuzenean eska diezaien kasuan kasuko organoei, enpresak edo enpresa taldeko enpresek zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen dituztela egiaztatzen duten agiriak.

Aitortutako inbertsioak, berriz, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren Administrazioaren Lurralde Ordezkaritzek ikuskatuko dituzte. Behin betiko fakturek bat etorri beharko dira lehen aipatutako fakturen koadroan zehaztutakoekin. Fakturak ikuskatzaileen esku egon beharko dira, eta, fakturetan, jaulkitze-dataz gain, hartzekodunaren identifikazioa jaso beharko da (erakunde edo enpresa hornitzailearen IFZ eta izen soziala), bai eta ordainketa-dokumentuak ere, zenbatekoa (BEZa banakatua) eta ordaintzeko data adierazita. Horrez gain, beharrezkotzat jotzen den dokumentazio eta informazio osagarri guztia eskatu ahal izango da, adierazitakoa egiaztatzeko.

2.– Laguntza ordaindu baino lehen, aurreko lerrokadan adierazitako alderdiak egiaztatu ostean eta Industriaren eta Energia Trantsizioaren Zuzendaritzako langile teknikoek sinatutako ordainketa-proposamenaren txostena aztertu eta gero, organo kudeatzaileak ebazpena emango du. Ebazpen horretan, enpresa onuradunari ordaindu behar zaion zenbatekoa (osoa edo partziala) adieraziko du. Dirulaguntzak, gehienez ere, urtean bi aldiz ordainduko dira. Ordainketa horien zenbatekoa justifikatutako inbertsioekiko proportzionala izango da.

3.– Inbertsioak egiteko epea amaituta, enpresak bi hilabete izango ditu inbertsioei buruzko azken aitorpena aurkezteko. Epe hori igarota, egindako inbertsioak ebaluatuko dira, ordura arte aurkeztutako inbertsioen aitorpenetan oinarrituta. Industriaren eta Energia Trantsizioaren Zuzendaritzako langileek kasuan kasuko laguntzaren azken likidazioaren txostena egingo dute, justifikatutako inbertsioen partidari buruzkoa.

4.– Enpresa batek laguntza ez-legitimo bat badu, zeinaren gainean Europako Batzordea kontrako erabakia hartu baitu, hura berreskuratzeko aginduarekin, eta laguntza hori itzulita ez badago, azken ordainketarako eskabidearekin batera aurkeztu beharko da hura ezeztatzeko justifikazioa. Izan ere, programa honen esparruan emandako laguntza ez da ordainduko aipatutakoa justifikatu arte.

5.– Emandako laguntza ordaindu aurretik, enpresa onuradunak zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak betetzen dituela egiaztatuko da, baita dirulaguntzak itzultzeagatiko betebeharrak ordaindu dituela ere, eta ez da ordainketarik egingo betebehar horiek betetzen ez baditu.

16. artikulua.– Onuradunen betebeharrak.

Agindu honetan araututako dirulaguntzen onuradunek honako betebehar hauek izango dituzte:

1.– Emandako laguntza onartzea. Onuradunak, dirulaguntzaren ordainketa jaso aurretik, edozein momentutan uko egin ahal izango dio laguntzari, berariaz eta idatziz.

2.– Laguntza hori eman den helbururako erabiltzea.

3.– Inbertsioa gauzatu dela eta hasierako enplegua eta, hala badagokio, sortutako enplegu berria mantendu dela justifikatzea, gutxienez hiru urtez.

4.– Sortutako enpleguari eusteko eta inbertsioa exekutatzeko epearen barruan, organo kudeatzaileari eskatzen zaion informazio osagarri oro igortzea; hala, proiektua garatu eta exekutatzeari dagokienez, Administrazioak egokitzat jotzen dituen egiaztapenak egin ahal izango ditu.

5.– Inbertsio-proiektuari lotutako behin betiko fakturak artxibatzea, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak haiek eskuratzeko moduan jartzea, bost urtez.

6.– Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak, agindu honen kargura jasotako dirulaguntzari dagokionez beren betekizunak betetzen ari direla, onuradunei eskatutako informazio guztia erakundeoi ematea.

7.– Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailari jakinaraztea helburu bera edo antzekoa betetzeko dirulaguntzak edo laguntzak, diru-sarrerak edo baliabideak eskatu edo lortu direla beste edozein administraziotatik edo erakunde publiko nahiz pribatutatik.

8.– Enpresak laguntza ez-legitimo bat badu, Europako Batzordeak dirulaguntza eman ostean erabaki negatiboa hartu duelako eta, ondorioz, itzultzeko agindua duelako, eta oraindik itzuli ez badu, horren berri eman beharko zaio Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailari.

9.– Administrazioarekin kontratuak eta hitzarmenak egiten dituzten erakundeei eta harengandik laguntzak jasotzen dituztenei Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legeak ezartzen dizkien betebeharrak betetzea, hala nola tratu berdinean oinarritutako printzipioaren mende jardun beharra, aukera-berdintasuna eta langileen aniztasunari eta desberdintasunei zor zaien errespetua.

10.– Diruz lagun daitezkeen kontratuen finantzaketaren izaera publikoaren publizitate egokia egitea, hori islatzeko logotipoa jarrita, Dirulaguntzen azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 18.4 artikuluan xedatutako baldintzei jarraikiz.

11.– Eman den laguntzaren indarraldian zehar egunean izatea zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, eta jasotako funtsak itzultzea, itzultzeko ebazpen baten ondorioz zorrak izanez gero.

12.– Enpresaren deslokalizaziorik ez egiteko konpromisoa bereganatzea. Enpresa onuradunaren ekoizpen osoa edo zati bat Euskal Autonomia Erkidegotik kanpo eramatea ulertuko da deslokalizazio gisa.

13.– Lagundutako inbertsioek, enpresa handien kasuan, gutxienez bost urteko amortizazio-aldia izango dute, eta enpresaren aktiboan gutxienez bost urte iraungo dute. ETEen kasuan, aldi horiek hiru urtekoak izango dira.

14.– Laguntza jaso dezaketen aktibo immaterialak onuradunaren establezimenduan soilik ustiatu beharko dira, aktiboko elementu amortizagarritzat jo beharko dira, hirugarren bati erosi beharko zaizkio merkatuko baldintzetan eta gutxienez bost urte egin beharko dituzte enpresaren aktiboan. ETEen kasuan, aldi hori hiru urtekoa izango da.

15.– Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko testu bateginaren 50.2 artikuluan (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartutakoa), Dirulaguntzen azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. eta 46. artikuluetan eta horiek garatzeko arauetan aurreikusitakoaren arabera eska daitekeen beste edozein betebehar.

17. artikulua.– Laguntzaren baldintzak aldatzea.

1.– Laguntza eman zuen ebazpena aldatu ahal izango da, laguntzaren xedea beteta, eta laguntzak ematerakoan kontuan hartu zen betekizunen bat aldatzen bada, edota beste dirulaguntza bat lortzen bada beste edozein erakunde publiko nahiz pribatu batetik; baina, horretarako, Agindu honetan onuradun izateko ezarritako betekizunak bete behar dira.

2.– Ondorio horietarako, erakunde eskatzaileak inbertsioa egiteko aurreikusitako epeak nahitaezkoak izango dira. Dena den, enpresa onuradunak aldez aurretik eskabidea egin eta justifikatuz gero, onetsitako denbora-horizontea amaitu baino lehen, dirulaguntzak eman zituen administrazio-organoak luzapenak eman ahal izango ditu –12 hilabete gehienez– egin beharreko inbertsioak egiteko, betiere alegatutako arrazoiek hori justifikatzen badute. Luzapen horrek –luzapenik egonez gero– ez du igoerarik eragingo emandako laguntzaren zenbatekoan.

18. artikulua.– Ez-betetzeak.

1.– Enpresa onuradunak Agindu honetan ezarritako betekizunak, aplikatu behar diren gainontzeko arauak eta dirulaguntzak emateko ebazpenean ezartzen direnak betetzen ez baditu, organo eskudunak, ez-betetzearen espedientea egin eta interesdunari entzunaldia eskaini eta gero, dirulaguntza bertan behera uzteko administrazio-ebazpena emango du. Horrek laguntza jasotzeko eskubidearen galera eragingo du eta, hala badagokio, baita Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari jasotako dirulaguntzen tronkoa eta dagozkion berandutze-interesak itzuli beharra ere, betiere honako arauetan ezarritako terminoetan: azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko testu bategina onestekoa; abenduaren 17ko 698/1991 Dekretua; Dirulaguntzen azaroaren 17ko 38/2003 Legea; eta horiek garatzeko arauak. Zenbateko horiek diru-sarrera publikotzat hartuko dira, legezko ondorioei dagokienez.

Halaber, jasotako kantitateak itzuliko dira eta dirulaguntzen arloan aplikatzekoa den berandutze-interesak eskatuko dira, honako hauetan ezarritakoaren arabera: Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorreko 37. artikulua, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 91. artikulutik 93. artikulura, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Testu Bategineko 53.1 artikulua.

2.– Ez-betetzeen artean honako hauek daude:

a) Agindu honen 6.a) artikuluan inbertsioari dagokionez ezarritako gutxienekoak ez betetzea.

b) Enplegua ez mantentzea agindu honen 8. artikuluan zehaztutako baldintzen arabera.

c) Onartutako inbertsioak ez hastea 2021eko ekitaldian.

d) Aurkeztutako eskabidean inbertsioetarako aurreikusitako epeak ez betetzea.

e) Enpresak deslokalizatzea. Enpresa onuradunaren ekoizpen osoa edo zati bat Euskal Autonomia Erkidegotik kanpo eramatea ulertuko da deslokalizazio gisa.

AZKEN XEDAPENA

Agindu honen aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio organo honi, hilabeteko epean; bestela, zuzenean administrazioarekiko auzien jurisdikzioan ere aurkaratu ahal izango da, bi hileko epean, argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.

Vitoria-Gasteiz, 2021eko ekainaren 9a.

Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburua,

MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.


Azterketa dokumentala