Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

119. zk., 2021eko ekainaren 18a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

GOBERNANTZA PUBLIKO ETA AUTOGOBERNU SAILA
3492

AGINDUA, 2021eko maiatzaren 26koa, Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuarena, zeinaren bidez Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzen baita Derandein Fundazioa izeneko fundazioaren estatutuetan egindako aldaketa.

2021eko apirilaren 22an, eskabide bat sartu zen Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailean, Derandein Fundazioa izeneko fundazioaren estatutuen aldaketa Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzeko. Aldaketa hori fundazioaren helburuak zabaltzeko egin zen. Fundazioaren patronatuak 2021eko martxoaren 10ean erabaki zuen aldaketa, eta eskritura publiko bihurtu zen Bilbon 2021eko apirilaren 22an Juan Ignacio Gomeza Villa notario jaunaren aurrean (protokolo-zenbakia: 765). Eskabide-idazkiari espedienteko dokumentazioa erantsi zitzaion.

Erabakitako aldaketaren ondoren, estatutuen 3. artikuluaren 1. apartatua honela idatzita geratuko da:

1.– Fundazioaren interes orokorreko helburuak honako hauek dira:

Pertsona eta populazio kalteberen bizi-baldintzak hobetzea, eskubideen ikuspegitik, Hezkuntza, Osasun eta Etxebizitzako oinarrizko premiei erantzunez.

Gizarte-erantzukizun korporatiboa eta giza eskubideen arloko arreta egokia aztertzea, garatzea eta aplikatzea edo ezartzea, ahalik eta modurik zabalenean (adibidez, araudizkoa eta nahitaez bete beharrekoa, gardentasuna eta kontuak ematea, elkartasuna, erantzukidetasuna, giza eskubideen errespetua, ingurumena, interes-taldeekiko elkarrizketa, eta gizarte- eta erakunde-lankidetza, besteak beste) enpresentzat, konpainientzat eta erakunde publiko eta pribatuentzat.

Beraz, honako hauek izango dira Fundazioaren helburuak:

a) Garapenerako eta laguntza humanitariorako nazioarteko lankidetza, pobrezia desagerrarazteko eta elkartasuna sustatzeko mekanismo gisa, pertsona eta populazio kalteberen hezkuntza-, osasun-, ekonomia- eta gizarte-baldintzak hobetuz.

b) Garapenerako eta gizarte-eraldaketarako hezkuntza EAEn, sentsibilizatzeko, kontzientziatzeko, kulturartekotasuna finantzatzeko eta gizarte-desberdintasunei buruzko kontzientzia kritikoa sustatzeko tresna gisa.

c) Baliabiderik ez duten pertsonei eta kolektibo kalteberei hezkuntza eta arreta integrala ematen diharduten proiektu, establezimendu edo erakundeei zuzenean edo laguntza ekonomikoen bidez laguntzea, artikulu honetako 1. epigrafearen arabera.

d) Enpresetan eta enpresa-erakundeetan, irabazi asmorik gabeko erakundeetan, konpainietan eta erakunde publiko eta pribatuetan giza eskubideen arloko behar adinako arreta eta erantzukizun sozial korporatiboko proiektuak gauzatzea edo inplementatzea, eta berdintasunaren eta diskriminaziorik ezaren, giza eskubideen errespetuaren, elkartasunaren, gardentasunaren eta kontu-ematearen, ingurumenaren eta interes-taldeekiko elkarrizketaren arloetan azaltzea eta ez mugatzea, eta lankidetza sozial eta instituzionalerako.

Horrez gain, 5. eta 29. artikuluak aldatzen dira, fundazioaren jardueren onuradunei eta jarduera horien garapenari buruzkoak, hurrenez hurren, helburuak zabaltzearekin bat etorriz.

Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babesletzak erabakitako xedeen aldaketari berariazko onarpena emateko txostena egin du.

Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuari dagokio estatutuak aldatzeko espediente hau agindu bidez ebaztea, hauekin bat etorriz: Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babesletzaren eta Erregistroaren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 23ko 115/2019 Dekretuaren 3.1.a) artikulua; Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta horien eginkizunak eta jardun-arloak zehazten dituen lehendakariaren irailaren 6ko 18/2020 Dekretuaren 7.1.n) artikulua, eta Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen dituen urtarrilaren 19ko 8/2021 Dekretuaren 3.1 artikulua.

Espedienteari funtsezko iritzitako datu eta dokumentu guztiak erantsi zaizkio, eta bereziki bete dira Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 2ko 9/2016 Legearen 37. eta 51.2 artikuluetan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babesletzaren eta Erregistroaren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 23ko 115/2019 Dekretuaren 42. artikuluan aurreikusitako baldintzak. Horrenbestez, estatutuen aldaketa bat dator aplikagarriak diren lege eta erregelamenduetan ezarritakoarekin.

Hori guztia kontuan hartuta, hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Derandein Fundazioa izeneko fundazioaren estatutuen aldaketa Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzea, fundazioaren helburuak zabaltzeko, agindu honen datarekin, Juan Ignacio Gomeza Villa notario jaunaren aurrean 2021eko apirilaren 22an egiletsitako eskritura publikoan aurreikusitako baldintzetan (protokolo-zenbakia: 765).

Bigarrena.– Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea eta interesdunei bidaltzea.

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, ondorioz, honen aurka aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez daiteke Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburu honen aurrean, agindua jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera, hilabeteko epean; bestela, Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hileko epean, agindua jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2021eko maiatzaren 26a.

Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburua,

OLATZ GARAMENDI LANDA.


Azterketa dokumentala