119. zk., 2021eko ekainaren 18a, ostirala
- Bestelako formatuak:
- PDF (478 KB - 29 orri.)
- EPUB (1281 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
AGINTARIAK ETA LANGILERIA
Oposaketak eta lehiaketak
BERDINTASUN, JUSTIZIA ETA GIZARTE POLITIKETAKO SAILA
3488
AGINDUA, 2021eko maiatzaren 18koa, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuarena, zeinaren bidez berariazko lehiaketa baterako deialdia egiten baita Prozesu eta Administrazio Kudeaketako, Prozesu eta Administrazio Izapidetzako eta Laguntza Judizialeko kidegoetarako, eginkizunak edo hizkuntza direla-eta bereziturik dauden lanpostuak betetzeko.
Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 6.1 artikuluan ezarritakoaren arabera, herritar guztiek dute euskara nahiz gaztelania erabiltzeko eskubidea Euskal Autonomia Erkidegoko herri-administrazioarekiko harremanetan.
Botere Judizialaren uztailaren 1eko 6/1985 Lege Organikoaren 532. eta 533. artikuluetan eta Justizia Administrazioko Funtzionarioen Sarbiderako, Lanpostu Hornikuntzarako eta Lanbide Sustapenerako Arautegia onartu zuen abenduaren 7ko 1451/2005 Errege Dekretuaren 49. artikuluan eta hurrengoetan ezarritakoarekin bat etorriz, eginkizunak edo hizkuntza direla-eta bereziturik dauden plaza hutsak betetzeko berariazko lehiaketa iragartzen da, Prozesu eta Administrazio Kudeaketako, Prozesu eta Administrazio Izapidetzako eta Laguntza Judizialeko kidegoetako funtzionarioen artean eta Euskal Autonomia Erkidegoko lurralde-eremuan. Lanpostu horiek eranskinean daude jasota, eginkizunak edo hizkuntza direla-eta bereziturik dauden lanpostuen zerrendan.
Bat etorriz Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen urtarrilaren 19ko 12/2021 Dekretuaren, hau
EBAZTEN DUT:
1. artikulua.– Xedea.
Deialdi honen xedea da eginkizunak edo hizkuntza direla-eta bereziturik dauden lanpostu hutsak betetzea, berariazko lehiaketa baten bidez, Prozesu eta Administrazio Kudeaketako, Prozesu eta Administrazio Izapidetzako eta Laguntza Judizialeko kidegoetan. Lanpostu horiek eranskinean daude jasota, eginkizunak edo hizkuntza direla-eta bereziturik dauden lanpostuen zerrendan.
2. artikulua.– Parte hartzeko eskakizunak.
1.– Eskakizun orokorrak:
a) Lehiaketa honetan, parte hartu ahal izango dute Prozesu eta Administrazio Kudeaketako, Prozesu eta Administrazio Izapidetzako eta Laguntza Judizialeko kidegoetako karrerako funtzionarioek, euren administrazio-egoera edozein dela ere, b) apartatuan adierazitako egoeretako batean daudenek izan ezik, baldin eta eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean deialdi honetan ezarritako baldintza orokorrak eta eskakizunak betetzen badituzte. Lehiaketaren behin betiko ebazpena eman arte jarraitu behar da baldintzak eta eskakizunak betetzen.
Zerbitzu aktiboan diren funtzionarioek egoera horri eutsi beharko diote, harik eta lehiaketa behin betiko ebatzi arte. Zerbitzu berezietan edo senideak zaintzeko borondatezko eszedentzian direnak, erreserbatutako lanpostura itzultzen badira, ez dira baztertuko lehiaketan parte hartzetik. Ez dira baztertuko, halaber, zerbitzu aktiboan dauden funtzionarioak, zerbitzu berezietara edo familiakoak zaintzeko borondatezko eszedentziara pasatzen direnak.
Lehiaketan parte hartzetik kanpo geratuko dira zerbitzu aktiboan, zerbitzu berezietan edo familiakoak zaintzeko borondatezko eszedentzian dauden funtzionarioak, baldin eta, lehiaketa ebazteko prozesuan zehar, egoera hauetara aldatzen badira: sektore publikoan zerbitzuak egiteagatiko borondatezko eszedentziara; interes partikularrengatiko eszedentziara; familia elkartzeagatiko borondatezko eszedentziara edo behin betiko eginkizun-gabetzera.
b) Hauek ezin izango dute lehiaketa honetan parte hartu:
– Eginkizun-gabetze irmoa ezarrita duten funtzionarioek, gabetze horrek dirauen bitartean.
– Interes partikularrarengatik borondatezko eszedentzian dauden auzitegiko medikuek, egoera horretan egon behar duten gutxieneko aldiak dirauen bitartean.
– Nahitaezko lekualdatzearekin zigortuta daudenek. Zigorra ezarri zitzaien herrian destinoa lortzeko lehiaketan ezin izango dute parte hartu urte bat edo hiru igaro arte, falta astuna edo oso astuna izan den kontuan hartuta, hurrenez hurren.
c) Berariazko lehiaketa honetan parte hartzeko gutxieneko denbora arautzeko, bat etorriz abenduaren 7ko 1451/2005 Errege Dekretuaren 49.7 artikuluan xedatutakoarekin, ez da aplikatuko dekretu horren 46.1 artikuluan ezarritako muga.
d) Lehiaketa honetan, parte ahal izango dute berariazko lehiaketaren bidez edo izendapen askearen bidez bereziturik dagoen lanposturen bat betetzen ari diren funtzionarioek, lanpostua jabetzan hartu zutenetik gutxienez urtebete bete badute betiere, bat etorriz abenduaren 7ko 1451/2005 Errege Dekretuaren 54. edo 62. artikuluetan xedatutakoarekin.
2.– Berariazko eskakizunak:
Hizkuntza dela-eta bereziturik dagoen lanposturako hautagai parte-hartzaileak behar den hizkuntza-eskakizuna izan beharko du eskabideak aurkezteko epea bukatutakoan.
3. artikulua.– Eskainitako lanpostuak.
Lehiaketa honen bidez bete beharreko lanpostuak agindu honen eranskinean jasotakoak dira, eginkizunak edo hizkuntza direla-eta bereziturik dauden lanpostuen zerrendan. Justizia Administrazioko Zuzendaritzak erresulta gisa bideratuko ditu eginkizunak edo hizkuntza direla-eta bereziturik dauden eta lehiaketa honen ebazpenaren ondorioz hutsik geratzen diren lanpostuak.
Horretarako, agindu hau argitaratzen denetik eta eskabideak aurkezteko epeak irauten duen bitartean, euskadi.eus webgunean argitaratuko da deitutakoen izaera bereko lanpostuen zerrendako zein eska daitekeen. Tartekatuta eskatu ahal izango dira lanpostu hutsak eta erresultak.
Ez dira erresultatzat hartuko honekin batera egiten diren beste lehiaketa batzuetan parte-hartzaileek bete gabe uzten dituzten plazak.
4. artikulua.– Eskabideak aurkezteko ereduak eta epeak.
1.– Lehiaketa honetan parte hartu nahi duten langileek bitarteko elektronikoen bitartez egin beharko dituzte honako izapide hauek:
a) Lehiaketa honetan parte hartzeko eskabidea aurkeztea.
b) Hala badagokio, eskabidearekin batera aurkeztu behar diren dokumentuak aurkeztea.
2.– Izapide horiek egiteko, funtzionario parte-hartzaileek Eusko Jaurlaritzaren sinadura elektronikoaren ziurtagiriak erabili beharko dituzte, https://www.euskadi.eus/medios-de-identificacion-electronica-admitidos/web01-sede/es/ hauek, hain zuzen:
a) Izenpek pertsona fisikoei emandako ziurtagiriak, B@kQ barnean hartuta.
b) Diruaren eta Zerga Zigiluaren Fabrika Nazionalaren software-formatuko sinadura elektronikoaren ziurtagiriak (pertsona fisikoenak).
c) NAN elektronikoa.
3.– Parte hartzeko eskabidea eta, hala badagokio, eskabidearekin batera aurkeztu beharreko dokumentuak aurkezteko, merezimenduak alegatzeko eta egiaztatzeko, eta destinoa aukeratzeko, horretarako prestatutako inprimaki elektronikoa erabiliko da, zeina hemen baitago eskuragarri: www.euskadi.eus/servicios/10844
4.– Bitarteko elektronikoak erabili gabe aurkeztutako eskabideak eta deialdiari loturiko bestelako dokumentuak aurkeztu gabekotzat hartuko dira.
5.– Deialditik eratorritako jarduketak euskadi.eus webgunean argitaratuko dira, hargatik eragotzi gabe beste bitarteko batzuen bidez argitaratzea, bat etorriz oinarri hauetan xedatutakoarekin.
6.– 10 egun balioduneko epean aurkeztu beharko dira eskabideak, deialdi hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Ezin bada bi aldizkarietan aldi berean argitaratu, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera hasiko dira epeak.
Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Saileko Justizia Administrazioko zuzendariari bideratuko zaizkio eskabideak.
7.– Parte-hartzaile bakoitzak lehentasun-hurrenkeraren arabera eskatu ahal izango ditu eskainitako lanpostuak, baldin eta lanpostu horietarako eskakizunak betetzen baditu.
8.– Eskabidearekin batera, hau aurkeztu beharko da:
– Alegatutako euskarazko hizkuntza-eskakizunaren egiaztagiri ofiziala edo tituluaren homologazioa, baldin eta Administrazioari baimenik ematen ez bazaio Euskara Tituluen eta Ziurtagirien Erregistro Bateratuan egiaztatzeko.
– Zuzenbide-lizentziatura edo -graduaren ziurtagiri ofiziala, lanpostua dela-eta bereziturik dauden lanpostuetarako, salbu eta Administrazio honi baimena ematen badio Hezkuntza Ministerioaren unibertsitate-tituluen Erregistroan egiazta dezan (1992tik aurrera lortutako tituluetarako bakarrik, edo lehenago lortutakoetarako, erregistratzeko eskatu bada).
9.– Horiez gain, hauek aurkeztu behar dituzte Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Administraziokoak ez diren funtzionarioek:
– Nork bere kidegoko funtzionario izendatu izanaren agiria.
– Jabetzan betetako azken lanpostua jabetzan hartu izanaren eginbidea.
– Kidegoan karrerako funtzionario gisa egindako zerbitzuen ziurtagiri eguneratua. Emandako zerbitzuak agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunera arte zenbatuko dira.
10.– Lehiaketa honetan parte hartzen duen parte-hartzaile bakoitzak eskaera bakarra egin ahal izango du.
11.– Eskabideak aurkezteko epea bukatu ondoren, ezin izango dira egindako eskabideak deuseztatu edo aldatu.
12.– Eskabideak aurkezteko aldia bukatu ondoren, egindako eskaera loteslea izango da.
5. artikulua.– Faseak eta baremoa.
Berariazko lehiaketa honek zenbait fase ditu:
1.– Lehenengo fasea: merezimendu orokorrak egiaztatu eta baloratzea.
a) Antzinatasuna: kidegoan emandako zerbitzuengatik, bi puntu emango dira zerbitzuan emandako urte oso bakoitzeko; epe laburragoak, berriz, proportzionalki zenbatuko dira (0,0055555 eguneko). Horretarako, hilabeteak hogeita hamar egunekoak direla joko da, eta, urteak, berriz, 360 egunekoak. Kontzeptu horretan, 60 puntu emango dira gehienez.
b) Euskara jakitea: lanpostuan jarduteko eskatzen den baino euskararen jakite-maila altuagoa egiaztatzeak 12 punturainoko balioa izango du, baina honetarako bakarrik.
Adierazitako jakite-maila hori behar bezala egiaztatu beharko da aurkeztutako tituluaren eta titulu horri dagokion mailaren ziurtagiri ofizialaren edo homologazioaren bitartez, eta horiek eskabideak aurkezteko epearen barruan entregatu beharko dira, baldin eta Administrazioari baimenik ematen ez bazaio Euskara Tituluen eta Ziurtagirien Erregistro Bateratuan egiaztatzeko.
Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Administrazioko hizkuntza-normalkuntzari buruzko ekainaren 29ko 174/2010 Dekretuan eta autonomia-erkidego horren eremuan gauzatu ahal izango diren euskararen normalizazio-planetatik eratorritako gainerako xedapenetan ezarritakoaren arabera, honako irizpide hauek hartuko dira kontuan:
– Hizkuntza-eskakizuna esleitu gabe duten lanpostuak:
● 2. hizkuntza-eskakizuna egiaztatzea: 6 puntu.
● 3. hizkuntza-eskakizuna egiaztatzea: 8 puntu.
● 4. hizkuntza-eskakizuna egiaztatzea: 12 puntu.
– 2. hizkuntza-eskakizuna esleituta duten lanpostuak:
● 3. hizkuntza-eskakizuna egiaztatzea: 8 puntu.
● 4. hizkuntza-eskakizuna egiaztatzea: 12 puntu.
– 3. hizkuntza-eskakizuna esleituta duten lanpostuak:
● 4. hizkuntza-eskakizuna egiaztatzea: 12 puntu.
2.– Bigarren fasea: berariazko merezimenduak baloratzea Prozesu eta Administrazioko kudeatzaileen eta eta Bakegintzako idazkarien lanpostuetarako.
Euskaraz jakiteaz gain, Prozesu eta Administrazioko kudeatzaileen eta Bakegintzako idazkarien lanpostuetarako, honako berariazko merezimendu hauek ere baloratuko dira, lanpostuen ezaugarriei eta edukiei erreparatuta egokiak baitira: kontzeptu horretan, 28 puntu emango dira gehienez.
a) Zuzenbideko lizentziatura edo gradua egiaztatzeak 10 puntu emango ditu.
b) Prozesu eta Administrazioko kudeatzaileen eta Bakegintzako idazkarien berariazko lanpostuetan egindako zerbitzuak: 1,2 puntu emango dira funtzionario gisa emandako zerbitzu-urte oso bakoitzeko, eta aldi txikiagoak proportzionalki kontatuko dira (0,0033333 eguneko); 0,1 puntu hilabete osoko. Apartatu horretan, 18 puntu emango dira gehienez. Horretarako, hilabeteak hogeita hamar egunekoak direla joko da, eta, urteak, berriz, 360 egunekoak.
3.– Eskabideak aurkezteko epea bukatzen denean baloratuko dira alegatutako merezimenduak.
6. artikulua.– Eskabideak baloratzea.
Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuaren agindu baten bidez izendatutako balorazio-batzordeak ebaluatuko ditu merezimenduak.
Hauek osatuko dute balorazio-batzordea: administrazioaren ordezkaritzan, lau kide; haietariko bat gutxienez Justizia Administrazioko funtzionario izango da. Administrazioak izendatutako langileen artetik izendatuko dira lehendakaria eta idazkaria.
Dagokion alorrean ordezkari gehien duten sindikatuek bi ordezkari izango dituzte batzorde horretan.
Deitutako lanpostuaren kidegoan sartzeko eskatzen den titulazio bera edo maila handiagokoa eskatzen den kidegoetakoak izan beharko dute batzordeko kideek.
Batzordea osatzeko, gizonen eta emakumeen arteko oreka bilatuko da, betiere bat etorriz Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen 3.7 eta 23. artikuluetan xedatutakoarekin.
Justizia Administrazioaren Zuzendaritzak aztertuko du parte-hartzaileek eskakizunak betetzen dituzten ala ez, eta balorazio-batzordeari lagunduko dio merezimenduak baloratzerakoan, betiere aintzat hartuta parte-hartzaileen espediente pertsonalean dauden datuak, eta parte-hartzaileek, eskabideak aurkezteko epean, aurkeztu duten dokumentazioaren arabera.
7. artikulua.– Esleipenak.
1.– Lanpostuak esleitzeko hurrenkera alegatutako merezimenduak baloratu ondoren lorturiko guztizko puntuaziotik ateratzen dena izango da.
2.– Guztizko puntuazioari begira, berdinketa izanez gero, lanpostua nori eman behar zaion erabakitzeko, kasuan kasuko kidegoan antzinatasun handiena nork duen hartuko da aintzat, eta, hala eta guztiz ere, berdinduta segituz gero, maila.
8. artikulua.– Behin-behineko ebazpena.
1.– Behin-behinean, Justizia Administrazioko zuzendariak ebatziko du deialdi hau, eta euskadi.eus webgunean argitaratuko da.
2.– Behin-behineko ebazpenean, hauek adieraziko dira: esleipendunaren jatorrizko lanpostua eta udalerria, merezimendu alegatuen balorazioan izandako puntuazioa, eta behin-behinean esleitutako lanpostua.
3.– Behin-behineko ebazpenaren aurka, alegazioak aurkeztu ahal izango dira, argitaratzen denetik aurrera hamar egun balioduneko epean.
4.– Adierazitako epean erreklamaziorik egiten ez bada, ulertuko da ados dagoela eta onartzen dituela bildutako datuak, merezimendu alegatuen balorazioan emandako puntuazioa eta behin-behinean emandako lanpostua.
5.– Behin-behinean emandako destinoek ez dute eskubiderik ematen lehiaketaren behin betiko ebazpenarekiko.
6.– Hamar eguneko epean uko egin ahal izango zaio behin-behinean esleitutako destinoari.
9. artikulua.– Behin betiko ebazpena eta lanpostuez jabetzea.
1.– Alegazioak ikusita, deialdi honen gaineko behin betiko ebazpena Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuaren agindu baten bidez emango da, eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.
2.– Lehiaketa honen ebazpena hiru hileko epean emango da gehienez, eskabideak aurkezteko epea amaitu eta hurrengo egunetik aurrera, bat etorriz 1451/2005 Errege Dekretuaren 51.3 artikuluarekin.
3.– Ebazpenean destinoa esleitzen zaion funtzionarioaren jatorrizko lanpostua zein den adierazi beharko da.
4.– Lortutako destino berriaz jabetzeko epea hiru egun baliodunekoa izango da, funtzionarioak herriz aldatu behar ez badu; zortzi egun baliodunekoa Euskal Autonomia Erkidegoan dagoen beste herri batera aldatu behar badu, eta hogei egun baliodunekoa beste autonomia-erkidego batera joan behar badu, honako kasu hauetan izan ezik: Kanarietako Komunitate Erkidegoa, Balear Uharteetako Autonomia Erkidegoa, Ceutako Hiri Autonomoa eta Melillako Hiri Autonomoa. Azken kasu horietan, epea hilabetekoa izango da, lanpostua jatorrikoa izan zein destinokoa. Lanpostuaren esleipendunak plazaren jabetza hartu, eta hogei egun izango ditu zerbitzu aktibora itzultzeko.
Jabetza hartzeko epe hori lanpostua utzi eta biharamunean hasiko da, eta lanpostua lehiaketaren behin betiko ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo hiru egun baliodunetan utzi beharko da. Ebazpenak zerbitzu aktiboko egoerara itzultzea badakar, ebazpena argitaratzen denean hasiko da jabetzeko epea.
Jabetzako epeak hasteko, kontuan hartuko da noiz amaitzen zaizkion funtzionarioari unean dauzkan oporrak, baimenak edo lizentziak, ez badago salbuespenezko inguruabarren bat (behar bezala justifikatua) lizentzia edo baimen horiek eteteko edo baliogabetzeko.
Lanpostuaz jabetu ondoren, lanpostuaz jabetzeko epea zerbitzu aktibo gisa hartuko da ondorio guztietarako, zerbitzu aktibora itzultzen den kasuetan izan ezik.
10. artikulua.– Esleitutako destinoen izaera.
1.– Lehiaketa honen ebazpenaren ondoriozko lekualdatzeak borondatezkotzat hartuko dira Zerbitzuagatiko Kalte Ordainei buruzko otsailaren 2ko 16/1993 Dekretuan aurreikusitako ondorioetarako, eta, hortaz, ez dute inolako kalte-ordainik kobratzeko eskubiderik emango.
2.– Esleitutako destinoei ezin izango zaie uko egin. Nolanahi ere, berariazko lehiaketa honen bidezko lanpostua lortu duen funtzionarioak uko egin ahal izango dio, baldin eta, lanpostuaz jabetzeko epea bukatu baino lehen, deialdi publiko baten bidez behin betiko beste destino bat lortu badu; hala izanez gero, langileak erakunde deitzaileari jakinarazi beharko dio. Jakinarazteko betebehar hori bete ezean, esleitutako lehen destinoa hartu beharko du jabetzan funtzionarioak.
11 artikulua.– Eskubide osagarri aplikagarria.
Deialdi honek zehazki aurreikusten ez dituen kontu guztietan, Botere Judizialaren uztailaren 1eko 6/1985 Lege Organikoan eta Justizia Administrazioko Funtzionarioen Sarbiderako, Lanpostu Hornikuntzarako eta Lanbide Sustapenerako Arautegia onartu zuen abenduaren 7ko 1451/2005 Errege Dekretuaren 43. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoa beteko da, eta, osagarri moduan, funtzio publikoari buruzko legedi orokorra aplikatuko da.
12. artikulua.– Errekurtsoak.
Agindu honen aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa jarri ahal izango zaio Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuari, hilabeteko epean, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 123. eta 124. artikuluetan ezarritakoaren arabera; edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri ahal izango da Vitoria-Gasteizko Administrazioarekiko Auzietako Epaitegian, bi hilabeteko epean, deialdia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Ezin bada bi aldizkarietan aldi berean argitaratu, epeak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera hasiko dira.
Aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkezten denetik hilabete pasatuta, ebazpen espresurik ematen ez bada, errekurtsoa ezetsitzat jo beharko da; orduan, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahalko da, lehen adierazitako moduan.
Vitoria-Gasteiz, 2021eko maiatzaren 18a.
Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburua,
BEATRIZ ARTOLAZABAL ALBENIZ.