Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

118. zk., 2021eko ekainaren 17a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
3468

AGINDUA, 2021eko ekainaren 2koa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuarena, nekazaritzako eta jateko produktuen kalitate-araubideetarako laguntzen deialdiko oinarriak onartzeko dena, 2021eko ekitaldirako.

Nekazaritza Politika Bateratuak aldaketa asko izan ditu hasieratik bertatik, hala lehen ardatzean, merkatu-politikan, nola bigarrenean, landa-garapenean. Landa-garapenaren eremuan egin den azken erreformak oinarrizko lehentasunen kopuru mugatu bati eman dio lehentasuna, eta honen bitartez egin da: Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsaren (LGENF) bidez landa-garapenari laguntzeari buruzko Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko 1305/2013 (EB) Erregelamendua –Kontseiluaren 1698/2005 (EE) Erregelamendua indargabetzen du–. Erregelamendu honetan aplikatzekoak diren xedapenak Batzordearen 2014ko uztailaren 17ko 808/2014 (EB) Exekuzio Erregelamenduaren bidez ezarri dira. Era berean, Batzordearen 807/2014 (EB) Erregelamendu Eskuordetua, 2014ko martxoaren 11koa, aipatu behar da. Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 1305/2013 (EB) Erregelamendua osatzen du, Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsaren (LGENF) bidezko landa-garapenerako laguntzari buruzkoa, eta xedapen iragankor zenbait gehitu zizkion.

EBren Urte Anitzeko Finantza Esparruaren onarpenean eta Nekazaritza Politika Bateratuaren (NPE) erreformari buruzko negoziazioetan izandako atzerapena dela-eta, NPE berria eta haren Plan Estrategikoak ez dira 2023ra arte indarrean jarriko, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren eta Europako Batzordearen beharrezko arauak oraindik ez baitira onartu.

Hala, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2020ko abenduaren 23ko 2020/2220 (EB) Erregelamendua argitaratu da –Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2020/2220 (EB) Erregelamendua, 2020ko abenduaren 23koa, Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsaren (LGENF) eta Nekazaritza Bermatzeko Europako Funtsaren (NBEF) zenbait xedapen iragankor ezartzen dituena 2021. eta 2022. urteetan, eta erregelamendu hauek aldatzen dituena: 1305/2013 (EB), 1306/2013 eta 1307/2013 (EB) Erregelamenduak, errekurtsoei eta erregelamenduaren aplikazioari dagokionez, 2021. eta 2022. urteetan, eta 1308/2013 (EB) Erregelamendua, errekurtsoei eta laguntza horren banaketari dagokionez, 2021. eta 2022. urteetan–. Erregelamendu horren xedea segurtasuna eta jarraitutasuna ematea da, Europako nekazaritzarentzat emandako laguntzei, bai eta trantsizio-aldian landa-garapenerako laguntzen jarraitutasuna bermatzea ere, horretarako egungo esparru juridikoa zabalduz, lehen zutabeari (NBEF) zein bigarren zutabeari (LGENF) dagokienez, harik eta NPE berria indarrean sartzen den arte.

Batasuneko erregelamenduak badu bere isla Euskal Autonomia Erkidegoan, Euskal Autonomia Erkidegoko Landa Garapenerako Programan, 2015-2020ko aldirako; programa hori Europako Batzordeak onartu zuen, 2015eko maiatzaren 26an, C (2015) 3479 azken erabakiaren bidez. Landa Garapenerako programa horrek 2015-2020ko aldirako laguntza-ildo batzuk ditu, hauek, hain zuzen: M03.1. Nekazariek kalitate-araubideetan lehen aldiz parte hartzeko laguntza, eta M03.2. Informazio- eta sustapen-jardueretarako laguntza, barne-merkatuko ekoizle taldeek abiaraziak. Beraz, LGENF funtsaren finantzaketa ere izango dute. Laguntza hauek otsailaren 14ko 43/2017 Dekretuan daude araututa. Dekretu horrek Euskal Autonomia Erkidegoko Landa Garapenerako 2015-2020 Programan jasota dauden laguntzen esparru-araudia ezartzen du (EHAA. 34. zk., 2017ko otsailaren 17koa).

Elikadura-sektorea sektore estrategiko bat da Euskal Autonomia Erkidegoan, eta euskal landa-ingurunearen funtsezko substratua da. Sektore horren lehiakortasuna handitzeko, euskal nekazaritzan nolabait sustraituta dauden produktu batzuk bereizteko eta sustatzeko estrategia bat garatu da. Testuinguru horretan sortu dira jatorri-deiturak, adierazpen geografiko babestuak eta kalitate-bereizgarriak; izan ere, janarien ekoizpenari kalitatea emateaz gain, kontsumitzaileen artean oso ospe ona izaten dute.

Kalitate-araubide horietan parte hartzeak batzuetan kostu eta betebehar gehigarri batzuk sortzen dituenez, eta merkatuak ez dituenez beti behar adina saritzen, nekazariek programa horietan parte har dezaten sustatu behar da.

Agindu honen bidez, Europar Batasunak eta EAEk elkarrekin finantzatutako laguntza batzuen araubidea arautu nahi da, zehazki, nekazariek nekazaritzako eta jateko produktuen kalitate-araubideetan duten parte-hartzea sustatzeko laguntzena. Gainera, agindu honetaz baliatuta, 2021. urterako deialdia ere egin nahi da. Helburu nagusia hauxe da: ziurtatutako kalitatedun euskal produktuak elikadura-katean hobeto sartzen laguntzea, hain zuzen ere ekoizleek eta produktuek kalitate-araubideetan duten parte-hartzea areagotuz, produktu horiek barne- eta kanpo-merkatuetan duten kokapena eta aintzatespena hobetuz.

Produktu horiek elikakatean hobeto sartzen lagunduko da funtsean neurri horren bidez; horretarako, gure ekoizpen-sektorearen eginkizuna sustatu behar da eta, neurri txikiago batean, transformatzaileena, elikakateari balio erantsi bat eman dakion. Halaber, ziurtatutako eta aitortutako kalitatea duten euskal produktuak hobeto jarri behar dira Erkidegoko merkatuetan, eta sustatu behar da Euskal Autonomia Erkidegoko ekoizleek eta produktuek parte-hartze handiago bat izan dezaten Euskadiko kalitate berezi eta ziurtatuaren estrategian.

Horretaz gain, egitura-arazoak dituzten ustiategiak berregituratzen lagunduko du neurri horrek; horretarako, ustiategien lehia-hobekuntza bultzatzeko, kalitate-bereizgarriak har ditzaten sustatuko da eta horiek balio erantsi bat emango diete euren ekoizpenei.

Halaber, berrikuntzan ere lagunduko du zeharka; izan ere, merkatuetan kalitate ziurtatua duten produktuak apurka-apurka ugaritzen eta finkatzen joateak eragingo du produktu horien barietateak, formatuak, etiketak, aurkezpena, eta abar berritzea. Halaxe gertatu da Euskadin (1992) apustu politikoa egin zenetik, kalitate bereiz eta ziurtatuaren estrategiaren alde, gure nekazaritzako eta elikagaigintzako ekoizpen gehienetan.

Azkenik, ekoizpen ekologikoa ere sustatzen den aldetik, nolabait lagunduko du biodibertsitatea berrezartzen eta zaintzen, Natura 2000ko eremuetakoa, natur balio handiko nekazaritza-sistemetakoa eta paisaia europarretakoa, ingurumena zaintzeaz batera.

Horregatik guztiagatik, eta kontuan hartuta arlo honetako araudi guztia eta Jaurlaritzari buruzko ekainaren 30eko 7/1981 Legearen 26.4 artikulua, honako hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Onartzea nekazaritzako produktuen eta elikagaien kalitate-araubideetarako laguntzen deialdiko oinarri arautzaileak, 2021eko ekitaldirako, I. eranskinean adierazitako eran.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.– Errekurtsoak.

Agindu honen aurka, interesdunek berraztertzeko errekurtsoa jar diezaiokete Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuari, hilabeteko epean. Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hileko epean. Kasu bietan, agindua argitaratu eta hurrengo egunean hasiko da epea.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA.– Ondorioak.

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2021eko ekainak 2a.

Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburua,

MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.

I. ERANSKINA
OINARRI ARAUTZAILEAK
I. KAPITULUA
XEDAPEN OROKORRAK

1. oinarria.– Xedea.

Agindu honen xedea Euskal Autonomia Erkidegoko Landa Garapenerako 2015-2021 programan jasota dauden laguntza hauek deitzea da 2020ko ekitaldirako: M03.1. Nekazariek kalitate-araubideetan lehen aldiz parte hartzeko laguntza, eta M03.2. Informazio- eta sustapen-jardueretarako laguntza, barne-merkatuko ekoizleen taldeek abiaraziak, eta Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsaren (LGENF) bitartez landa-garapenari laguntzak emateari buruzko Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko 1305/2013 (EB) Erregelamenduaren 16. artikulutik eratorriak.

2. oinarria.– Laguntza motak.

Laguntzak bi motatakoak dira:

a) M03.1: Nekazariek kalitate-araubideetan lehen aldiz parte hartzeko laguntza. Urteko ordainsari bat emango da ustiategiko; ordainsari horren zenbatekoa kalkulatzeko, kontuan hartuko dira zenbaterainokoak diren eskatzaileari kalitate-araubideak eragiten dizkion kostu finkoak, onuraduna inskribatzen denetik 5 urtera gehienez.

b) M03.2: Informazio- eta sustapen-jardueretarako laguntza, ekoizle taldeek Erkidegoko merkaturako egindako jardueretarako, kalitate-araubideren batek estalitako produktuei begira. Dirulaguntza zuzen baten bidez lagunduko da informazio- eta sustapen-ekintzetan diruz lagundu daitezkeen kostuen ehuneko baten gainean.

3. oinarria.– Finantzaketa.

Aurrekontuari dagokionez, 2021eko ekitaldiko laguntza-programa Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzaren eta Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsaren aurrekontuen kreditu egoki eta behar besteko baten kontura finantzatuko da.

Nekazariek II. kapituluko (M03.1) kalitate-araubideetan parte har dezaten ematen diren laguntzak finantzatzera bideratutako aurrekontu-kreditua Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzak eta Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsak batera finantzatuko dute eta 212.742,13 eurokoa da; horietatik, 99.988,80 euro Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura finantzatuko dira (% 47), eta 112.753,33 euro Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsa izeneko Europako funtsaren kontura (% 53), Euskal Autonomia Erkidegoko Landa Garapenerako 2015-2020 Programaren babesean. Eta 6.108,79 euroko zati ez-kofinantzatu bat, gehigarri nazional gisa aurreikusitakoa, Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzaren aurrekontuen kontura. 2021eko ekitaldiko ordainketa-kredituari dagozkio denak.

III. kapituluko (M03.2) kalitate-araubideek estalitako produktuei buruzko informazio- eta sustapen-jarduerak finantzatzera bideratutako aurrekontu-kreditua, berriz, 377.409,98 eurokoa da, eta Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzak eta Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsak batera finantzatuko dute; horietatik, 177.382,69 euro Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura finantzatuko dira (% 47), eta 200.027,29 euro LGENF Europako funtsaren kontura (% 53), Euskal Autonomia Erkidegoko Landa Garapen Iraunkorreko 2015-2020 Programaren babesean. Eta 116.519,72 euroko zati ez-kofinantzatu bat, gehigarri nazional gisa aurreikusitakoa, Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzaren aurrekontuen kontura. 2021eko ekitaldiko ordainketa-kredituari dagozkio denak.

4. oinarria.– Onuradun izateko betekizun orokorrak.

Onuradun izan nahi duten pertsonek Euskal Autonomia Erkidegoko Landa Garapenerako 2015-2020 Programan jasota dauden laguntzen esparru-legedia ezartzen duen otsailaren 7ko 43/2017 Dekretuaren 5. artikuluan ezarritako eskakizunak bete beharko dituzte, hala nola Dirulaguntzei buruzko abenduaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan jasota daudenak, bai eta deialdi honen 18. eta 25. oinarrietan laguntza-lerro bakoitzerako berariaz ezarrita daudenak ere, eta, zehazki, hauek:

1.– Diruz lagundu daitezkeen gastuak dituzten establezimenduak Euskal Autonomia Erkidegoko lurraldean egon behar dira.

2.– Zergen arloko betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatea, eta dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak ordainduta izatea.

3.– Ez dute izan behar dirulaguntza edo laguntza publikoak eskuratzea eragozten duen zehapen administratiborik edo penalik, ezta horretarako legezko inolako debekurik ere, sexu-bereizkeriagatiko debekuak barnean izanik, Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetatik seigarrenean xedatutakoarekin bat.

4.– Administrazio-bideko itzulketa- edo zehapen-prozeduraren bat izanez gero, laguntzak baldintzatuta egongo dira prozedura hori ebatzi arte; zehapena berresten bada, laguntzak ukatuko zaizkie.

5. oinarria.– Eskabideak eta agiriak.

1.– Pertsona fisikoek modu presentzialean zein elektronikoan aurkez ditzakete eskabideak:

– Modu presentziala: eskabideak Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren bulegoetan aurkeztuko dira (Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz), edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluak xedatzen dituen tokietariko edozeinetan, bat etorriz Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta haren erakunde autonomoen erregistroen sorrera, antolaketa eta funtzionamenduari buruzko apirilaren 29ko 72/2008 Dekretuarekin.

– Modu elektronikoa: eskabideak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan sartuta aurkeztuko dira, oinarri honen 3. apartatuan adierazitako helbideen bidez.

Eskabidea izapidetzeko eta dokumentazioa aurkezteko moduak (elektronikoa zein presentziala izan) ez du behartuko aurrerantzean ere prozedurako gainerako izapideak modu berean egitera, edonoiz alda daiteke eta.

2.– Pertsona juridikoek baliabide elektronikoz aurkeztuko dituzte eskabideak, oinarri honen 3. apartatuan adierazitako helbide elektronikoaren bidez.

3.– Eskabideak eta horiek izapidetzeari buruzko jarraibideak, eta behar diren gainerako ereduak edo memoriak, modu presentzialean nahiz elektronikoan, eskura egongo dira Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan, helbide hauen bitartez:

– Nekazariek kalitate-araubideetan parte hartzeko laguntzak: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1028810

– Kalitate-araubideek estalitako produktuei buruzko informazio- eta sustapen-jardueretarako laguntzak: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1028811

4.– Izapidetze elektronikoari dagokionez, eskabidea aurkeztu ondoko izapideak eta jakinarazpen elektronikoak egiteko, «Nire karpeta» atala erabili beharko da, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan: https://www.euskadi.eus/nire-karpeta/web01-sede/eu/

Helbide honetan eskuratu daitezke Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan onartutako identifikazio eta sinadura elektronikorako bitartekoak: https://www.euskadi.eus/identifikazio-elektronikorako-onartutako-bitartekoak/web01-sede/eu/

Izapidetze elektronikoa ordezkari baten bidez egin ahal izango da, eta, horretarako, ordezkaritza hori Eusko Jaurlaritzaren Ahalordeen Erregistroan inskribatu beharko da, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/ordezkarien-erregistro-elektronikoa/web01-sede/eu/

5.– Laguntza-eskatzaileek, 19. eta 26. oinarrietan adierazitako agiriez gain, hauek aurkeztu beharko dituzte:

a) Eredu presentziala hautatzen duten pertsona fisikoek honako webgune honetan dagoen eskabide-orria aurkeztu beharko dute: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1028810. Eskabide-orria modu informatikoan bete eta grabatu ostean, paperean bidali beharko da, sinatuta.

b) Pertsona juridikoa izanez gero, enpresaren IFKa, ahalordetze-eskrituraren fotokopia eta erakundearen eratze-eskrituraren eta estatutuen fotokopia, dagokien erregistroan zigilatuta.

c) Erantzukizunpeko adierazpena, honako hauek adierazita: aurkeztutako agiri guztiak egiazkoak direla, aginduan ezarritako betekizun guztiak betetzen dituela laguntzarako eskubidea izateko aitorpena lortzeko, hori egiaztatzen duen dokumentazioa daukala, eskatzen zaionean Administrazioaren eskura jarriko duela dokumentazio hori, eta aurreko betebeharrak aipatutako aitorpen horri dagokion aldi osoan betetzeko konpromisoa hartzen duela. Era berean, erantzukizunpeko adierazpenean adieraziko da ea beste administrazio edo erakunde publiko zein pribaturen batek laguntzarik eman dion eskabidean aurkeztutako gastu berberak ordaintzeko.

6.– Zuzendaritza kudeatzailearen zerbitzu teknikoek automatikoki egiaztatuko dute onuradunak egunean dituela zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, bai eta haren NAN/IFK ere. Hala ere, eskatzaileak berariaz uko egin diezaioke egiaztatze horri, baina, orduan, adierazitako dokumentuak aurkeztu beharko ditu.

7.– Aurreko ekitaldietan deitutako laguntzen onuradunek, eta aldaketarik ez bada egon, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 53. artikuluko 1. zenbakiaren d) apartatuan ezarritakoarekin bat eginda, 5. zenbakiaren a) eta c) apartatuetan xedatutako agiriak bakarrik aurkez ditzakete.

8.– Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau indarrean sartzen denetik.

9.– Laguntza jasotzeko eskabidea nahi den hizkuntza ofizialean aurkeztu ahal izango da, eskatutako dokumentazioarekin batera. Ildo horretatik, eskatzaile bakoitzak hautatutako hizkuntza erabiliko da eskaera aurkeztu ondorengo jardueretan ere, prozesu osoan zehar, Euskararen erabilera normalizatzeko 1982ko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearekin bat.

10.– Eskabideak baldintza guztiak betetzen ez baditu, interesdunari jakinaraziko zaio hamar egun balioduneko epea duela akatsa zuzentzeko edo behar diren agiriak eransteko. Halaber, adieraziko zaio horrela egin ezean atzera egin duela ulertuko dela, Elikagaien Kalitate eta Industriako zuzendariak ebazpena eman ostean, urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68. artikuluan xedatutakoarekin bat.

11.– Edonola ere, Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzak beharrezkotzat jotzen duen agiri edota informazio osagarri oro eska diezaioke eskatzaileari, aurkeztutako eskabidea egokitu, ulertu, ebaluatu eta izapidetzeko.

6. oinarria.– Laguntzen kudeaketa.

1.– Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritza da laguntza hauek kudeatzeko organo eskuduna.

2.– Balorazio-batzorde bat sortuko da eskabideak aztertu eta ebaluatzeko. Hiru pertsonak osatuko dute, zuzendaritza eskudunari atxikiak; horietako bat programa honen arduraduna izango da, eta zuzendaritza horretako teknikarien artean aukeratuko dira beste biak. Gainera, batzordeko pertsona bakoitzeko ordezko bat izendatuko da. Elikagaien Kalitate eta Industriako zuzendariak izendatuko ditu horiek guztiak, ebazpen bidez, eta ebazpen horretan adieraziko da nor izango diren batzorde horretako idazkaria eta batzordeburua. Batzordeak, bere eginkizunak betetzeko, arloko aditu diren pertsonei eskatu ahal izango die hala bileretan parte hartzeko nola aholkularitza emateko, beharrezko irizten dionean.

3.– Balorazio-batzordearen egitekoak honako hauek izango dira:

a) Aurkeztutako eskabide guztiak aztertzea, eta aplikatzekoa den araudia betetzen ez dutenak baztertzea. Baztertutako horien zerrenda egingo du, eta banan-banan azalduko du zein izan den baztertzeko arrazoia.

b) Araudia betetzen duten eskabideak ebaluatzea, laguntzen irizpide objektiboen eta kuantifikazioaren arabera.

c) Laguntza-mota bakoitzeko, onuradun bakoitzari eman beharreko zenbatekoari buruzko proposamen bat egitea. Proposamen hori behar bezala justifikatu eta arrazoitu beharko da.

4.– Batzordeak bere funtzionamendu-arau propioak ezarri ahalko ditu. Arau horiek aurreikusten ez dituzten gaietan, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 15.etik 18.era arteko artikuluetan xedatutakoa aplikatuko da.

7. oinarria.– Ebazpena.

1.– otsailaren 7ko 43/2017 Dekretuaren 22. artikuluan ezarritakoarekin bat, aurkeztu diren eskabideak eta agiriak aztertuta, eta batzordeari iritsi zaion proposamena ikusita, Elikagaien Kalitate eta Industriako zuzendariari dagokio deialdia ebaztea. Ebazpen-proposamenarekin bat ez datorren ebazpenik ematen badu, behar bezala arrazoitu beharko du.

2.– Ebazpenak arrazoituta egon behar du, eta informazio hau jaso behar du gutxienez:

A) II. kapituluko laguntzei buruz:

– Onuradunaren izena edo izen soziala.

– Laguntzaren xedea.

– Guztira zenbat jaso behar duen, eta, kopuru horretatik zenbat finantzatu behar den LGENF Europako funtsaren kontura eta zenbat Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontuaren kontura.

B) III. kapituluko laguntzei buruz:

– Ekoizle onuradunen taldea.

– Laguntzaren xedea.

– Diruz lagundu daitezkeen gastuen zenbatekoa.

– Dirulaguntzaren kopurua, eta, kopuru horretatik zenbat finantzatu behar den LGENF Europako funtsaren kontura eta zenbat Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontuaren kontura.

3.– Agindu hau indarrean jarri eta gehienez sei hilabeteko epean eman eta jakinaraziko da ebazpena. Epe hori bukatu eta ebazpen berariazkorik eman ez bada, interesdunek ezetsitzat jo beharko dituzte eskabideak, hala ezartzen baita Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25. artikuluan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen 51.9 artikuluan.

4.– Lehia-konkurrentziako prozeduraren ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, eta argitalpena jakinarazpentzat hartuko da, urriaren 1eko 39/2015 Legearen 45. artikuluaren 1. lerrokadako b) apartatuan xedatutakoaren arabera. Hala eta guztiz ere, interesdun bakoitzari helaraziko zaio ebazpen osoa. Nolanahi ere, lehenengo egin den jakinarazpenaren data joko da jakinarazpen-datatzat.

5.– Ebazpenak laguntza baietsi nahiz ezetsi, beraren aurka, interesdunak gora jotzeko errekurtsoa aurkez diezaioke Nekazaritzako, Arrantzako eta Elikagai Politikako sailburuordeari. Horretarako, hilabeteko epea izango du ebazpenaren jakinarazpena jaso eta hurrengo egunetik aurrera, edo hiru hileko epea administrazio-isiltasunak ondorioak izan eta hurrengo egunetik aurrera, urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. artikuluetan xedatutakoarekin bat.

6.– Oinarri honen 4. apartatuan aipatzen den jakinarazpena gorabehera, Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzaren ebazpen baten bidez Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da agindu honen babesean laguntza jasoko duten pertsonen zerrenda; bertan, emandako kopuruak ere adieraziko dira, publiko egiteko baino ez.

7.– Onuradunei emateko, ezinbestekoa izango da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek emanda dituzten izaera bereko laguntzen edo dirulaguntzen arloan hasi eta oraindik izapidetzen ari diren itzulketa- edo zehapen-prozedura guztiak amaituta egotea.

8. oinarria.– Onuradunen betebeharrak.

Onuradunek otsailaren 7ko 43/2017 Dekretuaren 15. artikuluan xedatutako betebeharrak bete beharko dituzte, hala nola Dirulaguntzei buruzko 38/2003 Legearen 14. artikuluan adierazitakoak eta laguntza-lerro bakoitzari berariaz dagozkienak eta hauek:

a) Emandako dirulaguntza onartzea. Horren haritik, dirulaguntzaren onuradunak ez badio dirulaguntzari idatziz uko egiten dirulaguntza emateko jakinarazpena jaso eta hamabost eguneko epean, dirulaguntza hori isilbidez onartu dela ulertuko da.

b) Diruz laguntzen den gastua egitea emate-ebazpenak xedatzen duen epean.

c) Zertarako ematen den dirulaguntza, horretarako erabiltzea.

d) Eskatutako informazio guztia ematea Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzari, Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari, jasotako laguntzak nola erabili diren eta haien helburuak bete diren fiskalizatzeko eginkizunetan.

e) Idatziz jakinaraztea beste administrazio batek edo erakunde publiko edo pribatu batek dirulaguntzak eta laguntzak eman dizkiotela diruz lagunduko den ekintza berbererako. Jakinarazpen hori aldaketa horren berri izan eta hamabost egun naturaleko epean egin behar dute, eta, betiere, jasotako funtsei eman zaien erabilera justifikatu baino lehen.

f) Laguntza emateko kontuan hartzen den egoera subjektibo edo objektiboren bat aldatzen bada, aldaketa idatziz jakinaraztea Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzari. Jakinarazpen hori aldaketa horren berri izan eta hamabost egun naturaleko epean egin behar dute, eta, betiere, jasotako funtsei eman zaien erabilera justifikatu baino lehen.

g) Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren –azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartua– 50.2 artikuluan xedatutako betebeharrak betetzea.

h) 43/2017 Dekretuaren 9. artikuluan ezarritako informazio- eta publizitate-betekizunak betetzea (otsailaren 7ko Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoko Landa Garapenerako 2015-2020 Programan jasota dauden laguntzen esparru-araudia ezartzekoa).

9. oinarria.– Proiektua gauzatzeko epeak.

Ekintzak gauzatzeko gehieneko epea 2021eko abenduaren 31 izango da.

10. oinarria.– Gastua justifikatzea.

1.– Laguntzen gastua justifikatzeko, Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzari aurkeztu behar zaizkio jatorrizko agiri hauek edo, horien ezean, kopia konpultsatuak:

a) Kalitate-araubideetan parte hartzeko laguntzei dagokienez, kalitate-araubideen kontrol-agintaritzak edo ziurtapen-organoek egindako ziurtagiria. Ziurtagirian hauek adieraziko dira: zein egunetan sartu den eskatzailea kalitate-araubidean eta, kasu bakoitzean, zenbat hektarea, abelburu, litro eta erlauntz dauden sartuta kalitate-araubide bakoitzean. Informazio hori ofizioz bildu dezake laguntzaren organo kudeatzaileak, non eta eskatzaileak ez dion uko egiten egiaztapen horri. Kasu horretan, hark entregatu beharko du adierazitako ziurtagiria.

b) Kalitate-araubideek estalitako produktuei buruzko informazio- eta sustapen-jardueretarako laguntzei dagokienez:

– Egindako jarduerak justifikatzeko memoria.

– Erabilitako informazio-, sustapen- eta publizitate-materialaren kopia, bai eta 25. oinarria betetzeko bestelako egiaztagiriak ere.

– Fakturak, ordainagiriak.

– Memoria gehigarria, egindako fakturen eta ordainketen datuen taula xehatua jasoa duena, baldin eta 10 faktura baino gehiago badaude.

2.– Laguntzei dagozkien proiektuetako gastuak aurkezteko azken eguna 2022ko urtarrilaren 31 da.

3.– Elikagaien Kalitate eta Industriako zuzendariak, eskaera arrazoitu bidez, egoki deritzon edozein agiri gehigarri eskatu ahal izango du.

11. oinarria.– Ordainketa.

1.– Laguntza bien onuradunei ordaindu baino lehenago, helburua eta gastua bete direla egiaztatu beharko dute, aurreko oinarrian xedatutako agirien bidez.

II. kapituluari dagozkion laguntzen kasuan, justifikazioari buruzko 10. oinarriaren 1.a) apartatuan aipatzen den ziurtagiria lortu eta erkatu ondoren egin ahal izango da ordainketa.

2.– Foru-ogasunarekiko eta Gizarte Segurantzarekiko zerga-betebeharrak egunean dauden, Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzak egiaztatuko du, automatikoki. Edonola ere, eskatzaileak berariaz uka dezake baimen hori laguntza-eskabidean, eta, halakoetan, dagokion egiaztagiria aurkeztu beharko du, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren –azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartua– 50.3 artikuluan xedatutakoari jarraikiz.

3.– LGENF Europako funtsaren arabera aitortutako laguntzak erakunde ordaintzailearen bidez ordainduko dira, erakunde ordaintzailearen zuzendariak horretarako ebazpenak eman ondoren, Euskal Autonomia Erkidegoko erakunde ordaintzailea eratu zuen urriaren 3ko 194/2006 Dekretuan xedatutakoarekin bat.

4.– Zehapen-prozeduraren batean edo dirulaguntzen itzulketa-prozeduraren batean egonez gero, laguntza jasotzeko, lehenik hura amaitu beharko da. Prozedurak, amaieran, laguntza publikoak eskuratzeko gaitasungabetzea badakar, edo laguntza itzultzeko betebeharra ezartzen badu, emandako laguntza baliogabetu egingo da, onuradun izateko debekua izateagatik. Hala dagokionean, dirulaguntza hauek onuradunei ordaintzeko, dirulaguntzak itzultzeko betebeharren ordainketak egunean izan beharko dira.

12. oinarria.– Dirulaguntzaren baldintzak aldatzea.

1.– Dirulaguntza hauek emateko izan diren inguruabarretariko bat edo beste aldatu bada eta beste edozein erakunde publikok edo pribatuk emandako dirulaguntzarik eta laguntzarik lortu bada, idatziz jakinarazi eta justifikatu behar zaio Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzari, inguruabar berriaren berri izan eta egutegiko hamabost eguneko epean eta, edozein kasutan ere, jasotako funtsak zertan erabili diren justifikatu aurretik. Horrek dirulaguntza emateko ebazpena aldatzea eragin dezake.

2.– Baldin eta onartutako proiektua ez bada gauzatzen aurreikusitako epeetan, eskabidearekin batera aurkeztutako proiektua aldatu edo birprogramatu egiten bada, baina proiektua ez bada funtsean aldatzen eta, betiere, laguntza helburu bererako erabiltzen bada, zuzendaritza eskudunari jakinarazi eta justifikatu beharko zaio, idatziz, baina dirulaguntza emateko ebazpena ez da aldatuko. Adierazitako aldaketek proiektua aldatzea badakarte, horren berri ere eman beharko zaio, eta dirulaguntza emateko ebazpena aldatu egingo da.

3.– Baldin eta diruz lagundutako jardueraren behin betiko eta benetako kostua onetsitako gastuaren aurrekontua (laguntza zehazteko baliatu zena) baino txikiagoa bada, emandako dirulaguntzaren zenbatekoa txikitu egingo da likidazio-ebazpenaren bidez, dagokion proportzio aplikagarrian.

13. oinarria.– Atzera egitea eta uko egitea.

1.– Eskatzaileak eskabide horretan atzera egiteko aukera izango du. Eskatutako laguntzak emateko prozeduraren ebazpena jakinarazi baino lehen egin beharko du atzera. Atzera egitea jasota uzten duen edozein bide erabiliz egin ahal izango da, baldin eta dagozkion sinadurak baditu. Elikagaien Kalitate eta Industriako zuzendariak, ebazpen baten bidez, guztiz onartuko du atzera-egite hori, eta prozedura bukatutzat joko du pertsona horri dagokionez.

2.– Emandako laguntzari uko egin ahal izango dio onuradunak. Laguntza onartu ondoren eta gastua egiten bukatu aurretik egin ahal izango dio uko laguntzari, baldin eta Administrazioak ez badu inolako ordainketarik egin, betiere. Atzera egitea jasota uzten duen edozein bide erabiliz egin ahal izango da, baldin eta dagozkion sinadurak baditu. Elikagaien Kalitate eta Industriako zuzendariak, ebazpen baten bidez, berariaz onartuko du uko-egite hori, eta prozedura bukatutzat joko du pertsona horri dagokionez.

14. oinarria.– Ez-betetzeak.

1.– Onuradunak eskakizunetako eta betebeharretako bat edo, hala badagokio, dirulaguntza emateko ebazpenean xedatutakorik betetzen ez badu eta, hori eginda, laguntzaren helburua osorik galtzen bada, edo Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen 53. artikuluan eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 37. artikuluan xedatutako itzulketa-zioetako batean erortzen bada, Elikagaien Kalitateko zuzendariak, ez-betetzeagatiko espedientea izapidetu ondoren, beste ebazpen bat emango du dirulaguntzarako eskubidea osorik edo partez galdu dela eta, behar izanez gero, jasotako laguntzak eta berandutze-interesak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli behar zaizkiola adierazteko, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kontura egiten diren bermeen eta itzulketen jardunbide orokorra arautzen duen abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 53. artikuluan xedatutakoaren arabera. Nolanahi ere, ez dira baztertzen gainerako bidezko ekintzak. Aipatutako diru-kopuruak diru-sarrera publikotzat hartuko dira lege-ondorio guztietarako.

2.– Arau-hauste administratibotzat har daitezkeen gertakarien ondorioz hasten bada itzultze-prozedura, organo eskudunari jakinarazi behar zaizkio gertakariok, dagokion zehapen-prozedura has dezan.

15. oinarria.– Bateragarritasuna.

Administrazio publikoek zein erakunde pribatuek deialdi honetan emandako laguntzak, diruz lagundu daitekeen gastu bererako izan arren, bateragarriak izango dira baldin eta ez badute gainfinantzaketarik eragiten edota ez badituzte agindu honen 22. eta 31. oinarrietan xedatutako laguntzen mugak gainditzen. Gainfinantzaketarik izan edota mugak gaindituz gero, soberakoari dagokion kopurua kenduko da, Elikagaien Kalitate eta Industriako zuzendariaren ebazpen baten bidez.

II. KAPITULUA
NEKAZARIEK KALITATE-ARAUBIDEETAN PARTE HARTZEKO LAGUNTZAK

16. oinarria.– Helburua.

Kapitulu honetan adierazitako laguntzen helburua hau da:

a) Kalitate-programetan ekoizle gehiago sar dadin erraztea.

b) Kalitate-programetan sartzeak ustiategiei eragiten dizkien gainkostuak murriztea.

c) Biodibertsitatea, nekazaritza-lurzorua, haren mendeko paisaiak eta ekosistemak zaintzeko eta berrezartzeko eragin handiagoa duten kalitate-programak erraztea.

17. oinarria.– Onuradunak.

1.– Euskal Autonomia Erkidegoan erregistratutako ustiategien titular diren eta egoera aktiboan dauden nekazariak izan daitezke laguntza hauen onuradunak, baldin eta kalitate-araubideetan lehen aldiz parte hartzen badute edota Ekoizpen Ekologiko Ziurtatuaren kalitate-araubideko produkzio-bideak lehendabizi hartzen badituzte 2020ko ekainaren 18tik (egun hori barne) deialdi honetan ezarritako epearen azken egunera bitartean. Ondorioz, ezin izango dira onuradun izan kalitate-araubide hautagarrietan dagoeneko inskribatuta daudenak edo beraietan parte hartu dutenak, Ekoizpen Ekologiko Ziurtatuaren kasuan izan ezik.

2.– Onuradunak Europar Batasunak aitortu eta Euskal Autonomia Erkidegoan ezarritako araubideren batean inskribatuta egon beharko dira; hots, babestutako jatorri-deiturak (BJD), adierazpen geografiko babestuak (AGB), ekoizpen ekologikoa, erregelamendu hauetan xedatutakoarekin bat: Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 1151/2012 Erregelamendua (EB); Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 1308/2013 Erregelamenduaren II. zatiko II. tituluaren I. kapituluko 2. sekzioa (EB), ardoari dagokionez; eta produktu ekologikoen produkzio eta etiketatzeari buruzko 2007ko ekainaren 28ko 834/2007 Erregelamendua (EB); edo beroriek ordezkatzen dituzten bestelako arauak:

1) Errioxa/Rioja JD kalifikatua, «Arabako Txakolina/Txakoli de Álava/Chacolí de Álava» BJD, «Bizkaiko Txakolina/Txakoli de Bizkaia/Chacolí de Bizkaia» BJD, «Getariako Txakolina/Txakoli de Getaria/Chacolí de Getaria» BJD, Idiazabal BJD eta «Euskal sagardoa/Sidra Natural del País Vasco» BJD.

2) «Carne de Vacuno del País Vasco» edo «Euskal Okela» AGB, eta «Pimiento de Gernika» edo «Gernikako Piperra» AGB.

3) Ekoizpen Ekologiko Ziurtatua.

3.– Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzak kalitate-araubide hautagarri bakoitzari eskatuko dio araubide bakoitzean inskribatuta dauden ustiategi-ekoizleen titularren zerrenda osoa eta, behar bada, urtean zehar izandako mugimenduen zerrenda (altak eta bajak) eta onuradun bakoitzari esleitutako unitate kopuruen zerrenda, laguntzaren zenbatekoa kalkulatzeko.

18. oinarria.– Eskakizun espezifikoak.

Dirulaguntzaren eskatzaileek, eskabidea aurkezterakoan, 4. oinarrian adierazitako eskakizun orokorrez gain, hauek ere bete beharko dituzte:

1.– Diruz lagundu daitezkeen kalitate-araubideetan inskribatu eta hango erregelamendu eta arau teknikoak bete behar dituzte, baita, halakorik badago, araubide horiei lotutako ekoizle-erregistroetakoak ere.

2.– Diruz lagundu daitekeen kalitate-bereizgarri bakoitzean indarrean dauden kontrol- eta ziurtatze-tasak egunean ordainduta izan behar dituzte.

19. oinarria.– Dokumentazio espezifikoa.

1.– 5. oinarrian xedatutako agiri orokorrez gain, agiri hauek ere aurkeztu behar dituzte kapitulu honetan adierazitako laguntza eskatu nahi dutenek:

a) Nekazari aktiboa dela justifikatzeko agiria, 2015. urtetik aurrera nekazaritzari eta abeltzaintzari zuzeneko ordainketak eta bestelako laguntza-araubideak aplikatzeari eta zuzeneko ordainketak eta nekazaritza-garapenerako ordainketak kudeatu eta kontrolatzeari buruzko abenduaren 19ko 1075/2014 Errege Dekretuarekin bat.

b) Memoria zehatza, gutxienez hauek adierazita: ustiategiaren deskribapena, kokalekua, egiten den produktuaren ekoizpen-, transformazio- edo elaborazio-prozesua, eta zer-nolako kontrol-ekintzak izan dituen eta izango dituen.

c) Euskal Autonomia Erkidegoko Nekazaritzako Ustiategien Erregistroko inskripzioaren ziurtagiria, bera egoera aktiboko titularra den nekazaritza-ustiategiarena.

d) Kalitate-araubideren batean inskribatu izanaren ziurtagiria.

e) Kasuan-kasuan, hektarea, abelburu, erlauntz eta esne litro kopuruaren ziurtagiria, laguntzaren hasierako zenbatekoa kalkulatzeko.

2.– Aurreko ekitaldietan deitutako laguntzen onuradunek, eta aldaketarik ez bada egon, urriaren 1eko 39/2015 Legearen 53. artikuluko d) letran ezarritakoarekin bat eginda, aurreko zenbakiaren a), b) eta e) letretan adierazitako agiriak bakarrik aurkezteko aukera izango dute.

3.– 1. apartatuaren a), c), d) eta e) letretan adierazitako dokumentuak kasu honetan bakarrik aurkeztu beharko dira: eskatzaileak uko egiten badio Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzak dokumentuok kontsultatzea eta organo eskudunei eskatzea, urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28.2 artikuluan aurreikusitakoarekin bat. Salbuespen gisa, ezin badira eskuratu dokumentuok, horiek entregatzeko eska dakioke interesdunari.

20. oinarria.– Diruz lagundu daitezkeen kostuak.

1.– Kapitulu honetako laguntzen ondorioetarako, diruz lagundu daitezke: onuradunak kalitate-araubide hautagarrietan inskribatzeak eragindako kostuak, araubide horietako partaidetza-kuota eta, halakorik badago, behar diren kontroletarako gastuak.

2.– Ekoizle berak parte har dezake araubide batean baino gehiagotan, edo produkzio-bide bat baino gehiago hartu araubide bererako Ekoizpen Ekologiko Ziurtatuaren kasuan eta, ondorioz, bakoitzari dagozkion laguntzak biltzearen ondoriozko onura izan, 22.1 oinarrian xedatutako gehieneko mugaraino.

21. oinarria.– Esleitzeko prozedura.

1.– Balorazio-batzordeak aztertuko ditu nekazariek II. kapituluko kalitate-araubideetan lehen aldiz parte hartzeko laguntza izateko eskabideak. Ebaluazio hori baino lehen, Zuzendaritzari atxikitako teknikari batek aztertuko du eskabide bakoitza, hau da, eskabidearen analisi tekniko eta ekonomikoa egin, txosten batean eskabide bakoitza deialdirako egokia den ala ez adierazi, eta txostena batzordeari aurkeztuko dio. Txostena ez da loteslea izango. Laguntza hori honela kalkulatuko da: diruz lagundu daitekeen kasuan kasuko araubidean ziurtatutako unitateak bider diruz lagundu daitekeen kalitate-araubide bakoitzerako kalkulatutako urteko unitate-zenbatekoak. 2021eko deialdirako, III. eranskineko taulakoak izango dira.

2.– Deialdiko zuzkidura ekonomikoa nahikoa bada kalkulatutako kopuruak emateko, guztiek jasoko dute erabakitako zenbatekoa. Ezarritako gehieneko zuzkidura orokorra nahikoa ez bada eskabide guztietarako, lehentasun-irizpide hauen arabera emango da:

1) Ekoizpen Ekologiko Ziurtatuaren araubidean sartzen diren ekoizleak, edo kalitate-araubide horretako produkzio-bide berriak lehenengoz hartzen dituzten ekoizleak.

2) BJDn edo AGBn sartzen diren ekoizleak.

Irizpide horien arabera berdinduta egonez gero, lehentasuna hurrenkera honetan ezarriko da, onuradun-motaren arabera:

1.a Diruz lagundu daitekeen kalitate-araubide batean baino gehiagotan inskribatuta dauden ekoizleak.

2.a Sektorean lehenengoz sartzen diren nekazari gazteak diren ekoizleak.

3.a Emakumeen titulartasuneko ustiategiak, titulartasun hori osorik izan edo erdibana izan; edo sozietate baten titulartasuneko ustiategiak, baldin eta emakumeek gutxienez % 50eko partaidetza badute, sozietatea bi kidek osatzen duten kasuetan, edo, behintzat, partaidetza orekatua bada, gainerako kasuetan.

4.a Nekazari gazteak diren ekoizleak (< 41 urte).

5.a Mendialdeko nekazaritza-eremuko ustiategiak dituzten ekoizleak.

6.a Gainerako ekoizleak.

22. oinarria.– Laguntza zenbatekoa den.

1.– Onuradunarentzako urteko ordainsaria finkatzeko, kontuan hartuko da zenbateko kostua lagun daitekeen diruz, «kostu finkoak», inskribatzen den kalitate-araubideari edo -araubideei begira. Laguntzaren gehieneko zenbatekoa 3.000 eurokoa da ustiategiko eta urteko, 5 urtez gehienez. Era berean, ez da dirulaguntzarik emango jaso beharreko zenbatekoa ez bada gutxienez 100 eurokoa.

2.– Laguntza honela kalkulatuko da: onuradunak diruz lagundu daitekeen kasuan kasuko araubidean ziurtatzera aurkeztutako unitateak bider diruz lagundu daitekeen kalitate-araubide bakoitzerako kalkulatutako urteko unitate-zenbatekoak; «M03.1.10. Ziurtatze-kostuak» izeneko agiriko taulan adierazitakoarekin bat, II. eranskinean.

III. KAPITULUA
KALITATE-ARAUBIDEEK ESTALITAKO PRODUKTUEI BURUZKO INFORMAZIO- ETA SUSTAPEN-JARDUERETARAKO LAGUNTZAK

23. oinarria.– Helburua.

Kapitulu honetan adierazitako laguntzen helburua hau da:

Elikakatean produktu horien sarrera areagotzea; horretarako, produktuen eskaera sustatzeko, kontsumitzaileak eta janari-banatzaile profesionalak informatu behar dira kalitate-araubideez, egon badaudela, zer esan nahi duten eta zer abantaila duten.

Kalitate-araubideetan ekoizle gehiagok parte har dezan erraztea.

Kultur ondarea eta orotariko nekazaritza-ekoizpena erraztea, baita naturagunea babestea ere.

Hizpide diren produktuen ezaugarri edo abantaila zehatzak nabarmentzea; batez ere, kalitatea, ekoizpen-metodo espezifikoak, animalien ongizaterako arau zorrotzak eta ingurumenarekiko errespetua, dagokien kalitate-araubidearen arabera.

24. oinarria.– Onuradunak.

Agindu honetan araututako laguntzen onuradun izan ahalko dira kontseilu arautzaileak, Euskal Autonomia Erkidegoko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren Kontseilua, Euskal Autonomia Erkidegoko ekoizleen elkarteek eta nekazaritza- eta elikagai-industrien elkarteak, diruz lagun daitekeen honako kalitate-araubideren baten partaide badira:

1.– Errioxa/Rioja JD kalifikatua, «Arabako Txakolina/Txakoli de Álava/Chacolí de Álava» BJD, «Bizkaiko Txakolina/Txakoli de Bizkaia/Chacolí de Bizkaia» BJD, «Getariako Txakolina/Txakoli de Getaria/Chacolí de Getaria» BJD, Idiazabal BJD eta «Euskal sagardoa/Sidra Natural del País Vasco» BJD.

2.– «Carne de vacuno del País Vasco» edo «Euskal Okela» AGB, eta «Pimiento de Gernika» edo «Gernikako Piperra» AGB.

3.– Ekoizpen Ekologiko Ziurtatua.

25. oinarria.– Eskakizun espezifikoak.

4. oinarriko eskakizun orokorrak ez ezik, honako hauek ere bete behar dituzte:

a) Laguntza eskatzen duten erakundeak diruz lagun daitekeen kalitate-araubideren baten partaide izan beharko dira.

b) Kalitate-araubideren batek estalitako produktuei buruzko informazio- eta sustapen-ekintzak izan behar dira.

c) EBko legeak eta nazio mailako lege aplikagarriak bete behar dira, eta, zehatzago esanda, aipamen argi bat egin behar zaie beti alkoholdun edarien kontsumo arduratsuari eta alkohol-abusuaren arriskuari buruzko lege- eta erregelamendu-xedapenei, hauetarako informazio- eta sustapen-jardueretan: Errioxa/Rioja JD kalifikatua, «Arabako Txakolina/Txakoli de Álava/Chacolí de Álava» BJD, «Bizkaiko Txakolina/Txakoli de Bizkaia/Chacolí de Bizkaia» BJD, «Getariako Txakolina/Txakoli de Getaria/Chacolí de Getaria» BJD eta «Euskal sagardoa/Sidra Natural del País Vasco» BJD.

d) Informazio-, sustapen- eta publizitate-materialak kalitate-programei buruzko EBren logoa izan behar du.

26. oinarria.– Dokumentazio espezifikoa.

5. oinarrian xedatutako agiri orokorrez gain, agiri hauek ere aurkeztu behar dituzte kapitulu honetan adierazitako laguntza eskatu nahi dutenek:

a) Memoria zehatza, egingo diren sustapen- eta informazio-jarduerak adierazita: zer helburu duten, zein eremutan, zein herrialdetarako diren, zer produktu-mota sustatuko diren, zer neurri espezifiko aplikatuko den ekintza bakoitzean, zein den ekintza bakoitzerako aurreikusitako kostua, eta zer egunetan egingo diren, ahalik eta zehatzena. Horretaz gain, ekoizle kopurua ere zehaztuko da, hauek identifikatuta: zenbat gazte eta emakume diren, zer enpresa diren, zer bolumen ziurtatu den, zenbateraino handitu daitekeen eskaintza, eta bestelako irizpide batzuk ere, eskabidea hautatzeko edo, horren ostean, laguntzaren zenbatekoa kalkulatzeko garrantzitsutzat hartuz gero.

b) Informazio-, sustapen- eta publizitate-materialak, Europar Batasuneko araudiarekin bat datozela eta 25. oinarrian xedatutakoa betetzen dutela ikusteko xedeaz.

27. oinarria.– Diruz lagundu daitezkeen ekintzak.

1.– Ekoizleen taldeentzako laguntzak erabiliko dira kalitate-araubideek estaltzen dituzten produktuei buruz Europar Batasuneko merkatuan egiten diren informazio- eta sustapen-jarduerek eragindako kostuak ordaintzeko.

2.– Laguntzatik onura atera dezaketen jarduerek ezaugarri hauek izan behar dituzte:

a) Kontsumitzaileek II. kapituluan, «Kalitate-araubideetan estreinakoz parte hartzeko laguntza», adierazitako kalitate-araubideen estaldurapean dauden produktuak eros ditzatela izango dute xede.

b) Hizpide diren produktuen ezaugarri edo abantaila zehatzak nabarmenduko dituzte; batez ere, kalitatea, ekoizpen-metodo zehatzak, animalien ongizaterako arau zorrotzak eta ingurumenarekiko errespetua.

3.– Europar Batasuneko merkaturako informazio- eta sustapen-jarduerak baino ez dira diruz lagunduko.

4.– Ezin dira diruz lagundu informazio- eta sustapen-jarduera hauek:

a) Fruta- eta barazki-ekoizleen elkarteek sustatutakoak, eta horien eragiketa-funtsen bidez diruz lagundutakoak.

b) Kalitate-araubide hautagarrietako merkataritza-markak kontsumitzera bultzatzen dutenak.

c) Mezu nagusitzat produktuaren jatorria hartzen dutenak, kasu hauetan izan ezik: Idiazabal BJD, Errioxa/Rioja JD kalifikatua, «Arabako Txakolina/Txakoli de Álava/Chacolí de Álava» BJD, «Bizkaiko Txakolina/Txakoli de Bizkaia/Chacolí de Bizkaia» BJD, «Getariako Txakolina/Txakoli de Getaria/Chacolí de Getaria» BJD, «Euskal sagardoa/Sidra Natural del País Vasco» AGB, «Euskal Okela» edo «Carne de vacuno del País Vasco» AGB eta «Pimiento de Gernika» edo «Gernikako Piperra» AGB.

28. oinarria.– Diruz lagundu daitezkeen kostuak.

1.– Diruz lagunduko dira 2021eko urtarrilaren 1aren ondoren egindako informazio- eta sustapen-kanpainak martxan jartzearen ondoriozko kostuak, behar bezala justifikatuta. Gehieneko muga % 70ekoa izango da, betiere diruz lagundutako jarduerak osorik gauzatu ez badira onuradunak laguntza-eskabidea aurkeztu baino lehen, kontuan hartu gabe onuradunak kostuon ordainketak egin dituen edo ez. Zehatzago esanda, diruz lagundu daitezkeen gastuak informazio- eta sustapen-ekintza hauetakoak izan behar dira:

a) Kalitate-ezaugarri bereizgarrien publizitatea egitea hainbat euskarritan: telebistan, prentsan, irratian, Interneten...

b) Komunikazio-euskarriak lantzea eta ekoiztea: liburuxkak, bideoak...

c) Kalitate-bereizgarriak jakitera emateko eta harreman publikoetarako ekintzak.

d) Dastatzeak.

e) Gizartea (ikasleak, kontsumitzaileak, preskriptoreak...) produktuen kalitate-bereizgarriez sentsibilizatzeko ekintzak.

f) Salmenten komunikazio- eta sustapen-ekintzak banaketa handiko establezimenduetan.

g) Euskal saltoki tradizionaletan jakitera emateko eta saltzeko sustapena.

h) Komunikazio- eta sustapen-ekintzak, produktu jakin bat kontsumitzea edo erostea gomendatzen duten pertsonekin edo erakundeekin (preskriptoreak).

i) Kalitateko euskal nekazaritza-elikagaiak Estatuko merkatuetan sustatzen eta merkaturatzen laguntzea.

j) Azoketan egoten eta negozio-agendak antolatzen laguntzea.

k) Ostalaritza-, jatetxe- eta catering- kanalean eta zirkuitu laburretan salmentak dinamizatzea.

l) Teknologia berrien bidezko informazio- eta sustapen-ekintzak.

2.– Ezin izango da BEZa diruz lagundu inola ere, baldin eta berreskura edo konpentsa badaiteke, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 31.8 artikuluarekin bat, eta behar bezala justifikatzen bada.

29. oinarria.– Esleitzeko prozedura.

Laguntzak lehiaketa-prozeduraren bidez esleituko dira, 30. eta 31. oinarrietan ezarritako baldintzen eta zenbatekoen arabera eta aurrekontua agortu arte. Balorazio-batzordeak eskabideak ebaluatuko ditu. Ebaluazio hori baino lehen, Zuzendaritzari atxikitako teknikari batek aztertuko du eskabide bakoitza, hau da, eskabidearen analisi tekniko eta ekonomikoa egin, txosten batean eskabide bakoitza deialdirako egokia den ala ez adierazi, eta txostena batzordeari aurkeztuko dio. Txostena ez da loteslea izango. Espedienteen hurrenkera lortutako puntuen arabera zehaztuko da, handienetik txikienera, hurrengo oinarrian araututako balorazio-prozedurari jarraikiz.

30. oinarria.– Proiektuen balorazioa.

1.– Espedienteen balorazioa eta lortutako puntuen araberako hurrenkera, handienetik txikienera, irizpide hauen arabera egingo da:

a) Produktu gama bat baino gehiago hartzen duten kalitate-araubideak sustatzeko jarduerak. 20 eta 50 puntu artean; 20 gama bakarrerako, eta 50, 5 gama-produktu baino gehiagoko araubideetarako.

b) Ekoizle gazte edota emakume kopurua, zenbat sartu diren azken bost urteetan diruz lagundu behar diren sustapen-jarduerak aurkezten dituzten kalitate-araubideetan. 0 eta 40 puntu artean (40 puntu: 10 gazte edota emakume baino gehiago sartu duten araubideak).

c) Kalitate-araubide batean diruz lagundu nahi den sustapen-jardueraren barruan sartu diren produktuen balio ekonomiko ziurtatua (dirulaguntzako araubidean aurkeztu aurreko urteko batez besteko PSParen arabera kalkulatuta). 10 puntu (> 100.000 euro urteko) eta 30 puntu artean (> 15.000.000 euro urteko).

d) Zenbateraino handitu daitekeen kalitate-araubideetan sustatu nahi diren produktuen eskaintza (hizpide den produktuak EAEn duen autohornikuntza graduaren araberako alderantzizko proportzioan zenbatetsiko da, agindu honen III. eranskinean adierazitakoaren arabera). 0 puntu (autohornikuntza gradua >% 100) eta 20 puntu artean (autohornikuntza gradua <% 10).

2.– Berdinketa kasuan, lehentasuna emango zaie informazio- edo sustapen-ekintzan ekoizle gehien duten kalitate-programen espedienteei.

31. oinarria.– Laguntza zenbatekoa den.

Laguntzaren zenbatekoa baldintza hauen araberakoa izango da:

– Sustapen-jarduera guztietan lagunduko da diruz lagundu daitezkeen gastuen % 20.

– Diruz lagundu daitezkeen gastuen % 70era hel daiteke gehienez laguntza, espedienteak lortutako puntu kopuruari lotutako baremo hauen araberako proportzioan:

• 30 eta 70 puntu artean: diruz lagun daitezkeen kostuen % 60-64.

• 71 eta 100 puntu artean: diruz lagun daitezkeen kostuen % 65-67.

• 101 eta 120 puntu artean: diruz lagun daitezkeen kostuen % 68-69.

• 120 puntu baino gehiago: diruz lagun daitezkeen kostuen % 70.

– 150.000 eurokoa izango da informazio- edo sustapen-jarduera batean diruz lagundu daitekeen gehieneko kostua; jardueratzat hartuko da informazio- edo sustapen-programa bat osatzen duten ekintzen multzoa.

– Kalitate-araubide hautagarri batean ere onura ez da izango gastu publikoaren % 25 baino handiagoa, hau da. Landa Garapenerako Programaren aldi osorako azpineurri honetarako aurreikusitakoarena.

32. oinarria.– Betebehar espezifikoak.

Agindu honetan ezarritako betebehar orokorrak betetzeari utzi gabe, onuradunek Euskal Autonomia Erkidegoko Landa Garapenerako 2015-2020 Programan jasota dauden laguntzen esparru-araudia ezartzeko otsailaren 7ko 43/2017 Dekretuaren 9. artikuluan xedatutako informazio- eta publizitate-betekizunak bete beharko dituzte.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala