Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

116. zk., 2021eko ekainaren 15a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
3402

AGINDUA, 2021eko maiatzaren 26koa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuarena, zeinaren bidez natura-ondarea babesteari buruzko ezagutza sortzeko proiektuak egiten dituzten elkarte, erakunde pribatu, boluntariotza-erakunde eta fundazioentzako dirulaguntzak arautzeko oinarriak ezarri eta horiek emateko deialdia egiten baita 2021. urterako.

Euskal Autonomia Erkidegoko Estatutuaren 11.1 a) artikuluak xedatzen duenez, Euskal Autonomia Erkidegoak eskumena dauka ingurumen eta ekologia gaietan Estatuko oinarrizko legeria garatzeko eta oinarrizko legeria hori Autonomia Erkidegoaren lurraldean betearazteko.

Aipatutako eskumena Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak gauzatzen du, halaxe xedatzen baitu Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatu eta horien funtzioak eta jardun-arloak finkatzen dituen Lehendakariaren 18/2020 Dekretuak, 8. artikuluan.

Habitat naturalak eta basoko fauna eta flora zaintzeari buruzko Kontseiluaren 92/43/EEE Zuzentarauak, 1992ko maiatzarean 21ekoak, biodibertsitatearen kontserbazioko helburuak betetzeko, ikerkuntza eta lan zientifikoak sustatzeko beharra adierazten du, habitat naturalak edo basoko fauna eta flora kontserbatzeko, eta horien kontserbazio-egoera zaintzeko. Antzeko helburuak ditu Hegazti basatiak babesteari buruzko Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2009/147/EE Zuzentarauak, 2009ko azaroaren 30ekoak.

Ildo berean, Natura Ondareari eta Biodibertsitateari buruzko 42/2007 Legeak ezartzen du administrazio publikoek dibertsitate biologikoarekin eta aipatu legearen helburuekin lotutako ikerkuntza-programak garatzea sustatuko dutela.

«Biodibertsitate Estrategia 2030era arte: natura gure bizitzetan berreztea» [COM (2020) 380 azkena] izeneko EBren estrategiak 3.3.4 atalean adierazten duenez, biodibertsitatearen galeraren aurkako borrokak irizpide zientifiko sendoetan oinarritu behar du ezagutza, hezkuntza eta gaitasunak hobetzeari buruz, eta ikerketan, berrikuntzan eta ezagutza-trukean inbertitzea funtsezkoa da daturik onenak lortzeko eta irtenbiderik onenak garatzeko. Neurri zehatzak aurreikusten ditu jarraipenari eta informazioari buruzko alderdiak hobetzeko, hala nola biodibertsitateari buruzko epe luzeko ikerketa-plan estrategiko bat eta biodibertsitateari buruzko Ezagutza Zentro berri bat sortzea.

Euskal Autonomia Erkidegoan, 2016an onartutako 2030erako Euskadiko Biodibertsitate Estrategiak naturaren ezagutza eta kultura sustatzea ezartzen du bere lau helburuen artean, eta ekintza nagusietako bat, berriz, Euskadiko Naturari Buruzko Informazio Sistema sustatzea eta sendotzea izango da.

Bere alde batetik, 2014an onartutako 2020rako Euskal Herriko Geodibertsitate Estrategiak honako ekintza hau aurreikusten du: Euskadiko Administrazio Orokorraren indarreko dirulaguntza lerroen artean geodibertsitatearen eta ondare geologikoaren azterketa sartzea.

Bestalde, Interreg-Europe Bid-Rex proiektuaren esparruan, Biodibertsitateari buruzko ezagutza sortzeko proiektuak diseinatzeko gida egin da, helburu bikoitzarekin: ezagutza sortzeko proiektuetarako funts publikoak esleitzeko tresna izatea, eta biodibertsitatea kontserbatzeko informazio-proiektuetan aktiboki lan egiten duten eragile eta pertsona guztientzako laguntza eta euskarri izatea.

Helburu horiek guztiak betetzeko asmoz, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak dirulaguntza lerro hau sustatzen du.

Dirulaguntza hau Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuaren 2021eko martxoaren 17ko Aginduaren bidez onartutako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren 2021, 2022 eta 2023 ekitaldietarako Dirulaguntzen Plan Estrategikoaren barruan jasota dago, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 8.1 artikuluan xedatzen den bezala, eta arau horretan jasotako edukiaren arabera.

Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen otsailaren 23ko 68/2021 Dekretuak emandako eskumenen arabera, eta Euskadiko Ogasun Orokorra Antolatzeko Printzipioei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuan eta Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kontura ematen diren dirulaguntza eta laguntzei aplikatzeko gainerako xedapenetan xedatutakoarekin bat etorriz, honako hau

XEDATZEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

Lehiaren prozeduraren bitartez dirulaguntzak ematea arautzeko helburua du agindu honek; laguntza horiek jaso ahalko dituzte 2021eko urtarrilaren 1etik 2022ko ekainaren 30era bitartean natura-ondarearen gaineko ezagutza hobetzeko, eta, hortaz, bere kontserbazioa sustatzeko azterlanak eta ikerketa-lanak egiten dituzten elkarte, erakunde pribatu, boluntariotza-erakunde eta fundazioek, Euskal Autonomia Erkidegoan egiten badituzte, betiere.

2. artikulua.– Proiektuek jorratutako gaiak.

1.– Diruz lagungarriak izateko, proiektuen xedea natura-ondareari buruzko informazioa eta ezagutza hobetzeko ikerketa aplikatutako azterlan eta ikerketa-lanak egitea izan beharko da; zehazki, gai hauei buruzkoak izan beharko dute:

a) Natura 2000 Sarea.

– Natura 2000 Sareko espazioak (Kontserbazio Bereziko Eremuak eta Hegaztientzako Babes Bereziko Eremuak) izendatzeko dekretuetan zein bertako kontserbazio neurriak onartzeko dekretuetan aurreikusitako azterketak eta lanak.

b) Natura 2000 Saretik barruko zein kanpoko Batasuneko intereseko edo eskualde mailako intereseko habitat naturalen eta erdinaturalen gaineko azterketak eta lanak, betiere, habitaten kontserbazio egoera hobetzeko baliagarriak direnak, lehentasuna emanez kontserbazio-egoera txarra edo ezezaguna dutenei.

c) Mehatxatutako basaflora eta basafaunako espezieei buruzko azterlanak eta lanak, bai erkidego-mailan, bai autonomia-erkidegoan, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2009ko azaroaren 30eko 2009/147/EE Zuzentarauaren I. eta II. eranskinak –Basa-hegaztiak kontserbatzeari buruzkoa– eta Kontseiluaren 1992ko maiatzaren 21eko 92/43/EEE Zuzentarauaren II. eta IV. eranskinak –habitat naturalak, eta basoko fauna eta landaredia kontserbatzeari buruzkoa, eta Basoko zein Itsasoko Faunaren eta Landarediaren Espezie Mehatxatuen Euskal Katalogoko EP eta VU kategoriei buruzkoa– kontuan hartuta, eta lehentasuna emanez kontserbazio-egoera txarra edo ezezaguna dutenei.

c.1.– Gutxi aztertuta dauden edo informazioa dagoeneko zaharkituta duten taxonen gaineko datu primarioak (banaketa) lortzeko azterketak. Informazio kartografikoa eman beharko da.

c.2.– Katalogatutako basoko fauna eta flora espezieen banaketari, kalteberatasunari edo/eta arrisku-mailari buruzko azterketak c) atal honetako katalogo eta zerrendetan.

d) Natura-ondareko beste elementu batzuk.

d.1.– Natura 2000 Sarearen koherentzia eta konektibitate ekologikoa lurralde guztian hobetzeko osagaiei buruzko azterketak eta lanak: natura-ondarearen eta paisaiaren elementuak, eta ibaien atalak (zatiketa, dinamika, analisia eta leheneratzea).

d.2.– Hezeguneei eta beste ekosistema urtar batzuei buruzko azterketak eta lanak: ekosistema urtarrak kudeatzeko oinarriak, Natura 2000 Sareari eta 2000/60/EE Zuzentaraua, Europako Parlamentuarena eta Kontseiluarena, 2000ko urriaren 23koa, ur-politikaren arloan Erkidegoko jarduera-esparrua ezartzen duenari lotutako kontserbazio-irizpideei men eginez.

d.3.– Espezie exotiko inbaditzaileen datu primarioak (banaketa) lortzeko azterketak. Informazio kartografikoa eman beharko da.

d.4.– Flora exotiko inbaditzaileko espezieentzako kontrol-metodoen proposamenak.

d.5.– Natura-ondareko datu-bilketako metodologiak zehazteko eta harmonizatzeko azterlanak: biodibertsitatea eta geodibertsitatea.

d.6.– Ekosistemen eta prozesu geologikoen funtzionamenduaren ulermena eta hedapena errazten duten ikerketa-proiektuak (ereduen sorkuntza, joeren analisia, adierazleak).

d.7.– Ekosistemak, habitatak edo interes geologikoko lekuak tokiko eskalan leheneratzeko jarraibideak eta irizpideak zehazteko azterlanak.

2.– Natura Ondare eta Klima Aldaketa Zuzendaritzak natura-ondareari buruzko informazioa edo ezagutza sortzea planteatzen duten lanak edo azterlanak ezin izango dira diruz lagundu, baldin eta proposamenak ez badu berariaz eta behar bezala justifikatzen eskuragarri dagoen informazioa edo ezagutza hobetu dela.

3. artikulua.– Aurrekontu-zuzkidura.

Aurreko artikuluetan ezarritako helburuetarako, ehun eta laurogei mila (180.000) euro erabiliko dira, Euskal Autonomia Erkidegoko 2021erako aurrekontu orokorren kontura.

4. artikulua.– Beste dirulaguntza edo laguntza batzuekiko bateragarritasuna.

1.– Agindu honetan araututako dirulaguntzak bateragarriak izango dira funts publiko zein pribatuen kontura helburu bererako eman daitezkeen beste dirulaguntzekin. Ondorengo apartatuan xedatutakoa salbuespena izango da.

2.– Agindu honetan araututako dirulaguntzak ez dira bateragarriak izango Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saileko aurrekontuaren kontura eta azterlan edo ikerketa-lan berarekin emandako beste dirulaguntza edo laguntza batzuekin, dirulaguntza izenduna, zuzena edo ingurumenaren arloko dirulaguntzen aginduen babesean emandako beste edozein laguntza izan.

3.– Laguntzen zenbateko osoak ezin izango du eragin proiektua gainfinantzatuta egotea. Holakorik gertatuz gero, gaindikinari dagokion zenbatekoa gutxituko zaio deialdi honetan emandako laguntzari.

5. artikulua.– Erakunde onuradunak.

1.– Agindu honetan araututako dirulaguntzen onuradun izan ahalko dute elkarte, erakunde pribatu, boluntariotza-erakunde eta fundazioek, baldin eta horien egitekoa natura babestearekin eta ikertzearekin edota natura-ondarearekin lotuta badago, edo helburu horri lotutako esperientzietan ibilbide egiaztagarria badute eta beren ekintza-eremua Euskal Autonomia Erkidegoa bada.

Elkarte, erakunde pribatu, boluntariotza-erakunde eta fundazioek legez eratuta eta dagokien erregistroetan inskribatuta egon beharko dute, urte bateko antzinatasunarekin, gutxienez, agindu hau argitaratzen den eguna aintzat hartuta.

2.– Agindu honetan araututako dirulaguntzen onuradun izan daitezke boluntariotzako erakundeak, baldin eta Boluntariotzako Erakundeen Errolda Orokorrean behar bezala inskribatuta badaude, Boluntariotzako Erakundeen Errolda Orokorraren funtzionamendu-araudia onartzen duen eta Boluntariotzari buruzko zenbait alderdi arautzen dituen irailaren 1eko 169/2000 Dekretuan ezarritakoarekin bat etorriz.

3.– Agindu honetan araututako dirulaguntzen erakunde onuradun izan daitezke Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 2ko 9/2016 Legean ezarritako baldintzak betetzen dituzten fundazioak.

4.– Deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak eskatzeko, elkarte, erakunde pribatu, boluntariotzako erakunde eta fundazioek ezin izango dute dirulaguntza eskuratu:

a) Laguntza publikoak jasotzea eragozten dioten zehapen penalik edo administrazio-zehapenik dutenek, ezta horretarako legezko inolako debekurik dutenek ere, sexu-bereizkeriagatiko debekuak barne, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetako seigarrenean xedatutakoarekin bat.

b) Ingurumen-legedia ez betetzetik eratorritako falta astun edo oso astunengatik zigortutakoek, beharrezko zuzenketa-neurriak egikaritu eta dagokion zehapena ordaindu arte.

c) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 13.2 artikuluan aurreikusten diren egoeraren baten eraginpean daudenek.

Gorabehera horiek gertatzen diren ala ez erabakitzeko, aintzat hartuko da Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluaren 4. apartatutik 6.era bitartean ezarritakoa, eta gorabehera bakoitzerako ezarritako muga izango dute.

6. artikulua.– Diruz lagun daitezkeen gastuak.

1.– Diruz lagundu daitezkeen gastutzat joko dira diruz lagundutako proiektuak gauzatzeko zalantzarik gabe beharrezkoak diren eta agindu honen 17. artikuluan ezarritako epean egiten diren gastu guztiak

2.– Jarraian zerrendatzen diren gastuak adierazitako ehunekoetan baino ez dira diruz lagunduko:

a) Langile-gastuak: Kontzeptu honetan sartu beharko dira azterlanari edo proiektuari lotutako lan-denborako dedikaziotik eratorritako gastu guztiak.

Erakunde onuraduneko langileek sortutakoak soilik jotzen dira halakotzat, langileak plantillakoak nahiz proiektua gauzatzeko berariaz kontratutakoak izan; gastuok, betiere, nominaen edo lan-kontratuen bidez justifikatu beharko dira, edo fakturen bidez langile autonomoen kasuan.

Langile-gastuak proiektuaren gastu osoaren % 45era arte lagundu ahal izango dira diruz. Proiektuaren koordinazio eta zuzendaritzako gastuak ezingo dira emandako dirulaguntzaren % 10 baino handiagoak izan.

b) Inbertsioak: informatika-ekipamenduak edo beste aktibo finko batzuk erosteari dagozkien gastuak joko dira halakotzat.

Inbertsioak proiektuaren gastu osoaren % 25era arte lagundu ahal izango dira diruz.

Ezingo dira diruz lagundu, baldin eta dirulaguntzen programa honen azken 3 deialdietan diruz lagundu badira.

c) Gastu orokorrak: halakotzat hartuko dira erakunde onuradunaren egiturak egindakoak, proiektua gauzatzeko asmoz (telefonoa, elektrizitatea, posta, fotokopiak, etab.).

Gastu orokorrak proiektuaren gastu osoaren % 3ra arte lagundu ahal izango dira diruz. Ez da beharrezkoa gastu horiek justifikatzea.

d) Jardunaldi, mintegi, kongresu eta antzekoetara joatea: kontzeptu horrengatik gehienez 1.000 €-ko dirulaguntza jaso ahal izango da.

3.– Beste gastu batzuk: halakotzat joko dira dietei eta lekualdatzeei dagozkienak, bai eta, beren izaera dela eta, a), b), c) eta d) apartatuetan justifikatu ezin diren gastuak.

4.– Ez dira inola ere diruz laguntzeko moduko gastutzat hartuko zeharkako zergak, baldin eta berreskuratu edo konpentsatu badaitezke, ezta errentaren gaineko zerga pertsonalak ere. Kasu honetan, proiektuaren aurrekontuak zerga-oinarria baino ez du jaso behar.

7. artikulua.– Dirulaguntza eskabideak eta diruz lagundako proiektuak aurketzeko mugak.

1.– Elkarte, erakunde pribatu, boluntariotza-erakunde eta fundazioek gehienez bi proiektu aurkeztu ahal izango dituzte.

2.– Bi proiektu aurkezten dituzten elkarte, erakunde pribatu, boluntariotza-erakunde eta fundazioek helburu edo xede desberdinak izan beharko dituzte.

3.– Bi proiektu baino gehiago aurkezten dituzten elkarte, erakunde pribatu, boluntariotzako erakunde eta fundazioei, Balorazio Batzordeak Egoitza Elektronikoan aurkeztutako lehen bi eskabideak bakarrik baloratuko dizkie.

4.– Natura Ondare eta Klima Aldaketa Zuzendaritzak ofizioz egiaztatuko du dirulaguntza eskatzen duen elkarte, erakunde pribatu, boluntarioen erakunde edo fundazioak ez duela jasotzen deialdi honen helburu bereko dirulaguntzarik, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren aurrekontu-zuzkiduren kargura.

8. artikulua.– Dirulaguntzen zenbatekoa.

Dirulaguntzaren gehieneko zenbatekoa 6. artikuluan ezarritakoarekin bat onartutako aurrekontuaren % 80 izango da, eta, proiektu bakoitzerako, ezingo du gainditu 20.000 euroko kopurua.

9. artikulua.– Erakunde eskatzailearen betekizun jakin batzuk egiaztatzea.

1.– Erakunde eskatzaileek zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituztela egiaztatzeko aurkeztutako dokumentazioa automatikoki egiaztatuko du, behar beste aldiz, organo kudeatzaileak, eta horretarako ez du eskatzaileen baimenik beharko, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren aldaketa aplikatuz. Interesdunek Nafarroako Ogasunean ordaintzen badituzte zergak, zerga-betebeharrak egunean dituztela egiaztatzen duen egiaztagiria aurkeztu beharko dute. Eskatzaileak modu arrazoituan egin ahal izango du aurka, eta, kasu horretan, ziurtagiria aurkeztu beharko du, Dirulaguntzei buruzko Erregelamendu Orokorraren 22. artikuluan aurreikusitako moduan.

2.– Eskabideek honako aukera hau jaso beharko dute: dirulaguntzak eskatzen dituen erakundeak esanbidez adieraztea aurkakotasuna ematen diola organo kudeatzaileari gainerako datuak edo dokumentuak lortu edo egiaztatzeko, bazter utzi gabe Administrazio Publikoak esleituta dauzkan egiaztatze-, kontrol- edo ikuskatze-ahalmenak.

3.– Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak xedatzen duenez, honako betekizun hauek egiaztatuko dira eskabidearekin batera aurkeztuko den erantzukizunpeko adierazpen baten bidez:

a) Elkarte, erakunde pribatu, boluntariotza-erakunde edo fundazioak jakinaraztea ea eskatu den helburu berarekin beste edozein administrazio edo erakunde publiko edo pribatuk emandako dirulaguntzarik, laguntzarik, sarrerarik edo baliabiderik eta, hala bada, ea eskuratu den. Enpresek «Minimis motako dirulaguntzei buruzko adierazpena» inprimakia aurkeztu beharko dute, nahiz eta laguntzarik jaso ez.

b) Elkarte, erakunde pribatu, boluntariotza-erakunde edo fundazioa administrazio- edo zigor-arloan dirulaguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukera galtzearekin zigortuta ez egotea, edo dirulaguntza edo laguntza publikoak lortzeko ezgaitzen duen legezko debekuren baten eraginpean ez egotea, ezta sexu-diskriminazioaren ondoriozko debekuren baten eraginpean ere.

c) Onuradunei dirulaguntzak eta laguntzak emateko eta, hala badagokio, ordaintzeko, ezinbestekoa izango da amaituta egotea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko laguntzen edo dirulaguntzen esparruan hasi eta oraindik izapidetzen ari den edozein itzulketa- edo zehapen-prozedura.

d) Elkarte, erakunde pribatu, boluntarioen erakunde edo fundazioak ez duela Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13.2 artikuluan jasotako debeku hauetako bat ere:

d.1.– Epai irmo baten bidez dirulaguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukera galtzera kondenatuak izatea, edo delitu hauetakoren bat egiteagatik: prebarikazioa, funtzionario-eroskeria, ondasun publikoak bidegabe erabiltzea, eragimen-trafikoa, iruzurrak eta legearen aurkako ordainarazpenak edo hirigintza-delituak.

d.2.– Borondatezko konkurtsoa deklaratzeko eskaera egin izana, edozein prozeduratan kaudimengabetzat jo izana, konkurtsoan deklaratuta egotea, salbu eta horretan eraginkortasuna hartu badu hitzarmen batek, esku-hartze judizialaren pean egotea edo desgaituta egotea Konkurtsoari buruzko uztailaren 9ko 22/2003 Legearen arabera, konkurtsoa kalifikatzeko epaian ezarritako desgaikuntza-aldia amaitu gabe.

d.3.– Errudun deklaratutako kausaren batengatik, Administrazioarekin egindako edozein kontraturen suntsiarazpen irmoa eragin izana.

d.4.– Pertsona fisikoa, merkataritza-sozietateetako administratzaileak edo beste pertsona juridiko batzuen legezko ordezkaritza dutenak Estatuko Administrazio Orokorreko goi-karguan aritzea arautzen duen martxoaren 30eko 3/2015 Legean, Herri Administrazioen Zerbitzuko Langileen Bateraezintasunei buruzko abenduaren 26ko 53/1984 Legean eta Hauteskunde Lege Organikoan (1985eko ekainaren 19koan) edo Hauteskunde Lege Organikoan (ekainaren 5ekoan) ezarritako hautapenezko karguetan sartuta egotea.

d.5.– Zerga-egoitza erregelamenduz zerga-paradisu gisa kalifikatutako herrialde edo lurralde batean izatea.

d.6.– Dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak egunean ez izatea, erregelamendu bidez zehaztutako moduan.

d.7.– Ebazpen irmo baten bidez zehatua izatea, eta lege honen edo hala ezartzen duten beste lege batzuen arabera dirulaguntzak lortzeko aukera galtzea.

d.8.– 11.3 artikuluko bigarren paragrafoan aurreikusitako elkarteak ezin izango dira onuradun izan, baldin eta kide horietakoren batek aurreko debekuren bat badu.

d.9.– Dirulaguntzak lortzeko debekuek honako enpresa hauei ere eragingo diete: zuzentzen dituzten pertsonengatik edo beste inguruabar batzuengatik, pentsa badaiteke, eraldaketa, bat-egite edo ondorengotzaren ondorioz, haiek parte hartu duten beste enpresa batzuen jarraipena edo ondorengoak direla.

eta baldintza hauek:

a) Erakunde eskatzailea boluntariotzako erakunde bat den kasuetan, Boluntariotza Erakundeen Errolda Orokorrean izena emanda egotearen ziurtagiria, Boluntariotzako Erakundeen Errolda Orokorraren funtzionamendu-araudia onartu eta Boluntariotzari buruzko zenbait alderdi arautzen dituen irailaren 1eko 169/2000 Dekretuan horren inguruan ezarritakoaren arabera.

b) Elkarteek edo beste erakunde batzuek natura-ondarea babestearekin edo aztertzearekin lotutako esperientzietan izan duten ibilbidea egiaztatzeko, erakundeak onartutako jardueren azken memoria aurkeztu beharko da, eta Sailak beharrezko dokumentazio osagarria eskatu ahal izango du, egoki baderitzo.

4.– Erakunde eskatzaileak adieraziko du egiazkoak direla eskaeran eta harekin batera aurkeztutako dokumentuetan agertzen diren datuak, eta betetzen dituela dirulaguntza jasotzeko indarrean dagoen araudian ezarritako betekizunak.

Erantzukizunpeko adierazpenean jasotako alderdiak egiazkoak direla egiaztatzeko, ordeztu den dokumentazioa aurkeztu beharko da, beren burua erakunde onuradun gisa proposatzen dutenek dirulaguntza emateko prozedura ebatzi aurretik.

10. artikulua.– Eskabideak formalizatzea eta aurkezteko epea.

1.– Eskabideak aurkezteko epea 30 egun baliodunekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

2.– Eskabideak bitarteko elektronikoen bidez aurkeztuko dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan: (https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1016205).

Helbide horretan eskuratu ahal izango dira eskabide-orria, eta eskabideak telematikoki aurkezteko eta justifikatzeko informazioa ere.

3.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan identifikaziorako eta sinadura elektronikorako onartzen diren bitartekoak honako helbide honetan daude eskuragarri: https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak

4.– Elektronikoki izapidetu ahal izango da, ordezkari baten bidez. Horretarako, ordezkaritza Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren ahalordetzeen erregistro elektronikoan inskribatu ahal izango da, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/ordezkariak. Ordezkaritza beste persona bati eman behar zaionean jardun dezan, ordezkaritza justifikatu beharko da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 5. eta 6. artikuluetan ezarritakoaren arabera.

5.– Eskabidearen ondorengo izapideak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren egoitza elektronikoko «Nire karpeta»ren bidez egin eta jakinaraziko dira, https://euskadi.eus/nirekarpeta

6.– Elkarte, erakunde pribatu, boluntariotza-erakunde edo fundazioak euskaraz edo gaztelaniaz aurkez ditzake eskabidea eta dokumentazioa, aukeran. Era berean, prozedura osoan, eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legeak, Euskararen Erabilera Normalizatzekoak, 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan xedatutakoari jarraituz.

7.– Emandako datuak Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoaren eta aplikatuko beharreko gainerako araudiaren arabera tratatuko dira.

Emandako datuen arduraduna Natura Ondare eta Klima Aldaketa Zuzendaritza da, eta zuzendaritza horretan gauzatuko dira datuak eskuratzeko, zuzentzeko, deuseztatzeko eta aurka egiteko eskubideak; horretarako, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saileko Zerbitzu Zuzendaritzara jo beharko da (Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz).

11. artikulua.– Eskaerarekin batera aurkeztu beharreko agiriak.

Eskabide guztiekin batera, honako agiri hauek aurkeztu beharko dira nahitaez, erakunde eskatzailearen eta egin beharreko jardueraren ezaugarriekin bat etorriz:

a) «Eskabidea» formularioa, agindu honen 15. artikuluko balorazio-irizpideak behar bezala aplikatzeko behar besteko xehetasun-mailarekin.

b) «Proiektuaren/azterketaren fitxa teknikoa» inprimakia, aurrekontua barne, 15. artikuluko balorazio-irizpideak behar bezala aplikatu ahal izateko eta ondoriozko pdf dokumentua eransteko behar besteko banakapen-mailarekin. Proiektuaren memoria ere erantsi beharko da (gehienez ere 30 orrialdekoa).

c) Proiektuaren memoria egiteko eta formularioa betetzeko, biodibertsitateari buruzko ezagutza sortzeko proiektuak eta horien egiaztapen-zerrenda diseinatzeko gida ere erabili behar da. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan eskuragarri: https://www.euskadi.eus/dokumentazioa/2019/biodibertsitateari-buruzko-ezagutza-sortzeko-proiektuak-diseinatzeko-gida/web01-a2ingdib/eu/

d) Proiektua basa-espezieen jarraipenerako programa bat bada, kontuan hartu beharko da Espezieen jarraipen-programak diseinatzeko gida (hemen eskuragarri: Espezieen jarraipen-programak diseinatzeko gida –Dibertsitate biologikoa eta geologikoa–, euskadi.eus), eta proiektuari aplikatutako egiaztapen-fitxa bete beharko da.

e) Erakunde eskatzaileak onartutako jarduerei buruzko memoria, dirulaguntzaren deialdiaren aurreko urteari dagokiona.

f) Erakunde eskatzailea boluntariotzako erakunde bat baldin bada, Boluntariotzako Erakundeen Errolda Orokorrean inskribatuta ote dagoen automatikoki egiaztatzea posiblea ez balitz, hori agiri bidez egiaztatuko da.

g) Erakunde eskatzaileak onura publikoko elkartearen izaera juridikoa badu, Euskal Autonomia Erkidegoko Elkarteen Erregistro Orokorrean, ekitaldia amaitu eta sei hilabeteko epean, aurreko ekitaldiko urteko kontuak eta ekitaldi horretan egindako jardueren memoria deskribatzailea aurkeztu izanaren egiaztagiria. Egiaztapena egitea ezinezkoa balitz, interesdunari berari eskatuko zaio baldintzok betetzen dituela agiri bidez egiazta dezala.

h) Erakunde eskatzaileak fundazioaren izaera juridikoa badu, urteko azken kontuak Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan aurkeztu izanaren agiri bidezko egiaztapena, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 2ko 9/2016 Legearen 33. artikuluan aurreikusitako kasuetan, urteko kontuen kanpo-auditoretzaren txostena Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babesletzan aurkeztu izanaren agiri bidezko egiaztapena. Egiaztapena egitea ezinezkoa balitz, interesdunari berari eskatuko zaio baldintzok betetzen dituela agiri bidez egiazta dezala.

12. artikulua.– Aurkeztutako eskabideetako akatsak zuzentzea.

1.– Eskabideak eta aurkeztu beharreko agiriek deialdi honetan ezarritako betekizun guztiak betetzen ez badituzte, edo haien edukia nahikoa ez bada, erakunde eskatzaileari 10 eguneko epea emango zaio akatsak osatu edo zuzentzeko. Horrez gain, jakinaraziko zaio, hala egiten ez badu, eskaeran atzera egin duela ulertuko dela, Ingurumen Jasangarritasuneko sailburuordeak ebazpena eman ondoren. Ebazpen hori Administrazio Publikoen Legearen 39. artikuluko 21.1 artikuluan, Administrazio Publikoaren urriaren 21.1 artikuluan eta Administrazio Prozedura Erkidearen 68. artikuluan aurreikusitako baldintzetan emango da.

2.– Eskabidea izapidetzeko onartu ondoren, dirulaguntzak kudeatzeaz arduratzen den organoak erakunde eskatzaileari eskatu ahal izango dio 10 eguneko epean eman dezala aurkeztutako proiektua behar bezala baloratzeko egoki iritzitako informazioa, eta adieraziko dio, hori egin ezean, eskatutako informazioa kontuan hartu gabe baloratuko dela proiektua.

13. artikulua.– Dirulaguntzak kudeatzeko ardura duen organoa.

Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saileko Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzako Natura Ondare eta Klima Aldaketa Zuzendaritzari dagokio deialdi honetan jasotako laguntzak kudeatzeko eginkizunak betetzea.

14. artikulua.– Balorazio Batzordea.

1.– Aurkezturiko eskabideak aztertzeko, ebaluatzeko eta aukeratzeko, balorazio-batzorde bat osatuko da, eta honako kide hauek izango ditu:

a) Natura Ondare eta Klima Aldaketako zuzendaria, presidente lanak beteko dituena.

b) Natura Ondare eta Klima Aldaketa Zuzendaritzako bi teknikari, Natura Ondare eta Klima Aldaketako zuzendariak izendatuko dituenak. Zerbitzuan antzinakotasun handiena duen pertsonak beteko ditu idazkari lanak.

c) Proposamenak ebaluatzeko, natura-ondarearen kontserbazioan diharduten beste teknikari edota aditu batzuen iritzia jaso ahal izango da.

2.– Balorazio Batzordea izendatzeko ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, aurkeztutako eskabideak baloratzen hasi aurretik.

3.– Balorazio Batzordeak Ingurumen Jasangarritasuneko sailburuordeari helaraziko dio ebazpen-proposamena, agindu honen 15. artikuluan adierazitako esleipen-irizpideekin eta aurrekontu-mugekin bat etorriz. Proposamen horretan, honako hauek zehaztuko dira, arrazoiak emanez: dirulaguntza jaso dezaketen proiektuak, dirulaguntzaren zenbatekoa, diruz lagundu ezin diren proiektuak, ukatutako eskabideak, ukatzeko arrazoiak eta ebazpena behar duen beste edozein gorabehera.

15. artikulua.– Balorazio-irizpideak eta esleipen-prozedura.

1.– Agindu honetan jasotako dirulaguntzak 2.1 artikuluan jasotako moduan esleituko dira, norgehiagoka-prozeduraren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 51.4 artikuluarekin bat etorriz.

Artikulu honetako 2. paragrafoan ezarritako irizpideei jarraiki eta artikulu honetako 3. paragrafoan aurreikusitako puntu gehigarriak batu aurretik ebaluazio-organoak egiten duen balorazio-fasean gutxienez 60 puntu lortzen dituzten proiektuak bakarrik lagunduko dira diruz.

Eskatutako gutxieneko puntuazioa lortzen duten proiektuen lehentasun-hurrenkerak ez du ekarriko diruz lagundutako proiektu bakoitzeko jaso beharreko zenbatekoa handitzea. Irizpide hori kontuan hartuko da, soilik, balorazio-fasean eskatutako gutxieneko puntuazioa lortzen duten proiektu guztietarako aurrekontu-zuzkidurarik ez badago; lehenik eta behin, puntuazio handiena lortu duten proiektuei emango zaie dirulaguntza.

Ebazpen-proposamenak honako hauek jasoko ditu: erakunde onuradunen zerrenda, diruz lagundutako proiektuen identifikazioa, lortutako puntuazioa eta esleitutako zenbatekoak. Era berean, ebazpen-proposamenean ordezko erakunde eskatzaileen zerrenda jasoko da, erakunde onuradunek uko egiten badiete ere. Ordezko erakunde eskatzaileei dagokienez, proiektuak identifikatuko dira eta dirulaguntzaren gehieneko zenbatekoa adieraziko da.

2.– Aurkeztutako proiektuak baremo honen arabera balioetsiko dira:

a) Azterlanak zer neurritan egokitzen diren agindu honetako 2.1 artikuluan zerrendatutako gaietara; 40 puntu lortu ahalko dira, gehienez, honela zatikatuta:

– a) ataleko gaiak, gehienez 40 puntu.

– b) ataleko gaiak, gehienez 25 puntu.

– c) ataleko gaiak, gehienez 25 puntu.

b) eta c) ataletako gaiak honela lehenetsiko dira:

Kontserbazio-egoera desegokia/txarra; txarra/txarra edo ezezaguna; gehienez 25 puntu.

Kontserbazio-egoera aldekoa; gehienez 20 puntu.

– d) ataleko gaiak, gehienez 15 puntu.

b) Proposamenaren kalitate teknikoa, gehienez 40 puntu, honela banakatuta:

– Zer neurritan egokitzen den proiektuaren fitxa teknikora, gehienez 15 puntu.

– Zer neurritan egokitzen den biodibertsitateari buruzko ezagutza sortzeko proiektuak diseinatzeko gidaren arabera, gehienez 10 puntu.

– Zer neurritan egokitzen diren Euskadiko Naturari buruzko Informazio Sistemaren (ENIS) parametro eta edukietara, eta entregagaiak (https://www.euskadi.eus/informazioa/nola-bidali-informazioa-euskadiko-naturari-buruzko-informazio-sisteman-sartzeko/web01-a2ingdib/eu/), gehienez 15 puntu.

c) Zer neurritan egokitzen den aurrekontua proiektuaren edo azterketaren ekintzetara eta gastu-tipologiara, proiektu/azterlanaren aurrekontua fitxaren banakapena aintzat hartuta, gehienez 20 puntu.

d) Lanean parte hartzen duten erakunde eta pertsonek zer-nolako gaitasuna, eskarmentua eta curriculuma duten azken 10 urteetan proposatutako azterlanaren antzeko jardueretan, gehienez 10 puntu.

e) Proiektuak deialdi honetan dirulaguntza jaso dezaketen beste proiektu batzuekin duen koordinazio-maila, edo horiekin koordinatzeko gaitasuna; edo aurreko faseetan egin diren azterlan eta proiektuak garatzeko gaitasuna dirulaguntza-programa honen azken 5 deialdietatik, gehienez 10 puntu.

3.– Euskaraz egiten diren proiektuei edota irabazi-asmorik gabeko erakundeek aurkeztutakoei 10 puntu gehitu ahalko zaizkie, gehienez; 5 puntu baldintza bakoitzeko.

16. artikulua.– Deialdiaren ebazpena.

1.– Deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak emateko ebazpena Ingurumen Jasangarritasuneko sailburuordeak emango du, ebaluazio-organoak egindako proposamen arrazoitua ikusita, eta eskabideak aurkezteko epea amaitu eta gehienez ere lau hilabeteko epean jakinaraziko da.

Ebazpen hori jakinarazpen telematiko bidez jakinaraziko zaie interesdunei, Administrazio Elektronikoari buruzko otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuaren arabera.

Adierazitako epea igarota, ez bada jakinarazpenik egin, eskabideak ezetsi egin direla ulertu beharko da, betiere Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25.1.a) artikuluan jasotakoaren ondorioetarako; nolanahi ere, administrazioak bete beharko du lege horrek ezartzen dion ebazteko betebeharra.

2.– Ebazpenak, alde batetik, emandako dirulaguntzak zehaztuko ditu, erakunde onuraduna, finantzatutako programa eta emandako zenbatekoa adierazita, urteka banakatuta; ondoren, ordezkapenen zerrenda agertuko da, izaera hori jasota, eta balorazio-fasean lortutako puntuazioaren beheranzko hurrenkerari jarraituz ordenatuta, entitatea, programa eta gehieneko zenbatekoa adierazita, bai eta ukatutako eskabideak ere, ukatzeko edo baztertzeko arrazoia adierazita.

3.– Aurreko paragrafoek aipatzen duten ebazpenak ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, horren aurka, gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izango diote interesdunek Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuari, hilabeteko epean, jakinarazpena espresuki ematen bada, jakinarazpena eman eta hurrengo egunetik aurrera, eta, bestela, balizko egintza eman eta hurrengo egunetik aurrera, betiere Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluetan ezarritakoari jarraikiz. Dena den, jendeak horren berri izan dezan, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da erakunde onuradunen zerrenda, eman zaien dirulaguntzaren zenbatekoa eta finantzatutako inbertsio-proiektua adierazita.

17. artikulua.– Dirulaguntza justifikatzea.

1.– Erakunde onuradunek 2022ko uztailaren 31 baino lehen justifikatu beharko dute diruz lagundutako ekintza. Ez da inolako ordainketarik egingo onuradunak egunean ez baditu zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, edo zordun bada itzulketa-ebazpen batek hala adierazita.

2.– Dirulaguntza justifikatzeko, erakunde onuradunek honako dokumentazio hau aurkeztu beharko dute, bitarteko elektronikoen bidez, «Nire karpeta» atalean, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren egoitza elektronikoan (https://euskadi.net/nirekarpeta):

a) Diruz lagundutako ekintzak gauzatu direla azaltzen duen deskripzio-memoria. Han zehaztuko da zein diren jardueraren ezaugarri nagusiak, zenbateraino bete diren jardunaren helburuak eta sortutako entregagaiak.

b) «Exekuzioaren memoria» inprimakia.

c) Dirulaguntza hau aplikatzetik sortzen diren lanen ondoriozko dokumentuak, materialak eta datu-baseak emateko unean, «Ingurumenari buruzko informazioa tratatzeari eta entregatzeari buruzko argibideak» agirietan ezarritakoa kontuan hartu beharko da. Agiriak https://www.euskadi.eus/informazioa/ingurumenari-buruzko-informazioa-bidaltzeko-jarraibideak/web01-s2ing/eu/ atarian daude eskuragarri.

d) Aurrekontuan jasotako gastua benetan egin dela egiaztatzen duten fakturak eta ordainagiriak.

e) Diru-sarreren eta gastuen zerrenda, betiere zehaztuz, hala badagokio, beste dirulaguntza, laguntza edo diru-sarrera batzuk jaso direla helburu bererako; horrez gain, eta hala badagokio, adieraziko da BEZ diruz laguntzeko modukoa den ala ez (eskabidea aurkeztu den diruz laguntzeko moduko programei dagokienez). «Balantze ekonomikoa eta gastuen justifikazioa» inprimakia.

3.– Natura Ondare eta Klima Aldaketa Zuzendaritzak, aurkeztutako emaitzetan eta egiaztapenetan eta dokumentazioan oinarrituz, dirulaguntzaren likidazioa egingo du, Natura Ondare eta Klima Aldaketako zuzendariak emandako ebazpen baten bidez.

4.– Diruz lagundutako jarduera egiteko eta amaitzeko epeari dagokionez, erakunde onuradunaren borondatearekin zerikusirik ez duten kausak daudenean (behar bezala justifikatuta), erakunde horrek hasiera batean aurreikusitako epeak 3 hilabetez luzatzeko eskatu ahal izango du, ezarritako egikaritze-epea amaitu baino hilabete lehenago gutxienez, diruz lagundutako jarduera egiteko.

Epea luzatzea Ingurumen Jasangarritasuneko sailburuordearen ebazpen bidez onartu beharko da.

18. artikulua.– Dirulaguntzaren ordainketa.

Emandako dirulaguntzak zatituta ordainduko dira, zehazki, bi ordainketa eginez. Honela egingo dira ordainketak:

a) Lehenengoa, emandako dirulaguntzaren zenbatekoaren % 50ekoa, agindu honen 19.a) artikuluan adierazitako epean, dirulaguntzari berariaz uko egin ez bazaio.

b) Gainerako zenbatekoa 2022an ordainduko da, erakunde onuradunak diruz lagundutako jarduerak eta jardueron kostuak egiaztatzeko agiriak Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko Saileko Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzako Natura Ondare eta Klima Aldaketa Zuzendaritzari aurkeztu eta gero, baita sortutako dokumentazioa entregatu eta gero ere, betiere aurreko artikuluan ezarritakoaren arabera.

Dirulaguntzak emateko eta, hala badagokio, ordaintzeko, amaitu egin beharko dira itzultze- edo zehapen-prozedurak, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek emandako antzeko dirulaguntzen esparruan hasita eta oraindik izapidetze-aldian badaude. Era berean, zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izan beharko ditu.

19. artikulua.– Erakunde onuradunen betebeharrak.

Artikulu hauetan xedatutako betebeharrak bete beharko dituzte agindu honetan araututako dirulaguntzen erakunde onuradunek: Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50.2 artikulua, eta dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. eta 46. artikuluak. Zehazki, betebehar hauek bete beharko dituzte:

a) Emandako dirulaguntza onartzea, eta horrek agindu honetan aipatutako baldintza eta arau guztiak onartzea dakar. Dirulaguntza esleitu izana jakinarazten duen komunikazioa jaso eta 10 eguneko epearen barruan, dirulaguntzaren onuradunak berariaz eta idatziz hari uko egiten ez badio, dirulaguntza onartu duela ulertuko da.

b) Dirulaguntza zertarako eman den, xede horretarako erabiltzea.

c) Diruz lagundutako jarduketak 2022ko ekainaren 30a baino lehen amaitzea.

d) Dokumentu, argitalpen, prentsa-komunikazio, liburuxka eta, oro har, publizitatean berariaz adierazi behar da Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak diruz lagundu duela.

Jardunari zabalkundea emateko kartel eta materialetan, eta, zehazki, diruz lagundutako lan, ibilgailu edo ekipamenduetan, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren logotipoak agertu beharko dira, Eusko Jaurlaritzaren erakunde-nortasunaren eskuliburuan xedatutakoaren arabera (http://www.euskadi.eus/erakunde-ikurrak-eta-nortasuna/web01-s1ezaleh/eu/), eta, halaber, sail horren babesa aipatuko da.

e) Proiektuen emaitzak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren euskarri elektronikoen bitartez hedatzea. Hori dela eta, ingurumen informazioaren tratamendu eta entregari buruzko jarraibideen arabera aurkeztu beharko dira agiri guztiak, honako estekan zehaztu bezala: http://www.euskadi.eus/informazioa/nola-bidali-informazioa-euskadiko-naturari-buruzko-informazio-sisteman-sartzeko/web01-s2ing/eu/. Informazioan sortutako agiriez gain, erakunde onuradunek proiektuaren laburpen bat ere aurkeztu beharko dute.

f) Azterlan eta argitalpenek berdintasun- eta genero-ikuspuntuak barneratu beharko dituzte, eta, jardueretarako publizitatea edo material didaktikoak baliatzen badituzte, ez dute hizkuntza edo irudi sexistarik erabiliko hedapen-euskarrietan, hala agintzen baitu Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzko otsailaren 18ko 4/2005 Legeak 3. artikuluan. Halaber, sortzen dituzten agirietan, hizkera inklusiboa erabiliko da.

g) Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailari lagatzea, dohainik eta ez modu esklusiboan, aurkeztutako dokumentuetan biltzen den informazio teknikoa eta grafikoa, administrazio horrek erabiltzeko eta haren informazio-sistemetan sartzeko, baita informazio hori hedatzeko eta/edo argitaratzeko bibliografia-arloko, ikus-entzunezkoen arloko, informatika-arloko edo teknikaren erabilerak ahalbidetzen duen edozein baliabide eta formatutan. Nolanahi ere, egile-eskubideak beti errespetatuko dira, apirilaren 12ko 1/1996 Legegintzako Errege Dekretuak, Jabetza Intelektualaren Legearen testu bategina onartzen duenak, xedatutakoaren arabera.

h) Aurkeztutako dokumentuen bertsio osoa entregatzea, eta adieraztea bertsio horien zein atal egon daitezkeen uztailaren 18ko 27/2006 Legearen (Ingurumenaren gaian informazioa eskuratzeko, publikoki parte hartzeko eta justiziara jotzeko eskubideak arautzen dituenak) 13. artikuluan aurreikusitako salbuespenen eraginpean (2003/4/EE eta 2003/35/EE Zuzentarauak jasotzen ditu).

Era berean, agirien bertsio laburtu bat emango da, 13. artikuluko salbuespenek uki ditzaketen alderdiak baztertuz, jendaurrean jartzeko.

i) Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak hala erabakitzen badu, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak antolatutako jardunaldietan parte hartzea, diruz lagundutako jarduerekin lotutako emaitzak zabaltzeko edo esperientziak trukatzeko.

j) Agindu honen babesean jasotako dirulaguntzari dagokionez, organo emaileak egin beharreko egiaztapen-jardunak onartzea, bai eta Kontrol Ekonomikoko Bulegoak egin beharreko finantzako eta kudeaketako gainerako egiaztapen- eta kontrol-jardun guztiak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren araudi berezian ezarritako guztiak onartzea ere.

20. artikulua.– Dirulaguntzaren baldintzak aldatzea.

1.– Dirulaguntza emateko kontuan hartu diren baldintzak aldatzen badira, betiere dirulaguntzaren helburua betetzat jotzen bada, eta, hala badagokio, beste edozein erakunde publiko edo pribatutatik beste laguntza edo dirulaguntza batzuk jasotzen badira, aldez aurretik jakinarazi beharko da, Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzak berariaz onar dezan. Aldaketa horien ondorioz, dirulaguntza emateko ebazpena aldatu ahal izango da, betiere agindu honetan onuradun izateko ezarritako gutxieneko baldintzak betetzen badira. Ondorio horietarako, eta bidezkoa denean, Ingurumen Jasangarritasuneko sailburuordeak dagokion likidazio-ebazpena emango du, emandako dirulaguntzaren zenbatekoak doitzeko, edo, hala badagokio, jasotako gehiegizko zenbatekoak eta berandutze-interesak itzultzeko.

2.– Aldaketak ezin izango dio inola ere jardueraren izaerari eragin, eta, onartzeko, erakunde onuradunak txosten bidez justifikatu beharko du aldatutako proiektuaren eragina hasieran diruz lagundutako proiektuaren baliokidea edo handiagoa dela.

3.– Dirulaguntzaren erakunde onuradunak justifikazioan adierazten duenean dirulaguntza emateko kontuan hartu diren baldintzetan aldaketak gertatu direla, eta aldaketa horien ondorioz ebazpena aldatu egin dela, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 49.12 artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz, baldin eta onartu aurretik administrazio-baimena emateko izapidea egin ez bada, dirulaguntza eman duen organoak aurkezutako justifikazioa onartu ahal izango du, hirugarrenen eskubideei kalterik egiten ez bazaie.

4.– Dirulaguntza eman duen organoak egiaztapen-egintzan aldaketak onartzeak ez du erakunde onuraduna legokiokeen zehapenetatik salbuesten.

21. artikulua.– Ez-betetzeak eta itzultze-prozedura.

1.– Baldin eta erakunde onuradunak ez badu Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren dirulaguntza erabili eskatu eta eman zen xede espezifikorako, ez badu dirulaguntza eragin zuen jarduera egiten, ez badu justifikatzen dirulaguntza eskatu zen helburu zehatzetarako erabili izana, edo, oro har, ez badu betetzen organo eskudunak ezarritako edozein baldintza, azaroaren 17ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 53. artikuluan jasotakoa, eta azaroaren 11ko, azaroaren 17ko eta azaroaren 11ko 37ko Lege Orokorraren 53. artikuluan jasotakoa, interesdunari entzun ondoren, dirulaguntza jasotzeko eskubidea galdu dela deklaratuko da, eta, hala badagokio, dagokion zenbatekoa Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzultzeko betebeharra ere deklaratuko da, bai eta dirulaguntzen arloan aplikatu beharreko berandutze-interesak ere, proportzionaltasun-printzipioari jarraikiz eta honako hauetan ezarritakoen arabera: azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 53. artikulua, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duena; Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikulua, eta azaroaren 17ko 38/2003 Legearen Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 91. artikulutik 93. artikulura bitartean, eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretu Orokorra, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kargurako dirulaguntzen bermeen eta itzulketen araubide orokorra arautzen duena eta horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileek bete beharreko baldintzak, araubidea eta betebeharrak ezartzen dituena.

2.– Erakunde onuradunaren betetze-maila nabarmen hurbiltzen bada guztiz betetzera, eta erakunde onuradunak argi eta garbi egiaztatzen badu bere konpromisoak betetzera bideratutako jarduera bat egin duela, dirulaguntza emateko erabilitako irizpideetara egokitzeak zehaztuko du itzuli beharreko zenbatekoa.

3.– Laguntza justifikatzeko erabilitako dokumentuen azterketa teknikotik ondorioztatuko da zati batean betetzen dela. Halaber, itzulketa partziala egiteko, emandako laguntza kalkulatzeko kontuan hartutako irizpideei behar bezala aplikatu beharko zaie.

4.– Halaber, beste laguntza edo dirulaguntza batzuekiko bateragarritasunaren muga gaindituz gero, onuradunak itzuli egin beharko du dirulaguntza honen helburu den jardueraren kostutik gora jasotako dirua, agindu honen 4. artikuluan adierazitakoaren arabera. Hala ere, hori guztia ez da eragozpen izango zehapenak ezartzeko, ez eta kalte eta galerengatiko kalte-ordainak edota, hala badagokio, erantzukizun penala eskatzeko ere. Zenbateko horiek diru-sarrera publikotzat joko dira dagozkien legezko ondorioetarako.

22. artikulua.– Errekurtsoak.

Agindu honen aurka aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuari, hilabeteko epean, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 123. eta 124. artikuluetan xedatutakoarekin bat etorriz; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango da Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, bi hilabeteko epean.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Agindu honetan berariaz aurreikusi ez den orori dagokionez, honako lege hauetan jasotako aurreikuspenak aplikatuko dira: Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legea, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen 1/1997 Legegintzako Dekretua, azaroaren 21eko 38/2003 Legea, uztailaren 21eko Errege Dekretua, eta azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra eta uztailaren 17ko Errege Dekretua.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2021eko maiatzaren 26a.

Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburua,

MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.


Azterketa dokumentala