115. zk., 2021eko ekainaren 14a, astelehena
- Bestelako formatuak:
- PDF (342 KB - 17 orri.)
- EPUB (359 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
GOBERNANTZA PUBLIKO ETA AUTOGOBERNU SAILA
3380
EBAZPENA, 2021eko ekainaren 2koa, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko zuzendariarena, zeinaren bidez bost matrikularen gastuak ordaintzeko bost beka iragartzen baitira «Hirigintza eta Lurralde Ikasketak XLVII (47) Ikastaroa (2021-2022)» egiteko. Aipatutako ikastaroa IVAP Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen mendeko LHIEE Lurralde eta Hiri Ikasketetarako Euskal Eskolak antolatu du.
IVAP Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen mendeko LHIEE Lurralde eta Hiri Ikasketetarako Euskal Eskolak «Hirigintza eta Lurralde Ikasketak XLVII (47) Ikastaroa (2021-2022)» antolatu du.
Kontuan hartuta ikastaroen entitatea, egitura eta kostua, orain artean egindako edizioetan bi errealitate azaleratu dira: ikusi da, batetik, ikasle batzuei laguntza ekonomikoa eman behar zaiela ikastaroa egiteko, eta bestetik, beharrezkoa dela errendimendu eta bikaintasun akademiko handiko unibertsitarioak saritzea, haien prestakuntza hirigintzara bideratzeko.
Hori dela eta, erabaki da «Hirigintza eta Lurralde Ikasketak XLVII (47) Ikastaroa (2021-2022)» egiten duten ikasleentzako bekak honela banatzea: 3 beka, laguntza ekonomikoa behar duten ikasleentzat, eta beste 2 beren titulazio unibertsitarioan batezbesteko akademiko handia lortu dutenentzat.
Deialdi hau Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak 2021eko urtarrilaren 22ko ebazpenaren bidez indarrean duen Dirulaguntzen Plan Estrategikoko dirulaguntzen lerro bat da, eta hiri-antolamenduarekin eta hirigintzarekin zerikusia duten alorretan diharduten pertsonen prestakuntza eta birziklatzea sustatzea du helburu.
Horregatik guztiagatik, eta kontuan hartuta dirulaguntzei buruz indarrean dagoen legeria, hain zuzen ere Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra eta haren erregelamendua onartzen duen 887/2006 Errege Dekretua eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretua, hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Iragartzea eta onartzea «Hirigintza eta Lurralde Ikasketak XLVII (47) Ikastaroa (2021-2022)» egiteko matrikula-gastuak ordaintzeko bost bekatarako deialdiaren oinarriak, bat etorriz ebazpen honen I, II eta III eranskinetan jasotako oinarriekin. Aipaturiko ikastaroa IVAP Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen mendeko LHIEE Lurralde eta Hiri Ikasketetarako Euskal Eskolak antolatu du.
Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen zuzendariaren ebazpen honek ez dio bukaera ematen administrazio-bideari, eta, beronen aurka egiteko, gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. artikuluari eta hurrengoei jarraituz, hilabeteko epean, ebazpen hau argitaratu eta biharamunetik aurrera. Errekurtsoa ebazpen hau eman duen organoari jar dakioke edota, bestela, Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuari. Gora jotzeko errekurtsoa aurkezten denetik hiru hilabete pasatzen badira ebazpen espresurik eman gabe, errekurtsoa ezetsitzat hartu ahal izango da, eta administrazioarekiko auzien bidera jo ahal izango da.
Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteiz, 2021eko ekainaren 2a.
Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko zuzendaria,
MARÍA TERESA IRURETAGOYENA IBARGUREN.
I. ERANSKINA
«HIRIGINTZA ETA LURRALDE IKASKETAK XLVII (47) IKASTAROA (2021-2022)» EGITEKO BOST MATRIKULAREN GASTUAK ORDAINTZEKO BOST BEKATARAKO DEIALDIAREN OINARRI KOMUNAK IRAGARTZEN DITUEN EBAZPENARENA. AIPATUTAKO IKASTAROA IVAP HERRI ARDURALARITZAREN EUSKAL ERAKUNDEAREN MENDEKO LHIEE LURRALDE ETA HIRI IKASKETETARAKO EUSKAL ESKOLAK ANTOLATU DU
OINARRIAK
Lehenengoa.– Xedea.
Deialdi honen helburua da oinarri komun arautzaileak ezartzea, «Hirigintza eta Lurralde Ikasketak XLVII. (47) Ikastaroa (2021-2022)» egiteko matrikula-gastuak ordaintzeko bost beka norgehiagoka-araubidean esleitzeko. IVAP Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen mendeko LHIEE Lurralde eta Hiri Ikasketetarako Euskal Eskolak antolatu du aipatutako ikastaroa.
Bi matrikula-beka mota ezartzen dira:
A mota: 3 matrikula-beka baliabide ekonomiko urriak dituzten ikasleentzat. Ikasle hauek deialdian ezarritako betekizunak bete behar dituzte betiere. Berariazko oinarriak II. eranskinean ezartzen dira.
B mota: 2 matrikula-beka historial akademiko bikaina duten ikasleentzat. Ikasle hauek deialdian ezarritako betekizunak bete behar dituzte betiere. Berariazko oinarriak III. eranskinean ezartzen dira.
Eskatzaileek matrikula-beka horietako edozein eskatu ahal izango dute; edo biak, betiere bi baldintzak, betekizun akademikoaren eta muga ekonomikoarena, betetzen badituzte.
Bigarrena.– Baliabide ekonomikoak eta bekaren zenbatekoa.
Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan, helburu honetarako ezarritako aurrekontu-kredituetan, 15.985,00 euro bideratuko dira «Hirigintza eta Lurralde Ikasketak XLVII (47) Ikastaroa (2021-2022)» egiteko matrikula ordaintzeko iragarritako bost bekak finantzatzeko. Matrikula ordaintzeko bost beketako bakoitzaren zenbatekoa 2.780,00 eurokoa da, eta HAEEk bere gain hartuko du Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren (PFEZ) konturako ordainketak, hala badagokio zergaren araudia aplikatuz.
Motaren bateko bekaren bat hutsik geratuz gero, betekizunak betetzen ez dituen eskaerarik ez dagoelako, beste motako beka gisa esleituko da, horretarako betekizunak betetzen dituzten eskaerarik egonez gero.
Hirugarrena.– Dirulaguntzaren kudeaketa.
Deialdi honetako laguntzen esleipena eta jarraipena IVAP Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen LHIEE Lurralde eta Hiri Ikasketetarako Euskal Eskolak kudeatuko ditu.
Laugarrena.– Baldintzak.
Bost matrikula-beka hauen deialdian parte hartzeko, dela A motakoan, dela B motakoan, eskatzaileek honako betekizun hauek bete beharko dituzte, eranskinetan mota bakoitzerako ezartzen diren baldintza espezifikoez gainera:
a) «Hirigintza eta Lurralde Ikasketak XLVII (47) Ikastaroan (2021-2022)» matrikulatzeko eskaera egin behar dute.
b) Hirigintzaren diziplinartekotasunari lotutako Unibertsitate-titulu ofiziala eduki beharko dute (gradua edo baliakidea, masterra edota doktoretza titulua).
c) Administrazio-egoitza Euskal Autonomia Erkidegoan eduki beharko dute, 2020ko urtarrilaren 1etik, gutxienez.
d) Ez jasotzea bestelako bekarik edota dirulaguntzarik deialdi honen helburu den matrikularako.
Bosgarrena.– Baztertzeko kausak.
Ezin izango dituzte deialdi honetan aurreikusitako matrikula-bekak eskatu honako hauek:
a) Dirulaguntzak edo laguntza publikoak eskuratzea galarazten duen debekuren bat edo administrazio-zehapen edota zehapen penalen bat duten pertsona fisikoek, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legean sartutako debekuak eta zehapenak ere barruan direla.
b) Deialdi honen helburua den matrikularako bekaren edo laguntzaren bat jaso dutenak.
c) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluak adierazitako beste edozein kausa aplika dakiekeen pertsonek.
Administrazio Elektronikoari buruzko otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuaren arabera, Administrazioak egiaztatu ahal izango du eskatzaileak egunean dituela Gizarte Segurantzaren ordainketak eta zerga-betebeharrak, Datuak Egiaztatzeko Zerbitzuaren bidez. Interesdunak egiaztatze horren aurka egiten badu, eskabide-orrian adierazi beharko du, eta dagokion dokumentazioa aurkeztu.
Seigarrena.– Onuradunen betebeharrak.
Beka hauen onuradunek jatorrizko xederako erabili beharko dute beka; hau da, «Hirigintza eta Lurralde Ikasketak XLVII (47) Ikastaroko (2021-2022)» ikastaroko sei moduluak gainditzeko.
Halaber, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak ezartzen duenaren arabera, beka hauek jasotzen dituztenek honako betebehar hauek ere izango dituzte:
a) Dirulaguntza emateko oinarritzat hartzen den egoeran egotea.
b) Laguntza eman dien entitateari justifikatzea baldintzak eta betebeharrak betetzen dituztela, bai eta laguntza ematea edo laguntzaren onura jasotzea ekarri duen jarduera egin dutela ere.
c) Laguntza eman dien entitatearen egiaztatze-jarduketei men egitea. Halaber, Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kontura jasotako laguntzak eta dirulaguntzak direla-eta Kontrol Ekonomikoko Bulegoak egin beharreko kontrol-jarduerei eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren arautegi espezifikoan ezarritako jarduerei men egitea.
d) Dirulaguntza eman dien entitateari komunikatzea beste administrazio, erakunde publiko edo erakunde pribaturen batek xede bera duten dirulaguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo baliabideak emanez gero.
e) Laguntza ematerakoan kontuan izan zen dena delako egoera objektiboa edo subjektiboa aldatu bada, horren berri ematea laguntza eman dien entitateari.
f) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. artikuluak ezarritako bestelako betebeharrak betetzea.
Zazpigarrena.– Eskatzailearen bizikidetza- edo familia-unitate mota.
Matrikula-beken deialdi honen ondorioetarako, familia- edo bizikidetza-unitatetzat joko da 2020ko urtarrilaren 1etik aurrera eskatzailea dagoen errolda kolektiboan agertzen diren pertsona guztiek osatzen dutena. Bi bizikidetza- edo familia-unitate mota bereiziko dira: pertsona bakarrekoa edo pertsona anitzekoa. Horrenbestez:
1.– Pertsona anitzeko bizikidetza- edo familia-unitatea izango da eskatzaileak eta honako hauetakoren batek (edo batzuek) osatzen dutena:
a) Bere aurreko ahaideek eta haien bikotekideek.
b) Bere anai-arrebek eta amaren edo aitaren ondorengoek, baldin eta hogeita bost urtetik beherako ezkongabeak badira, edo nagusiagoak, baldin eta desgaitasun fisiko, psikiko edo sentsorialen bat badute eta eskatzailearekiko edo bere gurasoekiko menpekotasuna badute.
c) Bere ezkontideak edo izatezko bikotekideak.
d) 25 urtetik beherako bere seme-alabek (edo nagusiagoek, baldin eta desgaitasun fisiko, psikiko edo sentsorialen bat badute eta gurasoekiko menpekotasuna badute).
e) Eskatzailearen edo haren aurreko ahaideen erantzukizunpeko harrera-egoeraren batean dauden pertsonek, pertsona horiei aplikagarri zaien foru-arauen arabera.
f) Atal honetan aipatutako ahaidetasun-harremanik egon gabe eskatzailearekin bizi den pertsonak, ezin denean egiaztatu bien artean errentamendu-harremana dagoela edo pisua partekatzen dutela helbide horretan.
2.– Pertsona bakarreko bizikidetza- edo familia-unitatea izango da eskatzaileak bakar-bakarrik osatzen duena, eta bizikidetza-unitate hori pertsona bakarrekoa eta ekonomikoki independentea izango da.
Eskatzailearekin jende gehiago bizi bada, eskatzailea pertsona bakarreko bizikidetza-unitate ekonomikoki independentetzat jotzeko, egiaztatu beharko da beste pertsona horiek berarekin pisua partekatzen ari direla, alokairuan. Horretarako, alokairuaren kontratuaren fotokopia, edota zinpeko deklarazio bat aurkeztu beharko da.
Zortzigarrena.– Eskabideak, dokumentazioa, aurkezteko eta akatsak zuzentzeko epea.
1.– Eskabideak.
Eskaera egiteko eskabide-inprimakia bete beharko da, honako helbide elektroniko honetan: (https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1037205/z16-a3prevet/eu/).
Eskabide-inprimakiek dagozkion erantzukizunpeko adierazpenak bildu beharko dituzte.
Ordezkari baten bidez izapidetu ahal izango da, elektronikoki. Horretarako, ordezkaritza Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren ahalordeen erregistro elektronikoan inskribatu ahal izango da, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/ordezkariak
1.1.– Eskatzaileak eskabidea erregistratzeko prozesu elektronikoa osatu ahal izango du, baldin eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoak onartutako sinadura elektronikoaren sistemaren bat erabiliz identifika badaiteke (https://euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak
Eskabidearekin batera aurkeztu beharko den dokumentazioa bide elektronikoa erabiliz soilik aurkeztuko da.
1.2.– Eskatzailea ezin bada sinadura elektroniko bidez identifikatu, eskabidea bete eta amaitu ostean eta eskabidearekin batera aurkeztu behar den dokumentazioa aurkeztu ondoren, eskabidearen inprimaki ofiziala lortu behar du paper-formatuan, eta eskabide-inprimaki hori sinatuta honako bulego hauetako edozeinetan aurkeztuko du:
a) Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko bulegoetan:
Bizkaia (Recalde zumarkalea 18, 1. 48009 Bilbao).
Gipuzkoa (San Bartolomé, 28 20007 Donostia / San Sebastián).
Araba (Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz).
b) «Zuzenean» herritarren zerbitzuko bulegoetan:
Bizkaia (Kale Nagusia 85, 48011 Bilbao).
Gipuzkoa (Andia 13, 20003 Donostia).
Araba (Ramiro de Maeztu 10, behea, 01008 Vitoria-Gasteiz).
Eskabidea Zuzenean zerbitzuan aurkezteko, ezinbestekoa izango da aldez aurretik hitzordua eskatzea, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/zuzenean-aurrez-aurreko-arreta/web01-a2zuzen/eu/
c) Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta bere erakunde autonomoen erregistroen sorrera, antolaketa eta funtzionamenduari buruzko apirilaren 29ko 72/2008 Dekretuan zehaztutako edozein lekutan.
d) Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aipatutako lekuetatik edozeinetan.
2.– Eskabidearekin batera aurkeztu beharreko agiriak:
2.1.– Unibertsitate-titulu akademikoaren kopia edo titulua eskuratzeko tasak ordaindu izanaren kopia.
Administrazio Elektronikoari buruzko otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuaren arabera, Administrazioak egiaztatu ahal izango du eskatzaileak titulua duela, Datuak Egiaztatzeko Zerbitzuaren bidez. Interesdunak egiaztatze horren aurka egiten badu, eskabide-orrian adierazi beharko du, eta dagokion dokumentazioa aurkeztu
2.2.– Ikasketa-espedientearen kopia, ikastaroa egiteko alegatu den unibertsitate-tituluan lortutako batez besteko nota jasotzen duena. Nota hori 1etik 10erako puntuazio bidez adieraziko da. Nolanahi ere, aurkeztutako ikasketa-espedientean ikasgaien notak ez badira puntuka agertzen, baliokidetzako taula hauen arabera aterako da batez besteko nota: ohorezko matrikula, 10 puntu; bikain, 9,00 puntu; oso ongi, 7,50 puntu; nahikoa, 5,50 puntu. Batez besteko nota kalkulatzeko, ez dira kontuan hartuko ikasketa-planen arabera gai kalifikazio hutsa duten ikasgaiak edo kredituak.
2.3.– Errolda-ziurtagiria edo -ziurtagiriak, ziurtatzeko eskatzaileak administrazio-egoitza Euskal Autonomia Erkidegoko udalerriren batean daukala, gutxienez 2020ko urtarrilaren 1az geroztik. Errolda-ziurtagiri horiek, halaber, identifikatu beharko dituzte eskatzailearekin etxe horretan 2020ko urtarrilaren 1az geroztik bizi diren pertsona guztiak.
2.4.– Eskatzailearen bizikidetza-unitatearen pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren (PFEZ) aitorpena, 2020ko ekitaldiari dagokiona eta, baten bat errenta-aitorpena egitetik salbuetsita egonez gero, egoera horren erantzukizunpeko adierazpena.
2.5.– Deialdi honetan parte hartzeko islatutako diru-sarrerez gain bere familia- edo bizikidetza-unitatean beste sarrerarik ez dagoela dioen erantzukizunpeko adierazpena.
2.6.– Eskabidean eta aurkeztutako agirietan adierazitako datu guztiak egiazkoak direla eta deialdi honetan agertu behar den daturik ezkutatu ez dela dioen erantzukizunpeko adierazpena.
2.7.– Era berean, eskatzaileak pertsona bakarreko bizikidetza- edo familia-unitate independentea osatzen duela adierazten badu, honako agiri hauek ere aurkeztu beharko ditu: Erantzukizunpeko adierazpena, adierazten duena pertsona bakarreko bizikidetza- eta familia-unitatea osatzen duela eta alokairuaren kontratua edota erantzukizunpeko adierazpena berarekin bizi diren pertsonak bere errentatzaileak direla edo berarekin pisua alokairuan partekatzen ari direla.
3.– Aurkezteko epea.
Eskabideak aurkezteko, hilabeteko epea egongo da, deialdi honen ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera zenbaturik.
4.– Eskabideak zuzentzea.
Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68.1 eta 21.1 artikuluetan ezarritakoari jarraituz, aurkeztu beharreko eskabideak eta dokumentuek ez badituzte betetzen deialdi honetan ezarritako baldintzak, edo haien edukia ez bada nahikoa, 10 egun balioduneko epearen barnean falta hori zuzentzeko edo eskatutako dokumentuak aurkezteko eskatuko zaio eskatzaileari, eta horrela egin ezean eskabideari uko egin diola ulertuko dela adieraziko zaio, betiere Administrazioak ebazpen espresua eman eta jakinarazi ondoren.
5.– Gainerako izapideak.
Eskaeraren ondorengo izapideak, jakinarazpenak barnean direla, bide elektronikoz, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «nire karpeta»ren bidez egingo dira, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta
Bederatzigarrena.– Balioespen-epaimahaia.
Aurkeztutako eskabideak LHIEEko Kontseilu Errektoreak balioetsiko ditu.
1.– Zereginak.
Deialdi honen esparruan, Kontseilu Errektorearen funtzioa izango da aurkeztutako eskabideak baloratzea eta matrikula-beken esleipen-proposamena Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeari helarazteko.
2.– Osaera.
LHIEE Lurralde eta Hiri Ikasketetarako Euskal Eskolaren Kontseilu Errektoreak osatzen du balioespen-epaimahaia, berari dagokiolako eskola horren prestakuntza-beken esleipen-proposamena egitea, bat etorriz LHIEE Lurralde eta Hiri Ikasketetarako Euskal Eskolaren eraketa, funtzionamendua eta antolaketa arautzen duen martxoaren 11ko 80/1996 Dekretuarekin.
LHIEE Lurralde eta Hiri Ikasketetarako Euskal Eskolaren Kontseilu Errektorea honako hauek osatzen dute gaur egun:
Lehendakaria: Fulgencio Aledo Amorós (IVAPeko idazkari nagusia).
Lehendakariordea: Ignacio de la Puerta Rueda (Lurralde Plangintzaren eta Hiri Agendaren zuzendaria. Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Saila).
Bokala: Jesús María Erquicia Olaciregui (Lurraldearen Antolamendurako eta Plangintzarako Zerbitzuko arduraduna. Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Saila).
Bokala: Tomás Orallo Quiroga (Arlo Juridikoko arduraduna eta Euskal Herriko Lurralde Antolamenduaren Batzordeko idazkaria. Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Saila).
Bokala: Mikel Ocio Endaya. (Bilboko Udaleko Hiri Plangintzarako Saileko zuzendaria).
Idazkaria: Nekane Ribado Vitorica. LHIEEeko koordinatzailea, prestakuntza- eta dokumentazio-kudeatzailea.
3.– Funtzionamendua.
Balioespen Epaimahaiak botoen gehiengo sinple bidez hartuko ditu erabakiak. Kontseilu Errektorea kide anitzeko organoa denez gero, oinarri hauetan espresuki bildu gabeko edozein alderdi finkatzeko araubidea Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 15-24 artikuluek osatuko dute.
Epaimahaiaren lehendakaria edo idazkaria edo eginkizun horretarako eskuordetutako pertsona ez bada Balioespen Epaimahaiko bilerara bertaratzen, bertaratutako kideek gehiengo soil bidez erabakiko dute nork izango dituen lehendakari- edo idazkari-eginkizunak, betiere bilera egiteko nahikoa quorum badago.
Hamargarrena.– Beka esleitzea.
LHIEEren Kontseilu Errektoreak, Balioespen Epaimahai eraturik, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen zuzendariari igorriko dio ebazpen-proposamena, non jasoko baitira, batetik, bekaren esleipendunen zerrenda, eta, bestetik, beka eskuratzeko eskatzen diren baldintzak betetzen ez dituzten pertsonen zerrenda, horiek ukatzeko arrazoiak zeintzuk diren adierazita. Hala badagokio, ordezko eskabideen zerrenda jasoko da ebazpenean, esleipendunen batek bekari uko egingo balio erabiltzeko.
Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen zuzendariak, ebazpen bidez, ebatziko ditu iragarritako bekak, edo, hala badagokio, deialdia guztiz edo partzialki hutsik geratu dela deklaratuko du.
Bekak esleitzeko edota deialdia hutsik deklaratzeko ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da.
Behin esleituta, esleidun batek uko eginez gero, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko Zuzendaritzak ebatziko du, Kontseilu Errektorearen proposamena ikusita, beka ordezkoen zerrendan hurrengo puntuazioa duten pertsonei esleitu behar zaien, beti ere ordezkoak ikastaroa osoa egiten badu.
Hamaikagarrena.– Matrikula-beka onartzea.
Beka onartzen dutela espresuki jakinarazi beharko dute esleipendunek, telematikoki, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «nire carpeta» atalean (https://www.euskadi.eus/nirekarpeta), hamar egun balioduneko epearen barnean, esleipen-ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
Hamabigarrena.– Bekari uko egitea.
Esleipendunak, bekari uko egiten badio, espresuki jakinarazi beharko du, ikastaroa hasi aurretik, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «nire karpeta» atalean (https://www.euskadi.eus/nirekarpeta), eta, uko egiteak berekin ekarriko du esleipenaren ondoriozko eskubide ekonomiko guztiak galtzea. Uko egitea beste izapiderik gabe onartuko da.
Hamahirugarrena.– Matrikula-beka ordaintzea.
Beka onartu ondoren, esleipendunek matrikula-bekaren kopuru osoaren (2.780,00 euro) aurre-ordainketa bat jasoko dute, eta zenbateko horrekin ordaindu beharko dute ikastaroaren matrikularen zenbateko osoa, 2021eko abenduaren 10a baino lehen.
Bekaren kopuruari Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari dagozkien konturako diru-sarrerak HAEEk hartuko ditu bere gain, zergaren araudiaren arabera.
Hasierako jardueragatiko (jardueraren hasieraren zergaldia eta hurrengo biak) atxikipena aplikatu ahal izateko, eskatzaileak HAEEra emango dio inguruabar horren berri, IV eranskinean dagoen aitormena sinatuta.
Hamalaugarrena.– Kobratzeko eskubidea galtzea eta beka itzultzea.
1.– Esleipendunen batek deialdi honen seigarren oinarrian ezarritako betebeharrak edo 38/2003 Legearen 37. artikuluan ezarritakoak urratzen baldin baditu, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen zuzendariak, espedienteko interesdunari entzunaldi-izapidea eskaini ondoren, emandako beka kobratzeko eskubidea galdu dela deklaratuko du, edo, hala badagokio, jasotako zenbatekoak itzuli behar direla eta aplikagarriak diren interesak eskatu behar direla, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 53. artikuluan ezarritakoaren arabera, eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren erregelamendua onartzen duen 887/2006 Errege Dekretuan ezarritakoari jarraituz.
Arau orokor gisa, jasotako zenbateko osoa itzuli beharko da. Hala ere, esleipenduna haurdun egoteagatik, edo erditzea, adopzioa, harrera, gurasotasuna nahiz behar bezala justifikatutako gaixotasun larria edo antzeko inguruabarrak direla-eta, esleipendunak jasotako zenbatekoen zati bat itzultzeko proposatu ahalko du Kontseilu Errektoreak, gainditutako modulu-kopuruaren arabera.
2.– Izapidetutako espedientearen zioz jasotako zenbatekoak itzuli behar direla ondorioztatzen bada, eta, hala badagokio, baita zenbateko horri dagozkion legezko interesak ere, ebazpen bat emango da, itzulketa hori egiteko beharrezko informazioa jasoko duena, betiere kontuan hartuta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuaren bigarren tituluan ezarritakoa. Dekretu horrek, hain zuzen, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren pentzutan ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen du eta horien kudeaketan parte hartzen duten Izaiki Laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezartzen ditu.
3.– Borondatezko aldian itzulketarik egiten ez bada, Ogasun eta Ekonomia Sailari jakinaraziko zaio, premiamendu-bideari ekin ahal izateko, indarrean dauden xedapenak ezarritakoaren arabera.
Hamabosgarrena.– Administrazio-isiltasuna.
1.– Deialdi honetan araututako emakida-prozedura ebatzi eta jakinarazteko gehieneko epea sei hilabetekoa izango da, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Epe hori bukatu eta ebazpenik jakinarazten ez bada, eskatzaileek ezetsitzat jo beharko dituzte beka-eskabideak, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25.1 artikuluan ezarritako ondorioetarako.
Hamaseigarrena.– Datuak babestea.
Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27ko 2016/679 (EB) Erregelamendua (Datu Babeserako Erregelamendu Orokorra) pertsona fisikoak babesteari buruzkoa, datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio askeari dagokienez; 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa eta datuak babesteari buruz indarrean dagoen gainerako legeria betez, jakinarazten dugu datu pertsonalak tratamendu-jarduera honen barruan sartuko direla: «Hobekuntza eta restakuntza ikastaroak». Tratamendu horren helburua da deialdi hau kudeatzea eta ebaztea.
Tratamenduaren arduraduna da Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko Zuzendaritza. Datuetarako iristeko eskubidea, datuak zuzentzeko, ezabatzeko edo emateko eskubideak, tratamendua mugatzeko eskubidea, tratamenduari aurka egiteko eskubidea eta emandako adostasuna errebokatzeko eskubidea, edo aplikagarria zaion araudiak arautzen dituen gainerako eskubideak Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko Zuzendaritzaren zein Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren Datuak Babesteko ordezkariaren aurrean balia daitezke.
Deialdi honetako parte-hartzaileei buruzko datuak LHIEEko errektore kontseiluari jakinaraziko zaie, eta Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Ekonomia Sailari eta dagokion Zerga-administrazioari jakinaraziko zaizkie. Datu pertsonalak ez dira lagatuko, lege-betebeharra existitzen ez bada, eta ez zaizkie transferituko hirugarren herrialdeei.
Hemen kontsulta dezakezu datuen babesari buruzko informazio gehigarri eta zehatz guztia:
II. ERANSKINA
A MOTAKO MATRIKULA-BEKAK EMATEKO OINARRIAK IRAGARTZEN DITUEN EBAZPENARENA: HIRU MATRIKULA-BEKA, BALIABIDE EKONOMIKO URRIAK DITUZTEN ETA «HIRIGINTZA ETA LURRALDE IKASKETAK XLVII (47) IKASTAROA (2021-2022))» EGIN NAHI DUTEN IKASLEENTZAT
OINARRIAK
Lehenengoa.– Betekizunak.
Baliabide ekonomiko urriak dituzten ikasleei hiru matrikula-beka emateko egindako deialdi honetan parte hartzeko, eskatzaileek, I. eranskineko laugarren oinarrian ezarritako betekizunez gainera, honako hauek ere beteko beharko dituzte, bereziki:
a) Eskatzailearen bizikidetza- edo familia-unitateak ez gainditzea gehieneko muga ekonomiko hauek: pertsona bakarreko bizikidetza- edo -familia unitatearen kasuan, 21.000 euro; pertsona anitzeko bizikidetza- edo familia-unitatearen kasuan, berriz, 69.000 euro, eranskin honen bigarren oinarrian zehaztutakoaren arabera.
b) Gutxienez batezbesteko nota hau eduki behar dute matrikulaziorako eskatzen den unibertsitate-titulazioaren ikasketa-espedientean: 5,75 puntu, ikasketak Arkitektura, Ingeniaritza edo antzeko adarretan egiten dituzten ikasleek, eta 6, 75 puntu Zientzia Juridiko, Gizarte Zientzia eta Giza Zientzietan lizentziatutako edo graduatutako gainerako ikasle guztiek.
Bigarrena.– Eskabideak balioestea.
HLIEEren Kontseilu Errektoreak balioetsiko ditu aurkeztutako eskabideak, eta, ondoren, baliabide ekonomiko urriak dituzten ikasleei zuzendutako A motako matrikula-beken esleipendunen zerrenda proposatuko du.
Matrikula-bekak puntuazio akademiko altuena duten pertsonei esleituko zaizkie, puntuazio altuenetik baxuenera, baldin eta ezarritako muga ekonomikoa eta ezarritako gutxieneko puntuazio akademikoa betetzen baldin badituzte. Bi eskatzaileren edo gehiagoren puntuazioen artean berdinketarik badago, berdinketa hausteko, baliabide ekonomiko gutxien duenari emango zaio lehentasuna.
Pertsona bera izango balitz balizko onuraduna bi matrikula-beka motetan, B beka mota esleituko zaio, eta, beraz, A motakoa, puntuazioaren hurrenkeraren arabera dagokionari esleituko zaio.
1.– Balioespen akademikoa.
Jasotako eskabideak balioesteko, ikasketa-espedienteko batezbesteko nota hartuko da kontuan, 1etik 10erako puntuazioan jarrita. Puntuazio altuenetik baxuenera ordenatuta ezarriko da eskatzaileen lehentasun-ordena, beheranzko puntuazio-hurrenkeran, baldin eta aurreikusitako baldintza ekonomikoak betetzen badituzte. Eskatutako gutxieneko puntuazio akademikora iristen ez diren eskabideak baztertu egingo dira.
2.– Eskatzailearen bizikidetza- edo familia-unitatearen baliabide ekonomikoak.
Pertsona bakarreko edo pertsona anitzeko bizikidetza- edo familia-unitatearen baliabide ekonomikoak zenbatzeko, unitate horren 2020ko ekitaldi fiskaleko PFEZaren aitorpenetako zerga-oinarriaren baturak hartuko dira kontuan.
Hori guztia kontuan hartuta, deialdi honen xede diren beka baten esleipendun izan ahal izateko gehieneko muga ezarriko da bizikidetza- edo familia-unitate bakoitzerako, honela:
– Pertsona bakarreko bizikidetza- edo familia-unitatea: 21.000 euro, gehienez.
– Pertsona anitzeko bizikidetza- edo familia-unitatea: 21.000 euro unitatea osatzen duen lehen helduagatik, gehi beste 16.000 euro familia-unitatea osatzen duten 14 urtetik gorako pertsona bakoitzeko, unitateko lehen heldutzat jo den pertsonaz gain. Halaber, beste 10.000 euro ezarriko dira familia-unitatea osatzen duten 14 urtetik beherako pertsona bakoitzeko. Edonola ere, gehieneko muga ezin izango da 69.000 eurotik gorakoa izan.
III. ERANSKINA
B MOTAKO MATRIKULA-BEKAK EMATEKO OINARRIAK IRAGARTZEN DITUEN EBAZPENARENA: BI MATRIKULA-BEKA, ERRENDIMENDU AKADEMIKO ALTUA DUTEN ETA «HIRIGINTZA ETA LURRALDE IKASKETAK XLVII (47) IKASTAROA (2021-2022)» EGIN NAHI DUTEN IKASLEENTZAT
OINARRIAK
Lehenengoa.– Betekizunak.
B motako bi matrikula-beka ezartzen dira, hau da, beren titulazio unibertsitarioa lortzeko egindako ikasketetan bikaintasun akademikoa lortzen duten errendimendu altuko ikasleentzat. Beka bat Arkitektura, Ingeniaritza edo antzeko adarretako titulazioan 7 puntu edo gehiago duen batentzat izango da, eta bestea Zientzia Juridiko, Gizarte Zientzia eta Giza Zientzia adarretako titulazioan 8 puntu edo gehiago duen beste batentzat izango da. Adar batekoa hutsik geratuz gero betekizunak betetzen ez dituen eskaerarik ez dagoelako, beste adarrean esleituko da, horretarako betekizunak betetzen dituzten eskaerarik egonez gero.
Bi matrikula-beka emateko egindako deialdi honetan parte hartzeko, eskatzaileek, I. eranskineko laugarren oinarrian ezarritako betekizunez gainera, honako hauek ere beteko beharko dituzte:
a) Eskatzailearen baliabide ekonomikoak ezingo du gainditu 21.000 euroko muga, eranskin honen bigarren oinarrian zehaztutakoaren arabera.
b) Exijitutako titulazio unibertsitarioaren espediente akademikoaren batezbesteko notan 7 puntu edo gehiago lortu beharko dituzte beren ikasketak Arkitekturan, Ingeniaritzan edo antzekoetan egiten dituzten ikasleek; Zientzia Juridiko, Gizarte Zientzia eta Giza Zientzietan eta antzekoetan lizentziatutako edo graduatutako gainerako ikasleek, berriz, 8 puntu.
Bigarrena.– Eskabideak balioestea.
HLIEEren Kontseilu Errektoreak balioetsiko ditu aurkeztutako eskabideak, eta, ondoren, errendimendu altuko ikasleei zuzendutako B motako matrikula-beken esleipendunen zerrenda proposatuko du, II eranskinaren bigaren oinarriaren hirugarren parrafoan ezarritakoa eragotzi gabe.
Bi matrikula-bekak puntuazio akademiko altuena duten pertsonei esleituko zaizkie, puntuazio altuenetik baxuenera, baldin eta ezarritako muga ekonomikoa eta ezarritako gutxieneko puntuazio akademikoa betetzen baldin badituzte.
1.– Balioespen akademikoa.
Jasotako eskabideak balioesteko, ikasketa-espedienteko batezbesteko nota hartuko da kontuan, 1etik 10era arteko puntuazioan.
Puntuazio altuenetik baxuenera ordenatuta ezarriko da eskatzaileen lehentasun-ordena, beheranzko puntuazio-hurrenkeran, baldin eta aurreikusitako baldintza ekonomikoak betetzen badituzte. Eskatutako gutxieneko puntuazio akademikora iristen ez diren eskabideak baztertu egingo dira.
2.– Baliabide ekonomikoak.
Eskatzailearen errenten zenbateko osoa kalkulatzeko, pertsona horren 2020ko ekitaldi fiskaleko PFEZaren aitorpenetako zerga-oinarria hartuko da kontuan.