Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

115. zk., 2021eko ekainaren 14a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

LAN ETA ENPLEGU SAILA
3377

AGINDUA, 2021eko maiatzaren 25ekoa, Jaurlaritzako bigarren lehendakariorde eta Lan eta Enpleguko sailburuarena, zeinaren bidez harremanak bitarteko telematikoen bidez ezartzeko betebeharra ezartzen baitzaie jarduera ekonomikoren bat egiten duten pertsona fisiko eta juridikoei Eusko Jaurlaritzako Laneko eta Gizarte Segurantzako Sailburuordetzaren mendeko organismoekiko harremanetan, Sektore publikoak bitarteko elektronikoen bidez jarduteko eta funtzionatzeko erregelamendua onartzen duen martxoaren 30eko 203/2021 Errege Dekretuaren zenbait alderdi kontuan hartuta.

Konstituzioaren 149.1.7 artikuluarekin bat etorriz, Euskal Autonomia Erkidegoko Autonomia Estatutuaren abenduaren 18ko 3/1979 Lege Organikoaren 12.2 artikuluan xedatutakoaren arabera, EAEri dagokio Estatuko lan-arloko legeak betearaztea, Estatuak gaur egun eremu horretan lan-harremanetarako dituen ahalmen eta eskumenak bere gain hartuta. Halaber, Estatuaren goi-ikuskaritza izango badu ere, Estatuak lan-legeak betearazteko dituen zerbitzuak antolatu, zuzendu eta gainbegiratzeko ahalmena bereganatzen du, eta, jardun horretan, saiatuko da lan-baldintzak gizartearen garapen- eta aurrerapen-mailari egokitzen eta langileen kualifikazioa eta prestakuntza osoa bultzatzen.

Ahalmen horiek lehendik gauzatzen ziren egoera jakin batzuetan, Estatuaren Administrazioaren nekazaritzako, osasuneko eta lan-arloko eskumenak Euskal Autonomia Erkidegoari eskualdatzeari buruzko irailaren 7ko 2209/1979 Errege Dekretua argitaratu ondoren.

Ondoren, ahalmen horiek zabaldu egin ziren, besteak beste, gai hauetan: Bitartekaritza, arbitrajea eta adiskidetzea –Transferentzien Batzorde Mistoaren 1980ko urriaren 8ko akordioak argitaratzea onartzen duen 1980ko azaroaren 11ko Dekretuaren arabera–; lan-legeen eremuan zehatzeko ahala –Transferentzien Batzorde Mistoaren akordioa argitaratzea onartzen duen uztailaren 6ko 79/1981 Dekretuaren bidez–; enplegua erregulatzeko espedienteak –Transferentzien Batzorde Mistoaren 1985eko martxoaren 25eko Akordioa argitaratzea onartzen duen ekainaren 11ko 190/1985 Dekretuaren ondoren–; laneko segurtasuna eta higienea –Transferentzien Batzorde Mistoaren 1985eko azaroaren 28ko akordioa argitaratzea onartzen duen urtarrilaren 28ko 43/1986 Dekretuaren bidez–; lan-sozietate anonimoen kalifikazioa eta erregistro administratiboa –Transferentzien Batzorde Mistoaren 1994ko maiatzaren 31ko akordioa onartzen duen uztailaren 12ko 291/1994 Dekretuaren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoari egitekoak eta zerbitzuak eskualdatzeari dagokionez–; hezkuntza, enplegua eta enplegurako lanbide-heziketa –Transferentzien Batzorde Mistoaren 2010eko urriaren 28ko akordioa onartzen duen azaroaren 9ko 288/2010 Dekretuaren bidez, Itsasoko Gizarte Institutuaren egitekoak eta zerbitzuak eskualdatzeari dagokionez, azaroaren 5eko 1442/2010 Errege Dekretuan ezarritakoaren arabera–; lan-arloko legeak betearaztea, lanaren, enpleguaren eta enplegurako lanbide-heziketaren esparruan, Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoak egina –Transferentzien Batzorde Mistoaren 2010eko urriaren 28ko akordioa onartzen duen azaroaren 9ko 289/2010 Dekretuaren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoari egitekoak eta zerbitzuak eskualdatzeari dagokionez, eta azaroaren 5eko 1441/2010 Errege Dekretuan ezarritako baldintzetan–; laneko eta gizarte segurantzako ikuskaritzako egiteko publiko ikuskatzailea –Transferentzien Batzorde Mistoaren 2011ko ekainaren 22ko akordioa onartzen duen ekainaren 28ko 138/2011 Dekretuaren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoari egitekoak eta zerbitzuak eskualdatzeari dagokionez–; enplegu-erregulazioko espedienteak, Transferentzien Batzorde Mistoaren 2011ko ekainaren 22ko akordioa onartzen duen ekainaren 28ko 139/2011 Dekretuaren bidez, maiatzaren 8ko 812/1985 Errege Dekretuaren bitartez Euskal Autonomia Erkidegoari eskualdatzen diren Estatuko Administrazioaren egitekoak eta zerbitzuak gehitzeari dagokionez–, eta lan-arloko legeak betearaztea (kaleratze kolektiboko espedienteen eraginpean dauden langileei erretiro arrunta hartu aurreko laguntzak) –Estatuaren eta Euskal Autonomia Erkidegoaren arteko Transferentzien Batzorde Mistoaren eginkizunak eskualdatzeko akordioa onartzen duen uztailaren 14ko 90/2020 Dekretuaren bidez, Estatuko Administrazioak Euskal Autonomia Erkidegoari egitekoak eta zerbitzuak aldatzeko–.

Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legeak eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legeak ezartzen dute pertsonek eskubidea dutela administrazio publikoekin bitarteko elektronikoen bidezko harremanak izateko, eta, horretarako, bitarteko horietarako irispidea erraztu eta administrazio publikoetan informazioaren eta komunikazioaren teknologien (IKT) erabilera indartu behar dela, bai kudeaketaren efizientzia hobetzeko, bai administrazioen arteko lankidetza sustatu eta bultzatzeko. Arau biek osatzen dute administrazio publikoen funtzionamendu elektronikorako esparru juridikoa; izan ere, paradigma berri bat sartzen dute eta horren bidez geratzen dira gaindituta bai Herritarrek Zerbitzu Publikoetan Sarbide Elektronikoa izateari buruzko ekainaren 22ko 11/2007 Legearen ikuskera eta bai Estatuko Administrazio Orokorrean eta hari lotutako edo haren mendeko organismo publikoetan izandako arauzko garapena.

Bereziki, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14. artikuluan daude araututa administrazio publikoekiko harreman elektronikoak izateko eskubidea eta betebeharra. artikulu horren hirugarren apartatuan dago ezarrita ezen, erregelamenduz, administrazioek haiekiko harremana nahitaez bitarteko elektronikoz izan beharra ezarri ahal izango dutela zenbait prozeduratarako eta pertsona fisikoen multzo batzuentzat, gaitasun ekonomikoagatik, gaitasun teknikoagatik, dedikazio profesionalagatik edo bestelako arrazoiengatik egiaztaturik badago behar diren bitarteko elektronikoetarako irispidea eta eskuragarritasuna dutela.

Ildo beretik, orain gutxi argitaratu da Sektore publikoak bitarteko elektronikoen bidez jarduteko eta funtzionatzeko erregelamendua onartzen duen martxoaren 30eko 203/2021 Errege Dekretua, helburu hauek izanik: administrazio-efizientzia hobetzea, gardentasuna eta parte-hartzea handitzea, erraz erabiltzeko moduko zerbitzu digitalak bermatzea eta segurtasun juridikoa hobetzea. 203/2021 Errege Dekretua eman da lege-aurreikuspenak garatu eta zehaztu behar direlako, besteak beste, bitarteko teknologikoak erabiltzen dituzten eragileei bitarteko horiek eraginkortasunez erabiltzen laguntzeko, eta, aldi berean, erregelamendu bidez jarduteko aukera ematen duten eta lege hauetan arautzen diren gaiak argitu eta zehazteko.

Erregelamendu hori 2021eko apirilaren 2an jarri zen indarrean, eta haren helburua da Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legea garatzea sektore publikoaren jarduera eta funtzionamendu elektronikoari dagokionez, eta horretarako aplikazio-eremu subjektiboa urriaren 1eko 39/2015 Legearen 2. artikuluan eta urriaren 1eko 40/2015 Legearen 2. artikuluan dago ezarrita.

Gure administrazioaren esparruan, apirilaren 21eko 55/2020 Dekretuak aldatuta, Administrazio Elektronikoaren otsailaren 12ko 21/2012 Dekretuaren xedea da: herritarrek administrazioarekiko harremanak bitarteko elektronikoen bidez izateko duten eskubidea garatzea, zerbitzu publikoetara iritsi daitezen eta administrazio-prozedurak izapidetu ditzaten, eta, horretaz gain, administrazio-prozeduraren legeek aitortzen dituzten gainerako eskubideak zabaltzea. Halaber, gai hauek arautzen ditu: egoitza elektronikoa, iragarki-taula elektronikoa, herritarren eta Administrazioaren identifikazioa eta autentifikazioa, ahalordeen erregistro elektronikoa, erregistro elektronikoa, komunikazio eta dokumentu elektronikoak eta dokumentuon kontserbazioa.

Jarduera ekonomikoren bat egiten duten pertsona fisikoak enpresatzat hartzen direla kontuan hartuta, aintzat hartu behar da agindu honen bidez ezartzen den betebeharra; izan ere, enpresa guztiek telematikoki ezarri behar dituzte Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrarekiko harremanak, Laneko eta Gizarte Segurantzako Sailburuordetzaren eskumen-eremuko izapideei dagokienez.

Bestetik, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen lehendakariaren irailaren 6ko 18/2020 Dekretuaren 6. artikuluan ezarritakoaren arabera, Lan eta Enplegu Sailari hauek dagozkio: lan-harremanen arloko lan-legeak betearaztea; sailari atxikita edo haren mende dauden sektore publikoko entitate autonomoak zuzentzea, eta legeek eta erregelamenduek esleitzen dizkioten gainerako ahalmenak.

Lan eta Enplegu Sailaren egitura organiko eta funtzionala ezartzen duen urtarrilaren 19ko 7/2021 Dekretuaren arabera, Lan eta Enpleguko sailburuari dagokio lehendakariaren irailaren 6ko 18/2020 Dekretuaren 6. artikuluan xedatutakoaren ondorioz sailak bereganatu dituen egitekoen eta jardun-arloen eremuan indarrean dauden legeek ezarritako eskumenak baliatzea.

Halaber, 7/2021 Dekretuak ezartzen duenez, alde batetik, Laneko eta Gizarte Segurantzako Sailburuordetzari dagokio Euskal Autonomia Erkidegoan Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskaritzaren goi-mailako koordinazioa eta zuzendaritza bere gain hartzea eta funtzionamendua zaintzea, eta, bestetik, Laneko eta Gizarte Segurantzako Zuzendaritzari dagokio Euskal Autonomia Erkidegoan Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskaritzaren jarduera eta funtzionamendua zuzendu, koordinatu eta gainbegiratzea, eta jarduera ikuskatzailearen planak eta programak ezartzea.

Horiek horrela, eta aipatu berri ditugun arauek ematen dizkidaten eskumenez baliaturik, hau

XEDATZEN DUT:

Lehenengoa.– Xedea eta aplikazio-eremua.

Agindu honen xedea da ezartzea nola igorri edo jaso behar dituzten banakako enpresaburuek edo autonomoek (enpresaburu indibidual edo autonomo gisa egiten dituzten jarduketen esparruan), pertsona juridikoek eta nortasun juridikorik gabeko erakundeek eta beste pertsona fisiko batzuek administrazio-jarduketen, dokumentuen edo datuen komunikazioak, Laneko eta Gizarte Segurantzako Zuzendaritzarekin, Laneko eta Gizarte Segurantzako lurralde-ordezkaritzekin eta Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskaritzarekin, horiek guztiak Eusko Jaurlaritzaren mendekoak izanik.

Horretarako, enpresatzat hartzen dira bai merkataritza-entitatea, bai jarduera ekonomiko, enpresarial edo profesionalen bat garatzen duen pertsona fisikoa, kontuan hartu gabe aldi berean langile soldatadun bat edo gehiago enplegatzen dituen ala ez. Kontzeptu horren barruan, beraz, hauek sartzen dira:

a) Pertsona juridikoak.

b) Nortasun juridikorik gabeko entitateak.

c) Jarduera profesionalean jarduteko nahitaez elkargo bateko kide izan behar dutenak, jarduera profesional horretan administrazio publikoekin egin behar dituzten izapide eta jarduketetarako.

d) Administrazioarekiko harremanak elektronikoki izatera behartua dauden interesdunen ordezkariak.

e) Jarduera ekonomiko-profesionalen bat egiten duten pertsona fisikoak, enpresaburu indibidualak zein autonomoak izan.

Horretarako, komunikaziotzat hartzen da administrazio-prozeduren barruan interesdunari ondorio juridikorik ez duten gertakari edo inguruabarren berri emateko egiten den edozein jarduketa.

Horretarako, jakinarazpentzat hartzen da hartzailearen eskubide edo interesei eragiten dien eta administrazio-ebazpen edo -egintzen edukia helarazten duen administrazio-jarduketa, eragin juridikoak izateko behar diren berme eta formalitateak beteta.

Horretarako, ohartarazpentzat hartzen da pertsona edo entitate interesdunari berari zuzendutako jakinarazpen elektroniko bat dagoela jakinarazteko erabiltzen den mezu elektronikoa.

Ondorio horietarako, agindu hau aplikatuko zaie Eusko Jaurlaritzaren mendeko Laneko eta Gizarte Segurantza Zuzendaritzarekiko, Laneko eta Gizarte Segurantzako Ordezkaritzekiko eta Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskaritzarekiko harreman juridikoetako subjektuak diren pertsona fisikoei, juridikoei edo nortasun juridikorik gabeko enteei.

Bigarrena.– Bitarteko elektronikoen bidezko jakinarazpen-sistema.

Aurreko artikuluan aipatutako aplikazio-eremuko subjektuentzako administrazio-jakinarazpenak bitarteko elektronikoen bidez egingo dira.

Jakinarazpen-sistemak ahalbidetuko du egiaztatzea zer egunetan eta zer ordutan jarri zaion eskueran jakinarazpena jakinarazten den egintzako interesdunari, eta noiz iritsi den edukira; izan ere, une horretatik aurrera joko da jakinarazpena egindakotzat. Eskueran jarri dela jasotzen denetik hamar egun natural igarotzen badira edukira iritsi gabe, jakinarazpena baztertutakotzat joko da eta, prozedurari jarraikiz, izapidea egindakotzat joko da, baldin eta ez bada egiaztatzen, ofizioz edo hartzaileak eskatuta, ez dela irispiderik izan materialki edo teknikoki.

Halaber, aplikazio-eremuaren barruko subjektu horiek guztiek administrazio autonomikoari eman behar dizkioten datu, komunikazio eta dokumentu guztiak, norberaren ekimenez edo eskaeraren bati erantzunda, baliabide elektronikoen bidez eman behar dituzte.

Horretarako, datuak emateko, administrazio autonomiko horretan xede horretarako erabilgarri jarritako Interneteko atarietara joko dute.

Hirugarrena.– Jakinarazpena eskueran dagoelako ohartarazpenen sistema.

Urriaren 1eko 39/2015 Legearen 41.6 artikuluan aurreikusitakoaren arabera, jakinarazpena paperean edo bitarteko elektronikoen bidez egin den alde batera utzita, aipatutako administrazio autonomikoak ohartarazpen bat bidaliko dio interesdunari edo, hala badagokio, ordezkariari, interesdunak komunikatutako gailu elektronikora edo helbide elektronikora, eta informatuko du jakinarazpena eskueran jarri zaiola dagokion aplikazio informatikoan. Ohartarazpen hori bidaltzen ez bada ere, informatzekoa baino ez denez, jakinarazpena guztiz baliozkoa izango da.

Interesdunari bide batetik baino gehiagotatik egiten bazaio jakinarazpena, lehenik egin zaionarena hartuko da jakinarazpen-datatzat.

Ohartarazpen hori interesdunak borondatez adierazitako gailu elektronikora edo helbide elektronikora bidaliko da, edo bietara, urriaren 1eko 39/2015 Legearen 41.1 artikuluan xedatutakoaren arabera.

Administrazio autonomiko horri egindako komunikazioaren ondorioz, interesdunaren erantzukizuna da berak emandako gailu elektronikoa edo helbide elektronikoa irispidean izatea.

Bitarteko elektroniko horiek operatibo edo irispidean egoteari utziz gero, interesdunak nahitaez eman behar dio horren berri Administrazioari, ohartarazpen horiek bitarteko elektroniko horietara igor ez ditzan. Interesdunak ez badu betebehar hori betetzen, Administrazioak ez du inolako erantzukizunik izango operatibo ez dauden bitarteko horietara igorritako ohartarazpenengatik.

Apartatu honetan araututako ohartarazpena egingo da baldin eta interesdunak edo ordezkariak gailu elektroniko baten edo helbide elektroniko baten berri eman badio Administrazioari, bestela, ez.

Administrazioak badauzkan edozein enpresari buruzko datuak, 2. artikuluan adierazitako baldintzetan, artikulu honetako helburuetarako erabiliko dira.

Laugarrena.– Argitalpena.

Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea.

Bosgarrena.– Indarrean jartzea.

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango du eragina.

Vitoria-Gasteiz, 2021eko maiatzaren 25a.

Jaurlaritzako bigarren lehendakariorde eta Lan eta Enpleguko sailburua,

IDOIA MENDIA CUEVA.


Azterketa dokumentala